Iragarkia
65. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 25a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
101/2007FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, sahararrei laguntza humanitarioa emateko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia egiten duena.
Nafarroako Foru Komunitateak, 2002. urtetik hasita, laguntza humanitarioa ematen die saharar errefuxiatuen Tindoufeko kanpamentuei, giza talde horrek oinarrizko elikagaien horniduran duen defizita arintzen laguntzeko.
Nafarroako instituzioek, bereziki, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa (GLO), herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako elkartasunezko ekarpena egiteko. Zehazki, 2005etik hona "Sahararrentzako laguntza humanitarioa" izeneko kontusaila onetsi izan du, intsumo, produktu, material edo ekipo behar-beharrezkoen hornidurako defizita arintzea helburu.
Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Bereziki 13. artikuluan, beste ekintza arlo batzuen artean, laguntza humanitariorako programa eta proiektuak aipatzen ditu, larrialdian edo gertu-gertuko arrisku bizian dauden giza taldeei laguntza eta birgaitzeko bidea ematea helburu dutenak. Halaber, laguntza humanitarioaren helburu banaezinak aipatzen ditu: laguntza bera, babesa eta prebentzioa. Era berean, foru lege horren 14. artikuluak xedatzen du besteak beste funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetza ekintzak sustatzeko. Honekin bat, Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzaileak bere jarduketa modalitateen artean (5. atala) laguntza humanitarioa ezartzen du; honetaz gaiz, Plan Zuzentzaile honendako ardura bereziko edo lehentasunezkoak izanen diren herrialdeetan gertatuko gatazka, krisi edo ezbeharrei arreta berezia eskaini behar zaiela ezartzen du, hauen artean Saharar herriaren aldeko lehentasunezko jarduketak daude (Plan Zuzentzailearen 3. atala).
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura.
Horrenbestez, beharrezkoa da Saharar herriari laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako dirulaguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Saharar herriari laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako dirulaguntzen 2007ko deialdiko arauak onestea. Arauok foru agindu honen eranskinean ageri dira.
2. 2007ko ekitaldirako 300.000 euroko gastua baimentzea, 2007ko gastu aurrekontuko "Sahararrentzako laguntza humanitarioa" izeneko 900000 91200 4819 143104 kontusailetik.
3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko apirilaren 23an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Sahararrei laguntza humanitarioa emateko proiektuetarako dirulaguntzen deialdiaren arauak
Lehenbizikoa._Helburua eta xedea.
Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak dirulaguntzen deialdia eginen du, Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan errefuxiaturik bizi diren sahararrei oinarrizko elikagaien hornidurako defizita arintzen laguntzeko ekintza humanitarioak finantzatzea helburu.
Dirulaguntzen xedea izanen da elikagai behar-beharrezkoak erosi eta errefuxiatuen kanpamentuetaraino garraiatzea.
Bigarrena._Aurrekontuko dirua.
Helburu horretarako 300.000 euro erabiliko dira, 2007rako Nafarroako aurrekontu orokorreko "Sahararrentzako laguntza humanitarioa" izeneko kontusailetik.
Hirugarrena._Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betekizunak.
Deialdi honetako dirulaguntzen onuradunak izaten ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE):
a) Pertsona juridiko pribatuak izatea eta legez osatuak.
b) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziako (Kanpo Arazoetarako eta Lankidetzarako Ministerioa) Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribaturik egotea.
c) Egoitza edo delegazio iraunkorra izatea Nafarroako Foru Komunitatean. Artikulu honetako aurreko atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori.
d) Azken hiru urteetan garapenerako lankidetzaren arloan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak hartu izana.
e) Edozein administrazio publikotatik gutxienez hiru aldiz dirulaguntza jaso izana saharar herriarekiko lankidetzarako proiektuak gauzatzeko, azken hiru urteetan.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13.2. artikuluan aipatzen diren gorabeheretariko batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.
Laugarrena._Laguntza humanitarioa emateko proiektuen betekizunak.
Proiektuek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Deialdi honetako 1. oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei lotzea.
b) Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak Aljerian duen Lankidetzarako Bulego Teknikoaren oniritzia izatea.
c) Tindoufen (Aljeria) bizi diren errefuxiatu sahararren ordezkarien oniritzia izatea.
Bosgarrena._Eskaerak aurkezteko tokia eta egunak.
