73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑA

Deialdia, Iruñeko Udalaren zerbitzuko herri lanetako ingeniari tekniko izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak, 2007ko apirilaren 24an, ondoko deialdi hau onestea erabaki zuen. Hona hemen oinarriak:

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek Iruñeko Udalaren zerbitzuko herri lanetako ingeniari tekniko izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea du xede. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Lanpostua honako txanda honetakoa da:

_Lanpostu bat, txanda irekian.

1.2. Hona deialdiko lanpostua:

_1, Hiri-Kontserbazioko Alorrari atxikia, plantilla organikoko zenbaki honekin: 200202-4.

1.3. Izendapenak funtzionario bilakatuko du izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzeko diren gainerako xedapenetan erabakitakoaren arabera.

1.5. Hautapen probak gainditu ondotik deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatua izan, Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario bilakatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da, sarrera emanen zaio araubide horretan eta hark aurreikusten duen babesa izanen du.

Deialdi honetako lanposturako izendatzen den funtzionarioak, eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren gainean Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den araubidean lehendik kidetuta badago, aukeran izanen du bertan segitzea edo Gizarte Segurantzan kidetzea.

1.6. Izendatzen den izangaiak lantokia duen herrian berean bizi behar duenez, Iruñeko udal mugapean finkatuko du bere bizilekua.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.8. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honen 10 eta 11. arauetan xedaturikoarekin bat.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko adina ez izatea.

c) Herri lanetako ingeniari teknikoen titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

2.2. Hirugarren oinarrian xedatutakoa izan ezik, betebehar horiek hautaprobak gainditu eta lanpostu horretarako izendatzeko proposamenean azaltzen diren izangaiek frogatu beharko dituzte, deialdi honen zazpigarren oinarrian aurreikusitako epe eta moduan.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren erregistroetako batean aurkeztu beharko dira (Merkatuko kalea, 7-9; Zapateria kalea, 40; San Saturnino kalea, 2) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein baliatuz, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan eskura daiteke, edo interneten, www.pamplona.es webgunean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari Iruñeko Udalaren kontuan 18,50 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatzeko tasaren eta azterketa eskubideen ordain. Zuzenean ordaindu ahalko da edo bertzela transferentzia eginda, betiere Iruñeko Udalak finantza entitate hauetan dituen kontuetan: Nafarroako Kutxan (2054 0152 31 1100003684), Euskadiko Kutxan (3035 0039 34 0390900005) eta Nafarroako Rural Kutxan (3008 0001 14 1103447429) edo Udalaren diruzaintzan (Merkatuko kalea, 7-9, 2. solairua); kasu horretan ordainagirian agertuko dira, nahitaez, honako datu hauek:

_Izangaiaren izen-deiturak.

_NANa/IFZ.

_Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

_Kontzeptua: oposizioak.

_Deialdiaren xede den lanpostua.

Tasa ez bada ordaintzen, izangaia bazterturik geldituko da.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Epaimahaiburua: Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia, Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko zinegotzi delegatua.

_Ordezkoa: Jose Reyes Alcacer, Hiri Kontserbazioko Alorreko zuzendaria.

_Mahaikidea: Lucas Bernal Pampliega, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Obrak Kudeatzeko II. Bulegoko burua.

_Ordezkoa: Francisco Ruiz Urmendia, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Nafarroako Mendebaldea Zaintzeko Bulegoko burua.

_Mahaikidea: Félix Espinosa García, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Proiektuak Zuzendu eta Burutzeko Bulegoko burua.

_Ordezkoa: Luis Miguel Martín Gómez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Erdialde-Iparraldea Zaintzeko Bulegoa.

_Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatua.

_Batzordekide-idazkaria: Jesús Hernández Medrano, herri lanetako ingeniari teknikoa.

_Ordezkoa: Javier Barace Egaña, Hiri Kontserbazioko Alorreko idazkari teknikoa.

