60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CORELLA

Corellako udalerriko taxi zerbitzua arautzen duen ordenantza

ZIOEN AZALPENA

2005eko uztailaren 16an, indarra hartu zuen Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legeak. Lege horren lehen xedapen gehigarriak ezarri zuenez, Udalerri guztiek, Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan sartzen direnek izan ezik, beren ordenantzak foru lege honetan xedatutakoaren arabera egokituko dituzte, foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean.

Corellako Udalak 2006ko abenduaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi da ordenantza hau.

Ordenantza honek lau titulu, bi xedapen iragankor eta azken xedapen bat ditu.

Lehen tituluak arautzen du ordenantzaren xedea, haren aplikazio esparrua eta eskumena duen administrazioa.

Bigarren tituluak arautzen ditu lizentziak, zerbitzua egiteko gaitasuna ematen duten tituluak diren aldetik; lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasuna; haien indarraldia, ikus-onetsia, etendura eta iraungipena; lizentzien eskualdatzea, baita lizentzien erregistroaren sorrera ere.

Hirugarren tituluak arautzen ditu zerbitzua egiteko baldintzak, eta alde horretatik zehazten du zein diren jardueran aritzeko baldintzak, gidarienak, ibilgailuenak eta zerbitzua egiteko moduarenak.

Laugarren tituluak arautzen du zerbitzuaren gaineko ikuskatzailetza, baita erabiltzaileen erreklamazioak ere.

LEHEN TITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Ordenantza honen xedea da Corellako udal mugapean hiriko taxiak egiten dituen zerbitzuak arautzea.

2. artikulua. Administrazio eskuduna.

Corellako udal mugapean, taxi zerbitzua batera antolatu eta kudeatzea Corellako Udalari dagozkio.

BIGARREN TITULUA

Lizentziak

I. KAPITULUA

Lizentzia, gaitasuna ematen duen titulua

3. artikulua. Lizentziak.

1. Hiriko taxi zerbitzua udal mugapean egin ahal izateko, behar den lizentzia eskuratu beharko da aitzinetik.

2. Corellako udalerrian taxi zerbitzua egiteko lizentzia emateko eskumena Corellako Udaleko alkatearena da.

II. KAPITULUA

Lizentzia kopurua

4. artikulua. Erreferentzia-indize orokorra.

1. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra, udalerrian, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 8. artikuluan xedatuari jarraikiz finkatu da.

2. Erreferentzia-indize orokorraren aldaketa, betiere, Lege horren 9. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz eginen da.

III. KAPITULUA

Lizentziak emateko araubidea eta haien titulartasunaren gainekoa

5. artikulua. Emateko prozedura.

1. Udalak emanen ditu hiriko taxi zerbitzua egiteko lizentziak, lehiaketa bidez, horiek eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei eman ere.

2. Udalak deialdiaren oinarriak onetsiko ditu, eta haietan zehaztuko dira segitu beharreko prozedura eta esleipenetarako baloratu beharreko merezimenduak, betiere printzipio hauek bermatuko dituztenak: publikotasuna, aukeren berdintasuna, lehia librea eta bereizkeria eza. Nolanahi ere, emateko prozeduran emakumea taxiaren sektorean sartzea bultzatzeko jarduketak eginen dira. Deialdiaren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

3. Lehiaketa egin ondoan, puntu berdinketarik bada hainbat lehiatzaileren artean eta haien kopurua eman daitezkeen lizentziak baino gehiago badira, gelditzen diren lizentziak deialdiaren oinarrietan zehazten den gisara emanen dira.

6. artikulua. Lizentzien titulartasuna.

1. Lizentziareren titularrak debeku du hura laga edo errentan ematea, izatez edo zuzenbidezko edozein formula erabilita ere, batere ukatu gabe lizentzia eskualdatu ahal izatea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluaren ariora.

2. Lizentzia baten titularra izateko, erantzukizun zibila estalirik izan behar da gutienez ere 50.000.000 euroraino.

7. artikulua. Ibilgailuen atxikipena.

1. Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin baterako izanen da. Ibilgailua matrikularen bidez identifikatuko da.

IV. KAPITULUA

Lizentzien indarraldia, ikus-onespena eta etendura

8. artikulua. Indarraldia.

1. Taxi lizentziek ez dute epe mugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, haien titulartasun eta ustiapenerako funtsezko baldintzak bete beharko dira betiere.

