65. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1345/2007 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, udal industrialdeak sustatzeko dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onesten duena.

Jarduera ekonomikoetarako udal industrialdeak sustatzeko laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legeak, ekainaren 1eko 9/1998 Foru Legearen bidez hein batean aldatuak, jarduera ekonomikoak paratzeko udal industrialdeen urbanizazio obrak proiektatu eta aurrera eraman nahi dituzten Nafarroako toki entitateei eman beharreko dirulaguntzen esparrua finkatzen du. Lege horren 6. artikuluan adierazten da Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak, urtero, laguntza horiek emateko deialdia eginen duela eta bertan finkatuko direla behar den dokumentazioa prestatu eta aurkezteko egunak eta epeak.

Departamentuaren helburu estrategikoetako bat lurraldearen garapen orekatua bultzatzea da eta, horretarako, besteak beste, udal industrialdeak garatzea aurreikusten du. Industrialde horien sustatzaileak udalak edo horretarako propio eratzen diren sozietate publikoak dira. Departamentuaren asmoa da horrelako industrialde gehiago ezartzen laguntzea, deialdi honetako eranskineko 3. arauan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten industrialdeei dirulaguntzak emanez.

Nafarroako Gobernuak apirilaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, urte anitzeko gastua baimendu da udal industrialdeak sustatzeko dirulaguntzen 2007ko deialdia onesteko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Jarduera ekonomikoetarako udal industrialdeen urbanizazio obrak sustatzeko, Nafarroako toki entitateei emanen zaizkien dirulaguntzen 2007ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurrei egiteko, 681.968,59 euroko gastua baimentzea, deusetan galarazi gabe gero batean diru-kopuru hori handitzea aurrekontuetan horretarako dirurik baldin badago. Gastua honela banatuko da:

_238.525,30 euro, 2007ko aurrekontuetako kontusail honen kargura: 810001-81130-7609-458100 kontusaila, "Jarduera ekonomikoen udal industrialdeetarako laguntzak" izenekoa.

_443.443,29 euro, 2008ko aurrekontuetan dagokion kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 2an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

ERANSKINA

Jarduera ekonomikoetarako udal industrialdeak sustatzeko dirulaguntzen 2007ko deialdiko arauak

1. araua._Xedea.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren helburu estrategikoetako bat lurraldearen garapen orekatua da. Horretarako, beste neurri batzuen artean, dirulaguntzak ematen ditu Nafarroako toki entitateek edo berariaz eratutako sozietateek jarduera ekonomikoetarako udal industrialdeak susta ditzaten.

Jarduera ekonomikoetarako udal industrialdeak sustatzeko laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legeak, ekainaren 1eko 9/1998 Foru Legearen bidez hein batean aldaturik, halako industrialdeak sustatzeko dirulaguntzen esparrua finkatzen du.

Deialdi honen ondorioetarako, jarduera ekonomikoetarako udal industrialdeak dira hiriguneak arintzeko asmoz egiten direnak, egungo jarduerak lekualdatzeko, bai kokagune desegokian daudelako, bai haien instalazioak handitu nahi dituztelako, eta, halaber, herriko bizimoduarekin eta beharrekin lotura handia duten proiektu txikiak hartzeko asmoa dutenak, alegia, tailerrak, biltegiak, industria txikiak, zerbitzuak eta horrelakoak, eta inoiz edo behin, kanpoko enpresa txikiak jartzeko proiektuak.

2. araua._Dirulaguntza har dezaketen gastuak eta diru-zenbatekoa.

Honako elementu hauek dira diruz laguntzen ahal direnak:

_Industrialdea osorik garatzeko behar diren obra proiektuak eta hirigintza planak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean araututa dagoenarekin bat.

_Eskuratzen diren zortasun lur edo eskubideak. Lurren balioa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira eskualdeko industrialdeak sustatzeko asmoz antzeko egoeretan egindako erosketen prezioak.

_Industrialdearen urbanizazio obrak eta kanpoko azpiegituren exekuzio obrak.

_Obren zuzendaritza teknikoa.

