65. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko apirilaren 16koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez onesten da Vianako Perizuelas alderdian etxebizitzak eta 18 zuloko golf zelaia egiteko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Vianako Udalak eta Valles Nubes S.L.k sustatua.

I._Aurrekariak eta xedea.

2006ko maiatzaren 15ean egindako bilkuran, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea Vianako Perizuelas alderdian etxebizitzak eta 18 zuloko golf zelaia egiteko jarduketa, Vianako Udalak eta Valles Nubes S.L.k sustatua, espedientea jendaurrean jartzea eta entzunaldia ematea jarduketa horiek ukituko dituzten eremuetako udalei, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Erabaki hori 2006ko 69. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 9an.

Planaren xedea dentsitate txikiko bizileku eremu bat ezartzea da; 1.498 etxebizitza eraikiko dira, eta 18 zuloko golf zelai bat. UPSaren eremuak 1.129.437,45 m² ditu (112,94 Ha). Vianako gaur egungo herrigunetik 1.600 bat metro mendebaldera dago. Hegoaldean Iruña-Logroño N-111 errepideak mugatzen du eta biribilgune berria egin nahi da errepide horretatik eremura sartzeko. Jarduketaren eremua lurzoru urbanizagarriko sektore gisa definitzen da, SR-5 izenarekin, eta funtzionalki desberdinak diren bi alde edo azpisektoretan zatitzen da, alegia: 1. azpisektorea, etxebizitzetarakoa, 546.346,80 m² dituena eta N-111 errepidearen ondoko lurrak hartzen dituena, eta 2. azpisektorea, 583.090,65 m²-koa, kirolerako, aisialdirako eta zerbitzuetarako erabiliko dena, 18 zuloko golf zelaia barne. Hemen aipatu behar da eremutik kanpo azpiegitura obrak egin nahi direla, jarduketaren eremutik kanpo dauden sistema orokorrekiko loturak egiteko: Vianako biltegitik ura ekartzeko hodia, hondakin uren hodia eta araztegia, gas sareko hargunea.

II._Aurkeztutako alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den aldian hiru alegazio idazki aurkeztu dira. Ondoren azaltzen dira alegazioen edukia eta erantzunak.

II.1._Antonio Munilla jauna, Gurelur-Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural elkartearen ordezkari gisa.

Edukia:

Alegatzaileak eskatzen du proiektuaren tramitazioa geldiaraz dadila, zehazki golf zelaiarena, honako alegazio hauek oinarri:

1. UPSaren, golf zelaia egiteko proiektuaren eta urbanizazio proiektuaren zehaztasunik eza kritikatzen du. Uste du ingurumen ondorioen azterlanak lehen urratsa izan behar lukeela inguruko balio naturalak eta proiektuak horien gainean izanen duen eragina zehatz-mehatz aztertuko dituen ingurumen eraginaren azterlana egiteko.

2. Proiektuaren zehaztasun falta kontuan izanik, onartezintzat jotzen du eraginen balorazioa egitea. Azterlanean azaltzen diren ingurumen balioak eta eraginak goitik behera asmatuak direla uste du. Emandako datu horiek baliozkotzat hartuko balira ere, proiektua atzera bota beharko litzateke Las Cañasko urtegian izanen lukeen eraginagatik.

3. Uste du proiektuaren jarduketa eremutik kanpo utzi behar direla sastrakadi mediterraneoa duten mazelak, lehentasunezko intereseko habitat gisa jaso direlako Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. 128/1992 Foru Dekretuaren arabera, golf zelaien proiektuetan sustatzaileek oihan lurrak sartu behar dituzte %20ko portzentajean, eta alegatzaileak ez du onargarritzat jotzen aipatu sastrakadiak portzentaje horren barnean sartzea ere.

4. 128/1992 Foru Dekretuak ez du baimenik ematen golf zelaiak oihan lurretan gara daitezen. Horra beste arrazoi bat mazela horiek oso-osorik kanpoan uzteko.

5. 128/1992 Foru Dekretuarekin bat, alegatzaileak dio Foru Administrazioaren betebeharra dela proiektua eskualdearen ikuspegitik aztertzea, kontuan izanik honelako proiektu ugari daudela hainbat herritan, horietako batzuk hurbilekoak. Horixe da, neurri batean, Vianako Udal Planeamenduko aldaketa puntuala (UPS honen xede bera zuena) onartu ez izanaren arrazoia.

6. Proiektuan ez da turismoaren edo aisialdiaren arloko arrazoirik ematen golf zelaiaren ezarpena lurraldearen antolamenduaren aldetik justifikatzeko. Beraz, proiektuak ez du betetzen 128/1992 Foru Dekretuaren 5. artikulua. Proiektuan ez da aipatzen inguruan golf zelaiaren eskaria dagoenik ere.

7. Uste du golf zelaiko isurketa-urek fungizidak, herbizidak eta intsektizidak edukiko dituztela eta azkenean Las Cañasko urtegian amaituko dutela. Horrela arriskuan jarriko da ingurumen garrantzi handiko gune hori, katalogatutako hegazti espezie askoren bizilekua.

8. Uste du Perizuelas errekaren emaria kentzeak eragin larria izanen duela Las Cañasko urtegiaren erregimen hidrikoan.

9. Uste du ingurumenaren aldetik bideraezina eta guztiz antiekologikoa dela sustatzaileak golf zelaia ureztatzeko egin nahi duena, alegia, Jurramendiko Mankomunitatearen ura hartzea. Praktika hori Urari buruzko Esparru Zuzentarauaren eta Europako toki askotan nagusi den jokabidearen kontrakoa da.

10. Gobernuak proiektu hau UPS deklaratzeko hartu zuen erabakiaren testua aipatzen du. Zehazki, zati hau aipatzen du: "128/1992 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (...) aurkeztutako dokumentazioa ez da nahikoa". Alegatzailearen iritziz, aipatu dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoari buruzko agiri asko falta dira eta UPSaren tramitazioak ez luke aurrera egin behar dokumentazio hori aurkeztu arte.

Erantzuna:

1., 2. eta 3. puntuei: alegazio hauen ingurumen edukia dela eta, Ingurumen ondorioen adierazpenean dagoen erantzun bera ematen diegu.

4. puntuari. Alegatzaileak aipatzen duen foru dekretuak dio golf zelaiak lurzoru urbanizagarrian, nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezinean edo lurzoru urbanizaezin generikoan garatzen ahal direla. Alegazioaren xede den UPSa osorik garatzen da UPSak berak sailkatutako lurzoru urbanizaezinean. Hori gorabehera, golf zelaiaren diseinuan ageri denez, indarra duen Udal Planean oihan lurzorutzat kalifikatutako mazelak golf zelaian sartzen dira "kontserbazio eremu" gisa; mazela horiei, bestalde, Ingurumen ondorioen adierazpenean ezarritako neurriak aplikatu behar zaizkie.

5. puntuari. UPSaren memorian nahikoa azaltzen dira proposamenaren oinarri diren lurralde eta eskualde faktoreak. Horrez gain, alegazio honetarako erantzuna 2006ko maiatzaren 15eko Erabakiaren III. atalean dago ("Justifikazioa"). Etxebizitzak eta golf zelaia egiteko jarduketa hau Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu duen erabakiaren atal horretan behar adinako arrazoibideak ematen dira alegazioaren gaiari buruz. Hona hemen:

"Aurkeztutako agiriari buruzko memoriaren arabera, UPSean bildutako proposamenaren funtsezko arrazoia hauxe da: Vianako eremuak ahalmen handia du, batez ere mendebaldean, Logroño ondoan, Errioxako hiriburuaren etxebizitza-eskaera produktiboei modu egokian erantzuteko, eta, gainera, udalerriak kokaleku aparta du, komunikazio bide batzuk eta herrialde batzuk biltzen diren tokian.