Hautaprobak egiten hasi aitzin eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoaren batean baldin badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa, gutxienez, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik 3 hilabete iragaten direnean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

_Lehenbiziko ariketa: teorikoa; II. eranskineko lehen zatitik zozketaz ateratzen diren bi gairen gainean idaztea, gehienez ere lau orduz.

_Bigarren ariketa: bi kasu praktiko argitu beharko dira, epaimahaiak proposatuak eta lanpostuarekin ikusteko dutenak, II. eranskineko gaien gainekoak.

_Hirugarren ariketa: teorikoa, II. eranskineko bigarren zatiko gaien artean bi gairen gaineko test moduko idatzia.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez 100 puntukoa izan daiteke, honela banatuak:

_Lehenbiziko ariketa: gehienez 40 puntu. Gai bakoitzean gehienez 20 puntuko balorazioa ematen ahal da.

_Bigarren ariketa: gehienez 40 puntu. Gai bakoitzean gehienez 20 puntuko balorazioa ematen ahal da.

_Hirugarren ariketa: gehienez 20 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Kanporaturik geldituko dira ariketa horietako batean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Nolanahi ere eta ariketa guztietan, bazterturik geldituko da edozein gai edo probatan 5 puntuko kalifikaziora iristen ez den izangaia.

6.5. Oposizioko lehen eta bigarren ariketak idatziz eginen dira eta izangaiek irakurriko dizkiote epaimahaiari jendaurreko ekitaldi batean.

6.6. Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gain, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bertzela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz onargarria den bertze nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak. Epaimahaiak ariketen irakurketara ezartzen duen egunean agertzen ez diren hautagaiak ere baztertuak izanen dira.

6.8. Hautapen probak egiteko, eskaera egin duten minusbaliatuentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautapen probak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean paratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, oposizioko probetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak baturik, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta ariketa egin den lekuan. Gero, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariari igorriko dio probak puntuaziorik altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena, arestian aipatu zerrendarekin eta espediente osoarekin batera.

Hautapen proben azken emaitzan berdinketarik izaten bada, oposizioaldiko ariketetan _hurrenez hurren eta ordena berean_ puntuaziorik altuena lortu dutenen alde ebatziko da.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Lehendakaritzako Alorrari:

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez den izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) Iruñeko Udaleko osasun zerbitzuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

g) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena.

i) Familia liburua, 2.1.a) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako bertze administrazio publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria beharko dute aurkeztu, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko den izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena. Igoera txandako izangaiak, eskabidearekin batera titulu hori aurkeztu baldin badute, hura ekartzetik salbuetsirik egonen dira.

b) Iruñeko Udalaren zerbitzuko herri lanetako ingeniari tekniko izendatzeko Lehendakaritzako Alorrak eskatzen duen dokumentazioa.

7.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Tokiko Gobernu Batzarrak 7.1 oinarrian aipatzen den zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko du utzitako hutsunea eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Lehendakaritza Alorrak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostu hutsetatik zein hautatzen duten. Bertzela, zerbitzuaren beharrak eraginda haien ordezkoak direnak, jakinaren gainean jarri ondotik.

8.2. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aurrean.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko ezgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aurretik.

Ezgaitasuna duten izangaiak badira, eta horrek lanpostu hutsetan aritzeko baldintzetan eragina badu, aukeratzen hasi aurretik, ezgaitasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gaineko txostenaren arabera.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak ebazpen baten bidez Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, herri lanetako ingeniari tekniko lanpostuan ari dadin, eta lanpostu hutsa berari esleituko dio.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Iruñeko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangairen bat funtzionario bilakatu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data hartan bertze administrazio publiko batean ari delako, dagokion lanpostu hutsa beteko da deialdiko 7.4 atalak agintzen duen bezala.

10._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek sortuko dira, Iruñeko Udaleko alor eta erakunde autonomo guztietarako balioko dutenak:

_Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

_Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

10.2. Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrendak.

Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiekin Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak zerrenda bat osatuko du, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko, deialdi honetako 10. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Halaber, zerrenda hori erakunde autonomoetako organo eskudunei igorriko die, aplikatzekoak diren arauei jarraikiz kudea dezaten.

