Iragarkia
69. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 4a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
ARBIZU
Udalaren Askalats Arbizu, S.L. sozietate publikoa eratzeko espediente administratiboa. Behin betiko onespena
Arbizuko Udalak, 2006ko uztailaren 4ko osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batez onestea udal sozietate bat eratzeko memoria eta estatutuak.
2006ko 90. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 28koan, iragarkia jarrita, espedientea jendaurrean egon zen 30 egun naturalean, eta epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu.
Udalak, 2006ko irailaren 5eko osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen aipatu sozietate publikoa eratzeko espediente administratiboa, memoria eta Estatutuak biltzen dituena.
Aipatu erabakia eta onetsitako Estatutuak 2006ko 126. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urriaren 20koan, eman ziren argitara.
Merkataritza Erregistroak Estatutuetako zenbait artikulu moldatzeko eskatu duenez,
Udalak, erregelamenduaren araberako quoruma izanik, ondokoa erabaki du:
1._Estatutuetako aldaketa onestea, Merkataritzako Erregistroak hala eskatuta.
2._Erabaki hau eta aldaturiko Estatutuak osorik argitaratzea Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, behar diren ondorioak izan ditzaten.
3._Alkatetzari ahalmena ematea, erabaki hau aplikatu eta garatzeko behar diren agiri guztiak sinatzeko.
4._Sociedad Askalats Arbizu, S.L.ko Administrazio-Kontseiluko kideak izendatzea, Estatutuetako 17. artikuluan xedatutakoa aplikatuz; haiek, bertan egonik, izendapena onartu dute, hona hemen:
_Jesús María Mendinueta Urdanoz jauna, alkate udalburua, lehendakariaren kargua hartuko baitu.
_Francisco Javier Balda Araña jauna, Arbizuko Udaleko zinegotzia.
_Mikel Josu Gartziandia Razkin jauna, Arbizuko Udaleko zinegotzia.
_Josu Etxanove Arrieta jauna, Arbizuko Udaleko zinegotzia.
_Aintzane Leiza Flores andrea, Arbizuko Udaleko zinegotzia.
I. ERANSKINA
Sociedad Askalats Arbizu, S.L. izeneko merkataritza sozietatearen Estatutuak
I. KAPITULUA
1. artikulua. Sociedad Askalats Arbizu, S.L. izeneko merkataritza sozietatea eratu da, toki erakunde baten eremuko eta erantzukizun mugatuko sozietate gisa. Erantzukizun mugatuko sozietateei buruzko Legearen, toki erakundearen gaineko legeen eta estatutu hauen bidez gobernatuko da.
2. artikulua. Sociedad Askalats Arbizu, S.L. erantzukizun mugatuko sozietatea da. Udal enpresa den aldetik, nortasun juridikoa izanen du bere xedeak betetzeko eta konplitzeko, lege-xedapenetan eta estatutu hauetan ezarritako mugak gainditu gabe.
3. artikulua. Sozietatearen helburua da Udalaren ekintza eraginkorragoa lortzea. Horretarako, sozietateak ondoko xedeak izanen ditu Arbizuko udal mugapearen barnean nahiz kanpo:
1. Honako hauek sustatu eta bultzatzea: Arbizuko garapen ekonomiko, turistiko eta soziala eta, orokorrean, zerbitzuak hobeki egiteko proiektu eta ekimenak, udalerrian aberastasuna sortzeko eta bizi kalitatea hobetzeko.
Helburu hori eginkizun hauetan arituz garatuko da:
a) Ekimen publiko eta/edo pribatua bulkatzea, udal mugapean enpresak sortzeaz den bezainbatean, udalerriaren dibertsifikazioa eta garapen ekonomikoa lortu beharrez.
b) Enpresa txiki eta ertainari sostengu ematea, baita kooperatibei ere, eta orientazioa ematea haien ahalbideen gainean sektore ekonomiko, produktu eta merkatu egokietan, eta eskualdearen garapen sozioekonomiko orekatuari on egiten dioten kudeaketa guztien gainean.
c) Administrazioak enpresak sortzeko eta inbertsioa suspertzeko aldiro eskaintzen dituen onura eta laguntzen berri ematea eta zabaltzea.
d) Agiri-fondo bat sortzea, honako hauen inbentarioa barne: natur baliabideak, merkaturatze bideak, industriarako lurzorua _egungoa nahiz eskura dagoena_, eskulanaren ezaugarriak eta inbertitzaileendako interesa izan dezakeen beste edozein datu.
e) Arbizuko garapen osorako interesa duten azterlan eta plan mota guztiak egitea.
f) Orokorrean herritarrei aholkularitza ematea komunitatearen intereseko gaietan.
