73. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru Legeak eta Legegintzako Foru Dekretuak

42/2007 FORU DEKRETUA, maiatzaren 21ekoa, Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

1. Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeak indarra hartzearen ondorioz, erabateko aldaketak izan dira doako laguntza juridikoaren (aspaldiko pobreziaren onuraren) eskubidearen aitorpenean baliabideen askitasunik eza frogatzen dutenendako. Lege horrek eskubidea aitortzeko prozeduraren desjudizializazialaren alde jotzen du, organo kolegiatu administratibo batera, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeetara hain zuzen ere, igortzen baitute. Hala ere, espedienteen tramitazioa abokatuen elkargoen aurretiko lanean oinarritzen da, orientazio juridikorako zerbitzuen bidez, horiek eskabideen ohiko tramitazioari ekin, asmoak aztertu eta behin-behineko izendapen edo ukapenak erabakitzen baituzte.

Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua apirilaren 9ko 80/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Hori abenduaren 22ko 707/2003 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen.

Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak eta Nafarroako Abokatu eta Prokuradoreen Elkargoek elkarrekin jardun ondoren, denbora horretan lortu den esperientziagatik, kontu batzuk aztertu behar dira, arlo honetan eragina duten arau berriak eman direlako, lege prozesalak aldatu direlako eta kasuak gehitu direlako. Halaber, foru dekretu honek doako laguntza juridikoaz arduratu behar duten profesionalen zerbitzuen ordaina aldatzen du.

Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamenduko 9. artikuluko 2. idatz-zatian, abenduaren 22ko 707/2003 Foru Dekretuaren bidez eman zen idazketan, zigor arloko prozeduretarako aurreikusten da aukera ofizioz izendatzen den letratuak berak edo auziaz arduratzen denak doako laguntza juridikoa eskatzeko, hark ordezkatzen duenak gehienez ere hamar eguneko epean egin ezik.

Hala ere, izaniko praktikagatik komeni da aukera hori doako justizia eskatzen dutenak ordezkatzeko izendaturiko prokuradoreek ere izan dezatela. Izan ere, kasu gehienetan, profesional horiek dute erraztasun handiena behar diren argibideak eskuratzeko eta gainera haien eskurantzetariko bat da.

Horregatik, erregelamendu berrian prokuradoreei gaitasuna ematen zaie gabezia nabarmenaren txostena eman dezaten.

2. Doako justiziako espedienteak gero eta gehiago direnez, doako laguntza juridikoari loturiko kudeaketa gastuak igotzea ekarri die profesionalen elkargoei. Egoera horrek gastu handiago behar du baliabideetan eta langileetan zerbitzuari eutsi ahal izateko. Erregelamendu hau afera horretaz arduratzen da, elkargoek doako laguntza juridikoa kudeatzeko azpiegituraren gastuak finantzatzeko aurreikusten diren zenbatekoak gaurkotuz.

3. Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua apirilaren 9ko 80/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Hark xedatzen duenez, dirulaguntzaren kobrantza esku-hartze profesionala agirien bidez frogaturik gertatuko da, kasuan kasuko taloia aurkezturik.

Erregelamendu horretan, abokatuek eta prokuradoreek aurkeztu behar dituzten taloiek mugarik gabeko indarraldia dute, ez baita eperik aurkezteko. Gorabehera horrek zailtasunak sortzen zizkien profesionalen elkargoei eta Administrazioari berari dirulaguntza kudeatu ahal izateko.

Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendu berriko 34. artikuluko 4. idatz-zatiak profesionalen jarduketa, dirulaguntza sortzen duena, frogatzen duten taloiak iraungitzeko epea ezartzen du. Gainera, Nafarroako Prokuradoreen Elkargoari taloien edo ziurtagirien kudeaketa errazteko, aukera ematen zaio multzoka aurkezteko, kasuan kasuko dirulaguntza sortzeko.

4. Erregelamendu berriaren I. eranskinean Doako Laguntza Juridikoaren eskaeraren eredu berria biltzen da. Izan ere, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen jardunean akatsak atzeman dira eta, horrez gain, arau berriak daude izatezko bikote edo bikote iraunkorrez, atzerritarrez edo genero bortizkeriaz.

Apirilaren 9ko 80/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduak bildu zuen eskaera ereduak ez zeukan arautegi horiek ukitzen dituzten pertsonen datu identifikatibo eta ekonomikorik. Hori dela eta, zaila baino zailago da Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen lana aurkezten diren datuak egiaztatzerakoan edo aurkezten diren eskabideen gainean ebazteko beharrezkotzat jotzen diren agiriak interesdunei edo erakunde ofizialei eskatzerakoan.

5. III. eranskinak diru-ordainaren modulu eta oinarriak biltzen ditu, horien arabera finantzatuko baita doako laguntza juridikoaren zerbitzua.

Doako Laguntza Juridikoari buruzko Estatuko legeak zerbitzua finantzatzeko oinarrizko irizpideak ezartzen ditu. Haien kostua aldian-aldian ebaluatu beharko dute agintari publikoek. Horiek, betiere, doako laguntza juridikoaren zerbitzua duintasunez eta aski den moduan pagatzeko irizpideari jarraitu beharko diote. Finantzaketari eta zerbitzua eman eta abian jartzeko arauei dagokienez, legeen mailako arau baten berezko malgutasunaz eta orokortasunaz pentsatu dira. Horrek bide eman beharko du maila beheragoko arauek garatu eta egoera ekonomiko eta sozial aldakorretara egokitu dezaten. Horrela, legeria zaharkitzea eta legezko zurruntasuna duten arauak saihesteko. Izan ere, haien ezaugarriengatik oso denbora gutxian behin eta berriro aldatzen ahalko dira.

Helburu hori apirilaren 9ko 80/2001 Foru Dekretuan biltzen da. Zioen azalpenean, laguntza mota hori eman behar duten profesionalen zerbitzuei ordain egokia ziurtatzen saiatzen da, jarduketa profesionalaren mota guztien nahasmenduarekin bat datorrena.

Hori horrela, foru dekretu horren onespenak diru-ordaineko moduluak handitu zituen Estatuko Erregelamenduan ezarri zirenen aldean. Horiek, gainera, abenduaren 22ko 707/2003 Foru Dekretuaren bidez aldatu eta gaurkotu ziren.

Doako laguntzaren zerbitzua emateko modalitateetariko bat da Abokatuen Elkargoek eman behar duten guardia iraunkorreko txanda bat da. Txanda horretako lansariak 80/2001 Foru Dekretuaren III. eranskinean agrtzen dira. Erregelamendu honetan, lansari horiek gaurkotu dira, bai guardiako zerbitzurako, bai banakako laguntzetarako.

