Iragarkia
69. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 4a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
233/2007 FORU AGINDUA, maiatzaren 10ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, industrien jarduerak ingurumenean duen eragina prebenitu, zuzendu eta kontrolatzeko jarduketak egiteko dirulaguntzetarako 2007ko deialdia eta haren arauak onesten dituena.
Otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Dekretu horrek Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari eskumena eman zion departamentuaren aurrekontuetatik finantzatzen diren laguntza eta dirulaguntzen deialdiak onesteko.
Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra ezarri zuen. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien arauak ezarri eta argitaratu beharko ditu. Horrela eskuratzen ahalko dituzte laguntza horiek bai jarduerak egiten dituztenek, bai dirulaguntzaren xede izan daitezkeenek.
Nafarroako Gobernuak, 2006ko azaroaren 13ko Erabakiaren bidez, gehienez ere 600.000 euroko gastua baimendu zuen 2007. eta 2008. urteetarako, industrien jarduerak ingurumenean duen eragina prebenitu, zuzendu eta kontrolatzeko jarduketak egiteko dirulaguntzetarako.
Nafarroako Gobernuak, 2007ko apirilaren 23ko Erabakiaren bidez, industrien jarduerak ingurumenean duen eragina prebenitu, zuzendu eta kontrolatzeko jarduketak egiteko dirulaguntzetarako deialdiaren banakako ebaluazioaren araubidea baimendu du.
Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostena ikusirik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-Hartzailetza Delegatuaren adostasunarekin kontusailei dagokienez, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretukuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Industrien jarduerak ingurumenean duen eragina prebenitu, zuzendu eta kontrolatzeko jarduketak egiteko dirulaguntzetarako 2007ko deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak eskatu, jarduketak egin eta kobratzeko eskaera aurkezteko egun hauek ezartzea:
a) Dirulaguntzak foru agindu hau argitaratu eta biharamunetik 2007ko urriaren 31 bitarte, biak barne eskatzen ahalko dira.
b) Jarduketek 2007ko azaroaren 1a baino lehen behar dute bukaturik egon edo, epe luzeagoa behar badute, 2008ko azaroaren 1a baino lehen. Kasu horretan, urte bakoitzari dagokion zatia bereizi eta dirutan zehaztu beharko da.
c) Bi salbuespen izanen dira aurreko atalean xedatu denerako:
_Ingurumena kudeatzeko sistemak 2006an ere ziurtatzen ahal dira.
_Kutsaturik egon daitezkeen lurzoruak karakterizatzeko azterlanak 2007ko azaroaren 1a baino lehen bukatzen beharko dira osorik.
d) Onarturiko dirulaguntzak kobratzeko eskaerak 2008ko azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira.
3. Deialdiaren arauak onestea, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.
4. Gastuaren finantzaketa honela burutuko da:
a) Kutsaturik egon daitezkeen lurzoruak karakterizatzeko azterlanetarako dirulaguntzetarako (C mota), gehienez ere 200.000 euro, 2007rako gastu aurrekontuko "Lurzoru kutsatuetarako azterlan eta inbertsioak" izeneko 330001-31100-7709-456902 kontusailetik.
b) Beste edozein dirulaguntzatarako, gehienez ere 300.000 euro, 2007rako gastu aurrekontuko "Kutsadurari aurrea hartu eta zuzentzea" izeneko 330001-31100-7709-456900 kontusailetik eta gehienez ere 300.000 euro 2008ko gastu aurrekontutik.
c) Betiere, gastua finantzatzeko aurrekontuetan behar adina diru egon behar du.
5. Deialdia eta arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Gobernuaren interneteko atarian argitaratzea.
6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
7. Foru agindu hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura, Kontrol Ekonomiko eta Administratiboaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen Kontu-Hartzailetza Delegatura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko maiatzaren 10ean._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.
ARAUAK
1. araua. Xedea.
Arau hauen xedea da industrien jarduerak ingurumenean duen eragina prebenitu, zuzendu eta kontrolatzeko jarduketak egiteko dirulaguntzetarako deialdia arautzea.
Dirulaguntzen xede diren jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean dauden industria instalazioetan egin beharko dira, urteko deialdian ezartzen den epean.
Ingurumena kudeatzeko sistemak ezartzeko jarduketen kasuan, ziurtagiria deialdia baino lehenagoko urtean lortu duten sistemetarako dirulaguntzen eskaerak ere izaten ahalko dira dirulaguntzen xede.
2. araua. Dirulaguntza motak.
Garatu beharreko jarduketa eta eskatzaileak eginiko jarduera kontuan hartuz, dirulaguntzak mota hauetan sailkatuko dira:
_A mota: ingurumenari buruzko arau berrietara egokitzeko inbertsioak.
_B mota: ingurumenari buruz indarra duen legerian xedaturikoa modu nabarmen batean gainditzeko inbertsioak.
_C mota: ingurumenak industria instalazioetan dituen arriskuen azterlanak eta ebaluazioak, ingurumena kudeatzeko sistemak industria instalazioetan ezartzea eta kutsaturik egon daitezkeen lurzoruak karakterizatzeko azterlanak.
