78. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

SAKANAKO GARAPEN PARTZUERGOA

Sakanako Garapen Partzuergoko estatutuen aldaketa. Behin betiko onespena

Sakanako Garapen Partzuergoaren Kontseilu Nagusiak, 2007ko maiatzaren 7an egindako bilera berezian, eta ikusirik jendaurreko epean ez dela alegaziorik izan, erabaki zuen partzuergoaren estatutuen aldaketa behin betikoz onestea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Behin-behineko onespena 2007ko apirilaren 23an argitaratu zen, 50. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean._Partzuergoko lehendakaria, Arkaitz Errazkin Beltza.

I. TITULUA

Izena eta lege araubidea

1. artikulua. Sakanako Garapen Partzuergoa, Lakuntzan (Nafarroa) eratua, borondatezko izaera duen elkartea da, entitate publikotzat joko dena, berezko nortasun juridikoaz eta bere helburuak lortzeko ahalmen osoaz hornitua.

2. artikulua. Partzuergoa honako xedapenok arautuko dute: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 212. eta 213. artikuluek (urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak emandako idazkeran), Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/85 Legearen 87. artikuluak (abenduaren 16ko 57/2003 Legeak emandako idazkeran); eta Toki Araubidearen Testu Bateginaren 110. artikuluak (781/1986 E.D.L., apirilaren 18koa).

3. artikulua. Partzuergoak Sakanako Garapen Partzuergoa izanen du izena.

II. TITULUA

Elkartearen egoitza, osaketa eta lurralde eremua

4. artikulua. Partzuergoa denbora mugarik gabe ezartzen da, eta egoitza Lakuntzan du, bere hartan sarturiko udaletan paratzen ahal baditu ere sukurtsalak, agentziak edo ordezkaritzak.

5. artikulua. Partzuergoa Sakanako garapenaren onura publiko zein soziala lortu nahi duten administrazio publikoek eta toki entitateek osatzen dute, irabazi asmorik gabeko elkarte, fundazio edo entitate pribatuek ere, helburu berak badituzte.

6. artikulua. Partzuergo honen lurralde eremua udalerri hauetako mugapeetara mugaturik dago: Ziordi, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Arruazu, Lakuntza, Uharte Arakil, Ergoiena, Irañeta, Arakil eta Irurtzun.

III. TITULUA

Helburuak

7. artikulua. Sakanan garapen integral iraunkorra sustatzea da partzuergoaren helburu nagusia, eskualdeko gizarte-, kultura- eta ingurumen-errealitatea errespetatuz eta berdintasunezko gizartea eta gizarte integratzailea lortzeko oinarriak sortuz. Xede horretarako, honako helburu hauek landu eta ezarri ditugu:

a) Eskualdeko garapen ekonomiko eta soziala gauzatzeko beharrezko diren ekintzak planifikatu eta betetzea.

b) Ekimen publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea, eskualdean egiten diren jarduera eta inbertsioak finantzatzeko bitarteko ekonomikoak erdiestearren.

c) Partzuergoko enteen ekimenak bideratu eta bultzatzea.

d) Partzuergoak funtzionatzeko eta bere hartatik sustatzen diren ekintza eta proiektuetarako behar den finantzaketa kudeatzea.

e) Eskualdeko gizarte egitura sentsibilizatzea bere garapen interesei lagun eginen dieten problematika, baliabide, ekintza eta proiektuez.

f) Eragile ekonomiko eta sozial guztien partaidetza eginkorra lortzea eskualdeari eragiten dioten arazoak batera konpontzeko prozesuan, haiek bai gogoetara bai eskualdearen etorkizuna diseinatzera erakarrita.

g) Kontuan izanik eskualdearen oinarri ekonomikoa industria dela, deslokalizazioa ekiditeko politika eginkorrak sustatzea.

h) Partzuergoak emakume eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa ezarriko du bere jardunean eta egiten dituen jarduera guztietan betearaziko du.

i) Kudeatzen diren jarduerekin loturik dauden eta haietatik ondorioztatzen diren guztiak egitea.

