78. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1739/2007 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, ekonomia sozialeko enpresetan enpresen oinordekotzarako laguntzetarako deialdia onesten duena.

Azken urte hauetan, ekonomia sozialeko enpresetan oso arazo larriak atzematen ari dira, gero eta bazkide gutxiago sartzen baitira. Horrek enpresen iraupena arriskuan jartzen ahal du. Eten gabe, bazkideak ateratzen dira, arrazoi batzuengatik, hala nola, erretiroa hartzeagatik.

Kasu horietan guztietan, ekonomia sozialaren filosofiaren arabera, berezko konponbide egokia da beste pertsona batzuek, direla enpresetako behin-behineko langileak edo finkoak edo beste batzuetakoak, doazenen akzio edo partaidetzak eskuratzea edo kooperatibako bazkide edo langile-bazkide bihurtzea, enpresaren iraupena bermatzearren.

Hala ere, enpresa horietan ateratzeak gertatzen direnean, akzioak edo partaidetzak eskura litzaketenek edo kooperatibako bazkide bihur litezkenek zailtasunak izaten dituzte hori egin ahal izateko. Hona hemen zergatikoak:

_Erosketa burutu ahal izateko diru gutxi edukitzea.

_Enpresako kulturarik eza, aukera hori behar adina baloratzen ez baita.

_Zorpetzearen muga handiak, askotan kreditu hipotekarioak pagatzen ari baitira.

_Ongi dabiltzan enpresetan, akzioak edo partaidetzak garestiak dira.

_Dudak eta kezkak langile-bazkidea izateari buruz.

_Langabeziaren kapitalizaziorako sostengua, bakarrik kontratatuen bukaerarako eta langileak kaleratzeko daudenak, oso gutxitan beraz, kasu batzuetan aski ez diren diru kopuruekin.

Zailtasun horiei aurre egiten saiatzeko, Nafarroako Lan Enpresen Elkarteak ekintza batzuk proposatu ditu:

_Enpresetako bazkideek estatutuetatik kanpoko itunak sinatzea, geroan partaidetzak zentzuzko prezioetan sal-erosteko konpromisoa hartzen dutenak.

_Bazkideak erretiratzeko azterlanak.

_Bazkide berrien prestakuntza sozio-enpresariala.

_Nafarroako Kutxarekin berariazko mailegua sinatzea, "can-erreleboa" kontzepturako, geroko bazkideendako nahiko onuragarriak diren baldintzetan.

Hala ere, bazkide berriak sartzeko zailtasunak ezin izan dira arindu. Deialdi honetan aipatzen diren laguntzen bidez aipatu diren ekinbideak osatu nahi dira, lan sozietate edo lan elkartuko kooperatiba bateko langile-bazkide bihurtzen ahal diren pertsonei erraztasunak ematen, lan enpresaren iraupena bermatzeko.

Ekonomia sozialaren sustapenaren onura publikoa eta laguntza mota honetako eskabideak hautatzeko baremo baztertzaile bat ezartzeko zailtasunak kontuan hartuz, laguntzak hainbanatuko dira.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuek, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoek, beren 10. artikuluan emandako eskurantzez baliatuz,

Ebatzi dut:

1. Ekonomia sozialeko enpresetan enpresen oinordekotzarako laguntzetarako deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2007rako gastu aurrekontuko "Enpresen oinordekotzarako laguntzak ekonomia sozialeko enpresetan" izeneko 881001-84100-7709-241202 kontusailetik. Hurrengo urteetan, kasuan kasuko kontusailetik finantzatuko da.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko ekainaren 4an._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Susana Labiano Bastero.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

1._Xedea

Deialdi honen xedea ekonomia sozialeko enpresetan enpresen oinordekotzarako laguntzak arautzea da.

Dirulaguntza eskatzeak deialdi hau arautzen duten arauak onartzea dakar berarekin.

