78. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

49/2007 FORU DEKRETUA, ekainaren 11koa, Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilua osatzen duena.

Nafarroak gizarte laguntzaren arloan dituen eskumenak erabiliz, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea onetsi zen. Bertan, Nafarroako Foru Komunitatean gizarte zerbitzuak behar dituzten pertsona guztiei, bereziki, talderik ahulenei, laguntza emateko esparruaren arautegi berria ezartzen da.

Foru lege honek, besteak beste, arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publiko guztien arteko koordinazioaren eta lankidetzaren alde apustu garbi bat egiten du. Foru legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen artean behar den lankidetza lortzearren, tresna gisa, Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluaren sorrera aurreikusi du. Horren helburua gizarte zerbitzuetarako politika publikoen koordinazioa sustatu eta behar den dezentralizazioa bultzatzea da, zerbitzu horiek eskuratzeko erraztasunak eman beharrez.

Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilua foru legeko 45. artikuluan arautzen da. Hor berean ezartzen da organo paritario bat izanen dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta toki entitateek osatua, eta haren eginkizunak zehazten.

Horiek horrela, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko ekainaren 11ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilua osatu eta arautzea da.

2. artikulua. Izaera eta atxikipena.

Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Nafarroako toki entitateetako administrazioen arteko lankidetzarako organo iraunkor bat da, gizarte zerbitzuen arloan. Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuari atxikiko zaio.

3. artikulua. Eginkizunak.

Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako gizarte zerbitzuen plan estrategikoari buruz txostenak egitea.

b) Orotariko plan sektorialei eta herrietakoei buruz txostenak egitea.

c) Nafarroako Gobernuari proposatzea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren titulartasunekoak diren zerbitzuak toki entitateei eskualdatzea; proposamenean, eskualdatu beharreko baliabide finantzario eta materialen eta langileen balorazioa jaso beharko da. Kontseiluak arlo horretan toki entitate zehatz bati dagokionez hartutako erabakiek nahitaez beharko dute toki entitate horren aldez aurretiko adostasuna.

d) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren gizarte zerbitzuen zorroa begiratu eta aldatzeko batzordera eta gizarte zerbitzuen eskumena duen departamentura gizarte zerbitzuen zorroa koordinatzeko proposamenak igortzea, orotariko esparruko gizarte zerbitzuen zorroaren eta herrietako gizarte zerbitzuen zorroen artean.

e) Herrietako gizarte zerbitzuen plan estrategikoei buruz txostenak ematea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta toki entitateak batera ukitzen dituzten gizarte ekintza eta esku-hartzeko plan, jarduketa eta protokoloak proposatzea.

g) Legezko edo erregelamenduzko mailako arau baten bidez esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

4. artikulua. Osaera.

1. Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluak lehendakari bat, lehendakariorde bat, idazkari bat eta mahaikide batzuk izanen ditu. Mahaikide kopurua artikulu honetako 4. puntuan ezartzen diren irizpideen arabera aldatuko da, baina betiere Kontseiluan Nafarroako toki entitateek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bezainbat kide izanen dituzte.

2. Kontseiluko burua izanen da gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuko titularra.

3. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari dena izanen da lehendariordea.

4. Hauek izanen dira Administrazio arteko Kontseiluko kideak:

a) Ekonomia arloan eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horretako titularrak izendatua.

b) Toki Administrazioaren arloan eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horretako titularrak izendatua.

c) Funtzio Publikoaren arloan eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, departamentu horretako titularrak izendatua.

d) 20.000 bizilagunetik gora dituzten toki entitateen ordezkari bana, kasuan kasuko toki entitateak izendatua.

e) 20.000 bizilagunetik gorako toki entitateek bezainbat ordezkari izanen dituzte 20.000 bizilagunetik beherako toki entitateek, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuak.

f) Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren ordezkariak, paritariotasunari eusteko behar direnak, departamentu horretako titularrak izendatuak.

5. Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren ordezkarietako bat arituko da idazkari lanetan.

6. Lehendakariak eta lehendakariordeak aztertu beharreko gaietako aholkulariak gonbidatzen ahalko dituzte. Aditu horiek hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

5. artikulua. Kontseiluko kideen agintaldia.

1. Kontseiluko lehendakaria eta lehendakaria izendatu zireneko kargua duteino izanen dira lehendakari eta lehendakariorde.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta 20.000 bizilagunetik beherako toki entitateen ordezkariak izendatu zituztenek ordezten ez dituzteino izanen dira ordezkari.

3. 20.000 bizilagunetik gorako toki entitateen ordezkariak herria 20.000 bizilagunetik beherakoa ez deino eta izendatu zituztenek ordezten ez dituzteino izanen dira ordezkari.

6. artikulua. Ordezkoak.

Kontseiluko kide guztiek ordezko bana izanen dute, titularrak ez daudenerako.

7. artikulua. Antolaketa eta funtzionamendua.

1. Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilua urtean behin bilduko da, ohiko bilkuran. Lehendakariak dei eginik edo lehendakariordeak eskaturik eginen dira bilkura bereziak.

2. Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluaren antolaketa eta bertako kideen estatutua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean organo kolegiatuetarako ezarririkoak izanen dira.

3. Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseilua barne araubiderako erregelamendu bat prestatu eta onetsiko du, barne funtzionamendua arautu eta garatzeko.

8. artikulua. Kalte-ordainak.

Bilkuretara joateko bizilekutik kanpora joan behar duten Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluko kideei kalte-ordain bat emanen zaie, hain zuzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario publikoentzat horretarako ezarrita dagoen berbera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Kredituak gaitzea.

Gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluak jarduteko behar diren kredituak gaituko ditu, aurrekontuetarako kasuan kasuko aurreproiektuaren bidez.

Bigarrena._Ordezkaritza orekatua.

Kontseiluko kideak izendatzerakoan, ahal den ber, ahaleginak eginen dira emakumezko bezainbat gizonezko izan daitezen.

Hirugarrena._Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluaren osaeraren aldaketa.

4. artikuluan xedaturikoa betetzeko, Gizarte Zerbitzuen Arloko Administrazio arteko Kontseiluaren osaera aldatu behar baldin bada, aldaketa hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ofizialtzat jo eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu diren populazio zifrak argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean gertatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Arauetarako gaitasuna.

Baimena ematen zaio Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko urtarrilaren 11n._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0709780