Bestaldetik, abokatu lanetan diharduten profesionalei dagokienez, modulu berriak eta diru-ordaineko oinarri berriak sartu dira berariazko arautegi juridikoa duten prozeduretarako. Prozedura horiek erregelamendu horietan aipatzen ez direnean, hala nola, titulu ez judizialen exekuzioa (kanbioenak, hipotekenak eta abarrena) eta aipatzen diren prozedura batzuen tarifa berrikusi ere egiten da.

Teknika legegileko arrazoiak direla medio, arauen sakabanaketa saihesteko, erabaki da beste testu bat prestatzea, lehenagokoa indargabetu eta aldaketa haietaz gain apirilaren 9ko 80/2001 Foru Dekretuak indarra hartu zuenetik gertatu izan direnak ere biltzen dituena. Aldaketa horiek abenduaren 22ko 707/2003 Foru Dekretuaren eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak ekainaren 20an emandako 67/2005 Foru Aginduaren bidez gertatu ziren.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 21ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onestea.

Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten da. Haren testua foru dekretu honetan dago.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Diru-ordaineko modulu eta oinarriak gaurkotzea.

Foru dekretu honen III. eranskinean agertzen diren diru-ordaineko eredu eta oinarriak eta 7. eta 31. artikuluetan aipatzen diren zenbatekoak urtero gaurkotuko dira, Nafarroarako kontsumorako prezioen araberako portzentajean.

Bigarrena._Baremoak egokitzea.

Esku ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu honen III. eranskinean ezartzen den baremoa lege prozesaletan zehazten diren prozeduretara egokitzeko, eranskin horretan aipatzen ez direnean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra._Ondorio ekonomikoak.

Foru dekretu honek 2007ko apirilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorio ekonomikoak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua, apirilaren 9ko 80/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsia, indarrik gabe gelditzen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Arautegiaren garapena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 21ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATERAKO DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Erregelamendu honen xede da Nafarroako Foru Komunitatean doako laguntza juridikorako eskubidea erabiltzeko prozedura arautzea, baita eskubide hori aitorturik daukatenen abokatu eta prokuradoreen jarduketa profesionalak ordaintzeko dirulaguntzak emateko prozedura ere, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeko xedapenekin bat.

2. Doako laguntza juridikorako eskubidearen aitorpenak Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legeko 6. artikuluan aipatzen diren prestazioak dakarzkie eskubidedunei.

II. KAPITULUA

Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordearen antolamendua eta funtzionamendua

2. artikulua. Eremua eta eskumenak.

1. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea Iruñeko hirian sortuko da eta Nafarroa osorako izanen du eskumena.

2. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak, bere eremuan, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legean eta Erregelamendu honetan aipatzen diren eskumenak izanen ditu.

3. artikulua. Batzordearen osaera eta haren kideen izendapena.

1. Ministerio Fiskaleko kide bat izanen da Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko lehendakaria. Nafarroako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzako fiskal nagusiak izendatuko du.

2. Orobat, Batzordeak kide hauek izanen ditu:

a) Abokatuen Elkargoko dekanoa, Nafarroako Foru Komunitateko Abokatuen Elkargoetako dekanoak ados daudela izendaturik, edo hura ordezkatuko duen abokatua.

b) Iruñeko Prokuradoreen Elkargoko dekanoa edo hura ordezkatuko duen prokuradorea.

c) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuko aholkulari juridiko bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudun batek izendatua.

d) A mailako funtzionario bat, zuzenbideko lizentziaduna, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudun batek izendatua.

3. Batzordearen lanen jarraipena eta funtzionamenduaren ona bermatzeko, izendapenez arduratzen diren erakunde eta organoek Batzordeko kide bezainbat ordezko izendatuko dituzte, lehendakaria barne. Titularrak eta ordezkoak ezberdintasunik gabe arituko dira.

4. artikulua. Mendekotasun organikoa, sostengu administratiboa eta egoitza.

Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea, organigramari dagokionez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiaren mende egonen da eta bertan izanen du egoitza. Hartatik hartuko du aritzeko behar duen sostengu administratiboa eta laguntza teknikoa.

5. artikulua. Doako justiziako zerbitzuei buruzko argibideak.

1. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak doako justiziako zerbitzuetan diharduten kolegiatuen zerrendak edukiko ditu. Bertan agertuko da haren helbide profesionala eta, hala bada, sail jurisdikzionalen edo adar juridikoen araberako sailkapena.

Batzordearen egoitzan Abokatuen Elkargoetako Orientabide Juridikoko Zerbitzuen funtzionamenduko arauak, egoitza eta jendearendako ordutegiak jarriko dira ikusgai.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren argibideak doako justiziako zerbitzuetan interesa duten guztien eskura izanen dira. Kasuan kasuko Elkargoak sei hilabetetik behin gaurkotuko ditu.

6. artikulua. Funtzionamendua.

1. Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legean, Erregelamendu honetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean organo kolegiatuetarako ematen diren arauetan xedaturikoarekin bat etorriko da Batzordearen funtzionamendua.

2. Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordea hamabostean behin bilduko da. Gai asko egoteagatik beharrezkoa denean bilkura berezietarako dei egiten ahalko du.

7. artikulua. Laguntzaren ordaina.

1. Batzordeko kideek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak direnak izan ezik, Batzordearen bilkura bakoitzera joateagatik, idazkariak behar bezala egiaztaturik, 98 euroko ordain osoa hartuko dute.

2. Behin ere ez dira hogeitabost ordain baino gehiago hartuko urtean. Batzordera joaten den ordezkoak bakarrik hartuko du ordaina horretarako eskubidea duen titularraren ordez joaten denean, titularra ez egoteagatik.

8. artikulua. Eginkizunak.

Hona hemen Batzordearen egikizunak, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legean aurreikusten diren baldintzetan:

a) Doako laguntza juridikorako eskubidea onartu edo ukatzea, profesionalen elkargoek aurretik harturiko erabakiak baietsiz edo aldatuz.

b) Eskubidea bertan behera uztea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 19. artikuluan aurreikusiriko inguruabarrak agertzen direnean.

c) Doako laguntza juridikoaren eskabideak tramitatzen diren bitartean beharrezkotzat jotzen diren egiaztapenak egitea eta argibideak lortzea eta bereziki kasuan kasuko zerga administrazioari eskatzea eskatzaileek alegaturiko zerga datuak egiazkoak direla baiets dezala.

d) Eskubide hori behin betikoz onartu edo ukatzen duten ebazpenak inpugnatzeko izkribua kasuan kasuko epaitegi edo auzitegitik hartu edo horra eramatea.

e) Abokatuek aurkezturiko eskabidea onartezina dela jakinarazteko zuzemenak egitea.

f) Orientabide Juridikoko Zerbitzuen jarduketak ikuskatzea eta profesionalen elkargoekiko harremanetarako organo gisa jardutea, doako laguntza juridikoko zerbitzuek eginiko kexa edo salaketak bideratzeko, ekinbide horiek zuzenean elkargoetan aurkeztu ez direnean.

g) Indarra duten legeek esleitzen dizkioten gainerako eginkizun guztiak.