2. Udalak noiznahi begiratu ahal izanen du taxi lizentziak eskuratzeko eskatu ziren baldintzak betetzen ote diren, eta horretarako horien gainean beharrezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkie titularrei, aldez aurretik eskatu ere.

9. artikulua. Ikus-onespena.

1. Lizentziaren ikus-onespenaren bidez Udalak urtero egiaztatzen du betiere betetzen direla lizentzia emateko hasiera batean arrazoi izan ziren eta hura baliozko egin zuten baldintzak, baita hasieran eskatu gabe ere orobat bete behar direnak ere, hori guztia batere ukatu gabe Udalak ikuskapena egiteko noiznahi duen ahalmena.

2. Alkatetzaren ebazpenaren bidez arautuko dira lizentziak ikus- onesteko behar diren tramite, agiri eta gainerako baldintzak.

3. Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin bada, administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak ordaindu izana nahitaezko baldintza izanen da, betiere, ikus-onespena emateko.

10. artikulua. Etendura.

1. Taxi lizentzien titularrek lizentziaren etenaldia eskatu ahal izanen dute, bi urterako gehienez. Frogatu beharko dute eri daudela, istripua izan dutela, ibilgailua hondatua dagoela edo hilabetetik goitiko aldian zerbitzua egitea eragozten dien bertze zerbait gertatu dela.

2. Etendura eskariarekin batean, hura funtsatzen duen egoeraren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

3. 9/2005 Foru Legearen 12.6 artikuluko kasuan, lizentzia etenik geldituko da harik eta oinordekoak zuzenean ustiatu edo eskualdatzen duen arte.

11. artikulua. Iraungipena.

1. Taxi lizentziak legeetan ezartzen diren arrazoiengatik iraungiko dira.

2. Lizentziak iraungitzeko, administrazio espediente bat ireki beharko da eta hura, interesdunak berme handiagoa izan dezan, zehapen prozedurari buruzko arauak erabiliz tramitatuko da.

3. Prozedura hura tramitatzen den bitartean, zehapen espedientea irekitzeko eskumena duen organoak komenigarri iruditzen zaizkion behin-behineko neurriak hartuko ditu.

4. Komenigarria izateagatik lizentzia baliogabetzen bada, iraungitzeko behar den espedientea ireki aitzin eskainiko da titular interesdunek beren lizentziari uko egiteko aukera, zer baldintzatan baliogabetuko den, horiexetan beretan.

V. KAPITULUA

Lizentzien eskualdatzea

12. artikulua. Eskualdatzea.

1. Udalak aitzinetik baimena emanez gero eskualdatzen ahal dira hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentziak, betiere erosleak betetzen baditu ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean eskatzen diren baldintza guztiak.

2. Eskualdatzea baimentzeko baldintza izanen da honako hauek egitea:

_Lizentziari atxikitako ibilgailuari baja eman beharko zaio taxi gisa, lizentziarekin batean eskualdatu ezik.

_Zer ezaugarri eta baldintzari esker eman zen lizentzia, haiexei kontu beharko die ibilgailu berriak, non ibilgailu bera eskuratzen ez den lizentziarekin batean.

_Aldez aurretik, eskualdatzaileak ordainduak izan beharko ditu toki entitateak eskatzen ahal dituen tributuak, taxi zerbitzuaren jarduerarekin berarekin ikusteko duten neurrian, eta, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen kontrako arau-hausterik egin baldin badu, ordainduak izan beharko ditu administrazio bideari bukaera ematen dion ebazpenaren bidez ezarritako diru bidezko zehapenak.

3. Lizentziak ez dira eskualdatzen ahalko eskualdatzea debekatzeko behin-behineko neurri baten eraginpean badira, edo bahitura baten eraginpean badira, debekua edo bahitura kentzen ez diren bitartean. Eskualdatzea ere ez da baimenduko baldin eta lizentziaren titularrak Udalarekin taxi zerbitzuarekin ikusteko duten zorrak kitatu gabe baditu.

4. Eskualdatzeko eskaeria batera egin beharko dute titularrak eta eskuratzaileak. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

5. Lizentzia eskualdatzen duena 10 urtean ez da bertze lizentzia baten titular izaten ahalko.

6. Hona hemen eskualdatzea baimentzeko prozedura:

a) Eskuratzaileak eta eskualdatzaileak sinaturiko eskabidea eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 6 eta 12. artikuluetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak aurkeztea.

b) Behin-behineko baimena.

c) Gainerako agiriak aurkeztea, bereziki 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluko 5. atalari dagokiona.

d) Behin betiko baimena.

