74. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

BURLATA

Deialdia, Burlatako Udalaren zerbitzuko emakumearen aukera berdintasunerako teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi publiko honen helburua da emakumearen aukera berdintasunerako teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzea, Burlatako Udalean aritzeko; sarbide hori Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren II. tituluan, I. kapituluan, 5.etik 8.era bitarteko artikuluetan aurreikusia dago.

1.2. Hautapen probak gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatzen dena B mailan egokituko da, eta maila horren lansariak eta plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak hartuko ditu.

1.3. Lanaldia osoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.4. Oinarri hauetan zehaztuta ez dauden gaietan, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da.

2._Eginkizunak.

2.1. Deialdi honen kariaz izendatzen den izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu:

_Burlatako Berdintasun Plana diseinatu, kudeatu eta ebaluatzea, eta hura garatzeko parte diren udal alor, gizarte eragile eta erakunde guztiak koordinatzea.

_Udalak esku hartzen duen alor guztietan generoaren ikuspegiaren sarrera diseinatu, bulkatu eta ebaluatzea.

_Udalaren administrazio alorrei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Berdintasun Planean jasotzen diren ekintza positiboak garatu eta ezartzean, emakumeak baztertuta edo desabantailan dauden egoerei aitzintzeko eta zuzentzeko, eta berdintasunaren aldeko ekintzak bulkatzeko.

_Aukera berdintasunaren alorrean, sentsibilizazio, informazio eta prestakuntza programak diseinatu eta kudeatzea, planaren garapenean parte direnendako.

_Burlatako Udalari, gizarte eragileei, enpresei eta gorbenuz kanpoko erakundeei aholku ematea, aukera berdintasunerako ekimenen eta legediaren alorrean.

_Toki administrazioaren eta emakume taldeen eta gainerako gizarte eragileen arteko partaidetza eta bitartekaritza sustengatu eta bulkatzea, Planean jasotzen diren ekintzak garatzeko.

_Burlatako Udalaren partaidetza koordinatu eta erraztea Europako programetan eta udalez gaindikoetan, udal aurrekontu eta baliabideak hobetzeko eta hobeki erabiltzeko.

_Udalaren Berdintasun Planaren garapena koordinatzea, Nafarroako Gobernuak ezarritako bertze plan orokorren esparruan (Nafarroako Berdintasun Plana, Plan Teknologikoa, Enplegu Plana, Modernizazio Plana, etab.), bitartekari lana eta lankidetza eginez Nafarroako Gobernuaren politika orokorretan emakumeen egoeran eragin zuzena dutenak Burlatara hurbil daitezen.

_Lanposturako definitu diren xede orokorrekin, mailarekin, ezagupenekin eta erantzukizunarekin bat egiten duten bertze guztiak.

3._Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

_Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartu ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

_Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

_Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, diplomadunaren, ingeniari teknikoaren edo horien baliokidea den titulua edukitzea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

_Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

_Nafarroako Enplegu Zerbitzuan inskribaturik egotea.

3.2. Baldintza horiek deialdi honetako laugarren oinarrian adierazietako epean eta eran frogatu beharko dituzte izangaiek, baita bete ere oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

4._Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Herriko Etxeko erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko 14:00ak arte. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean adierazitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko.

4.2. Eskabideak deialdi honetako II. eranskinean argitaratzen den ereduaren araberakoak izanen dira, eta hura Burlatako Herriko Etxeko bulegoetan jasoko da, San Juan plazako 1ean (Burlata). Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

4.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionala edo horren parekoak.

b) Deialdiaren hirugarren oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Udal Diruzaintzan azterketa eskubideen tasari dagozkion 4,05 euro ordaindu izanaren egiaztagiria.

d) Zortzigarren oinarrian ezarri diren merezimenduak _lehiaketaldian baloratuko direnak_ frogatzen dituzten agiriak. Agiriak jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak izanen dira, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

4.4. Izangaiek oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu eta frogatu beharko dituzte, agiri bidez, baldintzak eta merezimenduak, edo, betiere, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko. Nolanahi ere, lehiaketaldian aurkeztu beharreko merezimenduak kontuan hartzeko, epearen mugatzat hartuko da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna.

4.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

5._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Burlatako alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzita, Burlatako alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

6._Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José Muñoz Arias, Burlatako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Silvia Rosa Velásquez Manrique, Burlatako Udaleko Emakumearen Batzordeko burua.

Mahaikidea: Sara Ibarrola Intxusta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko berdintasunerako teknikaria.

Ordezkoa: eskuordetzen duen berdintasunerako teknikaria.