III. KAPITULUA

Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozedura

9. artikulua. Hastapena.

1. Doako laguntza juridikoko eskubidea aitortzeko prozedura interesdunak eskaturik hasiko da beti, Erregelamenduko 21. artikuluan eta artikulu honetako 2. idatz-zatian xedaturiko kasuetan izan ezik, eskabidearen eredu normalizatua eta Erregelamendu honetako I. eranskinean ageri diren agiriak aurkeztuz.

2. Zigor arloko prozeduretan, Epaitegian inputatuari lagundu behar dion ofiziozko letratua edo auziaz arduratzen dena izanen da inputatuak doako laguntza juridikoa jasotzeko eskaera gehienez ere hamar eguneko epean tramita dezala begiratuko duena. Epe horretan interesatuak tramitatzen ez badu, letratuak egin dezake, betiere egiaztatzen badu, zuzenbidean onartzen den edozein frogabideren bitartez, inguruabar hori gertatu dela eta bere bezeroaren baliabide ekonomikoen gabezia nabarmena dela..

Dena dela, erregelamendu honetako 21. artikuluan adierazitako gastuei aurre egiteko, eta aurreko lerroaldean adierazitako kasuetan salbu, profesionalen elkargo bakoitzari aurreko ekitaldian jasotako diruaren %2,5 pagatuko zaio, guardia zerbitzurako pagatutako kopuruak kenduta. Diru hori ekitaldi bakoitzeko lehenbiziko hiruhilekoan pagatuko da.

3. Epaitegietan, Abokatuen Elkargoetako Orientabide Juridikoko Zerbitzuetan eta Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeko egoitzan eskuratzen ahalko dira inprimakiak.

10. artikulua. Eskabidearen aurkezpena.

1. Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 12. artikuluan xedaturikoarekin bat, eskabideak eta aginduzko agiriak prozesu nagusiaz arduratu behar duen epaitegia edo auzitegia non egon, bertako Abokatuen Elkargoko Orientabide Juridikoko Zerbitzuetan aurkeztuko dira, edo, prozesua hasia ez bada, eskatzailearen helbideko epaitegian.

2. Azken kasu honetan, epaileen organoak berehala igorriko du eskabidea lurraldez eskudun den Abokatuen Elkargora.

3. Betiere, eskabidearekin batera, tramitatua izan ahal izateko, I. Eranskinean aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

4. Eskaera Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 5. artikuluan aurreikusten diren salbuespenezko inguruabarretan oinarritzen denean, eskabidea zuzenean Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordean aurkeztuko da. Horrek ebazpena emanen du eta xedatuko lege bereko 6. artikuluko onuretarik zein eta noraino diren eskatzaileei aplikatzekoak.

11. artikulua. Akatsen zuzenketa.

1. Abokatuen Elkargoetako Orientabide Juridikoko Zerbitzuek eta, Erregelamendu honetako 10. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko kasuan, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak egiaztatuko dituzte aurkezturiko agiriak eta ikus badezate ez direla aski edo eskabidean akatsak badirela, interesdunari hots eginen diote atzeman diren akatsak argi eta garbi adierazteko, hamar eguneko epean zuzen ditzan. Halaber, eskatzaileari ohartaraziko zaio horrela egin ezik ulertuko dela bertan behera utzi duela eta eskabidea besterik gabe artxibatuko da.

2. Epe hori zuzenketarik egin gabe bukatzen bada, Abokatuen Elkargoak eskabidea artxibatuko du eta halaxe jakinaraziko dio Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari.

3. Zigor arloko prozeduretan eta atzerritarrak kanporatzeko prozedura administratiboetan edo asiloa eskatzekoetan, Abokatuen Elkargoetako Orientabide Juridikoko Zerbitzuek ikusten dutenean ezinezkoa dela I. eranskinean eskatzen diren agiriak aurkeztea, abokatu bat izendatuko dute behin-behinean eta, hala bada, Prokuradoreen Elkargoari jakinaraziko diote, prokuradore bat izendatzeko, eta espedientea, interesdunek aurkeztu ahal izan dituen datu guztiak eta Elkargoak eta izendaturiko abokatuak eginiko zuzemen guztien kreditazioa igorriko dituzte Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordera tramitatzen segitzeko.

4. Agiriak aurkeztu beharraren ezintasun frogatuaren kasuetatik aparte, ezin aurkeztuko da Batzordean behar bezala osaturik ez dagoen espedienterik. Abokatuen Elkargoak artikulu honetako lehenbiziko bi idatz-zatietan xedatu bezala eginen du.

12. artikulua. Behin-behineko izendapenak.

1. Eskabidea azterturik eta, hala bada, ohartaraziriko akatsak zuzendurik, Abokatuen Elkargoak uste badu eskatzaileak legeetan ezarririko betebeharrak betetzen dituela, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 15. artikuluan aipatzen den hamabost eguneko epean, abokatua izendatuko du behin-behinean. Behin-behineko izendapen hori eskatzaileari eta Prokuradoreen Elkargoari jakinaraziko zaie batera, horrek, hurrengo hiru egunetan, prokuradorea izenda dezan, beharrezkoa bada.

2. Azken kasu honetan, Prokuradoreen Elkargoak Abokatuen Elkargoari jakinaraziko dio nor izendatu duen, espedientean ager dadin, bai eta eskatzaileari ere.

3. Abokatua eta, hala bada, prokuradorea izendaturik, Abokatuen Elkargoak hiru eguneko epea izanen du espediente osoa igortzeko Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordera, baita eginiko izendapenak ere, egiaztatzeko eta eskabidearen behin betiko ebazpena emateko.

13. artikulua. Behin-behineko izendapenik eza.

Abokatuen Elkargoak uste badu eskatzaileak ez dituela betetzen doako laguntza juridikorako eskubidea lortzeko betebeharrak edo eskabideko asmo nagusia nabarmenki onartezina bada, funtsik gabekoa, edo behin eta berriro aurkezteagatik, gehiegizkoa, bost eguneko epean jakinaraziko dio eskatzaileari ez duela abokatua izendatu behin-behinean eta, horrekin batera, eskabidea igorriko du Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordera, horrek behin betiko ebazpena eman dezan.

Izendatu ezik, behin eta berriro aurkezteagatik nabarmenki gehiegizkotzat jotzen diren eskabideen kasuan, arrazoiak eman beharko dira.

14. artikulua. Eskabidea behin eta berriro aurkeztea.

1. Abokatuen Elkargoak, hamabost eguneko epean, eskabidea hartu edo, hala bada, akatsak zuzentzen direnetik hasita, aurreko bi artikuluetan aipatzen diren jarduketetarik bakarra ere egin ez duenean, eskatzaileak eskabidea aurkezten ahalko du berriro Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordean.