10.3. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.

Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz, Lehendakaritzako Alorreko zuzendaritzak, aldi baterako kontratupean lan egiteko izangaien zerrenda bat osatuko du deialdi honetako azkenaurreko ariketa gainditu duten izangaiekin.

11._Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

11.1. Epaimahaiaren espedientea jasota, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azkenaurreko ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

_Deialdiaren 2. arauan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozesurako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hori, ukitutako langileen zerrendekin batera, argitara emanen da Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte, betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

11.2. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hautaprobek dirauteino eta kontratazioaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

11.3. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Lehendakaritzako Alorreko zuzendariaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, kasua bada, eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean argitaratuko (Merkatuko plaza, Udaletxearen gibeleko aldea):

a) Probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Deialdiaren azkenaurreko ariketa gainditu bai baina lanposturik gabeko gaindituen artean ez daudenen zerrenda.

11.4. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

12._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2007ko apirilaren 24an._Zinegotzi eta Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

Izena: ..................., adinez nagusia; NAN/nortasun agiria: ...............; jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............; jaiolekua (udalerria/probintzia): ......................., naziotasuna: ....................; egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............; telefonoa: ...........; laneko telefonoa: ...............

AZALTZEN DUT:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Bertze orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea eskatzen dudala Iruñeko herri lanetako ingeniari tekniko izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian, ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ................. egunean argitaratu zen hartan.

Datuen babesa._Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla baliatuko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatuko karrika, 7-9; 31001 Iruñea).

Iruñean, 200..ko .............aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

I. atala

1._Seinalizazioa eta balizamendua eremu publikoetako obretan, bereziki hiri lurzoruan badira.

2._Bidegurutzeak. Biribilguneak. Errotondak.

3._Sestra desberdineko pasaguneak. Egitura motak eta haien ezaugarriak. Haien tipologia eta errehabilitazioa.

4._Obra proiektuak prestatzea. Haiek osatzen dituzten agiriak. Obra baten aldiak, liziazioa egiten denetik behin betiko likidazioa bitarte.

5._Trafikoaren azterketak. Neurketak. Inkestak. Kopuruen azterketak.

6._Irisgarritasuna hiriko planeamenduan. Ororendako irisgarritasunari buruzko praktika egokiak. Irisgarritasunaren sustapena eta oztopo arkitektonikoen desagertzea. Herri mailako akordioak urrituen elkarteekin.

7._Ondare historiko-artistikoa, bereziki Iruñekoari dagokiona. Lehengoratze eta mantentze teknikak harresietan.

8._Eustormak. Mota desberdinen azalpena. Bakoitzaren ezaugarriak. Haien patologia.

9._Hirietako zoladura motak. Aipamen berezia Iruñerriko udal mugapean aurki daitezkeenei. Interes historiko-artistikoko eremuetako zoladurak.

10._Kalitate kontrola eta saiakuntzak, hormigoi, zoru eta zagorrekin. Saiakuntzak zoladurekin.

11._Lurraldeari buruzko informazio sistemak. GIS baten osagaiak. Eredu kartografikoa. Mota eta aplikazioak. Ikuskaritzako Gestio Osorako sistemak eta mantentze lanetako inbentarioa.

12._Lurraldeari buruzko informazio sistemak. GIS batekiko ezberdintasunak. Ezarpena. SITNA.

13._Trazadura geometrikoaren azterketa obra linealetan. Trazaduraren araudia.

14._Programazioa obretan. Gantt-en grafikoa. Planning-a. Pert metodoa. Bide kritikoa. Bertzelako metodo eta teknikak.

15._Drainatzea, luzeratakoa eta zeharkakoa, zoruen eta lurrazpikoen drainatzea.

16._Zouraren geruza pikordunak. Motak, materialak eta obran nola jarri.

17._Zelaiguneak. Motak eta ezaugarriak.

18._Lurrezko eta harrizko lubetak. Sailkapena, materialak eta haiek egitea.

