74. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1346/2007 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eman eta proiektuaren onura publikoa onartzen duena: "Gas naturala banatzeko sarea Oibarko herrigunean".

Gas Navarra, S.A. enpresak 2007ko otsailaren 15ean eskatu zuen "Gas naturala banatzeko sarea Oibarko herrigunean" proiektuko instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eta haren onura publikoa onar zedila. Proiektuak Oibarko udalerria ukitzen du (Nafarroa).

Administrazio baimen hau jendaurrean jarri zen iragarkia paratuz 2007ko 38. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, martxoaren 20koan, eta "Diario de Navarra" nahiz "Diario de Noticias" egunkarietan martxoaren 8an, bai eta Oibarko Udalaren iragarki oholean ere. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Instalazio proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

Gas Natural SDG, S.A.k Gas Navarra, S.A.ri gasa ematen dion puntu batean eginen da konexioa lehendik dagoen sarearekin, El Pradete izeneko alderdian. Jarraian ERM APA/MPA bat instalatuko da, eta hortik abiatuko da sare nagusia La Portaladako bidetik zehar, PE 100 polietilenozkoa eta DN 160koa, eta hortik aterako dira DN 100 eta DN 63ko gainerako adarrak, bigarren mailako sarea osatuko dutenak. Proiektatu den saretik hartuneak aterako dira, kalearen alde bietako etxeak hornitzeko. Sarea egiterakoan NA-132, NA-534 eta NA-5120 errepideekin gurutzatzen da hainbat aldiz. Gurutze horiek lubakiak irekiz eginen dira.

Egin beharreko sarea, guztira, 8.119 m.l.koa da. Banaketa sarearen diseinuaren presioa 0,4 bar-ekoa da eta tenperatura 15ºC-ekoa, aurreikusitako gehieneko emaria 500 N m³/h-koa eta gasaren lastertasun handiena 20 m/s-koa.

Aurrekontuak laurehun eta berrogeita hamabi mila bederatzirehun eta hirurogeita bat euro eta berrogeita bederatzi zentimo egiten du (452.961,49 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Gas Navarra, S.A.k ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu enpresa titularrak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. "Gas naturala banatzeko sarea Oibarko herrigunean" proiektua onestea eta Gas Navarra, S.A. enpresari proiektu horren instalazioak egiteko administrazio baimena ematea.

2. Baimenduriko instalazioen onura publikoa deklaratzea nahitaez desjabetzearren eta bide zortasuna ezartzearren.

3. Administrazioaren baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Enpresak bi hilabeteko epean 9.059,23 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren %2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan itzuliko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraituko zaio.

Laugarrena.-Enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Bosgarrena._Gas Navarra, S.A.k abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu, banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, baita instalazioak baimentzeko prozedurak ere.

Seigarrena._Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Zazpigarrena._Gas Navarra, S.A. beharturik dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan eta abenduaren 29ko ITC/3996/2006 Aginduan eta ondoko berrikuspenetan ezarritakoari jarraikiz.

Instalazioak eraiki eta gero, Industri Segurtasunerako Zerbitzuak ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria _eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia_ kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko izaera orokor nahiz partzialeko ikuskapen, saio eta proben berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Bederatzigarrena._Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko eran eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan,Zuzendaritza Nagusi horrek baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

4. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraztea eta ohartaraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 2an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: F0707484