2. Eskabidea berriro aurkezturik, Batzordeak Elkargoari eskatuko dio espedientea berehala igor dezala, eskabideari buruzko txostenarekin batera, eta bidezko denean, aginduko du abokatua eta, beharrezkoa bada, prokuradorea behin-behinean izenda daitezela.

15. artikulua. Prozeduraren instrukzioa, Batzordearen aldetik.

1. Espedientea harturik, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak 30 eguneko epea izanen du egiaztatzeko, eskatzaileak adieraziriko datuen egokia eta egiazkoa egiaztatzeko argibideak eskatzeko eta ebazpena emateko, Doako Laguntza Juridikoaren Legeko 17. artikuluan ezarririko baldintzetan. Halaber, Zerga Administrazioari eskatzen ahalko dio egiaztatu ditzala eskabidearekin batera aurkezturiko agirietan dauden zerga datuak, ebazpena emateko nahitaezkoak badira.

2. Gainera, artikulu honetako lehen idatz-zatian ezarririko epean, Batzordeak auzitan aurkariak diren aldeei edo jarduketaren xede direnei entzuten ahalko die, ezagunak direnean eta eskatzailearen benetako egoera ekonomikoa ezagutzeko datuak aurkezten ahalko dituztela uste denean. Haiek 30 egun baino lehen agertu ezik, Batzordeak espedientea tramitatzen segituko du.

3. Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozeduraren instrukzioaldia betiere lastertasun eta sumariotasun hastapenen arabera arautuko da.

16. artikulua. Ebazpena.

1. Behar diren egiaztapenak egindakoan, Batzordeak ebazpen bat emanen du doako laguntza juridikorako eskubidea onartu edo ukatzeko edo, kasua bada, eskaera artxibatzeko erabakia berretsi edo bertan behera uzteko. Horretarako, hogeita hamar eguneko epea izanen du gehienez, espedientea oso-osorik jasotzen duenetik hasita.

Batzordearen iritziz espedientean zerbait falta bada, interesdunari jakinarazten ahalko dio, atzemandako akatsak argi eta garbi adieraziz, hamar eguneko epean zuzendu dezan; era berean, eskatzaileari adieraziko zaio zuzendu ezean laguntzarik gabe geldituko dela eta eskaera beste inolako tramiterik gabe artxibatuko dela."

2. Halaber, Doako Laguntza Juridikoari buruzko 6. artikuluko 10. idatz-zatian ezarririko ondorioetarako, eskubidea aitorturik daukan eskatzaileak lanbideen arteko gutxieneko lansaritik beherako dirusarrerak dituela frogatzen duenean, ebazpenean espresuki gorabehera hori aipatuko da.

3. Eskubidea onartzen duen ebazpenak ekarriko du abokatuaren eta, hala bada, prokuradorearen izendapenak baiestea, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek behin-behinean eginikoak. Izendapen horiek egin ez badira, Batzordeak berehalaxe eskatuko die Elkargoei profesionalak izenda ditzatela, eskubideduna ordezkatu eta, hala bada, defendatuko dutenak.

4. Eskubidea ukatzen duen ebazpenak ekarriko du lehenago eginiko ofizioko izendapenak indarrik gabe geldituko direla eta, beraz, eskatzaileak berak hautatu beharko dituela abokatua eta prokuradorea. Kasu horretan, eskatzaileak behin-behinean ofizioz izendaturiko profesionalek egiazki eginiko zerbitzuen ondoriozko lansari eta eskubide ekonomikoak pagatu beharko ditu.

5. Ofizioz izendaturiko abokatu edo prokuradureak behin ere ez du lansaririk eskatzerik izanen.

17. artikulua. Jakinarazpenak

Batzordeko idazkariak jakinaraziko die ebazpena eskatzaileari, Abokatuen Elkargoari eta, hala bada, Prokuradoreen Elkargoari, normalean hiru eguneko epean, baita alde interesdunei ere, eta horrelaxe jakinaraziko zaio prozesuaz arduratzen den epaitegi edo auzitegiari edo prozesua hasi ez bada, herriko epaile dekanoari.

18. artikulua. Ebazpen espresurik ez.

1. Espedientea instruitu eta ebazteko ezarririko 30 eguneko epea iraganik, Batzordeak espresuki ebazpenik eman ez badu, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoak aurretik harturiko erabaki guztiak baietsiko dira, eta kasuan-kasuan haien ondorioak onartzekoak edo ukatzekoak izanen dira.

2. Elkargoek ere erabakirik hartu ez badute Erregelamendu honetako 14. artikuluan ezarririkoaren arabera, Batzordeak epe barruan espresuki ebazpenik eman ezik, eskabidea onartutzat joko da. Interesdunak eskaturik, prozesuaz arduratzen den epaile edo auzitegiak edo eskabidea prozesua hasi baino lehen egin bazen epaile dekano eskudunak premiatuko dituzte profesionalen elkargoak abokatua eta, hala bada, prokuradorea izenda ditzaten.

3. Erregelamendu honetako 10. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen den salbuespenezko kasuan, Batzordeak epe barruan espresuki ebazpenik eman ezik, eskaera ukatutzat joko da eta, beraz, eskubidea ere onartutzat hartuko da.

4. Eskaerei buruzko baiespenen edo presuntziozko ezespenen aurka inpugnazioak aurkeztea ahalbidetzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 43.5 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da."

19. artikulua. Eskubidea bertan behera.

1. Doako Laguntza Juridikoaren Legeko 19. artikuluko lehen idatz-zatian aipatzen diren gorabeherak gertatzen direnean, alegia, akatsak egiten direnean edo doako laguntza juridikoaren eskatzaileak gezurrezko datuak eman edo beste datu batzuk ezkutatzen dituztenean, eta datu horiek erabakigarriak izan direnean eskubidea aitortzeko, Batzordeak, ondorio horietarako, ofizioz berrikusteko eskumenak izanen ditu eta eskubidea aitortzeko ebazpenak ez duela baliorik adieraziko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarei eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 20/1992 Legeko 102. artikuluan ezarririko baldintzetan, eta, beraz, eskubide hori bertan behera utziko du.

2. Eskubidea bertan behera utzita, eskubide horren onuradunek ofizioz izendaturiko profesionalen lanaldi eta eskubide ekonomiko guztiak pagatuko dituzte, bestelako erantzukizunik deusetan galarazi gabe. Hala ere, prokuradoaren abokatuak ezin eskatuko ditu bere lansariak.

3. Halaber, onuradun horiek eskubidea aitortzearen ondoriozko gainerako prestazioen kostuaren adinako dirua pagatu beharko dute eta Administrazio eskudunak diru hori eskuratzen ahalko du Dirubilketari buruzko Erregelamendu Orokorrean ezarririko premiamendu prozeduraren bidez.

20. artikulua. Ebazpenaren inpugnazioa.

Batzordeak eskubidea behin betikoz onartu edo ukatzeko ematen dituen ebazpenak Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 20. artikuluan ezarririko baldintzetan inpugnatzen ahalko dira.