8. artikulua. Partzuergoak ahalmena du bere xedeak betetzeko beharrezko diren egintza guztiak egiteko, hauek, besteak beste:

a) Toki, herrialde eta nazio mailako entitate publikoei nahiz Europako Batasunekoei dirulaguntzak eta bestelako laguntzak eskatzea eta horiek kudeatzea.

b) Udalei nahiz gainerako partzuergokideei kuoten ordainketa eskatzea.

c) Bere eskumenen esparruan entitate pribatuen laguntzak edo dirulaguntzak kudeatzea.

d) Banku eta aurrezki kutxei kredituak eta maileguak eskatzea.

e) Hitzarmenak eta obra edo zerbitzu kontratuak sinatzea, baita bere funtzionamendurako behar diren gainerako egintza guztiak ere.

f) Behar diren zerbitzuak antolatzea.

g) Langileak kontratatzea.

h) Entitatearen funtzionamendua bermatzeko behar diren inbertsioak egitea.

i) Partzuergoak beste edozein entitatetan parte hartzeko erabakitzea, komenigarritzat jotzen bada Partzuergoaren interesen administrazio zuzenerako eta helburuak hobeki betetzeko.

IV. TITULUA

Partzuergokideak

9. artikulua. Partzuergoan parte hartu ahal izanen dute 6. artikuluan zehazturiko lurralde eremuko toki administrazio publiko guztiek, baldin eta ekimenari atxiki, Estatutuak onetsi eta Partzuergoa osatzeko eskritura sinatzen badute; baita Sakanan garrantzi berezia duten eta irabazteko asmorik ez duten elkarte, erakunde, fundazio eta entitate pribatuek ere.

Udal konposatuetan honako irizpide hau jarraituko da:

a) Partzuergoan udala izanen da kontzejuen ordezkaria.

b) Udalak ez sartzeko erabakia hartuz gero, udal horretako kontzeju bakoitzak bere kabuz partzuergoan sartzeko aukera izanen du. Kasu horretan, partzuergora sartu diren kontzejuen artean proportzionalki banatuko da udal horri dagokion ordezkaritza.

Eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko du sarrera-eskaera, eta Partzuergoan sartzeko erabakiaren ziurtagiriarekin batera aurkeztu beharko da.

Lehendakariak Batzar Orokorrari igorriko dio eskaera, eta hark eskaera hartu eta lehenbiziko bilkuran erabakiko du zer egin. Sarrera eskaera egin ondoko hurrengo urtean erangikorra izango da.

Harrerari ezetz esatea erabakitzen bada ezin izanen da inolako helegiterik ezarri.

10. artikulua. Honakoetan galduko da partzuergokidetasuna:

a) Sartutakoak bere borondatez uko eginez gero. Partzuergokideek, ohiko urte baten barruan Batzar Orokorrari jakinarazi eta gero, noiznahi eskatu ahal izanen dute baja. Baja honek eskaera egin ondoko bigarren ekitaldiaren urtarrilaren batean erangikorra izango da.

b) Batzar Orokorrak Partzuergoa mantentzeko ezartzen dituen kide-sariak, aldizkakoak nahiz bereziak, ez ordaintzeagatik.

c) Partzuergokidetasuna galduta ere, aurretik izan daitezkeen eginbeharrak eta betekizunak kitatu eta bete beharko dira ezinbestean.