3. araua. Dirulaguntzen xede diren jarduketen betebeharrak eta haien esparrua.
_A mota: inbertsio horiek izanen dira bai ekoizpen prozesua aldatzeko, bai zuzenean kutsadura gutxitzen duten baliabide materialak (aktibo finkoak) biltzeko.
Ingurumenaren aldeko estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko 2001/C 37/03 zuzentarauekin bat, A motako dirulaguntzak enpresa txiki eta ertainendako izanen dira bakarrik, baldin eta egokitzapena gehienez ere hiru urteko epean burutzen bada, ingurumenari buruzko arau berria onartzen denetik aurrera (indarra hartzen duenetik aurrera).
Arautegira egokitzeko aurkezten den programan oinarriturik, A motako dirulaguntza bat ematen bada baina azkenean egokitzapena hiru urteko epe horretan burutzen ez bada Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntza atzera botako du.
_B mota: inbertsio hauek izanen dira zuzenean kutsadura edo ingurumenerako bestelako ondorio kaltegarriak gutxitu edo desagerrarazteko, ekoizpen metodoak egokitzeko edo teknologia garbiak eta kutsadura ahalik eta gehien gutxitu, birziklatu, berrerarbili edo baloratzeko prozesuak ezartzeko.
Arau hauetan ezarri diren ondorioetarako, ekoizpen prozesu batek industria batean sortzen dituen hondakin eta emisioak ahalik eta gehien gutxitzea da antolaketa eta eragiketen aldetik neurriak hartzea eta azken tratamendu edo suntsiketa behar duten kutsagarrien (hondakin, aireratze edo isurketen) kopurua edo arriskugarritasuna gutxitzeko bide ematen dutenak.
Hori jatorrian gutxituz lortuko da eta, posible ez denean, azpiproduktuak birziklatuz, prozesu berean edo beste batzuetan, edo dauzkaten osagarri batzuk berreskuratuz.
Jarduketa baten helburua ingurumenari buruzko indarra duen legerian xedaturikoa modu nabarmen batez gainditzea dela erabakitzeko, legeria horrek eskatzen duena ez ezik edozein instalaziok bere jarduera eskura dauden teknikarik hoberenak erabiliz garatzeko duen eginbeharra eta jarduketa horrek ingurumenari ekarriko dion hobekuntzaren zenbatestea ere hartuko dira kontuan.
Halaber, ulertuko da B motan daudela ingurumenari buruzko arau berrietara horietan ezarri baino epe laburrago batean egokitzea xede duten proiektuak.
Ingurumen baimen integratuaren araubidearen mendeko industria instalazioetarako, ulertuko da jarduketa, arau berri batek eskatzen ez duena, ingurumenari buruz indarra duen legerian xedaturikoa modu nabarmen batez gainditzeko dela, instalazio horrek dirulaguntza eskatu baino gutxienez bi urte lehenagotik baldin badu ingurumen baimen integratua eta baimen horrek dirulaguntzaren xede den jarduketa betetzera behartzen ez badu.
Kasu horretan, ulertuko da haren helburua instalazioak izanen duen hurrengo ingurumen baimen integratua baino lehenago egokitzea dela, beranduenez gaurkoa lortu eta zortzi urte pasata. Xedaturikoa baino laburragoa den epe batean arau berri baterako egokitzapentzat joko da.
_C mota: igurumen arriskuen azterlan eta ebaluazioen xedea da ingurumen arriskuak identifikatu eta industria instalazioetan dauden arriskuak neurtzea, gero arriskugarritasun hori kendu edo gutxitzeko behar diren neurriak hartu ahal izateko.
Ingurumen arriskutzat joko da industria instalazio bateko edozein egoera edo baldintza, haren balizko zergatikoa instalazioaren funtzionamendu normala desbideratzea bada eta haren jarreraren ondorioz inguruneari kalteak sortzen ahal badizkio, kalte horiek lurzorua, ura, airea, pertsonak edo ekosistemak suntsitu edo haien kalitatea edo erabilgarritasuna galarazten dutenean.
Azterlanak metodologia sistematizatu batekin bat egin beharko dira, normalizatuarekin ahal bada.
4. araua. Laguntzarik ezin jaso duten jarduketak.
A eta B motetako dirulaguntzetatik kanpo geldituko dira espresuki, ekoizpenaren ezartze berriaren edo handitzearen ondoriozko inbertsioak, 10. arauan xedatzen dena deusetan galarazi gabe.
Hiru urtetik beherako birgertatze-aldia duten A edo B motetako jarduketak ezin izan dira dirulaguntzen xede.
A edo B motetatako dirulaguntzen eskaerak ez dira laguntzen xede izanen nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak eraldatzen eta merkaturatzen diharduten industria jardueretarako baldin badira.
Industrien isurketen kutsagarritasuna gutxitzeko jarduketak, A edo B motetakoak, dirulaguntzen xede izanen dira, gehienbat, NILSAko Administrazio Kontseiluak Nafarroako hondakin uren saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legearen ondorioz onesten duen laguntza deialdi berariazkoaren bidez. Salbuespen gisa, aldez aurretik Ingurumen Departamentua eta NILSA ados badaude, jarduketa horiek arau hauen xede diren dirulaguntzen deialdian aurkezten ahalko dira.
