65. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

41/2007 FORU DEKRETUA, maiatzaren 14koa, 2007. urteko "Vianako Printzea" Kultura Saria Pedro Iturralde Ochoa jaunari ematea xedatzen duena.

Martxoaren 15eko 56/1990 Foru Dekretuaren bitartez, "Vianako Printzea" Kultura Saria sortu zen, kulturaren edozein arlotan pertsona, talde edo erakunde jakin batek egindako lana aintzat hartzeko asmoz, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

Aipatu foru dekretuak proposamenak aurkezteko baldintzak eta saria emateko prozedura finkatu zituen. Bestetik, Nafarroako Kultura Kontseiluaren Osoko Bilkurari eman zion sariduna proposatzeko ahalmena, eta ezarrita gelditu zen Nafarroako Gobernuaren lehendakariari bidali behar zaiola proposamena, Nafarroako Gobernuak behar den erabakia har dezan.

Nafarroako Kulturaren Kontseiluak, 2007ko maiatzaren 2an eginiko osoko bilkuran, 2007. urteko "Vianako Printzea" Kultura Saria Pedro Iturralde Ochoa jaunari ematea erabaki zuen, haren baitan biltzen diren merezimendu aipagarriengatik.

Faltzesen jaio zen, 1929an. Gaztetxo zela ekin zion bere bokazio musikalari, bere aitari, errotazaina eta afizioz musikaria zenari, klarinetea eta gitarra jotzen entzuten.

Bederatzi urte zituela izan zen haren debuta saxofonista gisa. Hortik gutxira, bere jaioterriko udal bandako partaide izan zen. Hamabi urterekin, Nafarroako herrietako festetan eta sanferminetan jardun zuen, La Jarana peñarekin. Bere kasa, klarinetea, pianoa, biolina eta harmonia ikasi zuen.

Hemeretzi urte zituela, bira bat egin zuen Libanon, Grezian, Alemanian eta Frantzian. Itzuli zenean, Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan saxofoi ikasketak egin zituen. 1961ean lortu zuen titulua.

1967an, "Jazz Flamenco" LP grabatu zuen Hispavox enpresarendako. Urte beran, azaroan, Berlingo Jazzaldian aritu zen. Kontzertu horren grabazioak, MPS Alemania enpresarendako, gitarra flamenkoa bildu zuen lehenbizikoz jazzean. Horrek behin betiko konsakrazioa ekarri zion Europako jazzaren eszenan. Kritikak irudimen handiko konpositoretzat jo zuen, soinu fresko eta ziztatzaile batekin, alaitasunez eta indarrez betea eta herrian sakonki erroturik.

Aldizkari espezializatuek maiz goraipaturik, Berklee College of Music Bostongo ikastetxeak beka bat eman zion, bere jazz-jakintza handitzeko.

Madrilgo Goi Mailako Erregezko Musika Kontserbatorioko saxofoi katedra lortu zuenerako, entzute handia zuen nazioartean. Munduko eszenariorik garrantzitsuenetan bikaintasunez jardun ondoren, kritikarik hoberenek abalatu dute. Haren lan pedagogikoa kontserbatorioan burutu zen 1994a arte. Eredugarria izan zen. Erretiroa hartzean, nekez betetzen ahal den hutsune bat eta ikasle asko utzi zituen, gaur egun Espainiako kontserbatorioetako irakasle lanpostuetan dihardutenak.

1999an bere azken diskoa grabatu zuen zuzenean, "Etnofonías". Urte horretantxe, Milango La Escala orkestrako Ensemble Strumentale Scalígero taldeak jo zuen Suite Helénique haren musika-lana, George Gershwin eta Astor Piazzolaren beste batzuekin batera.

Saxofoia biltzen duen orkestra sinfonikorako errepertorioaren zati handi bat jo duten saxofonista gutxietariko bat da. Besteak beste, Orquesta de Cámara Española, Orquesta Nacional de España, Orquesta Sinfónica de RTVE eta Pablo Sarasate orkestrekin jo izan du, bakarlari eta kontzertista.

Gaur egun, jardunean ari da, kontzertista eta konpositore lanetan.

1995ean, Faltzesko seme kuttun izendatu zuten. Sari asko irabazi ditu, horien artean, Monakoko Jazz Lehiaketa (bi aldiz), saxofonista hoberenarendako Record World saria, Sormen Musikalerako Madrilgo Autonomia Erkidegoko saria eta, berriki, Musikaren Arte eta Zientzien Akademiaren saria, bere bizitza musikaren alderdi guztiei eskaini dielako, jotzaile, konpositore eta maisu gisa.

Bidezkoa da, hortaz, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kulturaren Kontseiluak Pedro Iturralde Ochoa jaunaren aldeko proposamena jaso ondotik, 2007. urteko "Vianako Printzea" Kultura Saria berari ematea.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

2007ko "Vianako Printzea" Kultura Pedro Iturralde Ochoa jaunari ematea.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 14an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

Iragarkiaren kodea: F0708056