Ildo horretan, agirian azaldutakoaren arabera, "Udal Planak berriki indarra hartu zuenetik, hiri eremu sendotuaren inguruan Udal Planak aurreikusten dituen hiri lurzoru urbanizagarriko lau sektoreetako hiruren garapenak agerian utzi du, alde batetik, etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarriaren eskaintza ez zela inola ere gehiegizkoa, eta, bestetik, SR5 Perizuelasko sektore berria garatuko balitz, ez litzatekeela hiri eremuaren inguruan aurreikusitako garapena baldintzatuko". Aipatzen denez, sektore berriko etxebizitza-eskaera Errioxako hiriburutik etorriko da batez ere, eta, ondorioz, baztertu eginen da hiri eremutik hurbil dauden sektoreetan eginen den etxebizitza-eskaintzarekin sor litekeen lehia, ez baita horrelakorik nahi.

Aipatzen da, halaber, justifikazio gisa, proposamenak babesa baduela Vianako udal planeamenduan hartutako lurralde eta hiri ereduan, izan ere, haren toki garapenerako estrategien artean hauek proposatzen baititu: "Logroñoren hurbiltasuna eta, bereziki, biztanleriarentzat eta jarduera ekonomikoarentzat Errioxako hiriburuaren presentziatik, eta garapenetik heldu diren ondorioak hobeki aprobetxatzea", eta "biztanle kopurua handitzea, bi motatako immigrazioaren bidez, alegia: bizilagunena, Logroñotik etorritako bizilagun berriekin, eta langileena, bestelako erkidego eta herrialdeetatik etorritako bizilagun berriekin"; eta, azkenik, "etxebizitzen kopurua handitzea, ikuspuntu boluntarista batetik sortutako biztanleria-aurreikuspenak asetzeko moduan".

Golf zelaiaren ezarpena justifikatzeko, agirian turismoaren eta aisialdiaren arloko arrazoiak aipatzen dira, udalerria eskualdearen eta lurraldearen ikuspuntutik bultzatzeko aukerari lotuak. Proiektuaren egileen arabera, golf zelaiaren kokalekua aukeratzeko irizpidea izan zen Viana herria muga ondoan egoteaz baliatzeko aukera, kokaleku hori ezbairik gabeko lurralde-baliabidea baita, bai kirol instalazioari, bai bizileku berriari sostengu ematen diona. Halaber, Vianako herrigunearen eta gune historikoaren ondare-balioa aprobetxatu nahi da, antolatutako eremuari balio turistiko ukaezina ematen baitio.

Golf zelaiaren kokalekua lurraldearen ikuspuntutik ere justifikatzen da agirian, izan ere, N-111 errepidetik urrun dago, etxebizitza-gunearen bukaeran; ingurumenaren aldeko justifikazioa ere bada agirian, paisaian integratuko bailitzateke, etenik gabe bere inguru hurbilean eta ondoko zuhaiztiak barne hartuz.

Ikuspuntu kuantitatibotik aipatzen da mugatutako eremua nahikoa dela 18 zuloko zelai bat hartzeko, aurkeztu diren planoetan ageri bezala, horietan azaltzen baita, adibide gisa, zelaiak izan lezakeen diseinua".

Honelako proiektuen ugaritzeari dagokionez, esan behar da Lizarrako merindadean hauxe dela lehendabizi tramitatzen den 18 zuloko golf zelaia. (Oker edo hutsunerik ezean, beste golf zelai bat baizik ez da tramitatu, Mendabian, baina 9 zulokoa da).

6. puntuari. Alegazio honen edukiaren oinarri den foru dekretuaren 5. artikuluak dioenez, "golf zelaia egitea justifikatzen duten arrazoi turistikoak, ingurumen arlokoak edo bestelakoak" zehatz azaldu behar dira. Hau da, izan litezke beste arrazoi batzuk, alegatzaileak aipatutakoez gain, golf zelaia ezartzea justifikatzen dutenak, eta arrazoi horiek azaldu dira alegazioaren 5. puntuari goian emandako erantzunean.

7., 8. eta 9. puntuei. Alegazio hauen ingurumen edukia dela eta, Ingurumen ondorioen adierazpenean dagoen erantzun bera ematen diegu.

10. puntuari. Alegatutako erabakian esaten da, bai, 128/1992 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera ez dela nahikoa aurkeztutako dokumentazioa, baina jarraian gaineratzen da agiria osatu egin behar dela foru dekretu horrek ezarritako alderdietan, eta egin ere halaxe egin da, erabaki honen IV.1.b) puntuan jasorik dagoen moduan.

II.2._Julián Hermosa Laguardia.

Edukia:

Alegatzaileak eskatzen du mantendu egin daitezela eremua zeharkatzen duten landa bideak edo UPSak kanpo-ertzetan ukitzen dituenak, edo haien ordezko trazadurak egin daitezela, bide horien zerbitzu publikoa ez murrizteko.

Erantzuna:

Planaren antolamendu berriak, sustatzaileak behin betiko onesteko bidali duenak, Perizuelas bideari jarraipena ematen dio golf zelaiaren iparraldeko mugatik. Halaber, alegazio honi erantzunez, sustatzaileari adieraziko zaio UPSaren eremuaren mendebaldeko mugan Naval bidearen eta N-111 errepidearen arteko lotunea berregitea bermatu behar duela.

II.3._Enrique Martínez Marcos.

Edukia:

1. Lehenik, alegatzaileak azaltzen du apirilaren 4ko 302/2005 Foru Aginduaren bidez behin betiko onespena ukatu zitzaiola Vianako Udalaren proposamenari. Alegatzailearen ustez, ukapenaren arrazoiek oraindik indarra dute.

Halaber, uste du UPSa osatu gabe dagoela (Gobernuaren erabakiaren testuak berak dioen bezala), eta bere alderdi guztietan osatu behar litzatekeela jendaurrean azaldu baino lehen. Horrela herritarrei egiazko Plana aurkeztuko litzaieke eta alegazioak egiteko garaian ez lukete ezjakintasunik (babes gabeziarik) izanen.

2. Alegatzaileak dioenez, enpresa sustatzailea, memoriari erantsitako eskritura publikoaren arabera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 43.3.c) artikuluak eskatzen duen %6a bermatzeko adina kapitalik gabeko sozietate mugatua da, gastuen estimazioa 16.883.060 eurokoa baita. Alegatzaileak uste du Nafarroako Gobernuak sustatzaileari Plan osoa betetzeko adinako bermeak eskatu behar dizkiola.

Udalez gaindiko plana izanik, kontuan hartu behar litzateke badirela golf zelaiak hurbileko hainbat herritan: Logroñon, Calahorran, Ciruelan, Moncalvillon eta Urturin. Galdetzen du ez ote litzatekeen kirol horren eskariari buruzko azterlana egin behar.

3. Alegatzaileak dioenez, inork ez daki zer ondorio izanen dituen UPSak Vianako antolamenduan eta zerbitzuetan eta zenbat kostatuko zaion herriari. Sustatzaileak egin beharreko zerbitzu-azpiegiturak eta entitate publikoek egin beharrekoak zein diren ezagutu behar litzateke.

4. Uste du UPSak ez dituela behar bezala aztertzen inguruko etxebizitza eskaintzan eta eskarian sortuko diren ondorioak.

5. Alegatzailearen iritziz, jarduketa udalez gaindiko interesekotzat jotzen baldin bada, ez da zentzuzkoa aldi berean ontzat ematea jarduketaren bidez Vianaren eta Logroñoren arteko harremanak sustatu daitezen eta ez Lizarrerriko hegoaldearekiko harremanak. Gainera, plana garatuz gero, Vianako gainerako sektoreak garatzeko aukerarik gabe geratuko lirateke.

6. Garatu beharreko azpiegiturei egin zaien azterketaren maila eskasa nabarmentzen du. Beraren ustez, badirudi sustatzaileari sekula ere kargarik ekarriko ez dioten konponbideak bilatu direla.

Bestalde, hornidurako ur emariaren kalkulua (14-15 l/s) argi eta garbi gutxiegi dela adierazten du. Halaber, uste du isurketa-ura ureztapenerako eta hiriko erabileretarako aprobetxatzeko aukera urriak egonen direla, inguruko ezaugarri plubiometrikoak kontuan hartuta.

Hondakin uren arazketaren inguruko zalantzak agertzen ditu, gai hori ez delako behar bezala azaldu. Araztegi berria egiten bada, ez dago argi nork ordainduko lituzkeen gastuak, nola planteatuko litzatekeen haren inpaktua, nora eramanen liratekeen isuriak...

