II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.3. BESTELAKO XEDAPENAK
2.3.5. Beste batzuk
IRUÑA
Kultur entitateei diru-laguntzak emateko deialdi publikoa, horiek kultur jarduerak egiteko, 2007. urtean
Deialdi publiko honek publizitate, lehia, objektibotasun, berdintasun eta ez diskriminazio, gardentasun, eraginkortasun eta eragimen printzipioak ditu oinarri, eta haren xedea hiritarren elkarteei diru-laguntzak ematea da, 2007. urtean kultur jarduerak egin eta programatzeko, norgehiagokako araubidean eta Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoa betez. Ordenantza hori 2005eko azaroaren 3an egindako osoko bilkuran onetsi zuen Udalbatzak, eta hartutako erabaki hura behin betiko bihurtu da, jendaurreko epean ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoarekin bat.
Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zenbakian.
Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.
1._Aurrekontua.
Hiritarren entitateei diru-laguntzak emateko deialdi publiko honek, 2007. urtean kultur jarduerak egin ditzaten, 50.000 euro ditu izendaturik, gehienez ere, indarreko Aurrekontuko 50/45131/482090 kontu-sailaren kargura izan ere.
Diru-laguntza hauetarako izendatu den gehienezko zenbatekoa Deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.
2._Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua
Deialdi honek hiritarren elkarteei diru-laguntzak ematea du xede eta helburu, horiek 2007. urtean kultur jarduerak egin eta programatze aldera, betiere ondoko baldintzak betetzen badituzte:
2.1. Kulturalak edo artistikoak izatea, eta hiritarren parte hartzea susta dezatela.
2.2. Irekiak izatea, eta batez ere udalbarrutian egitekoak.
2.3. Iruñeko Udalak finantzatzen dituen bestelako programetan sarturik ez egotea.
2.4. 2007. urtean egitekoak.
3._Diru-laguntzak eskatzeko bete behar diren baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak
Deialdi honi elkarte kulturalek eta artistikoek orok eutsi ahal izanen diote, baldin eta ondoko baldintzak betetzen badituzte:
3.1. Legearekin bat eraturik egotea, eskaera aurkeztu behar den datan.
3.2. Elkartearen egoitza nahiz zergetarakoa Iruñean edukitzea.
3.3. Eguneratuak izatea zergei nahiz Gizarte Segurantzari buruzko betebeharrak.
3.4. Kasuan kasuko elkartea Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren bakar batek ere ez ukitzea.
Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, oinarri hauen 7. klausulan zehazten diren agiriak aurkeztu behar dituzte.
4._Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.
Kulturako Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.
Diru-laguntzak emateko prozedura Alkatetzak ebatzi behar du.
Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.
Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:
Batzordeburua:
_Kultura Alorreko zinegotzi delegatua
3 batzordekide:
_Kulturako Alorreko zuzendaria.
_Udaleko euskara koordinatzailea.
_Kultur jardueretako teknikaria.
Idazkaria:
_Kulturako Alorreko Zuzendaritza idazkaria.
Batzordeak, gehienez ere, 30 egun balioduneko epean baloratuko ditu aurkeztu eskabideak, horiek aurkezteko ezarritako azken egunetik aitzina, eta txosten-proposamen arrazoitu bat emanen du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta.
5._Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu.
Interesdunen eskaerak ereduarekin bat etorri eta eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira.
Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Merkatuko k., 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (Kulturako Alorra _Descalzos k., 72-2. solairua_; Ingurumen eta Osasuneko Alorra _San Saturnino k., 2-beheko solairua_, Hiritarren Babeseko Alorra _Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua_; Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra _Armada etorbidea, 2-5. solairua_; eta Lehendakaritzako, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorrak _Zapateria k., 40-beheko solairua_) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidearekin batera, Deialdi honen 7. oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aitzina, aurkeztu ez dituen agiriak aurkeztu edo egindako akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.
6._Ebatzi eta jakinarazteko epea.
Ebazpena eman eta jakinarazteko epea, gehienez ere, ez da sei hilabetetik gorakoa izanen. Epe hori eskabidea bideratzeko organo eskudunaren erregistroan aurkeztu eta hortik aitzina kontatuko da.
Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
7._Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideekin batera, ondoko agiriak aurkeztuko dira, betiere agiriok jatorrizkoak izan beharko dutela, edo, bestela, Udal Idazkaritzak, Alorreko Idazkaritzak edo notario batek konpultsatutako kopiak.
