73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko maiatzaren 21ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen da "Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko Geltoki Berriaren Eremua eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremua garatzeko Plana", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua.

2006ko azaroaren 28an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak "Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko Geltoki Berriaren Eremua eta Iruñeko Geltoki Zaharraren Eremua garatzeko Plana" aurkeztu zuen Udalez gaindiko Plan Sektorial gisa tramitatzeko, eta Ingurumen ondorioen azterlana ere aurkeztu zuen, Planaren ingurumen eraginaren ebaluazioa egiteko.

I._Aurrekariak.

1997ko urtarrilaren 7an, Nafarroako Gobernuak behin betiko onetsi zuen "Iruñerrian, Noaingo akueduktuaren eta Zuastiren artean, trenbidearen azpiegiturarako lurren erreserba egiteko eta bidaiariendako tren geltokiaren kokaleku berrirako Udalez gaindiko Plan Sektoriala" (1997ko 10. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, urtarrilaren 22koa).

2001eko irailaren 4an, Sustapen Ministerioko Azpiegituretarako Estatu Idazkaritzak onespen teknikoa eman zion "Iruñerriko trenbide sare berria: trenbidearen kizkurgunea kentzea eta geltoki intermodal berria" proiektuari dagokion Informazio azterlanari. Azterlan horren gainean, tramite egokiak egin ondoren, bi ebazpen eman dira:

_2004ko ekainaren 1eko Ebazpena, Kutsadurari eta Klima Aldaketari Aurrea Hartzeko Idazkaritza Nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena (2004ko 157. Estatuko Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

_2004ko uztailaren 7ko Ebazpena, Azpiegituretarako eta Plangintzarako Estatu Idazkaritzak emana, jendaurreko azalpenaren espedientea onetsi eta aipatu azterlanari behin betiko onespen ofiziala ematen diona, administrazio bidea amaituz (2004ko 191. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 9koa).

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2003ko apirilaren 16an, Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko Geltoki Berriaren Eremuaren Hirigintza Diseinua egiteko ideien lehiaketarako deia egin zuen. Lehiaketan hiru jarduketa eremu proposatu ziren: I. eremua, geltoki berria eginen den tokia eta inguruak; II. eremua, desagertuko den tren geltoki zaharreko lurrak; eta III. eremua, desagertuko den Iruñerriko trenbide zaharreko lurrak.

2004ko martxoaren 10ean Sustapen Ministerioak, Renfek, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak, Zizur Nagusiko Udalak eta Zizur Zendeako Udalak lankidetza protokoloa sinatu zuten "Iruñeko Trenbidearen Kizkurgunearen ezabatzeak ukituko duen eremuaren hirigintza eta kudeaketa planeamendua egiteko eta Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltoki berriaren eremua garatzeko".

Protokolo horretan ezarritakoari jarraituz, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2004ko irailaren 27an, ideien lehiaketa irabazi zuen taldea kontratatu zuen hiri antolamenduaren agiria egin zezan, I. eremua eta II. eremua barnean hartuz (III. eremua bereiz garatu behar da eta tramitatzeko aurkeztu den Planaren xedea oraingoz ez da hura garatzea).

II._Proposamenaren xedea eta haren alderdi nagusien deskripzioa.

Planaren xedea 1. eremuko eta 2. eremuko hirigintza antolatzea da. 1. eremuan Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko geltokia egitekoa da. Gutxi gorabehera muga hauek ditu: Barañaingo udal mugapea / Elortz ibaia, Donejakue Bidea eta A-15 errepidea. 2. eremuan, Sanduzelai eta Buztintxuri artean, hiria zeharkatzen duen trenbidea kenduko da eta egungo tren geltokia lekuz aldatuko da.

1. eremuko hiri antolamenduak aurreikusi egiten ditu eta barnean hartzen ditu tren geltoki berria, trenbide berria, eta etxebizitzetarako, hirugarren sektorerako eta jarduera ekonomikoetarako eremu garrantzitsu bat _hori garatu ahal izateko Inquinasa lantegia lekuz aldatuko litzateke_. Aldi berean errepide gabezia handiak konpondu nahi ditu, batez ere Barañaindik loturak eginez Mendebaldeko Ingurabidera (A-15) eta Arostegui etorbidea/Donejakue Bideko autobiara (A-12).

Bestalde, 2. eremuan bizigunea garatuko da, egungo geltokia dagoen lekua berreskuratuz. Horrela, orain arte trenbideak banatu dituen hiriko bi aldeen arteko etenunea beteko da.

Proposamenaren datu nagusiak honako hauek dira:

_Azalerak.

I. eremua._Abiadura Handiko Trenaren geltoki berriaren eremua: 2.096.308 m².

II. eremua._Geltoki zaharra: 287.517 m².

Guztira: 2.383.825 m².

Hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea duten lurrak: 1.899.163 m².

_Etxebizitzen tipologia eta kopurua.

Etxebizitzen kopurua I. eremuan: 7.005 etxebizitza.

Etxebizitzen kopurua II. eremuan: 1.125 etxebizitza.

Etxebizitza libreak (%50): 4.065 etxebizitza.

Babes ofizialeko araubideren bat duten etxebizitzak (%50): 4.065 etxebizitza.

Etxebizitzen kopurua, guztira: 8.130 etxebizitza.

_Jarduketa bereziak.

Abiadura Handiko Trenaren geltoki berria: 145.452 m².

Bioteknologia eremua: 62.000 m².

Eskualde-intereseko azpiegituretarako erreserba: 77.595 m².

_Azalera eraikia, gehienez, erabileraren arabera.

Etxebizitza libreak: 467.476 m².

Prezio tasatuko etxebizitzak: 233.738 m².

