80. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

102/2007 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko garraiorako laguntzen 2007-2008 ikasturteko deialdia onesten duena.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak unibertsitateko garraiorako laguntzen 2007-2008 ikasturteko deialdiari buruzko txostena aurkeztu du. Batetik, antolamenduko alderdiak eta Nafarroako unibertsitarioei ekar diezazkiekeen onura ekonomikoak aztertu ditu, eta, bestetik, kasuan kasuko autobus zerbitzuen baimen administratiboen jabe diren enpresekin sinatu beharreko garraio hitzarmenak arautuko dituzten baldintza teknikoen agiriak.

Kontuan harturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoa eta Zuzendaritza Nagusiko letratuaren derrigorrezko txostena izanik.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Unibertsitateko garraiorako laguntzen 2007-2008 ikasturteko deialdia eta zerbitzu horren kontratua onestea. Kontratua ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. Gehienez ere 179.000,00 euroko gastua onestea aurreko puntuan aipatutako aldirako. Horietatik 79.000,00 euro 2007ko aurrekontuan onetsitako kontusailaren kargura ordainduko dira, eta 100.000,00 euro 2008ko aurrekontuetan horretarako sortuko den "Nafarroako goi mailako irakaskuntzako ikastetxeetako eskola garraioa" izeneko kontusailaren kargura. Indarra duen aurrekontu-ekitaldian izen bereko kontusaila ondoko hau da: 431000-43100-4800-322303.

3. Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari agintzea unibertsitateko garraioaren kudeaketak dakartzan faktura eta gastuak ordain ditzala, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren, aurreko puntuan aurreikusitakoaren arabera.

4. Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, garraio enpresa interesdunei, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Goi Mailako Irakaskuntzaren Atalari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari, Administrazio Orokorreko Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 23an._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

UNIBERTSITATEKO GARRAIORAKO LAGUNTZEN 2007-2008 IKASTURTEKO DEIALDIAREN PROIEKTUA

2007-08 ikasturtea (2007ko urria - 2008ko ekaina) unibertsitateko garraioa

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituen unibertsitateko garraiorako laguntzak Nafarroan baina Iruñerritik kanpo bizi diren unibertsitateko ikasleentzat dira, Iruñean ikasten dutenen kasuan, edo Tuteratik kanpo, Tuteran ikasten dutenen kasuan, egunero etxetik Nafarroako unibertsitateetara edo maila unibertsitarioko irakaskuntzak emateko Nafarroako Gobernuaren baimena duten beste ikastetxe batzuetara joaten direnentzat, hain zuzen.

_Antolamendurako laguntzak: garraio zerbitzua hobetzeko.

_Laguntza ekonomikoak: zerbitzuaren kostua finantzatzen laguntzeko.

Tuteran unibertsitate ikasketa ofizialak ezarri direnez, deialdi hau Tuteratik kanpo bizi diren ikasleentzat ere zabaldu da, izaera esperimentalaz, kontuan harturik bultzatuko litzatekeen antolamendua eska daitekeen gutxieneko ikasle kopuruaren mende ez ezik ikasle horien jatorriaren mende ere egonen dela. Horrexegatik ezin da deialdian gehiago zehaztu Tuterako garraioari buruzko informazioa.

Era berean, deialdia UHUNeko Tuterako zentro elkartuko unibertsitate ikasleentzat ere zabaldu da.

_Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2007ko urriaren 15a.

_Garraio zerbitzuaren hasiera: 2007ko urriaren 1a.

_Garraio zerbitzuaren amaiera: 2008ko ekainaren 27a.

Argibideak:

Unibertsitateko garraioaren inguruko informazioa jasotzeko Hezkuntza Departamentura jo (Santo Domingo aldapa, 8, 31001 Iruña), Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegora (Tel: 848 426516 edo 848 426616) edo Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegora, (Tel: 848 426059, 426078 edo 426796. Edo posta elektronikoa erabiliz: mazconas@cfnavarra.es edo scuestam@cfnavarra.es.

