80. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

127/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 1ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, Nafarroako kirol klubek kirol instalazioen arloan inbertsioak egiteko dirulaguntzen 2007ko deialdiaren arauak onesten dituena.

Kirolak Nafarroako kirol klubetan sortzen dituen lehentasunetariko bat kirol instalazioak eraikitzea, handitzea eta hobetzea da, kirola modu egokian egin ahal izateko. Horretarako, beharrezkoa da deialdi bat sortzea, dirulaguntzak emateko irizpideak ezarriko dituena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipioak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko prozedura.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 15eko 15/2001 Foru Legeak, 6.2. o) artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Administrazioaren esku uzten du kirola sustatzeko eskumena, laguntzak eta dirulaguntzak ematearen bidez. 79. artikuluko 5. idatz-zatian xedatzen denez, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatearen interes orokorrerako presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituen kirol instalazioak eraikitzea eta haietarako jarduketak egitea sustatu ahal izanen du.

Horregatik, eta Nafarroako kirol klubei kirol instalazioetan inbertsioak egiteko ezinbestekoak diren laguntzak eskaintzeko asmoz, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak entitate horiei dirulaguntzak emateko deialdiaren arauak ezartzen dituen foru agindu bat onestea proposatu du. Lehentasuna izanen dute oinarrizko kirola bultzatzen duten entitateek eta haien instalazioek, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren bidez, kirol edo lehiaketa jarduera garatzeko instalazio propiorik ez duten klubei publikoki eskaintzen dizkietenek.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean ematen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako kirol klubek kirol instalazioetan inbertsioak egiteko dirulaguntzen 2007ko deialdiaren arauak onestea, kirol instalazioak, oro har, eraikitzeko, handitzeko eta berritzeko, foru agindu honetako eranskineko arauekin bat.

2. Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 482.000 euroko gastua baimentzea, 2007ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirol kluben instalazioak" izeneko 940001-95300-7819-336100 kontusailaren kontura.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraztea.

Iruñean, 2007ko ekainaren 1ean._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Arauak

1. Xedea.

Foru agindu honen xedea bikoitza da: alde batetik, Nafarroako kirol klubei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, kirol instalazioak, oro har, eraikitzeko, handitzeko eta hobetzeko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak baimena eman ondoren, eta obrak 2007an edo lehenago hasi eta 2007an bertan amaitzea aurreikusita badago, eta, beste alde batetik, aipatutako kirol instalazioak publikoki eskaintzea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Istitutuaren bidez, kirola bultzatzen duten, baina kirol edo lehiaketa jarduera garatzeko instalazio propiorik ez duten klubei.

Betiere, deialdi honetako arauetan aipatzen diren kirol instalazioek arauzkoak izan beharko dute eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak ezarririko Kirol instalazioen araudiari (NIDE) eta eraikuntzari buruzko arautegi orokorrari lotu beharko zaizkie.

Dirulaguntzen zenbatekoaren xedea Nafarroako kirol kluben kirol instalazioak bultzatzea da (kasu honetan, Nafarroa aitzindaritzat jotzen da kirola entitate horien bidez bultzatzeari dagokionez), Nafarroako herritar askok, kirolen bidez, aukera izan dezaten bizimodu hobea izateko eta elkarbizitzan eta elkartasunez gizarte jarduera bat garatzeko, bertute horiek kirolaren bidez lortzen baitira, horrek denak herritarren ohitura osasungarriak eta gizalegezko jarrerak sor ditzan.

2. Helburua.

2.1. Aurreko arauan aipaturiko dirulaguntzak helburu hauetarako erabiliko dira:

a) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak Nafarroako Foru Komunitatearentzat gizarte eta kirol aldetik interesekotzat jotzen dituen arauzko kirol instalazioak eraikitzea (lehenbiziko aldiz ezartzeko obrak direnean).

b) Kirol instalazioak, oro har, eraikitzea, handitzea eta hobetzea.