Mahaikidea: Idoia Goikoetxea Gómez, Altsasuko Udaleko berdintasunerako teknikaria.

Ordezkoa: eskuordetzen duen berdintasunerako teknikaria.

Mahaikidea: Roncesvalles Villanueva Martínez andrea, Burlatako Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Isidro Rikarte Lezáun, Burlatako Udaleko euskara teknikaria.

Idazkaria: Iñigo Anaut Peña jauna, Burlatako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Ordezkoa: aurrekoak eskuordetzen duena.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

6.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba guztietarako edo batzuetarako.

7._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

7.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa. Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

8._Lehiaketaldia.

8.1. Lehiaketaldian 20 puntu lortu ahalko dira gehienez eta ez da baztergarria izanen.

a) Aukera berdintasunaren eragile/bultzatzaile gisa izandako lanbide esperientzia, berariazkoa nahiz orokorra, betiere lanpostuaren egitekoekin zerikusia duena: gehienez ere 7,5 puntu.

_Administrazio publiko batean lan egindako urte bakoitzagatik, 1,8 puntu. Denbora zatiengatik, proportzioan dagokiena, gutienez bi hilabete bada.

_Administrazio publiko batekoak ez diren erakunde edo entitate publikoetan lan egindako urte bakoitzagatik, 0,9 puntu. Denbora zatiengatik, proportzioan dagokiena, gutienez bi hilabete bada.

_Entitate pribatu batean lanean egindako urte bakoitzagatik, 0,6 puntu. Denbora zatiengatik, proportzioan dagokiena, gutienez bi hilabete bada.

b) Berdintasunaren eragile izateko prestakuntza berariazkoa, erakunde publiko batek antolatua, gehienez ere 7,5 puntu.

Prestakuntza titulua aurkeztuta frogatuko da.

_Berdintasunaren eragile izateko prestakuntza berariazkoa, erakunde publiko batek antolatua, gutienez ere 300 ordukoa, 5 puntu.

_Berdintasunaren eragile izateko prestakuntza berariazkoa, erakunde publiko batek antolatua, 100 ordutik 299ra artekoa, 3 puntu.

_Berdintasun eta/edo generoko politiken alor garrantzitsuetan graduatu ondoko titulua izateagatik eta haien kudeaketan gutienez ere 300 ordu erabili izanagatik, 2 puntu.

_Prestakuntza berariazko osagarria, lanpostuko egitekoekin zerikusia duena, berdintasun arloko erakundeek edo unibertsitateek emana: 40 orduko modulu bakoitzagatik, 0,5 puntu eta gehienez ere 3 puntu.

_Lanpostuko eginkizunekin ikusteko duten argitalpen, jardunaldi, sari eta azterlanengatik, gehienez ere puntu 1.

c) Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 5 puntu. Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, edo, bertzenaz, epaimahaiak zehaztuko duen proba gaindituz. Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabide orokorrean. Proba hori oposizioaldirako aurreikusiak dauden probak burututa eginen da.

Atal honi dagozkion merezimendu guztiak baloratu ahal izateko dagokien titulu akademikoa lortu ondokoak izan behar dira.

8.3. Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak noiznahi eskatzen ahal ditu epaimahaiak. Lehiaketaldia burututa, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa ikusgai jarriko da Burlatako Herriko Etxeko bulegoetako iragarki oholetan (San Juan plaza, 1) eta bortz egun balioduneko epea emanen da behar diren erreklamazioak aurkezteko. Oposizio-lehiaketako guztirako puntuazioa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izanen da.

9._Oposizioaldia.

9.1. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 80 puntu lortzen ahalko dira bertan:

a) Ezagupenen proba.

b) Ariketa praktikoa.

c) Proba psikoteknikoak.

d) Hizkuntzaren erabilera ez sexistaren sustapena.

e) Buruz buruko elkarrizketa.

a) Lehen ariketa: ezagupenen proba.

Teorikoa izanik, hartan bi gairi buruz idatziko da, gehienez ere 4 ordutan; gaiak zozketa bidez aterako dira, I. eranskineko I. multzotik bata eta II. multzotik bertzea.

Gai bakoitzaren gehieneko puntuazioa 10 da; beraz, atal honetako gehieneko puntuazioa 20 da. Baztertuko dira osotara 10 puntu eskuratzen ez dituztenak, baita gaietariko batean 5 puntu baino gutxiago erdiesten dituztenak ere.

b) Bigarren ariketa: ariketa praktikoa.

Lanpostuaren eginkizun eta edukiekin ikusteko duten zenbait kasu praktiko argitu beharko dira. Ariketa egiteko, 3 ordu izanen dira gehienez. Praktikoan, gehienez 20 puntuko balorazioa ematen ahal da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituztenak.