Unibertsitateko garraioa, 2007/08 ikasturtea

Antolamenduko arauak:

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak 2007-2008 ikasturterako antolatu duen unibertsitateko garraioa honako arau hauek zuzenduko dute:

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroan bizi eta Nafarroako unibertsitate batean edo maila unibertsitarioko irakaskuntzak emateko Nafarroako Gobernuaren baimena duen beste ikastetxe batean ikasle direnei egunero egin behar duten bidaia erraztea, eta zerbitzu horren kostua finantzatzen laguntzea, ez Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren beka eta laguntzen deialdiaren bidez, ez eta Hezkuntza eta Zientzia Ministeriokoaren bidez ere garraiorako bekarik lortu ez duten ikasleentzat.

Bizitokiari dagokionez, baldintza hauek bete behar dira:

_Iruñean ikasten dutenak: Iruñerritik kanpo bizitzea.

_Tuteran ikasten dutenak: Tuteratik kanpo bizitzea.

Hauek dira lortu nahi diren helburu zehatzak:

_Eskoletara joateko moduko zerbitzua eskaintzea.

_Garraio publikoan toki bat bermatzea.

_Eskolak bukatutakoan ohiko bizilekura itzultzeko aukera ematea.

_Zerbitzu hori unibertsitateko zentroetara hurbiltzea, goizean goiz eta arrats partean, Iruñean ikasten dutenen kasuan.

_Ikasle nafarrek unibertsitatera joateko dituzten garraio gastuak finantzatzen laguntzea.

Deialdi honen ondorioetarako egun hauek hartuko dira kontuan: 2007ko urriaren 1aren eta 2008ko ekainaren 27aren arteko aldia, bazter utzirik eskolarik gabeko egunak eta oporraldiak.

2. Ikasketak.

Unibertsitate ofizialetan edo Nafarroako Gobernuak baimendutakoetan ikasketa hauetan diharduten ikasle nafarrek eskatzen ahalko dute laguntza:

_Diplomaduna.

_Arkitekto teknikoa.

_Ingeniari teknikoa.

_Lizentziaduna.

_Arkitektoa.

_Ingeniaria.

_Master ofizialak.

_Hirugarren Zikloko Ikasketak.

3. Ikasketak zein ikastetxetan egin beharko diren.

Nafarroan kokaturik dauden ikastetxe hauetako batean:

_Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Iruñeko edo Tuterako Kanpusa.

_Nafarroako Unibertsitatea.

_Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala Nafarroan, Iruñeko edo Tuterako Zentro Elkartua.

_Nafarroako Gobernuak baimendutako unibertsitate zentroak.

4. Ezaugarriak.

Deialdi honetako laguntzak bi motakoak izan daitezke:

a) Antolamendukoak (unibertsitateko garraio txartela): Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak garraio enpresekin hitzarmena eginen du, unibertsitario nafarren beharren araberako zerbitzua eman dezaten, deialdi honen baldintzak betetzen diren tokietan.

b) Laguntza ekonomikoak: garraioaren kostua finantzatzen laguntzea, bi bide hauetako bat dela medio:

_Unibertsitateko garraio txartela.

_Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala.

5. Laguntzak eskatzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartzeko, ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Familiaren bizilekua Iruñetik eta Iruñerritik kanpo izatea, lehen aipatutako unibertsitateetan edo ikastetxe baimenduetan Iruñean ikasten dutenentzat, edo Tuteratik kanpo izatea, Tuteran ikasten dutenentzat; hortaz, ikastokira joateko eskualdeko garraio zerbitzuak betetzen ez duen garraioaren beharra izatea egunero.

b) Deialdi honetako 3. arauan adierazitako ikastetxeetan ikastea.

c) Izena ematen duten momentuan, aurreikusita dauden bi onura-mota horien artean bat aukeratzea, hau da:

_Unibertsitateko garraio txartela.

_Unibertsitateko garraiorako laguntzaren kredentziala.

6. _Unibertsitateko garraio txartela.

Eskola-egun gehien-gehienetan bidaia egiten duten ikasleentzat da, bidaia gehienak unibertsitateko garraio zerbitzuak erabiliz egiten badituzte.

Unibertsitateko garraio txartela pertsonala eta utziezina izanen da. Titularrari eskubidea ematen dio 2007ko urritik 2008ko ekainera bitarteko eskola egun guztietan, astelehenetik ostiralera, joan-etorriko bidaia bat egiteko plaza izateko, linea jakin bateko unibertsitateko garraiorako hitzartzen diren zerbitzuetan. Eserlekua erreserbaturik izanen du enpresek unibertsitateko ikasleentzat antolatzen dituzten garraio berezietako goizeko lehen bidaian eta, itzulirako, arratseko azkenekoan.