B motako dirulaguntzen kasuan, ingurumenari buruzko arauak gainditzeko jarduketak ez dira dirulaguntzen xede izanen edo, ingurumenari buruzko araurik ezean, gainditze hori Europar Batasunak onetsiak dauzkan eta Espainiako barne zuzenbidera bildu ez diren arauetara egokitze soila denean.
Hozte instalazioak edo horiek dauzkaten gasak ordezteko jarduketak ez dira dirulaguntzen xede izanen.
Oraingo erregaiak kendu eta haien ordez hain kutsagarriak ez direnak ezartzeko proiektuak, energia iturri berriztagarrietatik argindarra sortzekoak, energiaren aurrezkia edo eraginkortasun handiagoa ematen duten neurriak hartzekoak eta batera argindarra eta beroa sortzeko instalazioak ezartzekoak ez dira deialdi honetan sartuko, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Turismo Departamentuak kudeatzen duen berariazko deialdi bat dago eta.
5. araua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Enpresa publiko edo pribatuek dirulaguntza hauek hartzen ahalko dituzte, 2. arauan aipatzen diren jarduketak egiten badituzte eta arau hauetan ezartzen diren betebeharrak betetzen badituzte.
Halaber, eskatzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak bete beharko dituzte.
Dirulaguntzen xede diren jarduketak burutuko direneko industria instalazioek indarra duen legeriak eskatzen dituen ingurumen baimenak eduki beharko dituzte, dirulaguntzaren eskabidea aurkezten deneko egunean, eta, onartzen bazaie, kobratzeko eskabidea aurkezten den egunean.
Foru Komunitatean eskualde lagundutzat jotzen ez diren eremuetan, C motako dirulaguntzak bakarrik enpresa txiki eta ertainendako izanen dira.
Arau hauetan xedaturikoari dagokionez, enpresa txiki eta ertainak Enpresa txiki eta ertainendako estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauetan (96/C 213/04 EEEO) ezartzen diren betebeharrak betetzen dituztenak dira, aldaketarik ez dagoeino, baldintza hauek, hain zuzen ere:
a) 250 langiletik behera izatea.
b) Irizpide finantzario hauetariko bat betetzea:
_Negozio bolumena, urtean, gehienez ere 40 milioi eurokoa.
_Balantze orokorra, gehienez ere 27 milioi eurokoa.
c) Txikia edo ertaina ez den enpresa edo enpresa-multzo batek kapitalean edo bozkatzeko eskubideetan %25 edo hortik gora parte ez hartzea, Europar Batasuneko zuzentarauek baimentzen dituzten salbuespenezko kasuetan izan ezik.
6. araua. Dirulaguntzen gehieneko mugak.
1. Arau hauetan ezartzen den dirulaguntza mota bakoitzerako, dirulaguntzen gehieneko mugak, dirulaguntzen xede diren kostuen portzentajeetan, enpresa txikia edo ertaina izan edo ez, honako hauek izanen dira:
A motako dirulaguntzak: Enpresa handia: %0. Enpresa txiki edo ertaina: %15.
B motako dirulaguntzak: Enpresa handia: %30. Enpresa txiki edo ertaina: %40.
C motako dirulaguntzak: Enpresa handia: %50. Enpresa txiki edo ertaina: %50.
2. B motako dirulaguntzen kasu berezian, haien helburua ingurumenari buruzko arau berri batera bertan ezartzen den epea baino denbora gutxiagon egokitzea bada, dirulaguntzaren gehieneko muga A eta B motetako dirulaguntzei dagozkien gutxieneko mugen artean hainbanatuz zehaztuko da (enpresa txiki edo ertaina izan edo ez), arau berrian ezartzen den epea bukatzen den egunetik aurreratzen den denboraren arabera, arau horrek indarra hartzen duen eguna erreferentzia harturik.
3. Dirulaguntzen gehieneko mugak aplikatzekoak dira, bai laguntza osorik Ingurumen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baliabideekin, bai Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentuen, beste administrazio publiko batzuen edo entitate pribatuen baliabideekin finantzatzen bada, osorik edo hein batean.
7. araua. Eskaeren ebaluazioa.
1. Aurkezten diren dirulaguntza eskaerak 0 puntutik 100 puntura bitarte emanez baloratuko dira, irizpide hauei jarraituz:
_A mota:
a) Aurkezten den inbertsio proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez). Jardueraren helburuen zehaztasuna eta jardueraren azalpen zehatza, azterlan ekonomikoaren eta plan finantzarioaren zuzentasuna, aurrekontuaren gardentasuna eta xehetasuna eta erabiliko diren baliabideen zerrenda baloratuko dira.
b) Jardueraren memoria orokorra (10 puntu gehienez).
c) Jarduera osoak ingurumenari buruz indarra duen arautegira egokitzeko eragina (30 puntu gehienez).
d) Ingurumenaren hobekuntzaren eta kostuaren arteko erlazioa jarduketan (25 puntu gehienez) .