19._Zelaitzeak. Zelaitu aurreko lanak. Egitea. Zelaitzeen kalitate kontrola.

20._Ezpondak: ezegonkortasun motak, faktoreak eta baldintzak. Ezponden egonkortzea. Eustea.

21._Zoruen hondatzea. Zoladuren azaletako ezaugarriak. Saiakuntzak eta ikuskatzeak. Auskultazio metodoak. Iruñeko zoruen patologiak.

22._Zoruen eta zoladuren zainketa eta mantentze lanak, errepideetan egin beharreko lan motak. Zaindu beharrekoak zehaztea. Zaintza mailak, zoruaren egoera eta zerbitzu indizea. Iruñeko errepideak neguan.

23._Zoruen mantentze lanak. Errefortzuen dimentsionamendua. Zoruen eta zoladuren berritzea, sendotzea eta moldatzea. Zoru zaharkituetatik heldu diren materialak berrerabiltzea. Birtziklatzeko sistema eragileak.

24._Nahaste bituminosoak (I). Osagaiak. Nahaste motak eta ezaugarriak.

25._Nahaste bituminosoak (I). Erabiltzea, egitea eta obran jartzea.

26._Hormigoizko zoladurak. Motak, obran nola jarri, kontrola, mantentze lanak. Zoladura horien patologien aipamen berezia.

27._Hormigoiak. Motak, ezaugarriak, fabrikazioa, arreta eta obran nola jarri.

28._Mugikortasuna. Definikoa. Hura aztertzeko kontuan hartu beharreko inguruabarrak. Egin litezkeen hobekuntzak hiri ingurunean.

29._Obra zuzendaritza. Prozedurak eta antolamendua, kalitatea, ekonomia, epeak, segurtasuna eta osasuna kontrolatzeko.

30. gaia._Obrak kontrolatu eta betearazteko teknikak. Kontrol sistemaren antolaketa. Egin beharreko jarduerak.

II. atala

1._Udal administrazioa. Udal organoak. Udal organoen eskumenak eta eskurantzak. Iruñeko Udalaren Erregelamendu Organikoa. Tokiko Gobernua modernizatzeko neurriak.

2._Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Diziplina araubidea.

3._Toki entitateen aurrekontuak. Printzipio orokorrak eta haien agiri osagarriak. Tokiko entitateen aurrekontua onesteko prozedurak. Aurrekontuaren betearazpena eta likidazioa. Iruñeko Udalaren aurrekontua betearazteko oinarriak.

4._Kontratu publikoak Nafarroan. (I). Administrazio publikoen kontratuetarako xedapen orokorrak. Esleitzea eta hartarako dauden jarduketak.

5._Kontratu publikoak Nafarroan. (II) Kontratuen betearazpena. Ordaintzea eta prezioak berrikustea. Kontratu motak. Obra kontratua.

6._Laneko arriskuei aurrea hartzea. Segurtasuna eta osasuna. Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legea garatzen duen erregelamendua. Segurtasun eta osasunaren gaineko gutieneko xedapenak kontratazioetan. Babesteko ekipoak. Zehaztasunak eta erabilpena. Segurtasunaren eta osasunaren gaineko xedapenak laneko bitartekoen erabileran. Segurtasunari eta osasunari buruzko proiektua. Laneko segurtasun eta osasun plana.

7._Oztopo fisikoak eta zentzumenezkoak Nafarroan. Alderdi orokorrak eta bereziak bai legean bai haren erregelamenduan. Ibilbide motak. Parametro normalizatuak. Sinbologia eta erreserbak.

8._Garapeneko planeamendua. Plan bateratuak. Plan partziala. Plan berezia. Sektorizazio planak. Xehetasun azterlana. Tramitazioa. Haien guztien edukiak.

9._Udalaren hirigintza planeamendua. Hirigintza antolamenduko determinazioak. Udalaren plan orokorra: helburua, motak, edukia eta tramitazioa.

10._Agindu teknikoen agirien egitura eta edukia, obra lineal bat eraikitzeko proiektua prestatzeko.

Oharra._Gai guztiak deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondotik onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L0707496