Aurretik leihatilan txartela erosi beharrik izan gabe, Iruñerako autobus zerbitzu erregularrak dituen geltokietatik familiaren bizilekutik hurbilen dagoen horretan igotzen ahalko da autobusean eta lehentasunezko eskubidea izanen du Iruñera goizeko 8:00ak baino lehen iristen den autobusean eta itzultzeko Iruñetik 21:00ean ateratzen den autobusean. Bi autobus zerbitzu horiek unibertsitateen ingurura hurbilduko dira.

Salbuespen gisa, garraio enpresei kontsultatu ondoren, laguntzen Balorazio Batzordeak Iruñera iritsi eta etxera itzultzeko ordutegiak aldatzea onartzen ahalko du.

Deialdi honen helburu nagusia ikasleak goizeko eskoletara garaiz iristea da. Hortaz, enpresak konpromisoa hartzen du behar adina autobus paratzeko, beharra duten unibertsitario guztiendako ordu egokian gainera. Unibertsitarioek, berriz, antolamendu horretarako erraztasunak emanen dituzte, eskabidean adieraziz enpresek paratutako autobusak normalean zer ordutan hartuko dituzten eta emandako hitza betez. Baldintza hori betez gero baizik ezin dio eskatu ikasleak enpresari erantzukizunik, autobusaren erruz ikaslea garaiz ailegatzen ez denean eskolara.

Ikasketak direla-eta ikasleren batek larunbatetan ere behar badu unibertsitateko garraioa, halaxe adierazi beharko du eskaera egiten duenean, bai eta justifikatu ere, eskola ordutegia aurkeztuz. Ikaslearen unibertsitatearen edo maila unibertsitarioko irakaskuntzak emateko Nafarroako Gobernuaren baimena duen ikastetxearen kreditazioa eska daiteke. Onuradunek txartelak ordaindu eta bidali behar dituzte, hiruhilekoen buruan, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegora, bulegoak bakoitzari dagokiona itzultzea erabaki dezan (txartelaren kostu osoaren %70).

Autobusera igotzeko nahitaezkoa izanen da unibertsitateko garraio txartela eta eskola-egunen liburuxka erakustea. Garraio txartelean honako datuok agertuko dira:

_Titularraren argazkia.

_Titularraren izen-deiturak.

_Bizilekua.

_Autobusa non hartzen duen.

_Garraio enpresa.

_Unibertsitatea edo unibertsitate mailako ikasketak emateko Nafarroako Gobernuaren baimena duen zentroa.

_Zentroa, ikasketak eta kurtsoa.

Txartela edo bidaien egiaztagiria ahaztu edo galtzeagatik ikasle onuradunek txartela ordaindu behar badute, Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegora igorriko dute txartel hori, behar den oharra erantsirik, Administrazioak ordain diezaien. Horrelakoetan, diru-kopuru hori hilean enpresari ordaintzen zaion fakturatik deskontatuko da.

7. Unibertsitateko garraiorako kredentziala.

Hasiera batean, egunero-egunero ikastokira joan beharrik ez duten ikasleei eta unibertsitateko garraio zerbitzua ailegatzen ez den herrietan bizi diren ikasleei zuzendua dago.

Unibertsitateko garraiorako kredentzialak eskubidea ematen dio titularrari 2007-2008 ikasturteko eskola egunetan, astelehenetik ostiralera, astean joan-etorriko lau bidaia egiteko gehienez, unibertsitateko garraiorako hitzartzen diren zerbitzuetan edo bidaiarientzako linea erregularren beste edozein zerbitzu publikotan. Kredentziala linea antolaturik ez izateagatik eskatzen duten ikasleek, alabaina, asteko bost egunetan erabiltzen ahalko dute.

Kredentziala aipatu eskubidearen aitorpena da Hezkuntza Departamentuaren aitzinean, eta ez da beste agiririk aurkeztu beharrik izanen, onuradunak leihatilan ordaindu beharko baitu garraioaren prezioa gainerako bidaiariek bezala eta, deialdi honetan xedatutakoaren arabera, ondoren eskubidea izanen du egindako gastuaren zati bat Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak itzul diezaion.