Babes ofizialeko etxebizitzak: 233.738 m².

Etxebizitzetarako azalera 1. eremuan, guztira: 805.576 m².

Etxebizitzetarako azalera 2. eremuan, guztira: 129.376 m².

Bioteknologiako ekipamendua: 115.217 m².

Egoitzak/Ostalaritza: 32.575 m².

Jarduera ekonomikoa: 22.230 m².

Merkataritza: 88.775 m².

Bulegoak: 56.682 m².

_Plana gauzatzeko kostuen zenbatespena.

Urbanizazio kostua: 180.768.000 euro.

Kalte-ordainen kostua: 153.340.000 euro.

Partzuergoa kudeatzeko gastuak: 13.364.320 euro.

Guztira: 347.472.320 euro.

Ukitutako udalerriak Iruña, Zizur Nagusia, Zizur Zendea eta Barañain dira.

Planak udalerri horien egungo mugen aldaketa justifikatu eta proposatzen du. Hala ere, Plana kudeatzeko eratu behar den Hirigintza Partzuergoa izanen da, Planean bertan adierazten denez, ukitutako udalerrietan behar diren muga aldaketak aztertu eta horien tramitazioa proposatuko duena, indarra duen legeriari jarraituz.

III._Udalez gaindiko plan sektorialaren figura zergatik hautatu den.

Lehenago azaldu den bezala, Planaren bidez konplexutasun handiko arazo batzuetarako konponbideak eman nahi dira, hala nola, Iruñerria zeharkatzen duen trenbide kizkurgunea kendu eta tren geltokia lekuz aldatzea; Inquinasa lekuz aldatzea, lantegi horrek, trenbidearekin batera, inguruaren zentzuzko garapenerako edozein aukera baldintzatu izan baitu; Etxabakoitz auzoa berregituratzea, hiri sare egokiaz hornituz eta inguru horrek guztiak izan dituen errepide defizitak eta gabeziak betez; eta egungo geltokiak hartzen duen tokia berregituratzea. Definitutako eremuen antolamenduak dituen izaera eta ezaugarriak, aurrez aurre izanen dituen magnitudeak eta haren exekuzioari ekiteko modua ikusirik, bidezkoa da, inolako zalantzarik gabe, udalez gaindiko plan sektorialaren figura hautatzea. Tresna hori da egokiena nahi diren helburuak lortzeko, eta beraren xedea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak dioenez, hain zuzen ere etxebizitzetarako, jarduera ekonomikoetarako edo ekipamenduetarako jarduketak antolatzea da, halako jarduketek, beren tamainagatik, garrantziagatik edo ezaugarri bereziengatik, egiten diren udalerritik edo udalerrietatik kanpo ere eragina dutenean.

Beste alde batetik, plan sektorialetako zehaztapenak lotesleak dira ukitutako toki entitateen udal planeamenduarentzat eta, horregatik, bestela nekez ezar litezkeen antolamendurako neurri eta zehaztapenak ezartzea ahalbidetzen dute. Modu horretan, Plan Sektorialak bere antolamendu-zehaztapenak ezarri ahal izanen ditu ukitutako udalerrietako planeamenduen gainetik, eta udalek zehaztapen horiek bere eginen dituzte, nahiz eta haietako batzuek ez zuketen euskarririk izanen ukitutako hiri planeamenduetako arauen argitan, bereziak izateagatik jarduketa berezi baten barnean bakarrik justifikatzen ahal diren antolamendu-erabakiak eragotziz. Izan ere, Plan Sektorialak erabilera, intentsitate, garaiera, aprobetxamendu, lagapen eta abarrekoei buruz definitzen eta ezartzen dituen zehaztapenak ez lirateke ezartzen errazak, helburu, planteamendu, metodologia eta araudi guztiz desberdinak dituzten hiru hirigintza-planeamendu batera aintzat hartu behar balira.

IV._Plana kudeatzeko proposamena.

IV.1._Lurzoruaren sailkapena eta jarduketa sistema.

Planaren jarduketa eremuko lurrak, alde batera utzita gaur egun zein mota eta kategoriatakoak diren, urbanizazio sistematikoaren bidez eraldatuko dira. Horregatik, UPSak lur horiek guztiak lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatzen ditu.

Proposatutako jarduketa sistema lankidetza da.

IV.2._Banaketa eremu eta exekuzio unitate bat eta bakarra.

Trenbidearen berregituraketaren kostuei aurre egiteko; antolamendu egokia ezartzeko, Inquinasa lantegiaren lekualdaketa barne; azpiegitura eta zerbitzu obra nagusiak modu bateratuan egiteko; aprobetxamenduak eta kargak udal mugapeen artean hainbanatzeko, etab., Planak hauxe proposatzen du konponbide onena delakoan, konponbide posible bakarra ez esatearren: eremu bakar batean egin dadila hirigintzako jarduketa, bai aprobetxamenduei dagokienez (banaketa eremua), baita onura eta kargen hainbanaketari (exekuzio unitatea) eta azpiegitura eta zerbitzuen exekuzioari (urbanizaziorako eta egungo trenbidearen trazadura aldatzeko proiektuaren eremua) dagokienez ere.

IV.3._Ereduzko homogeneizazio eta aprobetxamendu koefizienteak.

Ondoko taulan ematen dira homogeneizazio koefizienteak, erabileraren arabera; horiek azalera eraikiei aplikaturik lortzen den emaitza, hirigintzako aprobetxamendu unitatetan adierazita; eta ateratzen den ereduzko aprobetxamendua, hau da, hirigintzako aprobetxamendu unitateak hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea duen metro karratu bakoitzeko.