VI. KAPITULUA

Lizentzien erregistroa

13. artikulua. Lizentzien erregistroa.

1. Lizentziak erregistro batean inskribaturik daude eta hartan jasoko da:

_Lizentzia zenbakia eta titularraren identifikazio datuak.

_Lizentziaren esleipenaren berezko ezaugarri eta baldintza berariazkoak.

_Hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimena, halakorik bada, baimena zein egunetan eman zen eta zenbat denboratarako balio duen adierazita.

_Lizentziari atxikitako ibilgailua; marka, modeloa, aldaera, mota eta homologazioa; matrikula eta bastidore zenbakia;zer egunetan matrikulatu zen eta zer egunetan atxiki zen lizentziari; ibilgailuen azterketa teknikoak (IAT) zenbat denboratarako balio duen eta azken azterketa zer egunetan egin zen; ibilgailuaren aseguruaren datuak, jarleku kopurua, ibilgailua egokiturik ote den aulki gurpildunean doazen erabiltzaileak garraiatzeko; erabiltzen duen erregai mota, eta lehiaketan eskaini diren ezaugarriak.

_Soldatapeko gidaria, halakorik bada, eta haren ezaugarrien gaineko datuak, lan araubidea, eta dedikazio mota, Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluko 1. atalari jarraikiz.

_Ibilgailuan erabiltzen den taximetroa, marka eta modeloa, fabrikatzailea, paratu duen lantegia, taximetroaren identifikazio zenbakia, azken ikuskapena zein egunetan egin zen eta zenbat denboratarako balio duen adierazita.

_Bertzelako elementuak ibilgailuan, hala nola GPS, ordainagirien inprimagailua, txartel bidez ordaintzeko sistema, manparak edo bertzelako segurtasun neurriak.

_Erantzukizun zibileko aseguruaren datuak.

_Lizentziaren gainean izan daitezkeen kargak.

_Lizentzien ikus-onetsiak, aparteko azterketak, halakorik bada, zein egunetan egin ziren eta zenbat denboratarako balio duten adierazita, egindako errekerimenduak eta horiek bete diren ala ez adierazita.

_Lizentzia bakoitzari dagozkion salaketa, espediente, zehapen eta errekerimenduak.

_Zerbitzu berezietarako eta bertzetarako baimenak, baimenaren eta balioaren datak eta guzti.

_Lizentziari dagozkion bertze datu batzuk, hala nola etendurak, eskualdatze baimenduak eta haien zenbatekoa, lizentziaren iraungipena, etab.

HIRUGARREN TITULUA

Zerbitzua emateko baldintzak

I. KAPITULUA

Jarduera eta gidariak

14. artikulua. Zerbitzua egitea.

1. Taxi baimenen eta lizentzien titularrek berek edo soldatapeko langileek jardun ahal izanen dute zerbitzuan, ordenantza honetan eta Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean xedatuari jarraikiz.

2. Soldatapeko langileak kontratatu aitzin, Udalak baimena eman beharko du.

15. artikulua. Jardueraren dedikazioa.

1. Taxi zerbitzua egitean jarraitutasuna bermatzeko, lizentziaren titularrek zerbitzua eginen dute ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporren gainean Udalak zerbitzua antolatzeko ematen dituen arauei jarraikiz.

Zerbitzua egitea eragozten duen goiti-beheitirik gertatzen bada, idatziz jakinaraziko zaio Udalari.

2. Salbuespenez, eta zerbitzua behar bezala beterik dagoenean, Udalak ematen ahalko du lizentziari dagokion zerbitzua egitetik gelditzeko baimena.

Zerbitzua egitetik gelditurik gutienez ere 2 hilabetez egon daiteke eta gehienez ere 6 hilabetez. Azken epe hori iraganik, lizentziaren titularra zerbitzura itzuliko da. Dagokion baimenean aipaturiko epean ez itzultzea Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 14. artikuluaren d)1 atalean iraungitzeko aurreikusitako kasuarekin parekatuko da.

Zerbitzua egitetik gelditurik epe bat buruturik, hiru urte iragan arte ez da berriz ere eskatzen ahalko.

3. Ibilgailuak ordenantza honetako zerbitzuak egiteko erabili beharko dira, eta debeku da bertzelako xede publiko edo profesionaletara erabiltzea.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak

16. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.

