73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BARAÑAIN

Aldaketa Barañaingo udal lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2007ko urtarrilaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, legeak eskatzen duen quoruma zuela, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Barañaingo udal lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzea arautzen duen ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, erabaki hori 2007ko 25. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 26an, baita Udalaren iragarki oholean ere.

Jendaurreko epean alegazioak egin zitzaizkion hasiera batean onetsitako ordenantzaren testuari, eta epe hori iraganda, 2007ko apirilaren 26an egin osoko bilkura arruntean, Barañaingo Udalak alegazioak baietsi zituen. Horrenbertzez, alegazioetan eskatutako aldaketak egin ziren hasiera batean onetsitako ordenantzaren testuan.

Foru Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, behin betikoz onetsitako ordenantzaren testu osoa argitara ematen da. Erabaki hau administrazio xedapena da eta haren kontra ez da administrazio bideko errekurtsorik paratzen ahal, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 107.3 artikuluaren arabera. Hortaz, behin betiko onespen honi kontra egiteko bideak honakoak dira:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzea Nafarroako Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluaren babesean, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa paratzea Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina.

Barañainen, 2007ko apirilaren 26an_Alkate udalburua, Iosu Senosiain Ibáñez.

ERANSKINA

Barañaingo udal lokalen erabilera herritarren elkarteei lagatzea arautzen duen ordenantza

Elkarteek gaur egun berebiziko garrantzia dute herritarrei parte hartzeko bidea emanen dien gizarte demokratikoagoa eraikitzeko prozesuan, eta agizartearen aitzinamenduaren funtsezko eragileak dira.

Hortaz, beharrezkoa da herritarrek parte hartzea Barañaingo elkarte sarea osatzen duten herritarren entitate eta elkarteen bidez, komunitatearen gizarte eta kultur aberastasun zaindu eta areagotzeko eta, aldi berean, elkarteek ordezkatzen dituzten gizarte sektoreen arazoez arduratzeko.

Esparru horretan ari da Barañaingo Udala, elkarte sarea sustatzen, elkarteen beharrak asetzeko ahaleginean, Udalaren jabari publikoaren erabilera berezirako baimena emanez.

Interes sozialeko jarduera autokudeatuak sustatu nahi dira, beraz, borondatez eta dohainik lagaz udal titulartasuneko lokal eta ekipamenduak edo udal titulartasunekoak ez direnak, Udalak haien gain eskubideren bat baldin badu.

Araudi honen bitartez arauak eta bideak ezarri nahi dira Barañaingo irabazi asmorik gabeko gizarte entitateei egoitza soziala edo toki bat emateko, beren jarduerak egin ditzaten. Gainera, leku horiek elkarteetako kideen bilguneak eta Barañaingo bizilagun guztien erreferentzia guneak izanen dira.

Udal titulartasuneko ondasunak dira edo Udalak eskubideren bat du haien gain, eta herriko elkarte anitzek erabil litzakete. Beraz, Udalari bakarrik dagokio lagapenen onuradunak nor izan daitezkeen erabakitzea, irizpide objektiboak erabiliz eta zenbaterainoko lekua dagoen kontuan hartuz.

Barañaingo Udalak du antolaketarako neurri eta arau oinarrizkoak ezartzeko ahalmena, une bakoitzean lokalak erabiltzen dituzten entitateen autonomia ukatu gabe.

Lagapen guztiak, nolanahikoak izanik ere, Udalaren eta lagapen hartzaileen artean ardurak partekatzeko printzipioak zuzenduko ditu betiere.

I. TITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra ezartzea udal lokalen erabilera lagatzeko hala eskatzen duten elkarteei.

2. Erabileraren lagapenaren xedea da gizarte entitateei beren jarduerak egiteko eta beren xede estatutarioak erdiesteko tokia ematea da, betiere egonkortasuna eta jarraitasuna helburu.

3. Unean uneko beharrak asetzen dituzten aldi baterako lagapenak ordenantza honen eremutik kanpo daude, udal baimen egokiaren bidez arautuko baitira, eta berariazko araudia duten higiezin edo ekipamenduen lagapenak ere bai.