Hona hemen deialdi honetako dirulaguntzen zenbatekoak:

1. Proiektuaren kostuaren %70en eta lurrak erosteko kostuaren %20ren baturaren ondoriozko emaitza adinako dirulaguntza.

2. Obren kostuaren eta obren zuzendaritza teknikoaren kostuaren baturaren ondoriozko emaitzaren %20 adinako dirulaguntza. Dirulaguntza kalkulatzeko 4. arauan aipatzen den urbanizazio proiektuaren aurrekontua hartuko da aintzat.

3. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuotaren %95eko hobaria, hala industrialdeak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketari dagokion kuotan, nola toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkieten eskualdaketei dagokien kuotan.

3. araua._Onuradun izateko baldintzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntza jasotzen ahalko dute jarduera ekonomikoetarako industrialdeak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateek, industrialdeko obrak 2007ko irailaren 30a baino lehen hasten badira, eta orobat, obrak 2005. edo 2006. urtean hasita ere, ekitaldi horietako deialdietan laguntzarik jaso ez zuten toki entitateek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Dirulaguntza eskaera aurkeztu baino lehenago, industrialdea jarri nahi den lurzorua hiri-lurzorua edota lurzoru urbanizagarria izatea indarra duen udal planeamenduan, industriarako nahiz zerbitzuetarako.

b) Industrialdeak hartuko dituen lurrak udalaren titulartasun publikokoak izatea, ukitutako lurrak obrak hasi aurretik eskuragarri izanen direla bermatzeko.

Kanpoko azpiegituren obrek hartzen dituzten lurren kasuan, ukipen bakarrak zortasunen ondoriozkoak badira, ez da beharrezkoa izanen lur horiek titulartasun publikokoak izatea, baina jabeek sinatutako ukipen baimenak ekarri beharko dira.

c) Antolatu behar den azalera herrian dauden beharrekin eta egiazko eskakizunekin bat etortzea eta lurzatietatik heldu den azalera garbia, hasiera batean, 20.000 m²-koa izatea gehienez.

Azalera handiagoak ere onar daitezke, behar izanez gero, lurzatien benetako eskaera asetzeko adina. Halakoetan, lurzatien gehieneko azalera garbia honakoa izanen da: enpresek guztira eskatzen duten azalera gehi 14.000 m².

d) Benetako lurzati-eskaera izatea, eskatzaileek jarritako bermeen bidez behar bezala justifikatua, hain zuzen ere, sustapenetik ateratzen diren lurzatien azalera garbiaren %30 hasieratik okupatzeko adinakoa.

e) Toki entitateak hitza ematea jarduketaren ondorioz aterako diren lurzatiak salduko dituela, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

f) Toki Administrazioko Departamentuak txosten bidez azaltzea toki entitateak industrialdea sustatzearen ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko ahalmen ekonomiko nahikoa baduela, 2/1997 Foru Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

g) Proiektua tramitatu eta obrak kontratatzeko aurreikusitako epeak bermatzea obrak 2007ko irailaren 30ean baino lehen has daitezkeela.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte, orobat, egun sendoturik dauden ekimen publikoko industrialdeen urbanizazioan eta azpiegituretan atzematen diren akats edo gabeziak konpontzeko urbanizazio obrak sustatzen dituzten toki entitateek, ekainaren 1eko 9/1998 Foru Legeak aldatu duen 2/1997 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritako mugekin.

Horren ondorioetarako, ekimen publikoko industrialde sendotuak izanen dira, administrazioak sustaturik, lurzatien azalera osoaren %50, gutxienez, industriek edo bestelako jarduera ekonomikoek okupatuta dutenak. Kasu horretan Nafarroako 2007ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2006 Foru Legearen hogeita batgarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko da, hots, industrialdea egin zenetik gutxienez hamabost urte iragan izatea eta egin beharreko inbertsioak 300.000 eurotik gorakoak izatea.

Sustapen horien ezaugarri bereziak direla-eta, 1. puntuko a), b), f) eta g) baldintzak eskatuko dira, baina ez dira eskatuko c) eta d) baldintzak.

Bestalde, e) baldintza aplikatuko da saltzeko lurzatirik baldin badago, eta lurzati sendotuen kasuan, toki entitateak kontribuzio berezi bat ezarriko du, eta hartan zerga oinarria hauxe izanen da: toki entitateak bere gain hartzen dituen kostuen %90, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 112. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Era berean, "Nafarroako Industria Lurzorua, S.A." sozietate publikoak ere dirulaguntza hauek eskatzen ahalko ditu, Jarduera ekonomikoetarako udal industrialdeak sustatzeko laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legea aldatu duen ekainaren 1eko 9/1998 Foru Legearen xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

Dirulaguntza eskatu nahi badu, sozietate horrek frogatu egin beharko du 1. puntuko a), b), c), d), e) eta g) baldintzak betetzen dituela.