ERABILERAK AZALERA ERAIK. KOEFIZIENTEA AU

Etxebizitza libreak 467.476 m² 1 467.476,00

PTko etxebizitzak 233.738 m² 0,364 85.080,63

BOko etxebizitzak 233.738 m² 0,272 63.576,74

Bioteknologiako

ekipamendua 115.217 m² 0,272 31.339,05

Egoitzak / Ostalaritza 32.575 m² 0,694 22.607,05

Jarduera ekonomikoa 22.230 m² 0,611 13.582,53

Merkataritza 88.775 m² 0,611 54.241,59

Bulegoak 56.682 m² 0,694 39.337,45

Sotoen aprobetxamendua 102.308,02

GUZTIRA 879.549,06

Hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea duten lurrak: 1.899.163 m².

Eredu-aprobetxamendua: 879.549,06/1.899.163 = 0.463 AU/m².

IV.4._Kudeaketa bideratzeko moduak.

UPSaren kudeaketaren eta exekuzioaren bidez trenbidearen trazadura aldatu behar da eta tren geltoki berria egin behar da bere zerbitzu eremuekin. Horretarako aurreikusten da Sustapen Ministerioari edo entitate publiko egokiari behar diren lurrak doan esleituko zaizkiola, planeamenduaren lurralde-eremuan trenbidearen trazadura berria garatu eta egin dezan eta tren geltoki berria eraiki dezan bere zerbitzu eremuekin. Esleipen horrez gain, erakunde horiek kalte-ordainak hartuko dituzte eraikin eta instalazioak eraisteagatik eta egungo trenbidea aldatzeagatik, eta orube eraikigarriak jasoko dituzte, aprobetxamendurako eskubidea duten lurren ordainez. Horrenbestez, erakunde horiek behar adinako baliabideak eta ahalmen finantzarioa izanen dituzte beren azpiegiturak egiteko, Foru Komunitateko Administrazioarekin egindako akordio eta konpromisoen arabera.

Beste alde batetik, UPSak hainbat udalerri ukitzen ditu eta haren kudeaketak eta exekuzioak trenbidea berregituratzetik haragoko xedea dute. Horregatik komenigarritzat jotzen da Hirigintza Partzuergoa sortzea. Erakunde horrek hirigintzako eskumenak izan behar ditu urbanizazio eta kudeaketa agiriak onesteko eta behar diren administrazio jarduketa publikoak egiteko. Nafarroako Gobernuak, 2007ko martxoaren 5ean, hasiera batez onetsi zituen Iruñerriko Abiadura Handiko Partzuergoaren estatutuak eta jendaurrean jarri zituen 15 egunez (2007ko martxoaren 12ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

V._Emandako txostenak eta eskatutakoak.

V.1._Emandako txostenak.

1._Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak (Ondare Historikoaren Zerbitzua), 2007ko martxoaren 16an emandako txostenean, katalogatu gabeko ondare arkeologikoa babesteko neurriak eta prebentzio neurriak ezarri ditu.

2._Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzak (Nafarroako Osasun Zerbitzua) 2007ko apirilaren 4an emandako txostenak dioenez, Planean proposaturiko lurzatiak, Z3-PD5 eta Z5-PD12, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren beharretarako egokiak dira azaleraz eta kokapenez.

3._Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak (Hezkuntza Departamentua) 2007ko apirilaren 16an emandako txostenean ondorio hauek azaldu ditu:

I. eremuan.

_Ed-Z2-PD2 lurzatia, 12.637 m²-koa, onargarria da aurreikusten diren hezkuntza mailetarako, eta erreserban geratuko litzateke.

_Ed-Z5-PD13 lurzatia, 10.015,92 m²-koa, onargarria da aurreikusten diren bi hezkuntza mailetarako: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikorako (8.015,92 m²) eta 0-3 urteko ikastetxerako (2.000 m²). Behar izanez gero, lurzati osoa har liteke Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikorako.

_Ed-Z4-PD6 lurzatia, "a" letra, 7.968,70 m²-koa, onargarria da Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko berrirako. "Eraikin horren eraikuntzak, barneko urbanizazioa eta inguruko itxitura barne _dio txostenak_, poligonoaren kargura izan behar du eta ez die kosturik ekarri behar Iruñeko Udalari eta Hezkuntza Departamentuari; araudia bete behar da, eta eraikin berriak egungo eraikinak adina gela izan behar ditu".

_Ed-Z4-PD6 lurzatia, "b" letra, 2.088,64 m²-koa, onargarria da 0-3 urteko ikastetxe publiko berrirako. "Eraikin horren eraikuntzak, barneko urbanizazioa eta inguruko itxitura barne _dio txostenak_, poligonoaren kargura izan behar du eta ez die kosturik ekarri behar ez Nafarroako Gobernuari (Gizarte Ongizate Departamentua edo Hezkuntza Departamentua) ez Iruñeko Udalari".

II. eremuan.

_Ed-Z0-PD19 lurzatia, 8.473,80 m²-koa, onargarria da beharrezkoa izan litekeen ikastetxerako (DBHI., edo BHI, edo LH edo HBIP).

_Buztintxuriko GSA-II. unitateko Z0-PD20 lurzatiak dituen 5.162,74 m²-etatik 2.000 m² hartu behar lirateke 0-3 urteko haurrentzako ikastetxe bat egiteko. Ikastetxe horrek II. eremuan kokatuko diren bizilagunen eta Buztintxuriko bizilagunen eskolatze beharrak aseko lituzke.