2.2. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak, hala badagokio, laguntzak emateko prozedura formalizatzen ahalko du. Horretarako, lankidetza hitzarmenak sinatzen ahalko ditu, Nafarroako kirol klub onuradunekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarri bezala. Lankidetza hitzarmen horien xede bakarra Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak deialdi publiko honi dagokionez ebazpen baten bidez lehenago onarturiko laguntzak formalizatzea izanen da, besterik ez.

3. Onuradunak.

a) Deialdi honen dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Foru Komunitatearen Nafarroako Kirol Kluben Erregistroan izena emanik dauden eta kirol instalazioak eraiki, handitu edo hobetuko dituzten Nafarroako kirol klubek, betiere obra espedienteen tramitazioa 2007ko ekitaldian hasi eta bukatzen badute, edo, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenarekin, espedientea lehenago hasi eta aurtengo ekitaldi ekonomikoan bukatzen dutenek, hori guztia eranskin honetan ageri diren arauei jarraikiz.

4. Agiriak.

Eskaerak egiteko, eskabide orokorra beteko da, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari zuzendua, eta horrekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Obretarako oinarrizko proiektuaren ale bat, Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuak aztertu eta baloratu ondoren oniritzia eman diezaion edo, bestela, behar diren aldaketak egiteko egoki diren oharrak egin diezazkion. 120.202,42 eurotik beherako berritze-obrak badira, aski izanen da obren memoria baloratua aurkeztea.

Dirulaguntzaren xede diren obrak hasiak edo bukatuak dituzten kirol klubek, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimena izanik, obren oinarrizko proiektu ikus-onetsia aurkeztu beharko dute, betiere Institutuak ezarririko Kirol instalazioen araudiari (NIDE) eta eraikuntzari buruzko orotariko arautegiei lotuz.

Oinarrizko proiektuak osagaiak bildu beharko ditu, ingurumena hobetzeko eta energia aurrezteko. Horregatik erabiliko dira:

_Ingurumenerako egokiak diren material eta produktuak, baita birziklatuak eta berrerabiliak ere.

_Energia galerak txikiagotu eta kontsumoa optimizatzeko balio duten isolamendu termikoak edo material erregogorrak.

_Metal astunik edo osagai arriskutsurik ez duten pintura eta bernizak, pigmentu naturalak dituztenak, ahalik eta CO2 gutxien sortzen dutenak.

_Aparatu sanitarioetan ura aurrezteko gailuak, ur-emaria mugatzekoak, etab.

_Obretatik eta instalazioetako mantentze-lanetatik datozen hondakinak kudeatzeko sistemetan bilketa sailkatua.

_Eguzkitik edo haizetik ateratzen den energia aprobetxatzeko ekipamenduak.

b) Lana egin nahi den lur edo eraikinen jabetzaren ziurtagiria, indarreko hirigintza arautegiarekin bateragarria dela adierazten duena.

c) Instalazio hori eraikitzeak edo handitzeak Nafarroako Foru Komunitatean oro har izanen duen eragina frogatzeko memoria, instalazioko kirol zerbitzuak kudeatzeko zer jende eta diru baliabide beharko diren zehazten duena.

d) Kirol klubaren organo eskudunak aurreikusitako finantzaketa onesteko erabakia; bertan adieraziko da egin beharreko lanaren kostua, zer funts diren beren aurrekontuetatik edo banku kredituetatik heldu direnak eta zein, halakorik bada, lana kofinantzatzen duten instituzioetatik, entitate bakoitzak ordaindu behar dituen diru kopuruak eta diru kopuru horien kontzeptua xeheturik.

e) Kirol klubaren idazkariaren ziurtagiria, lehendakariak oniritzia emanda, entitatearen bazkide kopurua, oinarrizko eta lehiaketazko kirol taldeen kopurua, eta kirol modalitate ezberdinetan entitatea ordezkatuz parte hartzen duten kirolarien kopurua adierazten dituena.

f) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, entitatea dirulaguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez dagoela azaltzen duena.

g) Eskatzaileak bere eskaeraren indargarri aurkeztu nahi dituen bestelako agiriak, foru agindu honetan aipatzen diren irizpide eta adierazleen gainekoak.

5. Aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako bideetako bat baliatuz. Postetxeetatik igortzen diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, data eta zigilua jartzeko ziurtatu baino lehen.

Hala ere, 4. arauan adierazitako agirien aurkezpenean akatsik atzemanez gero, beste 10 egun balioduneko epea irekiko da akats horiek zuzentzeko eta, halaber, ohartaraziko da, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 19.3 artikuluari jarraikiz.

6. Eskaerak nola baloratu, hautatu eta dirulaguntzaren zenbatekoa nola finkatu.

6.1. Azpiegiturak Kudeatu eta Ikuskatzeko Bulegoak bideratuko du laguntzak emateko prozedura, Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuko zuzendariaren gainbegiradapean. Aurkeztutako agiriak foru agindu honen eranskineko 2. arauan ezarritakoaren arabera izapidetu, baloratu eta aztertu ondoren, dirulaguntzak emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, dirulaguntzen deialdia ebatz dezan.

Eskaerak ahalik eta ondoen baloratzeko, Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuak aurkeztu diren agiri edo eskaeretako informazioa zabaltzeko edo zehazteko eskatzen ahalko die entitate eskatzaileei.

6.2. Nafarroako kirol kluben eskaerak aukeratzeko, hauxe hartuko da kontuan: aurrekontuko dirua; eranskin honetako 1. eta 2. arauak; baldintza berberetan dauden klub eskatzaileen diru ekarpenik handiena. Berdinketa egonez gero, lehentasuna izanen dute oinarrizko eta lehiaketazko kirola bultzatzea xede nagusi duten eskaerek.

Hautatutako obren eskaerei dagozkien dirulaguntza moduluek aurrekontuetan dagoen zenbatekoa gainditzen badute, irizpide hauek aplikatuko dira, ordena honetan:

a) Diruz lagunduko den portzentajea birdoitzea, ahalik eta onuradun gehien hartzeko, ezertan eragotzi gabe hautatutako obren gauzatzea.

b) Nafarroako kirol klub hauek:

_Oinarrizko eta lehiaketazko kirol taldeen kopururik handienaren araberakoak.

_Kirol modalitate ezberdinetan entitatea ordezkatuz parte hartzen duten kirolarien kopururik handienaren araberakoak.

6.3. Deialdi honetan dirulaguntzak hartzeko hautatu diren Nafarroako kirol klubek kopuru hauek jasotzen ahalko dituzte, oro har eta aurreko arauan ezarritakoa ezertan galarazi gabe:

a) Kirol instalazio berriak eraikitzeko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak ezarritako moduluen %50, gehienez.

b) Kirol instalazioak handitu edo hobetzeko, betiere obra berria egiten bada, memoria baloratuko edo aurkeztutako proiektuko kirol obraren aurrekontuaren %50, gehienez.

c) Kirol instalazioak zaharberritu edo hobetzeko, betiere hobekuntza horiek obra berriak ez badira, memoria baloratuaren edo, hala denean, zaharberritze proiektuaren zenbatekoaren %33, gehienez ere. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen mota honetako obrari eraikuntza berria izanen balitz legokiokeen moduluaren %33 baino handiagoa.

Dirulaguntzen zenbatekoen ehunekoak hautatutako eskaeren, kirol klub bakoitzaren diru ekarpenaren eta obrak egiteko balizko bideragarritasun ekonomikoaren arabera ezarriko dira.

7. Ebazpena.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita, eta behin haien balorazioa eginda, bi hilabeteko epean, dirulaguntzei buruzko ebazpen proposamena eginen du Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuko organo instruktoreak.