11. artikulua. Partzuergokideek hauetarako eskubidea dute:

a) Partzuergoaren helburua diren xedeak lortzen parte hartzeko.

b) Batzorde Betearazlean eta taldeko nahiz pertsona bakarreko beste edozein organotan parte hartuko dutenak hautatzeko edo horretarako hautatuak izateko.

c) Batzar Orokorrean parte hartzeko.

d) Interesgarria izan dakiokeen Partzuergoaren edozein alderdiren gainean argibideak eskatzeko.

e) Askatasun osoz Partzuergoa uzteko.

f) Hartutako erabakiei aurka egiteko, horretarako eskatzen diren baldintzak eta betebeharrak betez gero.

g) Zehapenik izanez gero, Batzar Orokorrak entzunak izateko.

12. artikulua. Hauek dira Partzuergokideen betekizunak:

a) Estatutuak eta Partzuergoaren gainerako agiri eta erabakiak bete eta betearaztea, legez hartu badira.

b) Batzar Orokorraren bilkuretara joatea.

c) Kargu edo izendapenen bat betetzeko hautatuak edo izendatuak izanez gero, hura onartu eta behar den artaz betetzea.

d) Onetsitako kide-sariak, aldizkakoak nahiz bereziak, ordaintzea.

V. TITULUA

Partzuergoaren funtzionamendu eta lege araubidea

13. artikulua. Partzuergoaren gobernua eta administrazioa Batzar Orokorrak, Batzorde Betearazleak eta lehendakariak izanen dute bere gain, bakoitzari dagozkien eskumenen esparruan.

14. artikulua. Partzuergoaren organo kolegiatuek egiten duten bilera bakoitzeko, idazkariak bilera agiria egin, eta bertan honako hauek adieraziko dira: parte hartzaileak, landutako gaien laburpena, bozketen emaitzak eta, hala behar izanez gero, hartutako erabakiaren aurkako banakakoen botoak, eta baita interesgarritzat jo daitekeen bestelako edozein gorabehera ere.

Erabaki baten ondorioz erantzukizunik etortzen bada, horren aurkako boto-emaleak eta arrazoibidez botorik ematen ez dutenak salbuetsirik egonen dira horietatik.

15. artikulua. Idazkari posturako honako bi baldintza hauek bete behar dira: Partzuergoko kide den udalen batean idazkari izatea eta postu horretan lan egin nahi izatea. Partzuergoak erabakiko du idazkariaren soldata zenbatekoa izango den, eta hori, ez da inoiz izango Nafarroako Administrazio Publikoko funtzionarioentzat finkaturiko A mailako soldataren %10 baino txikiagoa.

I. KAPITULUA

Batzar Orokorra

16. artikulua. Batzar Orokorra Partzuergoko gorengo organoa da eta hartan entitate partzuergokide guztiak daude ordezkaturik.

Partzuergokideek emandako botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira erabakiak, quorum handiagoa behar duten kasuak izan ezik.

Lehendakariak norbaiten agerpena eskatzen badu haren gorabehera profesionalak direla eta, pertsona horrek badu bilkuretara etortzeko eskubidea. Haietan hizpidea izanen du baina ez boto eskubiderik.

17. artikulua. Batzar Orokorraren bilkurak arruntak edo bereziak izanen dira.

18. artikulua. Lehenbiziko deialdian Batzar Orokorra indarrez eratuko da baldin eta batzarkideen erdiak gehi bat bertaratzen badira. Bigarren deialdian, berriz, modu baliozkoan eratuko da bertaratutakoak kideen herena edo gehiago badira.

Lehenbiziko deialdirako ezarri ordua baino ordu erdi geroago eginen da bigarren deialdia.

19. artikulua. Partzuergokideek, berek izendatu pertsonak izanen dituzte ordezkari Batzar Orokorrean.

20. artikulua. Urtean bitan eginen da Batzar Orokorrerako deia. Interesa izan dezaketen gainontzeko gaiez gain, honako hauek aipatuko dira gai-zerrendan: urteko kontuen nahiz aurrekontuen eztabaida, eta, hala badagokio, onespena, aurreko urteari dagozkion kontuen likidazioa eta konplimendua; eta, urteko kudeaketaren azalpena, Batzorde Betearazleak egina.