Garraio txartela eskatu bai baina 20 eskaera baino gutxiago izanik, txartelik lortzen ez duten ikasleak garraiorako kredentzialaren onuradun izan daitezke, eskaera aurkezten dutenean hori adierazi badute. Horrelako kasuetan, autobusa astelehenetik ostiralera erabiltzen ahalko dute, egunero.

Txartelaren onuradun diren ikasleen kasuan bezala, zerbitzua larunbatetan ere erabiltzen ahal dute, haientzat ezarritako baldintza berdinetan.

8. Garraio lineak.

Unibertsitateko garraioaren antolamenduak Nafarroako eskualdeetan dauden bidaiarien garraio lineetan du oinarria.

Jendea hartzeko geltokiak eta baimendurik dauden ordutegi eta prezioak linea erregularretarako ezarritako berberak izanen dira.

9. Kontratua enpresekin.

Unibertsitateko garraioa antolatu eta, beraz, Nafarroako bidaiarien garraio enpresekin hitzarmena sinatuko da, betiere linea erregularren ibilbide berbera egiteko, gutxienez 20 txartelen eskaera aurkezten badira eta dagokion kontratua sinatzeko adostasuna lortzen bada. Dena dela, laguntzen Balorazio Batzordeak, aurkezten diren eskaeren kopurua ikusirik, balorazioa egin eta kontratua enpresa bati esleitzen ahalko dio, finkatutako gutxieneko eskaera kopurura iristen ez badira ere.

Antolatzen diren ibilbide guztien jomuga Iruña izanen da eta abiapuntua kasuan kasuko linea erregularrak duena. Tuterako ikasleen kasuan, deialdiaren hasieran aipatu den bezala, garraioa antolatzea eskaera kopuruaren menpe egonen da.

Garraiobidea linea erregularrak finkatuta dituen geltokietatik edozeinetan hartzen ahalko da, kasuan-kasuan zehaztu diren tarteetan betiere.

Linea jakin baterako kontraturik sinatzen ez bada eta, horrenbestez, garraio txartela egiterik ez badago, ikasle interesdunek garraio linea hori erabiltzen ahalko dute, gainerako bidaiariek bezala, enpresak finkatutako zerbitzuen ohiko ordutegietan, garraiorako kredentzialaren onurez baliatuz edo, besterik gabe, unibertsitateko ikasle ez diren gainerako erabiltzaileentzako baldintza beretan.

Garraio enpresek konpromisoa hartzen dute garraio txartela duten unibertsitarioak adierazitako geltokietan hartzeko, lehenbiziko eskola hasi baino lehen Iruñean egon daitezen, eta betiere goizeko 8:00ak baino lehen, eta euren herrietara 21:00etan itzul daitezen. Iruñera etortzeko lehen zerbitzuan eta arratsean ateratzeko azken zerbitzuan, autobusa unibertsitateen ondoan dauden ohiko tokietan geldituko da.

Enpresek zerbitzu berezi hau antolatu ahal izan dezaten, unibertsitarioak haiek laguntzera beharturik daude. Horretarako, eskabidean adierazitako goizeko lehen zerbitzua erabiliko dute, enpresak beraientzat espresuki paratutako autobusak hartuz.

Autobusetan ikasle guztientzako tokia izanen da, bai joanean bai etorreran, eta, hortaz, ezin izanen da ikaslerik zerbitzurik gabe utzi.

Iruñera doan lehenbiziko zerbitzuan eta itzultzeko arratseko azken zerbitzuan, autobusek unibertsitateetatik hurbil gelditu beharko dute, ohiko geltokietan. Bakar-bakarrik muturretako bi zerbitzuotarako erreserbatutako da tokia. Garraio zerbitzuko gainerako orduetan, deialdi honen onuradunek zerbitzu publikoaren gainerako bidaiarien eskubide berak izanen dituzte. Ikasleak saiatuko dira betetzen eskaera egitean onartu duten ordutegia. Nolanahi ere, egunero zerbitzua erabiltzen duten ikasleen kopurua edozein dela ere, enpresa beharturik dago muturreko ordu horietan kontrataturiko autobusak jartzera, ziurtaturik baitu zerbitzua kobratzea.

Bidaiarien derrigorrezko asegurua eta aseguru osagarria garraio enpresa adjudikazio-hartzailearen kontura izanen dira eta, hortaz, huraxe izanen da kontratatzen den zerbitzuaren ondorioz gerta litezkeen kalteen erantzule zibil bakarra, dela zuzenean, dela subsidiarioki.

