73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

66/2007 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, graduatu ondoko titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak 2007-2008 ikasturtetik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezartzeko baimena ematen duena.

Urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren 4. eta 5. artikuluek graduatu ondoko planen prestaketa eta onespena arautzen dute, hurrenez hurren. Horretarako, dekretuak ezartzen du graduatu ondoko programen prestaketa eta antolaketa unibertsitateei dagokiela eta horiek Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onesten dituela.

Aipatu arauaren 5. artikuluak kasuan kasuko autonomia erkidegoari esleitzen dio programa horiek baimentzeko eskumena, horiek ezartze aldera, eta adierazten du autonomia erkidegoek urtero, martxoaren 30a baino lehen, hurrengo ikasturterako ezartzekoak diren graduatu ondoko programa ofizialen berri eman behar diotela Unibertsitateak Koordinatzeko Kontseiluari. Programa horiek eta haiei dagozkien tituluak "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratuko dira.

Aipatu errege dekretuan xedatutakoa betetzeko, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak 5/2007 Ebazpena eman zuen. Ebazpen horren bidez, eskabide eredua, baldintzak eta aurkezpen epea ezarri dira, graduatu ondoko titulu ofizialak ezarri nahi dituzten Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateentzat. Nafarroan, oraingoz, hori guztia Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokio. Nafarroako Unibertsitateak, Eliza Katolikoaren unibertsitatea izanik, beste administrazio prozedura bati jarraitzen dio, Espainiako Estatuaren eta Egoitza Santuaren arteko akordioetan xedatutakoa dela bide. Prozedura hori badago jasorik graduatu ondoko unibertsitate ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Graduatu Ondoko Ikasketa Ofizialen Esparru-Erregelamendua onetsi eta horrelako ikasketetarako batzordea eratutakoan, 2007ko otsailaren 1ean, graduatu ondoko programa ofizialak ezartzeko bere proposamena onetsi zuen, Gobernu Batzordearen bitartez. Proposamena unibertsitate bereko Gizarte Kon- tseiluari igorri zitzaion eta hark onetsi egin zuen 2007ko otsailaren 9ko bilkuran.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren 5/2007 Ebazpenean xedatutakoa aplikatuz, graduatu ondoko programa ofizialak ezartzeko proposamena bidali zuen, zenbait baldintza betetzen zirela egiaztatzeko agiriarekin batera.

Otsailaren 15eko 20/2007 Ebazpenaren bidez, graduatu ondoko titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak 2007-2008 ikasturtetik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezartzeko baimena behin-behinean onetsi zen. "Nanociencia" graduatu ondoko programaren kasuan, ebazteko daude Nafarroako Unibertsitate Publikoan bertan proposamena onesteko prozesuan gertaturiko gorabeherak.

Behin graduatu ondoko programak 2007-2008 ikasturtetik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezartzeko baimena eman eta gero, baimena Unibertsitateak Koordinatzeko Kontseiluari igorriko zaio, dagozkion programa eta tituluekin batera, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

Aurreko guztiaren ondorioz, jasotako agiriak azterturik, eta Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuak txostena eman ondoren, egokitzat jotzen da baimena behin betiko bihurtzea. Txosten hori ebazpen honi erantsi zaio eta, bertan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen proposamena egokia dela adierazten da.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Graduatu ondoko titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak 2007-2008 ikasturtetik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezartzeko baimena ematea. Ezarpen hori Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak onetsi zuen otsailaren 15eko 20/2007 Ebazpenaren bidez. Hauek dira ezarriko diren graduatu ondoko programa ofizialak:

_Komunikazioen teknologia

_Historia, espazioa eta ondarea

_Kimika sintetikoa eta industriala

_Musika ezagutzaren transmisioa eta eraikuntza

_Lurren eta uren kudeaketa

_Matematika aurreratua eta profesionala

Graduatu ondoko titulu ofizial horien edukia eta fitxak ebazpen honen eranskinean daude.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere baliabide eta bitartekoekin finantzatuko ditu lehendabiziko puntuan baimendutako graduatu ondoko programa ofizialak, bere kabuz finantzatzeko printzipioaren arabera; graduatu ondoko programa ofizial horien ezarpenari, master tituluak barnean hartzen dituenean, ez zaio inola ere funts gehigarririk emanen Nafarroako Foru Komunitatetik Nafarroako Unibertsitate Publikora gastu arruntetarako egiten diren transferentzien kontura.

3. "Nanociencia" graduatu ondoko programaren behin betiko baimena atzeratzea, hura ezartzeko proposamenean gertatutako gorabeherak ebatzi arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak 2007ko otsailaren 16an egin zuen bilkuran erabakitakoari jarraikiz. Programa hori behin-behinean baimendu zen, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak otsailaren 15ean eman zuen 20/2007 Ebazpenaren bidez.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Unibertsitateak Koordinatzeko Kontseiluari 2007ko martxoaren 30a baino lehen jakinaraztea, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara daitezen, indarrean den legediari jarraikiz.

5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

6. Ebazpena hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea; Unibertsitateak Koordinatzeko Kontseilua; Hezkuntza kontseilaria; Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia; Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia; Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzua; eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Administrazio Orokorreko Bulegoa.

Iruñean, 2007ko martxoaren 29an._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

ERANSKINA

EAOean graduatu ondoko programa ofizialak argitaratzeko fitxa

Identifikazioa

Programaren izena: Lurren eta uren kudeaketako Masterra.

Unibertsitate koordinatzailea: Lleidako Unibertsitatea (www.udl.es).

Parte hartzen duten unibertsitateak:

Lleidako Unibertsitatea (www.udl.es).

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (www.uab.es).

Bartzelonako Unibertsitatea (www.ub.es).

Zaragozako Unibertsitatea (www.unizar.es).

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (www.unavarra.es).

Parte hartzen duten erakunde publiko eta pribatuak:

Zaragozako Institutu Agronomiko Mediterraneoa (CIHEAM)

Kataluniako Basogintzako Zentro Teknologikoa (CTFC)

Argibide zehatzagoetarako erreferentziak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Natura Ingurunearen Zientzien Saila. Arrosadiako Campusa, z.g. 31006 Iruña.

Tel.: (34) 948 169150 Faxa: (34) 948168930

Secretaria.cienciasmn@unavarra.es.

Ezarpena baimentzea:

Programa baimendu duten autonomia erkidegoak:

Autonomia erkidegoak: ..........................n, 2007ko ....................ren ...........(e)an.

PROGRAMAREN DESKRIBAPEN OROKORRA

Programaren helburuak eta egitura

Helburuak.

Lurrak eta urak kudeatzeko printzipio eta metodoetan prestatzea. Printzipio eta metodo horiek laboreen garapenerako eta ekoizpen ekonomikorako ingurune fisikoa eta uraren eskuragarritasuna eta nutrienteak emanen dituzte, ingurunea endekatzea saihestuko dute eta bi baliabideen ingurumen funtzioak babestuko dituzte.

Egitura akademikoa.

Lehenengo urtean 60 ECTS eginen dira bost modulutan, 12 ECTS modulu bakoitzean. Moduluetako bi nahitaezkoak dira eta gainerako hirurak ikasleak aukeratzen ditu, urteko bost moduluko eskaintza batetik.

