74. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

550/2007 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, eskolaldi malgua Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako lau ikastetxe publikotan modu esperimentalean ezartzeko prozedura arautzen duena, 2007-2008 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 120. artikuluan xedatzen du ikastetxeek, beren autonomiaz baliaturik, eskolaldia antolatu edo ezartzeko saio, lan plan eta moduak onartzen ahal dituztela, hezkuntza administrazioek ezartzen dituzten baldintzekin.

Hori horrela, 2007ko martxoaren 28an Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko itun berria izenpetu zen. Itun horrek aitortzen duenez, ikastetxeek antolatu eta jarduteko autonomia eduki behar dute beren baliabideak eraginkortasunez eta eragimenez kudeatzeko.

Itun horretan erabaki zen 2007-2008 ikasturterako arautegi bat prestatuko zela Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei, pedagogia eta antolaketa aldetik duten autonomiaz baliaturik, eskolaldi malgua ezartzeko bide emanen ziena, ikasleak goizez eta arratsaldez (zerbitzu osagarrietan eta eskolatik kanpoko jardueretan) hartzeko proiektuarekin bat. Proiektu hori gurasoen gehiengoaz onetsi beharko da, Eskola Kontseilua ados dagoela. Gehiengo hori berariazko bozketan adieraziko da.

Halaber, itun horretan zehazten da eskolaldi hori etorkizunean ahalik eta hobekien ezarri ahal izateko, 2007-2008 ikasturterako lau ikastetxek burutuko dutela modu esperimentalean, kasuan kasuko Eskola Kontseiluak proposaturik eta gurasoek onetsirik, ikastetxeek aurkezten dituzten proiektuak Jarraipen Batzordeak ebaluatu ondoren.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariaren adostasun txostena ikusirik, bidezko da eskolaldi malgua Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako lau ikastetxe publikotan modu esperimentalean ezartzeko prozedurari buruzko arauak onestea, 2007-2008 ikasturterako.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena._Eskolaldi malgua Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako lau ikastetxe publikotan modu esperimentalean ezartzeko prozedurari buruzko arauak onestea, 2007-2008 ikasturterako, garapen honekin bat:

I._Eskolaldia:

1. Ebazpen honetan aipatzen diren eskolaldi motak honako hauek dira: eskolaldi etengabea, non ikastaldia goizez baita, eta eskolaldi mistoa, non ikastaldia goizez eta ikastetxeak zehazten dituen arratsaldeetan baita, asteazkenetan izan ezik.

2. Eskolaldi etengabea edo mistoa hautatzeko, lehentasunez, ikasleen interes eta beharrak eta haien ezaugarri psikopedagogikoak hartuko dira kontuan.

3. Eskolaldi etengabeko eta mistoko ikasleen ikastaldia 25 ordukoa izanen da gutxienez, jolastaldiak barne. Beraz, iraileko eta ekaineko eskolaldiak gutxituz gero, ikarturteko beste hilabeteetan orekatu beharko dira.

4. Iraileko eta ekaineko eskola egunetan eta ikasturteko asteazken guztietan 30 minutuko jolastaldi bakar bat izanen da. Beste eskola egunetan, jolastaldiek gehienez ere 40 minutu iraunen dute.

5. Arratsalde eskolagabeetan, asteazkenekoetan izan ezik, eskolatik kanpoko jarduerak antolatuko dira, ikastetxeak nahitaez eskaini beharrekoak, eta ikasleendako aukerakoak izanen direnak. Denbora horretan, ikastetxeko zuzendaritzak bermatu beharko du ikastetxeko irakasleren bat bertan dagoela, haren arduraduna izanen baita.

6. Eskolatik kanpoko jardueren antolamendua hezkuntza proiektuaren arabera planifikatu eta koordinatu beharko da. Horietan, irakasleek, gurasoek, erakundeek, udalek eta kultura eta kirol entitateek hartzen ahalko dute parte.

7. Ikasle garraioko eta jantokiko zerbitzuen jarraipena bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekiko begiruneagatik.

II._Prozedura.

