60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CAPARROSO

Caparrosoko laborantzako herrilurren aprobetxamenduen ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

Caparrosoko Udalak, 2007ko urtarrilaren 5ean egin osoko bilkura berezian, legez behar den quoruma izanik, hasiera batean onetsi zuen 36. artikuluko g) atala aldatzea, Caparrosoko laborantzako herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2007ko 19. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 12an, baita Caparrosoko Udalaren iragarki oholean ere.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten da ezen honako ordenantza honen aurka _xedapen administratibo bat baita_ ez dela administrazio bidean errekurtsorik paratzen ahal (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Bi hilabeteko epean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztuta, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Caparroson, 2007ko martxoaren 22an. Alkate udalburua, Pedro José Tabar Oneca.

ERANSKINA

CAPARROSOKO LABORANTZAKO HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Caparrosoko Udalaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak bahitezinak, preskribaezinak eta besterenduezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua), Nafarroako Administrazio Zuzenbidea, honako herrilurrei buruzko ordenantza eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatua, betiere ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalak xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Caparrosoko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Caparrosoko Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduan (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Caparrosoko Udalak frogatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, lehentasuneko aukerak izan arren.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Caparrosoko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri ondasun gisa.

Desafektazioa egiteko prozedura izanen da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Gaineko Erregelamenduaren (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) 143.ean eta hurrengoetan ezarritakoa.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Caparrosoko Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Caparrosoko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Caparrosoko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalbatzak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Caparrosoko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespena beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Caparrosoko Udalak administrazio bidea erabiliko du betiere, baimen, kontzesio edo bertze edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Caparrosoko Udalak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Caparrosoko Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

b) Caparrosoko biztanleen erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea sei urteko antzinatasunez.

c) Caparroson urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Caparrosoko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere, haien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Caparrosoko Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, herrilurren batzordeak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

15. artikulua. Caparrosoko laborantzarako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan esleituko dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Caparrosoko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Caparrosoko Udalak laborantzarako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

16. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek Ondasunen Erregelamenduko 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Familia unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren %60ko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzarako edo industriarako lurrak edukitzea, hirilurraren gaineko kontribuzioa, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

17. artikulua. 1. Lote bakoitzaren azalera eta nolakotasuna honako hauek dira:

1. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

Ohiko ureztalurrak: 25 erregu.

Lehorreko lurra, Saso Nuevo: 42 erregu.

2. lotea, lehorreko lurra: 190 erregu.

3. lotea, lehorreko lurra:: 400 erregu.

4. lotea, ohiko ureztalurrak: 30 erregu (gehienez).

5. lotea, ureztalurrak (ihinztaketa sistema): 50 erregu.

6. lotea, lehorreko lurretako zainzuria (Saso): 21 erregu.

7. lotea, ureztalurretako zainzuria: 10 erregu.

2. 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei eman beharreko loteak zehazteko, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuko zaizkio:

a) 3 kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea, hau da, lote bat.

b) Lau kidetik seira bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea, hau da, 2 lote.

c) 7 - 9 kide bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, hau da, 3 lote.

d) 9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea, hau da, 5 lote.

18. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten famili unitate asko badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Caparrosoko Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 16 eta 17. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo.

19. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi urtekoa izanen da (epeak kontatzeko, urte naturala).

20. artikulua. Herrilurretako onuradunek ordaindu beharreko lur-saria honako hau izanen da aprobetxamendu honi dagokionez:

_Lehorreko lurrak:

1. mailakoak: 500 pezeta/erregua/urtea.

2. mailakoak: 250 pezeta/erregua/urtea.

3. mailakoak: 200 pezeta/erregua/urtea.

Zainzuriak 500 pezeta/erregua/urtea.

_Ureztalurrak:

1. mailakoak: 6.000 pezeta/erregua/urtea (ihinztaketa), uraren kontsumoa esleipen hartzailearen kontura.

2. mailakoak: 6.000 pezeta/erregua/urtea. (ohiko ureztalurrak).

Baratzeak: 5.000 pezeta/erregua/urtea.

Zainzuriak 6.000 pezeta/erregua/urtea.

Zenbateko horiek 2001. urterako proposaturiko lur-sariak dira eta urtero eguneratu beharko dira, nekazaritzako KPIren arabera. Nolanahi ere, lur-sariak Caparrosoko Udalak ordaindu beharreko kostuak estali beharko ditu, gutienez ere.