Bigarren urtean, ikasleak 30 ECTS eginen ditu, masterreko tesi baten bidez edo enpresa edo erakunderen batean arituz eta, gero, txosten bat, plangintzako proiektu bat, diagnostikoa edo ingurumen jarraipena defendatu beharko ditu.

PROGRAMAKO MASTER TITULU BAKOITZERAKO

Tituluaren izena: Lurren eta uren kudeaketako Masterra.

Ikasketen iraupena: 90 ECTS kreditu.

Berariazko helburuak:

Graduatu ondoko titulua lortzen duten pertsonek honetara zuzentzen diren zereginak egiten ahalko dituzte:

_Lurren eta uren datuak sortu eta interpretatzea.

_Nekazaritza ekoizpena modu eraginkor eta ekonomikoan hobetzea, ureztalurrak eta ongarriak behar bezala kudeatuz.

_Mendiak kudeatzea, lurren eta uren kalitatea zainduz edo hobetuz.

_Endekatzea kontrolatzea eta lurra eta ura eragingarritasunez erabiltzea.

_Lurrak bai birziklatzeko bai hondakin organikoak balorizatzeko erabili eta maneiatzea, eraginak ahalik eta gehien murriztuz.

_Hondakin organikoak behar bezala tratatzea, kutsatzaileak ahalik eta gehien murriztuz.

_Lurren eta uren osasun egoera diagnostikatzea eta saneamenduko prozedura egokia zehaztea.

_Arrisku hidrologikoak, geomorfologikoak eta edafikoak ebaluatzea eta beren eragina ahalik eta gehien murrizteko neurriak proiektatzea.

_Arroak eta ibaiak behar bezala erabiltzea, uren eta sedimentuen kalitatea eta kantitatea kontrolatzeko.

_Lurrak, ureztaketak, ura eta laboreak erabiltzeak BEGen igorpenean edo harrapaketan dituen ondorioak ebaluatzea.

_Klima aldaketak lurren eta uren erabileraren eraginkortasunean dituen ondorioak ebaluatzea.

Sarrera profilak eta aurretiazko prestakuntzaren inguruko baldintzak.

Gradu hauetakoren bat edukitzea: Nekazaritza edo Basogintza Ingeniaritza, Ingurumen Zientziak, Biologia, Geologia, Geografia edo antzekoa. Halaber, egungo ikasketa planetako lizentziaturak edo ingeniaritzak, aipatutako graduen baliokide direnak, egin dituztenak.

Ikasleak onartu eta aukeratzeko irizpideak.

Aurrebaldintzak betetzen diren edo ez pertsonalki ebaluatuko da, tutoretzen bidez. Horietan, ezagutzak zabaltzeko aholkatzen ahalko zaio eskatzaileari, aldian behin, masterra hobeki jarraitu ahal izateko. Horretaz gainera, curriculumaren egokitzapena, espediente akademikoaren kalifikazioak, lanaldi osoan aritu daitekeen, aurretiazko esperientzia profesionala eta hizkuntza eta informatikako ezagutzak ere baloratuko dira.

EDUKIEN AZALPEN LABURRA

1. modulua._Nahitaezkoa.

Lurren eta lurraldearen inbentarioa eta ebaluazioa.

Lurrak aztertzea: 3,5.

Lurren informazio sistemak: 3,5.

Lurren ebaluazioa eta lurraldearen antolamendua: 2.

Lurraren, uraren, landareen eta atmosferaren arteko elkarreraginak: 3.

2. modulua._Nahitaezkoa.

Lurren eta uren kalitatea eta endekatzea.

Lurren eta uren kalitatea: 3.

Lurren endekatze prozesuak: 4.

Ekologia eta lurren mikrobiologia: 2.

Hondakinak kudeatu eta balorizatzea, lurraren bitartez: 3.

3. modulua._Aukerakoa.

Lurren eta uren kutsadura eta saneamendua.

Kutsatzaileen ezaugarriak eta ondorioak: 4.

Urak tratatu eta berrerabiltzea: 4.

Lur kutsatuak eta saneamendu teknikak: 4.

4. modulua._Aukerakoa.

Arroen eta ibaien hidrologia.

Ur baliabideak ebaluatu eta kudeatzea: 2.

Prozesu hidromorfologikoak eta limnologikoak: 3,5.

Arrisku hidrologikoak: 3,5.

Ur aldeak zaindu eta lehengoratzea: 3.

5. modulua._Aukerakoa.

Lurrak eta urak sistema silbopastoraletan.

Natur eta oihan sistemak ebaluatu eta kudeatzea: 4.

Oihan sistemen erabilera eta ekoizpena: 4.

Oihan lurren asalduak eta lehengoratzea: 4.

6. modulua._Aukerakoa.

Lurrak eta urak nekazaritza sistemetan.

Uretatzeko ura kudeatzea: 4.

Lurraren erabilera eta ingurumen asalduak: 4.

Lurren teknologia: 4.

7. modulua._Aukerakoa.

Ordezko modulua: Zaragozako Institutu Agronomiko Mediterraneoan urtero egiten diren ikastaroen eskaintza aldagarria edo moduluak, gurekin batera lan egiten duten unibertsitate mediterraneoetan.

EAOEAN GRADUATU ONDOKO PROGRAMA OFIZIALAK ARGITARATZEKO FITXA

Identifikazioa.

Programaren izena: Historia, espazio eta ondareko Masterra.

Unibertsitate koordinatzailea:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (www.unavarra.es).

Parte hartzen duten unibertsitateak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (www.unavarra.es).

Unibertsitate eta erakunde publiko eta pribatu laguntzaileak:

"Valentín de Foronda" Gizarte Historiako Unibertsitate Institutua (EHU).

Paueko eta Aturri aldeko Unibertsitatea (www.univ-pau.fr)

Argibide zehatzagoetarako erreferentziak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Geografia eta Historia Saila. Arrosadiako Campusa, z.g. 31006 Iruña.

Tel.: (34) 948 169410 Faxa: (34) 948169856.

geografia.historia@unavarra.es.

Ezarpena baimentzea

Programa baimendu duten autonomia erkidegoak:

Autonomia erkidegoak:.............n, 2007ko ...........ren ..............(e)an.

PROGRAMAREN DESKRIBAPEN OROKORRA

Programaren helburuak eta egitura

Helburuak.

Master honek osatu, zabaldu eta trinkotu egiten du gradu edo lizentziatura titulazioan ikasleak jaso duen prestakuntza; espezializazio zehatzago baterantz bideratzen du ikaslea, eta ezagutza sendoa ematen dio lehen eskuko iturriei, oinarri metodologikoei eta funtsezko azterketa-elementuei buruz.

Ikasleari gaitasuna ematen zaio, alderdi teorikoetan zein praktikoetan, doktore titulua emanen dion doktoretza tesia hasteko.

Aurreikusten da, programan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste sail eta zerbitzu batzuek eta egiaztaturiko kalitatea duten kanpoko kolaboratzaileek parte hartzea. Horrela, sail honetako Erdi Aroko Historiaren Arloak eta Nafarroako Gobernuko Artxiboen Zerbitzuak sinatutako hitzarmenaren bidez, 1998tik hasita Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren funts dokumentalak katalogatzen ari dira, eta Geografia eta Historia Sailak aktiboki parte hartzen du, Nafarroaren Etxearen jarduerak antolatzen dituen Batzorde Zientifikoan (Irisarri, Pirinio Atlantikoetako Eskualde Kontseilua, Frantzia). Ondarea ezagutu, babestu eta hari buruzko ezagutza zabaltzea da jarduera horien xedea. Kontseilu Nagusiak koordinatzen duen zentro horren jardueren esparruan, eta inguruko unibertsitateez gain Nafarroako Gobernua bera ere lankide izanik, solasaldiak, mintegiak eta kongresuak eginen dira, Pirinioz haraindiko herri horretako egoitzan.