_B mota:
a) Aurkezten den inbertsio proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez). Jardueraren helburuen zehaztasuna eta jardueraren azalpen zehatza, ingurumenaren hobekuntza neurtzeko kalkuluen eta azterlan ekonomikoaren zuzentasuna, aurrekontuaren gardentasuna eta xehetasuna eta erabiliko diren baliabideen zerrenda baloratuko dira.
b) Jardueraren memoria orokorra (10 puntu gehienez).
c) Jarduketak aurretiko egoerako ingurumenari dakarkion hobekuntza eta jarduera osoak ingurumenari buruz indarra duen arautegira egokitzeko eragina (30 puntu gehienez).
d) Ingurumenaren hobekuntzaren eta kostuaren arteko erlazioa jarduketan (25 puntu gehienez) .
_C mota:
a) Ingurumena kudeatzeko sistema ezartzeko azterlan edo programaren kalitatea, kasuan-kasuan (70 puntu). Helburuen zehaztasuna, erabiltzen den metodologia eta programa baloratuko dira.
b) Jardueraren memoria orokorra (30 puntu gehienez).
2. 2. arauan sartzen diren dirulaguntza motekin bat ez datozen eskaerak, arau hauek betetzen ez dituztenak edo 9., 10. eta 11. arauen arabera finantzatzen ahal diren inbertsio edo gastuak adierazten ez dituztenak ez dira baloratuko.
3. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten eskaerak deialditik baztertuko dira.
8. araua. Dirulaguntzen portzentajea.
_Oro har, dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa zehazteko, dirulaguntzaren portzentajea dirulaguntzen xede diren kostuei dagokie eta irizpide hauei jarraituz kalkulatuko da:
a) Balorazioa 80 puntutik gorakoa bada: 6. arauaren arabera kasuan kasuko dirulaguntza motari dagokion gehieneko muga emanen da.
b) 66 puntutik 80 puntura, biak barne: 6. arauaren arabera kasuan kasuko dirulaguntza motari dagokion gehieneko mugaren %75 emanen da.
c) 50 puntutik 65 puntura, biak barne: 6. arauaren arabera kasuan kasuko dirulaguntza motari dagokion gehieneko mugaren %50 emanen da.
9. araua. A eta B motetarako dirulaguntzen xede izan daitezkeen inbertsioak eta oinarrizko aurrekontua.
1. Inbertsio hauek izan daitezke dirulaguntzen xede: lurretan egiten direnak, ingurumen arloko helburuak lortzeko behar-beharrezkoak badira; eraikin, instalazio eta ekipo ondasunetan egiten direnak, kutsadura eta bestelako ondorio kaltegarriak gutxitu edo desagerrarazteko edo ingurumena babesteko ekoizpen metodoak egokitzeko egiten badira.
2. Proiektuak prestatzeko eta obra zuzentzeko gastuak sartzen ahalko dira, baina ez lizentzia, zerga edo tasenak.
3. Teknologia transferentzien ondoriozko gastuak ere hartzen ahalko dira kontuan, hala nola, ustiatzeko lizentziak edo ezagutza tekniko patentatu edo patentatugabeak eskuratzekoak. Hala ere, aktibo inmaterial horiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Aktiboaren osagai amortizagarritzat jotzea.
b) Merkatuaren baldintzetan eskuratzaileak zuzeneko edo zeharkako kontrolik ez dueneko enpresei eskuratzea.
c) Enpresaren aktiboan agertzea, laguntzaren onuradunaren establezimenduan irautea eta ustiatuak izatea, gutxienez ere bost urtez, laguntza onartzen denetik aurrera. Bost urte horretan berriro salduz gero, salmentaren produktua dirulaguntzaren xede diren kostuetatik kendu beharko da eta, bidezko bada, laguntzaren zenbatekoa hein batean edo osorik itzuli beharko da.
4. Oinarrizko aurrekontua finantzatzen ahal diren inbertsio gisa lehen zehaztu diren gastuei dagokie eta balioko du dirulaguntzen xede diren kostuak zehazteko, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko erabiliko direnak.
10. araua. A eta B motetarako dirulaguntzen xede diren kostuak.
1. Dirulaguntzen xede diren kostuak bakar-bakarrik ingurumena babesteko helburuak lortzeko egiten diren inbertsio gehigarrien kostuak izanen dira.
2. Hori horrela, instalazio berriak sortuz gero edo beste batzuk ordeztuz gero, ekoizpen gaitasuna sortu edo ordezteko hasierako inbertsioaren kostua ez da dirulaguntzaren xede izanen, salbu eta ingurumen arloko emaitzetan hobekuntzarik baldin bada.
3. Kasu guztietan, dirulaguntzen xede diren kostuak honako hauek kenduta kalkulatuko dira: gaitasunaren balizko gehitzearen ondorioz lorturiko abantailak, inbertsioaren bizitzako lehen bost urteetan kostuetan izaniko aurrezkiak eta bost urte horretan izaniko ekoizpen gehigarriak.
4. A motako dirulaguntzetarako, dirulaguntzaren xede den kostua inbertsioaren birgertatze-aldiaren arabera zehaztuko da, irizpide hau erabiliko delarik:
_Birgertatze-aldia 10 urtetik gorakoa bada, dirulaguntzaren xede den kostua oinarrizko aurrekontua izanen da.