2. Arbizun dagoen ondare higiezinaren kudeaketa eta dinamizazioa bulkatzea.
Helburu hori eginkizun hauetan arituz garatuko da:
a) Obra eta zerbitzuak kudeatu eta ustiatzea, kasu bakoitzean aplikatzeko diren arauen arabera kontzesioa lortuz gero.
b) Egungo nahiz geroko lokalak eta orubeak kudeatu eta ustiatzea, bereak izanik Udalak sozietate honi atxikitzen badizkio.
4. artikulua. Sozietateak zeharka egin ditzake aitzineko artikuluko zerrendan agertzen diren jarduerak, xede bereko edo berdineko edozein motatako elkartean parte hartuz, nortasun juridikoa izan ala ez.
5. artikulua. Sozietatearen iraupena mugagabea da eta eratzeko eskritura egiten den egunean emanen die hasiera bere jarduerei.
6. artikulua. Sozietatearen helbidea Arbizun egonen da, Udaletxean, Arbizuko Kale Nagusian baitago.
Administrazio organoari dagokio udal mugape beraren barnean helbidea lekuz aldatzeko eskumena.
II. KAPITULUA
7. artikulua. Kapital soziala 3.300 euro da. Diru hori 110 partaidetza sozialetan banatua izanen da, bakoitzaren balio nominala 30 euro izanen dela. Partaidetza horiek, berriz, banaezinak eta metagarriak izanen dira, hurrenez hurren zenbakituak 1etik 110era, biak barne, eta Arbizuko Udalak erabat harpidetuak eta ordainduak, hura baita partaidetza guztien titular esklusiboa, Toki Korporazioen Zerbitzuen gaineko Erregelamenduaren 89. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hura ezin da eskualdatu ezta enpresa honen xedea ez den beste deusetarako erabili, baina bai handitu eta murriztu legezko xedapenekin bat.
Kapital soziala handitu edo murriztu ahal izanen da Batzar Orokorrak hala erabakitzen badu. Aurretik Administrazio Kontseiluak idatzizko txostena eginen du horrelako aldaketa justifikatzeko.
III. KAPITULUA
8. artikulua. Sozietatea zuzendu eta administratzeko organoak honakoak izanen dira:
_Batzar Orokorra.
_Administrazio Kontseilua.
9. artikulua. Batzar Orokorra sozietatearen organo gorena da. Toki Korporazioen gaineko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatu bezala, Arbizuko Udalbatzak eratuko du, berariaz hala eratzeko deia egiten denean. Udalburuak eginen du hartan buru, edo bestela Batzarrak aldiro hautatzen duen pertsona.
10. artikulua. Toki Korporazioen gaineko Erregelamenduaren 92. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Orokor gisa eratutako Udalbatzaren funtzionamendua, prozedurari eta erabakiei dagokienez, toki araubideari buruzko legeei lotuko zaie, eta sozietateari dagozkion gainerako gaietan erantzukizun mugatuko sozietateen araubideari buruzko arauak aplikatuko dira.
11. artikulua. Udalbatzak, sozietatearen Batzar Orokor gisa diharduenean, honako eginkizunak izanen ditu:
_Administrazio Kontseilua izendatu, berritu edo berrestea, estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.
_Kontseilukideen ordainsariak finkatzea.
_Estatutuak aldatzea.
_Kapitala handitu edo murriztea.
_Obligazioak jaulkitzea.
_Inbentarioa, balantzeak, emaitzen kontua, memoria eta kudeaketari buruzko urteko txostena onestea.
_Auditoreak izendatzea.
_Erantzukizun mugatuko sozietateei buruzko Legeak Batzar Orokorrari ezartzen dizkion gainerako eginkizunak.
12. artikulua. Batzar Orokorra derrigorrez urtean behin bilduko da bilkura arruntean, lehen seihilekoan, sozietatearen kudeaketa zentsuratzeko edo onesteko, hala behar denean aurreko ekitaldiko kontuak eta balantzea onesteko, mozkinen xedea erabakitzeko, halakorik bada, eta bere eskumeneko aferei buruzko erabakiak hartzeko, bilkurako gai zerrendan sartu badira.
13. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako bilkura arruntaz gain, Batzar Orokorrak bilkura berezia eginen du behar den guztietan, aldez aurretik lehendakariak deituta, Administrazio Kontseiluak edo gutxienez Udalbatzako legezko kideen laurdenak hala eskatuz gero.
14. artikulua. Udalbatzako kide guztiak bildu eta aho batez batzarra egitea erabakitzen badute, Batzar Orokorra deituta eta edozein gairi heltzeko modu baliozkoan eratuta geldituko da.
15. artikulua. Batzar Orokorreko idazkariak haren bilera bakoitzeko akta eginen du. Batzar Orokorraren aktak Udalbatzarenak bezala onetsiko dira, eta ondorio berak izanen dituzte. Sozietateko Batzar Orokorraren Akten Liburu Berezian inskribatuko dira, lehendakariak eta idazkariak sinatuta, eta idazkariak zainduko ditu.
16. artikulua. Batzar Orokorreko kide ez diren Administrazio Kontseiluko kideek haren bilkuretan parte hartu ahal izanen dute, hizpidearekin baina botorik gabe, bai eta kudeatzaileak ere, halakorik bada.
17. artikulua. Administrazio Kontseiluak zuzenduko du sozietatea. Batzar Orokorrak izendatutako 5 lagunek osatuko dute.
Batzar Orokorrak lau urterako izendatuko ditu kontseilukideak, baina Udalbatzako kide diren aldetik izendatuak izan direnek izaera hori galduz gero kontseilukide izateari utziko diote besterik gabe.
18. artikulua. Udalbatzako kideek Administrazio Kontseiluan parte hartzen ahalko dute. Kontseilukideek ordezkaritza karguetan aritzeko ezgaitasun eta bateraezintasunak izan ditzakete, indarra duen legerian ezarritakoak.
Administrazio Kontseiluko lehendakaria honako hau izanen da: Arbizuko alkatea, kontseilukidea bada, edo zinegotzi bat, Batzar Orokorrak izendatutako kontseilukidea bada. Lehendakariordea lehendakariaren lekuan ariko da hura kanpoan, eri edo karguan aritzeko ezindurik dagoenean, eta haren ahalmen guztiak izanen ditu.
Kontseiluak berak izendatuko du bere idazkaria. Kontseiluko kidea nahiz kontseilutik kanpokoa izan daiteke, eta hala denean hizpidea bai baina botorik ez du izanen Kontseiluaren bileretan.
Edozein kontseilukidek proposatuz gero, alkate udalburuak izendatutako teknikari espezializatuek Administrazio Kontseiluaren bileretan parte hartu ahal izanen dute, hizpidearekin baina botorik gabe.
19. artikulua. Kontseiluak bilkura arrunta eginen du sei hilean behin gutxienez, eta bilkura berezia eginen du lehendakariak deia egiten duenean edo gutxienez bi kontseilukidek hala eskatzen dutenean. Bilkurak sozietatearen egoitzan edo Kontseiluak hautatzen duen tokian eginen dira.
Lehendakariari edo haren ordezkoari dagokio deialdiak egitea, eguneko gai zerrenda eta guzti. Deialdia kontseilukideei banan-banan jakinarazi behar zaie bilkurarako ezarritako ordua baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez.
Kontseilua modu baliozkoan eratuko da kontseilukideen erdiak gehi bat edo haien ordezkariak bilduz gero. Kontseilukide bakoitzak beste bati eman ahalko dio bere ordezkaritza, baina bilkurako inork ezin izanen ditu bi kontseilukide baino gehiago ordezkatu.
Erabakiak bilkurara agertutako edo bertan ordezkatutako kontseilukideen erabateko gehiengoaz hartuko dira, eta berdinketarik gertatuz gero, lehendakariaren edo haren ordezkoaren botoak ebatziko du.
Administrazio Kontseiluaren erabakiak aktetan jasoko dira eta aktak liburu egokian transkribatuko dira. Lehendakariak edo haren ordezkariak eta Kontseiluko idazkariak sinatuko dituzte aktak.