Eskatutako agiriak:
7.1. "Jarduera-orria" izeneko inprimakia, zeina deialdi honi erantsi baitzaio. Halako "orri" bat bete beharko da, diru-laguntzak jasotzeko aurkezten den jarduera bakoitzeko.
7.2. Elkarte eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzeko agiriak, jatorrizkoak edo kopia eskuetsiak, eta kasuan kasuko erregistroan izena emana duela ziurtatzekoak ere. Halaber, elkarteak egiaztatu beharko du Iruñean duela bere egoitza -zergak ordaintzekoa barne-, eta legeekin bat eraturik dagoela, eskabidea aurkezten duen datan.
7.3. Ordezkariaren ahalorde-agiriak, jatorrizkoak edo kopia eskuetsiak, non egiaztatuko baita diru-laguntza eskatzeko ahalmena duela, edo, bestela, jatorrizko agiriaren kopia kautotua, eta ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren kopia kautotua ere.
7.4. Hala badagokio, administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.
Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du deialdi honetako diru-laguntzak eskatzen dituzten elkarteek eguneratuak dituztela haien tributu-betebeharrak, Udal honekiko.
7.5. Entitatearen jardueren eta ekonomiaren gaineko memoria, aurreko urteari dagokiona, eta horri erantsita, datuak egiaztatzeko agiriak.
7.6. Agiri edo aitorpen bat, non adieraziko baita merkataritzako zer harreman motak lotuko dituen elkartea eta monitoreak, programatutako jarduerak halakoak beharrezko badituzte.
7.7. Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.
7.8. Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak deialdi honetan galdatutako baldintzak betetzen dituela eta hura Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez duela ukitzen egiaztatzeko.
Elkarteek ez dituzte 7.2. eta 7.3. ataletan aipatu agiriak aurkeztu beharko, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu badituzte. Kasu horretan elkartearen ordezkariak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du, non egiaztatuko baitu ez dela inolako aldaketarik izan elkartearen estatutuetan, ezta horren ordezkaritzan ere; aurrekoa gorabehera, elkarteak, legezko ordezkarien bidez, bere helburuei eta zuzendaritza-taldeari dagozkien aldaketak oro jakinarazi eta egiaztatu beharko ditu, horiek eskaera aurkeztu ondoren gertatzen badira.
Galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkezten ahalko da, eta bertan adieraziko, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota. Edozein kasutan, ezin izanen dira bost urte baino gehiago igaro, dagokien prozedura amaitu denetik.
Halaber, eta horretarako arrazoirik izanez gero, hainbat agiriren ordez eskatzaileak bere erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu ahalko du. Halako kasuetan, eta diru-laguntzak emateko ebazpen proposamena egin baino lehen, aitorpenean jasotako datuen egiazkotasuna ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira Kulturako Alorrean. Kulturako Alorrak agiri horiek 10 eguneko epean aurkezteko galdatuko du.
8._Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.
Aurkezten diren jarduerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan, eta horiei ondoren azaltzen diren puntu-kopuruak emanen zaizkie, betiere, guztira, 100 punturen gainean:
8.1. Laguntzaren xedea den jardueraren interesa, kalitatea, originaltasuna eta dimentsioa _parte-hartzaileen kopurua, behar diren azpiegiturak, etab..._ (40 puntu). Atal honetan gutxienez 20 puntu lortu ezean, ez da eskatutako diru-laguntza emanen.
8.2. Aurreko urtean egindako programazio kulturalaren ebaluazioa (20 puntu).
8.3. Elkartearen bazkide kopurua (15 puntu).
8.4. Proposatzen den jardueraren eragina, hiriko bizitza kultural eta artistikoan (15 puntu).
8.5. Entitateak jardunean daraman denbora, antzinatasuna, eta haren jardutearen jarraitutasuna (10 puntu).
Baldin eta eskaerek diru-laguntzen kopurua gainditzen badute, ezetza ematen ahalko zaie balorazioan puntu gutxien jaso dituztenei.
9._Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.
Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.
Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara, eta ondoko datuak adieraziko ditu: deialdia, diru-laguntza zein aurrekontu-programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea.
10._Diru-laguntzen xede izan daitezkeen gastuak.
Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Diru-laguntzaren xede diren gastuetan, eskuratze-kostua inoiz ezin izanen da izan merkatuko balioa baino handiagoa.
Ondokoak hartuko dira egindako gastutzat: trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta egindako gastuen gainean balio frogagarria duten agiriak. Halaber, ez da egiaztatu behar ordainketa justifikazio-aldia amaitu baino lehen egin dela.
11._Azpikontratazioa.
Diru-laguntzen xede diren jarduerak azpikontratatzen ahal dira, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 30. artikuluarekin bat.
12._Diru-laguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Iruñeko Udala ez beste edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik xede bererako diru-laguntzak eskuratzearekin.
Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.
13._Ordainketa.
Ordainketa aldi bakar batean egiten ahalko da, jarduerak oro bukatu eta gero, edo zatika, aldi bateko justifikazioen bidez, urtean zehar garatzen diren jardueren kasuan.
Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduntzat jotzen baditu diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek.
Halako kasu batean, Udalak bere kabuz kitatu ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, edo horien parte bat, diru-laguntza horiek zor dituzten kopuruekin konpentsatuta.
14._Justifikazioa.
Ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, frogatzeko kontu-emate erraztua aurkeztu beharko da, 887/2006 EDren 75. artikuluan ezarritakoarekin bat (38/2003 Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren erregelamendua).
Frogatzeko kontu-emate erraztua ondoko agiriek osatuko dute:
a) Diru-laguntzaren xede diren jarduerak egin izana egiaztatzen duen jarduketa-memoria.
b) Jarduerak eragindako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, non ondokoak identifikatuko baitira: hartzekoduna, agiria, zenbatekoa, jaulkitze data eta, jada ordaindua izanez gero, ordainketa data.
c) Jarduera finantzatu duten beste diru-sarrerak edo diru-laguntzak xehe-mehe adierazita, horien zenbatekoa eta jatorria barne.
d) Halakorik balitz, kasuan kasuko itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta horiei dagozkien berandutze-interesak ere.
Laginketa teknikak erabilita, egoki jotako gastuen ziurtagiriak eskatuko dira, eta haien bidez diru-laguntzaren aplikazioa egokia izan den ala ez egiaztatuko da.
Diru-laguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, diru-laguntzaren xedea den jarduera noiz egin eta hortik aitzina, eta, edonola ere, 2007ko abenduaren 31ra bitartekoa.
15._Aldaketak proiektuan.
Aurreikusi gabeko inguruabarrak direla medio, aldaketak egin ahalko dira proiektuan. Kasu horretan, organo eskudunak onetsi beharko ditu, behin Kulturako Alorrak baloratu eta gero.
16._Jarduera funts publikoen bidez finantzatu dela iragarri beharra
Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren programak, jarduerak, inbertsioak eta ekintzak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.
17._Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza Udaleko zein organok gauzatu eta horri zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.
Iruñean, 2007ko maiatzaren 23an._Alkatea, Yolanda Barcina.
JARDUERA ORRIA
(Orri bana bete, diru-laguntza jasotzeko aurkezten den programa bakoitzeko)
_Entitate antolatzailea
Izena:
Egoitza:
PK: ..................................... Herria:
Telefonoa: ..................... Faxa: ................. E-posta:
IFZ:
_Arduraduna
Izena: ........................ Deiturak:
NAN:
Helbidea: ................................................ PK:
Herria:
Telefonoa: ..................... Faxa: ................. E-posta:
Jardueraren izenburua:
Jarduera egiteko data:
Lekua:
Jarduera nori zuzentzen zaio:
Jardueraren xedea:
Jardueraren programa zehatza (edukia, azpiegiturak eta abar):
Diru-aurrekontua (laburpen-orri bat erantsi, eta hor gastuak eta sarrerak zehaztu, kontzeptu ezberdinen arabera sailkaturik).
_Gastuak, guztira: euro
_Diru-sarrerak, guztira (1): euro
_Aurreikusitako defizita: euro
(1) Deialdi honetan eskaturiko diru-laguntza kontuan hartu gabe.
Sinadura Data
Datuen babesa._Datu Pertsonalak Babesteko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen zaizu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Deialdi hau kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta horien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz (Merkatuko kalea, 7-9. 31001 Iruña).
Iragarkiaren kodea: L0708696