4. araua._Eskaeren aurkezpena eta ekarri beharreko agiriak.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2007ko ekainaren 29an bukatuko da.

Eskaerak Toki Administrazioko Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira:

1._Jarduketaren xede diren lurren hirigintza kalifikazioaren ziurtagiriak. industrialdea sustatzeko hirigintza planen bat onetsita baldin badago, ziurtagirian aipatuko da eta planaren ale bat aurkeztuko da, A4 formatuan koadernatua.

2._Industrialdearen sustapenak ukitutako lur guztiak udalarenak direla adierazten duen ziurtagiria. Zortasunen ukipena besterik ez duten lurren kasuan, ukipenen baimenaren kopia aurkeztu beharko da, jabeek sinatua.

3._Lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda eta bakoitzaren kopia, kasuan-kasuan jarritako bermea adierazita. Dokumentazio hori aurkeztu beharrik ez dago udal industrialde sendotuen urbanizazioan edo azpiegituretan dauden gabeziak konpontzeko egiten diren promozioen kasuan.

4._Toki entitatearen erabakia, izan daitezkeen lurzatiak saltzeko konpromisoa hartzen duela egiaztatzen duena, betiere kostuaren zenbatekotik, jasotako dirulaguntzak kenduta, inolaz ere jaitsi gabe; edo, behar denean, 3. arauaren 2. idatz-zatian aipatzen den kontribuzio berezia jartzeko konpromisoa.

5._Hirigintza proiektuaren laburpena, A4 formatuan koadernatua. Alderdi hauek aipatu beharko dira:

a) Jarduketaren memoria, ondokoak azalduko dituena: industrialdean berean egin behar diren obrak, sarbideetarako eta kanpoko horniduren azpiegituretarako obrak eta hartuko diren lurzati guztien zerrenda, bakoitzaren azalera adierazita.

b) Jarduketaren dokumentazio grafikoa, jaduketaren kokagunea eta zein unitatetan eginen den adierazita, eta aurreikusi den antolamendua, hartuko diren lurzati guztien zerrenda eta bakoitzaren azalera adierazita.

c) Aurrekontuaren kapitulu guztien laburpen-orria.

6._industrialdearen sustapen osorako kalkulatzen diren kostu guztiak. Kontuan hartuko dira lurrak eskuratzeko kostuak (bai industrialdeko lurrak eta bai behar diren zortasunak), hirigintza proiektuak eta urbanizazio nahiz instalazioen proiektuak egiteko kostuak eta urbanizazio obren eta horien zuzendaritzaren gastuak.

Kontuan hartuko dira, orobat, beharrezkoak diren kanpoko azpiegituretatik sortutako kostuak, industrialdearen konturakoak, baita hondakin-urak arazteari dagozkionak ere.

Kudeaketa eta aholkularitza gastuei buruzko dokumentaziorik ez da aurkeztu beharko.

7._Egutegi eta plangitza zehaztua, obrak noiz esleitu eta burutuko diren eta, bestetik, ateratzen diren lurzatiak noiz saldu asmo diren azaltzeko.

Lurzatiak saltzeko egutegiari dagokionez, hasierako salmentak oinarri harturik zenbat salduko diren kalkulatu beharko da, urtero konprometitu gabeko azaleraren %10 salduko dela kalkulatuz, 10 urteko epean, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legean ezarrita dagoen bezala.

8._Bideragarritasunaren azterketa, aurreikusten diren kostuak eta urteroko dirusarrera eta ordainketen behin-behineko plana jasotzen dituena, finantzaketa iturriak eta aurreikusitako finantza kostuak eta amortizazioak azalduz.

Sortutako lurzatiak salduz lortuko diren dirusarrerak kalkulatzeko, lehenik eta behin, modu justifikatuan zehaztu beharko da lurzatien salmenta prezioa, eta aurretik ezarritako egutegiaren arabera kalkulatuko dira dirusarrerak.

