60. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

379/2007 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, ikasketak egiteko hamabi lizentzia emateko deialdia onesten duena. Lizentzia horiek 2007-2008 ikasturterako dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasle funtzionarioendako edo langile finkoendako.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak txostena aurkeztu du eta bertan proposatu ikasketak egiteko hamabi lizentzia emateko deialdia onestea. Lizentzia horiek 2007-2008 ikasturterako dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasle funtzionarioendako edo langile finkoendako.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ikasketak egiteko hamabi lizentzia emateko deialdia onestea. Lizentzia horiek 2007-2008 ikasturterako dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasle funtzionarioendako edo langile finkoendako. Hona hemen arauak:

ARAUAK

Lehenbizikoa._Modalitateak eta lizentzien banaketa.

1. Ikasketak egiteko hamabi lizentzia emateko deialdia onesten da. Lizentzia horiek 2007-2008 ikasturterako dira, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari atxikitako irakasle funtzionarioendako edo langile finkoendako. Modalitate hauek izanen dira:

A) Ikasketa akademikoak:

A.1) Lehen edo bigarren zikloko unibertsitate-ikasketetako azken 36tik 48ra bitarteko kredituak (edo azken ikasmaila, edo aurreko ikasmailako bi ikasgairekin gehienez).

A.2) Doktorego tesia.

A.3) Masterra edo graduatu ondoko ikasketak, unibertsitateek abalatuak, irakasten den edo eginkizuna burutzen deneko arloarekin lotuak.

B) Hezkuntza Berriztapenaren Proiektuak. Ahal dela, ondoko gai hauei buruzkoak izanen dira:

_Bizikidetzan, errespetuan eta elkartasunean oinarritutako hezkuntza; ikastetxeetan bizikidetzako liskarrei aurrea hartzea edo, sortutakoan, konpontzea da helburu nagusia.

_Hezkidetzarako proposamenak, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren bidean aurrera joaten lagunduko dutenak.

_Irakasleen lan baldintzak: laneko osasuna, laneko arriskuei aurrea hartzea edo lan eritasunak.

_Ulermenezko irakurketa hezkuntzaren etapa guztietan: hobetzeko prozesu eta estrategiak (eskoletako liburutegiak eta irakurketa planak).

_Atzerriko hizkuntzen didaktika eta, bereziki, Lehen eta Bigarren Hezkuntzetako irakaskuntzako hizkuntza ingelesa izaten hasteko didaktika.

_Ikastetxeetako antolamenduaren, metodologiaren edo ebaluazioaren alorretako proposamenak.

_Ikasleen aniztasunari arreta egitea, tutoretza eta ikastetxeetako hezkuntza orientazioa sustatu eta hobetuz.

_Informazio eta Komunikazio Teknologiak ikaskuntzan eta irakaskuntzan aplikatzea eta horiek erabiltzeko esperientzia eta metodo berriak ikertzea.

_Ikastetxe iraunkorrak eta Agenda 21.

_Programazio orokorren gaineko eta eta azelerazio gelaren gaineko proiektuak etorkinendako, hizkuntza idatzia eta ahozkoa ikasteaz osaturik.

_Arlo bakoitzeko eta diziplina arteko curriculum proposamenak, ikasteko metodo, estrategia eta baliabide berritzaileak dakartzatenak, proposamena kokatzen deneko hezkuntza etapetako curriculum arloen prestakuntza eta tresnak garatzen dituztenak eta balioetan hezitzeko bide ematen dutenak.

2. Ikasteko lizentziak honela banatuko dira:

A.1 modalitatea: bi lizentzia.

A.2 modalitatea: bi lizentzia.

A.3. modalitatea: bi lizentzia.

B modalitatea: sei lizentzia.

Halaber, haietariko lau Maisu-Maistren Kidegorako banatuko dira (A1 modalitateko bat, A2 modalitateko bat eta B modalitateko bi); beste lau Bigarren Hezkuntzako Irakasleen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen, Katedradunen eta Musika eta Arte Eszenikoetako Irakasleen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Kidegoetarako (A2 modalitateko bat, A3 modalitateko bat eta B modalitateko bi); eta beste lau Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lantegiko Maisu-Maistren Kidegoetarako (A-1 modalitatekoa, A3 modalitateko bat eta B modalitateko bi).