2. artikulua. Lagako diren lokalak.

Barañaingo Udalak udal lokalak lagako dizkie, jabetzarik gabe, eskaera egiten duten herriko elkarteei, hala behar badu eta ahal duen heinean. Lokal horiek ondareko ondasunak izanen dira eta aitzinetik zehaztuak.

3. artikulua. Ordenantza honi heldu ahal dioten entitateak.

1. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean legez eratutako elkarteek udal lokala eskatu ahal izanen dute beren xede sozialari lotutako jardueretarako; ezinbertzeko baldintza izanen da elkarte interesduna irabazteko asmorik gabea izatea eta izen emana egotea Nafarroako Foru Komunitateko erregistro egokian eta, hala behar badu, Barañaingo Elkarteen Udal Erregistroan.

2. Elkarteak irabazteko asmorik ez duela ulertuko da estatutuetan hala adierazten denean eta elkarteak inolako jarduera ekonomikorik ez duenean, edo jarduera ekonomikoaren helburu bakarra estatutuetan ezarritako interes orokorreko xedeak betetzea denean, bazkideen edo hirugarrenen artean inolako irabazirik banatu gabe, ez zuzenean ez zeharka.

3. Betiere, Udalak lagapenerako lehentasuna bermatuko die herritarrendako zerbitzuak eta laguntza ematea xede duten entitateei, eta erabileraren helburua honako hau dutenak:

_Hezkuntza zerbitzuak gaztelaniaz eta/edo euskaraz.

_Honelako gizarte arazoendako aurreneurriak edo laguntza bideratzea:

-Aukera berdintasuna.

-Gizarte bazterketaren aurkako borroka.

-Ezgaitasunak.

-Droga kontsumoa.

-Inmigrazioa.

-Balioen eta arduren garapena haurtzaroan eta/edo gaztaroan.

-Zahartzaroa.

-Gizarte eta osasun arloan diharduen bertze edozein.

_Kulturako eta/edo aisia eta astialdiko bertze proiektu batzuk, interes orokorrekoak.

4. Esleitzeko irizpide gisa, lokalaren zertarakoa ez ezik, kontuan hartuko da zenbat denboraz erabiliko den (egunero, astean behin, hamabortzean behin...), zenbat izan daitezkeen zerbitzuaren onuradunak, elkarteak zenbat urte dituen herrian kokatuta eta bertako jardueretan parte hartzen, eta bertze irizpide tekniko batzuk, beharrezkotzat jotzen direnak.

4. artikulua. Eskabideak.

Elkarteek idatziz eskatuko diote Udalari lokal baten lagapena, Herritarren Partaidetzaren Alorrak tramiteak erraztu eta arindu beharrez prestatuko duen ereduan. Idatzi horretan, bertzeak bertze, lokal horretan garatuko diren jarduera eta zerbitzuen urteko proiektua eta zein diren ordutegiak, partaideak eta jarduerak azalduko dira. Eredua eraginkorra izan aitzin, Herritarren Partaidetzaren Informazio Batzordeak aztertuko du.

Udaleko Herritarren Partaidetzaren Alorrak eskabideak aztertuko ditu. Eskura dauden ekipamenduak kontuan hartuta, txostena idatziko du eta hartan proposamena eginen.

5. artikulua. Lagapena.

1. Eskabidea azterturik, Herritarren Partaidetzaren Batzordeak Udalbatzari osoko bilkuran erabaki bat hartzeko proposatuko dio, eta haren bidez gizarte entitate interesdunari baimena emanen zaio ordenantza honen xede diren higiezin edo ekipamenduak erabiltzeko, ondasunaren izaeraren arabera, ordenantza honen 3. artikuluari jarraituz.