9._Dagoeneko faseren bat egina duen industrialde batean hurrengo fase bateko obrak egin behar diren kasuetan, arestian zehazturiko alderdiei dagokien dokumentazioaz gain, egindako jarduketen azalpena eta egindako faseei dagozkien gastu eta sarreren laburpena edo kontuen egoera aurkeztu beharko dira, egiaztagiriekin batera.

5. araua._Dirulaguntzak emateko irizpide objektiboak.

Hona hemen dirulaguntza emateko eskabideak baloratzeko irizpideak:

1. Industrialdeetarako dirulaguntzak emateko beste espedienterik ez izatea udalerri berean.

2. Egun dauden jarduerak lekuz aldatzeko dagoen beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, baita jarduera berriak kokatzeko dauden eskaerak ere.

3. Lurzatien egiazko eskaerak izanen duen eragina lanpostuei eusteko eta berriak sortzeko.

4. Proiektua otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legean ezarritako irizpideekin bat datorren ala ez, zehazki, proiektuaren neurriak edo hura egiteko faseak egun dagoen eskariari hobeki egokitzeko, eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak ahalik eta baxuenak izan daitezen.

5. Eskualdeko industrialdeetan lurzatiak eskuratzeko beste aukerarik ez izatea inguruetan.

6. araua._Dirulaguntza emateko ebazpena.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak aurreko arauan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Dirulaguntza eman aurretik, Toki Administrazioko Departamentuari txostena eskatuko zaio toki entitateak industrialdea sustatzearen ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko ahalmen ekonomiko nahikoa baduen jakiteko, otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena lau hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, administrazio publiko interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Administrazio publikoak ez diren interesdunei dagokienez, zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. araua._Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.

1. Dirulaguntzak eman ondotik, onuradunek egindako gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte eta obrak benetan hasi dituztela frogatu beharko dute. Horretarako, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute 2007ko azaroaren 15a baino lehen:

_Hirigintza planei eta obren exekuzio proiektuei buruzko fakturak ordaindu direla egiaztatzeko agiriak.

_Obrak oso-osorik burutzeko behar diren lurrak erosteko egindako ordainketen egiaztagiriak.

_Obra kontratuen kopiak eta obren zuzendaritza teknikoaren kontratuaren kopia.

_Obrak hasi izanaren aktaren kopia, behar bezala sinatua.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, diruz lagungarria den gastua 30.000 eurotik gorakoa denean, eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideak kontuan hartuz hautatu dela. Horrelakoetan, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, kontratua Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean aurreikusitako irizpideei jarraikiz esleitu dela frogatzeko.

Arau honetan ezarritako epean hala justifikatu ezik, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

Eskaera onartzeko ezartzen diren betebeharrak betetzen ez badira, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea kenduko da, ebazpen bidez.

Dirulaguntza horiek beste entitate batzuei ematen ahalko zaizkie, hots, aurrekontuan nahikoa diru ez egoteagatik hasiera batean eskaera onartu ez zaien entitateei, betiere deialdian ezarritako betebeharrak betetzen baldin badituzte.

2. Obrak bukatzen direnetik hiru hilabeteko epean, onuradunek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute obren exekuzioa eta behin betiko kostua egiaztatzeko:

_Obra ziurtapen guztien fakturak, eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak.

_Obren zuzendaritza teknikoaren fakturak eta horien ordainketen egiaztagiriak.

_Obren harreraren gaineko akta.

8. araua._Dirulaguntzen ordainketaren gaineko ebazpenak.

Fakturak ordaindu izanaren egiaztagiriak azterturik, Industria Sustatzeko Zerbitzuak pagatzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

9. araua._Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Halaber, behar bezala aditzera eman beharko dute dirulaguntzaren xede diren inbertsioek finantziazio publikoa dutela, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin bat. Horretarako, industrialdean kartel bat jarriko da, ongi ikusten den tokian, Nafarroako Gobernuak industrialdea egiteko obretarako dirulaguntza eman duela jakinarazteko.

2. Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharren bat bete ezik, onarturiko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. araua._Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Dirulaguntza gehiago emanez gero, jarduera bererako esleitutako zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du behin ere gainditu onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua.

11. araua._Arauen aurkako errekurtsoa.

Arau hauen kontra interesdunek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

12. araua._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Industria Sustatzeko Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programa eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0707514