21. artikulua. Abokatua eta prokuradorea izendatzeko errekerimendu judiziala.

Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 21. artikuluan xedaturikoarekin bat, prozesuaz arduratzen den organo judizialak eskatzen ahalko die profesionalen elkargoei behin-behinean abokatua eta prokuradorea izenda ditzatela.

IV. KAPITULUA

Doako abokatu bidezko laguntza, defentsa eta ordezkaritzako zerbitzuen antolamendua

22. artikulua. Zerbitzuen Kudeaketa, elkargoen aldetik

1. Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoetako Gobernu Batzordeek doako abokatu bidezko laguntza, defentsa eta ordezkaritzako zerbitzuak arautu eta antolatuko dituzte eta betiere bermatuko dute haien jarraipena, eraginkortasun eta funtzionaltasun eta txanda eta baliabideen banaketa objektibo eta zuzenen printzipioen arabera, eta, profesionalen kopurua posible denean, baita sail jurisdikzionalen arabera ere.

2. Ofizioko profesionalak izendatzeko txanda eta baliabideak banatzeko sistemak publikoak izanen dira kolegiatu guztiendako eta doako laguntza juridikoaren eskatzaileek horren berri izaten ahalko dute

3. Arau horiek bat etorri beharko dute Nafarroako Profesionalen Elkargoetako Kontseiluek, behin sortu ondoren, antolamenduari eta funtzionamenduari buruz onets ditzaketen jarraibide orokorrekin.

23. artikulua. Orientabide Juridikoko Zerbitzuak.

1. Abokatuen Elkargo bakoitzak nahitaez Orientabide Juridikoko Zerbitzu bat edukiko du. Zerbitzu horrek, Gobernu Batzordeak esleitzen dizkion eginkizunak ez ezik, doako laguntza juridikoaren eskatzaileei aurreko aholkuak emanen dizkie, baita laguntza hori onartzeko betebeharrei buruzko argibideak eta eskabideko inprimaki arautuak prestatzeko laguntzak ere.

2. Abokatuen Elkargoek behar diren neurriak hartuko dituzte herritarrek errazkiago eskura ahal ditzaten Orientazio Juridikoko Zerbitzuak eta beren bulegoen kokaguneei eta beren eginkizunei buruz argibideak emateko.

24. artikulua. Guardia iraunkorreko txanda.

1. Atxiloendako abokatu bidezko laguntza emateko zerbitzurako, Abokatuen Elkargoek, beren lanaren txikiagatik beharrezkoa ez den kasu horietan izan ezik, abokatuen guardia iraunkorreko txanda bat osatuko dute, bertan egotekoa edo non-nahi atzematekoa, zerbitzu horren eskura, eguneko 24 orduetan.

Elkargo bakoitzak finkatuko du guardia iraunkorreko txandan zenbat abokatu izanen diren, aurreko urtean egunero eginiko laguntzen batezbestekoa abiapuntu harturik.

2. Ezarririk ez daukaten Elkargoetarako guardia iraunkorreko txanda bat osatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak onetsi beharko du, haiek proposaturik, aurreko ekitaldian eguneko eginiko laguntzen batezbestekoa kontuan harturik.

25. artikulua. Prestakuntza eta espezializazioa.

Justizia Ministerioak doako laguntza juridikoko zerbitzuak emateko ezarriko dituen prestakuntza, espezializazio eta aurreko esperientzia profesionaleko gutxieneko betebehar orokorrak deusetan galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak betebehar osagarriak ezartzen ahalko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko profesionalen elkargoek nahitaez betetzekoak.

26. artikulua. Ondare-erantzukizuna.

1. Doako Laguntza Juridikoari buruzko 26. artikuluan xedaturikoarekin bat, Elkargoetako doako laguntza juridikoaren zerbitzuen funtzionamenduak eraginiko kaltea Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedaturikoaren arabera ordainduko da.

2. Profesionalen elkargoek abokatuaren eta prokuradorearen behin-behineko izendapenei buruz harturiko erabakiak bertan behera utziz gero edo aldatuz gero, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeak edo Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 20. artikuluan aurreikusiriko inpugnazioak ebazten dituzten organo juridikoek ebazpena ematerakoan, berez ezin zaie erantzukizunik egotziko profesionalen elkargoei.

3. Ordainen erreklamazioak ondare-erantzukizunaren arloan Administrazio Publikoen prozeduren Erregelamendua onetsi zuen martxoaren 26ko 429/1993 Errege Dekretuan xedaturikoaren arabera tramitatuko dira, aplikatzekoa den guztian, ondoren ematen diren zehaztapenak kontuan harturik:

Ordainak erreklamatzeko prozedura interesdunak eskaturik hasiko da. Hark kasuan kasuko profesionalen elkargoera joko du eta bertan aurkeztuko du.

Betiere, ebazpena Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari jakinarazi beharko zaio.

27. artikulua. Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoen arteko lankidetza.

1. Doako laguntza juridikorako eskubideak, Doako Laguntza Juridikoari buruzko 28. artikuluan ukoari buruzko xedaturiko kasuan izan ezik, abokatua eta, hala bada, prokuradorea izendatzea dakar berarekin.

2. Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoak koordinaturik arituko dira kasuan-kasuan bidezko diren izendapenak batera egiteko, ez baita bidezko batera aritzea ofizioko abokatu bat eta askatasunez hautaturiko prokuradore bat edo alderantziz, salbu eta askatasunez hautaturiko profesionalak idatziz bere sariak edo eskubideak kobratzeari uko egiten dionean, doako laguntza juridikorako eskubidea duenaren aurrean eta bere Elkargoan.

3. Doako laguntza juridikorako eskubidearen eskaera aurkeztean edo eskubidea aitortzean, interesdunek espresuki uko egiten ahalko diote ofizioko abokatu eta prokuradurea izendatzeari eta bere konfiantzako profesionalak askatasunez izendatzen ahalko dituzte. Uko hori batera abokatuari eta prokuradoreari egin beharko zaie.

4. Izendatu ondoren batera ofizioko abokatuari eta prokuradoreari uko eginez gero, espresuki Nafarroako Laguntza Juridikoaren Batzordeari eta kasuan kasuko profesionalen elkargoei jakinarazi beharko zaie eta doako laguntza juridikorako eskubidearekin batera aitorturiko gainerako prestazioak ez dira galduko. Kasu horretan eskubidedunak itzuli beharko du izendaturiko profesionalei funts publikoen kontu pagaturiko dirua.

5. Aurreko idatz-zatietan xedaturiko ondorioetarako, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek behar diren neurriak hartuko dituzte profesionalek lansari eta eskubideak kobratzeari eginiko ukoa gauzatzeko eta elkarri jakinarazteko, baita interesdunek ofizioko izendapenei eginiko ukoa ere.

28. artikulua. Eginbehar profesionalak.

1. Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 23. artikuluan xedaturikoarekin bat, doako justiziako zerbitzuetan izena emaniko profesionalak askatasunez eta irizpide independentziaz arituko dira beren lanean eta arau deontologikoei eta doako justiziako Elkargoetako zerbitzuen funtzionamendua iradokitzen duten arau eta jarraibideei lotuz.

2. Ofizioz izendaturiko abokatu eta prokuradoreek egiazki eta eraginkortasunez beteko dituzte beren eginkizunak, prozedura kasuan kasuko auzialdi judizialean bukatu arte eta, hala bada, epaia bete arte, horretan prozesuko jarduketak auzialdian emaniko ebazpen judizialaren ondorengo bi urteetan egiten badira.

Bakarrik zigor arloko sailean saihesten ahalko dute abokatuek defentsa, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 31. artikuluko bigarren eta hirugarren lerroaldeetan aurreikusiriko baldintzetan.

3. Atxiloari edo presoari abokatu bidezko laguntza emateko zerbitzurako, ez da beharrezkoa hark aldez aurretik frogatzea ez duela dirurik, baina lagunduko dion abokatuak jakinarazi beharko dio doako laguntza juridikoa eskatzeko eskubidea.

29. artikulua. Eskaeraren onartezina.

1. Prozesu baterako izendaturiko abokatuak doako laguntza juridikoaren eskabidearen asmoa onartezintzat jotzen duenean, Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari jakinarazi beharko dio, izendatu eta sei eguneko epean, txosten bat aurkeztuz, behar bezala arrazoitua, non adieraziko baititu bere erabakiaren funtserako argudio juridikoak, eta ondoren Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 32. artikulutik 35. artikulura bitarte aurreikusirikoarekin bat tramitatuko da.

2. Txandak antolatzeko, onartezintasunari buruzko txostena luzatuko duen abokatuak izendatu aitzin zuen lehentasun hurrenkerari eutsiko dio, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 34. artikuluan aipatzen diren gorabeherak gertatzen direnean.

3. Abokatuen Elkargo guztiek erregistro berezi bat edukiko dute. Bertan agerraraziko dira elkargoko kideek aurkezturiko eskabideen onartezintasunari buruz tramitaturiko espedienteak.

V. KAPITULUA

Doako laguntza juridikoko zerbitzuak emateko dirulaguntza aplikatzeko prozedura

30. artikulua. Dirulaguntza.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak bere aurrekontuaren kontu diruz hornituko du doako laguntza juridikoa, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargoek zerbitzu hori ezarri eta eman dezaten.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa gehienbat Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 6. artikuluko 1., 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusiriko jarduketa profesionalak pagatzeko erabiliko da, baldin eta haien onuradunek doako laguntza juridikorako eskubidea espresuki aitorturik badaukate.

3. Profesionalen elkargoak dirulaguntza kudeatzeko entitate laguntzaile gisa osatzen dira eta Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Dekretuan aurreikusiriko eginbeharrak beren gain hartuko dituzte. Entitate horiek, dirulaguntzaren gorabehera guztietarako, haiek emateko eskudun den Departamentuaren kontu arituko dira.

31. artikulua. Elkargoaren kudeaketaren ondoriozko azpiegitura gastuak doako laguntza juridikoan.

Doako laguntza juridikoan Elkargoaren kudeaketaren ondoriozko azpiegitura gastuetarako dirulaguntzak honenbestekoak izanen dira:

a) Abokatuen elkargoak: 35 euro tramitatzen den espediente bakoitzeko. Hiru hilean behin pagatuko da.

b) Prokuradoreen elkargoa: 6 euro tramitatzen den espediente bakoitzeko. Hiru hilean behin pagatuko da.

c) Gainera, Nafarroako Doako Aholkularitza Juridikoaren Batzordea uneoro informaturik egoteko harreman-bideak eragingarriak izan daitezen, urtero 3.000 euro ordainduko zaio lanbide elkargo bakoitzari.

2. Abokatuen eta Prokuradoreen elkargoek doako aholkularitza juridikoaren kudeaketaren ondorioz dituzten azpiegitura gastuak kasuan kasuko hiruhilekoan justifikatu beharko dituzte. Dirulaguntza ezin izanen da justifikatutako diru-kopurua baino handiagoa izan, kasu horretan murriztuko baita, justifikatutako diruarekin berdindu arte.

3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunak dirulaguntza osagarri bat ematen ahalko die ehunekoetan dirulaguntzarik txikiena hartu duten elkargoei, kontuan hartuz aurrekontuetako dirua, profesionalen elkargo bakoitzak eginiko jarduketen kopurua eta egiazki justifikaturiko gastuen arabera onartu zizkion gastuen ehunekoa, ikusirik elkargoak doako laguntza juridikoa kudeatzearen ondoriozko azpiegitura gastu justifikatuak. Dirulaguntza osagarri horrek ezin gaindituko du ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan esleituriko kredituen %3.

32. artikulua. Abokatuen eta Prokuradoreen jarduketa profesionalak finantzatzeko dirulaguntzaren Elkargoaren kudeaketa.

1. Doako laguntza juridikorako eskubidedunen alde eginiko jarduketa presionalak finantzatzeko abokatu eta prokuradoreendako dirulaguntza kasuan kasuko profesionalen elkargoen bidez banatuko da.

Horretarako, profesionalen elkargoek, hiruhileko bakoitza eta hurrengo hilabete naturalean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura ziurtagiri bat igorriko dute, Elkargo bakoitzak aurreko hiruhilekoan eginiko jarduketen kopuruari eta motei buruzko jakingarriak bilduko dituena, baita metaturiko kostu ekonomiko osoa ere.

Ziurtagiri horien arabera, organo eskudunak hiru hilabetetik behin behar diren ordainketak eginen ditu, Erregelamendu honetako 36. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoaren arabera bidezko diren ondorengo erregulazioak deusetan galarazi gabe.

2. Profesionalen elkargoek kontu bereizi batean sartuko dituzte diru kopuruak eta hark sorturiko interesak erabiltzen ahalko dituzte elkargoaren doako laguntza juridikoa kudeatzearen ondoriozko azpiegitura gastuak finantzatzeko.

33. artikulua. Dirulaguntzaren hartzaileei pagatzeko modua, baremoaren arabera.

1. Ofizioz izendaturiko abokatu eta prokuradoreei pagatuko zaie profesional horiek parte hartzen duteneko prozedura motaren arabera ezarririko oinarri ekonomikoak eta ordain moduluak kontuan hartuz.

2. Aipatu diren ordain modulu eta oinarriak, Erregelamendu honek indarra hartzen duenetik aurrera aplikatzekoak, III. eranskinean zehazten direnak dira.

34. artikulua. Dirulaguntzaren sorrarazpena.