2. Behin osoko bilkuran onetsirik, Herritarren Partaidetzaren Batzordeak erabilpena lagatzeko erabakia prestatu du, Tokiko Gobernu Batzarrak onets dezan. Delako erabakian zehatz adieraziko da zertarako erabiliko diren ondasunak, eta egokitzat jotzen diren baldintza, muga eta berme guztiak ezarriko dira. Horietakoren bat hausteak ondasuna erabiltzeko lagapena galtzea ekarriko du. Arau orokor gisa, erabilera urtebeterako lagako da eta epea luzatu ahal izanen da 5 urte iragan arte. Epe hori iraganik, erabilera berriz laga ahal izanen da, elkarteak lehengo baldintzei eusten badie, baina lagapenaren baldintzak berrikusi eginen dira. Luzapenak berez etorriko dira, ordenantza honen 20. artikuluan iraungitzeko zehazten diren arrazoietariko bat suertatu ezean.

3. Erabakiari ondasun higigarrien inbentarioa erantsiko zaio, horien erabilera ere lagatzen bada.

4. Erabakiak espresuki aipatuko ditu Udalak elkarteari lankidetzaren inguruan eskatzen dizkion konpromisoak, onura publikoko eta interes sozialeko helburuak betetzeko. Horiek bizilagunei on eginen diete eta betetzen ez badira ondasunak bertzerik gabe itzuliko zaizkio Udalari.

6. artikulua. Betebeharrak.

1. Lokal baten erabilera lagatzen zaion elkarteak ordenantza honetako xedapen eta arauak bete beharko ditu, baita Tokiko Gobernu Batzarraren erabakian ageri direnak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta gure antolamendu juridikoan aldi bakoitzean indarra duten gainerako araudietan ezarritako guztiak ere.

2. Urte natural bakoitzaren hasieran elkarte esleipen hartzaileak proiektu berri bat aurkeztuko dio Udalari. Udalak, burokrazia eragotzi beharrez, inprimaki estandarra prestatuko du, laburra, eta hura urteroko urtarrilean igorriko, herritarren elkarte eta entitateek urte horretako plangintzan sartutako jardueren aurkezpena errazteko.

II. TITULUA

Lokalak erabiltzeko arau orokorrak

7. artikulua. Erabilerak.

1. Erabilera esklusiborako lagatzen diren tokiak bere eginkizun edo jardueretarako erabili ahal izanen ditu entitate onuradunak, estatutuetan ezarrita dituen helburuei jarraituz. Lagapen erabakian edo baimenean gai hori zehatzago arautu ahal izanen da, hala behar duten puntuetan.

2. Lokal bat entitate bakar bati lagatzen ahal zaio, edo hainbat entitateri, batera erabil dezaten, eskura diren baliabideen ariora eta kontuan harturik jarduera mota zein den.

3. Lagatzeko erabakian lokala zertarako erabiliko den zehaztuko da: bilkurak, biltegia, bulegoa, etab. Biltegitako erabiliz gero, bertzelako tratamendua emanen zaie.

4. Aurrekoez bertzelako erabilera guztiak Barañaingo Udalak baimendu beharko ditu.

8. artikulua. Mantentzea.

1. Elkarteek behar bezala zaindu behar dituzte erabilera esklusiboko tokiak, erabilera orokorrekoak eta higiezin osoa, baita altzariak ere. Elkartekide edo erabiltzaileek ekintzaz edo axolagabekeriaz eragiten dituzten kalteen erantzuleak elkarteak izanen dira, eta lehenbailehen konpondu beharko dituzte kalteak beren kontura, Udalari baimena eskatu eta gero. Atal hau ez da aplikatuko erabiliaren erabiliaz edo ustekabekoen ondorioz lokala hondatzen denean, entitate onuradunak errurik izan gabe.

2. Entitate onuradunen egitekoa izanen da lagatako ondasun higigarriak mantendu eta konpontzea. Garbitasuna eta ordena zainduko dituzte. Egunero lokala erabili ondotik garbitu eginen dute eta altzari eta tresnak ordenatuko dituzte, zenbait elkartek batera erabiliz gero higiezina erabiltzeko baldintza hoberenetan dagoela bermatu beharko baitute.

Udalaren nahiz elkarteen gogoa da lokalak ahalik eta hobekien mantendu eta zaintzea, eta hori aldeko irizpidea izanen da lokalaren erabilera laga eta berritzeko tenorean.