Halaber ez du ulertzen nola Udalak ez dituen konpontzen Vianak gaur egun argindar horniduraren eta telefoniaren arloetan dituen gabeziak eta, hala ere, herrigunetik kanpoko jarduketa handiak sustatzeaz arduratzen den.

Erantzuna:

1. puntuari. Puntu honetan azaltzen den lehenbiziko gaia dela eta, gogora ekarri behar da 2006ko maiatzaren 15eko Erabakiaren I. atala ("Xedea, aurrekariak eta aurreko gogoetak"). Bertan jasotzen da, aurrekarien artean, alegatzaileak aipatutakoa, hirigintzako ekimena arautzeko prozedura berriaren nondik norakoak azaltzen dira eta prozedura hori onargarritzat jotzen da. Honela dio:

"Planaren xedea dentsitate txikiko bizileku eremu bat ezartzea da; 1.498 etxebizitza eraikiko dira, eta 18 zuloko golf zelai bat.

2004ko urriaren 28an, Vianako Udalak herri horretako Udal Planaren aldaketa puntual bat onetsi zuen; aldaketa horren xedea UPS honena bera zen.

Aldaketa horren izapideei jarraipena emateko, Vianako Udalak espediente osoa igorri zion Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, behin betikoz onets zezan. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, 2005eko apirilaren 4ko 302/2005 Foru Aginduaren bitartez, ezetsi egin zuen proposamenaren behin betiko onespena, eta horretarako, besteak beste, ondoko arrazoi hauek eman zituen:

"Vianako Udal Planari Perezuelas eremuan aldaketa puntuala egiteko proposamenak, SR-5 sektore berria definituta, berarekin dakar dentsitate txikiko bizilekuan 1.500 etxebizitza eta 18 zuloko golf zelai bat egitea; ondorioz, 150.000 metro karratu hartuko lirateke gutxi gorabehera. Aldaketa hain handia da non beharrezkoa baita udal dotazio eta instalazio guztien edukiera berraztertzea, izan ere, bertako biztanleria bikoiztu eginen baita, gutxienez. Bestalde, proposatzen den hirigintzako ereduaren egokitasuna berrikuspenaren bidez eztabaidatu behar da edo, hala badagokio, udalez gaindiko antolamendu baten esparruan.

Hautatzen den bide juridikoa berriz planteatzeaz gain, bidezkoa da proposamenaren funtsari buruz ondoko alderdi hauek aipatzea:

Proposamen horren ezaugarriak direla-eta, beharrezkoa da arrazoi objektiboak, teknikoak eta hirigintzakoak sakonago justifikatzea, eta etxebizitza-eskaeraren aurreikuspenak ere ongi justifikatu behar dira, 1.500 etxebizitza proposatzen baitira. Justifikazio horiek apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren 52.1.A) artikulan eta 128/1992 Foru Dekretuaren 6.1.E) artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen dira."

Aldaketa horren sustatzaileak eta Vianako Udalak, "udalez gaindiko antolamendu esparruari" buruz 302/2005 Foru Aginduak planteatzen duen azken alternatiba oinarritzat hartuta, hemen aztertzen ari den Udalez gaindiko Plan Sektoriala aurkeztu zuten 2005eko urriaren 20an. Haren xedea Vianako Udal Planaren aldaketa puntualarena bera zen, baita antolamenduan hainbat zuzenketa sartzea ere.

Hirigintzako ekimen hau arautzeko prozedura egokia da, aipatutako foru aginduan ezarritakoaren araberakoa, baina, hala ere, garai hartan azaldutako funtsezko hainbat kontuk indarra dute oraindik ere. Horregatik, UPSaren entzunaldian, Udalaren antolaketaren eta bertan ematen diren zerbitzuetan egonen diren eraginen analisia aurkeztuko du Vianako Udalak. Analisi horretan kontuan hartuko dira, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren departamentuen txosten sektorialak".

Alegazioaren puntu honetako bigarren gaiari buruz esan behar da espedientea osatu egin dela Nafarroako Gobernuaren erabaki horretan agindutako moduan. Erabaki horretan, bestalde, espedientea jendaurrean jarri aurretik emandako txostenak jaso dira, eta espedientea ebatzi baino lehen aurkeztu behar direnak aipatu dira. Txosten horietan edota aurkeztutako alegazioen ebazpenean beharrezkotzat jo izan balitz Planari garrantzizko aldaketak egitea _ez da hala izan_, jakina, espedientea berriz azalduko litzateke jendaurrean.

2. puntuari. Sustatzaileak La Caixaren abala aurkeztu du Construcciones Andía, S.A.ren eta Constructora Principado, S.A.ren izenean egina, gehienez, 1.051.055,92 eurokoa, Vianako SR-5 Perizuelasko sektore berriaren UPSeko urbanizazio obrak bermatzeko. Zenbateko hori 17.517.598,67 euroren %6 da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 43. artikuluak eskatu bezala.

Proiektu honetako golf zelaitik hurbil beste batzuk daudela eta kirol horren eskaria aztertu behar dela eta, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak 2006ko ekainaren 28an emandako txostena ekarri behar da gogora. Bertan esaten denez, turismoaren ikuspuntutik, eta golf zelaia publiko orokorrarentzat izanen dela ulerturik, inguruan kirol eta aisia arloko azpiegituren eskaintza gehitzea lagungarria izan daiteke Nafarroak bisitariei ematen dien irudia hobetzeko, helmuga turistiko gisa, eta are gehiago, berez izan daiteke turisten erakargarri; hortaz, ez dago inolako eragozpenik hura egiteko.

3. puntuari. Udalaren zerbitzuen eta antolaketaren gaineko eraginaz azterketa egin da eta Planari erantsi zaio, Nafarroako Gobernuaren erabakiko zehaztapenetako batean hala eskatuta. Azterketa hori lehenago egin ez izana ez zen oztopo izanen, funtsean, Plana UPS deklaratzeko eta jendaurreko azalpenaren izapidea egiteko.

Edateko uraren hornidurari dagokionez, ikus erabaki honen IV.1.a) puntuan ur hornidurari buruzko erantzuna.

Zerbitzu eta dotazioetarako, Planak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 53. artikuluan eskatutako lur erreserbak ezarri ditu. Artikulu horrek, hezkuntza eta osasun ekipamenduei dagokienez, arlo bakoitzeko departamentu eskudunen txostenei jaramon egiteko agintzen du, eta behar litezkeen gainerako dotazioak "erabilera anitzeko ekipamendua" izen orokorraren pean biltzen ditu.

Hezkuntza Departamentuaren txostenarekin bat, 0-3 urte bitartekoentzako ikastetxe bat eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat egiteko erreserbak ezarri dira. Bestalde, Osasun Departamentuak adierazi du Vianan dagoen osasun etxea birmoldatzea nahikoa izanen dela biztanle berrien osasun arloko beharrei erantzuteko.

Azkenik, esan behar da UPSean udalez gaindiko dotazio gisako lur erreserbak ere ezarri direla titulartasun publikoko etxebizitzak edo bestelako egoitzak eraikitzeko.

4. puntuari. Vianako hiri garapena, bai etxebizitza guneetan bai merkataritza eta industria guneetan, oraintsuko Udal Planean aurreikusia baino askoz arinago doa.

Lurzoru urbanizagarriko lau sektore berriak (denek batera 1.500 etxebizitza izanen dituzte) behin betiko onetsi zirenetik bi urtera, dagoeneko SR2, SR3 eta SR4 sektoreen garapena oso aurreratuta dago, SR4an urbanizazioa ia amaiturik eta SR2 eta SR3 sektoreetan Garapenerako Planeamendua onetsirik. SR-1 sektoreari dagokionez, beraren exekuzioari bultzada emateko ekimenak hasi dira.

Memorian ez da esaten etxebizitzen merkatuan eraginik ez duenik, baizik eta ez dela eraginik izaten ari Plan Orokorrean aurreikusitako hiri garapenean, zeren eta, aurrean esan denez, Planean aurreikusi baino arinago baitoa.