Hasiera bateko erreserba horren ondoren, lizentziaren bat banatu gabe gelditzen bada, puntuaziorik handienean oinarrituriko orotariko irizpideari jarraituko zaio.

3. Lizentziaren bat eman gabe gelditzen bada, B, A.1, A.2 eta A.3 modalitateetako eskatzaileei emanen zaie, ordena horretan, lortzen diren puntuazioen arabera.

Bigarrena._Ikastekak egiteko lizentzien iraupena.

Ikasketak egiteko lizentziak urtebetekoak edo lau hilabetekoak izaten ahalko dira, data hauen arabera:

1. Urte bateko lizentzia: 2007-2008 ikasturte osoa hartuko du, 2007ko irailaren 1etik 2008ko abuztuaren 31ra bitarte.

2. Lau hilabeteko bateko lizentzia: 2007-2008 ikasturteko lehena edo bigarrena. Ondoan ematen dira hasteko eta bukatzeko datak:

Lehenbiziko lauhilekoa: 2007ko irailaren 1etik 2007ko abenduaren 31ra.

Bigarren lauhilekoa: 2008ko martxoaren 1etik 2008ko ekainaren 30era.

Hirugarrena._Hautagaiak.

1. Ikasketak egiteko lizentziak eskatzen ahal dituzte, deialdi honetan, Hezkuntza Departamentuari atxikitako unibertsitatez kanpoko edozein ikastetxe publikotan diharduten irakaskuntzako funtzionario edo lan-kontratatu finkoek, unibertsitatean ari ez badira.

2. A.2 modalitatekoak eskatzen ahal dituzte irakaskuntzako funtzionario edo lan-kontratudun finkoek, unibertsitatean ari ez badira, baldin doktore titulu akademikorik ez badute.

Laugarrena._Betebeharrak.

Hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eskabidea aurkeztean eta 2006-2007 ikasturtean jardunean edo zerbitzu berezietan egotea.

b) Karrerako irakasle funtzionario zein lan-kontratudun finko gisa, bost urteko antzinatasuna izatea bederen. Kalkulu horretarako, oraingo ikasturtea ere kontuan hartuko da.

c) Ikasketak egiteko Nafarroako Gobernuak edo beste edozein administraziok, dela Estatukoa, dela autonomia erkidego batekoa, emandako lizentzia bat lehenago hartu ez izana.

d) A.1 modalitateko eskatzaileek, ikasketetarako urtebeteko lizentzia bat eskuratzeko, aurreko ikasmailetako gehienez ere bi ikasgai edo hamabi kreditu izan beharko dituzte gainditu gabe, 2007ko ekainaren 1ean ziurtaturik, eta azken ikasmaila osatzen duten ikasgai guztiak egin beharko dituzte.

e) A.2 modalitatea eskatzen dutenek, kasuko doktorego programako 32 kredituak gaindituak izan beharko dituzte, eta, gainera, Ikertzeko Gaitasuna aitortua edo Ikasketa Aurreratuen Agiria. Horretaz gain, tesia egin behar duten unibertsitateko Doktorego Batzordeak tesi proiektua onetsia izan beharko du. A.3 modalitateko eskatzaileek, urtebeteko lizentzia bat eskuratzeko, frogatu beharko dute graduatu ondoko masterrek edo unibertsitate-ikasketek gutxienez ere 50 kreditu dituztela eta unibertsitateek abalatzen dituztela.

f) B modalitateko eskatzaileak proiektuaren koordinatzaileak izan dira eta bertan irakasle laguntzaileen zerrenda bat eman, haien parte hartzea proiektuaren faseetan zehaztu eta hori bermatu beharko dute. Zerrenda hori aurkezteko mugaeguna 2007ko uztailaren 5a izanen da.

g) Hautaturiko proiektuaren koordinatzaileak hartuko du ikasketetarako lizentzia.

Deialdi honetan aipatzen diren betebehar guztiak eskabideak aurkezteko zortzigarren arauan ezartzen den epea bukatzean bete beharko dira, A1 modalitateko eskatzaileek izan ezik, kasu horretan, laguntza behin behinekoz ematen zaie, kalifikazioen ziurtagiria aurkezteko mugaeguna 2007ko uztailaren 5a izanen baita, eta B modalitateko eskatzaileek izan ezik, kasu horretan f) puntuan zehazten den epean aurkezten ahalko baitute zerrenda.