Egitura akademikoa.

Ikasleak aukerako 40 kreditu eginen ditu, 65 kredituren artetik aukeratutakoak. Horiez gainera, 20 kredituko master bukaerako lan bat ere egin beharko du.

PROGRAMAKO MASTER TITULU BAKOITZERAKO

Tituluaren izena: Historia, espazio eta ondareko Masterra.

Ikasketen iraupena: 60 ECTS kreditu.

Berariazko helburuak:

Ikasleak doktore ikerketarekin hasteko behar dituen oinarriak eta gaitasunak lortuko ditu, programako 60 kreditu betetzean. Ikaslea, orduan, doktoretza tesia hasteko gai izanen da. Doktoretza aurrerago aipatuko ditugun ikerketa lerroetan kokatuko da.

Sarrera profilak eta aurretiazko prestakuntzaren inguruko baldintzak.

Lehentasunezko profila edo ikasleek izan dezaketen profil egokiena titulu hauetakoa da: Historia, Artearen Historia, Geografia, Giza Zientziak, Soziologia eta are Filologia edo Musikologia ere (halaber, horien ordez garatzen ahal diren graduak, edo haien baliokide edo parekoak). Beste profil batzuk, Zuzenbidea, Ekonomia edo Antropologia, adibidez, hautagaiaren lanbide eta ikasketa curriculumaren arabera baloratu ahal izanen dira.

Ikasleak onartu eta aukeratzeko irizpideak.

Ikasleen lehentasunezko profilei buruz esandakoarekin bat, irizpide horietara egokitzea litzateke onartzeko oinarrizko irizpidea, hots, arestian lehenik aipatu diren jakintza-arloetako titulazio batetik etortzea. Horrek ez du galaraziko bestelako profila dutenak hautatzea, hautagaiaren lanbide eta ikasketa profilaren arabera. Ikasleak EEko edozein hizkuntza moderno jakitea ere aintzat hartuko da.

Onartzeko irizpideek, oro har, 56/2005 Errege Dekretuan ezarritako ildoei jarraituko diete.

Edukien azalpen laburra:

Ikasgaiak_aukerakoak denak_5 kreeditukoa bakoitza_40 kreditu aukeratu behar dira:

Lurraldearen antolamendua: Mendebaldeko Europako esperientzia.

Artxibozaintzako antolaketaren hastapenak.

Ondare historiko-kulturala.

Monarkia feudaletatik estatu modernoaren genesira, Mendebaldeko Europan.

Baliabide naturalak Mendebaldeko Pirinioetan (Erdi Aroa eta Aro Modernoa).

Hirien Europa.

Kulturaren historia eta ideologiak Antzinako Erregimenean: heriotza, generoa eta irakurketa.

Espainiako eskuina bi gerren artean, 1918-1936.

Bilakaera politiko-soziala Nafarroan eta Euskal Herrian (1876-1936).

Zinea eta historiografia. Europako 1917tik 1945era bitarteko historiari buruzko gogoeta zinematografikoa.

XX. mendeko arte abangoardiak eta post-abangoardiak.

Gaur egungo joera historiografikoak eta alderdi metodologikoak.

Kapitalismoaren krisia eta birmoldaketa Espainian. 1931-1978.

Master bukaerako lana: 20 kreditu.

DOKTORETZA IKASKETETARAKO

Tituluaren izena: Historiako doktorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Doktoretza ikasketen helburuak eta antolaketa:

Doktoretza tesia saileko ikerketa lerroen esparruan egitea. Ez da aurreikusi bestelako ikastaro edo mintegirik.

Doktoregaiak onartu eta aukeratzeko irizpideak:

Masterraren 60 kredituak gaindituta edukitzea.

EAOEAN GRADUATU ONDOKO PROGRAMA OFIZIALAK ARGITARATZEKO FITXA

Identifikazioa

Programaren izena: Musika ezagutzaren transmisioa eta eraikuntza.

Unibertsitate koordinatzailea:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (www.unavarra.es).

Parte hartzen duten unibertsitateak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (www.unavarra.es).

Granadako Unibertsitatea (www.ugr.es).

Argibide zehatzagoetarako erreferentziak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Psikologia eta Pedagogia Saila. Arrosadiako Campusa, z.g. 31006 Iruña.

Tel.: (34) 948 169479 Faxa: (34) 948169891.

dpto.psicopedagogia@unavarra.es

Ezarpena baimentzea:

Programa baimendu duten autonomia erkidegoak:

Autonomia erkidegoa:...............n, 2007ko ............ren ............(e)an.

PROGRAMAREN DESKRIBAPEN OROKORRA

Programaren helburuak eta egitura

Helburuak.

Ikasleak musika ikerketaren esparru zehatz baten ezagutzen sakontzeari buruz informatu eta prestatzea, sakontze hori doktoretza tesi bat egiteko oinarri gisa erabili ahal izateko.

Prestakuntza trinkoa ematea musikaren esparruan aplikatu beharreko ikerketa teknika metodologikoetan.

Egitura akademikoa:

Programa bi tituluk osatzen dute:

1) Musika curriculuma garatzeko ikerketa Masterra, Granadako Unibertsitatean baizik ematen ez dena.

2) Musika gaitasunak garatzeko ikerketa Masterra, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baizik ematen ez dena.

Azkeneko horretan, ikasleak 60 kreditu eginen ditu: modulu bereziko 22,5; modulu metodologikoko 22,5; aukerako 9; eta master bukaerako lan bat, 6 kreditukoa.

PROGRAMAKO MASTER TITULU BAKOITZERAKO

Tituluaren izena: Musika gaitasunak garatzeko ikerketa Masterra.

Ikasketen iraupena: 60 ECTS kreditu.

Berariazko helburuak:

_Prestakuntza espezifikoa ematea, zenbait ikerketa esparrutan, egungo musika lizentziatuei eta unibertsitateetako etorkizuneko planetako gradu ikasketak eginen dituztenei.

_Musika jarduera ikertzeko zenbait orientabide biltzen dituen prestakuntza metodologikoa eskaintzea.

_Ikasleak ikerketa lana egiteko orientatzea, etorkizunean doktoretza tesi bat egiteko gai izan daitezen.

Sarrera profilak eta aurretiazko prestakuntzaren inguruko baldintzak:

Ikasleak lizentziatu edo gradu titulua eduki beharko du edo, bestela, Kontserbatorioko Goi Mailako Ikasketa baliokideak.

Ikasleak onartu eta aukeratzeko irizpideak:

Matrikula eskaerak hogeita hamar baino gehiago izanen balira, titulazioko jarraipen batzordeak eskatzaileen arteko aukeraketa eginen luke, haien prestakuntzaren eta curriculum ibilbidearen xedea graduatu ondoko tituluaren izaerarekin bat datorren egiaztatuz.