21. artikulua. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

22. artikulua. Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, 15 eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Caparrrosoko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

23. artikulua. Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, esleitzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Caparrosoko Udalak esleitu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko esleipen zuzeneko aprobetxamenduaren bidez.

Caparrosoko Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzgatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal diruzaintzan.

24. artikulua. Caparrosoko Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztaketak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen:

_Landazaintzaren edo herrilurren batzordearen ustetan, esleitu herrilurretako lurzatiak ordenantza honetako 21, 22 eta 23. artikuluetan xedatu bezala lantzen ez direnean.

_Lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek egin izana frogatzeko agiriak aurkeztea eskatu ondoan, Caparrosoko Udalak agindu epean aurkezten ez dituztenean.

_Esleitutako lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez denean.

2. ATALA

Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak

25. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

26. artikulua. Hau da aprobetxamendu mota honetarako ezarri den ereduko lotearen azalera:

_1. lotea:

Lehorreko lurrak: 190 erregu.

Ohiko ureztalurrak: 5 erregu.

Lehorreko lurra, Saso Nuevo: 40 erregu.

_2. lotea, lehorreko lurrak: 190 erregu.

_3. lotea, lehorreko lurra: 400 erregu.

_4. lotea, ohiko ureztalurrak: 30 erregu.

_5. lotea, ureztalurrak (ihinztaketa sistema): 50 erregu.

_6. lotea, lehorreko lurretako zainzuria (Saso): 21 erregu.

_7. lotea. ureztalurretako zainzuria: 10 erregu.

27. artikulua. Esleipen epea 19. artikuluan adierazitako bera izanen da.

28. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek kanon hauek ordainduko dituzte:

_Lehorreko lurrak:

1. mailakoak: 500 pezeta/erregua/urtea.

2. mailakoak: 250 pezeta/erregua/urtea.

3. mailakoak: 200 pezeta/erregua/urtea.

Zainzuriak: 500 pezeta/erregua/urtea.

_Ureztalurrak:

1. mailakoak: 6.000 pezeta/erregua/urtea (ihinztaketa), uraren kontsumoa esleipen hartzailearen kontura.

2. mailakoak: 6.000 pezeta/erregua/urtea (ohiko ureztalurrak).

Baratzeak: 5.000 pezeta/erregua/urtea.

Zainzuriak 6.000 pezeta/erregua/urtea.

Zenbateko horiek 2001erako proposatutako lur-sariari dagozkio, urtero eguneratuko baitira gehienez ere nekazaritzako K.P.I.ren ariora.

29. artikulua. Esleipen hartzaileak berak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 21, 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

30. artikulua. Caparrosoko Udalak laborantzarako herrilurren azalera osoaren %5 gainditzen ez duen eremu bat gordetzen ahal du onuradun berriei esleitzeko. Udalak herrilur horiek zuzenean edo enkante publikoaren bidez esleitu ahalko ditu behin-behinekoz eta indarrik gabe utzi, lehentasuna duen onuradun berri bati laga beharrez, baina horrela bada esleipenaren baldintzetan espresuki adierazi beharko da hori.

31. artikulua. Zainzurietarako lehorreko lurretako nahiz ureztalurretako ereduko loteen esleipen hartzaile bihurtuz gero, ezin izanen da laborantzako herrilurretan bertze inongo aprobetxamendurik hartu.

32. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, halako dirusarrera batzuetatik gorakoak dituzten familia unitateen titularrenak kenduko dira. Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 16.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

33. artikulua. Caparrosoko Udalak erregu bateko famili-baratzeak esleitzen ahal dizkie famili unitateen titularrei, betiere hori eskatu badute eta erreparatu gabe herrilurretako bertze aprobetxamenduen onuradun diren edo ez, halako baldintzei jarraikiz:

a) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da 21 eta 22. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Esleipenak zortzi urtetarako epea izanen du, luzatzeko aukerarekin, eta gehienez ere hamasei urte bitartekoa, betiere eskaera egin ondotik.

