4. ALDIZKARIA - 2009ko urtarrilaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

121/2008 FORU DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparrura egokitzeko apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuaren bitartez, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparrura egokitu zen.

Aipatu foru dekretua indarrean jarri zenetik igaro diren hamar urteetako esperientziak, eta laneko arriskuei aurrea hartzeko arau esparruaren erreformarako abenduaren 12ko 54/2003 Legeak eman arau berriek, hori aplikatzea eragozten duten antolaketa arloko arazo batzuk nahiz eduki arloko gabezia batzuk daudela egiaztatzeko aukera eman dute. Horren ondorioz, arazo eta gabezia horiek gainditzeko neurri batzuk hartu behar dira.

Ildo horretan, beharrezkoa da aipatu foru dekretuaren testuan aldaketa batzuk egitea, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prebentzio arloko jardueren koordinazioa hobetzeko helburuz, Administrazioaren jarreren koherentzia ziurtatuko delakoan eta Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen gainerako arloetako Segurtasun eta Osasun Batzordearen antolaketa eta funtzionamenduan antzeman disfuntzioak zuzenduko direlakoan. Hartara, Administrazioaren egitura organiko eta funtzionalera egokituko den sistema operatiboago eta eraginkorragoa ezarriko da. Era berean, beharrezkoa da testuan aukera honen aipamena txertatzea: prebentzio jardueraz arduratuko diren langile bat edo batzuk izendatzea Departamentu edo erakunde autonomo eta unitate organiko batzuetan, horien inguruabar edo berezitasunak kontuan hartuta hala behar badute.

Aurreko aldaketen helburua, era berean, Administrazioaren eta sindikatuen artean bere garaian Segurtasun eta Osasun Batzordeen funtzionamendua eta osaera berrikusteko sinatu Akordioan xedatuta dagoena betetzea da, arreta berezia jarrita lantokietan prebentzio ordezkariak izendatzearen auzian; halaber, apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretua laneko arriskuei aurrea hartzeko arau esparruaren erreformarako abenduaren 12ko 54/2003 Lege berrira egokitzea da aldaketen beste helburu bat, enpresek arlo horretan dizuten betebehar eta erantzukizunak indartzen baititu Lege horrek. Hori guztia kontuan hartuta, enpresen antolaketa arloko paradigma berria dugu aurrean, funtsean prebentzioa benetan integratu behar delako enpresaren kudeaketako sistema orokorrean, etengabe eguneratuko den prebentzio plan bat ezarriz.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta zortziko abenduaren hamabosteko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparrura egokitzeko apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretua aldatzea.

Laneko arriskuei aurrea hartzeko araudia Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparrura egokitzeko apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuan 4., 6., 8.1., 9., 10.3., 11., 13., 14. eta 15. artikuluak aldatu dira, eta 10. artikuluari 5. idatz-zatia gehitu zaio, baita beste Xedapen Gehigarri bat ere:

Bat.-4. artikulua honela geratzen da idatzirik:

"4. artikulua. Prebentzio plana, arriskuen ebaluazioa eta prebentzio jardueraren plangintza Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen III. kapituluan eta Aurrea Hartzeko Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren I. eta II. kapituluetan ezarri printzipio orokorretan oinarritu behar dira.

Bi.-6. artikulua honela geratzen da idatzirik:

"6. artikulua. 1. Goiko organo gisa eta Laneko arriskuei aurrea hartzeko gaietan Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek egiten dituzten jarduerak koordinatzeko organo gisa Laneko Segurtasun eta Osasunaren Koordinaziorako Batzordea eratu da. Batzorde horrek honako zeregin hauek hartuko ditu bere gain, besteak beste:

a) Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prebentzio politika orokorra prestatzea.

b) Laneko arriskuen prebentzioaren printzipioak eta helburuak ezartzea dagoen prebentzio politika orokorrarekin bat eginda.

c) Ezarri helburuak lortzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak erabil daitezela proposatzea.

d) Jarraibideak ezartzea eta beharrezkoak diren erabakiak hartzea prebentzio planak ezarri eta garatzeko eta prebentzio jardueraren plangintza bete eta burutzeko.

e) Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazio osoan eta haren erakunde autonomo guztietan prebentzioaren integrazioaren bilakaera jarraitzea.

f) Aldian behin Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prebentzio planaren eraginkortasun eta egokitasuna berrikustea eta etengabe hobetzeko beharrezkoak diren neurriak sustatzea.

2. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Koordinaziorako Batzordeko kideak ondoko hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Hark bere eginkizunak Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren esku uzten ahalko ditu.

b) Batzordekideak: Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarte Prestazioen Zerbitzuko zuzendaria, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileriaren eta Lan Harremanen zuzendariordea.

3. Idazkaria Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko Administrazio Publikoko arloko juridikoko teknikari bat izanen da. Hark hizpidea izanen du, baina botorik ez.

4. Batzordearen bileretara prebentzio zerbitzuetako arduradunak ere joanen dira. Haiek beharrezkoak diren aholkularitza eta laguntza teknikoa emanen dizkiete Batzordeko kideei.

5. Batzordeko buruak bileretara gonbidatzen ahalko ditu egokitzat jotzen dituen pertsonak, haien jakintzaren edo aztertu beharreko gaien arabera.

6. Batzordeak ohiko bilera eginen du gutxienez sei hilabetetik behin, eta aparteko bilera batzordeburuak deialdia egiten duen bakoitzean.

7. Batzordeak barne funtzionamendurako erregelamendua onesten ahalko du.

8. Departamentu eta erakunde autonomo bakoitzean arriskuei aurrea hartzeko eskumena duten organoek Laneko Segurtasun eta Osasunaren Koordinaziorako Batzordeko buruari aldian behin azalduko diote enplegatu publikoen laneko arriskuei aurrea hartzeari eta lan-baldintzetan osasuna zaintzeari buruz egoera nolakoa den, eta bereziki, hauei buruz: egiten diren prebentzio plan eta programak, baliabideak antolatzeko sistema eta txertatzen diren neurri zuzentzaileak, baita langileekin eta jarduerak Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen instalazioetan egiten dituzten kanpoko enpresekin egin beharreko prebentzio jarduerak koordinatzeko mekanismoak ere.

9. Batzordeak egokitzat jotzen dituen lantaldeak (iraunkorrak edo aldi baterakoak) sortzen ahalko ditu, laneko segurtasun eta osasunarekin zerikusia duten gai espezifikoak edo zenbait alderdi koordinatu eta aztertzeko".

Hiru.-8. artikuluko 1. idatz-zatia honela geratzen da idatzirik:

"8. artikulua. 1. Prebentzio ordezkariak, laneko arriskuei aurrea hartzeko gaietan zeregin berariazkoak dituzten enplegatuen ordezkariak diren aldetik, hauteskunde unitate bakoitzean izendatuko dituzte ordezkaritza organoetan (langileen batzordeak, enpresa batzordeak eta langileen ordezkariak) dauden sindikatuek, organo horietako bakoitzean lortu duten ordezkaritzaren arabera. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zerbitzuak ematen dituen edozein enplegatu publiko izendatzen ahalko da, dagokion Segurtasun eta Osasun Batzordearen jarduera eremuaren barruan".

Lau.-9. artikulua honela geratzen da idatzirik:

"9. artikulua. 1. Segurtasun eta Osasun Batzordeak parte hartzeko organo paritario eta kolegiatuak dira. Haien egitekoa, laneko arriskuei aurrea hartzeko gaietan Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek egiten dituzten jarduerak aldian behin aztertzea da.

2. Segurtasun eta Osasun Batzordeak hiru hilean behin bilduko dira, baita haien ordezkaritzaren bateko gehiengoak eskatzen duen bakoitzean. Batzordeek beren funtzionamendu arauak prestatuko dituzte.

3. Ondoko Segurtasun eta Osasun Batzordeak eratuko dira:

a) Administrazio Orokorreko Segurtasun eta Osasun Batzordea.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoko Segurtasun eta Osasun Batzordea.

c) Hezkuntza Departamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordea.

d) Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordea.

e) Nafarroako Foruzaingo Kidegoko Segurtasun eta Osasun Batzordea.

f) Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoko Segurtasun eta Osasun Batzordea.

g) Nafarroako Justizia Administrazioko Segurtasun eta Osasun Batzordea.