_Birgertatze-aldia 3 urtetik 10 urtera bitartekoa bada, dirulaguntzaren xede den kostua oinarrizko kostuaren portzentaje bat izanen da. Birgertatze-aldia hainbanatuko da zuzeneko proportzioan.
5. B motako dirulaguntzetarako, dirulaguntzaren xede den kostua inbertsioaren birgertatze-aldiaren arabera zehaztuko da, bi irizpide hauek erabiliko direlarik, bata bestearen ondoren:
a) Ingurumenaren hobekuntza:
_Hobekuntzak arautegiak eskatzen duenaren %80 gainditzen badu, dirulaguntzaren xede den kostua oinarrizko aurrekontua izanen da.
_Hobekuntza arautegiak eskatzen duenaren %30etik 80ra bitartekoa bada, dirulaguntzaren xede den kostua oinarrizko aurrekontuaren portzentajea izanen da. Hobetze portzentajea hainbanatuko da zuzeneko proportzioan.
b) Birgertatze aldia:
_Birgertatze-aldia 10 urtetik gorakoa bada, dirulaguntzaren xede den behin betiko kostua aurreko irizpidearen aplikazioaren ondorioz gertatzen den kostua izanen da.
_Birgertatze-aldia 3 urtetik 10 urtera bitartekoa bada, dirulaguntzaren xede den behin betiko kostua aurreko irizpidearen aplikazioaren ondoriozko portzentaje bat izanen da. Birgertatze-aldia hainbanatuko da zuzeneko proportzioan.
6. Espainiako, Nafarroako edo herrietako ingurumenari buruzko arau berrietara egokituz gero, arau horiek Europar Batasunekoak baino zorrotzagoak badira, edo ingurumenari buruzko nahita gainditzen duten egokitzeak izanez gero, dirulaguntzaren xede diren kostuek ingurumenari buruzko arauek eskatzen dutena baino handiago den ingurumenaren babes maila bat lortzeko inbertsio gehigarrien kostua bilduko dute.
7. Enpresa batek bakarrik hartzen ahalko du laguntza Europar Batasuneko arauak baino zorrotzagoak diren Espainiako arauetara egokitzeko, edo Europar Batasunean araurik ez dagoenean, Espainiako arau horietara egokitu denean, horiek aurreikusten duten mugaegunean. Mugaegunaren ondorengo inbertsioak ez dira kontuan hartuko.
8. Dirulaguntzaren xede diren kostuek ezin izanen dituzte kontzeptu batzuei dagozkien gastuak bildu, kutsadura gutxitzeko ondorioak bakarrik zeharkakoak direnean.
9. Enpresek, beren instalazioak ingurumenari buruz indarra duen arautegira egokitu beharrean, haiek kendu eta arautegi hori bete edo gainditzen duten beste batzuk ezartzen badituzte, inbertsiorako laguntzak hartzen ahalko dituzte, baldin eta horiek instalazio zaharrak betebehar horietara soilik egokitzeko beharrezkoa izanen litzatekeena gainditzen ez badute.
11. araua. Dirulaguntzen xede diren kostuak C motarako.
Dirulaguntzen xede diren kostuak azterlana egitekoak edo ingurumena kudeatzeko sistema ezartzekoak izanen dira, kasuan-kasuan.
Enpresaren barruko langileei dagozkien gastuak ez dira dirulaguntzen xede izanen, azterlana egiten edo sistema ezartzen badihardute ere.
12. araua. Kontratazioaren ekonomia eta eragimena.
Dirulaguntzaren xede den kostuaren zenbatekoa 30.000 eurotik goitikoa bada, obraren exekuzioaren gastuaren kasuan, edo 12.000 eurotik goitikoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipo ondasunak edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta dirulaguntzaren xede diren ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.
Ingurumena kudeatzeko sistemak ezartzeko jarduketetarako izan ezik, kontu horiek denak egiaztatu ahal daitezen, onuradunak, posible baldin bada, hiru aurrekontu aurkeztu beharko ditu, dirulaguntzaren xede den jarduketa berari dagozkionak, entitate hornitzaile diferenteek prestatuak. Horiekin batera, aurrekontua eta azken hornitzailea hautatzeko arrazoi tekniko eta ekonomikoak azalduko dira.
13. araua. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko erregistroetan aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluetan aipatzen diren erregistroetan, urte bakoitzeko deialdian ezartzen den egunetik aurrera.
Ingurumena kudeatzeko sistemak ezartzeko jarduketetarako izan ezik, dirulaguntzen eskaerak kasuan kasuko proiektua edo jarduketa hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.
Ingurumena kudeatzeko sistemak ezartzeko dirulaguntzen eskaerak ziurtapen erakundeak ziurtagiria eman ondoren aurkeztuko dira, dirulaguntza kobratzeko eskabidearekin batera.
14. araua. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 17. artikuluan aipatzen den banakako ebaluazioko araubidea erabiliko da. Hori horrela, ebaluazio horren ondorioz ebaluatu eta esleituko zaie dirulaguntza. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebatziko da haien gainean, aurrekontuetan horretarako dirua dagoeino.
Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalari dagozkio arau hauen xede diren dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Atal horixe izanen da instrukzio organoa.
Dirulaguntzaren eskaera harturik, instrukzio organoak hamabost eguneko epean egiaztatuko du aurkezturiko agiriak arau hauetan eskatzen denarekin bat datozen.
Agiriak egoki ez badira, arauetan xedaturikoarekin bat ez etortzeagatik, eskatzaileari jakinarazi eta gehienez ere hamar eguneko epea emanen zaio akats horiek zuzentzeko. Aditzera emanen zaio ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela. Horretarako espresuki ebazpena emanen da.
eskaera tramitaziora onarturik, agirien edukia aski ez bada, eskatzen ahalko da hobetu dadila. Horretarako eskatzaileari gehienez ere hilabeteko epea emanen zaio, agirien hobekuntza aurkez dezan. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, espedientea iraungitzat joko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 92. artikuluan aipatzen diren betebehar eta ondorioekin.
Prozedura tramitatu eta ebazpen proposamena egin ondoren, ebazpena Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak eman beharko du.
Dirulaguntza emateko ebazpenean, eskatzailea, dirulaguntzaren zenbatekoa, dirulaguntzen xede diren jarduketak, burutzeko epea eta gastua frogatzeko modua adierazi beharko dira.
Ebatzi eta argitaratzeko epea gehienez hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.
15. araua. A eta B motetarako agiriak.
_Bi motetarako orotariko agiriak:
Eskuarki, A eta B motetako dirulaguntzen eskarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Laguntzen eskabidea.
b) Jarduerarako eskura dauden baimenen kopia, hala nola, jarduera sailkatuko udal lizentziarena, irekitzeko udal lizentziarena, ingurumen baimen integratuarena, irekitzeko baimenarena, hondakin urak isurtzeko baimenarena, ur kontzesioarena eta abarrena.
c) 5. arauko irizpideen arabera, enpresa enpresa txiki edo ertaintzat jotzen ahal dela frogatzen duten agiriak.
d) Aurrekontu zehatzak, dirulaguntzaren xede den jarduketa berari dagozkionak, entitate hornitzaile diferenteek prestatuak.
e) Azkenean hautatu den aurrekontu zehatza, hori hautatzeko arrazoi tekniko eta ekonomikoekin batera. Ekoizpena handitzeko zatiak zehaztuko dira, halakorik bada.
f) Inbertsioen azterlan ekonomikoa eta plan finantzarioa. Inbertsioaren birgertatze-aldiaren ebaluazio bat espresuki sartuko da.
g) Erantzukizuneko aitorpena, jarduketa bererako dirulaguntzen bestelako eskaerak, Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuetan edo beste administrazio publiko batzuetan adierazten dituena.
h) Jarduketak hasi eta bukatzeko aurreikusiriko epeak. Espresuki aurrekontualdi bakoitzean burutu direnak adieraziko dira, zenbatekoei dagokienez bereiziz.
_A motarako berariazko agiriak:
a) Jardueraren orotariko memoria, kontu hauek bildu beharko dituena:
-Ekoizpen prozesuaren azalpena
-Airera eta uretara kutsagarriak botatzen dituzten fokuen eta instalatu diren neurri zuzentzaileen inbentarioa.
-Aireratze eta isurketen kontrolaren emaitzak eta neurtzeko erabili diren ekipoak.
-Hondakinen sorrerari buruzko datuak.
-Kutsaduraren kontra epe luzera ezarri den programa integrala, egin beharreko inbertsioen plana eta programako fase eta epeak adieraziz.
b) Inbertsiorako proiektua, teknikari eskudun batek sinatua, eduki hau izanen duena:
-Jarduketa eta lortu nahi diren helburuak azaltzen dituen memoria.
-Instalazio eta ekipoetarako proiektu teknikoa.
-Ingurumenari buruzko arau berria onartzen denetik gehienez ere 3 urteko epean egiazki egokitzeko programa.
-Burutu nahi diren instalazioez, haien kontrolaz eta gainerako foku kutsagarriez arduratzen diren langileak.
-Kutsadura kontrolatu eta neurtzeko baliabideak.
_B motarako berariazko agiriak:
a) Jardueraren orotariko memoria, kontu hauek bildu beharko dituena:
-Ekoizpen prozesuaren azalpena
-Airera eta uretara kutsagarriak botatzen dituzten fokueneta instalatu diren neurri zuzentzaileen inbentarioa.
-Aireratze eta isurketen kontrolaren emaitzak eta neurtzeko erabili diren ekipoak.
-Hondakinen sorrerari buruzko datuak.
-Kutsaduaren kontra epe luzera ezarri den programa integrala, egin beharreko inbertsioen plana eta programako fase eta epeak adieraziz.
b) Inbertsiorako proiektua, teknikari eskudun batek sinatua, eduki hau izanen duena:
-Jarduketa eta lortu nahi diren helburuak azaltzen dituen memoria.
-Instalazio eta ekipoetarako proiektu teknikoa.
-Burutu nahi diren instalazioez, haien kontrolaz eta gainerako foku kutsagarriez arduratzen diren langileak.