EDUKIEN AZALPEN LABURRA

Modulu berezia _nahitaezkoa_: 22,5 kreditu.

Musika gaitasunak, derrigorrezko musika hezkuntzan: ikaslearen ikuspegitik irakasleen esku-hartzeraino: 4,5.

Ikuspegi psiko-kognitiboa, musika hezkuntzako ikerketan: 4,5.

Musika gertakariaren dimentsioak. Hezkuntza ondorioak: 4,5.

Musika analisia Hezkuntza Berezituan: 4,5.

Musika analisiaren hastapenak: 4,5.

Modulu metodologikoa _ nahitaezkoa: 22,5 kreditu.

Historia eta lege agirien analisia: 4,5.

Musika eta musika hezkuntza: ezagutza zientifikoa eraikitzea ikerketa-ekintzatik: 4,5.

Ikerketa kuantitaboari aplikatutako estatistika: 4,5.

Musika ikerketari buruzko datu kuantitatiboen analisia, ordenagailuz lagundurik: 4,5.

Musika hezkuntzako kasu azterketen bidezko ikerketa: 4,5.

Aukerako modulua_9 kreditu aukeratu behar dira.

Artistikoki heztea esperientzia estetikotik: 4,5.

Curriculumaren azterketa: 4,5.

Curriculuma: kultura anitzeko eta generoko ikuspegiak: 4,5.

Master bukaerako lana: 6 kreditu.

DOKTORETZA IKASKETETARAKO

Tituluaren izena:

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea.

Granadako Unibertsitateko doktorea.

Doktoretzaren helburuak eta antolaketa:

Helburuak

1) Musika jardueraren alderdi artistiko eta hezkuntzazkoarekin lotzen diren esparruetan ikertzea ahalbidetzea.

2) Musika jarduerari buruzko etorkizuneko ikerketetan parte hartuko duten doktoreen kopurua areagotzea sustatzea.

3) Musika irakaskuntzaren kalitatea hobetzen parte hartzea, ikerketaren bidez.

Doktoretza Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Granadako Unibertsitateak ikasketa horien gainean ezartzen dituzten arauen arabera antolatuko da.

Doktoregaiak onartu eta aukeratzeko irizpideak

Masterra edo antzekoa gainditua dutenek.

EAOEAN GRADUATU ONDOKO PROGRAMA OFIZIALAK ARGITARATZEKO FITXA

Identifikazioa

Programaren izena:

Matematika aurreratua eta profesionala.

Unibertsitate koordinatzailea:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (www.unavarra.es).

Parte hartzen duten unibertsitateak:

Kantabriako Unibertsitatea (www.unican.es).

Errioxako Unibertsitatea (www.unirioja.es).

Oviedoko Unibertsitatea (www.uniovi.es).

Zaragozako Unibertsitatea (www.unizar.es).

Euskal Herriko Unibertsitatea (www.ehu.es).

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (www.unavarra.es).

Parte hartzen duten erakunde publiko eta pribatuak:

Argibide zehatzagoetarako erreferentziak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saila. Arrosadiako campusa. 31006 Iruña.

Tel.: (34) 948 169530 Faxa: (34) 948169521.

matinfor@unavarra.es.

Ezarpena baimentzea:

Programa baimendu duten autonomia erkidegoak:

Autonomia erkidegoak:..............n, 2007ko ............ren .............(e)an.

PROGRAMAREN DESKRIBAPEN OROKORRA

Programaren helburuak eta egitura

Helburuak.

Matematika funtsezkoa da gizarte moderno baten I+G+B sisteman. I+G+B 2004-2007 bitarteko Plan Nazionalak, bere garrantzia eta izaera estrategikoa direla-eta, matematikako plan nazional bat barnean hartu du, lehendabizikoz.

Programaren helburua da matematikan prestakuntza akademiko osoa lortzea, bi esparru hauetan:

_Esparru akademikoa eta goi mailako prestakuntzakoa. Doktoretza tesi bat arrakastaz egin eta doktore titulua lortzeko behar den diziplina anitzeko prestakuntza ematen da.

_Matematika beste zientzia batzuetara, industriara eta teknologiara aplikatzea. Diziplina anitzeko taldeetan sartzeko edo haien jarduera profesionala matematikekin zerikusia duten esparruetan garatzeko gai izanen diren matematikariak heziko dira. Horretarako, arlo ezberdinetako programetan sartzen dira irakatsitako kontzeptu eta teknika matematikoen aplikazio praktikoak.

Egitura akademikoa.

Programak bi master titulu eskaintzen ditu.

Matematika arloko ikerketaren hastapenetako Masterrak orientazio akademiko-ikertzailea du. Modelizazio matematikoko, estatistikako eta konputazioko Masterra lanbidera zuzenduta dago.

Matematika arloko ikerketaren hastapenetako Masterra osatzeko, gomendagarria da ikasleak espezializazioko ikasgaiei buruzko modulu bat _eskaintzen diren bost moduluen artetik aukeratzen ahal dena_, gutxienez, osorik egitea. Eginen diren gainerako kredituen artetik, gehienez ere 6 kreditu programak eskaintzen duen beste master tituluari egokitzen ahalko zaizkio. Master bukaerako lan bat ere egin beharko du, 12 ECTS kredituko balioa izanen duena.

Modelizazio matematikoko, estatistikako eta konputazioko Masterra osatzeko, ikasleak 45 ECTS kreditu egin beharko ditu, 6 ECTSko 16 ikasgairen artetik aukeratuz. 45 ECTS horien artetik, gehienez ere 6 kreditu programak eskaintzen duen beste master tituluari egokitzen ahalko zaizkio. Master bukaerako lan bat ere egin beharko du, 12 ECTS kredituko balioa izanen duena.

Doktoretza ikasketak egin ahal izanen dituzte bi master tituluetakoren bat duten ikasleek, dagozkien ataletan adierazitako baldintzetan.

PROGRAMAKO MASTER TITULU BAKOITZERAKO:

Tituluaren izena: Matematika arloko ikerketaren hastapenetako Masterra.

Ikasketen iraupena: 60 ECTS kreditu.

Berariazko helburuak:

_Ezagutzak lortzea matematikako diziplinetan, doktoretzako programa batean sartu, ikerketa bat hasi eta doktoretza tesi bat egin ahal izateko.

_Kalkulu sinboliko eta zenbakizko softwareei buruzko ezagutza praktikoak lortzea, eta beste software erabilgarri bat, ikerketa zientifikoaren emaitzak bilatu eta jakinarazteko.

_Tituluduna diziplina anitzeko taldeetan sartzea ahalbidetzen duen prestakuntza teoriko eta praktikoa.

Programari esker eskumen eta trebetasun hauek lor daitezke:

_Ezagutza teorikoak bi jakintza arlotan gutxienez, doktoretza ikasketak eta doktoretza tesi bat egin ahal izateko edo diziplina anitzeko ikerketa taldeetan sartu ahal izateko.

_Abstrakziorako, analisi eta sintesirako eta arrazoibide logikorako gaitasuna garatzea, prozeduretan akatsak identifikatuz.

_Ikerketa artikuluak irakurri eta norberaren lanean sartzeko gaitasun kritikoa.

_Ikasteko gaitasunak lortzea, ikasleek autonomoki ikasten jarraitu ahal izateko.