Bosgarrena._Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Deialdiaren xede diren ikasketa lizentzietarako hautagaiek modalitate bakar baterako, A edo B, aurkeztu beharko diote eskabidea, eta 2007-2008 ikasturteko denboraldi bakar baterako, urtebete edo lau hilabete, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariari (Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusia, Santo Domingo aldapa, zk.g, 31001 Iruña), Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan, Irakasleentzako Laguntza Zentroetako idazkaritzan eta Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren www.pnte.cfnavarra.es webgunean atzematen ahal den ereduari jarraituz.

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean itxitako zerbitzu-orria edo zerbitzuen ziurtagiria. Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz gaineratuko ditu atal honi dagozkion merezimenduak.

b) Lizentzialdian burutu nahi den ikasketa proiektua edo berriztapen proiektua, deialdi honen I. eranskineko eskemari jarraituz.

c) Eskatzailearen espezialitateko gaiarekin zerikusia duten eta hark aipagarritzat jotzen dituen ikasketa nahiz lan merezimenduen frogagiriak. Merezimendu horiek egiaztatzeko, deialdi honetako II. eranskineko baremoan zehazten diren agiriak erabiliko dira.

d) Ikasketetarako lizentzia eskatzen duten guztiek zinpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honetako hirugarren arauan edo laugarren arauko c) atalean eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela adierazteko.

2. Aurkezten diren agiri guztien zerrenda datatu eta sinatua aurkeztu beharko da, agiriak baremoan agertzen den ordenaren arabera zenbakituz.

3. Oker materialik edo egitatezko okerrik izanez gero edonoiz zuzentzen ahalko dira, bai ofizioz, bai doakionak hala eskatuta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 105.2 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Seigarrena._Eskabideak nori igorri eta non eta noiz aurkeztu behar diren.

1. Eskabideak Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedu Erkidearari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuenaren) 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, posta funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

2. Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Zazpigarrena._Hautapen organoa.

1. Honako kide hauek osatuko dute izangaiak hautatzeko batzordea:

Batzordeburua:

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendaria, edo berak izendatzen duena.

Batzordeko kideak:

Irakasleen Prestakuntza atalburua edo berak izendatzen duena.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko bi teknikari, Zerbitzuko zuzendariak izendatuak.

Irakasle ez-unibertsitarioen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

Zortzigarrena._Hautatzea.

1. Aurreko arauan aipatzen den Hautapen Batzordeak arau honetako hurrengo ataletan ezartzen diren prozedura eta epeen arabera hautatuko ditu 2007-2008 ikasturtean ikasketak egiteko lizentzia izanen duten irakasleak.

2. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiko iragarki oholean eta zuzendaritza nagusiaren www.pnte.cfanavarra.es webgunean onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu eta bost egun naturaleko epea irekiko da, argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko.

3. Hautapen Batzordeak erreklamazioak aztertu ondoren, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiari proposatuko dio deialdi honetako onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, ebazpen baten bidez, onets dezan. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki oholean eta zuzendaritza nagusi horren webgunean argitaratuko da.

4. Eskabide onartuak II. eranskineko baremoaren arabera aztertu eta baloratuko ditu Batzordeak. Eskatzaile bakoitzak lorturiko puntuen arabera, batzordeak Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusira ebazpen proposamen bat igorriko du, 2007-2008 ikasturtean ikasketak egiteko lizentzia bat hartzeko hautatuen behin-behineko zerrenda bilduko duena, eta zazpi egun naturaleko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko, zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita. Zerrenda puntuazio osoaren arabera antolatuko da. Behin-behineko hautatuen artean berdinketarik gertatuz gero, irizpide hauek erabiliko dira hura hausteko:

1. Nork puntuazio altuagoa baremoko 1. atalean.

2. Nork puntuazio altuagoa baremoko 2.1. atalean.

3. Nork puntuazio altuagoa baremoko 3. atalean.

5. II. eranskineko 1. atalean ezarritako baremoan gutxienez ere 5 puntu lortzea, eta gutxienez 12 puntu baremo horretako 2., 3., 4. eta 5. ataletan.