20. artikulua. Kontseiluak edo sozietatearen negozioak kudeatuko ditu, igorpen eta trafiko eragiketak eginen ditu eta sozietatea ordezkatuko du hala epaiketan nola epaiketatik kanpo. Bereziki, jarduera horiei dagokienez, legeak eta estatutuek Batzar Orokorrarentzat gordetzen ez dituzten ahalmenak Kontseiluari eman zaizkio. Gainera, ondotik aipatzen diren ahalmenak izanen ditu, besteak beste:
Ondasun higigarriak eta higiezinak, landalurrekoak nahiz hirilurrekoak, eskubide inkorporagarriak, kontzesioak, lizentziak, patenteak, hornidurak eta errentamenduak administratu, eskuratu, baliatu eta, oro har, besterendu eta kargatzeko egintza guztiak, eta horiei dagokienez, mota horretako guztiak eratu, geroratu, aldatu, subrogatu eta iraungi ahal izanen ditu; era berean hipotekak eta oro har eskubide errealak eratu, aldatu eta iraungi ahal izanen ditu.
Elkarketak, eransketak, zatiketak, bereizketak, hondarren eta obra berrien deklarazioak egitea, horiek jabetza horizontalaren araubidean eratuz, kuotak edo elementu komun eta gastuen parteak esleituz, sortzen diren elkarteak arautzea egokitzat jotzen dituen arau edo estatutuen bidez, deskripzioen zabalkuntzak, azaleren zuzenketak eta beste kontzeptu batzuenak egitea, zortasunak eta gainerako eskubide errealak eratu eta iraungitzea.
Sozietateko langileak izendatzea eta bereiztea, haien soldatak eta ordainsariak finkatzea, behar diren zuzenketak egitea eta langileak kaleratzea; arrisku mota guztietarako aseguratzea, istripuak barne; hauteskunde sindikaletan edo lan hauteskundeetan parte hartzea eta ematen zaizkion karguak onartzea.
Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio letrak eta igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta protesta kontuak formalizatu eta aurkeztea.
Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.
Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordain gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoraziozkoak barne; zorren ordainketa gisa edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; lurreko, itsasoko eta aireko garraioak kontratatzea; salgaiak, gutunak, ziurtagiriak, igorpenak, telegramak eta gutuneria orokorra jasotzea aduana, aireportu, tren geltoki, biltegi edo gordailuetatik, baita administrazioetatik eta telegrafo zerbitzuetatik ere.
Zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren epe eta baldintzekin, eta nolanahiko bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.
Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.
Sozietatea ordezkatzea epaiketan eta epaiketatik kanpo, agintari, entitate eta norbanakoen aurrean, Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzia eta udalerrietako erakunde eta bulegoen aurrean, maila, mota eta jurisdikzio guztietako magistratura, epaitegi eta auzitegien, Etxebizitza ordezkaritzen edo haien eskumenak bere gain dituen erakundearen, Ogasun, Industria eta Lan ordezkaritzen, Trafiko, Herri Lan eta Hirigintza burutzen eta Estatuko Administrazioko beste edozeinen aurrean, espedienteetan, ekintzen eta salbuespenen eabilpenean, sustatzaile, jardule, laguntzaile edo demandatu gisa, edozein dela ere espedientea, epaiketa edo jurisdikzioa, eta haietan probak proposatzea, lekukoak errefusatzea, funtzionarioak ezestea, errekurtsoak paratzea, prozeduretan etsi eta amore ematea, fidantzak eta gordailuak eratu eta garaiz kentzea, posizioei erantzutea eta epaiketan aitortzea.
Sozietatearen xedeak betetzea eta horretarako aurretik egin behar diren urrats guztiak egitea.
Enkanteetan, lehiaketetan eta zuzeneko lehiaketetan parte hartzea, zerbitzuak, obrak eta produktu, material edo manufaktura-gaien hornidurak kontratatzeko; plegu, aitorpen edo agiriak aurkeztea; behin-behineko eta behin betiko adjudikazioak onartzea.
Ahal orokor edo bereziak ematea, bere eginkizun guztiak edo batzuk besteren esku uzteko; auzitegietako prokuradoreak eta legelariak izendatzea, epaiketan ordezkari aritzeko behar diren ahalmenak emanez; emandako ahalak ezeztatzea eta ordezpenak baimentzea; mota guztietako notario-aktak eskatzea; jakinarazpen eta errekerimenduak egin, jaso eta erantzutea; agiri publiko eta pribatuak formalizatzea, eta, orokorrean, bere jarduera berezia garatzeko behar den guztia egitea.
Sozietateko kudeatzailea izendatzea.