_Ezagutzak integratzeko, arrazoibide kritikoak egiteko eta informazio osatugabetik edo mugatutik abiatuta susmoak ezartzeko konplexutasunari aurrea hartzeko gaitasuna.

_Lortutako ezagutzak ikasketei zein ikasketa arloarekin lotutako diziplina anitzeko testuinguruei buruzko arazoak konpontzeko erabiltzeko gaitasuna.

_Matematikako ikerketarekin lotutako softwareak erabiltzea (Mathematica, Maple, Matlab, GAP, Singular ...).

_Ikerketen emaitzak matematika komunitatearen barruan zein kanpoan jakinarazteko gaitasuna.

_Jende espezializatuari arazo bat modu argian eta zehatzean aurkezteko eta haren konponbidea azaltzeko gaitasuna, lortutako ezagutzak nabarmenduz.

Sarrera profilak eta aurretiazko prestakuntzaren inguruko baldintzak:

Titulu ofizial hauetakoren bat edukitzea: Matematikako lizentziatua, Fisikako lizentziatua edo goi mailako ingeniaria.

Ikasleak onartu eta aukeratzeko irizpideak:

Aukeraketa egiteko, gomendio gutuna aurkezten duten ikasleen espediente akademikoa hartuko da kontuan.

EDUKIEN AZALPEN LABURRA

Aljebra modulua

Aljebra ez asoziatiboen teoria: 5.

Irudikapenaren teoria: 5.

Talde teoria: 5.

Aljebra mintegia, zenbaki eta aplikazioen teoria aljebraikoa: 5.

Geometria eta topologia modulua

Geometriaren hastapenak: 5.

Geometriako ikastaro aurreratua: 5.

Topologiaren hastapenak: 5.

Topologiako ikastaro aurreratua: 5.

Analisi matematikoa modulua

Fourier-en analisia eta aplikazioak: 7.

Analisi funtzionaleko metodoak eta aldagai konplexua: 7.

Ekuazioak deribatu partzialetan: 6.

Matematika aplikatua modulua

Modelizazio matematikoa, sistema dinamikoak eta kontrola: 7.

Zenbakizko metodoak problema diferentzialetarako: 7.

Zenbakizko metodoak aljebra linealean, eta kurben eta azaleren konputazioa: 6.

Estatistika eta ikerketa operatiboa modulua

Prozesu estokastikoak eta aplikazioak: 5.

Probabilitateak kalkulatzeko muga teoremak eta aplikazioak: 3.

Estatistika eta erabakiaren teoria: 5.

Konbinatoria: 3.

Optimizazioa: 5.

Beste ikasgai batzuk

Komunikazioa eta softwarea: 5.

Master bukaerako lana: 12.

DOKTORETZA IKASKETETARAKO

Tituluaren izena:

Kantabriako Unibertsitateko doktorea.

Errioxako Unibertsitateko doktorea.

Oviedoko Unibertsitateko doktorea.

Zaragozako Unibertsitateko doktorea.

Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea.

Doktoretzaren helburuak eta antolaketa

Doktoretza zuzenean egiten ahalko dute master hori lortzen duten ikasleek. Baliteke beste masterretako ikasleek Matematika arloko ikerketaren hastapenetako Masterreko ikasgairen bat egin behar izatea.

Doktoregaiak onartu eta aukeratzeko irizpideak

PROGRAMAKO MASTER TITULU BAKOITZERAKO

Tituluaren izena: Matematika arloko ikerketaren hastapenetako Masterra.

Ikasketen iraupena: 60 ECTS kreditu.

Berariazko helburuak

_Ezagutza teorikoak eta praktikoak lortzea gai hauetan: informatika, estatistika, datuen tratamendua, optimizazioa, zenbakizko analisia, ekuazio diferentzialak eta errealitatearen zenbait alderdiren edo/eta enpresa arazoen modelizazio matematikoa.

_Tituluduna diziplina anitzeko taldeetan sartzea ahalbidetzen duen prestakuntza teoriko eta praktikoa.

_Ezagutza nahikoa lortzea matematikako diziplinetan, doktoretzako programa batean sartu, ikerketa bat hasi eta doktoretza tesi bat egin ahal izateko.

Programari esker eskumen eta trebetasun hauek lor daitezke:

_Ezagutza teorikoak eta praktikoak gai hauetan: informatika, estatistika, datuen tratamendua, optimizazioa, zenbakizko analisia, modelizazio matematikoa.

_Gaitasun kritikoa arazo praktikoak ongi kokatzeko, matematikoki modelizatzeko, nola ebatz daitezkeen ulertzeko, ebazpen kuantitatibo hurbildua edo ia hobezina lortzeko, etab.

_Enpresa prozesuen zenbakizko simulazioak oro har egiteko gaitasuna.

_Ezagutza teorikoak, informazio zabala eta trebetasuna softwarea erabiltzen.

_Taldean lan egitera moldatzea.

Sarrera profilak eta aurretiazko prestakuntzaren inguruko baldintzak:

Titulu ofizial hauetakoren bat edukitzea: Matematikako lizentziatua, Estatistikako lizentziatua, Industria ingeniaria, Informatika ingeniaria, Kimika ingeniaria, Telekomunikazio ingeniaria, Estatistikako diplomatua.

Ikasleak onartu eta aukeratzeko irizpideak:

Aukeraketa egiteko, gomendio gutuna aurkezten duten ikasleen espediente akademikoa hartuko da kontuan.

EDUKIEN AZALPEN LABURRA

Datu baseak eta objektuei zuzendutako programazioa. Web aplikazioak: 6.

Algoritmo ebolutiboak eta neurona sareak: 6.

Modelizazio estatistikoa: 6.

Denborazko serieak: 6.

Datu meatzaritzaren hastapenak: 6.

Inkesten diseinu eta analisia: 6.

Optimizazio teknika klasikoak: 6.

Logistika ereduak: 6.

Kontrol teoria: 6.

Dinamika ez-lineala eta aplikazioak: 6.

Zenbakizko metodoak eta ereduak Fisikan eta Ingeniaritzan: 6.

Eredu matematikoak Biologian: 6.

Ordenagailuz lagundutako diseinu geometrikoa: 6.

Kriptografia: 6.

Seinalea eta irudia prozesatzea: 6.

Eredu matematikoak Astrodinamikan: 6.

Master bukaerako lana: 12.

DOKTORETZA IKASKETETARAKO

Tituluaren izena

Kantabriako Unibertsitateko doktorea.

Errioxako Unibertsitateko doktorea.

Oviedoko Unibertsitateko doktorea.

Zaragozako Unibertsitateko doktorea.

Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea.

Doktoretzaren helburuak eta antolaketa.

Master hau egiteak ez du esan nahi doktoretza egiten ahalko denik. Masterreko organo erantzuleak ikaslearen curriculuma aztertuko du, hura onartu baino lehen.

Doktoregaiak onartu eta aukeratzeko irizpideak

EAOEAN GRADUATU ONDOKO PROGRAMA OFIZIALAK ARGITARATZEKO FITXA

Identifikazioa

Programaren izena: Kimika sintetiko eta industrialeko Masterra.

Unibertsitate koordinatzailea:

Euskal Herriko Unibertsitatea (www.ehu.es).

Parte hartzen duten unibertsitateak:

Euskal Herriko Unibertsitatea (www.ehu.es).

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (www.unavarra.es).