6. Hautapen Batzordeak erreklamazioak aztertu ondoren, horrek berriro jakinaraziko dio Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiari 2007-2008 ikasturtean ikasketetarako lizentzia bat hartzeko hautaturiko irakasleen behin betiko zerrenda, ebazpen baten bidez, argitara dezan. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki oholean eta zuzendaritza nagusi horren webgunean argitaratuko da. A1 modalitatearen kasuan zerrenda behin-behinekoa izaten ahal da, eta ikasketen ziurtapenak aurkeztearekin emanen litzateke behin betikoa.

Bederatzigarrena._Ukoak

1. Aurreko arauko 4. puntuan erreklamazioak aurkezteko ezarritako epe berean, hautagaiek ukamena aurkeztu ahalko dute. Behin betiko destinoa beste autonomia erkidego batean erdiesten baldin bada, uko egitea nahitaezkoa izanen da.

2. Ukoa hautapen batzordeari aurkeztuko zaio, idatziz, eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegoan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko

azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren bulegoetan. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen.

Hamargarrena._Deialdia bukatutzat ematea.

1. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emanen du bukatutzat du deialdi hau, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ebazpen baten bidez.

2. Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko Zuzendaritzak jakinaraziko die izangaiei ikasketak egiteko lizentziak emateari buruzko behin betiko ebazpena.

3. Deialdi hau bukatutzat eman ondoren, ikasketak egiteko lizentzien ukaziorik ez da onartuko, salbu eta Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak aztertu eta larritzat jotzen duen kasurik gertatzen baldin bada, eta hautapen batzordeak txostena egin ondotik, edo, orobat, izangaia batera aukeratua izan baldin bada zerbitzu eginkizunetako plaza baterako edo aldi baterako kanpo-atxikipena. Kasu horietan, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak, zerbitzuaren beharren arabera, haren gaineko ebazpena emanen du proposamenen sarrerako hurrenkeraren arabera.

Horrelako kasu bat gertatuz gero, lizentzia automatikoki pasatuko zaio modalitate horretako hurrengo izangaiari. Inor ez balitz, lehenbiziko arauaren hirugarren puntuak xedatzen duenari men eginen zaio.

Hamaikagarrena._Urratsez urratseko txostena eta bukaerako memoria.

Ikasketak egiteko lizentziak dirauen bitartean, onuradunek Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

1. Ikasketak egiteko lizentziak, A edo B modalitatekoak, urtebeteko iraupenekoak:

a) 2008ko otsailean, txosten bat ordura arte eginiko lanaren garapenari buruz. Lizentzia A1 modalitateari badagokio, txosten horri matrikula egin den unibertsitateak luzatutako ikasketen ziurtagiri ofiziala erantsiko zaio eta bertan sartuko dira hautatutako irakasgaiak eta horien ikastorduak kreditutan. Lizentzia A.2 edo A.3 modalitatekoa bada, urratsez urratseko lanaren txostenari, tesiaren zuzendariaren edo masterraren/graduatu ondoko ikasketen arduradunaren ikus-onespen agiria eta unibertsitateko dagokion departamentuko zigilua gaineratuko zaizkio.

b) Ikasketak egiteko lizentziaren denbora amaitzen denean, luzatu ezin den hilabeteko epean, egindako lanaren gaineko memoria orokorra, edo egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa, bidezkoa dena. Lizentzia B modalitatea bada, azken memoria, III. eranskinaren araberakoa, eta prestatutako materialak.

2. Ikasketak egiteko lizentziak, A edo B modalitatekoak, lau hileko iraupenekoak:

Ikasketak egiteko lizentziaren denbora amaitzen denean, luzatu ezin den hilabeteko epean, egindako lanaren gaineko memoria orokorra, edo egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa, bidezkoa dena. Lizentzia B modalitatea bada, azken memoria, III. eranskinaren araberakoa, eta prestatutako materialak.

Hamabigarrena._Egoera administratiboa eta hautatuek bete beharrekoak.

1. Ikasketak egiteko lizentziak dirauen bitartean, onuradunek nork bere ordainsari oinarrizkoak eta kasuan kasuko irakaskuntza kidegoko osagarriak jasoko dituzte.