Ekitaldi ekonomiko bakoitzaren amaieran, memoria aurkeztea Udalbatzari sozietateak aurreko ekitaldian egindako kudeaketaz.
21. artikulua. Kontseiluko lehendakariari ondoko eskurantza hauek dagozkio.
Kontseiluaren bileretarako deiak egitea, horietan buru egitea eta kontseiluaren erabakiak betearaztea.
Sozietatearen jarduera, negozio, zerbitzu eta bulegoen goi-zuzendaritza eta ikuskapen orokorra.
Ordainketa-aginduen emailearen eginkizunak.
Larrialdietan sozietatearen interesak zaintzeko egokitzat jotzen dituen erabakiak hartzea eta kontseiluari horien berri ematea hurrengo bileran.
Estatutuek eta toki araubideari buruzko legeriak ematen dizkioten gainerako eginkizunak.
22. artikulua. Administrazio Kontseiluak kudeatzaile bat izendatzen ahalko du, zuzendaritza, kudeaketa eta betearazpen arloetako ahalmenak izanen dituena. Gaitasuna berezia duen pertsona izendatuko da eta sozietateak gehienez ere hamar urteko kontratua eginen dio.
Kudeatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:
_Kontseiluaren erabakiak betetzea eta betearaztea.
_Sozietatearen jarduna zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea.
_Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik gabe.
_Kontseiluak ematen dizkion gainerakoak.
23. artikulua. Sozietateak bere eginkizunetarako behar dituen teknikari, administrari eta menpeko langile guztiak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, kudeatzailearen proposamenari jarraituz, halakorik bada; langile guztiak enpresaren plantillan sartuko dira eta enpresarekin lan harremana izanen dute.
IV. KAPITULUA
24. artikulua. Sozietatearen ondareak haren jabetzako ondasun eta eskubide guztiak biltzen ditu, erosketetan, zuzeneko sustapenetan eta sozietatearen funtsekin egindako eragiketetan eskuratuak, edo Arbizuko Udalaren, Estatuaren, autonomi erkidego, probintzia eta udalerrien, korporazio eta norbanakoen lagapen, dohaintza eta dirulaguntzen bidez lortuak.
25. artikulua. Sozietatearen ogasunak ondoko baliabideak biltzen ditu:
Sozietatearen ondasun, kredituak eta eskubideen errenta, emaitza edo korrituak.
Arbizuko Udalak ematen dizkion dirulaguntzak.
Estatuak, autonomi erkidegoek, probintzia eta udalerriek, korporazioek eta norbanakoek ematen ahal dizkioten dirulaguntza, sorospen eta emariak.
Bere ondasunak besterenduz eskuratzen dituen baliabideak.
Kontratatzen dituen mailegu edo kreditu eragiketetatik datozenak.
Entitate edo norbanakoek ematen dizkioten aurrerakinak eta sozietateak lortzen ahal dituen legezko dirusarrera guztiak.
V. KAPITULUA
26. artikulua. Sozietatearen ekitaldiek urte naturalarekin bat eginen dute.
Ekitaldi ekonomikoa amaitu ondoko hiru hilabetean sozietateak aurreko ekitaldiko kudeaketaren kontuak emateko balantzea eginen du, eta legezko epearen barnean Udalbatzari aurkeztuko dio, Batzar Orokor gisa onets dezan. Balantzearekin batera, egindako jardueraren eta lortutako emaitzen gaineko memoria aurkeztuko dio. Udalbatzak zentsura eginkizunak beteko ditu, zer zuzendu behar den adieraziz, eta, behar denean, erantzukizuna eskatuz.
27. artikulua. Toki araubideari buruzko legerian eta Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko Legean aurreikusitako kasuetan sozietatea desegin eginen da, Batzar Orokorraren erabakiaren bidez.
Sozietatea likidatu behar izanez gero, Batzar Orokorrak likidazio batzordea izendatuko du. Batzordeko kideen kopurua bakoitia izanen da. Likidazio batzordea izendatzeak Administrazio Kontseiluaren ahalmenen amaiera ekarriko du.
Likidazio aldia bukatu arte Batzar Orokorrak urteko bilkura arruntak eta deitu behar diren bilkura bereziak egiten jarraituko du, indarra duten xedapenen arabera.
Arbizun, 2007ko martxoaren 29an._Alkatea, Jesús María Mendinueta Urdánoz.
Iragarkiaren kodea: L0707457
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
