73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

738/2007 EBAZPENA, maiaren 14koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetako Doktoretzako Aparteko Sarien deialdia onesten duena.

Ikusirik Hirugarren Zikloko Ikasketak, Sarbidea, Bekak eta Tituluak Ataleko buruaren proposamena, eta ontzat eman dutenez Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuko zuzendariak eta Ikerketarako errektoreordeak.

Esleitutako diru-kopuru nahikoa badenez.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez.

EBATZI DUT:

Lehenengo._2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetako Doktoretzako Aparteko Sarien deialdia onestea. Eranskinean jasotako oinarriei jarraituko zaie.

Bigarren._Baimena ematea 3000,00 euro-ko gastua egiteko, 2007ko gastuen aurrekontuaren Doktoretza ikastaroak izeneko 31/31.00/229.01 kontu-sailaren kargura.

Hirugarren._Ebazpen hau Ikerketarako errektoreari bidaltzea, baita kontuhartzaileari ere, eta Hirugarren Zikloko Ikasketen eta Tituluen Bulegoko buruari, berak bulego horretatik jakinaraz diezaien sailen Doktoretza Batzordeetako buruei.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta interesdunak, nahi badu, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 14an._Errektorea, Pedro Burillo López.

738/2007 EBAZPENAREN ERANSKINA

Doktoretzako aparteko sariak emateko deialdia 2002/2003 eta 2003/2004 Ikasturteak

Deialdia egin da 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetako Doktoretzako Aparteko Sariak emateko.

Alor hauetako bakoitzean defenditutako hogei doktoretza tesietatik bati (edo hogeiko zatikiari) emango zaio saria:

Ingeniaritza eta Teknologia.

Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak.

Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak.

Giza eta Gizarte Zientziak.

Nahikoa izango da izangai bakarra Batzordeak Aparteko Saria merezi ote duen epaitzeko.

Saria ziurtatzen duen diploma eta 200 euro jasoko dituzte sarituek.

Emandako Aparteko Sariaren aipamena saritutako doktore bakoitzaren irakaskuntza espedientean agertuko da, bai eta bakoitzari ematen zaion Doktore Tituluan ere.

Izangaiak

2002ko urriaren 1etik 2004k irailaren 30era bitartean Nafarroako Unibertsitate Publikoan Doktoretza Tesia defenditu, eta aho batez bikain cum laude kalifikazioa izan duten doktore guztiek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan.

Epaimahaien osaera

Arlo bakoitzerako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Batzordeak epaimahai bana osatuko du, eta dagokien arloetan entzute handia duten doktoreek osatuko dituzte epaimahai horiek. Epaimahaietan ezin izango dute parte hartu ez sarigai bakoitzaren tutoreak, ez eta sarigaiak egin duen tesiaren zuzendariak edo zuzendariek ere.

Sail bakoitzari eskatuko zaio proposa ditzan, epaimahaietan parte hartzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle bat, eta beste bat beste unibertsitate edota ikerketa zentro batekoa, biak ere bi ikerketa-tarte edo gehiagorekin. Proposamenarekin batera, Sailek irakasle horien curriculum vitae laburtua aurkeztuko dute. Alor bakoitzean proposatutakoen artean, Doktoretza Batzordeak epaimahaietako titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu.

Hautatzeko irizpideak

Tesia epaituko duten epaimahaiek aurkeztutako lanen kalitatea bermatzen duten irizpide hauek erabiliko dituzte nagusiki:

_Doktoretza Tesian erdietsitako helburu edo ondorio nagusiak.

_Berritasun maila gaiaren aurreko egoerari begira.

_Izangaiaren argitalpenak eta patenteak, tesiaren gaiarekin zerikusi zuzena dutenak. Kontuan hartuko dira, halaber, onartu eta argitaratzeko zain daudenak.

_Beste egile batzuen erreferentziak, lanak argitaratu dituzten aldizkarien eragina, argitaratutako iritziak.

_Doktoretza Tesi bakoitza epaitu duten epaimahaikideek beren txosten konfidenzialetan adierazi beharko dute tesiak Aparteko Saria merezi duela.

Epaimahaiek eman gabe utzi ahal izango dituzte sariak, eta emanez gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Batzordeari jakinaraziko dizkiote sari proposamenak.

Eskaerak aurkezteko epea eta tokia

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik aurrera, eta aurkezteko tokia Unibertsitateko Hirugarren Zikloko Ikasketen eta Tituluen Bulegoa, 8:30etik 14:30era bitartean. Eskaera aurkezteak berarekin dakar deialdiaren oinarriak onartzea.

Halabeharrez dokumentu hauek aurkeztuko dira:

_Eskaera inprimaki normalizatuan, Sarbidearen eta Beken Atalean jaso eta bertan aurkeztuko dena.

_Curriculum Vitae-a.

_Gehienez ere hamar orrialdeetako memoria baten hiru ale, zeinak puntu hauek eduki behar baititu, halabeharrez:

_Tesiaren laburpena.

_Erdietsitako helburu edo ondorio nagusiak.

_Berritasun maila gaiaren aurreko egoerari begira.

_Izangaiaren argitalpenak eta patenteak, tesiaren gaiarekin zerikusi zuzena dutenak. Kontuan hartuko dira, halaber, onartu eta argitaratzeko zain daudenak.

_Lanaren kalitatea bermatzen duten kalitate irizpideak: beste egile batzuen erreferentziak, lanak argitaratu dituen aldizkarien eragina, eta abar.

_Lehenago aipatutako argitalpenen separatak.

Argitaratzea

Deialdi hau eta bere oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira, eta gainerako egintzen berri Tituluen eta Hirugarren Zikloko Bulegoko iragarki-oholean emango da (Administrazio eta Kudeaketa eraikinean).

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean ere emango da horren berri.

Egutegia

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Batzordeak prestatuko du jardueren egutegia, eta hori aipatutako Tituluen eta Hirugarren Zikloko Bulegoko iragarki-oholean jarriko da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean deialdia argitara eman, eta, gehienez ere, 10 eguneko epean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web gunean ere emango da horren berri.

Ebazpena

Sariak Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpenaren bidez emango dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu, eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.

Ebazpena Tituluen eta Hirugarren Zikloko Bulegoko iragarki-oholean jartzea izango da izangaiei jakinarazpena egiteko egintza formala.

Iragarkiaren kodea: F0709051