Caparrosoko Udalak eskaera horietarako lur nahikoa gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

3. ATALA

Udalak egindako ustiapen zuzena edo enkante publikoa

34. artikulua. Caparrosoko Udalak, Lehen eta Bigarren Ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa urte hartan herritarrendako esleipen zuzenerako ezarritako lur-sariarena izanen da, eta urteroko gorabehera berberak izanen ditu.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Caparrosoko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Esleipen prozedura

35. artikulua. Caparrosoko Udalaren osoko bilkurak erabakita, hamabortz egun balioduneko epea zabalduko da, behar bezala aditzera emanen baita, eskubide dutela uste duten guztiek herrilurretako lurzatiak esleitzeko idatziz eska dezaten, argi eta gabi adierazita gogokoen duten lotea.

36. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogatzeko agiri baliagarria, honako hauen gainean:

a) Caparrosoko bizilaguna izatea, gutienez ere sei urteko antzinatasunez, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Caparrosoko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia unitatea osatzen duten kideak. Haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute eskatzaileek.

d) Famili unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Caparrosoko mugape honetakoak bai bertzelakoak.

e) Aurreko ekitaldi ekonomikoko Errenta Aitorpenaren kopia edo famili unitateko kide bakoitzak lortzen dituen dirusarrerak egiaztatzeko edozein agiri.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

g) Ziurtagiria, Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emana dagoela erakusten duena, horren bidez berehala egiaztatuko baita lurra zuzenean eta pertsonalki lantzen dela, edota dirusarreretako %50 nekazaritzatik heldu direla.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Caparrosoko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 16.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Herrilurren Batzordeak proposaturik, Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Erregelamenduko 14, 16 eta 21. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Udalak, osoko bilkuran, erregelamenduko 15 B) eta C) artikuluan ezarritako esleipen moduen artean esleituko ditu herrilurren aprobetxamenduak.

38. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.

39. artikulua. Alegazioak edo zuzendu beharreko akatsak aurkeztuz gero, osoko bilkurak herrilurretako batzordearen txostena jaso ondoren, haiei buruzko ebazpena emanen du, beharrezko arrazoiak emanez, eta esleipen modu bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

40. artikulua. Esleipena zozketaz eginen da, lehentasuneko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarren arteko esleipen zuzenekoetarako, era honetan:

1._Modu batean zein bertzean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.

2._Herrilurretako lurzatiei, bai lehorrekoei bai ureztalurrei, zenbakiak emanen zaizkie.

3._Ondoren eta betiko moduan, boltsatik aterako da zenbaki bat, herritarrei dagokiena, eta bertze bat lurzatiei dagokiena,

4._Lurzatien zozketa amaitutakoan, Udalaren iragarki oholean argitara emanen da esleipen hartzaile berrien zerrenda eta zein lurzati duten herrilurretan.

41. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan zozketa eginda ikusten bada ez dagoela nahi adina lurzati zuzeneko esleipenaren bidezko eskatzaileei esleitzeko, ordenantza honen 31. artikuluak zehaztu bezala eginen da, hau da, dirusarrera handienak dituzten famili unitateetako titularrak aparte geldituko dira.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan

Kapitulu hau ezabatu egin da, izan ere Toki Administrazioari buruzko Foru Legean bildutakoaren hitzez hitzezko kopia hutsa da.

42. artikulua. 1. Caparrosoko Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz herritar interesatuek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu hauetan bide honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidean hala egokitzen bazaie.

43. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

44. artikulua. Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko da herrilurrak laborantzarako goldatzeko.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

45. artikulua. Laborantzaren arloan, honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

1._Esleitutako lurzatiak pertsonalki ez lantzea.

2._Esleituriko lurzatien %80 bederen ez lantzea.

3._Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

4._Lur-sariak, gizarte aseguruak, landazaintza edo erregelamendu bidez ezarritako bertzelako tasak emandako epeetan ez ordaintzea.

5._Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

6._Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

7._Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

8._Lurzatiak banatzen dituzten ezpondak goldatzea.

9._Bide edo altxonbideak goldatzea.

10._Bideetan eta abelbideetan harriak edo bertzelako materialak botatzea.

11._Azienden idoietatik ura hartzea eta tratamendu fitosanitarioetako makineria erabiltzea hartzeko.

12._Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

13._Erregelamendu honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

14._Plastikoak, ontziak, bidoiak eta horrelatsukoak ez biltzea edo erretiratzea esleitutako lurzati, sarbide edota altxonbideetatik.

46. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

_1, 2, 3, 4, 5 eta 6. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da.

_12.agatik, berriz, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzaile izateko eskubidea galduko da.