4._Joan den maiatzaren 8an Sustapen Ministerioaren nahitaezko txostena jaso da, Trenbide Zuzendaritza Nagusiko Plan eta Proiektuetarako zuzendariorde nagusiak emana. Bertan ondorio gisa esaten da Sustapen Ministerioak ontzat ematen duela Plana, baina ohar hauek egiten dira:

_Plana garatzen den bitartean, une oro bete behar dira Trenbide Sektoreari buruzko Legearen eta hura garatzen duen Erregelamenduaren aginduak, trenbiderainoko distantziei dagokienez.

_Planean proposatzen da N-111 eta NA-600 errepideen artean trenbidea estaltzea. Proiektu hori Trenbide Zuzendaritza Nagusiarekin adostu behar da.

_Z6-PT1, Z6-PT3, Z6-PT6 eta Z6-P1 lurzatiak (eta agian Z7-PD15 lurzatia) trenbide berrietatik oso hurbil daude. Beraz, bermatu egin behar da azkenean lurzati horietarako eginen diren proiektuek ez dutela trenbide sistema ukituko. Gainera, bibrazioen azterketa eginen da, inguru horretan egin beharreko eraikinak zertarako erabiliko diren kontuan hartuta.

_Memoriaren 1.2 puntuan Plana kudeatu eta betetzeko formula proposatzen da. Formula hori, Sustapen Ministerioari dagokionez, azpiegitura berriaren garapenak ukitzen dituen aldeen arteko protokolo edo hitzarmenetan azkenean erabakitzen dena izanen da.

V.2._Eskaturiko txostenak.

Ur hornidura, saneamendua, hiri hondakinen bilketa eta hiri garraioa direla eta, 2007ko otsailaren 20an Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eskatu zaio Iruñeko Mankomunitatean kudeaketak egiteko, Mankomunitateak gai horiei buruz behar diren txostenak eman ditzan.

VI._Lurralde arloko gogoetak.

VI.1._Lurralde estrategia.

Hainbat ataletan behin eta berriz esan denez, Iruñerriko eskualdea zeharkatzen duen trenbide-kizkurgunea kentzeari buruz hartu diren erabaki garrantzitsuen ildotik sortu da Plana. Trenbide zaharra kentzeak trenbidearen trazadura berria garatu eta tren geltokia lekuz aldatzea dakar berekin. Erabaki horiek aurrekarien atalean aipatu diren ebazpenetan eta bestelako administrazio egintzetan gauzatu dira.

Azpimarratu behar da erabaki horiek badutela aurrekari garrantzitsu eta sendo bat lurralde plangintzaren arloan: 1997ko urtarrilaren 7ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak behin betiko onetsi zuen "Iruñerrian, Noaingo akueduktuaren eta Zuastiren artean, trenbidearen azpiegiturarako lurren erreserba egiteko Udalez gaindiko Plan Sektoriala eta bidaiariendako tren geltokiaren kokaleku berria". Geroago lur erreserba hori Iruñerriko Hirigintza Arauetan ere jaso da "AHTrako lur erreserba: RF 2" izenburupean, eta gaur arte modu eraginkor eta onuragarrian baliatu da, prestazio handiko trenbide azpiegitura berri bat ezartzeko eskualde mailako xedea arriskuan jar zezaketen hirigintzako jarduketetatik babestu baititu erreserbatutako lurrak.

Orain aztertzen ari den Plana, beraz, lurraldeari buruzko beste erabaki batzuetan errotuta dago eta erabaki horiek oso garrantzitsuak dira Nafarroaren etorkizunerako, herrialde, eskualde zein udalerri mailan.

_Komunitate mailan: trenbide berria eta haren ezarpenaren haritik sortutako proposamen osoa Iruñerriaren lotura garrantzitsua izanen da Komunitateko lurralde-harreman guztiekin, bai azpiegituren mailan, bai zerbitzuen eta beste lurralde-ekipamendu batzuen mailan.

_Eskualde mailan: geltoki berria eskualdean begi bistako ondorioak dituen jarduketa baten eragilea da. Ondorio horien artean azpimarragarriak dira (alde batera utzita zer garrantzia duen, eskala honetan, kontuan hartutako eremuen hiri berregituraketak, bereziki I. eremuarenak) udalez gaindiko zenbait ekipamenduren aurreikuspena, egungo biziguneetako bideak elkarren artean eta beren hurbileko eta urrunagoko inguruarekin lotzea eta horrek garraio publikoaren garapenerako duen garrantzia, eta, beste arlo batera pasatuz, Inquinasa lantegiaren lekualdatzea eta, horrenbestez, eskualde-eremu garrantzitsu baten hiri garapena baldintzatzen duen faktore baten deuseztapena.

_Udalerri mailan: bi eremuetako jarduketek erantzuna eta jarraipena eman nahi dizkiete beren inguruko bizigune guztiei. Helburu horien adierazpen argiena II. eremuaren antolamendua da; izan ere, eremu horretan tren geltoki zaharra eta trenbidea kentzen direnean, orain arte oztopo fisiko handia izan dena erabilgarri geratuko da, azken urteotan bereziki sendotuz joan den eremu baten erdian.

VI.2._Eskualdeko hirigintza arauak.

Proposamena lurraldearen ikuspegitik baloratzeko, Iruñerriko Hirigintza Arauekin ere alderatu behar dugu. Arau horietako aurreikuspen batzuek lotura nabarmena dute tramitatzen ari den Planarekin, ondoren azalduko den bezala.

1._Aukerako aldeak.

Iruñerriko Hirigintza Arauetan honela definitzen dira: "Aukerako aldetzat jotzen dira xede garbirik ezarrita ez duten lurralde eremuak eta beren ezaugarriengatik edo balio estrategikoagatik hiri garapenerako hautabide funtzional eta formal asko eskaintzen dituztenak. Eremuok, gainera, ez daude zehatz mugaturik". Alde horien artean honakoa identifikatzen da: "AA.4: Etxabakoitz, Larrazkuntzea, geltokia", eta ukitutako udalerriak Iruña, Zizur Nagusia eta Zizur Zendea dira.