21. artikulua. Batzar Orokorrerako beste edozein dei berezitzat hartuko da.

22. artikulua. Honakoetan eginen da Batzar Orokorraren bilkura berezirako deia: lehendakariak edo Batzorde Betearazleak egoki juzkatzen dutenean, edo gutxienez partzuergokideen herenak eskatzen dutenean. Azken kasu horretan, eskaera idatziz aurkeztu beharko da, eskatzaileen sinadurek egiaztaturik egon beharko dutelarik. Eskatzaileek eztabaidagai proposaturiko arloak zehaztuko dituzte. Arlo horiek Batzar Orokorraren bilkurako gai-zerrendan sartu, eta beranduenez ere eskaera egin eta hilabete baten buruan gauzatuko da bilkura. Epe hori iragan, eta deirik izan ezean, talde eskatzaileak, berak, egin ahal izanen du Batzarrerako deia.

23. artikulua. Honako hauek dira Batzar Orokorraren eskurantzak:

a) Estatutuak, Barne Araubiderako Erregelamendua eta garrantziko bestelako agiri organikoak onetsi eta aldatzea.

b) Partzuergoaren aurrekontu arrunt nahiz berezien eta kontu orokorren onespena.

c) Berrikuntza programaren ezarpen prozesua eta eskualdearen garapenerako beste edozein estrategia bultzatzea.

d) Batzorde Betearazleak aurkezten dituen ekintzak onartzea, Partzuergoaren xedeei buruzkoak izanik urtebetez edo gehiagotan zorretan sartu behar bada.

e) Batzorde Betearazlea eta gainerako Gobernu-organoak kontrolatzea eta ikuskatzea.

f) Partzuergoa deuseztea.

g) Lehendakaria hautatu eta deuseztea

h) Lehendakariordea aukeratzea eta Batzorde Betearazleko kideak onartzea.

i) Urtean zehar eginiko lanari buruzko Memoria Informatzailea onartzea eta partzuergoko kide diren erakundeei bidaltzea.

j) Partzuergoan entitate edo elkarte berrien sarrera onestea.

Afera hauek onesteko erabateko gehiengoa behar da b), c) eta f) ataletakoak izan ezik.

24. artikulua. Lehendakariari dagokio Batzar Orokorraren bilkura arrunt nahiz berezirako deia egitea, partzuergokideen eskariz egiten den kasuetarako aurreikusitakoa deusetan ukatu gabe.

Bilkura egin baino gutxienez zazpi egun natural lehenago emanen zaie partzuergokideei horren berri. Abisuan, gutxienez ere, bilkura noiz, non eta zer ordutan eginen den adieraziko da, baita gai-zerrenda osatzen duten gaiei buruzko xehetasunak ere.

Deitik eta bilkura arteko epean, elkartearen aretoan partzuergokideen eskura egonen dira gai-zerrendan sartutako gaiei buruzko agiriak.

25. artikulua. Era berean, elkartearen helburuei dagozkien gaiak ere jorratuko dira Batzarrean, baldin eta Batzorde Betearazleak zerrendan sartzeko eskaera egin badu, edo partzuergokideen herenak Batzarraren bilkura egin baino gutxienez bost egun lehenago elkartearen aretoan aurkezten badituzte. Batzarra egin baino gutxienez bi egun lehenago jakinaraziko zaie partzuergokideei gai berri horiek sartu direla.

26. artikulua. Batzar Orokorra Partzuergoan sarturik dauden udal, elkarte, erakunde eta entitateen ordezkariek osatuko dute.

27. artikulua. Toki entitateen ordezkariak udalbatza bakoitzak osoko bilkuran hautatuko ditu bere kideen artean. Batzar Gaiordena osatzen duten gai bakoitzean Udala, bere funtzionamendu errejimen arabera, euren ordezkariaren bozka zentzua erabakiko du.