_Gainerako arau-hausteetan, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen Legeko 21.1-n) artikuluan eta Nafarroako Toki Ogasunen Erregelamenduko 52.2. artikuluan xedatzen denaren arabera, 50.000 pezeta bitarteko isunak jarriko dira. Hori guztia, ondasun publiko edo lurretan eragindako kalteen ordainketa ezertan ukatu gabe, kalteen egileek Zuzenbidearen arabera ordainduko baitituzte behar diren zenbatekoak.

Bestelako xedapen orokorrak

47. artikulua. Herrilurretako lurzatien esleipen berrirako zozketa orokorra egin ondoren, bertze esleipen batzuk eginen dira urtero; izan ere, esleitu gabeko lurzatiak horietarako izanen baitira. Horiek, egindako eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira, lehenbizi erantzunen zaie, ezkontza dela bide, onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; gainerakoentzat, behar den zozketa baztergarria eginen da eta baztertuek lehentasuneko txanda bat izanen dute hurrengoan eginen den urteko esleipena arte.

48. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen esleipenak direla-eta, herrilurretako lurzatiak esleitzeko urtero eginen den zozketa azken hiru hilabeteetan eginen da, Udalak osoko bilkuran finkatuko duen egunean, eskaerak onartu ondoren, eta Udaletxeko iragarki oholean ikusgai jarriko den ediktuaren edukiarekin bat, hori guztia ordenantza honen 4. atalean, 2. kapituluan, 37. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

49. artikulua. a) Herrilurretako edozein lurzati esleitzean, hori landuta badago, esleipen-hartzaile berriak aurrekoari egindako lanen zenbatekoa ordainduko dio, dagokion peritazioa egin ondoren.

b) Lehorreko lurzatia ereina bada, fruitua aurreko esleipen-hartzailearena izanen da uzta jaso arte, eta orduan onuradun berriak okupatuko du.

c) Aurreko kasuetako salbuespenak: herrilurretako lurzatien edo loteen esleipen hartzaileak, zortzi urteko epea urratuz, herrilurra edo lotea erein edo lantzen badu (erregelamendu honetako 49-12 artikulua), izan ere, Udalak hala egin duela egiaztatutakoan, zehatua izanen baita erregelamendu honetako 50. artikuluari jarraikiz.

50. artikulua. Egokitu zaion herrilurretako lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 19 eta 27. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Hala ere, Udalaren osoko bilkuraren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabezi sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbertzeko bertzelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak 14. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste esleipen baterako aukera izanen du.

51. artikulua. Herrilurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanle izatetik gelditzeagatik, herrian urtean 9 hilabetetan benetan ez bizitzeagatik, edo Caparrosoko Udalarekin zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik, ordenantzaren 14. artikuluak agintzen duen moduan.

52. artikulua. Ureztatzeko herri lurzatien esleipen hartzaileek ubideak eta erretenak zaindu beharko dituzte eta aldian-aldian garbitu, Udalak xedatu moduan. Herriko Ureztaketa Batzordeko sindikatuak dermioko ureztaketa orokorrari buruz ezarritako guztiari ere lotuko zaizkio. Nolanahi ere, egindako arau-hausteei dagozkien zehapenak 50. artikuluan zehaztutakoaren arabera ezarriko dira.

53. artikulua. Abeltzainak edo herri lurzatien eta ureztatzeko loteen belar eta larreen onuradunak belarrak eta uzta hondarrak behar bezala erabil ditzan, lurzatiaren edo lotearen esleipen hartzaileak 10 egun gabe erein nahi baldin badu abeltzainari esan beharko dio, belarrak balia ditzan.

54. artikulua. Esleipenaren azken urtean, zortzigarrenean, alegia, ureztatzeko lurzatietan ezin izanen dira bi landaketa batera egin, bakarra egin beharko da edo gehienez ere elkar lotutako bi, eta edozein kasutan, lurzatia hutsik geldituko da abenduaren 31rako.

55. artikulua. Erregelamendu hau edo hura aplikatzeari buruzko udal egintza nahiz erabakiak ulertzerakoan sortzen diren afera guztiak errekurtso hauen bidez ebatziko dira:

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

_Berraztertzeko errekurtsoa, aukeran eta aurrekoa baino lehen, Udalari zuzendua, hilabeteko epean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geldituko dira erregelamendu honetako xedapenei kontra egiten dieten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

Iragarkiaren kodea: L0705132