7.2. Ebazpen proposamena egiten denetik hasita gehienez ere bi hilabeteko epean, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzei buruzko deialdia ebatzi eta horren berri emanen die kirol klub eskatzaileei. Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eman dituen dirulaguntzak jendaurrean paratuko ditu, Nafarroako Gobernuko (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko (Arrieta kalea, 25) iragarki oholetan eta Arbizuko, Lizarrako, Azkoiengo eta Tuterako kudeaketa bulegoetan.

Dirulaguntza emateko ebazpena arrazoitua izanen da eta bertan dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaien ezetz, halakorik baldin bada.

Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko, kontuan hartuko da, betiere, zenbateko kreditua dagoen hartarako Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren aurrekontuetan.

Dirulaguntzak ekitaldi ekonomiko batetik emateak ez du inolako eskubiderik ematen ondorengo ekitaldietan ere dirulaguntzak hartzeko.

7.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik lau hilabetera ebazpena jakinarazten ez bada, eskaerak ukatutzat joko dira.

7.4. Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, betiere Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak horretarako baimenik eman gabe, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

7.5. Ematen den dirulaguntza hau bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, naziokoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute onuradunek. Haien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

8. Betebeharrak.

8.1. Dirulaguntzaren xede diren Nafarroako kirol klubek, emandako laguntzaren %50 ordain diezaieten, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Obren proiektu ikus-onetsia, hasierako proiektuaren gainean egindako zuzenketa eta guzti, horrelakorik bada. 120.202,42 eurotik beherako zaharberritze obrak badira, aski izanen da obren memoria baloratua aurkeztea, hori ere lehen aurkeztutako memoriaren gainean egindako zuzenketa eta guzti, horrelakorik baldin bada.

Dirulaguntza eman aurretik obrak hasiak edo bukatuak dituzten entitate onuradunek ez dute oinarrizko proiektu ikus-onetsirik edo memoria baloraturik aurkeztu beharrik, aurretik aurkeztua izanen baitute, deialdi honetako 4. arauan ezartzen denaren arabera.

b) Obrak esleitzearen akta, gutxienez honako datuak adierazten dituena: esleipenaren data, enpresa esleipen-hartzailea, enpresaren identifikazio datuak (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria) eta esleipenaren zenbatekoa.

c) Zuzendaritza fakultatiboa izendatzeko akta, teknikaria(k) identifikatzeko behar diren datuekin (IFZ, helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria).

d) Obren zuinketa akta, zuzendaritza fakultatiboak, jabeak eta, halakorik denean, enpresa esleipen-hartzaileak sinatua.

e) Kirol klubeko organo eskudunaren erabakia, diruz lagundutako obrak egiteko asmoa eta finantzaketa bere gain hartzeko konpromisoa jasotzen duena, are Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuak hasieran onetsitako aurrekontua garestitzen duten gastuak ere, horrelakorik bada. Organo eskudunaren finantzaketa hitzarmen berariazkoa, beste erakunderen batek aldi berean finantzatzen badu.

f) Kirol klubeko buruaren ziurtagiria, non egiaztatuko baita eraginkortasun eta ekonomia irizpideak erabili direla, hornitzaileak, proiektuaren prestatzaileak, obrako zuzendaritza, enpresa eraikitzailea eta obretan parte hartzen duten bestelako hornitzaileak hautatzean.

g) Obran bertan, obra Nafarroako Gobernuak lagunduta egiten dela azaltzen duen kartel bat paratu dela frogatzen duen agiria. Kartelean, Gobernuaren logotipoa eta anagrama ere agertuko dira.

h) Obren egiaztagiriak eta sortutako gastuaren jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak, gutxienez diruz lagundutako obren zenbateko osoaren bikoitza jotzen dutenak.