2. Ikasteko lizentzia bat jasotzen dutenek jardunean edo zerbitzu berezietan dauden funtzionarioei eskatzen zaizkien baterazintasun baldintza berberak izanen dituzte.

3. Deialdi honetan xedatutakoa betetzen ez bada, edo egindako ikasketetan edo lanean "gutxiegi" kalifikazioa lortzen badute, ikasketak egiteko lizentzia galdu eta diziplina erantzukizuna izan dezakete, indarra duen Administrazioko Funtzionarioen Diziplina Araubideari buruzko Erregelamenduaren arabera.

4. B) modalitateko lizentzien kasuan, Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du egindako ikerketaren emaitzen memoriak eta sortutako material guztia erabili eta argitaratzea, bidezkotzat jotzen baldin badu, indarra duen jabetza intelektualari buruzko legeriak dioenari jarraituz.

5. A eta B modalitateetako lizentzien onuradunek zilegi izanen dute egindako lana argitaratzea, Hezkuntza Departamentuak hala baimentzen badu. Argitalpenean, lana prestatzeko jaso duten lizentziaren aipamena egin beharko dute espresuki. Aipamen hori lizentziarekin egin den lana osorik edo zatiren bat argitaratzen den aldiro egin beharko da.

Hamahirugarrena._Jarraipena eta kontrola.

1. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak lizentziak dirauen bitartean egiten diren ikasketa eta proiektuak behar bezala begiratu eta kontrolatzeko neurriak hartzen ahalko ditu.

2. Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak lizentzia denboran egindako lan edo ikasketak baloratuko ditu, urratsez urratseko txostenaren bidez. B modalitatearen kasuan, Hezkuntza Departamentuak proiektuen jarraipena eta ebaluazioa eginen du. Horretarako, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak teknikariak izendatuko ditu, Irakasleen Prestakuntza Atalak proposaturik.

Hamalaugarrena._Agirien berreskurapena.

2007ko urrian, deialdi honetan parte hartzen duten irakasleek eskabidearekin batera aurkeztu zituzten agiriak eramaten ahalko dituzte Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzutik. Dokumentazioa, zuzenean edota baimenduriko pertsona baten bidez jasotzen ahalko dute. Epe hori amaitutakoan, ulertuko da ez dutela jaso nahi eta horren gaineko eskubide oro galduko dute.

2. Ebazpen hau, arauak eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau, bere arauekin eta eranskinekin batera, igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Irakasleen Prestakuntza Atalera eta Hezkuntza Berriztapenaren eta Curriculum Garapenaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen aurka nahiz deialdiaren arauen eta ondoriozko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko apirilaren 19an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

I. ERANSKINA

Proiektuaren edukiaren eskema, modalitatearen arabera

A.1 modalitatea. Lizentzia, ingeniaritza, ingeniaritza teknikoa, arkitektura, arkitektura teknikoa.

1. Egin nahi duen ikastaroa

2. Eginiko ikastaroen ziurtapen akademikoa.

3. Ikasketak egin nahi dituen ikastetxea: (izena, helbidea, herria, probintzia, herrialdea, telefonoa).

4. Ikastorduak edo kredituak.

5. Egin nahi diren ikasketen plan ofiziala.

A.2 modalitatea. Doktorego tesiak:

1. Tesiaren izena.

2. Zuzendariaren txostena, lana hasi zen eguna eta dagoen fasea (hastapena, erdibidea, azken idazketa eta abar) zehaztuz.

3. Eginiko lana.

4. Lizentzialdian egin beharreko lana.

5. Hirugarren zikloko kredituak gainditurik edukitzeagatik, ikertzeko nahikotasuna edo DEA izateagatik eta kasuan kasuko Doktorego Batzordeak doktorego tesiaren proiektua onesteagatik lorturiko ziurtapen akademiko ofiziala.

A.3. modalitatea. Masterra edo graduatu ondoko ikasketak, unibertsitateek abalatuak.

1. Egin nahi dituen ikasketak.

2. Ikasketak egin nahi dituen ikastetxea:

3. Ikastorduak edo kredituak.

4. Egin beharreko ikasketen plan ofiziala.

5. Eskatzailearen irakaskuntzaren arloa edo espezialitaterako ikasketa horien justifikazioa.

6. Ikasketa horien ondorengo aprobetxamendua, bai pertsonala, bai instituzionala.

B modalitatea. Hezkuntza Berriztapenaren proiektuak.