Unibertsitate eta erakunde laguntzaileak:

Errioxako Unibertsitatea (www.unirioja.es).

Madrilgo Unibertsitate Autonomoa (www.uam.es).

FAES-FARMA, S.A. enpresa.

Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionala

Argibide zehatzagoetarako erreferentziak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Kimika Aplikatuko Saila. Arrosadiako Campusa, z.g. 31006 Iruña.

Tel.: (34) 948 169590 Faxa: (34) 948169606.

sec.quimica@unavarra.es.

Ezarpena baimentzea:

Programa baimendu duten autonomia erkidegoak:

Autonomia erkidegoak:...............n, 2007ko ............ren ..............(e)an.

PROGRAMAREN DESKRIBAPEN OROKORRA

Programaren helburuak eta egitura

Helburuak.

Ikasleei Kimika Sintetikoaren arloan guztiz espezializatutako heziketa zientifiko-teknikoa ematea. Heziketa horrek honakorako gaitasuna eman behar die: Sintesiaren arloko ikerketa edo garapeneko lan original bat egitea, edo konposatu organikoak prestatu eta maneiatzearekin zentzu zabalean lotutako teknologia erabiltzen duen enpresaren batean sartzea.

Egitura akademikoa

Ikasleak 60 kreditu egin behar ditu, gutxienez, 3 modulutan.

1. modulua nahitaezko 15 kredituz eta aukerako 9 kredituz (egiten ahal direnak edo ez) osatzen da.

2. modulua bi multzotan banatzen da (profil ikertzailea eta profil profesional-ikertzailea). Ikasleak multzo horietakoren baten 15 kreditu aukeratu behar ditu, nahitaez.

Halaber, aukerako 12 kreditu gehiago egin behar ditu, 2. moduluko gainerako ikasgaien eta 1. moduluko aukerakoen artetik aukeratuak.

3. modulua 18 kredituko master proiektu batez osatzen da.

PROGRAMAKO MASTER TITULU BAKOITZERAKO

Tituluaren izena:

Kimika sintetiko eta industrialeko Masterra.

Ikasketen iraupena: 60 ECTS kreditu.

Berariazko helburuak.

Masterrak hauxe eskaintzen dio ikasleari: alde batetik, Kimika sintetikoko eta industrialeko zenbait alderditan prestakuntza aurreratua lortzeko aukera, sektoreko enpresa eta erakundeen beharrekin bat etorriz; eta, beste alde batetik, ikerketa proiektu bat egiteko beharrezko ezagutzak, doktoretza tesi bat egin ahal izateko.

Lortutako gaitasun teorikoak:

_Sintesi kimikoko alderdi aurreratuak

_Konposatu kimikoen azalpenerako teknika instrumentalak aztertzea

_Material molekurrak prestatzea eta haien propietateak

_Botiken diseinu eta sintesia aztertzea

_Metodo konputazionalak Kimikan

_Kimika industrialarekin lotutako alderdi nagusiak ezagutzea

_Enpresa kimikoa kudeatzeko ezagutzak

Gaitasun praktikoak:

_Sintesi diseinurako gaitasuna

_Sintesi laborategiko metodologia aurreratuak maneiatzea

_Datu instrumentalak interpretazea, egiturak azaldu eta erreakzio kimikoak kontrolatzeko

_Laborategiko sintesia industriara eramateko gaitasuna

_Eragiketa kimikoen arriskuak ezagutzea, bai laborategietan bai industrian

_Kimika iraunkorreko printzipioak aplikatzea laborategietan eta industrian

_Informazio zientifikoa eta teknikoa erabiltzea

_Kalitate arauak ezagutu eta aplikatzea enpresan eta laborategian

Gaitasun instrumentalak eta pertsonalak:

_Ekimen gaitasuna ikerketan eta garapenean

_Plangintza eta ordena laborategiko lanean

_Ikerketa taldetan edo enpresan aktiboki sartzeko gaitasuna

_Txosten zientifikoak eta teknikoak idaztea eta ponentziak eta aurkezpenak azaltzea

Sarrera profilak eta aurretiazko prestakuntzaren inguruko baldintzak:

Eskatzen den titulazioa: Kimikako lizentziatua, Farmaziako lizentziatua, Kimika ingeniaria, Biologiako lizentziatua, Biokimikako lizentziatua, Zientzia eta Elikagaien Teknologiako lizentziatua, antzeko gaietako beste titulazio batzuk.

Ikasleak onartu eta aukeratzeko irizpideak:

Eskaera baliodunak eskaintzen diren ikaspostuak baino gehiago badira, Masterreko Batzorde Akademikoak ikasle bakoitza masterrerako eskatzen den profilera egokitzen den baloratuko du, bai eta haren titulazioa, espedientea, curriculuma, eta Sintesian eta jarduera zientifiko-profesionaletan duen esperientzia ere.

Edukien azalpen laburra:

1. modulua

Nahitaezkoak:

Sintesi kimiko aurreratua: 4,5.

Metalak sintesian: 3.

Sintesi estereokontrolatua: 3.

Egitura zehazteko metodoak: 4,5.

Aukerakoak:

Kimika medikoa: 4,5.

Kimika organiko aurreratua: 4,5 (ikasgai hau nahitaezkoa izanen da egungo Kimikako lizentziatuen ikasketa planeko Kimika organikoa eta Kimika organiko aurreratua ikasgaiak egin ez dituztenentzat).

2. modulua

1. multzoa_Profil ikertzailea:

Fotokimika organikoa: 3.

Kimika bio-organikoa eta supramolekularra: 3.

Katalisia: 3.

Produktu naturalak: sintesiak, biosintesiak eta aplikazioak: 3.

X izpien difrakzioa: 3.

Kimika teorikoa eta konputazionala: 3.

Botiken diseinu eta sintesia: 3.

Material molekularrak. Sintesiak eta azterketa metodoak: 3.

2. multzoa_Profil profesional-ikertzailea:

Kimika industriala: 3.

Sintesia fase solidoan eta kimika konbinatorioan: 3.

Prozesu kimikoak eta garapen iraunkorra: 3.

Esperimentuen diseinu eta analisia: 3.

Kromatografia eta antzeko teknikak: 3.

Proiektuen kudeaketa eta berrikuntza: 3.

Kalitatea eta arriskuei aurrea hartzea: 3.

Enpresa antolatu eta kudeatzea: 3.

Bi multzoetan:

Mintegi aurreratuak: 3.

3. modulua

Master proiektua: 18.

DOKTORETZA IKASKETETARAKO

Tituluaren izena: Euskal Herriko Unibertsitateko doktorea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea.

Doktoretzaren helburuak eta antolaketa:

Doktoregaiak onartu eta aukeratzeko irizpideak:

Proposatzen den master tituluak doktoretzan onartua izatea bermatzen du, betiere ikasleak gutxienez 300 kreditu egin baditu, graduko eta graduatu ondoko unibertsitate ikasketen artean.

Horretaz gainera, doktoretza egiten ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten ikasleek:

_Gutxienez 60 kreditu lortu izana graduatu ondoko beste edozein titulutan edo beste master titulu bat lortu izana, betiere gutxienez 300 kreditu egin baditu, graduko eta graduatu ondoko unibertsitate ikasketen artean. Masterreko Batzorde Akademikoaren oniritzia beharko da.

_Doktoretzaren ikerketa lerroetan sartzeko moduko gaitasunak eta trebetasunak edukitzea.