1. Baimenduko diren ibilgailuek gutienez ere bete beharko dituzten baldintzak:

_Luzera, guztira, 4.400 mm edo gehiago izanen da eta ez da onartuko, beraz, gero elementu gehigarriak eranstea, gutieneko balio horretara iristeko.

_Maletategiaren edukiera aulki gurpildun bat eramateko bezainbat izanen du, bizkarra eta oin-euskarria dituena, tolestuta 900 mm garai eta 1.030 mm luze izanen dena eta gurpilen arteko barne distantzia 290 mm izanen duena.

_Orokorrean, lizentzia hartzen duten ibilgailuen edukiera gehienez ere zazpi jarlekukoa izanen da, gidariarena barne dela. Hala ere, gehienez bederatzi jarleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak eman ahal izanen dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutiko aldea denean.

_Modelo bakoitzaren itxura ez da inoiz kirol auto batena izanen eta, eurotaxiak eta taxi egokituak kenduta, lehentasuna emanen zaio hiru bolumenekoari. 2 edo 2,5 bolumenekoa onartuko da bidaiarien aldeak elementu fisiko baldin badu, maletategiaren aldetik erabat bereizten duena.

_Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko, eta betiere haien kokaerak segurtatuko du gibeleko jarlekuetara bi aldeetatik sartu eta ateratzea, eta berdin aitzineko jarlekuetan bakoitza bere aldetik.

Salbuespenez, mugikortasun murriztuko jendeak eramateko moldaturiko ibilgailuek gibeleko eta/edo alboko aldean ate bat izaten ahalko dute erabiltzaileak aulki gurpildunekin sar daitezen. Orobat, indarrean dagoen legeriari jarraikiz bertze ibilgailu batzuk homologatzen ahalko dira, taxiek aulki gurpildunean dauden bi bezero biltzeko bezainbat edukiera izan dezaten.

_Ibilgailu guztiek izan beharko dute aire girotua edo klimatizagailua.

2. Udalak atal hauen gainean ematen ahalko ditu arauak:

_Motorizazioa.

_Tarifak ezartzeko sistema paratzea.

_Konexioen zigiluak.

_Zerbitzu tekniko eskudunen azterketa.

17. artikulua. Ibilgailu moldatuak.

1. Ibilgailu moldatuen ezaugarriak horiei buruz indarra duten arauekin bat etorriko dira. Udalak ondoko bi betekizun hauek bermatzeko bertzelako ezaugarriak zehaztuko ditu:

_Aulki gurpildunean doazen jendeak taxian erosotasun eta higiene osoz sartzea. .

_Aulki gurpildunean doazen pertsonek segurtasun baldintza egokietan _aulkiaren ainguratzea eta segurtasun-uhalak barne, indarra duten arauekin bat_ eta ibilgailu barnearekin interakzio osoan bidaiatzea

2. Taxi moldatuak mugikortasun murriztuko jendeek erabiliko dituzte lehentasunez, baina ez esklusiboki.

18. artikulua. Bereizgarriak.

1. Zerbitzu hau eginen duten ibilgailuak zuriak izanen dira eta aitzineko ateetan zerrenda gorri bat eramanen dute, hamar zentimetro zabal izanen dena. Ibilgailuek ez dute artikulu honetan aipatzen ez den bereizgarririk eramanen.

2. Ibilgailuaren barneko aldean zein kanpoko aldean, haren lizentziaren zenbakia paratuko da, erabiltzaileak ikusteko moduko tokian. Orobat, ibilgailuaren barnean ikusteko moduko tokian, plaka bat ezarriko da jarleku kopurua agertuko duena.

3. Udalak zehaztuko du zein izanen diren erakundearen nortasun korporatiboaren bereizgarrietan taxiek eraman beharko dituzten ezaugarriak eta zein tokitan.

4. Ibilgailu moldatuek, eko-taxi izenekoek, ordezko taxi-ibilgailuek eta ezaugarri bereziak, hala nola txartel irakurgailua eta GPSa, dituzten ibilgailuek bereizgarri osagarri bat eramen dute Udalak erabakitzen dituen tokietan eta halabereko ezaugarriekin.

5. Udalak zehaztuko ditu, irratien edo zerbitzua kontratatzen duten bertzelako enpresen informazioaren eremu eta ezaugarriak, ibilgailuaren barnean nahiz kanpoan.

19. artikulua. Agiriak.