1. GGKEek 15 egun naturaleko epea izanen dute eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako bon.ean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako tokietan. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, kartazala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.
Seigarrena._Aurkeztu beharreko agiriak.
Dirulaguntza eskatu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batean (agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute):
a) Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela.
b) Saharar herriaren aldeko lankidetza proiektuetarako dirulaguntzak jaso izanaren ziurtagiria, kasuan kasuko administrazioak emana. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren dirulaguntzen kasuan ez da ziurtagiririk aurkeztu beharko. Nahikoa izanen da dirulaguntza jaso duten proiektuen zerrenda.
c) NLAEren Lankidetzarako Aljeriako Bulego Teknikoak proiektuari oniritzia eman diola frogatzeko agiria.
d) Aljerian (Tindouf) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek oniritzia eman dutela frogatzeko agiria.
e) Hirugarren arauko f) atalaren arabera onuradun izateko gorabeheretan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.
f) Memoria: proiektua gauzatuko den tokiko egungo egoera sozial, politiko eta ekonomikoa, lortu nahi diren helburuak, garatuko diren jarduerak, eman beharreko intsumoen zerrenda eta aurrekontu zehatza.
Zazpigarrena._Instrukzioa.
Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta baloratuko ditu ofizioz eskaerak, arau hauen arabera.
Zortzigarrena._Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.
1._Dirulaguntzaren eskaera onartua izateko, irizpide hauei jarraikiz, gutxienez 70 puntu lortu behar ditu:
a) Barne koherentzia (50 puntu bitarte): eskualdearen ezaugarriak, oinarriak, helburuak, jarduerak eta baliabideak elkarrekin bat etortzea. Halaber, aurkezpena, idazkera eta aurrekontuen xehetasunak ere baloratuko dira.
b) Laguntza humanitarioaren arloko ekintzetan esperientzia izatea, bereziki saharar herriarekin (50 puntu gehienez).
2._Eskatzen den adinako dirulaguntza emanen da, betiere 300.000 eurokoa gehienez ere; alabaina, zilegi izanen da aurrekontuko atal batzuk baztertzea, instrukzio organoak deialdi honen helburu eta xedeekin bat ez datozela irizten badio.
3._Balorazio positiboa lortzen duen eskabideek, guztira, bigarren arauan adierazitako aurrekontu-muga gainditzen badute, dirulaguntzak puntuazioaren araberako ordenan adjudikatuko dira muga horretaraino iritsi arte.
4._Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen dituen beste batzuekin.
Bederatzigarrena._Ebazteko epea.
Gizarte Ongizatearen zuzendari nagusiari dagokio aurkezturiko eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeari eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuari jarraituz,
2._Deialdiaren gaineko ebazpenean dirulaguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
3._Eskaerak ukatutzat joko dira eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.
Hamargarrena._Jakinarazpena.
Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz jakinaraziko zaie entitate interesdunei.
Hamaikagarrena._Dirulaguntzaren ordainketa eta horren aurrerakinak.
1. Onartzen den dirulaguntza 60.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, laguntza emateko ebazpenean dirulaguntza aurretik ordaintzeko aginduko da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak berariazko baimena emanez gero.
2. Onartutako dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren aurrerakinak egiten ahalko dira, banku-abal bat edo antolamendu juridikoan onartzen den beste berme bat aurkeztuz gero, betiere Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horretarako berariazko baimena ematen badu. Berme horrek aurreratu beharreko zenbatekoaren adinakoa behar du izan.
Organo emaileak aukera izanen du 60.000 euroko edo hortik goitiko aurrerakinen bidez pagatzeko. Horrela dirulaguntzen onuradunek ez dute behin ere 60.000 eurotik goitiko aurrerakinik izanen bermerik gabe. Bigarren eta ondorengo aurrerakinak ez dira ordainduko harik eta aurreko ordainaldian egindako gastu guztien %75 justifikatu arte, Horretarako, proiektuaren exekuzio partzialaren gaineko txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko da.
Hamabigarrena._Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuak.
1._Dirulaguntza hartzeko moduko gastutzat hartuko dira deialdiko lehen arauko ekintza humanitarioak betetzeko egin beharrekoak.
2._Proiektuaren zeharkako kostuengatik dirulaguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa gehitzen ahalko zaio. Zeharkako gastuak GGKE eskatzaileak Nafarroan dituen gastu administratiboak dira, alegia: langileen gastuak, lokalenak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak eta bakarrik eta zuzenean proiektua identifikatu, formulatu, segitu eta ebaluatzekoak. Kau horretan, 2006ko azken lau hilabeteetan izaniko gastuak ere gehitzen ahalko dira.