Egitekoak diren etxebizitzak beteko ote diren zalantzari erantzunez, eta alde batera utzita etxebizitzaren sektorean eskaintza oro har eskaria baino handiagoa dela, puntu honetan aztertzekoak ez diren arrazoiengatik, komeni da datu guztiz adierazgarri bat gogoratzea: Vianako udalerrian industriako eta zerbitzuetako jardueren hazkundea eta garapena ez dira etxebizitzen hazkunde parekoarekin batera etorri. Inguruabar horrek azalduko luke, funtsean, zein azkar garatzen ari den Udal Planean etxebizitzetarako aurreikusitako lurzorua; esaten ari garen guztiaren adibide modura, aipa dezagun 3.500 bizilagun inguru dituen herri batean 2006ko apirilaren 30ean 2.608 pertsona zeudela Gizarte Segurantzan alta emanda; datu horrek argi erakusten du jarduera ekonomikoek sortutako enpleguaren eta etxebizitza eskaintzaren arteko desoreka nabarmena.

5. puntuari. Ez dago inolako kontraesanik jarduketa bere garrantziagatik udalez gaindikotzat jotzen bada (hain zuzen ere garrantzi handia duelako tramitatzen da UPS gisa) eta aldi berean babesa ematen bazaio Logroñotik hurbil eginen delako, Vianako Udal Planeko beste aurreikuspen batzuei bezala, udalerria hiri horren eraginpeko eremuan bete-betean sarturik baitago.

Logroñok bere inguru hurbilean _ez bakarrik Nafarroan_ duen hedapen-efektutik harago, derrigorrez aitortu behar da Vianak kokapen estrategiko pribilegiatua duela. Udalerria, gainera, Ebroren Erdiko Haraneko korridorean dago, bidegurutze batetik hurbil ezin hobeki kokatua (A-68 autobidea, Donejakue Bideko autobia, NA-134 errepidea, Donejakue Bidea....) (Agoncilloko aireportua).

Ez dugu ulertzen zergatik lotu behar den udalez gaindiko eragina udalerriak Lizarrerriko hegoaldearekin izan litzakeen harremanekin. Nolanahi ere, ez dago ukatzerik eragin hori auzoko erkidegoetako udalerrietara ez ezik, Ebroko Ardatzeko eta Nafarroako Erriberagoieneko eremu nafarretara ere iritsiko dela.

Ez da zuzena esatea UPSak izan lezakeen garapenak "Vianako gainerako sektoreak, jada hirigintza prozesuan sartuta daudenak, garatzeko aukerarik gabe" utziko lituzkeela. Izan ere, lehen esan dugunez, Vianan gaur egun erritmo bizian garatzen ari dira planeamenduaren aurreikuspenak, eta hori ez da iritzi bat, gertaera egiaztagarri eta eztabaidaezina baizik: etxebizitzetarako egin diren lau sektoreetatik hirutan garapenerako planeamendua onetsi da, horietako batean urbanizazio obrak amaitzear daude eta beste bitan birzatiketa eta urbanizazio proiektuak onetsita edo onesteko bidean daude. Horrek esan nahi du epe labur edo ertainean _eta, beraz, oraindik tramitatzen ari diren UPSaren aurreikuspenekin inolako lehiarik sortu gabe_ eraiki eta merkaturatuko direla aurreikusitako etxebizitzak.

Aurrekoen osagarri, finkatu gabeko hiri lurzoruko zenbait unitate garatuta edo exekuzio bidean daude, eta, oro har, barneko berrikuntza eta birgaitze prozesu bat ikusten ari gara. Prozesu horrek ez dio trabarik egin UPSaren ekimenari, ezta burutu gabe geratu zen lehenagoko aldaketari ere.

Aldi berean, aipatu dugun etxebizitza arloko garapenari loturik, Albergueríako industrialdea ia agorturik dago, eta Udala garrantzizko plan partzial bat (80 hektareatik gorako SI3 sektorea) sustatzen ari da NA-134aren iparraldean, errepide horren eta Donejakue Bideko autobiaren artean.

Dioguna hainbesteraino da egia ezen Udalak ez baitu baztertzen herrigunearen inguru hurbilean etxebizitzetarako lurzoru gehiago izateko aldaketaren bat (eta, are mugan ere, Udal Planaren etorkizuneko berrikuspen bat) sustatzeko aukera.

Aldaketa ez zen onartu, gorago adierazi dugunez, funtsean Lurraldearen Antolamendu Departamentuak uste izan zuelako jarduketak ez zituela biltzen figura horren ezaugarriak. Ildo beretik, ezezko ebazpenean esplizituki adierazi zen bazegoela aldaketaren edukia tramitatzerik _egindako errekerimendu sektorial guztiak ebatzi eta gero_ berrikuspen gisa edo udalez gaindiko plan sektorial gisa.

Hain zuzen ere, Vianako Udal Planean aldaketa puntuala egiteko proposamenaren behin betiko onespena ukatu zuen 302/2005 Foru Aginduan honakoa adierazten da:

"Aldaketa hain handia da non beharrezkoa baita udal dotazio eta instalazio guztien edukiera berraztertzea, izan ere, bertako biztanleria bikoiztu eginen baita, gutxienez. Bestalde, proposatzen den hirigintzako ereduaren egokitasuna berrikuspenaren bidez eztabaidatu behar da edo, hala badagokio, udalez gaindiko antolamendu baten esparruan".

6. puntuari. Alegatzaileak esan duenaren kontra, azpiegiturei buruz "maila eskaseko azterketa" egin dela baieztatu baitu, UPSeko talde teknikoak bere txostenean jaso du Memoriaren 29. orrialdean dagoena: Etxeko kontsumoa 1.500 etxebizitzatarako (4.500 bizilagun inguru); 400 litro kontsumitzen badira biztanleko eta eguneko, batez besteko emaria Qm = 20 l/s, puntako emaria Qp = 48 l/s. Berdeguneen ureztapena hiri eremuan; Qm = 8,31 l/s; Qp = 66 l/s. Hiri eremuko puntako emaria guztira, Qt = 114 l/s. Datu horiek ez dute batere zerikusirik etxebizitza bateko aldiuneko emariarekin (iturri eta instalazio guztiak irekita aldi berean), eta are gutxiago 1.500 etxebizitzen aldiuneko emariarekin, bistan denez ezinezkoa baita halako egoerarik gertatzea.

Edateko uraren hornidurarako behar diren azpiegituren egileari eta kostuari dagokienez, ikus erabaki honen IV.1.a) puntuak ur hornidurari buruz dioena.

Golf zelaia ureztatzeko euri-ura eta azaleko isurketa-ura erabiltzeko proposamenari dagokionez, eta inguruko ezaugarri plubiometrikoak gorabehera, Ingurumen ondorioen adierazpenaren zehaztapenetako bat gogoratu besterik ez dago: "Golf zelaia ureztatzeko bakar-bakarrik erabiliko da baltsetan biltzen den isurketako ura, edo UHAtik sortzen diren hondakin ur leheneratuak, lehentasuna emanda azken horiei. Golf zelaia ureztatzeko ez da inola ere erabiliko Perizuelas errekako ura, ez eta Jurramendiko Mankomunitatearen edateko ura ere".

Hondakin uren arazketari dagokionez, sustatzaileak, NILSAren txosten bat ikusirik, jarduketaren zerbitzurako araztegi berri bat bere kontura egitea proposatu du.

Azkenik, argindar hornidurari eta telefono zerbitzuari dagokienez _hornitzaileak enpresa pribatuak dira_ esan behar da horien azpiegiturak sustatzaileen kontura izanen direla. Eta Vianako Udalak bere mugapean hornidura horiek gaur egun dituzten akatsak konpontzen dituen ala ez, UPS honekin zerikusirik ez duen auzia dela esan behar da.

III._Ingurumen ondorioen adierazpena

Ingurumen zuzendari nagusiak otsailaren 27ko 345/2007 Ebazpenaren bidez, UPS honen Ingurumen ondorioen adierazpena egin da. Ingurumenaren aldetik UPSa egokia dela adierazi da eta erabaki honen xedapen zatian jasotzen diren baldintzak ezarri zaizkio.

IV._Nola bete diren Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 15eko Erabakian egindako zehaztapenak.

IV.1._Erabakiaren 1.a) puntua.

