I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
1112/2007 EBAZPENA, apirilaren 18koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko erdi edo goi mailako tituludunentzako bi beka, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan aritzeko, emateko deialdia onesten duena.
Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.
Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bekak emateko deialdi hau onetsi du, graduatu ondoko tituludunei ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa emateko, horrela arlo publikoan zein enpresa pribatuetan dagoen eskaerei erantzun ahal izateko haiek.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Unibertsitateko erdi edo goi mailako tituludunentzako bi beka, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan aritzeko, emateko deialdia onestea.
2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. 9.600 euroko gastua baimentzea, 2007rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Transferentziak unibertsitateko eta lanbide heziketako ikasleen praktiketarako" izeneko 8000000 80100 4800 421100 kontusailaren kargura.
4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.
Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2007ko apirilaren 18an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.
ERANSKINA
Unibertsitateko erdi edo goi mailako tituludunentzako bi beka, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan aritzeko, emateko deialdiko arauak
1. araua. Xedea.
Beken xedea unibertsitate-tituludunen prestakuntza bultzatzea da, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan gauzatzen diren inbertsioa eta enplegua sustatzeko neurriekin lotutako ezagutzak eskuratu ditzaten.
2. araua. Beka kopurua
Prestakuntzako bi bekak Industria Sustatzeko Zerbitzuak kudeatuko ditu, Ekonomiako, Enpresa Zientzietako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziatura edo Enpresa Zientzietako diplomatura dutenendako.
Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak beste hiru beka sortzen ahalko ditu 2007an. Kasu horretan, Ebaluazio Batzordeak ezartzen duen lehentasun hurrenkeran hurrengo daudenei emanen zaizkie beka horiek.
3. araua. Beken iraupena eta zenbatekoa.
Prestakuntza beken iraupena emateko ebazpenean adierazten den datan hasiko da eta 2007ko abenduaren 31n amaituko.
Zernahi dela, organo eskudunak luzatzen ahalko ditu, administrazio unitateek eskatuz gero, hamabi hilabete arteko aldietarako; gehienez ere hiru urte hartuko dituzte hasierako aldiak eta luzapenek.
Prestakuntza bekak 800 euroz hornituko dira hilero edo, bidezko bada, haien zati proportzionalaz. Hilabete bakoitza bukatzean pagatuko dira.
Bekak hurrengo urteetan luzatzen badira, zenbateko horri Nafarroan urte bakoitzean gertatzen den kontsumorako prezioen indize erreala gehituko zaio.
4. araua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Beken onuradun izateko pertsona fisikoek ondoren azaltzen diren baldintzak bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
b) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
c) 2. arauan azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urteetan lortu izana.
d) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea. Erantzukizuneko aitorpena adierazpen baten bidez frogatu beharko du hori.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
Aurreko baldintzak bete beharko dira prestakuntzarako bekak irauten duen bitartean.
5. araua. Merezimenduen balorazioa.
Prestakuntza bekak emateko merezimenduak baremo honen arabera baloratuko dira:
a) Espediente akademikoa: gehienez 5 puntu.
b) Deialdiarekin zerikusia duten beste ikasketa titulu eta prestakuntza ikastaro batzuk: gehienez 2 puntu.
c) Informatika jakitea: gehienez 1,5 puntu.
d) Hizkuntzak: gehienez 0,5 puntu.
e) Deialdiarekin zerikusia duten lanetako esperientzia: gehienez puntu bat.
6. araua. Eskabide eta frogagirien aurkezpena.
1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea, 1, 1 Iruña), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
2. Bekaren eskaera ereduaren arabera inprimakian aurkeztuko da. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistroan eta http://cfnavarra.es/industria/becas webgunean eskuratzen ahal da. Eskaerarekin zehaztu beharko da zer beka eskatzen diren.
Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak bai eta dagozkien frogagiriak ere. Baloratzerakoan ez da kontuan hartuko behar bezala ziurtatu gabeko merezimendurik.
b) Espediente akademikoaren ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.
c) Dauzkan titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.
d) NANaren fotokopia.
e) Deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez, bizitokia Nafarroan duela frogatzen duen ziurtagiria.
f) Alegatutako gainerako merezimenduak (ziurtagiri originala edo fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dira).
g) Eskatzailearen erantzukizuneko aitopena, 4. arauko d) betebeharraz. Eredua eskabidearen inprimakiarekin batera banatuko da.
h) Erantzukizuneko aitopena, beste departamentu, administrazio edo entitate publiko edo pribatuen laguntza publikorik,bekarekin bateraezinak denik, hartzen ari ez dela dioena.
7. araua. Ebaluazio Batzordea.
Ebaluazio Batzordea deritzon organo kolegiatua arduratuko da betebeharrak egiaztatzen, bekak eskatzen dituztenek alegaturiko merezimenduak ebaluatzen eta ebazpen proposamena prestatzen, non izangai onartu bakoitzari guztira emaniko puntuak adieraziko baitira.
Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:
_Epaimahaiburua: Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko idazkari tekniko nagusia.
_Kontseiluko kideak: Inbertsiorako Laguntzak Kudeatzeko Ataleko burua eta Enpresa Txiki eta Ertainendako Laguntzak Kudeatzeko Bulegoko burua.
_Idazkaria: Kudeaketa Administratiboaren eta Kalitatearen Koordinazioaren Ataleko burua.
8. araua. Laguntza emateko ebazpena:
Eskaerak 5. arauan ezarririko merezimendu baremoaren arabera ebaluaturik, Ebaluazio Batzordeak bekak eskatu dituzten izangai hautatuei buruz ebazpen proposamena igorriko du, organo eskuduna behartuko duena.
Bekak emateari buruz ebazteko eskumena Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman beharko du, eskerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Epe hori iraganik ebazpena jakinarazi edo argitaratu gabe, eskaerak, administrazioaren isiltasunaz, ukatutzat joko dira.
Prozeduraren ebazpena onuradunei jakinaraziko zaie eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, orok jakin dezan.
Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesatuek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
9. araua. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan ezartzen diren orotariko eginbeharrak egin beharko dituzte bekak hartzen dituztenek.
Bekaren onuradunak, Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna izanez gero, eskabide-ereduaren bidez baimena emanen dio departamentuari bere jarduerak hastean Ogasunarekiko eginbeharrak eginak dituela frogatzen duten datuak begiratzeko.
2. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egiten ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi bateko edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesatuari entzunaldia eman ondoren.
Bekarekin batera dotazio ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, eska daitezkeen itzuleren, berandutza interesen eta ezar litezkeen zehapenen kalterik gabe.
10. araua. Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.
1. Prestakuntza bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean.
Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.
2. Bekari uko eginez gero, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun natural lehenago.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, ezertan ukitu gabe onuradunak uko egin arte bete beharko dituela lehen ezarritako baldintzak.
11. araua. Prestakuntza jarduera egitea.
Bekadunak lehen arauko Zerbitzuen zaintza eta zuzendaritzapean ariko dira, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko egoitzan. Astero, gehienez 30 ordu emanen dituzte lanean.
Bekadunek prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko dituzte. Eskubidea izanen dute funtzionario publikoek zerbitzu eta bidaiengatik izaniko gastuengatik duten ordain bera kobratzeko.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaie bekadunei.
12. araua. Beken bateragarritasuna
Deialdi honen bekak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek prestakuntzarako emandako beste dirulaguntza edo beka batzuekin.
Onuradunak prestakuntza jarduera bera egiteko kobraturiko beka edo dirulaguntzak izanez gero, haien zenbatekoa ez da behin ere 13.000 eurotik goitikoa, bera bakarrik edo denak baturik.
13. araua. Araubide juridikoa.
Arau hauetan aurreikusten ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.
14. araua. Arauen aurkako errekurtsoa
Arau hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesatuek, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
15. araua. Emandako beken publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko dira emandako bekak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programa eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F0706781