-Kutsadura kontrolatu eta neurtzeko baliabideak.
c) Ingurumenerako aurreikusten den hobekuntzaren zenbatespena, eduki hau izanen duena:
-Kutsaduraren edo ingurumen eraginaren gehieneko maila, ingurumenari buruz indarra duen legeriak hobetu nahi den instalazio, ekipo edo prozesurako onartzen duena.
-Kutsaduraren edo ingurumen eraginaren maila, proiektuaren arabera, instalazioak, ekipoak edo prozesuak geroan, egin nahi den jarduketa egin ondoren, sortuko duena.
-Horren arabera, egin nahi den jarduketa abian jartzeak indarra duen legeriak behartzen duenaren aldean ingurumenari ekarriko dio hobekuntzaren gutxi gorabeherako kalkulua.
d) Behar adina frogatzea inbertsioak ez direla bakarrik ingurumenari buruz indarra dauden arauetara egokituko egokitzeko epea gainditu baldin bada.
16. araua. C motarako agiriak.
_Orotariko agiriak:
Eskuarki, C motako dirulaguntzen eskarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Laguntzen eskabidea.
b) Jarduerarako eskura dauden baimenen kopia, hala nola, jarduera sailkatuko udal lizentziarena, irekitzeko udal lizentziarena, ingurumen baimen integratuarena, hondakin urak isurtzeko baimenarena, ur kontzesioarena eta abarrena.
c) Erantzukizuneko aitorpena, jarduketa bererako dirulaguntzen bestelako eskaerak, Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuetan edo beste administrazio publiko batzuetan adierazten dituena.
d) Aurrekontu zehatzak, dirulaguntzaren xede den azterlan berari dagozkionak, entitate hornitzaile diferenteek prestatuak.
e) Azkenean hautatu den aurrekontu zehatza, hori hautatzeko arrazoi tekniko eta ekonomikoekin batera.
f) Jardueraren orotariko memoria, kontu hauek bildu beharko dituena:
-Ekoizpen prozesuaren azalpena
-Airera eta uretara kutsagarriak botatzen dituzten fokuen eta instalatu diren neurri zuzentzaileen inbentarioa.
-Aireratze eta isurketen kontrolaren emaitzak eta neurtzeko erabili diren ekipoak.
-Hondakinen sorrerari buruzko datuak.
-Kutsaduaren kontra epe luzera ezarri den programa integrala, egin beharreko inbertsioen plana eta programako fase eta epeak adieraziz.
_Ingurumena kudeatzeko sistemak ezartzeko berariazko agiriak.
a) Ezartzeko programa, barruko langileen partaidetza haren garapenean, kanpoko aholkularitza enpresen partaidetza, ziurtapen erakundeen partaidetza eta aurrekontu zehatza.
b) Ziurtapen erakundearen ziurtagiriaren kopia.
c) Guztira eginiko gastuak frogatzen dituzten agirien zerrenda. Fakturak luzatzeko baldintzak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatzen dena bete beharko dute.
d) Foru Ogasunarekiko zerga guztiak pagatu dituela frogatzen duen agiria, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua.
e) Eginiko gastuak egiazki pagatu direla frogatzen duen agiria, gutxienez ere, kobratzeko dirulaguntzaren zenbatekoa eginen duena.
_Ingurumeneko arriskuen azterlanak egiteko berariazko agiriak:
a) Azterlanaren azalpena, honako hauek bilduko dituena: helburuak, metodologia, programa, barruko langileen eta kanpoko aholkularitza enpresen partaidetza eta aurrekontua.
_Lurzoru kutsatuei buruzko azterlanak egiteko berariazko agiriak:
a) Azterlanaren azalpena, honako hauek bilduko dituena: helburuak, metodologia, programa, barruko langileen eta kanpoko aholkularitza enpresen partaidetza eta aurrekontua.
17. araua. Laguntzen ordainketa.
1. Eskuarki, ingurumena kudeatzeko ezartzeko jarduketetarako izan ezik, dirulaguntzaren xede den jarduketei buruzko inbertsio eta gastuak egin ondoren, enpresak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskatuko dio dirulaguntza pagatu diezaiola. Horretarako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Txosten teknikoa, proiektuaren garapena eta hori burutzen ari zeino gertatu diren datu eta gorabehera nabarmenak.
b) Guztira eginiko gastuak frogatzen dituzten agirien zerrenda. Fakturak luzatzeko baldintzak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatzen dena bete beharko dute.
c) A motako dirulaguntzen kasuan, obraren azken ziurtapena, egokitzapena egin dela eta erangingarria dela frogatzen duena, hiru urteko epean, ingurumenari buruzko arau berriak indarra hartzen duenetik aurrera.
d) Eginiko gastuak egiazki pagatu direla frogatzen duen agiria, gutxienez ere, kobratzeko dirulaguntzaren zenbatekoa eginen duena.
e) Beste administrazio publiko batzuek jarduketa bererako emaniko bestelako dirulaguntzen edo horretarako eskatu direnen adierazpena.
f) Instalazioek ongi funtzionatzen dutela frogatzea, saio eta neurketa egokien bidez.
g) Foru Ogasunarekiko zerga guztiak pagatu dituela frogatzen duen agiria, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua.
h) Ingurumen arriskuak aztertu eta ebaluatzeko azterlanetarako eta kutsaturik egon daitezkeen lurzoruak karakterizatzeko C motako dirulaguntzen kasuan, azterlan horren kopia.
