73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1463/2007 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, "Gas naturala banatzeko sarea Artaxoako herrigunean" instalazio proiekturako administrazio baimena eman eta haren onura publikoa onartzen duena.

Gas Navarra, S.A. enpresak 2004ko otsailaren 26an aurretiko administrazio-baimena eskatu zuen, Artaxoako herrigunean gas natural kanalizatua banatzeko proiektua aurkeztuta. Proiektuak Artaxoako udal mugapea ukitzen du.

Eskaera hori jendaurrean jarri zen iragarkia paratuz 2004ko 62. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 24koan, eta "Diario de Navarra" nahiz "Diario de Noticias" egunkarietan 2007ko martxoaren 13an, bai eta Artaxoako Udalaren iragarki oholean ere. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak uztailaren 28an emandako 1115/2004 Ebazpenaren bidez, Artaxoako udal mugapean gas naturala banatzeko aurretiko administrazio-baimena eman zitzaion enpresa eskatzaileari.

Gas Navarra, S.A. enpresak 2007ko apirilaren 27an aurretiko administrazio-baimena eskatu zuen, Artaxoako udal mugapean gas natural kanalizatua banatzeko proiektua aurkeztuta. Hurrengo hauek dira proiektuaren oinarrizko datuak:

Egun dagoen sarearekiko lotura Gas Natural SDG S.A.k Gas Navarra S.A.ri uzteko puntu batean eginen da. Hortik, PE 160ko adar bat abiatuko da, Gesaleko eta Sierrako bideetatik joanen dena Artaxoako herrigunearen inguruetara iritsi arte. Eremu horretan ERM APA/MPA bat instalatuko da, eta hortik abiatuko da MPAko banaketa sarea. Adar nagusia PE 200ean izanen du abiapuntua eta Kale Nagusitik joanen da Madre Pilar Zabalegui etorbidearen bidegurutzeraino, bertan zenbait adar nagusietan banatuko da eta hortik abiatuko da bigarren mailako banaketa sarea.

Egin beharreko sarea, guztira, 8.111 m.l.koa da. Banaketa sarearen diseinuaren presioa 0,4 bar-ekoa da eta tenperatura 15 °C-ekoa, aurreikusitako gehieneko emaria 1.000 N m³/h-koa eta gasaren gehieneko abiadura 20 m/seg-koa.

Aurrekontuak zazpiehun eta hirurogeita hemezortzi mila eta laurogeita bat euro eta berrogeita bost zentimo egiten du (778.081,45 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Gas Navarra, S.A. enpresak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Gas naturala banatzeko sarea Artaxoako herrigunean" proiektua onestea eta Gas Navarra, S.A. enpresari proiektu horren instalazioak egiteko administrazio baimena ematea.

2. Baimenduriko instalazioen onura publikoa deklaratzea nahitaez desjabetzearren eta bide zortasuna ezartzearren.

3. Administrazioaren baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Enpresak bi hilabeteko epean 15.561,63 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren %2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko. Bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da eta instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan itzuliko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan ezarritakoa beteko da. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraituko zaio.

Laugarrena._Enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, baimen honen eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Bosgarrena._Gas Navarra, S.A.k abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu, banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez arautzen dira gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, baita instalazioak baimentzeko prozedurak ere.

Seigarrena._Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Zazpigarrena._Administrazio-baimenaren titularra beharturik dago beste batzuk gas naturaleko sarera lotzeko kontratuak egitera, abuztuaren 3ko 949/2001 Errege Dekretuan, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean, haren aldaketetan eta hura garatzen duten gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

Zortzigarrena._Instalazioak eraiki eta gero, Industria Segurtasuneko Zerbitzuak ikuskatuko ditu lanak eta muntatzeak eta, horiek bukatutakoan, eta obra-bukaeraren ziurtagiria _eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia_ kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko izaera orokor nahiz partzialeko ikuskapen, saio eta proben berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Bederatzigarrena._Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko eran eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan,Zuzendaritza Nagusi horrek baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

4. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A. enpresari jakinaraztea (Antso Azkarra etorbideko 26, behea, 31008 Iruña), administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 16an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: F0708394