Ikasleak aukeratzeko irizpideak:

_Kimika aurreratua menderatzea: azken teoriak, interpretazioak, metodoak eta teknikak ezagutzea.

_Kimikaren teorian eta praktikan, eta antzeko diziplina anitzeko arloetan gertatu diren azken aurrerapenak jarraitzeko eta kritikoki interpretatzeko gai izatea.

_Kimikako edo Zientzia tradizionaletako edo berrietako gai bat nork bere kabuz aztertu eta ikasteko gaitasunak.

_Ekarpen originala egiteko gai izatea, norberaren ikerketa eremuaren kanonen barruan.

EAOEAN GRADUATU ONDOKO PROGRAMA OFIZIALAK ARGITARATZEKO FITXA

Identifikazioa

Programaren izena: Komunikazioen teknologia.

Unibertsitate koordinatzailea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa Web orria: http://www.unavarra.es.

Parte hartzen duten unibertsitateak (unibertsitateen arteko programa bateratuen kasuan).

Beste erakunde publiko eta pribatu batzuekiko akordioak, halakorik bada (erakunde parte-hartzaileen izenak eta programan betetzen duten prestakuntza-eginkizunaren azalpen laburra).

Argibide zehatzagoetarako erreferentziak:

http://www.unavarra.es/organiza/tecom/

info_tecom@unavarra.es

Ezarpena baimentzea:

Programa baimendu duten autonomia erkidegoak:

Autonomia erkidegoak:...............n, 2007ko ............ren ............(e)an.

PROGRAMAREN DESKRIBAPEN OROKORRA

Programaren helburuak eta egitura

Helburuak.

Programak zein helburu orokor dituen, eta zein jakintza esparrutan kokatzen den.

Komunikazioen Teknologietako graduatu ondoko programak prestakuntza espezializatua eskaini nahi die, komunikazioetan esku hartzen duten teknologien arloan, gaurko ikasle eta profesionalei. Izan ere, egungo gizartean teknikak eta komunikazioa oso azkar ari dira aldatzen eta beharrezkoa da oinarriak berrikusi eta azken joera teknologikoen jakitun izatea.

Gaur egungo komunikazio prozesuetan erabiltzen diren teknologiekin zerikusia duten jakintza arlo guztiak jorratu nahi dira.

Egitura akademikoa.

Ikasketen antolaketa, programa osoaren barnean; ikasketa horien bidez eskuratu ahal izanen diren tituluen izen osoak, horien arteko elementu komunak, eta espezialitateen izenak, halakorik bada.

Komunikazioen Teknologietako graduatu ondoko programak hauek biltzen ditu:

_Komunikazioetako Masterra,

_eta doktore titulua.

Komunikazioetako Masterrean bi espezializazio izanen dira aukeran:

_"Interneteko zerbitzuak", eskaintzen diren aukerako 17 ECTSetatik 14 ECTS Sare, sistema eta zerbitzuak moduluan egiten badira.

_"Irrati-komunikazioak", eskaintzen diren aukerako 17 ECTSetatik 14 ECTS Irrati-komunikazioak moduluan egiten badira.

PROGRAMAKO MASTER TITULU BAKOITZERAKO

(Gobernuak berariaz jarraibide orokorrak ezarri dizkien tituluen kasuan, UKK-k homologatutako programa "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu izanaren erreferentzia jarri behar da, besterik ez)

Tituluaren izena: Komunikazioetako Masterra.

Ikasketen iraupena:

Ikasle guztientzako nahitaezko iraupen finkoa dagoen adieraztea. Hala ez bada, esaldi hau ageriko da, besterik idatzi ezean:

60 kreditutik 120ra bitartean, ikasleak lehendik duen prestakuntzaren arabera

Berariazko helburuak:

Masterreko prestakuntza helburu zehatzak, lanbideari, ikasketei edo ikerketari buruzko orientazioa, eta lortutako gaitasun orokorrak.

Hona helburu nagusia: oinarrizko ezaguera eta kontzeptu-tresnak ematea, gaur egun elkarrekin komunikatzeko erabiltzen ditugun komunikazio sistema guztien funtzionamendua maila teknikoan ulertu ahal izateko.

Sarrera profilak eta aurretiazko prestakuntzaren inguruko baldintzak:

Master programa arrakastaz burutzeko egokienak diren profilen eta aurretiazko prestakuntzaren deskribapena. Ez dira ikasleak onartzeko irizpideak.

Telekomunikazio, Industria eta Informatika ingeniari teknikoak eta goi mailakoak.

Ikasleak onartu eta aukeratzeko irizpideak:

Onartzeko irizpideek, oro har, 56/2005 Errege Dekretuan ezarritako ildoei jarraituko diete. Aukeraketarako irizpideak honakoak izanen dira: titulua zenbateraino den egokia masterreko eduki teorikoetarako, eta espediente akademikoa.

Edukien azalpen laburra:

Masterreko prestakuntzaren muina osatzen duten gaiak deskribatuko dira (hau da, eskaintzen den prestakuntzaren funtsezko edukiak; horiek aldatuz gero, taxututako helburuak ere aldatu eginen lirateke).

132 kreditu ECTS eskaintzen dira guztira, oinarrizko eta berariazko prestakuntzako ikasgaitan.

Ikasleek, haien aldez aurreko prestakuntzaren arabera, gutxienez 60 eta gehienez 120 kreditu ECTS gainditu beharko dituzte. Kopuru horretan, master bukaerako 12 ECTSko lan bat sartu beharko dute, nahitaez.

Ikasgaien eskaintza honela gauzatzen da:

_72 ECTS oinarrizko prestakuntzari dagozkio,

_60 ECTS berariazko prestakuntzari dagozkio.

Proposamen honetan biltzen diren ECTS kredituak ikaslearen 25 lan orduren parekoak dira, guztira; ordu horietatik 10 presentzia orduak dira.

Masterreko oinarrizko prestakuntzako irakasgaiak (72 ECTS) sei gai-eremu nagusitan daude sailkatuta. Hona hemen:

_Seinalearen tratamendua, 12 ECTS.

Deskriptorea: Seinale diskretuak prozesatzeko oinarri teorikoak: iragazketa, Fourier-en seinale eraldatua, seinaleen eta sistema diskretuen analisi frekuentziala, denbora-frekuentzia irudikapenak. Komunikazio sistemetan zarataren analisia egiteko prozesu estokastikoak. Modelizazio estatistikoa. Irakasgai hauetan gauzatzen da:

-Seinalearen tratamendu digitala, 6 ECTS

-Seinale prozesadore digitalak, 3 ECTS

-Prozesu estokastikoak eta estatistika, 3 ECTS

_Antenak eta mikrouhinak, 10 ECTS.

Deskriptorea: Funtsezko kontzeptuak, funtzionamendu printzipioa, antena elementalak eta oinarrizkoak. Multzoak. Zirkuitu eta osagai kontzeptuak mikrouhinen frekuentzietan eta frekuentzia milimetrikoetan. Hedapena. Maxwell-en ekuazioak uhin-gida itxi eta irekiei aplikatuta: TE eta TM moduak. Zirkuituen karakterizazioa Z, Y, ABCD eta S parametroen bidez. Funtsezko zirkuituak: potentziaren zatitzaile/konbinatzailea, norabidezko akoplagailuak, zirkuladoteak etab. Iragazkiak. Anplifikadoreak. Osziladoreak. Neurketa mikrouhinetan eta uhin milimetrikoetan. Irakasgai hauetan gauzatzen da:

-Antenak, 4 ECTS

-Mikrouhin zirkuituak, 3 ECTS

-Mikrouhin gailuak, 3 ECTS

_Irrati-komunikazioak, 9 ECTS.