2._Zenbatekoa

Laguntza hau lan sozietateetan eta lan elkartuko kooperatibetan langile-bazkide bihurtzen diren pertsona fisikoendako da, gutxienez ere urtebete egin badute jardunean, enpresa Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan inskribatu zenetik hasita. Enpresa horiek helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute. Laguntzaren zenbatekoa:

_Sartzen direneko enpresa ekonomia sozialeko enpresen elkarte bateko kide bada: langile-bazkide bihurtzeko behar den diruaren %37,5, gehienez ere 6.000 euro.

_Sartzen direneko enpresa ekonomia sozialeko enpresen elkarte bateko kide ez bada: langile-bazkide bihurtzeko behar den diruaren %25, gehienez ere 4.000 euro.

Eskatzaileak langabezia-prestazioa langile-bazkide bihurtzeko behar den diru-ekarpena finantzatzeko ordainketa bakarreko modalitatean kapitalizatu badu, zenbateko kapitalizatua ez da kontuan hartuko laguntza hau kalkulatzeko.

Ekartzen den zenbatekoak gutxienez ere 3.000 eurokoa izan beharko du. Langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean kapitalizatuz gero, enpresaren diru-ekarpenaren eta zenbateko kapitalizatuaren arteko aldeak gutxienez ere 3.000 eurokoa izan beharko du.

Betiere, laguntzak "de minimis" araubidean emanen dira. Dirulaguntzak emateko ebazpenean espresuki adierazi beharko da Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 EE Erregelamenduaren babesean, EE Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari dagokionez egiten dela.

3._Betebeharrak

Laguntza eskatzen dutenek aurreko urteko urriaren 1etik eta kasuan kasuko urteko irailaren 30era bitarte sartu beharko dute langile-bazkide gisa. Salbuespen gisa, 2007an bakarrik 2007ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitarte sarturikoak finantzatzen ahalko dira.

Oro har, onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

b) Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak pagatuak izatea.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehatua ez izatea, horrek berarekin baitakar dirulaguntzak jasotzeko aukera galtzea.

d) Bazkide bihurtu baino lehenagoko bi urteetan enpresan bazkide izan ez izana.

4._Betebeharrak frogatzea.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Enpresan sartzen den langile-bazkide edo laneko bazkidearen nortasun agiri nazionala.

b) Bidezko denean, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak beteak dituela frogatzen duen agiria.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. ataletako debeku egoera batean ez dagoela frogatzen duen agiria, artikulu horren 7. atalean xedatutakoaren arabera egina.

d) Langile-bazkidea bihurtu baino lehenagoko bi urteetan sozietateko bazkide ez dela izan frogatzen duen agiria.

e) Langile-bazkide bihurtu dela bazkideen liburuetako orrialdeen eta sozietatearen kapitalerako diru-ekarpenen kopiak, non adieraziko baita bazkidea kooperatiban sartu dela, edo eskritura publikoa edo agiri baliokidea, bazkide berria lan sozietatean sartu dela frogatzen duena.

f) Langabezia-prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean pagatzeko ebazpena, ekonomia sozialeko enpresa batean bazkide sartzeko behar den diru-ekarpena burutzeko eman bazaio.

5._Eskaerak aurkezteko epea

Eskabideen eredu ofizialak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskuratzen ahalko dira. Nafarroako enpleguaren atarian ere eskuratzen ahalko dira, Interneten bidez.

Aurreko lerroaldeko eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroetatik edozeinetan aurkezten ahalko dira, edo bestela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitako erregistroetan.

Eskaerak aurkezteko epea kasuan kasuko urtarrilaren 1ean hasi eta irailaren 30ean bukatuko da.

6._Irizpide objektiboak.

Lehia garbiaren bidez erabakiko da eskaeren gainean. Laguntza honen bidez iraupena sustatu nahi zaien ekonomia sozialeko enpresen onura publikoa dela eta, ez da posible irizpide baztertzailerik ezartzea eskaerak hautatzeko. Beraz, eman beharreko laguntzen zenbatekoak deialdi honetan ezartzen den diru eskuragarria gainditzen badu, zenbateko hori hainbanaketaren bidez kalkulatuko da berriro.