1. Ikastetxeko Eskola Kontseiluak kide guztien bi hereneko gehiengoaz eman beharko dio baimena ikastetxeko zuzendaritza taldeari eskolaldia aldatzeko prozedurari ekin diezaion.

2. Onesten den egunetik aurrera, zuzendaritza taldeak 14 egun naturaleko epean eskolaldia aldatzeko proiektua prestatuko du.

3. Proiektuak gutxienez kontu hauek bilduko ditu:

a) Ordutegiaren aldaketaren azalpena.

b) Ikastetxeko orotariko ordutegia.

c) Ikasleen eskola ordutegia.

d) Ikastetxeko hezkuntza mailak.

e) Eskolaldi malguak jantoki zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina.

f) Ikasle garraioko zerbitzua duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleak sartu eta ateratzen diren orduetan.

g) Irakasleen eskolaldiaren banaketa, arratsaldeko eskolatik kanpoko jardueren antolamenduan haien parte-hartzea zehaztuz.

h) Arratsaldeko eskolatik kanpoko jardueren proiektua, gutxienez ere, kontu hauek bilduko dituena:

_Jardueren ordutegia.

_Entitate eta erakunde laguntzaileak eta haien parte-hartzearen nondik norakoak.

_Finantzaketa.

_Jarduerak baztergarriak ez direla bermatzeko prozedura.

j) Jarraipen eta ebaluaziorako irizpideak eta eskolaldi mota hobetzeko proposamena.

4. Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak, zuzendaritza taldeagandik proiektuaren kopia hartu ondoren, txosten bat prestatuko du, non baloratuko baitu aurkezturiko proposamena ebazpen honetan xedaturikoarekin bat datorren eta behar diren aldaketak proposatuko.

5. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak oniritzirik, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua jakinaraziko die ukituriko hezkuntza komunitateko sektore guztiei.

6. Ikastetxeko irakasle guztien bi hereneko gehiengoak, klaustro berezira dei eginik, onetsi beharko du eskolaldia aldatzeko proiektua. Bozketaren akta eginen da, I. eranskineko ereduaren arabera. Akta ikastetxean paratuko da, ikusgai.

7. Proiektu horrek aurreko puntuan ezarririko betebeharra betetzen badu, gurasoei eta legezko ordezkariei eskola aldatzeko proiektuaz galdetuko zaie, ondoren xedatzen denarekin bat:

a) Boto-emaileen errolda zuzendaritza taldeak prestatuko du eta ebazpen honek ukituriko edozein ikasturtetan matrikulaturiko ikasleen guraso eta legezko ordezkari guztiek osatuko dute, Lehen Hezkuntzako azken ikasmailan daudenak izan ezik.

b) Bozkatzeko eskubidea ikasleen aitari, amari eta, hala bada, legezko ordezkariei dagokie, banan-banan.

c) Ikastetxean bozketa mahai bat osatuko da. Mahaiak mahaiburu bat izanen du, ikastetxeko zuzendaria izanen dena, idazkari bat, klaustroko irakaslerik gazteena izanen dena, eta mahaikide bat, Eskola Kontseiluan gurasoen sektorea ordezkatuko duena. Sektore horretatik boluntariorik ez balego mahaikide izateko, zozketaz hautatuko litzateke ordezkaria. Halaber, bi boluntario edo gehiago baleude, zozketa bat eginen litzateke.

d) Bozketa egun bakar batean eginen da, errolda osatzen duten guztiei bozkatzeko eskubidea erraztuko dien ordutegi batean.

e) Boza zuzenekoa da, isilpekoa eta inork ezin dio beste inori utzi.

f) Bozkatzeko eguna argitaratu eta interesa duten familia guztiei jakinaraziko zaie, egokien irizten zaion baliabidearen bidez.

g) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, II. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da, ikusgai.

h) Proiektua onets dadin, erroldako %75ek hartu beharko du parte eta partaide guztien bozen bi herenek baiezkoak izan beharko dute.

i) Hona hemen erantzun beharreko galdera:

_Ikastetxea

Eskolaldia aldatzeko zuzendaritza taldeak proposatu duen proiektuarekin ados zaude?

BAI f

EZ f

8. Proiektu horrek II.6 eta II.7 arauetan ezartzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskaeraren prozesua bukatutzat emanen da.