4. Segurtasun eta Osasun Batzordeak eratuko dituzte dagokion esparruko prebentzio ordezkariek, funtzionarioak zein lan kontratupeko langileak direla ere, baita Administrazioko beste hainbat ordezkarik. Sindikatuen ordezkariek eta dagokion esparruko prebentzio zerbitzuko arduradunek ere parte hartzen ahalko dute, hizpidearekin baina botorik gabe.

Batzordeen jarduketa esparrua eta hauteskunde unitateena berbera ez bada, dagokion hauteskunde unitatean izendatutako prebentzio ordezkariak banatzea eta Batzorde bati edo beste bati esleitzea ordezkaritza organo batzuetan eta besteetan egindako azken hauteskunde sindikaletako erroldaren arabera dauden sindikatuen ardura izanen da.

5. Administrazio Orokorreko Segurtasun eta Osasun Batzordea artikulu honetako hurrengo idatz-zatietan agertzen diren Batzordeetan ez dauden prebentzio ordezkariek eta Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako beste hainbat ordezkarik (Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatuak) osatuko dute.

6. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoko Segurtasun eta Osasun Batzordea erakunde autonomo horren esparruan izendatutako prebentzio ordezkariek eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak izendatutako beste hainbat kidek osatuko dute.

7. Hezkuntza Departamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordea esparru horretan izendatutako prebentzio ordezkariek (Departamentu horri atxikitako erakunde autonomoetakoak barne) eta Hezkuntza Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako beste hainbat ordezkarik (Hezkuntza kontseilariak izendatuak) osatuko dute.

Batzorde horretan integratuko dira Departamentuari atxikiriko irakasleen zein irakasleez besteko langileen ordezkaritza sindikalari dagozkion ordezkariak, egokia den kopuruan.

8. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordea esparru horretan izendatutako prebentzio ordezkariek (Departamentu horri atxikitako erakunde autonomoetakoak barne) eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko eta haren erakunde autonomoetako beste hainbat ordezkarik (Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak izendatuak) osatuko dute.

Batzorde horretan integratuko dira Departamentuari eta haren erakunde autonomoei atxikiriko langileen ordezkaritza sindikalari dagozkion ordezkariak, egokia den kopuruan.

9. Nafarroako Foruzaingo Kidegoko Segurtasun eta Osasun Batzordea esparru horretan izendatutako prebentzio ordezkariek eta Barne zuzendari nagusiak izendatutako beste hainbat kidek osatuko dute.

10. Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoko Segurtasun eta Osasun Batzordea esparru horretan izendatutako prebentzio ordezkariek eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izendatutako beste hainbat kidek osatuko dute.

11. Nafarroako Justizia Administrazioko Segurtasun eta Osasun Batzordea esparru horretan izendatutako prebentzio ordezkariek eta Justizia zuzendari nagusiak izendatutako beste hainbat kidek osatuko dute.

12. Nafarroako Foru Komunitatean eta haren erakunde autonomoetan partaidetzako eta kontsultako jarduketak koordinatzeko Segurtasun eta Osasuneko Koordinazio Batzordea eratuko da. Batzorde hori osatuko dute ordezkaritza organo batzuetan eta besteetan dauden sindikatuek lortutako ordezkaritzaren arabera izendatutako bederatzi prebentzio ordezkarik, baita Administrazioko beste hainbat ordezkarik ere (Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatuak)".

Bost.-10. artikuluko 3. idatz-zatia honela geratzen da idatzirik:

"3. Prebentzio zerbitzu bat eratuko da Administrazio Orokorrerako; beste bat Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako; eta hirugarren bat Hezkuntza Departamenturako".