Ezin izanen da erabili kontsultako inolako materialik proba bakarrik ere egiteko.

Bai ezagupenen proba bai ariketa praktikoa pliken bidez eginen dira.

c) Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen du eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahal dira. Bazterturik geldituko dira 15 puntu baino gutxiago eskuratzen dutenak.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, behar diren probak egin ondotik, txosten psikotekniko bat eginen du lehiatzaile bakoitzari buruz; lehiatzailea lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko du txostenak. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

d) Hizkuntzaren erabilera ez sexistaren sustapena.

Burlatako Udalak 2005eko otsailaren 7an eman ordenantzaren arabera (29. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, martxoaren 9koa), "Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi publiko guztietan %5eko balorazioa izanen du probetan hizkera ez baztertzailea erabiltzeak". Beraz, oposizioaldian 5 puntu emanen zaizkie proba idatziak, teorikoak nahiz praktikoak, egitean hizkuntza ez baztertzailea erabiltzen dutenei. Balorazio hau oposizioaldiko ariketak gainditu dituztenei baizik ez zaie aplikatuko eta ez da baztergarria izanen. Izangaiek hizkuntza ez baztertzailearen erabileraren gaineko eskuliburua aurkitzen ahal dute Burlatako Udalaren web orrian (www.burlada.es).

e) Buruz buruko elkarrizketa.

Buruz buruko elkarrizketan gai bakarrak izanen dira egindako ariketa, jarduketa programak, bete beharreko eginkizunaren ikuspegi orokorra eta eginkizunaren eskakizun teknikoekin ikusteko izanik epaimahaiak komenigarri ikusten dituen alderdi guztiak; gehienez ere ordubete iraunen du. Puntuazioa, gehienez ere 5 puntu.

9.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza burututakoan, honako informazio hau paratuko du epaimahaiak Burlatako Herriko Etxeko bulegoetako iragarki oholetan (San Juan plaza, 1): izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, hurrengo ariketak non eta noiz eginen diren eta alegazioak aurkezteko ematen den epea.

9.3. Probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago emanen da aditzera, edo hogeita lau ordu lehenago, hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

9.4. Izangai guztiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez baliokidea den agiria aldean dutela agertu beharko dute probetara. Probetan iruzurra egiten bada, edozein delarik ere, izangaia segituan baztertuko da, etor daitezkeen jarduketa penalak ukatu gabe.

10._Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Oposizio-lehiaketaren bi faseak bukatu ondoan, epaimahaiak Burlatako Herriko Etxeko bulegoetako iragarki oholean paratuko ditu probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du. Proposamen hori Burlatako Udaleko iragarki oholean paratu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

10.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposaturiko izangaiak Burlatako Udalaren erregistroan honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdiko hirugarren oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Gaitasun fisiko edo psikikoaren osasun egiaztagiria.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren zinpeko aitorpena.

Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen dute izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra ukatu gabe.

10.3. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela gainditu dutenen zerrendako hurrengoa edo hurrengoak.

11._Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Burlatako Udalak aurreko atalean ezarritakoa bete duen izangaia izendatuko du.

11.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

11.3. Izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetzarik hartzen ez badu epe horretan, izendapenak lekarzkiokeen eskubide guztiak galduko ditu, 10.3 atalean ezarritako moduan eta halabereko ondorioekin. Lanpostuaz jabetu edo bere lan kontratuaren eranskina formalizatzen ez duen bitartean, ez du ordainsaririk eskuratzeko eskubiderik izanen.

12._Errekurtsoak.

12.1. Deialdi honen oinarrien aurka edo hura aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta bihamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. multzoa:

1._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak eta askatasun publikoak. Oinarrizko eskubideen babesa. Zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa.

2._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Aurrekari historikoak eta edukiaren gaineko ezagupen orokorra.

3._Toki Administrazioa. Hura osatzen duten entitateak. Udalerriaren antolaketaren alderdi orokorrak, oinarriak eta eskumenak. Burlatako Udalaren gaineko aipamen berezia.

4._Legea: kontzeptuak eta motak. Dekretuak: lege-dekretuak. Legegintzako dekretuak. Nazioarteko itunak.

5._Erregelamendua: kontzeptu orokorra. Udal ordenantzak eta erregelamenduak: baldintzak eta motak.

6._Administrazio prozeduraren ezaugarriak eta printzipio orokorrak. Prozedura hastea eta bultzatzea. Legitimazioa.

7._Administrazio prozedura: txostenak eta motak. Alegazioak: motak, kasuak eta formak. Interesdunak.