Udal-legealdiaren hasieran, udal bakoitzak aukeratuko ditu partzuergoan ordezkatuko duten hautetsiak. Horretaz gain, ordezkari bakoitzak izango dituen boto-kopurua ere erabakiko du. Aukeraturiko pertsonak edo pertsonek ordezkoak izan ditzakete, ezusteko gertaerei aurre egiteko.

28. artikulua. Elkarte, erakunde eta bestelako entitateen ordezkariak beraiek hautatuko dituzte, bakoitzak bere estatutuen ariora.

Elkarte, erakunde edo entitate bakoitzak titular eta ordezko bana hautatu ditu, azken hau edozein ezustekotan haren lana egin dezan.

29. artikulua. Patzuergoan alorkako ordezkaritza talde hauek ezarri dira:

_Toki entitateak

_Foru Komunitateko Administrazioa

_Langileen sindikatuak

_Enpresari elkarteak

_Nekazaritza erakundeak

_Kooperatiben nahiz gizarte lanetarako elkarteak

_Merkatari eta Ostalarien elkarteak

_Turismoaren Sustapenerako Entitateak.

_Partzuergoaren helburuekin bat datorren edozein entitate, Batzar Orokorrak onesten badu.

30. artikulua. Batzar Orokorrean entitate partzuergokideen ordezkariek botorako eskubidea izanen dute portzentaia honen ariora:

_Partzuergoko kide diren udalerrietako biztanleen ordezkariak direnez, eskualdeko entitateek 100etik 69 boto izango dituzte guztira. Eskualdeko entitateek honela banatuko dituzte botoak:

_Eskualde guztiarekiko, udalerriko biztanle kopuruari %75eko balioa emango zaio eta udalerriak duen azalerari %25ekoa. Kalkulu haztatu horretatik lortutako emaitzaren arabera egingo da 60 boto horien hasierako banaketa. 0,50 baino handiagoak diren kozienteak zenbaki osotzat hartuko dira, eta falta diren botoak osatzeko, 0,50 baino txikiagoak direnen artean koziente handiena dutenak hartuko dira.

_Geratzen diren 9 botoak pisu gutxien duten eskualdeko entitateen artean banatuko dira, aurretik aipaturiko metodologiaren arabera udalerriko biztanle kopurua eta azalera haztatuta.

_Partzuergoko kide diren gainerakoek 31 boto izango dituzte, eta honela banatuko dira boto horiek:

_Boto 1 Foru Administrazioaren ordezkari bati dagokio, eta Foru Administrazioak berak aukeratua izango da.

_30 boto Partzuergoko kide diren entitate sozialen artean banatuko dira, eta entitate guztiek boto-kopuru berdina izango dute. Elkarte, Erakunde edo Sindikatuetako ordezkari bakoitzak boto haztatua izango du ezarritako portzentajearen arabera.

Udal-legealdi bakoitzaren hasieran, partzuergoko kide diren eskualdeko entitateei dagokien batzordekide-kopurua ezarriko du partzuergoko Idazkaritzak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko biztanleen azken errolda oinarritzat hartuz.

31. artikulua. Batzar Orokorrean partaide izango dira, hizpidea izanik baina bozka eskubiderik gabe:

_Sakanako Mankomunitateko ordezkari bat.

_Eskaera egin eta Batzar Orokorra onartu egin dituen irabazi asmorik gabeko bestelako elkarte bakoitzagatik ordezkari bat.

II. KAPITULUA

Batzorde Betearazlea

32. artikulua. Batzorde Betearazlea Partzuergoko agintaritza, kudeaketa eta administrazio organo kolegiatua da.

Lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak eta hamaika mahaikidek osatzen dute.

_Toki entitateak ordezkatzen dituzten sei mahaikide. Ordezkaritzak honela banatuko dira:

_Bi mahaikide, 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak ordezkatuko dituztenak.