3. Elkarte batek bakarrik erabiltzeko lagatzen diren lokaletan, elkarte onuradunak ordainduko ditu bere jarduerarako behar dituen argindarra, ura, gasa, berokuntza eta garbiketa. Telefono finkoa, haren alta eta ordainketa elkartearen kontura izanen dira, baita behar diren baimenen tramitazioa ere.

4. Zenbait elkartek batera erabiltzen dituzten lokaletan, Udalak jarriko ditu hornidura horiek. Gastuak elkarte esleipen hartzaileen artean banatuko da bakoitzareen erabilpenaren ariora. Zenbaiten arteko lokal horien garbiketa elkarteen kontura izanen da. Elkarte bakoitzak ordena eta garbitasuna zainduko ditu, bertze elkarteek ere lokala erabili ahal dezaten.

5. Erabilera laga ondoan, Udalak elkarte bakoitzaren zuzendaritza batzordeari emanen dizkie lokalak ireki eta ixteko giltzak. Elkartearen zuzendaritza batzordeak izanen du giltza horiek behar bezala gorde eta erabilitzeko ardura. Lagapen epea bururatuta, zuzendaritza batzordeak Udalari itzuliko dizkio bere esku dituen giltza guztiak.

9. artikulua. Ordutegiak.

1. Bakarko erabilera.

Lokala elkarte bakar bati lagatzen zaionean, elkarteak nahi duen ordutegia ezarri ahal izanen du lokala ireki eta ixteko. Ordutegia betiere bateragarria izanen da indarra duen araudiarekin, eta lokala zabalik egonen da astean hogei orduz, gutxienez, bortz egunetan edo gehiagotan banatuta.

Erabiltzeko orduen kopurua lagatzeko erabakian zehaztuko da, kontuan harturik bulegoa edo biltegia den.

Lokaletan eskola umeak edukitzen dituzten elkarteak eskola orduetan haur eta gaztetxo horiek ikastetxean egon daitezen arduratuko dira eta lokaletan egon edo sartzea debekatuko diete.

2. Zenbaiten arteko erabilera.

a) Lokal bat zenbait elkarteren artean erabiltzeko lagatzen denean, lagatzeko erabakietan zehaztuko da zein egun eta ordutan erabili ahal izanen duen lokala elkarte bakoitzak.

b) Herritar guztientzat irekitzen diren zentroak direnean, Barañaingo Udalak askatasunez ezarriko du zentroa irekitzeko ordutegia.

c) Entitate bati lokala erabiltzeko esleitzen zaion ordutegia eta tokia edonorentzat irekita dagoen ordutegia bat ez badatoz, entitateak lokala erabili ahal izanen du, baina lokaleko atea itxi beharko du sartu eta atera ondoan.

d) Ekipamenduak erabiltzeko egunak eta orduak banatu aitzin kontsulta eginen zaie ukitutako elkarte guztiei.

3. Nolanahi ere, beranduenera astegunetan 22:00etan itxiko da eta asteburuetan 24:00etan.

Salbuespenez, aipatu epean ordutegia luzatzea aztertuko da baita, hala behar badu, baimendu ere, betiere elkarteek ordutegia luzatzea justifikatzen duen programazioa aurkeztuz gero. Tokiko Gobernu Batzarrak eman beharko du baimen hori, dagokion udal batzordeari entzunda.

10. artikulua. Toki partekatuak.

Zenbait entitatek partekatzen dituzten lokaletan, Barañaingo Udalak zehaztuko du, Herritarren Partaidetzaren Alorraren bitartez, zein diren zentro bakoitzean guztiek erabiltzeko tokiak eta zertarako eta nola erabil daitezkeen. Konparaziorako: iragarki ohola, atezaindegia edo gisakoak.

11. artikulua. Jarduera baimendu gabeak.

Lagatako lokalaren barnean, elkartearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da pertsonen berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik egin. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu joera eta gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta gizabanako edo taldeei bereizkeria egitea.

Debeku da lagatzeko erabakien bidez jasotzen diren lokalak elkartearen estatutuetan ageri ez diren jarduera ekonomikoetarako erabiltzea, bereziki jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri edo arriskutsuetarako. Instalazioetan ez da ostatu zerbitzurik izaten ahal.