Vianako Perizuelas alderdian etxebizitzak eta 18 zuloko golf zelaia egiteko jarduketa Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen duen Erabakiaren 1.a) puntuan zehaztapen hau egiten da:

_"Espedientea ebatzi aurretik, V. atalean ("Eskatutako eta ekarritako agiriak") eta VI. atalean ("Hirigintza gogoetak") aipatutako alderdi guztiak jorratu beharko dira".

A) "Eskatutako eta ekarritako agiriak" atalean aipatutako alderdiak honela jorratu dira:

_Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua. Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalaren txostenak ikusirik, adierazi du agirian zehatz azaldu behar dela zer nolako neurriak hartuko diren Naval bidearen ondoan dagoen uraska zaindu, integratu eta zaharberritzeko. Sustatzaileak galdera horri erantzuteko txostena bidali du, eta aipatu atalak txosten horren gaineko beste txosten bat egin du. Azken txosten hori 2007ko otsailaren 26koa da. Bertan ontzat ematen dira UPSean uraska zaindu, integratu eta zaharberritzeko ezarri diren neurriak, baina jarduketa horietarako arkitektura proiektu txiki bat egin behar dela eta Departamentuari oniritzia eskatu behar zaiola ohartarazten da.

_Ur hornidura. Erabakian komenigarritzat jotzen da Toki Administrazioko Departamentuari txostena eskatzea eta sustatzaileari, berriz, erantzuna, Jurramendiko Mankomunitateak 2004ko urtarrilaren 22an emandako txostenaren edukia dela eta.

Gobernuaren erabakian egin den eskaera hori Jurramendiko Mankomunitatearen txostenaren ondorio denez, bidezkoa da lehendabizi txosten horren edukia ematea, erabakian dagoen moduan. Hona zer dioen:

"Sustatzaileak entitate horren (Jurramendiko Ur Mankomunitatea) bi txosten igorri zituen. Bigarren txostena 2004ko urtarrilaren 22koa da, eta bertan ezartzen da sustatzaileak planteatutako konponbide teknikoa egokia dela. Hona hemen konponbide hori: Vianako biltegi erregulatzailetik ur-hodi independente bat egitea eta hondakin-urak Vianako HUAko instalazioetara eramatea.

Aurrekoa gorabehera _dio txostenak_ Valles Nubes S.L.k planteatutako sustapenak Vianako biztanleriaren hornidura-beharren handitze normala gainditzen du, eta, beraz, aise gainditzen du helburu horretarako gaur egun erabiltzen diren baliabideetatik egiten den hornidura-ahalmena. Ildo horretan, Mankomunitateak, konponbide gisa, Los Arcostik Vianako biltegi erregulatzailera ur-hodi berri bat egitea proposatzen du, epe ertainean Ebroko akuiferotik egiten den hornidura Lokizko akuiferoko urarekin ordezteko, horrela berme handiagoa egonen baita ur-emariari eta, batez ere, gizakientzako uraren kalitateari dagokienez. Hori dela-eta, Jurramendiko Mankomunitateak betebehar bat ezarri dio jarduketa sustatu duen enpresari, alegia, hodi horren kostuaren zati proportzionala ordaintzea, bere sustapenaren beharrei esleitutako ur-emariaren arabera.

Jurramendiko Mankomunitatearen txostenean adierazten denez, Mankomunitateak ezin du konponbide horren kostuan dagokion zati proportzionala bere gain hartu, eta, hortaz, hori egiteko baldintza da Nafarroako Gobernuak inbertsio hori dagokien Toki Azpiegituren Planetan sartzea.

UPSaren gaineko ebazpenean Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 100. artikuluak ezartzen dituen betebeharrak zehazte aldera, bidezkotzat jotzen da Toki Administrazioko Departamentuari txosten bat egiteko eta sustatzaileak Jurramendiko Mankomunitatearen txostenari erantzuteko eskatzea".

2006ko maiatzaren 19an Toki Administrazioko Departamentuko Toki Azpiegituren Zerbitzuak txosten hau bidali zuen:

_"Jurramendiko Mankomunitateak etorkizuneko ur hornidurarako egin duen proposamena ikuspuntu tekniko soiletik zuzentzat jo daiteke oro har, etorkizuneko eskariak eta kontsumorako uraren kalitatea bermatzen baititu. Beraz, ildo orokor horietan, Presio Handiko Ur Horniduraren Plan Zuzentzailearekin bateragarria izan liteke, hasiera batean.

Bestalde, zentzuzkoa dirudi behar diren azpiegiturak egiteko kostuak etorkizunerako aurreikusten diren eskarien araberako proportzioan ordaintzea; gainera, bidezkoa da, txosten honen egilearen iritziz, kontsumo motak bereiztea.

Jurramendiko Mankomunitateak emandako txostenean, ordea, hauxe proposatzen da, konponbidea planteatzeko edo gauzatzeko baldintza gisa: departamentu honek konpromisoa har dezala obraren zati bat, Jurramendiko Mankomunitatearen ustez Presio Handiko Ur Horniduraren Plan Zuzentzailean onargarritzat jo behar dena, berak kudeatzen dituen Toki Azpiegituretako Inbertsio planetan sartzea, epeak zehaztuta. Baldintza hori, sinatzailearen iritziz, ezin da txosten honetako aztergai izan".

Bestalde, sustatzaileak Jurramendiko Mankomunitatearen beste txosten bat igorri zuen, 2006ko urriaren 18koa, "informazio soilerako egina _dio txostenak_, ez entitate honentzat ez enpresa sustatzailearentzat betebehar loteslerik sortuko ez duena".

Lehendabizi adierazten da proposatutako konponbidea _Vianako biltegi erregulatzailetik urbanizazio berriraino hornidurarako ur-hodi independentea jartzea_ sustatzailearen kontura izanen dela eta obrak Jurramendiko Mankomunitatearen arau teknikoetan ezarritako irizpideei jarraituz eginen direla, Mankomunitateak onartu ahal izan ditzan.

Alabaina _gaineratzen da txostenean_ gaur egun Vianako biltegi erregulatzaileari ura ematen dioten iturriek ezin dute bermatu urbanizazio berriak behar duen emaria. Beraz, biltegiak ur iturri gehiago beharko ditu. Gainera, Vianako etxebizitza kopurua eta industria jarduera azkar hazten ari direnez (laster akuiferoaren edukiera txikiegia izanen da) eta, batez ere, akuiferoak nitratoz kutsatzeko arrisku handia duenez, Mankomunitateak oraingo iturri horren ordez ura Lokizko akuiferotik ekartzea proposatu du. Horretarako hodia egin nahi da Los Arcostik Vianako biltegi erregulatzaileraino. Hodi horren neurriak kalkulatzerakoan Perizuelasko 1.500 etxebizitzak hornitzeko adinako emaria aurreikusi da, eta sustatzaileek dagokien zatia finantzatu beharko dute. Mankomunitateak eskatu du inbertsioa Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren 2005-2008 aldirako Azpiegitura Planean sar dadila, hori bideragarria baita Nafarroako herrietako Presio Handiko Ur Horniduraren Plan Zuzentzailearekin.

Ildo horretan adierazgarria da UPSeko teknikariek alegazioei buruzko txostenean esandakoa, Mankomunitatearen arrazoibideekin bat: Los Arcostik ura ekartzea "honezkero beharrezkoa da Vianako Udalarentzat, uraren kalitatea zaintzeko eta etxebizitza kopuruaren, industriaren eta zerbitzuen hazkundeari aurre egiteko, Perizuelasko proiektua egin zein ez".

Laburpena:

a) Vianako biltegi erregulatzailetik Perizuelasko sektoreraino hodia egitea betiere sustatzailearen kontura izanen da.

b) Vianako biltegi erregulatzailearen iturriak gehitu ezean, ezin izanen da behar bezala hornitu Perizuelasko sektorea, ezta Vianako etorkizuneko etxebizitza eremu berriak ere.

c) Gabezia horiek konpontzeko eta, gainera, uraren kalitatea hobetzeko, Mankomunitateak uste du iturri berriak erabili behar direla eta Vianako biltegira behar adina ur eraman behar dela Los Arcostik eginen den hodiaren bidez. Sustatzaileek horretan dagokien zatia ordaindu beharko dute.

d) Alabaina, hornidurarako konponbide teknikoa badagoen arren, Mankomunitateak konponbide hori ezar dezan, Mankomunitateak berak eskatutako baldintza bete behar da, alegia, Toki Azpiegituretako Inbertso Planean sartzea.

e) Beraz, Perizuelasko sektorerako aurreikuspenak bete ahal izateko, edo itxaron egiten da Mankomunitateak konponbide tekniko horiek ezarri arte, edo sustatzaileak lehenago ezartzen ditu, bere baliabideekin; Mankomunitateari dagozkion inbertsioak geroago berreskuratuko lituzke.

_Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua. Erabakian komenigarritzat jotzen da sustatzaileari trafikoaren gaineko azterlan bat eta aipatu departamentuaren beste txosten bat eskatzea.

Sustatzaileak aurkeztutako agiri berriak ikusirik, 2006ko abenduaren 27an Herri Lan zuzendari nagusiak Zuzendaritza Nagusiko zerbitzu teknikoen txostenak ematea ebatzi zuen. Txosten horietan sektoreko sarbidea egiteko zehaztapenak egin ziren, besteak beste honako hauek:

a) Ez da onartzen biribilgunearen kanpoaldean Logroño-Iruña norabidean diseinatutako errei gehigarria.

b) Onargarritzat jotzen da 40 metroko barne-diametroa duen biribilgune itxia. Errepidera doazen bide guztiek biribilgune horretatik igaro behar dute eta biribilgunera sartzeko erreiek behar adinako luzera izan behar dute errepideko trafikoari inoiz ere trabarik ez egiteko.

c) N-111 errepidean proiektatu den zuzeneko erreia, biribilgunea inguratzen duena, luzatu egin behar da, paraleloko tipologia izan behar du, eta araudiarekin bat datorren luzera izan behar du.

d) Sarbidea egiteko eraikuntza proiektua departamentu honetan aurkeztu behar da onets dadin.

e) Urbanizazio proiektu honetan kutsadura akustikoari buruzko azterlana sartu behar da, eta, behar izanez gero, zarata gutxitzeko neurriak ezarri behar dira, 135/89 Foru Dekretua beteko dela bermatzeko moduan. Neurri horiek urbanizazio proiektuaren barnean finantzatu behar dira.

_Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Turismoaren Sektorea Sustatu eta Antolatzeko Zerbitzuak emandako txostena.

2006ko ekainaren 28an zerbitzu horrek txostena eman zuen. Bertan esaten denez, turismoaren ikuspuntutik, eta golf zelaia publiko orokorrarentzat izanen dela ulerturik, inguruan kirol eta aisia arloko azpiegituren eskaintza gehitzea lagungarria izan daiteke Nafarroak bisitariei ematen dien irudia hobetzeko, helmuga turistiko gisa, eta are gehiago, berez izan daiteke turisten erakargarri; hortaz, ez dago inolako eragozpenik hura egiteko. Etxebizitza eremuko jarduketari dagokionez, txostenean adierazten da turismoko ostatu azpiegituraren bat ezartzen bada horren inskripzioa lortu behar dela Nafarroako Turismo Erregistroan (Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 13. artikulua eta hurrengoak).

_NILSAren txostena, ur saneamenduari eta hiri hondakinen bilketa eta tratamenduari buruzkoa.

2006ko abuztuaren 31n emandako txostenean NILSAk dio ez dela onargarria hondakin urak isurtzeko proiektatu den konponbidea, bizilagun berriak oraingoak bezainbeste edo gehiago izanen direlako eta HUAren edukiera 25 urterako kalkulatu zenean biztanleriaren urtez urteko hazkunde mailakatua hartu zelako kontuan. Ondorio gisa gomendatzen du araztegi berria egin dadila, hondakin urak bertaraino ponpatzeko energia kontsumo handirik behar ez duen motakoa, eta adierazten du araztegi berria egiteko inbertsioek garapen eremu berriaren kontura izan behar luketela, baina Saneamendu Plan Zuzentzailean diseinuari buruz ezarritako irizpideei jarraitu behar zaiela, gero araztegiaren funtzionamendua eta mantentzea Planean sartu ahal izateko.

Txosten hori ikusirik, sustatzaileak beste agiri bat aurkeztu du jarduketa eremutik 370 bat metro hegoaldera araztegia egitea proposatzeko, eta dotazio hau kalkulatu dio: 150 litro biztanleko eta eguneko.

B) "Hirigintza gogoetak" atalean aipatutako alderdiak honela jorratu dira:

_Planaren edukia. Erabakian adierazten zen Planean jaso behar zirela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 43.3 artikuluko a, b eta c ataletan eskatutakoak: jarduketaren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlana eta hura exekutatzeko aldez aurretik jotzen den denbora; jarduketaren ondoriozko beharkizunak betetzeko sustatzaileak dituen konpromisoak, eta beharkizun horiek betetzeko bermeak, zeinak ezin izanen baitira izan zerbitzuak ezartzeko eta urbanizazio lanak exekutatzeko ateratzen den kostuaren %6 baino gutxiagokoak.

Zehaztapen horri erantzunez, sustatzaileak etapakako plana aurkeztu du (bertan 8 urteko epea ezarri du eremua erabat urbanizatzeko). Gainera, eremua urbanizatzeko kostuak eta urbanizatutako lurren gehieneko balioa zenbatetsi ditu, eta proposamena ekonomikoki bideragarria dela ondorioztatu du.

Halaber, sustatzaileak 1.051.055,92 euroko abala bidali du Planeko urbanizazio obrak bermatzeko.

_Eremu libre publikoak.

Erabakian eremu horiei buruz egin ziren gomendioetako bati erantzunez, sustatzaileak zerrenda berde bat lekuz aldatzea proposatu du: etxebizitza sektoreko sarreran ekipamendu publikoetarako dauden lurzatien iparraldean, hasieran proposatu zen bezala, kokatu ordez, zeharkako bidearen hegoaldean kokatzea, dotazio publikoetarako lurzatien eta sektoreko ekialdeko etxebizitza kolektiboen artean.

_Ekipamendu eta dotazio komunitarioetarako erreserbak (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen 53.5 artikulua).

Erabakiari erantzunez, sustatzaileak bideen diseinua aldatu du: eremuko lehenbiziko biribilgunean beste bide bat erantsi du, etxebizitza eremuko sarreran erabilera anitzeko ekipamendu publikorako dauden lurzatietara doana eta aparkaleku batean amaitzen dena. Halaber, uholdeak izaten diren aldean zegoelako, lekuz aldatu du Perizuelas errekaren bazterreko zerrenda berdearen ondo-ondoan iparralderago aurreikusita zegoen ekipamendu lurzatia eta eremuko erdialdean kokatu du, N-111tik golf zelaiko sarrerara doan bidearen ezkerraldean.

_Aparkalekuen aurreikuspena:

Aparkalekuei dagokienez, UPSak horien kopurua legez ezarritako ereduekin bat datorrela justifikatzen du. Hala ere, Erabakian honakoa justifikatzeko eskatu zen: eraikin kolektiboetako garajeetako sarrerek, familia bakarreko etxebizitzen lurzatietako sarrerek eta zaborrontziek ez dutela eragotziko eremu publikoan aparkatzeko behar adina leku izatea. Eskaera hori ez da bete; hala ere uler daiteke horren barneko zenbait alderdi urbanizazio proiektuan zehaztu behar direla neurri handian. Beraz, urbanizazio proiektuan eman beharko dira arazo horietarako konponbideak.

_Hezkuntza edo osasun ekipamendurako erreserbak. Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak 2006ko ekainaren 21ean emandako txostenean egokitzat jo zituen hezkuntza ekipamenduetarako proposaturiko eremuak eta kokalekuak. Txosten horretan 0-3 urte bitartekoentzako ikastetxe baterako eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako beste baterako kokalekuak proposatzen dira; Planean kokaleku horiek jarriko dira.