_Mahaikide bat, 1.000 eta 2.000 biztanleen arteko udalerriak ordezkatuko dituena.

_Mahaikide bat, 2.000 eta 5.000 biztanleen arteko udalerriak ordezkatuko dituena.

_Bi mahaikide, 5.000 biztanle baino handiagoak diren udalerriak ordezkatuko dituztenak.

_Sektoreetako ordezkaritza duten bost mahaikide, honela banatuta:

_Langileen sindikatuetako ordezkari bat.

_Enpresarien eta Gizarte-Laneko elkarteetako ordezkari bat.

_Merkatarien eta Ostalarien elkarteetako ordezkari bat.

_Turismo elkarteetako ordezkari bat.

_Sektoreetako ordezkari bat.

Batzorde Betearazleko kide bat aukeratuko da diruzain kargurako. Diruzaina ezin da udal-entitate batekoa izan. Bilkuretara joan ahalko du eta haietan hizpidea bai baina ez du boto eskubiderik izanen.

Banakako gaien gainean aholkularitza eta argibideak emateko joan daiteke jendea Batzorde Betearazlearen bilkuretara, lehendakariak eskatzen badie. Haietan hizpidea bai baina boto eskubiderik ez dutela parte hartuko dute.

33. artikulua. Batzorde Betearazlerako, entitate partzuergokideen ordezkariak lau urterako hautatuko dira. Hauteskundeak egiten direnean berrituko dira toki entitateen ordezkariak eta gainerakoak, berriz, horiek egin eta bi urteetara.

34. artikulua. Batzorde Betearazlearen eskumenak dira Partzuergoaren kudeaketa, gobernua, administrazioa eta ordezkaritza egiteari dagozkionak eta bereziki hauek:

a) Batzar Orokorrak harturiko erabakiak betearaztea.

b) Partzuergoaren xedeak erdiesteko eta, orokorrean, horrek behar bezala funtzionatzeko behar diren neurriak hartzea.

c) Urteko txosten ekonomikoa, aurrekontua, memoria eta jarduera plana eta komenigarri juzkatzen dituen txosten guztiak prestatzea, Batzar Orokorrari aurkezteko.

d) Estatutuko eta elkartearen gainerako agirietako aginduen edukia aplikatzea.

e) Kide-sari aldizkako nahiz berezien zenbatekoa eta ordaintzeko modua proposatzea.

f) Estatutuen aldaketa proposatzea eta elkartearen bestelako araudia, nahitaez bete beharrekoa, prestatzea.

g) Partzuergoaren estatutuei eta agiriei jarraikiz, kideen onarpenari, zehapenari eta botatzeari dagozkionak Batzar Orokorrari jakinaraztea, honek horren gainean ebazpena eman dezan.

h) Lehendakariak uko eginez gero, Batzar Orokorrerako deia egitea.

i) Zorrak eta obligazioak onartzea eta, Batzar Orokorraren erabakien ondorioz, elkartearen helburuak betetzeko beharrezkoak diren agiri publiko nahiz pribatuak ematea erabakitzea.

j) Egoki juzgatzen dituen lan batzordeak eta haiek jarduteko araudia sortzea.

k) Erakunde publiko eta pribatuen dirulaguntzak, kredituak eta abalak eskatzea.

l) Herrikoak ez diren erakunde elkartuak dagokien sektoreko ordezkaritza-taldeari atxikitzea.

ll) Eskualdearekiko lotura duten pertsona ospetsuei iritzia eskatzea, unean uneko gaiei buruz.

m) Partzuergoaren martxa onerako eta haren helburua kontuan hartuta, legeek, estatutuek eta gizarte-agiriek ematen dituzten gainerako zereginak, baldin eta beste organo sozialen bati ez badagokio.

35. artikulua. Lehendakariaren esku dago Batzorde Betearazleko bilkuretarako deia egitea. Batzordekideei gutxienez ere hiru egun lehenago jakinaraziko zaie deia, premiazko kasuetan izan ezik.