1. Taxi zerbitzuak egiten diren bitartean, ibilgailuan agiri hauek eduki behar dira, eskatu nahi dituzten erabiltzaileen eta zerbitzuaren ikuskatzaileen eskura:

Ibilgailuari lotuak:

_Udalaren lizentzia.

_Halakorik izanez gero, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak hiriarteko zerbitzuak egiteko emandako garraio baimena.

_Taximetroaren egiaztagiria, entitate eskudunak jaulkia.

Gidariari eta ibilgailuari lotuak:

_Une horretan zerbitzua egiten duen gidari baimenduaren argazkia, lizentziaren titularra izan, edo soldatapekoa izan.

_Ibilgailuaren lizentzia zenbakia

_Ibilgailuaren matrikula

_Gidari mota (titularra edo soldatapekoa) eta, behar izatera, kontratu araubidea (lanaldi osoan, lanaldi partzialean, etab.)

_Derrigorrezko aseguruaren poliza eta ordainagiria.

_Erantzukizun zibileko asegurua.

Zerbitzuari lotuak:

_Ordenantza honen ale bat.

_Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen ale bat.

_Bi eranskailu, gibeleko ateetako bi lehiatiletan emanak, eta haietan indarra duten tarifen egitura eta mailak. Eranskailuek eguneratuak eta egoera onean egon beharko dute, erabiltzaileei iformazio egokia helarazi eta horiek arazorik gabe irakurri ahal izateko.

_Erreklamazio liburua

_Udalak baimendutako ordainagiri eta faktura taloitegi bat, eta hartan, inprimaturik edo zigilaturik, lizentzia zenbakia.

_Lizentziari loturiko bertze batzuk, hala nola txartel ordainketa, etab.

20. artikulua. Taximetroa, modulua eta pilotua.

1. Corellako udalerriko taxiek taximetroa eduki behar dute, behar bezala prezintatua, homologatua eta egiaztatua, metrologiaren arloan eskumena duen organoak ezarritako arauei jarraituz..

2. Taximetroa ibilgailuaren aginte-mahaiaren erdian egonen da, eta beti argiztatuta edukiko da. Horrela erabiltzaileek noiznahi ikusi ahal izanen dute garraioaren prezioa.

3. Taxi ibilgailuak ikus-sistema eduki behar du, erabilgarri dagoen ala ez adierazteko: kanpoaldean, argi-sistema ezarriko da sabaian eta haren bidez taxia zerbitzurako prest dagoenean pilotu berdea piztuko da; barnealdean, berriz, kartel batek taxia zerbitzurako prest dagoela adieraziko du, haizetakoaren atzean ezarrita, kanpotik ongi irakurtzeko maneran.

4. Orobat, modulu bat eduki behar du kanpoaldean, indarra duten tarifak agertuko dituena.

21. artikulua. Ibilgailuen antzinatasuna eta berriztapena.

1. Lizentzia eta baimen berriak urtebete baino gutiago duten ibilgailuetarako bakarrik izanen dira. Ibilgailuen antzinatasuna lehenbiziko matrikulaziotik hasita neurtuko da.

2. Lizentziaren titularrak nahi duenean ordezten ahalko ditu lizentziari atxikitako ibilgailuak eta betiere ibilgailuak 8 urte betetakoan.

3. Ibilgailuak berriztatu edo lizentzia berria eskuratu nahi izanez gero, interesdunak idatziz eskatuko du behar den baimena, eta hura emanen da baldin eta egiaztatzen bada lizentzia emateko bete beharreko ezaugarri eta baldintzak gutienez mantentzen direla, zerbitzuaren segurtasun eta kontserbazio baldintzak egokiak direla eta zerbitzua egiteko beharrezko agiriak zuzen daudela. Horretaz gainera, proposatutako ibilgailua berria izanen da: berritzat joko dira hamabi hilabete baino gutxiago dituztenak, lehen aldiz matrikulatu zirenetik kontatzen hasita.

4. Eskaerak azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak ezarritako prozedura bitartekoekin bat tramitatuko dira.

5. Udalak behartzen ahalko du ibilgailua berriztatzera, haren egokitasun ezaren ondorioz, egiten duen zerbitzua interes orokorreko desegokia denean.

6. Lizentzia duen ibilgailua moldatua bada, horren ordezko ibilgailua ere moldatua izanen da.

22. artikulua. Eko-taxiak.