Bestalde, Osasun Departamentuko Osasun Laguntzaren Zerbitzuak ondorio hauek atera zituen 2005eko irailaren 16ko txostenean: "Hirigintzako jarduketa honek osasun baliabideak gehitu beharra ekarriko du; gehikuntzaren neurria edozein izanda ere, osasun etxeko plantilla handitu beharko da, arratsaldez ireki beharko baita, landa eremuetako osasun etxeetan ohi ez bezala, edo oraingo osasun etxea birmoldatu beharko da. Proposatzen den hirigintzako jarduketa berrian lurrak erreserbatuko balira, eremua herrigunetik 2 km-ra dagoenez, horrek ez luke arazoa konponduko, ez lur horietan kontsultategia eraikita, Vianako osasun etxera dagoen distantziak ez baitu justifikatzen, ezta oraingoaren ordezko osasun etxe berria eraikita ere, nahikoa baita oraingo osasun etxea birmoldatzea".

Txosten horien edukia kontuan harturik, espedientea ebazteko aurkeztu den agirian aurreikuspen hauek egiten dira: 9.441 m² hezkuntza ekipamendurako (bi erreserba, 6.487 m² eta 2.954 m²); eta 22.304 m² erabilera anitzeko ekipamendurako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeak eskatutakoarekin bat (10 m² etxebizitzako edo 10 m² etxebizitza-erabilerarako eraikitako 100 m²-ko, kasu honetan 21.159,40 m²).

_Nafarroako Komunitatean golf zelaiak ezartzeko lurralde eta hirigintza baldintzak arautzen dituen martxoaren 30eko 128/1992 Foru Dekretuan oinarrituta, Erabakiak zenbait alderdi zehazteko eskatu zuen. Horri erantzunez, sustatzaileak "Vianan 18 zuloko golf zelaia egiteko aurreproiektua" aurkeztu du.

Agiri horretan honakoak aurreikusten dira: 3 paretik 5 parera bitarteko 18 zulo izanen dituen golf zelaia, 23.000 m²-ko praktika zelaia, Gizarte Kluba, eta 120.841 m² inguruko kontserbazio eremua. Corral de Atilanotik gertu dagoen muinoa joko eremutik kanpo utziko da, sastrakadi mediterraneoaren eta muino horretan aurkitu den Thymus loscosii espeziearen gaineko eragina saihesteko. Foru dekretua betez, golf zelaiaren azalera osoaren %20 hartuko da zuhaiztien sorrerarako.

UPSeko memorian, golf zelaia tantaka ureztatuko duen sarerako ura lortzeko konponbide hau proposatzen da: zelai horretako maldetatik behera isurtzen den ura biltzea zelaian bertan sakabanatutako putzu txikietan. Konponbide osagarri gisa, udal sareko biltegitik ura hartu ordez (hasierako agirian aipatzen zen bezala), orain proposatzen da etxebizitza eremuko euri urak eta hondakin urak erabil daitezela, proposatutako araztegi berrian tratatu eta gero.

Aurreikuspen ekonomikoei dagokienez, sustatzaileak 5.356.880 euroko aurrekontu aurrerapena bidali du eta obrek gutxi gorabehera 18 hilabete iraunen dutela adierazi du.

IV.2._Erabakiaren 2. puntua.

Puntu horrek honela dio: "Vianako Udalari agintzea, espedientea tramitatzen denean eta eskatutako txosten sektorial guztiak hartu ondoren, udalerriaren antolamenduan eta bertan ematen diren zerbitzuetan izanen duen eraginari buruzko azterlan bat egin eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aurkez diezaiola".

Horren haritik Vianako Udalak egindako azterlan ekonomikoa aurkeztu da, UPSaren garapenak Udalari ustez ekarriko dizkion ondorio ekonomikoak aztertzen dituena. Azterlana Planaren 8 urteko garapen aldiari begira egin da, kontuan izanik Planaren hirigintza-garapenak Udalari ustez ekarriko dizkion diru sarrerak eta gastuak. Atal banatan aztertu dira diru sarrerak (egiturazkoak eta arruntak bereiziz) eta gastuak (ekipamenduetako inbertsioa eta gastu arruntak bereiziz).

Hona azterlanaren ondorioak: "Vianako Udalak ur hornidura eta zaborrak biltzeko zerbitzua Jurramendiko Ur Mankomunitatearen bidez ematen ditu, saneamendua NILSAren bidez, hirigintza zerbitzuak Estellerriko ORVEren bidez, lorezaintza zerbitzua kanpoko enpresa baten bidez, udal eraikinak garbitzeko zerbitzua funtzionarioen bidez eta azpikontrata baten bidez, eta udal haurtzaindegiko zerbitzuak ere kanpoko enpresa baten bidez.

Beraz, uste dugu zerbitzu horietarako kanpoan kontrata gehiago eginen liratekeela, beharren arabera.

Funtzionarioei dagokienez, Udalak uste du behar denean plantilla organikoa handitu eginen dela kaleak garbitzeko, bulegoak administratzeko eta albiente gehiago jartzeko, beharrak sortu ahala.

Makineriari dagokionez, kaleak garbitzeko beste makina bat erosiko da, eta behar diren ibilgailuak albienteentzat eta zerbitzu anitzetarako; horiek ere gehitu eginen dira, Udal Planeko unitate berrietan eta Perizuelasko sektorean biztanle kopurua hazten den heinean; azken kasu horretan, txosten honetan ageri denez, Vianako Udalak kalkulatu du batez beste 250 euroko gastua eginen duela biztanleko eta urteko".

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko martxoaren 2an emandako txostenarekin bat etorririk, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraituz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioen gainean ebaztea erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Vianako Perizuelas alderdian etxebizitzak eta 18 zuloko golf zelaia egiteko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Vianako Udalak eta Valles Nubes S.L.k sustatua, onestea, eta zehaztapen hauek egitea:

a) Sektorea urbanizatzeko proiektuan, presio handiko uraren hornidurarako konponbide gisa, Mankomunitateak proposatutako hornidura iturri berria jaso behar da, eta proiektua bete ahal izateko baldintza izanen da konponbide hori ezartzea.

b) Vianan egun dagoen biltegi erregulatzailetik urbanizazio berriraino ura eramateko hodia sustatzailearen kontura jarriko da eta Jurramendiko Mankomunitatearen arau teknikoetan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

c) Higiezinen salerosketarako bideratu daitekeen irabazteko aprobetxamenduaren %10a urbanizazio kargarik eta beste inongo kargarik gabe lagako zaio Vianako Udalari.

d) Planak ezartzen duen gehieneko etxebizitza kopuruaren zehazgabetasuna dela eta, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, behin-behineko kalifikazioa edo eraikuntza proiektuei buruzko txostena eman aurretik, sustatzaileei eskatzen ahalko die legezko ereduak bete ditzatela, benetan proiektatutako etxebizitzen kopuruaren arabera.

e) Pertsona bakoitzaren mugikortasuna guztien interesarekin uztartze aldera, Nafarroako Lurralde Estrategian azaltzen diren irizpideekin bat, sustatzaileak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan izapideak eginen ditu errepideko jabari publikoko eremuan oinezkoentzako bidea eta bidegorria egin ahal izateko jarduketaren eremutik Vianako herriguneraino. Horren proiektua UPSeko urbanizazio proiektuari erantsiko zaio. Helburu berarekin, urbanizazio proiektuan sektoreko txirrindularientzako bidegorriak eta ibilbideak jaso behar dira.

f) Pertsona bakoitzaren mugikortasuna guztien interesarekin uztartze aldera, Nafarroako Lurralde Estrategian azaltzen diren irizpideekin bat, sustatzaileak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan izapideak eginen ditu N-111 errepidearen ondoan oinezkoentzako bidea eta bidegorria egin ahal izateko jarduketaren eremutik Vianako herriguneraino. Horren proiektua UPSeko urbanizazio proiektuari erantsiko zaio. Babes fisikoren bat diseinatuko da ibilgailu motordunak oinezko eta txirrindularientzako eremuan sar ez daitezen, bideek behar adinako sekzioa izanen dute beren funtzioa betetzeko, eta oinezkoentzako hiri bideen ezaugarriak izanen dituzte, zoladurari, argiei eta beste elementu batzuei dagokienez. Helburu berarekin, urbanizazio proiektuan etxebizitza sektorearen barneko txirrindularientzako bidegorriak eta ibilbideak jaso behar dira.

g) Sustatzaileak bermatu egin behar du UPSaren eremuaren mendebaldeko mugan Naval bidearen eta N-111 errepidearen arteko lotunea berregitea.

h) Urbanizazio proiektuan, zaborrontzi, garajeetako sarrera eta abarrekoak jartzeko kendu behar diren aparkalekuak beste toki batzuetan jarriko dira.

i) Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2006ko abenduaren 27an emandako txosteneko zehaztapenak beteko dira.

j) Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak 2006ko ekainaren 21ean emandako txosteneko zehaztapenak beteko dira.

k) Naval bidearen ondoan dagoen uraska zaindu, integratu eta zaharberritzeko arkitektura proiektu txikia eginen da, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren oniritzia beharko du.

l) Hondakin uren araztegi berria egin aurretik NILSAk berari buruzko txostena eman beharko du.