1. Ofizioz izendaturiko abokatu eta prokuradoreek beren jarduketari dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea izanen dute, Erregelamendu honetako IV. eranskinean ezarririko ehunekoetan, eginiko partaidetza profesionala kasuan kasuko elkargoan agirien bidez frogatutakoan. Behar bezala arrazoituriko salbuespenezko kasuetan, elkargo bakoitzeko dekanoek jarduketa edo afera bat bukatutzat ematen ahalko dute, dirulaguntza kobratu ahal izateko bakarrik.

2. Atxiloarendako abokatu bidezko laguntzako zerbitzua izanez gero, dirulaguntza kobratzeko eskubidea partaidetza bukatutakoan sortuko da, guardiako txanda batean parte hartuz, bai banan banakako laguntza emanez (salbuespenez guardiako txanda ezarririk ez dagoen elkargoetan). Azken kasu honetan, abokatu bakoitzaren laguntzen ondoriozko lansariak ezin gaindituko du ezarririk daukaten Elkargoetan guardiako txanda osatzen duen abokatu bakoitzari egun bakoitzerako esleituriko diruaren halako bi, zenbatnahi laguntza eginda ere.

Guardiako txanda iraunkor batean parte hartzen duen abokatuak gehienez ere sei laguntza zerbitzu eginen ditu egunero. Zerbitzu beharrak direla-eta egunero sei laguntza-zerbitzu baino gehiago egiten baditu, guardia osagarritzat hartuko dira, zenbat diren kontuan hartu gabe.

3. Atxilo edo preso baten lehen adierazpenaren ondorengo zigor arloko prozedura bateko jarduketak, dirulaguntza kobratzeko eskubideari dagokionez, ofizioko txandako defentsan sartuko dira.

4. Artikulu honetako lehenengo lerroaldean aipatzen den ziurtagiria behar den taloia aurkeztuz egin beharko da, II. Eranskinean ezarririko ereduaren arabera. Sei hilabete iraunen du, prozedura bukatzen duen autoa edo epaia igorri edo jakinarazten denetik hasita.

Aurreko lerroaldean aipatzen den epea iraganik, taloia edo ziurtagiria aurkeztu ezik, kasuan kasuko prozedurarako dirulaguntzarako eskubidea galduko da.

Kasuan kasuko Elkargoak emanen die taloia abokatu eta prokuradoreei, behar bezala zigilatua. Bertan eta haren moldean eskatzailea, espediente zenbakia, izendaturiko profesionala eta izendatu zeneko eguna agertuko dira.

Abokatu eta prokuradoreek organo judizialaren identifikazio datuekin osatu beharko dute taloia, baita prozedura eta prozesuko aldia jakinarazi ere, dirulaguntza sortzeko eskubidea sortzen duen jarduketa profesionala burutu ondoren, elkargoak zigilatu dezan.

35. artikulua. Emaniko zerbitzuen egiaztapena

Elkargoek egiaztatu beharko dute profesionalek egiazki zerbitzuak eman dituztela, behar diren agirien bidez justifikatuz. Agiri horiek gordeko dituzte, Administrazioaren esku gehienez ere bost urtez.

36. artikulua. Dirulaguntzaren aplikazioaren justifikazioa.

1. Profesionalen elkargoek justifikatuko dute harturiko funtsak aplikatu dituztela funts horiek eman dituen Departamentuaren aurrean abokatuek eta prokuradoreek aurkezturiko justifikazio dokumentalen kopia baten bidez.

2. Justifikazio zehatz hori seihileko bakoitza bukatu eta hurrengo hilabetean eginen da eta orduantxe eginen dira behar diren erregulazioak. Eginbehar hori egin ezik hurrengo ordainketak bertan behera uzten ahalko dira, kontua errendatu arte.

VI. KAPITULUA

Perituen bidezko doako laguntza

37. artikulua. Prestazioaren edukia.

1. Doako laguntza juridikorako eskubidea aitortuz gero, eskubidedunak salbuetsiak egonen dira eskubide hori lortzeko prozesuan perituek eginiko jarduketen ondoriozko gastuetatik.

2. Perituen bidezko doako laguntza Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 6. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen diren pertsona eta entitateek emanen dute. Horrela, bakarrik salbuespen gisa ematen ahalko dute teknikari pribatuek perituen bidezko doako laguntza, gorabehera hauek gertatzen direnean:

a) Organo judizialen mendean edo Administrazio Publikoen mendean teknikaririk ez dagoenean, kasuan kasuko arloan.

b) Epailearen edo auzitegiaren ebazpen arrazoitua, perituaren jarduketa hori bidezkotzat jotzen duena.

38. artikulua. Lansarien ordainketa.

1. Aurreko artikuluan aipatzen diren profesional pribatuen lansariak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak pagatuko ditu, kasu hauetan izan ezik:

a) Prozesua bukatzen duen epaian adierazten denean kostuak doako laguntza juridikorako eskubidedunak pagatu behar dituenean.

b) Doako laguntza juridikorako eskubidedunak auzian garaitutakoan, epaian espresuki adierazpenik ez dagoenean kostuei buruz, hark prozeduran lorturiko etekinek defentsaren kostuen zenbatekoaren halako hiru baino gehiago egiten dutenean.

2. Prozesua bukatzeko epaian doako laguntza juridikorako eskubidedunari kostuak pagatzeko zigorra ezartzen bazaio, hark pagatu beharko ditu teknikari pribatuek eginiko peritazioak, prozesua bukatu eta hiru urteko epean, zori hobea izanez gero.

Eginbehar hori gauzatzeko premiamendu bidezko prozedura erabiliko da.

39. artikulua. Perituen frogen kostua.

1. Perituek froga egin aitzin, Doako Laguntza Juridikoari buruzko Legeko 6.6 artikuluko bigarren lerroaldearen arabera izendaturiko teknikari pribatuak igorriko du Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura frogaren kostu ekonomikoa, gorabehera hauek adierazi beharko dituena:

a) Perizia egiteko aurreikusiriko denbora eta ordu bakoitzeko kostuaren balorazioa.

b) Egin behar diren gastuak, behar bezala justifikatuak, azken likidazioaren kontu segituko dutenak.

c) Froga egitera behartu zuen epaile ebazpenaren kopia.

2. Lansarien minuta kostu ekonomikoaren aurreikuspenarekin bat etorriko da. Aurreikuspen hori onartutzat joko da baldin eta igortzen denetik hasita hamar eguneko epean organo eskudunak inolako oharrik egiten ez badio. Minuta kobratzeko, profesionalak agiriok aurkeztu beharko ditu: faktura, perituaren froga eskatu zuenari doako laguntzarako eskubidea aitortu zaiola egiaztatzeko agiriak eta organo judizialaren adierazpena, agindutako peritu lana benetan egin dela azaltzen duena.