Ezin da paper, kartoi eta material sukoirik pilatu, erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jarriko litzatekeelako. Lokal guztietan Larrialdi eta Suteetarako Plana eduki behar da. Udalak eginen du, kasuan kasuko elkartearekin lankidetzan.

12. artikulua. Obrak.

1. Barañaingo Udalak aldez aurretik baimena eman ezean, entitate onuradunek ezin izanen dute inolako obra edo jarduketarik egin erabilera esklusiborako lagatako tokian, ez ondasun higigarrietan, ezta, oro har, higiezin osoan ere.

2. Obra edo jarduketak ondasun higiezinaren mesedetan eginen dira eta haiengatik ez da inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasoko.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatian xedatua urratzen bada, Udalak lokalaren erabilera elkarteari lagatzeko erabakia ezeztatu ahal izanen du, edota ondasuna lehengoratzeko agindu, eta elkarteak ez du eskubiderik izanen kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko. Elkarteak egin ezean, haren ordez Udalak egin ahal izanen ditu lehengoratze obrak eta elkarteak ordaindu beharko du kostua. Ondasuna lehengoratzerik ez badago, hondatuko litzatekeelako, kalteen eragileak kalte-ordaina eman beharko du.

13. artikulua. Erantzukizun zibila eta fidantza.

1. Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako tokietan bere kide eta erabiltzaileek ekintzaz edo omisioz, doloz edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte eta galerengatik. Udala ere hirugarrena izanen da.

2. Entitate bakoitzak aseguru poliza bat eduki beharko du, erantzukizun zibilerako eta higiezinean eragin litezkeen kalteetarako. Erabilera lagatzeko erabakian zehaztuko da polizak gutxienez zenbateko balioa aseguratu behar duen, kontuan izanik lokalaren erabilera, elkartekideen kopurua, higiezinaren balioa eta bertze alderdi objektibo batzuk.

Udalak eraikinaren gaineko asegurua du, eta hartan jasotzen da hari egiten ahal zaizkion kalteen erantzukizun zibila.

Elkarteek, berriz, berea duten edukia aseguratuko dute, beren material eta ondasunak bermatzeko, beharrezkotzat jotzen badute. Edukiaren gaineko aseguririk ez bada, Udalak ez du bere gain hartuko harekin gertatzen ahal den galera, ebasketa edo kalterik.

Elkarteen erantzun zibileko asegurua Udalarenaren osagarria izanen da. Elkarteek ordainagaria erakutsi beharko dio Udalari.

3. Elkarte onuradunak behar bezala frogatu beharko du aseguru poliza ordaindu duela. Barañaingo Udaleko Herritarren Partaidetzaren Alorreko zerbitzu teknikoek noiznahi eskatu ahal izanen dizkiote ordainagiriak.

4. Udalak fidantza eskatu ahal izanen du, legez onartutako moduetatik edozeinetan, 14. artikuluan erabileraren gainean ematen diren arau orokorrak betetzen ez ote diren. Fidantza horrek bermatuko du Udalaren eraikin, lokal eta instalazioak ongi erabiltzeko eta lagapenaren aurreko uneko egoerara lehengoratzeko betebeharrak zuzen betetzen direla. Bermea izanen da, halaber, lagatako eraikin, lokal eta instalazioetan egiazki gertatzen diren kalte eta galeretan, erabiltzaileek erantzun dezaten. Horretaz gain, ordenantza honen aplikazioaren ondorioz ezartzen diren zehapenak ordaintzeko erabiltzen ahalko da. Fidantzaren zenbatekoa Tokiko Gobernu Batzarrak zehaztuko du, aplikatu behar den araudiari jarraituz.

III. TITULUA

Elkarte eta entitateen betebeharrak. Betetzearen kontrola

14. artikulua. Betebeharrak.