Jakinarazpena idatziz eginen da eta bertan, gutxienez, bilkuraren tokia, ordua eta eguna adieraziko dira, baita gai-zerrenda osatzen duten gaiak ere.

36. artikulua. Batzorde Betearazleko gutxienez herenak gairen bati buruz jarduteko bilkura egitea idatziz eskatzen dutenean, lehendakariaren eginkizuna da horretarako deia zabaltzea, eskaera egin eta zortzi eguneko epean.

Lehendakariak deia eginen ez balu, eskaera horren sinatzaileek batzordekide guztiak deituko lituzkete bilkurara, hori egiteko beharrezko baldintzak betez.

37. artikulua. Lehenbiziko deialdian, Batzorde Betearazlearen bilkura indarrez eratuko da, kide gehienak bertaratzen badira. Bigarren deialdian, lehendakaria eta batzordekideen herenak bertaratuz gero.

Bertaraturiko gehiengoaren bidez hartuko dira erabakiak.

III. KAPITULUA

Lehendakaria

38. artikulua. Lehendakaria Partzuergoko organo betearazlea da, Batzar Orokorraren nahiz Batzorde Betearazlearen bilkuretarako deia egiten du eta bertan bera da buru, eta horien erabakiak betearazten ditu.

39. artikulua. Lehendakariari ondoko ahalmenak dagozkio:

a) Batzar Orokorraren nahiz Batzorde Betearazlearen bilkuretarako deia egitea eta bertan buru egitea, ezatabaidak zuzentzea eta bilkurak amaitutzat uztea.

b) Modu baliozkoan erabakitako ordainketak agintzea.

c) Partzuergoa ordezkatzeko eginkizunak izatea.

d) Legeriak, elkarteko organoek eta Estatutuek ematen dizkioten gainerako eginkizunak.

40. artikulua. Lehendakaria bertan ez bada, huts egiten badu edo eri badago, lehendakariordeak ordezkatuko du.

41. artikulua. Lehendakariak bere kargua utziko du baldin eta:

a) Agintaldia betetzen badu.

b) Gorputzez edo adimenez gai ez bada.

c) Bere karguarekin bateraezinak diren jarduerei ekiten badie.

d) Kargua betetzean legea hausteagatik zigor-epai baten bidez kondenatua bada.

e) Bere kargua uzten badu.

f) Hiltzen bada.

g) Dagokion zentsura-mozioaren ondoren Batzar Nagusiaren gehiengo osoak hartutako indargabetzeko erabakia; zentsura-mozioan beste hautagai bat proposatuko da.

IV. KAPITULUA

Batzorde Betearazleko beste kide batzuk

42. artikulua. Lehendakaria bertan ez bada edo eri badago, lehendakariordeak ordezkatuko du. Hura izanen da jarduneko lehendakaria lehendakaritza hutsik badago.

43. artikulua. Diruzainaren eginkizunak hauek dira: a) Partzuergoko diruak bildu eta gordetzea, b) kontabilitatea zuzentzea, c) Elkarteko dirusarreren kontuhartzailetza egitea, d) Lehendakariak ematen dituen ordain aginduak betearaztea, e) Jite ekonomikoko eragiketa guztien kontu-hartzailetza egitea, f) memoria, aurrekontua eta balantzea aitzinaraztea, Batzorde Betearazleari eta Batzar Orokorrari aurkezteko.

IV. KAPITULUA

Lan Batzordeak

44. artikulua. Lan Batzordeak laneko taldeak dira. Beraiei dagokie estrategiak prestatzea eta garapen proposamenak egitea dagozkien alorretan. Honako hauek osatuko dituzte Lan Batzordeak: lantzen ari diren gaietan adituak diren pertsonak, Batzorde Betearazleko eta Batzorde Orokorreko kide bana. Jarduteko, Batzorde bakoitzak bere burua, idazkaria eta gainerako kideak izanen ditu, bete behar dituzten eginkizunak burutzeko izendatuak. Batzordeak eratzeko erabakian zehaztuko dira haien eginkizunak.

