73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Iruñeko bizilagunei bekak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, 2007. urtean euskarazko ikastaroak barnetegietan egiteagatik

Deialdi honen helburua 2007. urtean euskarazko ikastaroak barnetegietan egiteagatik Iruñeko bizilagunei laguntzak emateko prozedura garatzea da, norgehiagokako araubidean eta Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an onetsi baitzuen. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zenbakian.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1._Aurrekontua

Deialdi honi 5.000 euro esleituko zaio, gehienez ere, indarra duen Udalaren Aurrekontuko 50 45140 480000 kontusailaren kargura esleitu ere.

Beka hauetarako izendatu den gehienezko zenbatekoa ezarritako baldintzak bete eta deialdian onuradun suertatu direnen artean hainbanatuko da, baldin eta bekek deialdiari esleitu zaion diru-kopurua baino gehiago jotzen badute.

2._Beken xedea eta helburua, eta jarduera honetarako baldintzak

Deialdi honen helburua Iruñeko bizilagunei diru-laguntzak ematea da, 2007. urtean euskarazko ikastaro trinkoak barnetegietan egiteagatik, betiere horretarako behar diren eskakizunak betetzen badituzte.

Halaber, 2006. urtean hasi eta 2007an jarraipena izan duten ikastaroak ere izan daitezke deialdi honen xedea, baldin eta ez bazuten jaso 2006ko deialdiari zegokion partea.

Ikastaroek, gutxienez, lau aste iraun behar dute, baina iraupen laburragoko ikastaroak metatzen ahal dira, baldin eta horien artean lau aste baino gehiago iragan ez badira.

3._Diru-laguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak

Baldintza orokorrak bete eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren bakar batek ere ukitzen ez dituen Iruñeko bizilagunek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

a) Iruñean erroldatuak izatea, gutxienez, diru-laguntza zer ikastarotarako eskatu eta hori hasi baino sei hilabete lehenagotik. Agiri hau bere kabuz eskuratuko dute Udalaren Administrazio zerbitzuek.

b) Ikastaroa egin, gutxienez eskola guztietatik % 90ean parte hartu eta ikastaroan nahikoa aprobetxamendu ona atera izana.

c) Tributu-betebeharrak egunean izatea, bai eta Gizarte Segurantzarekikoak ere, eta zordun ez izatea, behin diru-itzulketa bidezkoa dela ebatzita. Udalak bere kabuz egiaztatuko du eskatzaileak eguneratuak dituela Udalarekiko zerga-betebeharrak.

Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, oinarri hauen 8. klausulan zehazten diren agiriak aurkeztu behar dituzte.

4._Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak

Kulturako Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Kulturako zinegotzi delegatuari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.

Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

Batzordeburua: Kulturako Alorreko zuzendaria.

Batzordekideak: Udaleko euskara koordinatzailea.

_Kultur jardueretako teknikaria.

_Kulturako Alorreko Zuzendaritza idazkaria.

Idazkaria: Kulturako Alorreko administrari euskaldun bat.

5._Zenbatekoa zehazteko irizpideak

Diru-laguntzak ikastaroaren kostuaren %50 hartuko du, eta, edonola ere, inork ezin izanen du jaso 473 euro baino gehiagoko bekarik euskarazko ikastaro trinkoak barnetegitan egiteagatik; muga hori neurtzerakoan, kontuan hartuko dira Iruñeko Udalak deialdi honen beraren baitan gaur egun arte eman dituen bekak oro.

Beka hauetarako izendatu diren diru-laguntzek deialdiari esleitu zaion diru-kopurua baino gehiago jotzen badute, Oinarri hauen 1. klausularen 2. lerroaldean ezarritakoa aplikatuko da.

6._Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu

Eskaerak 2007ko azaroaren 12ra bitarte egiten ahalko dira, behin deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hortik aitzina. Eskabidearekin batera, Oinarri hauen 8. klausulak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Merkatuko k., 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan Kulturako Alorra _Descalzos k., 72-2. solairua_; Ingurumen eta Osasuneko Alorra _San Saturnino k., 2-beheko solairua_; Hiritarren Babeseko Alorra _Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua_; Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra _Armada etorbidea, 2-5. solairua_; eta Lehendakaritzako, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorrak _Zapateria k., 40-beheko solairua_) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan.

7._Ebatzi eta jakinarazteko epea

Emakidaren eta ordainketa-aginduaren ebazpena egiteko epea 2007ko abenduaren 31n amaituko da.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

8._Eskaera egiteko aurkeztu beharreko agiriak

Eskatzaileek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide-orria, eredu ofizialarekin bat.

b) Ikastaroa antolatu duen entitateak sinatu agiria, non argi azalduko baitira ikastaroak noiztik noizera iraun duen, haren maila eta kostua, dirutan; halaber, agiri berean ziurtatuko da eskatzaileak hala jarrera ona erakutsi duela eta aprobetxamendu normala atera diela emandako irakaspenei nola ikastaroak guztira izan duen iraupenaren %90ean baino proportzio handiagoan ikastarora joan eta bertan parte hartu duela. Agiri hori sinatuko duen pertsonak modu argian identifikatu beharko du bere burua, ikastaroa antolatu duen entitatearen arduradun gisara identifikatu ere.

c) Ikastaroaren kostua ordaindu izanaren egiaztagiria.

d) Diru-laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzeko agiria.

e) Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.

f) Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak deialdi honetan galdatutako baldintzak betetzen dituela eta hura Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez duela ukitzen egiaztatzeko.

9._Onuradunen betebeharrak.

Bekarik eskuratzen dutenek onuraduntzat hartua izateko baldintzak bete beharko dituzte, eta betebeharra izanen dute, halaber, jasotako diru-laguntzen inguruan organo eskudunek egiten ahal duten edozein egiaztapeni men egiteko.

10._Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

11._Ordainketa

Bekaren ordainketa Kulturako Alorreko zinegotzi delegatuak diru-laguntzak ematea baimentzeko eman beharreko ebazpenak aginduko du; hori egiteko epea, gehienez ere, 2007ko abenduaren 31n amaituko den epean.

Bekak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik ez badituzte, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu.

Halako kasu batean, Udalak bere kabuz kitatu ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, edo horien parte bat, diru-laguntza horiek zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.

12._Ebazpena eta errekurtsoak

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 23an._Kultura zinegotzia, Ignacio Pérez Cabañas.

Iragarkiaren kodea: L0708873