1.Eskumena duen organoaren ebazpen baten bidez baldintzak ezartzen ahalko dira gutiago kutsatzen duten motor eta erregaien programetan sartzen diren taxi ibilgailuei eko-taxien kalifikazioa eta bereizgarria emateko.

III. KAPITULUA

Zerbitzua egiteko baldintzak

23. artikulua. Geralekuak.

1. Udalak, elkarte profesionalekin, kontsumitzaileekin eta erabiltzaileekin mintzatu eta gero, udalerriko taxi geralekuak finkatuko ditu.

2. Geralekuek behar bezalako zerbitzua eginen dute, Udalak une bakoitzean zehazten duenaren arabera.

3. Taxi ibilgailuak ailegatu ahalean kokatuko dira geralekuan, eta ordena horretan erantzunen diote erabiltzaileen eskaerari, salbu eta bertan diren taxi-gidariek bertzelakorik adosten badute edo ibilgailuaren moldaketa dela-eta minusbaliatuek bertze ibilgailuren bat erabili behar badute.

4. Ibilgailuak geltokian eginen dituen lan orduetan, gidariak bertan egon beharko du, ezinbertzeko kasuetan izan ezik. Halakoetan, ez dagoen gidariak txanda galdu eta azken lekua hartu beharko du.

24. artikulua. Zerbitzua eremu publikoan eskatzea.

1. Interesdunak eremu publikoan eskatu ahal izanen du zerbitzua, libre dagoen taxi bati gidaria ohartzeko moduko keinua eginez. Taxilariak erabiltzailearen eskaera onartu beharko du, non eta ez duen bide segurtasuna kolokan jartzen, trafikoari traba egiten edo ibilgailuari kalte egiteko arrisku nabarmena eragiten.

2. Ibilgailua zerbitzua egiten ari den bitartean, goizez zein gauez, ibilgailuak gailu bat eramanen du taxiaren kanpoko aldean, taxia erabilgarri dagoen edo ez argi eta garbi ikusteko maneran. Gailu hori argi berde batez eta modulu argidun batez osatuko da.

3. Jende ezinduen kasuan izan ezik, erabiltzaileak ezin izanen du zerbitzua eskatu taxien geltoki hurbilena 25 metro baino gutiagora badago eta bertan taxiren bat badago, edo bertze erabiltzaileren bat taxiaren esperoan.

4. Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik bildu bidaiari-garraioetako geltokien eta tarteka erabiltzaile anitz biltzen diren bertze instalazio batzuen inguruetan, baldin eta gisa horretara taxi geralekuetan esperoan dauden erabiltzaileak biltzeko ohiko funtzionamendua kolokatzen badute.

25. artikulua. Erabiltzaileek ibilgailua aukeratzea.

1. Arau orokor gisa, erabiltzaileek geltokian lehen tokian dagoen taxia hartu behar dute; mugikortasun murriztua duten jendeendako ibilgailu moldatuaren beharra dagoenean bertze ibilgailu bat hartu ahal izanen da.

2. Betiere, mugikortasun murriztua dutenek izanen dute erabiltzaile gisa ibilgailua aukeratzeko lehentasuna.

26. artikulua. Zerbitzuaren kontratazioa.

1. Arau orokorra. Taxi zerbitzua egiteko eskatzen denean, ibilgailuko jarleku guztiak batera kontratatu behar dira.

2. Taxi zerbitzu erregularra edo eskatu ahalekoa, jarlekuka banan-banan ordaintzekoa. Biztanle gutiko aldeetan, garraio publiko kolektiborik ez bada edo behar adinakoa ez, Udalak baimena eman ahal izanen du, hiriko taxi zerbitzuak, erregularrak nahiz eskatu ahalekoak, jarlekuka kontratatu eta banan-banan ordaintzekoak.

27. artikulua. Zerbitzuaren antolaketa.

1. Udalak zerbitzua antolatu eta koordinatzeko arauak ezartzen ahalko ditu ordutegi, egutegi, atseden eta oporren gainean, taxi zerbitzua ematean behar den jarraitutasuna bermatzeko.

2. Orobat, halako eremu, geraleku, egun eta orduetan (ospitale eremua, tren eta autobus geltokia, geraleku nagusiak, etab.) zerbitzu egitera behartzen ahal du, eta horretarako taxi lizentzien titularren artean behar diren koordinazio arauak ezarri, zerbitzu horiek berdintasun irizpideen ariora emanen direla segurtatzeko.