3._Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.
4._Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.
Hamahirugarrena._Dirulaguntzen justifikazioa.
1._Entitate onuradunaren proiektua amaiturik, hilabeteko epean proiektuaren burutzapenari buruzko txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko dute, ondokoak biltzen dituena:
a) Proiektua egiteko prozesuari buruzko txosten teknikoa. Bertan aztertuko dira haren eraginkortasuna, efizientzia, eragina eta talde onuradunen parte-hartzea eta asebetetzea.
b) Justifikazioko kontua, alderdi hauek bilduko dituena:
_Entitate onuradunaren lege ordezkariaren erantzukizuneko aitorpen izenpetua, kontuko datu guztiak egia direla dioena.
_Dirusarreren eta gastuen balantzea.
_Jardueraz jarduera eta gastu motaren arabera sailkatutako gastuen zerrenda.
_Egindako gastu guztien egiaztagiriak. Gastuen zerrendaren arabera ordenatuko dira eta hurrenez hurreneko zenbakiak ezarriko zaizkie. Jatorrizko fakturak aurkeztuko dira, fotokopiekin edo euskarri informatikoan egindako kopiekin batera; Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak jatorrizkoak zigilatu eta entitate onuradunari itzuliko dizkio. Gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez idatzita ez daudenak gaztelaniara itzuli beharko dira.
c) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioaren edo martxa onaren berri emateko.
2._Aurreko arauan aipatutako zeharkako gastuak prozedura berari jarraituz frogatuko dira, salbu eta frogatzen zailak diren gastuak; hauek dirulaguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, dirulaguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta orotariko arauen arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Ziurtagiriarekin batera gastua egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitate orri ikuskatuak, edo gastua egin dela egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri. Ziurtagiri honen bidez justifikatzen den diru-kopurua ezin izanen da zeharkako kostuen %30 baino handiagoa edo dirulaguntzaren %3 baino handiagoa izan.
Hamalaugarrena._Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak edo hango bazkideak esku-hartzearen zati baten exekuzioa hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamabosgarrena._Betebeharrak.
Dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Proiektua dirulaguntza emateko beharkizunetan azaldu bezala egitea. Proiektua dirulaguntza edo, hala bada, horren lehenbiziko puska jaso eta handik hiru hilabetera hasiko da beranduenez. Entitatea beharkizun honetatik libre geldituko da baldin eta ezinbesteko arrazoiengatik ezinezkoa bada hastea. Arrazoi horiek justifikatu beharko ditu eta Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiak onartu.
b) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela frogatzea, deialdi honetako hamabigarren arauan aipatzen diren agirien bidez.
c) Nafarroako Gobernuaren kontu erosten diren material, ekipo eta hornidura guztiak proiektua egiten deneko herrialdean egitea, bertako produktuekin. Eginbehar hau egiterik ez bada, Gizarte Ongizatearen Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da, arrazoiak azaltzen dituen izkribu baten bidez.
d) Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa egin aitzin, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari baimen administratiboa eskatzea.
e) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako dirulaguntzen zenbatekoa jakinaraztea.
f) Organo emailearen aurrean betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta dirulaguntza hartzeko helburua lortu dela justifikatzea, deialdi honetako hamahirugarren oinarrian aipatzen den azkeneko txostenaren bidez.
g) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.
h) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren garapenaren berri ematen, Nafarroako populazioa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.
i) Proiektuaren publizitatean eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan, eta Garapenerako Nafarroako Lankidetzarenaren logotipoa, dirulaguntzen onuradun direnen logotipoarekin batean, hiruak tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.
j) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzera eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.
k) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.
l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hamaseigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea, berandutzagatik dagozkion legezko interesak barne.
Hamaseigarrena._Ez betetzeak.
1._Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek harturiko dirua itzuli beharko dute bertan ezartzen diren baldintzetan.
2._Dirulaguntza emateko kontuan harturiko gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko arauan aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da eta dirua itzuli beharko da.
3._Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:
_Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.
_Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe eginiko aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.
4._Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hausteei eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.
Hamazazpigarrena._Errekurtsoak.
Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.
Iragarkiaren kodea: F0707639
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