Herritarren elkarte eta entitate guztiek ordenantza honetako arau orokorrak bete behar dituzte, eta zehazki:

a) Lagapen erabakian ezarritako ordutegiak edo Barañaingo Udalak baimentzen dizkienak errespetatu behar dituzte.

b) Lagatako tokia beren xedeetarako erabili behar dute eta, beraz, beren jarduera-programa betetzeko, eta lagapen erabakian ezartzen edo Udalak baimentzen dituen helburuetarako.

c) Lokalean ez dute inola ere hirugarrenen publizitate komertzialik eginen, Udalaren baimena izan ezean. Publizitatetzat joko da zerbitzu eta/edo ondasun higigarri nahiz higiezinen salerosketa edo kontratazioa zuzenean edo zeharka eragin edo sustatzea xede duen komunikazio mota oro.

d) Lokala erabiltzen duten bertze entitate edo elkarteei esleitutako tokiak errespetatu behar dituzte, haien jardueretan trabarik egin gabe.

e) Guztiek erabiltzeko tokien helburua eta xedea errespetatuko dituzte.

f) Lokalak erabiltzen dituzten orduetan ez diete eragozpenik sortuko auzokoei eta ez dute inguruko lasaitasuna hautsiko. Horretarako, indarra duen araudian ezarritako neurriak hartuko dituzte.

g) Erabiltzeko lagatzen zaizkien tokiak egoera onean edukiko dituzte osasungarritasun eta higienearen aldetik.

h) Lokaleko giltzak zainduko dituzte eta zentroa itxiko dute, erabiltzen azkenak badira, salbu eta lagapen erabakian bertzerik xedatzen denean. Gainera, lagatako tokiak behar bezala erabil daitezen begiratuko dute, erabiltzaileak zainduz eta kontrolatuz.

i) Esleitu zaien tokiaren erabilera ez diote inori lagako ez osorik ez zati batean, elkarteko kidea izan ala ez.

j) Jendearendako zabalik dauden lokaletan, funtzionamendu orduetan, ez diote inori sarrera galaraziko bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu joeragatik edo bertze edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

k) Gertatzen diren gorabehera edo arazoen berri emanen diote Barañaingo Udalari, eta larrialdiak berehala jakinaraziko dizkiote.

l) Erabilera lagatzeko erabakia iraungi edo ezeztatuz gero, tokiak eta ondasunak Barañaingo Udalari itzuliko dizkiote lehengo hartan, erabileraren ondoriozko higadura salbu.

m) Uneoro Udalari jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen utziko diote, ordenantza hau, indarra duten arauak eta erabilera lagatzeko edo baimentzeko erabakia betetzen diren begiratu ahal dezan. Leku guztietara sartzen utziko diote eta eskatzen dituen informazioa eta agiriak emanen dizkiote.

15. artikulua. Betebeharrak betearazteko kontrolaren araubidea.

Lokalak erabiltzen dituzten entitateen arau-haustetzat joko dira:

a) Udalaren baimenik gabe udal eraikin eta lokalak hartzea.

b) Baimenduta hartu den lokal edo gela egunero garbi ez edukitzea ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako ondasun higigarrietan kalteak egitea.

d) Erabiltzen diren eraikin edo lokaletako giltzen kopiak egitea alkatearen baimenik izan gabe.

e) Erabili diren eraikin eta lokaletatik behin betikoz alde egiten denean giltzak berehala ez itzultzea.

f) Ordenantza honen kontrako gainerako arau-hauste guztiak.

g) Eskola ordutegian, 16 urtetik beheitiko bati lokalean sartzera uztea.

16. artikulua. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

_Arau-hauste arinak aitzineko artikuluko b, e eta f letretan agertu direnak dira.

_Arau-hauste larriak aitzineko artikuluko c, g eta d letretan agertu direnak dira.

_Arau-hauste larriak aitzineko artikuluko a letran agertu direnak dira.

17. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinengatik, 100dik 500 euro bitarteko isuna.

b) Larriengatik, 501etik 1000 euro bitarteko isuna.

c) Oso larriengatik, 1001etik 1800 euro bitarteko isuna.

Urte berean bi arau-hauste arin egitea arau-hauste larritzat joko da. Urte berean bi arau-hauste larri edo bi arin eta larri bat egitea arau-hauste oso larritzat joko da. Bi arau-hauste oso larri egiteak lagapena ezeztatzea ekarriko du.