7.-Eskaeren gainean ebazteko organo eskuduna.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Laguntzen Atala izanen da instrukzio organoa aurkezten diren espedienteetarako.

Aurkeztutako eskaeren gaineko ebazpena Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritzari dagokio. Edonola ere, dirulaguntzak jasotzeko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak bete beharko dira nahitaez.

Ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturiko deialdian ezartzen den epea bukatzen denetik hasita. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahalko da. Ezespen espres edo ustezkoaren kontra bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria.

Prozeduraren gaineko ebazpena administrazio prozedurari buruzko legerian ezarritako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.

8._Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunaren betebeharrak izanen dira, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Laguntza edo dirulaguntza emateko arrazoitzat jo den jarduketa egitea.

b) Jarduketa burutu dutela frogatzea eta dirulaguntza ematean eta horren gainean ebaztean ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzen direla ere bai.

c) Dirulaguntza emateko momentuan kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, horren berri ematea, bai eta onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan gertatutakoena ere.

d) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.

e) Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egin beharreko egiaztapenak eta arloan eskumena duten organoei dagozkien kontrol finantzarioko jarduketak onartzea.

f) Onuradunak bere gain hartuko du enpresan gutxienez ere hiru urte langile-bazkide gisa egoteko konpromisoa, halako bihurtzeko diru-ekarpenari eutsiz, edo kobraturiko dirua eta berandutza interesak (ez betetzea geratu zenez geroztik) itzultzeko eta halaxe jakinarazi beharko dio Nafarroako Eplegu Zerbitzuari, hilabeteko epean.

9._Justifikatzeko epea eta modua.

Dirulaguntza kobratu baino lehen, onuradunak frogatu beharko du dirulaguntzaren oinarri izan den jarduketa burutu duela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2006 Foru Legeko 27. artikulan eta laguntza emateko ebazpenean xedaturikoa kontuan hartuz, betiere ekitaldi bakoitzeko azaroaren 15a baino lehen.

Dirulaguntzen xede diren diru-ekarpenak onuradunek egiazki pagaturiko zenbatekoekin bat etorriko dira eta bazkideen liburuen orrialdeen sozietatearen kapitalerako diru-ekarpenen jatorrizkoak eta kopiak aurkeztuz frogatuko dira, non adieraziko baita bazkidea kooperatiban sartu dela, edo eskritura publikoa edo agiri baliokidea, bazkide berria lan sozietatean sartu dela.

10.-Dirulaguntza ordaintzeko modua

Dirulaguntza onuradunak arau hauetako 9. puntuan xedaturikoa bete ondoren pagatuko da.

Deialdi honetan aurreiskusten diren dirulaguntzak 2007rako gastu aurrekontuko "Enpresen oinordekotzarako laguntzak ekonomia sozialeko enpresetan" izeneko 881001--84100--7709--241202 kontusailetik pagatuko dira. Hurrengo urteetan, kasuan kasuko kontusailetik finantzatuko dira.

11._Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren bestelako laguntza edo dirulaguntzekin. Ordainketa bakarreko modalitateko langabezia-prestazioaren kapitalazioa baterezintasun horretatik kanpo dago.

12._Dirulaguntza emateko ebazpenaren aldaketa

Dirulaguntza emateko momentuan kontuan hartutako inguruabar eta baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, bai eta onuradunak bere gain hartutako konpromiso eta betebeharretan gertatutakoena ere, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

Hartutako dirua, guztia edo parte bat, itzuli beharko da eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa-egunera bitarteko denborari dagokion berandutza interesa ordaindu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan.

Dirua itzultzeko prozedurak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluan ezarritakoari jarraituko dio.

13._Ez-betetzeak mailatzeko irizpideak

Deialdi honetan eta/edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarririko eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean kobratu beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio.

14._Errekurtsoak

Deialdiaren eta haren arauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari igorria, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

15._Publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak webgunean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Iragarkiaren kodea: F0709305