74. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

EGUESIBAR

Aldaketa Eguesibarko Udal Planeko Eraikuntzaren ordenantzan, Gorraizko Jaurerriko plan partzial zaharraren esparruan. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2007ko urtarrilaren 16an egin osoko bilkura arruntean, legezko quoruma zuela, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Eguesibarko Udal Planeko eraikuntzaren ordenantzan, Gorraizko Jaurerriko plan partzial zaharraren eremuan antenak ezartzeari dagokionez.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2007ko 21. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 16an, eta gisa horretara jendaurrean eduki hogeita hamar egunean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, Eguesibarko Udal Planeko eraikuntzaren ordenantzaren testua, Gorraizko Jaurerriko plan partzial zaharraren eremuan antenak ezartzeari dagokionez behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka _xedapen administratibo bat baita_ ez dela administrazio bidean errekurtsorik aurkezten ahal (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Bi hilabeteko epean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztuta, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Eguesen (Eguesibar), 2007ko maiatzaren 7an._Alkatea, José A. Andía García de Olalla.

ALDAKETA ERAIKUNTZAREN ORDENANTZAN, ANTENAK PARATZEARI DAGOKIONEZ, GORRAIZKO JAURERRIKO PLAN PARTZIAL ZAHARRAREN EREMUAN

1. Xedea.

Espediente honen xedea da Eguesibarko Udal Planeko Eraikuntzaren ordenantzaren determinazio xehakatuak aldatzea, antenak paratzeari dagokionez. Helburua da Gorraizko bizilagunei telekomunikazio zerbitzuak hartzera uztea, eta horrek bat egitea antenak paratzeak eraikinak eta hiri ingurunea bistaratzean ikuspegiaren gainean dakarren eragina murriztearekin.

2. Arrazoiak.

Indarra duen araudiak Eraikuntzaren ordenantzaren 10. artikuluan ezartzen du antena kolektiboak paratzeko debekua, zeren eta TV eta FM seinalea horretarako paratu den zentrotik bideratzen baita.

Alabaina zentro hori ez da gaur egun egokia telekomunikazio zerbitzuak egoki hartzeko, eta horrek komenigarri egiten du araudia aldatzea, Gorraizko bizilagunek posible izan dezaten zerbitzu horiek hartzeko antena parabolikoak paratzea, eta horiek paratzeko gutieneko baldintzen araudia ezartzea.

3. Eraikuntzari buruzko ordenantza onetsia.

10. artikulua. Antenak.

Orokorrean debeku bada ere antenak paratzea, zeren eta TV eta FM seinalea horretarako paratu den zentrotik bideratzen baita, ondoko baldintza hauetan zilegi izanen da antena parabolikoak paratzea.

1. Ez dira paratzen ahalko eraikinen hutsune, leiho, balkoi, fatxada eta perimetroko paramentuetan, non ez diren estaltzen, erabilera publikoko edo izaera komunitarioko inongo toki edo eremutatik ikus ez daitezen. Horretarako planeamenduak baimentzen dituen eraikuntza elementu iraunkorrak erabiliko dira.

2. Familia bakarreko etxebizitzetan, debeku da etxebizitzaren estalkian paratzea, baina baimentzen dira eraikuntzarik gabeko eremu pribatuetan, betiere itxirik baldin badaude eta ikusten ez badira erabilera publikoko edo izaera komunitarioko inongo toki edo eremutatik. Betiere antenaren kolorea mimetizatu beharko da dagoen tokikoarekin.

Etxebizitza bakoitzean antena bakarra paratzen ahalko da.

3. Etxebizitza kolektiboetan eta bertzelako erabilera duten eraikinetan zilegi izanen da eraikinen estalkietan paratzea. Betiere hautatu beharko da eremu eta toki publikoetatik gutien ikusten den kokalekua, bere eginkizunarekin bateragarria bada. Horretarako, lizentziaren eskaerarekin batera antenaren kokalekuaren planoa ere aurkeztu beharko da, eta frogatu beharko da, arrazoiak emanda, konponbide horixe dela ikuspegian eragin gutien sorrarazten duena.

Estalki gainean dauden antenen kolorea estalkiarena izanen da, ikuspegiaren gaineko eragina ahalik eta tikiena izan dadin.

Eraikin bakoitzean antena bakarra paratzen ahalko da.

4. Paratzen diren antenak beren eginkizuna egiteko ahal den tikienak izanen dira. Horretarako, horiek paratzeko lizentzia eskatzean, frogatu beharko da, arrazoiak emanda, bilatzen den xedea ez dela posible antena tikiagoa bada.

Antenek ez dute ez propagandarik ez deus idatzirik izanen.

5. Antenaren oinarriaren eta harguneen artean banaketa lerroek landaturik edo lurperaturik egon beharko dute, eraikinaren barneko eremuan joan ezik. Salbuespenez baizik ez dira paratzen ahalko jadanik zutituriko eraikin behar bezala baimenduen gainean, horretarako hodi zurruna edo kolore neutroko kable agerikoa erabiliz, terrazetan, ikusten ez diren barne paretetan eta eraikinen barneko zerbitzu-patioetan. Salbuespen horietarako, salbuespenaren arrazoiak idatzi beharko dira aginduzko proiektu teknikoaren memorian, eta horiekin batera kokalekuaren eta erabili beharreko materialen gaineko proposamena, baita trazaduraren gaineko definizioa ere, eskala egokian.

6. Edozer paratu baino lehen lizentzia eskatu beharko da, eta eskaerarekin batean muntaduraren proiektu teknikoa ere aurkeztu beharko da.

69.7 artikulua.

Kendu da 69. artikuluaren 7. idatz-zatia.

70.6 artikulua.

Estalkia teila gorriz edo arbelaz eginen da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantzako aldaketa honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0707462