3. Udalak behar diren neurriak hartuko ditu ibilgailu moldatuen gutieneko zerbitzua bermatzeko.

28. artikulua. Zerbitzuaren hastapena, taximetroa abiaraztea eta zerbitzua ordaintzeko bideak.

1. Erabiltzailea eremu publikoan geldiarazita sartzen bada taxian, ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen erraten duenean abiaraziko da taximetroa.

2. Zerbitzua telefonoz edo gisako baten bidez eskatzen bada, orduan ere ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen erraten duenean abiaraziko da taximetroa. Taximetroan adieraziko den azken zenbatekoari, Udalak tarifen definizioan ezarriko duen zenbateko finkoa erantsiko zaio. Taxia nondik eskatu den, horren araberakoa izanen da zenbateko hori.

3. Matxura edo istripurik gertatuz gero, bai eta agintaritzako agenteek ibilgailuaren gidaria geldiaraziz gero ere, hura ohartarazteko edo salatzeko, taximetroa geldituko da. Zerbitzua burutzerik ez badago, erabat ezinezkoa delako edo erabiltzaileak hala nahi duelako, erabiltzaileak ordaindu beharko du taximetroan adierazten duen zenbatekoa, kobratu beharreko gutienekoa kenduta.

Erabiltzaileak hala eskatzen badu, gidariak taxi berri bat jarriko du haren esku. Kasu horretan, tarifa berria erabiltzailea ibilgailu berrian sartzen den unean bertan hasiko da kontatzen.

4. Erregaia ezin izanen zaio zerbitzua egiten den bitartean bota, bidaiariak berariazko baimena eman ezean.

5. Egindako zerbitzua ordaintzeko, bide hauek erabiliko dira:

_Eskudirutan: gehienez ere 50 euroko billeteak onartuko dira.

_Txartelaren bidezko ordainketa, halakorik duten ibilgailuetan.

6. Nahitaezkoa izanen da egindako zerbitzuaren ordainagiria ematea, erabiltzaileak hala eskatzen badu.

7. Egindako zerbitzuaren ordainagiria erabiltzaileari emateko, bide hauek erabiliko dira:

_Ordainagiri inprimagailua, halakorik duten ibilgailuetan.

_Ordainagiri eta fakturen taloitegi baimendua.

29. artikulua. Itxaronaldia.

1. Bidaiaria ibilgailutik aldi baterako ateratzen bada, noiz itzuliko zain gelditzen den gidariak eskatzen ahal dio, berme gisa eta ordainagiria jaulkita, ordaintzeko eginiko ibilbidea gehi ordu erdiko itxaronaldiari dagokion zenbatekoa, hiri eremuan bada, edo ordu beteko itxaronaldiari dagokiona, hiriarteko eremuan bada. Epe horiek iraganda, gidaria zerbitzu hori amaitu duela jotzen ahalko da, salbu eta bertzelakorik adostu bada.

2. Bidaiariak gidariari aparkatzeko muga duen lekuren batean egoteko eskatu badio, gidariak eginiko zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko dio, zerbitzua jarraitzeko beharrik izan gabe, salbu eta itxaronaldia aparkatzeko denbora-muga baino laburragoa bada.

3. Zerbitzua telefonoz edo gisako baten baten bidez eskatzen bada, gidariak 10 minutu baino gehiago ez itxoiteko eskubidea izanen du, taxi gidaria hitzartutako puntura iristen den unetik kontatzen hasita.

LAUGARREN TITULUA

Ikuskapena eta erreklamazioak

I. KAPITULUA

Zerbitzuaren ikuskapena

30. artikulua. Azterketak.

1. Ibilgailuen azterketak.

Aldez aurreko azterketa.

Ezin izanen dute zerbitzurik egin beharrezkoak diren baimen guztiak ez dituzten ibilgailuak. Horretarako, udal organo eskudunak aldez aurreko azterketa eginen du, segurtasun, kontserbazio eta dokumentazio aldetiko baldintzen gainean.

Ohiko azterketak eta azterketa bereziak.

Ordenantza honen xede diren ibilgailuek urteko ohiko azterketa eta udal organo eskudunak deitutako bertzelako azterketa berezi guztiak pasako dituzte. Azterketak gainditzen ez dituzten ibilgailuek ezin izanen dute zerbitzua egin antzemandako hutsuneak zuzendu, eta ikuskapen zerbitzuek hala berresten duten arte.

2. Taximetroak emandako datuak.

Lizentzien titularrek beren gain izanen dute Udalak beharrezkotzat jo dituen datuak aldian-aldian eta ezartzen den prozeduraren bitartez emateko ardura.