Ikasturtea hasita, komenigarria ikusten bada joan-etorrietako nahitaezko zerbitzuen ordutegia aldatzea, egin, egiten ahalko da, aldez aurretik Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari jakinarazten baldin bazaio. Halaber, adjudikazio-hartzaileak baimena eska diezaioke Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari lineen ordutegietan behar diren aldaketak egiteko, unibertsitarioentzat ezarrita dauden ordutegiei egokitzearren.

10. Laguntzen mota eta zenbatekoa.

a) Unibertsitateko txartela:

Txartela egitea erabakitzen duten ikasleek 225,00 euro ordaindu beharko dituzte aldez aurretik Nafarroako Foru Ogasunean, astelehenetik ostirala arteko zerbitzua erabili ahal izateko, zerbitzu hori benetan zenbat egunetan erabiltzen duten kontuan hartu gabe.

Horrenbestez, laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: ikaslearen herritik Iruñera joan eta itzultzeko eguneko bidai txartelaren kostu erreala bider ikasturteko eskola egunen kopurua, ken goian aipatu dugun zenbatekoa.

b) Kredentziala:

Unibertsitateko garraiorako kredentziala duten ikasleek egunero ordaindu beharko dute txarteldegian bidai txartelaren prezioa eta hiru hilabetetik Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuak dagokien dirua itzuliko die, agiri honen 16. arauan ezartzen denaren arabera.

Modalitate honetan garraioaren benetako kostua hauxe izanen da:

_165,00 euro, astelehenetik ostiralera bitarteko zerbitzua, astean, gehienez, lau aldiz erabiltzeko, zerbitzu hori benetan zenbat egunetan erabiltzen duten kontuan hartu gabe.

_225,00 euro, unibertsitateko txartela eskatu eta, nahikoa eskaera ez izateagatik, lortu ez duten ikasleentzat, zerbitzua, astelehenetik ostiralera arte, astean bost egunez erabiltzeko, zerbitzu hori benetan zenbat egunetan erabiltzen duten kontuan hartu gabe.

Horrenbestez, laguntzaren zenbatekoa honakoa izanen da: herritik etortzeko eguneko bidai txartelaren prezioa bider baimenduriko/justifikaturiko egunen kopurua, ken goian adierazitako kopurua.

Laguntzen finantzaketa 2007ko gastuen aurrekontuko "Nafarroako goi mailako ikastetxeetarako eskola garraioa" izeneko 431000-43100-4800-322303 kontusailaren kargura eginen da eta, halaber, 2008ko ekitaldirako prestatzen den antzeko kontusailaren kargura.

11. Aurkeztu beharreko agiriak

Interesdunek deialdi honen eranskinean ageri den ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, "Txartelaren edo laguntzarako kredentzialaren eskaera" izenekoa. Eskabide hori Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Goi Irakaskuntzaren Bulegoan har daiteke. Deialdia eta eskabidea zuzendaritza nagusi horren web orriaren bitartez ere eskuratu daitezke (www.pnte.cfnavarra.es/dgupl/). Eskabidearekin batera dokumentazio hau bidaliko da:

a) Txartela eskatuz gero:

_Eskatzailearen bi argazki, txarteletan erabiltzen direnetakoak (atzean izen-deiturak jarri behar dira).

_Erroldatzearen edo bizilekuaren ziurtagiri gaurkotua, udalak luzatua.

_Txartelaren zenbatekoa (225,00 euro) 2054/0000/46/910124955.6 (Nafarroako Aurrezki Kutxako bulego nagusia) kontu zenbakian ordaindu izanaren egiaztagiria.

_2007-2008 ikasturteko matrikularen fotokopia konpultsatua, lortu bezain azkar.

b) Kredentziala eskatuz gero:

_Eskatzailearen argazki bat, txarteletan erabiltzen direnetakoa (atzean izen-deiturak jarri behar dira).

_Erroldatzearen edo bizilekuaren ziurtagiri gaurkotua, udalak luzatua.

_2007-2008 ikasturteko matrikularen fotokopia konpultsatua, lortu bezain azkar (laguntza eskaera aurkeztu ondotik ekar daiteke).

Aurkeztu beharreko dokumentazioak jatorrizkoa izan behar du edo fotokopia konpultsatua (konpultsa Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan egin daiteke; Santo Domingo kalea, 8).