Horrelako aldeen edukiaz eta esanahiaz esaten dena, AA.4 aldeari esleitzen zaion eremua eta hark ukitzen dituen udalerrien eremua ikusirik, argi dago Plana, I. eremuaren garapenari dagokionez, bat datorrela eduki eta esanahi horiekin.

2._Erdialde berriak.

Iruñerriko Hirigintza Arauetan honela definitzen dira: "Zenbait alde balizko erdialde berritzat jotzen dira, lurraldea egituratzen lagun dezaketelako, beren kokaera eta eskaintzen dituzten aukerak direla-eta, eta inguruan dituzten gune eta aldeei autonomia gehiago emateko gai direlako, baldin eta nahikoa ekipamenduz eta funtzio-aniztasunez hornitzen badira". Erdialde horien artean honakoa identifikatzen da: "EA.4: Etxabakoitz eta geltoki berria", eta ukitutako udalerriak Iruña, Zizur Nagusia eta Zizur Zendea dira.

Iruñerriko Hirigintza Arauetako aurreikuspen horri dagokionez, aukera aldeei buruz esandakoa errepika daiteke, ondorio gisa.

3._Babestu beharreko lurrak.

UPSaren eremuaren barneko zenbait gune Iruñerriko Hirigintza Arauek ezarritako tipologia horretakoak dira. Honako hauek dira zehazki:

Paisaia erreserbak: RP6 "Barañaingo mazelak".

Baso lurrak: SF12 "Zizurko mendiak".

Atseden lekuak: AR5 "Arga eta Elortz ibaien elkargunea".

Oro har, Planak Iruñerriko Hirigintza Arauetan ezarritako irizpide eta gidalerroei jarraitzen die. Baso lurrak eta atseden lekua orain bezala mantenduko dira eta hori bateragarria da Iruñerriko Hirigintza Arauetako aurreikuspenekin. PE6 Paisaia Erreserbak ohar berezia behar du, eremuaren lurralde-egituran duen garrantziagatik.

4._RP-6 "Barañaingo mazelak" paisaia erreserba.

Iruñerriko Hirigintza Arauek paisaia erreserbak ezarri dituzte, hiri sarean tartekatutako eremu libre gisa. Halaber, Iruñerriko lurraldearen ezaugarri diren muino, mazela, goi-ordoki, ibar, ezponda eta abarrekoen erliebe berezia nabarmentzen dute. Erreserba horien bidez, landa/hiri alde horietako paisaia zaindu egin nahi da eta aldi berean Iruñerriak berezkoa duen hiri garapenaren eredua sustatu nahi da, hau da, eraikitako eremu handiak eta eremu libre handiak modu orekatuan konbinatzen dituen eredua. Erreserba horiek eskualdeko "hiri paisaiaren" erakusgarri nagusiak dira eta hain zuzen ere horixe da haien bidez babestu nahi den balioa.

Paisaia erreserbak ezartzeko ez da beharrezkoa lurzorua sailkatzea. Nolanahi ere, Iruñerriko Hirigintza Arauek eragotzi egiten dute lurzoruaren erabileraren aldaketa masiborako hirigintza-tresnak onestea, tresna horiek bateraezinak direlako zaindu nahi den paisaia-erreferente horren iraupenarekin. Multzoaren geomorfologia eta itxura ahal den neurrian zaintzen baldin badira, hirigintza planetan bateragarriak izan daitezke egungo erabilerak eta behar bezala araututako beste erabilera batzuk. Beste alde batetik, erreserben muga geografikoak zehaztu egin behar dira tokiko edo lurraldeko planeamenduan.

Inguruaren azterketa geomorfologikoan oinarrituta Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak egin duen interpretazioaren arabera, PE-6 "Barañaingo mazelak" paisaia erreserbak ibai terrazen sistema babesten du Elortz eta Arga ibaiek bat egiten duten gunean. Zenbait terraza-maila identifikatu dira. Terraza batzuk zertxobait desitxuratuta daude Barañaingo eta Ipar Etxabakoizko urbanizazioan egindako lur mugimenduen ondorioz. Hala ere, nahiko garbi bereizten ahal dira goiko terrazaren ertza eta Elortz ibairaino jaisten diren malkar eta ezpondak. Goiko ertzaren eta ibaiaren arteko tarte horri dagokio, gure iritziz, "Barañaingo mazelak" kontzeptua, eta Plan Sektorialean behar bezala zehaztu eta mugatu da.

PE-6 erreserbaren barnean "ingurune" desberdinak identifikatzen ahal dira, geomorfologiaren, landarediaren eta ikuspegien arabera. Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak, Plana egin duen taldearekin harremanetan, faktore horiek zehatz-mehatz aztertu ditu. Horrela, garrantzi handieneko guneak identifikatu eta seinalatu dira eta irizpideak finkatu dira Erreserban eginen den esku-hartzea hirigintzaren aldetik eraginkorra izan dadin eta ingurumenaren aldetik Iruñerriko Hirigintza Arauekin bateragarria izan dadin.

Zehazki irizpide hauek ezarri dira:

_Terraza-maila guztietako malkarrak edo maldarik handieneko aldeak ahalik gehien errespetatzea.

_Landaretza duten aldeak, zuhaiztiak izan nahiz ez, ahalik gehien errespetatzea.

_Uholde eremuak ahalik gehien errespetatzea.

_Urbanizazioak %20 inguru okupatzea, erreserba lur gehienak libre uzteko.