VI. TITULUA

Araubide ekonomikoa

45. artikulua. Ondoko dirusarreren bidez hornituko dira Partzuergoaren aurrekontuak:

1._Partzuergoko Udalen eta bestelako elkarte edo entitateen ekarpenak.

2._Administrazio publikoetatik eskuratzen diren dirulaguntzak.

3._Bestelako erakunde publiko nahiz pribatuetatik eskuratzen diren dirulaguntzak.

4._Partzuergoari egozten ahal zaizkion gainerako baliabide guztiak.

46. artikulua. Partzuergokoak diren udal entitateek Partzuergoko gastuetan hartuko dute parte, zeinek bere biztanlearen arabera. Kuota hori kalkulatzeko, gastuak banatu egingo dira: %75 toki-entitatearen biztanleen arabera ordainduko dira eta %25 udal-entitateen artean bakoitzak duen ordezkaritzaren arabera.

Partzuergoko gainerako erakundeek gutxieneko kuota finko bat ordainduko dute, guztiek berdina. Batzar Nagusiak erabakiko du urteko zenbatekoa, baina hasieran, 300 eurokoa izango da.

47. artikulua. Aurrekontua urtero prestatuko da; haren aurkezpena Batzorde Beterazleari dagokio eta onespena, atzera botatzea edo zuzentzea, berriz, Batzar Orokorrari.

48. Partzuergoak bere xedeak betetzeko erabiliko ditu baliabideak, Estatutuetan ezarritakoaren arabera.

49. artikulua. Batzorde Betearazleak aldaketak egin ahalko ditu aurrekontuan, hau da, gastuko kontusail berriak sortu edo aurreikusitakoetan gehikuntzak egin beste kontusail batzuk gutxituta edo haiei zuzenean lotutako dirusarrerako kontusail berriak sortuta; orobat, gastuen kontusail berriak edo aurreikusitakoen gehikuntzak onesten ahal dira aurreikusitako sarreren gehikuntzen kargura; hori guztia aurrekontua betearazteko oinarriek edo unean uenko legeriak ezarritako kopuruan eta prozedura bitartez.

VII. TITULUA

Agirien araubidea

50. artikulua. Partzuergoaren agiri sistema honako liburuok osatzen dute:

_Partzuergokideen erregistro-liburua: hartan izena, erregistro-zenbakia, helbidea eta zein alorretako ordezkaritza-talderi dagokion adieraziko dira.

_Bilkura-agirien liburua: hartan Batzar Orokorraren edo Batzorde Betearazlearen bilkuren agiriak idatziko dira. Agiriak Partzuergoko idazkariak sinatuko ditu eta lehendakariaren oniritzia eramanen dute.

_Kontabilitate-liburuak.

_Inbentarioa: hartan Partzuergoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak agertuko dira.

_Indarrean dagoen araudia betetzeko partzuergoaren nortasun juridikoa dutenentzat beharrezkoak diren liburuak.

VIII. TITULUA

Deuseztapena

51. artikulua. Partzuergoa desegiten ahalko da horretarako espresuki deitutako Batzar Orokorrak horrela erabakitzen badu.

Desegiteko, une horretan bertan diren partzuergokideen bi herenen aldeko botoa beharko da.

Deseginez gero, Batzorde Betearazlea Batzorde Likidatzaile bilakatuko da, eta berak erabakiko du Partzuergoko ondasun, zerbitzu eta eskubideei zer xede eman behar zaien. Orobat, derrigorrezko bilketari ekinen dio une horretan zor zaizkion diruak kobratzeko.

Soberakinik izanez gero, partzuergoko kide diren eskualdeko entitateen artean banatuko da, biztanle kopuruaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L0709396