3. Ingurumen zuzendari nagusiak 2007ko otsailaren 27an emandako 345 zenbakiko Ebazpenaren bidez UPSaren Ingurumen ondorioen adierazpena egin da. Adostasunezko adierazpena da, baina baldintza batzuk ezartzen ditu eta horiek bete egin behar dira:

a) 2006ko azaroko testu bategineko planoetan mantendu dira bi etxebizitza, urak hein batean hartzen ahal dituenak 500 urtera bitarteko birgertatze-aldian. Bi eraikin horiek mantentzen badira urbanizazio proiektuan haiek defendatzeko egiturazko neurriak proiektatu beharko dira, aipatu birgertatze-aldirako. Hori guztia, ukatu gabe Administrazio Publikoetako beste organo batzuek eman behar dituzten lizentzia edo baimenak, edo Arroko Erakundeak txostenean dioena, uren jabari publikoaren defentsari eta korronteen erregimenaren zaintzari buruz dituen eskumenak betetzeko.

b) Ingurumen ondorioen adierazpen honek ez dakar berarekin baimenik ur eta elektrizitate hornidurako obretarako, ez eta UPSarekin lotuta dagoen HUArako ere. Proiektu horiek tramitatzeko dagozkien ondoko agiriak aurkeztu behar dira: Ingurumen ukipenenen azterlanak edo jarduera sailkatuaren proiektua, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 2C eta 4C eranskinen arabera. Bertan sartuko dira neurri zuzentzaileak eta lehengoratzeko proiektua, aipatu foru legean ezarritakoari jarraikiz.

c) "Perezuelas-Nabal-Cuevas-La Orden iraganbidea lehengoratzeko proiektuak" Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren onespena eduki behar du, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean biltzen den moduan. Altxonbideko lurzatia erregistratzea sustatzailearen kontura izanen da.

d) 2007ko abenduaren 31 baino lehen ondoko azterlanak aurkeztu behar dira:

d1) Berariazko azterlana, Thymus loscosii eta Orchis papilionacea UPSak ukitzen duen aldean ote dauden ikusteko.

d2) Berariazko azterlana, UPSaren esparruan dauden baltsetako faunari eta florari buruzkoa.

e) Baltsetako faunari buruzko azterlanak ezarriko ditu baltsa horietan jarduteko datak, eta intereseko fauna baltsa berrietara eramateko har litezkeen neurriak.

f) Florari buruzko azterlanak bereziki begiratuko du gol zelaiko iparraldea eta hegoaldea lotzen duen alderdia. Lotzeko bide horren zuinketan florako espezialista bat egonen da obran bertan, alderdian dagoen Thymus loscosii espeziearen gaineko ukipena ekiditeko.

g) Golf zelaia ureztatzeko bakar-bakarrik erabiliko da baltsetan biltzen den isurketako ura, edo UHAtik sortzen diren hondakin ur leheneratuak, lehentasuna emanda azken horiei. Golf zelaia ureztatzeko ez da inola ere erabiliko Perizuelas errekako ura, ez eta Jurramendiko Mankomunitatearen edateko ura ere. Izan ere, UHAk leheneratutako urak erabiltzen ahal dira eta haien bidez egoera gainditu eskasia dagoen uneetan, Ingurumen ondorioen azterlanak aipatzen dituen horietan.

h) Golf zelaiak ezin badu hartu lehengoratzen den hondakin ur guztia, bakarrik frogatutako arrazoiengatik ezinezkoa denean edo biltzen diren inguruabarretan neurritik kanpoko aukera dela ulertzen delako, isurketa ibilgu publikora eginen da. Horretarako Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskuratu beharko da.

i) Obrek ez dituzte ukitu behar landaredi naturaleko alderdiak, UPSak jarduketatik salbuesten dituenak, alegia, ondoko hauek: sastraka mediterraneoa duten mazelak eta Perizuelas errekako ertzak. Beraz, alderdi horietan ez dira makinak ibiliko eta ez da hondakindegirik edo pilaketarik ezarriko.

j) Aurkeztu den eragin akustikoaren azterlanean ezartzen den bezala, lur-meta bat, gutxienez ere 2 metroko altuerarekin, paratuko da bazterbidetik bost metrora, urbanizatu behar den eremuak N-111 errepidearekin duen mugan barna, trafikoak etxebizitzen gainean ahalik eta eragin akustiko txikiena izan dezan.

k) Eraikitzeko proiektuak Naval bidearen ondoan dagoen uharka zaindu, integratu eta zaharberritzeko neurriak zehaztu beharko ditu.

l) Jarraipen arkeologikoa eginen da, UPSa eta urbanizazio berriak behar dituen zerbitzuak eta azpiegiturak burutzeko jarduketa guztietan, baldin eta lurren mugimenduak behar badituzte. Jarraipen horren ondoriozko txostenak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari emanen zaizkio.

ll) Perizuelas sakanean ur-bazterreko landaredia lehengoratzeko ondoko espezieak erabiliko dira: Populus alba, Populus nigra, Fraxinus angustifolia, Tamarix gallica, Sorbus domestica, Cornus sanguinea, Crataegus monogyna, Ligustrum vulgare eta Prunus spinosa. Zuhaitzen tamaina, gutxienez ere, 10/12 izanen da eta ondokoak ere gehituko dira: ongarritzea, landatutakoa ureztatzea eta hutsarteak betetzea lehenbiziko urtean.

m) Debekaturik dago ura, bereziki Las Cañasko urtegian, kutsatu edo ingurua hondatzeko arriskua sor dezaketen isurketak egitea zuzenean nahiz zeharka, eta eremuko arroetako ura deribatzea, urtegi horren funtzionamendua eta erregimen hidrikoa ukituak geratzen badira.

n) Linea eta instalazio elektriko berriek, betiere beteko dituzte Apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan agertzen diren babes neurriak. Dekretu horren bidez arau tekniko batzuk ezarri zitzaizkien instalazio elektrikoei, hegaztiak babesteko.

ñ) Perizuelasko errekako txukuntasun eremuan garatzen diren UPSko jarduketa guztiek Ebroko Ur Konfederazioaren baimena beharko dute.

o) Indusketatik sobran gelditzen diren lurrak baimendutako hondakindegi batera eraman beharko dira.

4. Oro har, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 100.c) artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, jarduketa eremutik kanpoko sistema orokorrekin konektatzeko azpiegituren kostua sustatzailearen kontura izanen da eta, behar izanez gero, berak egin beharko ditu azpiegitura horiek, eta, jarduketaren ondorioz beharrezkoa bada, aipatu sistemak handitzeko edo sendotzeko obrak ere egin beharko ditu, bai UPSaren barnekoak bai geroko azterlan edo beharren ondorioz egin litezkeenak.

5. Egin asmo diren obren exekuzioa ukitu edo baldintzatu dezaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileek behar diren baimen guztiak eskuratu beharko dituzte, garaia denean.

4. Plan honetako urbanizazio proiektua eta bere kudeaketa tresnak tramitatu eta onestea Vianako Udalari dagokio. Hala ere, proiektu hori behin betiko onetsi aurretik, Vianako Udalak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari txostena aurkeztuko dio, erabaki honetan urbanizazio proiektuari buruz egindako zehaztapenak bete direla frogatzeko.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari, Toki Administrazioko Departamentuari, Hezkuntza Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzari, Turismo eta Kultura zuzendaritza nagusiei eta Etxebizitza Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Erabaki hau sustatzaileei, Jurramendiko Ur Mankomunitateari, NILSAri eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartaraztea erabaki honek administrazio bidea agortzen duela eta beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Erriberrin, 2007ko apirilaren 16an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0706526