12. Aurkezteko epea eta lekua.

Eskabidea bete ondoren, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoren batean aurkeztu beharko da gainerako agiriekin batera. Aurkezteko epea 2007ko urriaren 15ean bukatuko da.

Eskaera data horietan aurkeztu beharko da, epea luzaezina delako, matrikulazio aldiari edo bizitokiari buruzko salbuespenetan izan ezik. Salbuespen horiek Balorazio Batzordeak baloratuko ditu.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 76. artikuluan xedatutakoarekin bat, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzendu ditzan. Horrela egin ezean, artxibatu eginen da espedientea, horretarako ebazpena eman ondoren betiere.

13. Eskaeren tramitazioa.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak, berehalakoan, eskaeren kopurua eta modalitatea aztertuko ditu, garraio enpresekin hitzarmena sinatzearen ondorioetarako.

Deialdi honetako 8. arauan ezarritako linearen baterako edo, bidaiarien garraiorako Nafarroan dagoen beste linea erregularren baterako, 20 eskaera edo gehiago aurkezten badira, enpresa kontzesio-hartzailearekin behar diren kudeaketak eginen dira, dagokion hitzarmena sinatu, garraio txartelak prestatu eta interesdunei igortzeko.

Enpresa horiekin kontratua sinatzeko gutxieneko kopuru horretara iristen ez bada edo unibertsitateko garraioaren Balorazio Batzordeak hura sinatzeko baimenik ematen ez badu, berriz, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak txartela egiteko eskatu zen dirua itzuliko du. Gero eskaera bertan behera utziko da edo laguntzaren kredentziala emanen zaio eskatzaileari, horrek eskabidean hautatutakoaren arabera.

Eskatzaileak kredentziala aukeratu badu, modalitate horretako onuradunekin bezala jokatuko da berarekin eta txartela eskatzeko ordaindu zuen diru-kopurua itzuliko zaio; kasu horretan, asteko egun guztietan bidaia egiteko eskubidea izanen dute, astelehenetik ostiralera.

Laguntzaren kredentziala lehenbiziko aldiz eskuratzen duten ikasleek Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan aurkeztu beharko dute "Transferentzia bidezko ordainketaren eskaera-orria", behar bezala betea, lehenbiziko hiruhileko bidai txartelekin batera. Eskaera-orri hori Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan, lehen aipatutako Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan edo Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren web orrian jaso daiteke.

14. Laguntzak emateko proposamenak egiteko ardura duen Balorazio Batzordea.

Ebazpen proposamena egin behar duen Balorazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

_Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

_Batzordeburua falta denean, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak hartuko ditu bere gain hari dagozkion eginkizunak.

Batzordeko kideak:

_Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

_Goi Mailako Ikasketen atalburua.

_Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoko burua.

Idazkari lanetan Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoko burua arituko da.

15. Ebazpena.

Laguntzak Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez emanen dira, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak eman beharreko txostena harturik.

Laguntza horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren web orrian argitaratuko dira, eta zerrendak unibertsitate eta ikastetxe interesdunetara igorriko, ikasleei haien berri eman diezaieten. Hezkuntza Departamentuko Beka Bulegora ere igorriko dira. Ukatu diren laguntzen berri idatziz emanen zaie interesdunei.

16. Dirulaguntzen eta garraio gastuen ordainketa.

Laguntzen eta gainerako garraio gastuen ordainketa deialdi honetako arauak onesten dituen ebazpen honetan xedatutakoari jarraikiz eginen da, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuaren txostena jaso eta ziurtagiri hauek aurkeztu ondoren:

_Unibertsitateko garraiorako kredentziala ateratzen dutenei, hiruhileko bakoitza bukatutakoan, ezarrita dauden arauei jarraikiz egindako bidaien autobus-txartelak, egun eta hilabeteen arabera ordenatuak, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuan aurkeztuta (Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoan).

Onuradunek egin eta justifikaturiko gastutik 165 edo 225 euro kenduko dira, deialdi honen 10.b) arauan adierazitakoaren arabera.

_Garraio txartela duten ikasle unibertsitarioentzako zerbitzua egin duten garraio enpresei hilabetero ordainduko zaie, aparte enpresa bakoitzari, enpresak bederatzi hilabeteetako bakoitzean egindako zerbitzuari dagokion faktura aurkeztu ondoren.

