74. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

65/2007 FORU AGINDUA, maiatzaren 18koa, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko antolaketarako unitate batzuk sortu eta beste batzuk kentzen dituena.

Foru agindu batzuen bidez, Nafarroako Ospitalean, Bideko Ama Birjina Ospitalean eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zerbitzu zentraletan dauden unitateen antolaketa garapena zehaztu zen.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak proposatu du Nafarroako Ospitalearen eta Bideko Ama Birjina Ospitalearen egituran aldaketak sar daitezela, unitateak azken urte hauetan eginkizunetan eta antolaketan sortu diren errealitate berrietara egokitzeko.

Uztailaren 3ko 45/2006 Foru Dekretuaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estatutuak onetsi ziren. Bertako 2.2.g) artikuluan xedatzen denez, Osasun Departamentuko titularrari dagokio Atalak eta Zerbitzuak baino maila apalagoko bestelako unitate organikoak sortu, aldatu eta kentzea, betiere, bere zuzendari kudeatzaileak proposatua, antolamenduaren eta funtzio publikoaren arloetako departamentu eskudunek txostena eman ondoren.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua osatzen duten ospitaleen egitura eta funtzionamenduari dagokionez, Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzari atxikirik, gobernu eta funtzionamendu organoak arautzen dituzten foru dekretuetara jotzen da.

Urriaren 22ko 443/1991 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Ospitaleko eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko gobernu organoen osaera eta funtzionamendua onetsi zen. Bertako 11. artikuluak Osasun kontseilariari ematen dio Laguntza Zuzendaritza Medikoaren egitura departamentuetan ezartzeko eskumena. Departamentu horien mende egonen dira zentroaren berezko jarduera hobeki garatzeko behar diren laguntza zerbitzu, atal eta unitateak.

Antolaketaren eta funtzio publikoaren arloan eskumena duten departamentuen txostena eskatu da.

Horrekin guztiarekin bat, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Ospitalean antolaketarako unitateak sortzea.

A) Nafarroako Ospitalean antolaketarako laguntza unitate hauek sortu dira:

a) Larrialdi Atala, Laguntza Zuzendaritza Medikoko Larrialdi Zerbitzuari atxikia.

b) Eguneko Ospitaleko Erizaintzaren eta Jarduera Anbulatorioen Unitatea, Erizaintza Zuzendaritzari atxikia.

B) Nafarroako Ospitalean antolaketarako unitate administratibo hau sortu da:

a) Langileriaren Kontratazio eta Kudeaketarako Unitatea, Langileria Zuzendaritzari atxikia.

2. Bideko Ama Birjina Ospitalean antolaketarako unitate batzuk sortu eta beste batzuk kentzea.

A) Bideko Ama Birjina Ospitalean antolaketarako laguntza unitate hauek sortu dira:

a) Alergologia Zerbitzua, Laguntza Zuzendaritza Medikoari atxikia, Zerbitzu Medikoen Departamentuaren bidez.

b) Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzua, Laguntza Zuzendaritza Medikoari atxikia, Zerbitzu Medikoen Departamentuaren bidez.

c) Medikuntza Orokorreko Larrialdien Zerbitzua, Laguntza Zuzendaritza Medikoari atxikia, Zerbitzu Medikoen Departamentuaren bidez.

d) Digestio Aparatuaren Medikuntzaren Zerbitzua, Laguntza Zuzendaritza Medikoari atxikia, Zerbitzu Medikoen Departamentuaren bidez.

e) Genetika Medikuaren Zerbitzua, Laguntza Zuzendaritza Medikoari atxikia, Zerbitzu Zentralen Departamentuaren bidez.

f) Neumologia Zerbitzua, Laguntza Zuzendaritza Medikoari atxikia, Zerbitzu Medikoen Departamentuaren bidez.

g) Nefrologia Zerbitzua, Laguntza Zuzendaritza Medikoari atxikia, Zerbitzu Medikoen Departamentuaren bidez.

h) Neurologia Zerbitzua, Laguntza Zuzendaritza Medikoari atxikia, Zerbitzu Medikoen Departamentuaren bidez.

i) Erizaintzako Zainketa Planen Erizaintza Unitatea, Erizaintza Zuzendaritzari atxikia.

B) Bideko Ama Birjina Ospitalean antolaketarako unitate administratibo hau sortu da:

a) Gizarte Lanaren Unitatea, Eriaren Arazoetarako Atalari atxikia.

C) Bideko Ama Birjina Ospitalean antolaketarako laguntza unitate hauek kendu dira:

a) Genetika Atala.

b) Neumologia Atala.

c) Nefrologia Atala.

d) Neurologia Atala.

3. Tuterako Reina Sofía Ospitalean antolaketarako unitate batzuk sortu eta beste batzuk kentzea.

A) Tuterako Reina Sofía Ospitalean antolaketarako laguntza unitate hauek sortu dira:

a) Farmazia Atala, Zuzendaritza Medikoari atxikia.

b) Errehabilitazio Atala, Zuzendaritza Medikoari atxikia.

c) Kanpo Kontsultetako eta Onko-hematologiako Erizaintza Unitatea, Erizaintza Zerbitzuari atxikia.