9. Proiektuak I.6 eta II.7 arauetan xedatzen dena betetzen badu, ikastetxeko Eskola Kontseiluak, bilkura berezi batean, eskolaldia aldatzeko proiektua bozkaraziko du. Proiektua onetsiko da organo kolegiatu horretako kideen bi herenen bozak aldekoak badira. Bozketaren akta eginen da, III. eranskineko ereduaren arabera. Akta ikastetxean paratuko da, ikusgai.

III._Onespena.

1. Ikastetxeko zuzendariak, betebeharrak egiazturik, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari igorriko dion eskaera baten bidez, eskatuko da eskolaldia alda dadila. Eskaerarekin batera honako dokumentazioa aurkeztuko da:

_Eskolaldia aldatzeko proiektua.

_Irakasleen klaustroaren bilkurako akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz lorturiko itunaren emaitza adieraziko duena, I. eranskinaren arabera.

_Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen gurasoei edo tutoreei eginiko kontsultaren emaitzaren akta, II. eranskinaren arabera.

_Eskola Kontseiluaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektua onesten duena, III. eranskinaren arabera.

2. Itunerako Jarraipen Batzordeak ebaluatuko ditu aurkezten diren proiektuak. Lau proiektu baino gehiago aurkeztuz gero, deialdi honetako arauekin hobekien moldatzen direnak hautatuko dira modu esperimentalean eta gero ebaluatuko dira.

3. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkezturiko agiriak eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren txostena (II.4 atalean adierazten dena) ikusirik, eskolaldia aldatzeko ikastetxeko zuzendaritza taldeak proposaturiko proiektua onesteko ebazpena emanen du.

Bigarrena._Ebazpenaren eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza kontseilariari igorria, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarrena._Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura eta Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera argitara eman daitezen.

Iruñean, 2007ko ekainaren 1ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

I. ERANSKINA

Irakasleen klaustroaren bilkuran eginiko kontsultako aktaren ziurtagiria, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz

Ikastetxea

Herria

Kontsulta egin zeneko eguna

Klaustroko kideak, guztira

Bertan zeuden kideak

Aldeko botoak

Portzentajea

Kontrako botoak

Portzentajea

Balio ez duten botoak

Portzentajea

Abstentzioak

Portzentajea

Horregatik, ............................ ikastetxeko klaustroak erabaki du onestea/baztertzea1 eskolaldia aldatzeko proiektua, ikastetxeko zuzendaritzak aurkeztua.

Eguna

Ikus-onetsia

Ikastetxeko ikastetxea Zuzendaria

(1) Bidezko ez dena ezabatu.

II. ERANSKINA

Ikasleen gurasoei edo tutoreei eginiko kontsultako aktaren ziurtagiria, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz

Ikastetxea

Herria

Kontsulta egin zeneko eguna

Kideak, guztira

Parte hartu zuten kideak

Aldeko botoak

Portzentajea

Kontrako botoak

Portzentajea

Balio ez duten botoak

Portzentajea

Abstentzioak

Portzentajea

Horregatik, ............................ ikastetxeko ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek erabaki dute onestea/baztertzea1 eskolaldia aldatzeko proiektua, ikastetxeko zuzendaritzak aurkeztua.

Eguna

Mahakideen sinadurak

(1) Bidezko ez dena ezabatu.

III. ERANSKINA

Eskola Kontseiluaren bilkura berezian eginiko kontsultako aktaren ziurtagiria, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz

Ikastetxea

Herria

Kontsulta egin zeneko eguna

Eskola Kontseiluko kideak, guztira

Bertan zeuden kideak

Aldeko botoak

Portzentajea

Kontrako botoak

Portzentajea

Portzentajea

Balio ez duten botoak

Abstentzioak

Portzentajea

Horregatik, ............................ ikastetxeko Eskola Kontseiluak erabaki du onestea/baztertzea1 eskolaldia aldatzeko proiektua, ikastetxeko zuzendaritzak aurkeztua.

Eguna

Sinadurak

(1) Bidezko ez dena ezabatu.

Iragarkiaren kodea: F0709237