2. Urte bakoitzeko deialdian ezartzen den eguna baino lehen eskatuko da dirua kobratzea, salbu eta dirulaguntza emateko ebazpenean, arrazoiak emanda, beste epe bat ezartzen denean.
3. Lanak egiten ari direla, eskatzaileek eskatzen ahalko dute, betiere aurreko puntuan adierazten den eguna baino lehen onarturiko zenbatekoaren hein bateko ziurtapenei dagokien dirulaguntza pagatu dakiela, baldin eta aurreikusi den gastu osoaren %50 baino gehiago frogatzen bada.
4. Lanak egiten ari direla, onuradunek eskatzen ahalko dute onarturiko zenbatekoaren %100 pagatu dakiela, baldin eta gastu osoaren %25 baino gehiago egin dutela frogatzen badute. Berme gisa, zenbateko aurreratuaren adinako banku-abal bat aurkeztu beharko da.
5. Instalazioek ongi funtzionatzen dutela egiaztatzeko, luzaz saioak eta neurketak egin behar badira, onuradunek eskatzen ahalko dute, lanak bukatu ondoren, dagokien dirulaguntzaren %100 pagatu dakiela, zenbateko horren adinako banku-abala eta arau honetako 1. puntuan aipatzen diren gainerako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.
6. Instalazioak behar bezala egin direla eta funtzionamendua egokia dela egiaztatu ostean kitatuko dira aipatutako bankuko abalak.
7. Dirulaguntza onarturiko portzentajean pagatuko da, egiazki eginiko gastuari aplikaturik, beste administrazio batzuek emaniko dirulaguntzak kendurik, horrelakorik bada. Onarturiko gehieneko zenbatekoa ezin izanen da gainditu.
8. Arau honetako 2. puntuan aipatzen den eguna baino lehen, hasiera batean aurreikusiriko jarduketa edo proiektua burutzen hasi ez bada eta beraz posible ez bada gasturik egitea, ulertuko da, interesdunari entzun ondoren, onuradunak uko egin diola onartu zitzaion dirulaguntzari. Gainera, jarduketa horretarako beste dirulaguntzarik eskatzeko eskubidea galduko du, industrien jarduerak ingurumenean duen eragina prebenitu, zuzendu eta kontrolatzeko jarduketak egiteko dirulaguntzetarako hurrengo bi urteetan onesten diren deialdietan.
9. Ingurumen zuzendari nagusiak emanen du ebazpena dirulaguntzak pagatzeko eskaeren gainean.
18. araua. Onuradunen betebeharrak.
Hona hemen dirulaguntza hauen onuradunen eginbeharrak:
a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak datuak eta obrak ikuskatzeko egiten duen lana eta horrek eskatzen dizkion agiriak aurkeztu beharko ditu.
b) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari proiektuak garatzean gertaturiko edozein gorabehera jakinaraztea, edukia modu nabarmenean aldatzen badu, hori sortzen den momentuan. Aldaketa horri buruz Foru Komunitateko Administrazioak ez du konpromisorik hartuko, non eta ez duen espresuki bere egiten.
c) Dirulaguntzaren xede den jarduketaz onuradunak ematen dituen argibide guztietan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren laguntza izanen duela adieraztea.
d) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduketa horiek finantzatzeko beste laguntza, dirusarrera edo baliabiderik eskatu edo lortu ote den.
e) Zerga arloko betebeharrak eta jarduketaren izaeragatik ezartzen ahal diren beste edozein betebehar betetzea, indarra duen arautegiarekin bat.
19. araua. Laguntzen bateragarritasuna eta dirua itzultzea.
Arau hauen xede diren dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuek, beste administrazio publiko batzuek edo entitate pribatuek helburu bererako ematen dituzten bestelako laguntzekin, baldin eta haien denen zenbatekoak baturik 6. arauan ezartzen diren gehieneko mugak gainditzen ez badira.
Horretarako, dirulaguntzaren xede diren jarduketek gero bestelako laguntza publiko edo pribaturik lortzen badute, onuradunek laguntza horiek Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari adierazi beharko dizkiote, onarturiko dirulaguntzaren azken doiketa egin ahal izateko.
Onuradunek osorik edo hein batean itzuli beharko dituzte kobraturiko dirua eta dirulaguntza pagatu zitzaienez geroztik sorturiko berandutza interesak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan.
20. araua. Aplikatu beharreko arauak.
Arau hauen xede diren dirulaguntzen urteko deialdia, bertan xedaturik ez dauden kontu guztiak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta ingurumenaren aldeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko 2001/C 37/03 zuzentarauetan xedaturikoaren mende egonen dira.
21. araua. Errekurtsoak.
Arau erregulatzaile hauen kontra, interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarri bezala.
Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Iragarkiaren kodea: F0707827
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