B) Tuterako Reina Sofía Ospitalean antolaketarako unitate administratibo hauek sortu dira:

a) Biltegi Unitatea, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari atxikia.

b) Informatika Unitatea, Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari atxikia.

C) Tuterako Reina Sofía Ospitalean antolaketarako laguntza unitate hau sortu da:

a) Farmazia Zerbitzua, Zuzendaritza Medikoari atxikia.

4. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan antolaketarako unitateak sortzea.

Informazio Biltegiaren eta Kudeaketaren Atala, Kudeaketa Ekonomikorako eta Antolaketaren Garapenerako Zuzendariordetzako Osasun Informazioaren Zerbitzuari atxikia.

5. Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzan antolaketarako unitate batzuk sortu eta beste batzuk kentzea.

A) Kudeaketa Administratiboaren Atala sortu da, Nafarroako Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendariordetzako Ospitaletik kanpoko Larrialdietarako Zerbitzuari atxikia.

B) Larrialdietarako Zerbitzu Bereziko Zuzendaritza kendu da.

6. Nafarroako Ospitaleko Langileriaren Kontratazio eta Kudeaketarako Unitatearen eginkizunak.

Nafarroako Ospitaleko Langileriaren Kontratazio eta Kudeaketarako Unitateak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Bere unitateari atxikiriko langileen jarduera, lan eta eginkizunak zuzendu eta koordinatzea, haiei lanpostua, txanda eta lanaldia esleituz.

b) Langileekiko harremanak erraztu eta bultzatzea eta lan giroa, etekinak eta ekoizpena sustatzea.

c) Dedikazioaren eta etekinen inguruko beharkizunak eta ordutegiak betearaztea.

d) Laneko absentismoa kontrolatzea.

e) Langileriaren Kudeaketarako Ataleko buruaren proposamenak hartu eta hari beste batzuk egitea unitatearen jardueraz eta langileriaren ikaskuntza eta prestakuntzaren arloan.

f) Metodo eta prozedura administratiboak prestatu, gaurkotu eta egokitzea, Langileriaren Kudeaketarako Atalaren jarraibideekin bat.

g) Unitateko sistema informatikoetan eta datu baseetan sartzeko segurtasun neurriak begiratu eta hartzea.

h) Langileriako zuzendariak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

7. Informazio Biltegiaren eta Kudeaketaren Atalaren eginkizunak.

Informazio Biltegiaren eta Kudeaketaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun informazioarekiko arretaren lehen mailako biltegia eta haren kudeaketa koordinatzea.

b) Osasun arloko informazio sistemaren garapenaren barruan, urteroko ekintza planak prestatzen parte hartzea eta horiek zehazten laguntzea.

c) Zuzendaritzak ezarririko esparruan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ekipoak, instalazioak eta aplikazio informatikoak planifikatu, garatu, ezarri eta mantentzea.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, edonolako aktiboen eta osasun arloko informazio sistemetarako zerbitzuen eskurapen zentralizatuak koordinatu eta kudeatzea.

e) Osasun Informazioaren Zerbitzuko buruak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

8. Ospitaletik kanpoko Larrialdietarako Zerbitzuko Kudeaketa Administratiboaren Atalaren eginkizunak.

Ospitaletik kanpoko Larrialdietarako Zerbitzuko Kudeaketa Administratiboaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ospitaletik kanpoko Larrialdietarako Zerbitzuaren arlo guztietako jardueren garapen egokia bermatzea eta giza baliabideak antolatu eta kudeatzea.

b) Ospitaletik kanpoko Larrialdietarako Zerbitzuko informazio sistemak kudeatzea.

c) Posta eta lesioen agiriak kudeatzea.

d) Ospitaletik kanpoko Larrialdietarako Zerbitzuko buruak esleitzen dion beste edozein eginkizun.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Izen aldaketak Nafarroako Ospitaleko antolaketarako unitateetan.

1. Nafarroako Ospitaleko Onkologia, Erradioterapia eta Medikuntza Nuklearreko Erizaintza Unitatea Erradioterapia, Erradiofisika eta Medikuntza Nuklearreko Erizaintza Unitatea izanen da hemendik aurrera.

2. Nafarroako Ospitaleko Gizarte Laguntzaren Unitatea Gizarte Lanaren Unitatea izanen da hemendik aurrera.

Bigarrena._Izen aldaketak Tuterako Reina Sofía Ospitaleko antolaketarako unitateetan.

1. Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Kanpoko Kontsulta eta Erradiologiako Erizaintza Unitatea Erradiologia eta Irakaskuntzako Erizaintza Unitatea izanen da hemendik aurrera.

2. Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Erditzeen, Zaindarien eta Irakaskuntzaren Erizaintza Unitatea Erditzeen eta Zaindarien Erizaintza Unitatea izanen da hemendik aurrera.

Hirugarrena._Izendapenak.

Izen aldaketa izan duten unitateetako burutzen izendapenak berresten dira, sortu ziren baldintza beretan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetutako xedapenak

Indarrik gabe geldituko dira foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 18an._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F0708869