Zehapenak ezartzeko eskumena duen organoa Udalbatza izanen da, osoko bilkuran, Tokiko Gobernu Batzarrak proposatuta. Zehapena ezartzeaz gainera kalte-galeren ordaina eskatuko da, bidezkoa denean.

IV. TITULUA

Udalaren ahalmenak eta betebeharrak

18. artikulua. Barañaingo Udalak noiznahi ikuskatu ahal izanen ditu lagatako lokalak. Ikuskapenaren ondorioz, entitate onuradunaren ez-betetze larri edo oso larriren bat agerian gelditzen bada, Udalak zilegi izanen du arauak betetzeko eskatzea edo lokalak erabiltzeko lagapena edo baimena ezeztatzea.

19. artikulua. Barañaingo Udalak betebehar hauek ditu:

a) Ordenantza honetatik eta indarra duen legeriatik sortzen direnak.

b) Lokaletan guztiek erabiltzen dituzten tokiak egoera onean edukitzea osasungarritasun eta higienearen aldetik.

c) Barañaingo Udalari dagozkio egiturazko mantentze lanak, hau da, eraikinaren egitura, fatxadak eta estalkiak eta kanpoaldeko zerbitzu-harguneak mantentzeko konponketak eta berrikuntzak, baldin eta lokalaren erabilera arrunt eta ohikoaren ondoriozkoak badira. Halaber Udalari dagokio ur, argi, berokuntza eta gas horniduretarako loturak egitea.

V. TITULUA

Erabileraren lagapena iraungitzeko arrazoiak

20. artikulua. Udalak jabetzarik gabe lagako ditu ordenantza honen xede diren lokalak. Jabetzarik gabeko lagapena Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki arrazoituaren bidez amaituko da. Udalak entitate onuradunari bi hilabeteko epea emanen dio lokala itzultzeko, behar den errekerimendua eginez.

Lagatzeko erabakia arrazoi hauengatik iraungi daiteke:

a) Hasieran ezarritako epea edo horren luzapenak amaituta.

b) Bi alderdiak ados jarrita.

c) Entitateak uko egiten dielako lagatako lokalei, edo ez dituelako benetan erabiltzen.

d) Lagapen erabakian onartu ez diren edo ordenantza honekin bat ez datozen jarduerak, zerbitzuak edo bertzelakoak, batez ere, partikularrei irabaziak dakarzkieten jarduera ekonomikoak, etengabe egiten direlako edo horiek bakarrik egiten direlako.

e) Entitatea desegin delako.

f) Lokalaren beharra dagoelako, behar adina arrazoitua, bertze zerbitzu publiko batzuk egiteko.

g) Betiere, ordenantza honen 15. artikuluko arau-hauste oso larri bat, bi arau-hauste larri baino gehiago eta sei arau-hauste arin errepikatzeagatik.

21. artikulua. Arrazoi horietako batengatik erabileraren lagapena iraungitzen denean, entitate edo elkarteak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik biltzeko.

22. artikulua. Erabilera lagatzeko erabakia suntsitu edo iraungi ondotik, elkarteak, 15 egun natural iragan aitzin, berriz ere Barañaingo Udalaren esku jarri beharko ditu lagatako tokia eta ondasunak. Hala egin ezean, atzerapenak ekar ditzakeen kalte-galeren erantzulea izanen da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza hau onestean Udalaren lokal, eraikin edo instalazioak erabiltzen ari diren entitateek, unean uneko edo behin-behineko beharretarako ez badira, erabiltzen ari diren lokalaren erabilera lagatzeko eskabide berria aurkeztu beharko dute 2 hilabeteko epean, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita; gero, ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Lagapenari buruz 6. artikuluan xedatutakoari dagokionez, Udalbatzaren osoko bilkurak Tokiko Gobernu Batzarraren esku utzi ditu ordenantza honetan aipatzen diren lokalen erabilera bortz urtetik beherako epeetarako lagatzeko ebazpenak. Halakoetan Udaleko organo horrek ebatziko du, Herritarren Partaidetzaren Alorrak proposaturik.

Iragarkiaren kodea: L0707055