Sei.-Idatz-zati bat (5.a) erantsi zaio 10. artikuluari, ondoko idazkera honekin:

"5. Salbuespen gisa, Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek prebentzio jardueraz arduratuko diren enplegatu bat edo batzuk izendatzen ahalko dituzte Departamentu edo erakunde autonomo eta unitate organiko batzuetan, hala behar badute, ondoko hauek kontuan hartuta: egiten den jardueraren arriskuak, ezbehar tasaren maiztasun eta larritasuna eta Departamentu, erakunde autonomo eta unitate organiko horien antolaketaren berezitasunak edo beste inguruabar berezi batzuk.

Izendatutako langileek bete beharreko zereginei dagokien gaitasuna izan beharko dute, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren VI. kapituluan eskatzen denaren arabera, eta beren jarduera eginen dute dagoen berezko prebentzio zerbitzuaren laguntzarekin; arlo horretan beren kontrol zereginak beste batzuekin bateratzen ahalko dituzte, beren gaitasuna eta gertutasuna kontuan hartuta".

Zazpi.-11. artikulua honela geratzen da idatzirik:

"11. artikulua. Prebentzio zerbitzu horietako bakoitzak Prebentzio Zerbitzuen Erregelamenduaren 34. artikuluan aurreikusitako prebentzio espezialitate edo diziplina guztiak izan beharko ditu. Espezialitate edo diziplina horietan, bete beharreko zereginetarako beharrezko gaitasuna duten adituak aritu beharko dira, errege dekretu horren VI. kapituluan ezarrita dagoenaren arabera".

Zortzi.-13. artikulua honela geratzen da idatzirik:

"13. artikulua. Hezkuntza Departamentuko prebentzio zerbitzuak Departamentu horretako unibertsitatez kanpoko irakasleak zein irakasleez besteko langileak artatuko ditu".

Bederatzi.-14. artikulua honela geratzen da idatzirik:

"14. artikulua. Administrazio Orokorreko prebentzio zerbitzuak bere kargupean izanen ditu dauden beste bi prebentzio zerbitzuen jarduketa eremuetan sartu ez diren Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileak, bere jarduerak eskatzen dituen berezitasunekin, Nafarroako Foruzaingo Kidegoko eta Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoko langileei dagokienez".

Hamar.-15. artikulua. Honela geratzen da idatzirik:

"15. artikulua. Berezko prebentzio zerbitzuek eta, bidezkoa denean, izendatutako langileek betetzen ez dituzten prebentzio jarduerak erakunde espezializatu batekin edo batzuekin hitzartuko dira".

Hamaika.-Beste xedapen gehigarri bat erantsi da, honela idatzirik:

"Bosgarren xedapen gehigarria. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak laneko arriskuen prebentziorako jarduerak modu espezifikoan egiteko ezartzen ahal dituen antolaketa unitateak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laneko arriskuen prebentzio zerbitzuaren mendean egonen dira zereginei dagokienez. Dena dela, dagokien zentroari atxikita egonen dira modu organikoan".

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.-Segurtasun eta Osasun Batzordeak eratzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, foru dekretu hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, dekretuan ezarrita dauden Segurtasun eta Osasun Batzordeak eratuko ditu, ordezkaritza organoetan dauden sindikatuek egindako azken hauteskunde sindikaletan lortutako emaitzen arabera egokiak diren prebentzio ordezkariak eta Administrazioak beste hainbat ordezkari (kopuru berdinean) izendatu ondoren.

2. Prebentzio ordezkari berriak apirilaren 20ko 135/1998 Foru Dekretuaren 8. artikuluan (idazkera berrian) ezarrita dagoenaren arabera izendatu beharko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.-Dauden prebentzio ordezkariek eta Segurtasun eta Osasun Batzordeek beren zereginak betetzen jarraitzea.

Gaur egun izendatuta dauden prebentzio ordezkariek eta dauden Segurtasun eta Osasun Batzordeek beren zereginak betetzen jarraituko dute prebentzio ordezkariak eta Administrazioaren ordezkariak berritzen eta foru dekretu honetan ezarritako Segurtasun eta Osasun Batzordeak eratzen diren arte. Bitartean, Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Legearen 36. eta 39. artikuluetan hurrenez hurren ezartzen diren eskumen eta ahalmenak erabiliko dituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2008ko abenduaren 15ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0819383