17. Onuradunen betebeharrak.

2007-2008 ikasturterako, unibertsitateko garraio txartela edo garraiorako kredentziala eskatzen badu, eskatzaileak arau hauek guztiak ezagutu eta onartu beharko ditu.

Onuradunak unibertsitateko garraioaren antolaketa eta funtzionamendu egokirako Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak ematen dituen jarraibideei men egin beharko die.

Autobusera igotzeko nahitaezkoa izanen da gidariari txartela eta eskola egunen liburuxka erakustea. Halaber, laguntzen onuraduna behartuta dago Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko Goi Mailako Irakaskuntzaren Bulegoari aditzera ematera laguntza errefusatzen duela, arau hauen arabera, laguntzaren bateraezintasuna dakarkion beste zerbait baldin badu.

Onuradunak deialdi honetako baldintzaren bat betetzen ez badu, dokumentazioa faltsutzen badu, bidezko ez den autobus-txartelen bat aurkezten badu edo matrikulatua dagoela frogatzen duen agiria aurkezten ez badu, txartel edo kredentzial horri baja emanen zaio berehalakoan eta itzuli beharko du. Gainera, emandako laguntza galduko du eta horren bidez eskuraturiko dirua itzuli beharko dio Gobernuari, deusetan galarazi gabe legozkiokeen lege-egintzak eta zehapenak. Diru kopuru horiek, legezko ondorioetarako, dirusarrera publikotzat joko dira.

Behin unibertsitateko garraio txartela edo kredentziala emanik, hura ukatzen baldin bada, Administrazioak ez du inolako diru konpentsaziorik emanen, salbu eta ezinbesteko kasuetan, agiri bidez behar bezala frogatzen bada eta betiere Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia ados badago.

18. Bateraezintasunak.

Unibertsitateko garraio laguntzak bateraezinak dira izaera bereko beste laguntza batzuekin, baita egonaldirako laguntzekin ere, Nafarroako edo Espainiako edozein erakunde publikok zein pribatuk emanak badira.

Beraz, deialdi honen bidez laguntza lortzen dutenek ez dute ibilbide bererako laguntzarik eskuratuko Hezkuntza Deparmentuko beken deialdi orokorretik.

19. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari lotuko zaio.

Zehapen prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.

20. Errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatzeko egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

UNIBERTSITATEKO GARRAIORAKO LAGUNTZAK 2007-2008 IKASTURTERAKO

Txartelaren edo laguntzarako kredentzialaren eskaera

............................ jauna/andrea; NANa: ..................., Helbidea: ................ kalea, ......................, zenbakia, ..... solairua; telefonoa: .................; P.K.: .............; herria: .............................

2007-2008 ikasturteko datu akademikoak

Unibertsitatea:

Fakultatea:

Titulazioa:

Matrikulatuta dagoen ikasmaila:

ESKATZEN DUT:

a) Unibertsitateko garraio txartela f

b) Laguntzarako kredentziala f

Erabiliko duen linea

Abiapuntuko herria

Itzultzeko herria

Zenbat egun (astelehenetik ostiralera)

Herritik ateratzeko ordua

Herrira itzultzeko ordua

Ikasketak direla eta, zerbitzua larunbatetan ere erabili behar du BAI f EZ f

Txartela eskatu bai, baina linea horretarako 20 eskaera ez dauden kasuetarako, aukera ezazu:

f Eskaera deuseztatzea.

f Laguntzarako kredentziala aitortzea.

Dirua itzuli behar izanez gero, kontu honetan sartu:

Banketxea edo aurrezki kutxa

_Bulegoa

_Kontrola

_Kontuaren zenbakia

Aitortzen dut 2007-2008 ikasturterako unibertsitateko garraioa arautzen duten arauak ezagutu eta onartzen ditudala.

Eguna eta sinadura

Eransten den dokumentazioa:

f Txarteletarako 2 argazki (kredentziala eskatuz gero, 1)

f Erroldatze agiria.

f Nafarroako Aurrezki Kutxan, 2054/0000/46/910124955.6 zenbakian, 225 euro sartu izanaren egiaztagiria, txartela eskatzen bada.

f 2007-08 ikasturteko matrikularen fotokopia.

UNIBERTSITATEETARAKO ETA HIZKUNTZA POLITIKARAKO ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: F0708874