_Eraikinak erreserbaren ekialdeko muturrean metatzea, ikuspegiaren gaineko eragina gutxitu eta metatzeko.

Azkenean tramitatu den bertsioaz gain, Planaren lau bertsio daude dokumentaturik, egile taldeak proposatuak, irizpide horiei egokituz joan direnak. Lehenbiziko bertsioek Elortz ibaiaren beheko terrazaren okupazio masiboa proposatzen zuten, etxeak egiteko, eta Barañainera joateko bideek eragin larria zuten goiko terrazako malkarrean.

Azkenean aurkeztu den proposamena, oro har, bat dator Iruñerriko Hirigintza Arauetako irizpide orokorrekin, salbuespen hau salbu: Z1-P8 eta Z1-P9 lurzatietako urbanizazioaren eta eraikuntzaren eragina ez da bateragarria RP-6 paisaia erreserba babesteko ezarritako irizpideekin, goiko terrazako malkarra ukitzen duelako, %30etik gorako malda duen zuhaiztian sartuz. Arestian esan bezala, gune horiek ahalik gehien errespetatu behar dira. Ondorioz, lurzati horiek antolamendutik kendu behar dira.

Baldintza horiek beterik, proposamena bat dator Iruñerriko Hirigintza Arauetako irizpide eta gidalerroekin. Kontuan hartu beharreko balio erantsia ere badakar, eremu handi bat eskuratuko baita jabari eta erabilera publikorako, parke gisa, eta, gainera, Iruñerriko Hirigintza Arauetan ezarritako helburua lortuko da (batere erraza ez den gauza): erreserba Iruñerriko hiri sarean txertatzea bere ingurumen eta paisaia balioak hondatu gabe.

4._"Bide sareak": RVP 7, RVR 3 eta RVR 4 (Donapea).

Aurreikuspen horri dagokionez, Planak Iruñerriko Hirigintza Arauetako bide sistemaren elementu hauek jaso ditu eta haiek gauzatzen lagunduko du: RVP-7, "Sarbide berria Mendebaldeko Ingurabidetik tren geltoki berriraino", hiriko sarbideen sarean; eta RVR-3, "Hegoaldeko zeharbidea. Errepideen lotunea N-121-Zaragozako Etorbidea eta N-111.-Arostegui Etorbidea" eta RVR-4, "Barañaingo sarbide berriak", aldeak lotzeko bide sarean.

VII._Hirigintzaren gaineko gogoetak.

VII.1._Atariko gogoetak.

Epigrafe honen sarrera gisa hiru ohar egin behar dira.

_Lehendabizi, haren edukia, funtsean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 53. artikuluan ezarritako zehaztapenak betetzearen inguruko kontuei lotzen zaie.

_Bigarrenik, hiri antolamenduaren azterketa eta garapena, batez ere antolamendu xehekatuarenak, ukitutako udalen entzunaldiaren esparruan osatuko dira, UPSak tramite hori beteko baitu, eta, halaber, espedientearen jendaurreko aldiaren emaitzen arabera osatuko dira.

_Hirugarrenik, behin betiko onetsiko den hiri antolamenduan baliteke zerbait aldatuta egotea, bere garaian eginen den Ingurumen ondorioen adierazpenaren ondorioz. UPSaren ebazpen fasean adierazpen hori kontuan hartu beharko dute organo eskudunek, hau da, Lurraldearen Antolamendu Batzordeak eta Nafarroako Gobernuak.

VII.2._LAHFLaren 53. artikuluko zehaztapenak betetzen direla egiaztatzea.

Atal honetan honela jokatuko da: eremu bakoitzerako behar diren hornidurak eta ekipamenduak kalkulatuko dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 53. artikuluan ezarritako zehaztapenen arabera, eta ondoren, lortutako emaitzak UPSean ezarritako aurreikuspenekin alderatuko dira. Azkenik, iruzkina eginen da. Kontuan hartuko da eremu bakoitzean aurreikusita egon behar direla, gutxienez ere, eremu libre publikoen toki sistemak, behar den hezkuntza eta osasun ekipamendua, erabilera anitzeko ekipamendua eta aparkalekuak, horiek bizilagunen zerbitzurako hornidura eta ekipamenduak baitira. Titulartasun publikoko etxebizitzetarako edo bestelako egoitza-erabileretarako lurren udalez gaindiko dotazioa proposaturiko eremuetako edozeinetan metatzen ahal da. Babes ofizialeko araubideren bati loturik aurreikusi behar diren etxebizitzen gutxieneko kopurua, halaber, sektorea osorik hartuta (I. eremua + II. eremua) betetzen ahal da, eta eremu bakoitzean egiten diren etxebizitza babestuen kopuruak ez du izan behar nahitaez eremu horri estandarra aplikatuta ateratzen dena.

A) Eremu libre publikoak.

Atal honetan sartzen dira sistema orokorrak diren eremu libre publikoak (5 m² biztanleko edo 15 m² etxebizitzako) eta parke eta lorategi, kirol eremu, atseden eremu eta josteta eremu publikoetarako lur erreserba, toki hornidura gisa (35 m² etxebizitzako edo etxebizitza erabilerarako eraikitako 100 m²-ko; azalera horietatik handiena hartuko da eta beti izanen da sektorearen azaleraren %10 baino gehiago).

Estandarrak aplikatuz lortutako emaitzak metaturik, legezko eskakizun hauek ondorioztatzen dira:

_I. eremua: 7.005 x 15 + 805.576/100 x 35 = 387.026,60 m².

_II. eremua: 1.125 x 15 + 129.376/100 x 35 = 62.156,60 m².