3. Taximetroaren ikuskapena.

Entitate eskudunek taximetroei egiten ahal dieten azterketa ukatu gabe, Udalak noiznahi aztertzen ahalko ditu taximetro guztiak edo batzuk, edo horretarako agindua eman, ondokoak egiaztatzeko:

_Aparatuak kanpotik eta urrutitik ikusteko maneran adierazten duela ibilgailua erabilgarri dagoen ala ez.

_Argi eta garbi adierazten duela bidaiaren zenbatekoa, indarra duten tarifa ofizialen arabera.

_Zigiluak erraz ikusteko maneran direla, ikuskapena karrikan eginez gero.

_Zigilu ofizialak egoera onean daudela.

_Gurpil-azalen diametroa, aparatuaren libretan jasotzen den egiaztapen ofizialean adierazten den huraxe dela.

_Aparatuak ez duela kolpatu, bortxatu edo manipulatua izan dela egiaztatzen duten zulo, makadura edo seinalerik.

4. Taximetroaren akatsak.

Taximetroen urteko edo ezohiko azterketen ondorioz, akatsen bat antzematen bada taximetroaren kokaleku, funtzionamendu edo aparatuak bete beharreko bertzelako baldintzei dagokienez, ibilgailua zerbitzutik at geldituko da eta ezin izanen da itzuli, akatsa antzeman zuten udal agintari edo zerbitzuek egin beharreko zuzenketari oniritzia ematen ez dioten arte.

Taximetroaren akatsen salaketak.

_Egiaztapen ofizialak ukatu gabe, taxiaren edozein erabiltzailek salaketa paratzen ahalko du Udalean edo kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetan, taximetroaren egoera edo funtzionamenduari zein zerbitzuari oro har loturiko edozein akats antzematekotan.

_Salaketa berresten ez bada, salatzaileak zerbitzuaren zenbatekoa, bai eta horri loturik egindako egiaztapen ofizialak eragindako gastuak ordainduko ditu.

_Egiaztapen horretan, errore marjina txikia onartuko da tresnaren funtzionamenduan, betiere indarreko araudian ezarritakoa baino txikiagoa bada.

II. KAPITULUA

Erreklamazioak

31. artikulua. Erabiltzaileen erreklamazioak.

1. Ibilgailu bakoitzak erreklamazio liburu bakarra eramanen du. Liburu hori hiriarteko garraioari eskatzen zaion berdina da eta kontrol agiriei buruzko araudian xedatutakoari jarraituko dio. Erreklamazio liburua erabiltzaileen eskura izanen da. Erreklamazio bat egiten denean, lizentziaren titularrak kopia bat igorri beharko du, nahitaez, Corellako Udalera, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barnean. Erreklamazio orriarekin batera, lizentziaren titularrak idazki bat bidaltzen ahalko du, egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko.

2. Erreklamazioa aurkeztuta, haren kopia igorriko zaio lizentziaren titularrari, 10 eguneko epean egoki deritzen alegazioak egin ditzan. Erreklamazioa eta, halakorik bada, alegazioak biltzen dituen idazkia ikusirik, Udalak, komenigarri iruditzen bazaio, zehatzeko ahalmena erabiliko du.

32. artikulua. Galdutako gauzak erreklamatzea.

1. Gidariek, zerbitzu bakoitza bururatu eta gero, ibilgailua barnetik arakatuko dute, erabiltzaileari deus bererik ahantzi zaion egiaztatzeko. Hala bada, horretarako prestatutako bulegoetan utzi beharko ditu, aurkitu eta hurrengo 48 orduen barnean.

Lehen xedapen iragankorra._Ibilgailuak moldatzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duen egunean taxi lizentzia baten titularrak diren pertsona fisikoek zerbitzuak egiten jarraitu ahal izanen dute, lizentzia duen ibilgailu horrekin berarekin. Ibilgailua berritzen dutenean, ibilgailu berriak ordenantza honen II. kapituluan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan eskatutako baldintzak bete beharko ditu.

Bigarren xedapen iragankorra._Taximetroa eta modulua paratzea, halakorik ez duten ibilgailuetan .

Taximetro eta modulurik gabeko ibilgailuetan, taximetroa eta modulua paratu beharko dituzte, ordenantza hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean.

Azken xedapenetako lehenbizikoa._Indarra hartzea.

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0705028