Deskriptorea: Telekomunikazio sistemen inguruko oinarrizko kontzeptuak. Atmosferan hedatzeko mekanismoak. Hedapen fenomenoen karakterizazioa: islapena, difrakzioa eta errefrakzioa. Fresnel-en zonak. Lurreko irrati-lotura analogiko eta digitalen diseinua. Igorgailu eta hargailuen estrategiak. Zarataren tratamendua eta karakterizazioa komunikazio sistemetan. Funtsezko elementuen karakterizazioa: anplifikadoreak, iragazkiak, nahasgailuak, osziladoreak etab. Irakasgai hauetan gauzatzen da:

-Irrati-komunikazioak, 6 ECTS

-Komunikazioen elektronika, 3 ECTS

_Kable bidezko komunikazio sareak, 14 ECTS.

Deskriptorea: Transmisio bide gisa kable elektriko edo optikoak erabiltzen dituzten banda zabaleko komunikazio sareen maila fisikoa. Komunikazio optikoen atarikoak. Zuntz optikozko eta optika integratuko gailu pasibo eta aktiboak. Zuntz optikoaren bidezko seinale-transmisioa. Zuntz optikozko komunikazio sareak. Sare domotikoak, sare korporatiboak, sarbide sareak, sare metropolitanoak, eremu hedatuko sareak eta itsaspeko sareak. Komunikazio sareen karakterizazioa. Irakasgai hauetan gauzatzen da:

-Komunikazio optikoak, 8 ECTS

-Zuntz optikozko sareak, 3 ECTS

-Kableatu egituratua, 3 ECTS

_Sareak, sistemak eta zerbitzuak, 12 ECTS.

Deskriptorea: Ordenagailuen arteko konexioak. Komunikazio protokoloak eta erreferentzia ereduak. LAN sareak. Sareen moldaketa eta haien neurrien kalkulua. Telekomunikazioen normalizazioa eta telekomunikazio politika. Banda estuko eta banda zabaleko komunikazio digitalen sareak. Sare eta zerbitzuak planifikatu eta kudeatzea. Sareen arteko lotura eta Internet. Banabideak. Itomenaren kontrola. Garraio zerbitzu eta protokoloak. Balio erantsia duten zerbitzu eta terminalak. Peer-to-Peer (P2P) protokoloak. Edukien streaming-a. Multicast. Sare mugikorrak. Irakasgai hauetan gauzatzen da:

-Sareak, sistemak eta zerbitzuak, 7 ECTS

-Ordenagailu sareak, 5 ECTS

_Komunikazio digitalak, 15 ECTS.

Deskriptorea: Komunikazioaren teoria. Kodeketak, ekualizazioak, konpresioak, modulazioak, multiplexazioak, sarbide anizkoitza, potentzia-kontrolak, MIMO sistemak, spreading-a, dibertsitateak etab. Multimedia seinaleen kodeketak. Irakasgai hauetan gauzatzen da:

-Komunikazio digitalak, 6 ECTS

-Ahots eta audio kodeketa, 3 ECTS

-Telebista digitala eta multimedia, 6 ECTS

Gainera, berariazko prestakuntza gisa, Komunikazioetako Masterrak aukerako 60 ECTS eskaintzen ditu zerrendako gai-eremuekin zerikusia duten arloetan. Hartara, ikasle bakoitzaren espedientea espezializatu eta bereizi ahal izanen da.

Zehazki, berariazko prestakuntzako irakasgai hauek eskaintzen dira:

_Antenak eta mikrouhinak moduluaren barnean

-Antena eta mikrouhinen laborategia, 3 ECTS

-Antena aurreratuak, 3 ECTS

-Goi frekuentziako CAD tresnak, 3 ECTS

Irrati-komunikazioak moduluaren barnean, eskaintzen diren 17 ECTSetatik 14 eginez gero, "Irrati-komunikazioak" espezialitatea lortzen da.

-Irrati-komunikazioen laborategia, 3 ECTS

-Komunikazio mugikorrak, 5 ECTS

-Hari gabeko komunikazioak, 3 ECTS

-Satelite bidezko komunikazioak, 3 ECTS

-Ahalmen handiko irrati komunikazioak, 3 ECTS

_Kable bidezko komunikazio sareak modulutik

-Domotika, 2 ECTS

_Sareak, sistemak eta zerbitzuak moduluaren barnean, eskaintzen diren 17 ECTSetatik 14 eginez gero, "Interneteko zerbitzuak" espezialitatea lortzen da,

-Banda zabaleko sare-teknologiak, 5 ECTS

-Segurtasuna Interneten, 3 ECTS

-Internet laborategia, 3 ECTS

-Aplikazioak Interneten, 3 ECTS

-Sare zerbitzu berriak Interneten, 3 ECTS

_Eta orokorrak,

-Ikerketa jardueraren oinarrizko alderdiak, 3 ECTS

-Komunikazio proiektuak, 5 ECTS

-Konputagailuen arkitektura, 7 ECTS

DOKTORETZA IKASKETETARAKO

Tituluaren izena: Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktorea.

Doktoretzaren helburuak eta antolaketa

Ikerketa ildo nagusien deskribapena, eta ikerketa arloko prestakuntzarako nahiz doktoretza tesien garapenerako eginen diren jardueren azalpena (ikastaro, mintegi, praktika eta abarrekoak).

Ikerketa lanak egiteko aukeratu ahal izanen diren ikerketa lerroak hauek dira:

_Protokolo eta zerbitzu berriak Interneten

_Metamaterialak: aldizkako egitura orokortuak mikrouhinei eta antenei aplikatuta.

_Irrati-frekuentziaren eta mikrouhinen aplikazioak medikuntzan

_Komunikazioetarako behe-tentsioko zirkuituak

_Komunikazio mugikorrak

_EBG, MM eta CORPS egiturak erabiliz antena sistemak diseinatzea

_Zuntz leundua. Mintz meheak.

_Seinale biomedikoen lanketa

_Zuntz optikozko sare eta gailuak

_Zuntz optikozko sentsoreak. Zuntz optikozko sentsoreen sareak. Egitura adimendunak.

_Banda zabaleko sareak_ VoIP sareak

_Hots seinaleen analisiak

Doktoregaiak onartu eta aukeratzeko irizpideak:

Doktoregaiek onartuak izateko bete behar dituzten baldintzak (programaren barnean aldez aurretik masterreko moduluren bat egin beharra tartean dela, bidezkoa izanez gero), eta doktoregaiak hautatzeko prozeduraren azalpena.

Komunikazioetako Masterreko ikasleek 3 ECTSko Ikerketa jardueraren oinarrizko alderdiak irakasgaia gainditu beharko dute, lehenago egin ez badute. Masterrean eskaintzen diren irakasgaietakoa da.

Onartzeko irizpideek, oro har, 56/2005 Errege Dekretuan ezarritako ildoei jarraituko diete.

Iragarkiaren kodea: F0705762