8._Administrazio egintzen jakinarazpena. Epeak eta moduak. Argitalpena: modua eta kasuak.

9._Administrazio egintzak bete beharra. Etendura. Errebokatze kasuak: Baldintzak.

10._Administrazio errekurtsoak eta jurisdikzionalak: ezagupen orokorrak, ezaugarriak, lege-araubidea eta ezberdintasunak.

11._Administrazio errekurtsoak. Araubide orokorra udalei dagokienez. Nafarroako berezitasunak.

12._Kontratazioa administrazioan: kontratu motak eta horien ezaugarriak.

13._Dirulaguntzak eta hitzarmenak: mugak, baldintzak eta prozedurak.

14._Legerian azken hamarkadan izan diren aldaketak, emakumeen egoera juridikoa ukitzen dutenak.

15._Berdintasunerako legeria, erkidego nahiz toki mailakoa. Aukera berdintasunari buruzko legeak.

16._Udalen eta autonomi erkidegoen betekizuna, aukera berdintasunaren alorrean. Nafarroako administrazio bakoitzaren eskumenak.

17._Antolaketa politikoa eta udal administrazioa: Burlatako Udala.

18._Berdintasun printzipioa udal aurrekontuen kudeaketa eta plangintzan.

19._Nazioarteko erakundeen egitekoak, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunerako politikak gauzatzeko ahaleginean. Emakumeen gaineko mundu konferentzia: ekintza plataforma.

20._Europako Batasuneko erakundeen egitekoak berdintasunerako politikak gauzatzeko ahaleginean: legeria, Batasuneko esparru estrategiak eta ekintza programak.

II. multzoa:

1._Berdintasuna, printzipio juridiko. Berdintasuna, aniztasuna eta betibatekotasuna. Arauen berdintasun eta unibertsaltasunaren kontzeptua. Legearekiko berdintasuna: berdintasunaren printzipio generikoa, bereizkeria ezaren eta aukera berdintasunaren printzipioa. Parekatze bidezko berdintasuna eta bereizte bidezko berdintasuna. Tratu berdintasunaren printzipioaren aurrekariak eta ezaugarriak.

2._Ekintza positiboa. Jatorria eta Nazio Batuen betekizuna. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunaren eta ekintza positiboen arloko nazioarteko arauen sarrera Europako Batasuneko araudian eta Espainiako ordenamendu juridikoan. Ekintza positiboen egoera juridikoa: ekintza positiboen legezko definizioa eta praktika.

3._Emakumeen egoera Espainiako ordenamendu juridikoan. Alderdi zibilak: familia eta zuzenbidea. Familia harremanen konstituzio esparrua. Teknologia berrien alderdi juridikoak ernaltzearen arloan. Guraso agintea.

4._Emakumeen egoera Espainiako ordenamendu juridikoan. Alderdi penalak: tratu txarren gaineko egungo legeria. Genero Indarkeriari buruzko Legea. Sexu askatasunaren kontrako delituak.

5._Ekoizpena eta ugalketa. Genero eta klase arloko gizarte harremanak. Generoa eta lana. Emakumeen lana. Dualismo bitala eta enplegua. Etxeko lana kategoria ekonomikoa den aldetik. Alorren atxikitze asimetrikoa, generoaren ariora. Denboraren erabilera ezberdina.

6._Emakumeen presentzia Espainiako lan merkatuan: partaidetza, enplegu eta langabezia tasak Espainian: aurrekariak eta joerak. Emakumeen lanak familian duen eragina. Emakumeen egoera Foru Komunitateko lan merkatuan eta bereziki Burlatan. Bereizkeria lan merkatuan: kontzeptua eta motak. Lan arloko segregazioa, horizontala eta bertikala. Nafarroako Enplegurako Plana. Ekintza positiborako neurriak.

7._Emakumeen enplegua. Lan merkatuan sartzeko edo handik baztertzeko moduak. Bereizkeriarako faktoreak. Feminismoaren ekarpen teorikoa lanaren banaketa sexualaren azterketari: androzentrismoaren kritika. Emakumearen autoenplegua. Emakume lehiatsuak: gaitasunak eta trebetasunak. Enplegurako politika aktiboak eta laneratzeko ekimenak. Gizarte ekonomia. Gizarte ekimena; haren ahalak enplegua sortzeko, inor laneratzeko eta gizarte kohesiorako sareak sortzeko.

8._Feminismoak. Feminismoaren eraikuntza historikoa. Emakumezkoen egungo diskurtso eta praktika politikoak, antzekotasun eta desberdintasun nazionalak.