Bestalde, UPSaren aurreikuspenak honako hauek dira:

_I. eremua: 604.703,95 m² (horietatik 241.320,53 m² "eremu naturalak, ezpondak, zuhaiztiak" dira).

_II. eremua: 142.657,87 m² (horietatik 91.914,65 m² "eremu naturalak, ezpondak, zuhaiztiak" dira).

Zenbakizko datu horiek alderatuta, ikusten dugu hornidura honetarako eremuen aurreikuspena aise betetzen dela. Antolamendua aztertuz _ikus lur erreserben P12 planoa_ egiaztatzen ahal da eremu libre handienak Paisaia Erreserba eta ibai ingurua direla. Eremu horiek etxebizitza eremua inguratzen dute. Beste eremu batzuk "bide artekoak" dira, eta kanpoaldean daude, etxebizitza eremutik urrunago; adibidez, bioteknologia eremuaren hegoaldean daudenak. Biziguneei zuzenean lotutako eremuak _plazak, bulebarrak etab._ txikiagoak dira eta horietan, maiz, bideek, espaloiek eta aparkalekuek hartzen dute toki gehiena. Badira erabilera publikoko beste gune batzuk. Memoriak dio gune horiek ez direla kontuan hartu estandarra aplikatzeko garaian; etxe multzoen artean daudela, lurzatien barnean, eta haien azken konfigurazioa lagungarria izan daitekeela jabari publikoko eremuen erabilera eta presentzia sustatzeko.

B) Erabilera anitzeko ekipamendu komunitarioa.

Etxebizitzetarako lurzoruan, erabilera anitzeko ekipamendu komunitariorako (hezkuntza eta osasun erabilerak salbu) 15 m² hartu behar dira etxebizitza bakoitzeko edo etxebizitza erabilerarako eraikitako 100 m²-ko; azalera horietatik handiena hartuko da. Hezkuntza edo osasun ekipamendurako hartu beharreko azalera kasuz kasu zehaztuko da, Foru Komunitateko Administrazioaren hezkuntza edo osasun politikaren beharren arabera. Ekipamendu horiek toki sistemak direnean, erabilera anitzeko ekipamendu komunitariorako erreserba txikiagoa izan ahalko da: 10 m² etxebizitzako edo etxebizitza erabilerarako eraikitako 100 m²-ko. Betiere, hezkuntza ekipamenduko, osasun ekipamenduko eta erabilera anitzeko ekipamendu komunitarioko toki sistemetarako azalera, osotara, gutxienez ere 15 m² izanen da etxebizitza bakoitzeko edo etxebizitza erabileretarako eraikitako 100 m²-ko.

Hala, bada, kontuan izanik Hezkuntza eta Osasun departamentuek beren txostenetan emandako datuak, honako emaitza hauek aterako lirateke Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean ezarritako estandarrak aplikatuz:

_I. eremua._Hezkuntza ekipamendurako 32.710,60 m² jarri behar dira eta osasun ekipamendurako 6.005,20 m². Beraz, horretarako 4,81 m² jarri behar direnez etxebizitza erabilerarako eraikitako 100 m²-ko, ekipamenduen multzoak gutxienez ere 15 m² hartu behar ditu eraikitako 100 m²-ko, hau da, 805.576/100 x 15 = 120.836,40 m².

_II. eremua._Hezkuntza ekipamendurako 8.473,80 m² jarri behar dira. Horretarako 6,55 m² jarri behar direnez etxebizitza erabilerarako eraikitako 100 m²-ko, ekipamenduen multzoak gutxienez ere (6,55 + 10) m² hartu behar ditu eraikitako 100 m²-ko, hau da, 129.376/100 x 16,55 = 21.411,73 m².

Bestalde, UPSaren aurreikuspenak honako hauek dira:

_I. eremua._117.389,82 m² (alde batera utzita banaketa eremutik kanpo dagoen Z4-PD6 lurzatia, 15.018,45 m²-koa). Azalera horrek barnean hartzen du kirol erabilerarako Z2-PD3 lurzatia, 64.679,21 m²-koa.

_II. eremua._23.003,22 m² (alde batera utzita banaketa eremutik kanpo dagoen Z0-PD20 lurzatia, Buztintxuriko GSA-1 unitatea, 5.162,74 m²-koa).

Beraz, espedientea jendaurrean jartzen denean frogatu egin beharko da erabilera anitzeko ekipamendu komunitariorako erreserbaturiko eremuak aski direla.

C) Lur erreserba, udalez gaindiko hornidura gisa, titulartasun publikoko etxebizitzetarako eta bestelako egoitza-erabileretarako.

Aipatu xede horretarako, 10 m² lur erreserbatu beharko dira babes publikoko araubideren bat duten etxebizitzetarako eraikitako 100 m²-ko. Kontuan harturik udalez gaindiko hornidura hori eremuetako edozeinetan metatzen ahal dela (UPSean I. eremua proposatzen da), estandarra aplikatuz emaitza hau ateratzen da: 467.476/100 x 10 = 46.747,60 m².

UPSean 46.976,21 m² proposatzen dira eta horietatik 8.678,70 m² "trenbideen gaineko eremu berde" izanen dira, hau da, tarte horretan lurperatuko den trenbidearen gainekoak izanen dira. Bada, kontuan izanik erreserbaturiko lurrek foru titulartasun publikokoak izan behar dutela, ezin da onartu, hasiera batean, "trenbideen gaineko eremu berde" bat mugatzea, 8.678,70 m²-koa, aipatu erreserbetarako lurzoru gisa.

D) Aparkalekuak.