8.2. Kirol instalazioetan inbertsioak egiteko dirulaguntzak jasotzen dituzten kirol klubek, dirulaguntzaren beste %50a jaso ahal izateko, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Obraren onarpen-akta, zuzendari fakultatiboak, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua.

b) Obra bukatu izanaren ziurtagiria, zuzendaritza fakultatiboak, kirol klubeko ordezkari batek eta enpresa esleipen-hartzailearen ordezkari batek sinatua, eta harekin batera sortu den gastuaren jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak. Hasierako %50 jasotzeko, ez da beharrezko izanen aldez aurretik aurkeztutako egiaztagiriak eta fakturak aurkeztea.

c) Diruz lagundutako kirol instalazioaren ageriko lekuren batean plaka bat paratu izanaren ziurtagiria. Plaka horretan, diruz lagundutako lanen euskarrien diseinuari buruzko arauetan ezarritako testuarekin batera, Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoa agertuko dira, Nafarroako Foru Komunitatearen identitate korporatiboaren programaren arabera.

d) Arkatz elektronikoa, obren benetako gauzatzearen proiektu osoa gordetzen duena, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak baimendutako aldaketak barne, baldin eta aldaketak egon badira obren jatorrizko proiektuari dagokionez.

e) Kirol klubeko buruaren ziurtagiria, entitateak berak harturiko konpromisoa agertzen duena. Konpromiso horren arabera, instalazioa dirulaguntzaren xederako erabiliko da 20 urtez gutxienez eta, erregistro publiko batean erregistratu beharreko ondasunak izanez gero, gorabehera hori eta harturiko dirulaguntzaren zenbatekoa eskrituran adieraziko dira, betiere egoki den erregistro publikoan, dirulaguntzaren zenbateko osoa ordaindu eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Atal honetan aipatzen diren baldintzak bete ondoren, dirulaguntzaren onuradun diren kirol klubek Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuan frogatu beharko dituzte, gehienez ere hilabeteko epean.

8.3. Obrak aldez aurretik aipatutako Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuak onetsitako proiektuarekin bat etorriz eginen dira. Aldaketak egitekotan, goian aipatutako zerbitzuak baimendu beharko ditu. Dena dela, laguntzaren xede den inbertsioaren kostuaren gainetik sortzen den gastua onuradunaren kontura izanen da.

8.4. Obren bukaerako kostua dirulaguntzapeko aurrekontukoa baino gutxiagokoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa ere gutxitu eginen da, kostua jaitsi den proportzio berean, baldin eta dirulaguntzaren zenbatekoek obren bukaerako zenbatekoari buruz ezarririko gehieneko ehunekoak gainditzen badituzte.

8.5. Nafarroako kirol klub onuradunek onartu eta erraztu egin beharko dituzte Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen eta agiriak.

8.6. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak, Idazkaritza Nagusiaren eta Azpiegituren Zerbitzuaren bitartez, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean. Dirulaguntza hartzen duen erakundea beharturik dago obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein agiri ematera.

9. Zorrak kitatzea.

Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuta ordain lekioke dirulaguntza.

10. Ez-betetzea.

10.1. Deialdi honetako arauetan ezarritakoa betetzen ez bada, dirulaguntza emateko oinarritzat hartu ziren datuak faltsutzen edo xedeak aldatzen direla ikusten bada, horretarako baimenik izan gabe, dirulaguntza galdu eginen da, eta ordura arte jasotako kopuruak itzuli beharko dira, alde batera utzi gabe legeetan aurreikusi diren gainerako erantzukizunak. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza interesak pagatzeko eskatzea.

Halaber, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak burutzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua aurreko atalean aipatzen den proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

10.2. Legegintzaldi batean harturiko dirulaguntzari behin betikoz uko egitea edo hura bertan behera uztea, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez, interesdunak hurrengo deialdietan aurkeztuko dituen eskaerak modu negatiboan baloratzeko irizpidea izanen da. Legegintzaldia bukatu arte, bigarren mailako lehentasunen artean kokatuko da.

11. Arau-hausteak, zehapenak eta erantzukizunak.

Arau-hausteei, zehapenei eta erantzukizunei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da.

12. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F0709485