9._Genero harremanen psikologia. Sexuaren eta generoaren kontzeptuen arteko harreman eta elkarreragina. Emakumezkoen eta gizonezkoen portaeren garapena. Generoaren etorki psikologikoak: oinarri biologiko eta soziokulturalak. Generoaren prozesu psikologikoak: estereotipoak, rolak eta nortasuna.

10._Maskulinitatea eta berdintasuna. Arazo metodologikoak eta gogoeta teorikoa: etorkizunerako behakoa emakumezko eta gizonezkoen arteko elkarrekiko harremanetan.

11._Lan komunitarioa emakumeen elkartegintza bultzatzeko landa eremuan. Esku hartzearen diseinua genero ikuspegi batetik.

12._Emakumeen osasuna genero ikuspegi batetik. Gaitz usuenak amatasuna eta familia plangintza delako konstrukto generikoari dagokionez. Lan jarduerak ugalkortasunarekin duen harremana. Arrisku jarduerak: hiesa, substantzia toxikoen kontsumoa. Subjektibotasun femeninoa: bilaketa beharrezkoa emakumearen oreka eta osasunerako.

13._Emakumeak eta boterea. Emakumeen parte hartzea Nafarroako Foru Komunitateko gizarte esparru guztietan. Emakume taldeen xede eta jarduerak, "gizarte kontratu berria".

14._Emakumeen parte hartzea hezkuntzan, hezkuntza mistoaren abantailak; baterako hezkuntzarekiko aldeak. Baterako hezkuntzaren filosofia eta goiti-beheitiak norberaren garapenean eta lanbide eta familia mundurako prestakuntzan. Balio ez sexisten transmisioa eskolan. Lanbidearen hautapena halako genero batekoa izateak baldintzapetua.

15._Lanbideari, familiari eta norberari dagozkien erantzukizunen kontziliazioa; erantzunkidetasuna, zerbitzu soziokomunitarioak. Araudia. Gizonezko eta emakumezkoendako abiarazten ahal diren neurriak toki erakundeen esparrutik.

16._Ongizatearen gizartea: emakumeendako. Baztertze sozialaren arriskuak; pobreziaren feminizazioa. Ideologiak eta genero arloko politikak. Gizarte politika eta gizarte babeseko sistemak. Eskubideak eskuratzeko irizpideak eta berdintasun printzipioa. Pitzadurak ereduan, desberdintasunaren esparruak: inmigrazioa, familiaren berrelkartzea, desgaitasuna, etxeko lana, prostituzioa.

17._Genero indarkeria: balorazioa eta esku hartze soziala. Genero indarkeriaren kontzeptua. Kausa soziokulturalak. Biktimei laguntza emateko zerbitzuak. Problematika psikologikoa genero indarkeriaren biktimengan. Esku hartzearen koordinazioa. Jarduteko protokoloa Nafarroan.

18._Azterketa soziologikoa, generoaren ikuspegia duena. Emakumeen errealitatea aztertzeko metodologia kualitatiboak. Emakumeen gizarte egoera Burlatan. Desberdintasunerako bideen azterketa. Elkarteen sorrera, desberdintasunak ezabatzeko elementu.

19._Emakumearen aukera berdintasunaren eragilea. Lanposturako eskakizunak. Dituen eginkizunak. Jarduteko eremuak. Eragileen betekizunaren garapena Estatuko gainerako lurraldeetan.

20._Hizkuntzaren erabilera sexuagatiko desberdintasunen ispilu denean. Emakumeen irudikapena hedabideetan. Toki administrazioaren betekizuna.

21._Emakumearen aukera berdintasunerako planen diseinua. Helburuak ezartzea. Garatzeko prozedura. Horien ebaluazioa. Mainstreaming estrategia eta haren inplikazioa Burlatako udal politiken garapenean.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia, NAN zk.: ............., sorteguna: .........., sorterria: .............(...............), helbidea jakinarazpen kontuetarako ...................................... kalea, ..................., zenbakia ....... solairua ...... Posta kodea: ............. Telefonoa: .................

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Eskatzen dudala onartua izatea Burlatako Udalarendako emakumearen aukera berdintasunerako teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian (iragarkia argitaratu duen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALaren zenbakia eta data: ............).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Badudala deialdiko hirugarren oinarrian adierazten den titulazioa.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.

Euskarazko probak egitea eskatzen dudala: BAI f EZ f

Horrenbestez,

Eskatzen dut eskabide hau onartzeko eta, beraz, onartua izateko Burlatako Udalarendako emakumearen aukera berdintasunerako teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian.

Burlatan, 2007ko .............aren ..............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0707346