I. ERANSKINA

II. ERANSKINA

III. ERANSKINA

Ordainaren modulu eta oinarriak

ABOKATUAK TARIFA

_Zigor arloko jurisdikzioa

Zinpekoen epaimahai bidezko prozedura 460

Zigor arloko prozedura orokorra 395

Ikustaldiko hirugarren egunetik aurrera, egun bakoitzeko 60

Prozedura laburtua 231

Prozedura laburtua, tokiz mugitu beharrarekin 270

Adingabeak 165

Erantzukizun zibila. Adingabeak 165

Espetxeko guardiako espedientea 132

Falta-epaiketa 132

Epaia berraztertzea 34

Auziperatze lasterreko prozedura. Delituak 295

Auziperatze lasterreko prozedura. Faltak 164

Nafarroatik kanpoko espetxeetarako bisitak 98

Atzerritarren Legearen ondoriozko prozedura 165

Espetxeratu eta kanporatzeko baimena guardiako epaitegietan 150

Agerraldia. Babesteko agindua 150

_Jurisdikzio zibila (Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak indarra hartu baino lehen hasitako prozedurak)

Zenbateko handia 460

Bestelako auzi-prozedurak 231

Familia arloko prozedura osoa (ezkontza deuseztatzea barne) 362

Neurri oso behin-behinekoak 98

Behin-behineko neurriak 98

Auzietako neurrien aldaketa 231

Bi alderdiak ados daudela 159

Borondatezko jurisdikzioko espedientea 159

_Jurisdikzio zibila (Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak indarra hartu ondoren hasitako prozedurak)

Epaiketa arrunta 362

Ahozko epaiketa, demandak 901,52 euro baino gehiago egiten ez duenean eta PZLeko 250. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen diren alorrak ukitzen ez dituenean (kasu horretan, epaile-ebazpena beharrezkoa da abokatuaren laguntzari buruz)

231

Familia arloko prozedura osoa (ezkontza deuseztatzea barne) 362

Familia arloa betearaztea 159

Familia exekuzioak. Oposizioa 227

Neurri oso behin-behinekoak / Behin-behineko neurriak 98

Auzietako neurrien aldaketa 231

Familia. Adostasuna 159

Borondatezko jurisdikzioko espedientea 159

Borondatezko jurisdikzioko espedientea oposizioarekin. 226

Epaiketa monitorioa 132

Kautelazko neurriak/Aurretiko eginbideak 98

Prozedura, tokiz mugitu beharrarekin 39

Seme-alabak izatea, guraso izatea, gaitasuna 355

Beste prozedura zibil batzuk 231

_Administrazioarekiko auzien juridikzioa

Laburtua 197

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa 317

Auzibidera jo aurreko erreklamazioa, asmoa onetsi eta prozedurari

amaiera ematen diona Proz.

zenb.

%75

_Lan arloko jurisdikzioa

Prozedura osoa 198

Auzibidera jo aurreko erreklamazioa, asmoa onetsi eta prozedurari

amaiera ematen diona Proz.

zenbat.

%75

_Juridikzio militarra

Prozedura militarra 198

_Errekurtsoak

Apelazioko errekurtsoa 132

Erreguko errekurtsoa 132

Kasazioko errekurtsoa, iragarrita ere, gauzatzen ez denean 33

Kasazioko errekurtsoa 296

Babes errekurtsoa 296

_Epaia betearaztea

Epaia betearaztea, epaileak ebazpena eman zuenetik bi urte igaro ondoren 159

Epaia betearaztea, oposizioarekin 227

_Prozesutik kanpoko jarduketak

Epaitegietatik kanpoko transakzioak Proz.

zenb.

%75

Eskaria onartezina dela dioen txosten arrazoitua 66

Atxilo edo presoarendako laguntza

Banan banako laguntza 81

Guardiako Zerbitzua 180

PROKURADOREAK TARIFA

_Zigor arloko jurisdikzioa

Zigor arloa 43

_Jurisdikzio zibila (Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak indarra hartu baino lehen hasitako prozedurak)

Auzietako prozedura (familia arlokoak barne) 43

Neurri oso behin-behinekoak 27

Behin-behineko neurriak 27

Auzietako neurrien aldaketa 40

Familia. Adostasuna 32

_Jurisdikzio zibila (Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legeak indarra hartu ondoren hasitako prozedurak)

Epaiketa arrunta 45

Ahozko epaiketa (prokuradorearen parte-hartzea beharrezkoa den kasuetan)

40

Ahozko epaiketa, demandak 901,52 euro baino gehiago egiten ez duenean eta AZLeko 250. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen diren alorrak ukitzen ez dituenean (kasu horretan, epaile-ebazpena beharrezkoa da abokatuaren laguntzari buruz). (kasu horretan, epaile-ebazpena beharrezkoa da abokatuaren laguntzari buruz)

32

Neurri oso behin-behinekoak 27

Behin-behineko neurriak 27

Auzietako neurrien aldaketa 40

Familia. Adostasuna 32

Familia arloko prozedura osoa (ezkontza deuseztatzea barne) 45

_Administrazioarekiko auzien juridikzioa

Laburtua 32

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa 43

_Errekurtsoak

Apelazioak eta beste errekurtso batzuk 32

_Epaia betearaztea

Epaia betearaztea, epaileak ebazpena eman zuenetik bi urte igaro ondoren 32

Prozesutik kanpoko jarduketak

Epaitegietatik kanpoko transakzioak Proz.

zenb.

%75

Asmoaren onartezina, prokuradore batek parte hartu duenean 20

_Bestelako prozedurak

Bestelako prozedurak 27

IV. ERANSKINA

Dirulaguntza kobratzeko momentua

Abokatuek eta prokuradoreek ofizio txandako jarduketen ondoriozko laguntza kobratzeko eskubidea izanen dute, ehuneko hauen arabera:

1._%170:

a) Prozedura zibiletan, familiakoak barne, demanda onartzean edo haren erantzuna aurkeztutzat ematean.

b) Zigor arloko prozeduretan, abokatuak edo prokuradoreak parte hartzen dueneko prozesuko jarduketako eginbidea edo eskabidea aurkeztean edo ahozko auzia irekitzean.

c) Errekurtsoetan, haiek aurkeztean.

d) Aurkeztu ez diren kasazioko errekurtsoetan, Elkargora txostena igortzean, errekurtsoaren onartezintasunaren arrazoiak emanen dituenean.

e) Beste prozeduretan, abokatuaren edo auzitegiko prokuradorearen parte-hartzea frogatzen duen epaile ebazpenaren ondoren.

2._Bidezko diren aferetako 100eko gainerako 30a, prozedura bukatzean, epaia emanda, edo auzialdia bukatzen duen ebazpen baten bidez.

3._Epaiketetatik kanpoko trukaketetan eta asmoaren onartezintasunari buruzko txostenean, interesdunak izenpeturiko agiria edo onartezintasunari buruzko txostena aurkeztean sortuko da ordain osoa kobratzeko eskubidea.

4._Atzerritarren Legeko prozeduretan ordain osoa kobratzeko eskubidea sortuko da prozedura bukatzeko ebazpen edo egintza administratiboaren kopia aurkeztean.

Iragarkiaren kodea: F0708557