Etxebizitzetarako sektoreetan legez aparkaleku hauek behar dira: 2 toki, sestraren gainetik eraikitako 100 m²-ko, erabilera edozein dela ere (garajeen azalera deskontatu behar da). Toki horietatik, honako hauek erabilera publikoko eremuetan egonen dira: toki bat etxebizitzako + toki bat merkataritzarako edo zerbitzuetarako 100 m²-ko. UPSean dauden etxebizitza erabilerak eta irabazteko erabilerak kontuan izanik, honako erreserba hau egin behar litzateke:

_I. eremua:

Tokien kopurua: 2 x 805.576/100 + 2 x 315479 m²/100 = 22.421 toki guztira.

Lurzoru publikoan: 7.005 + 315479 m²/100 = 10.160 toki.

_II. eremua:

2 x 129.376/100 = 2.588 toki guztira.

Lurzoru publikoan: 1.125 toki.

Planak 12.895 toki aurreikusten ditu _guztira, hornidura eremuz eremu aztertu gabe_ lurzoru publikoan, eta gutxienez ere 11.285 toki behar lirateke. Horrek esan nahi du ezen, 8.130 etxebizitza proiektatzen badira, hau da, gutxienez 8.130 toki jartzen badira lurzoru publikoan, "bi eremuetan, oro har" merkataritzarako edo hirugarren sektorerako azalera eraikia (11.285 - 8.130) x 100 = 315.500 m² izanen litzatekeela. Azalera horren berdina da I. eremuan soilik aurreikusten diren irabazteko gainerako erabilera guztien azalera _315.479 m²_, behin deskontaturik trenbide eremua (sistema orokorra) eta Z7-PD13 (udalez gaindiko hornidura handia).

Bestalde, Hirigintza Araudian, etxebizitzak eraikitzeko lurzatietarako, sotoan aparkatzeko 1,3 toki aurreikusten dira kasu batzuetan eta 1,5 toki beste batzuetan, etxebizitza bakoitzeko (hots, batez besteko azalera eraikia 115 m² denez etxebizitza bakoitzeko, 1,13 eta 1,30 toki bitarte aurreikusten da etxebizitza erabilerarako eraikitako 100 m²-ko), eta sotoan aparkatzeko toki bat eraikitako 100 m²-ko, hirugarren sektoreko erabilera, bioteknologiako erabilera eta abarrekoak dituzten lurzatietan. Horrek erakusten du ekipamendu honen eskakizunak bete egiten direla irabazteko erabileren kasuan. Hornidura publikoek, beraz, beren aparkalekuak aurreikusi beharko dituzte.

Erabili diren datuen arabera, esan daiteke Planak hornidura hori betetzen duela, baina hura justifikatu egin behar litzateke eremuak banan harturik eta aplikatu beharreko bi estandarrak kontuan izanik.

Komenigarria izanen zatekeen, ordea, etxebizitzetarako eremua bereiztea, eremu bioteknologikoarekin batera, geltokiaren eta trenbidearen hegoaldean dauden eremuen multzotik _Z 7 eremuak_, izan ere, "zerbitzuetarako sektoreetako" aparkalekuak izanen baitira beharrezkoak, kontuan izanik eremuan programaturiko jarduera guztien aldi bereko funtzionamendu konbinatua intentsitate handieneko baldintzetan.

Beste alde batetik, oztopo fisikoei eta zentzumenezkoei buruz indarra duen legeriaren arabera, aparkatzeko tokien %6 gorde behar dira mugikortasun murriztuko pertsonentzat.

VIII._Ingurumen arloko gogoetak.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak emandako txostenak dioenez, sustatzaileak Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 32. eta 33. artikuluetan ezarritakoa bete du, Planaren Ingurumen ondorioen azterlana aurkeztu du, eta horren edukia nahikotzat jotzen da jendaurrean azaltzeko, Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozeduraren barnean; tramite horren pean jartzen ahal da, gainerako espedientearekin batera.

Aurrekoa gorabehera, ingurumenaren ikuspuntutik gakoak diren gaien artean, ondoren azaltzen direnak nabarmendu behar dira. Espedientea tramitatzen den bitartean gai horiek zehaztu egin behar dira eta behar bezala ebatzi:

_Ibaien gaineko jarduketak eta konponbideak, Planean sartutako eremuetan uholdeak izateko arriskua dela eta.

_Urbanizazio proiektuetan zuzenketa neurriak garatzea hiri eremuetako zarata mailei buruzko arauak betetzeko.

_Ingurumenaren eta paisaiaren egoera Elortz ibaiaren bazterrean eta Barañaingo mazeletan, zuzenketa neurriak aplikatu eta gero.

HUNTSMANeko lur kutsatuei buruzko jarduketa plana.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko maiatzaren 4an emandako txostenarekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Abiadura Handiko Trenaren Iruñeko Geltoki Berriaren Eremua eta Iruñeko Tren Geltoki Zaharraren Eremua garatzeko Plana", Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Espedientea behin betiko onetsi aurretik, departamentu sustatzaileak erabaki honen azalpen zatiko "Eskatutako eta emandako txostenak", "Lurralde arloko gogoetak", "Hirigintzaren gaineko gogoetak" eta "Ingurumen arloko gogoetak" ataletan aipatzen diren hutsuneak eta akatsak zuzendu behar ditu.

3. Espedientea, hogeita hamar egunez, aldi berean jendaurrean eta aurreikusitako jarduketek mugapea ukitzen dieten udalen entzunaldian jartzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legeak agintzen dutena betetzeko.

Hartarako, espedientea interesadunen eskura egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armadaren etorbidea, 2, 3. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Sustapen Ministerioko Trenbide Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Barañaingo, Zizur Zendeako, Iruñeko eta Zizur Nagusiko udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 21ean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0708600