1. Identifikazio datuak:

1.1. Proiektuaren izenburua.

1.2. Ikastetxeen datuak.

1.3. Koordinatzailea eta irakasle laguntzaileak (deiturak, izena, IFZ eta espezialitatea).

1.4. Proiektua eta jarduera zein hezkuntza etapatan egin behar den.

1.5. Proiektuaren gaia edo esparrua.

2. Gaiaren aurrekariak eta gaur egungo egoera, bibliografia garrantzitsuena barne.

3. Planteamendua eta justifikazioa.

4. Lortu nahi diren helburuak eta lantzen diren edukiak.

5. Lan plana eta metodologia.

6. Iraupena eta faseak.

II. ERANSKINA

Baremoa

1. Ikasketa akademikoen, doktorego tesiaren, masterraren, graduatu ondoko ikasketen edo hezkuntzako ikerketen proiektua. Gehienez ere, 10 puntu.

A.1 modalitatea. Lehen edo bigarren zikloko unibertsitate-ikasketak.

Honako hauek baloratuko dira:

a) Eginen diren ikasketak nola egokitzen zaizkien eskatzaileak irakaskuntzan daukan lanpostuaren ezaugarri akademikoei. Gehienez ere, 5 puntu.

b) Lehenbiziko lizentzia baldin bada: 3 puntu.

c) Ikasketak azken mailakoak soilik baldin badira: 2 puntu.

A.2 modalitatea. Doktorego tesiak.

Honako hauek baloratuko dira:

a) Egindako lanaren azalpen eta zehaztasunak nolakoak diren. Gehienez ere, 2 puntu.

b) Lan horrek irakaslearen lanpostuaren ezaugarriekin duen zerikusia. Gehienez ere, 6 puntu.

c) Zein epetan egin gogo den, tesiaren zuzendariaren txostena eta hirugarren zikloko irakasgaietan lortutako kalifikazioak. Gehienez ere, 2 puntu.

A.3. modalitatea. Masterrak edo graduatu ondoko ikasketak.

Honako hauek baloratuko dira:

a) Lizentzia eskaeraren xede diren ikasketak nola egokitzen zaizkion hautagaiaren lanpostuari. Gehienez ere, 6 puntu.

b) Eginiko ikasketen ondorengo aprobetxamendua, bai hezkuntza administrazioaren aldetik, bai hautagaia arituko deneko ikastetxearen aldetik. Gehienez ere, 4 puntu.

B modalitatea. Hezkuntza Berriztapenaren proiektuak.

Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Proiektuaren eta koordinatzailearen lanpostuaren arteko lotura. Gehienez ere, 3 puntu.

2. Proiektuaren erabilgarritasuna eta bideragarritasuna hezkuntza praktika hobetzeko proposamena eta gelan zuzenean aplikatzeko aukera den aldetik. Gehienez ere, 3 puntu.

3. Garrantzia, ebazpen honetan proposaturiko gaiei dagokienez. Gehienez ere, 2 puntu.

4. Burutzeko bermea eta proiektua orokortzeko aukera. Gehienez ere, puntu bat.

5. Izaera berritzailea, haren edukiagatik eta haren egokitzapen metodologikoarengatik. Gehienez ere, puntu bat.

2. Laneko esperientzia. Gehienez ere, 12 puntu.

2.1. Irakaskuntzako merezimenduak.

Irakaskuntzako zerbitzuak: irakasle lanetan, funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa emandako zerbitzu urte bakoitzeko: puntu bat urte osoagatik, bosgarrenetik, hots, eskatu den gutxienekotik aurrera. Gehienez ere, 8 puntu.

2.2. Berariazko merezimenduak. Gehienez ere, 7 puntu.

2.2.1. Irakaskuntzako ikastetxe publikoetan, irakasleendako laguntza zentroetan edo antzeko erakundeetan zuzendari edo alboko zuzendari lanetan karrerako funtzionario edo kontratudun langile finko gisa aritutako urte bakoitzeko: puntu bat, urte oso bakoitzeko.

2.2.2. Zuzendariorde, alboko zuzendariorde, idazkari, alboko idazkari, ikasketaburu edo alboko ikasketaburu lanetan, karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte oso bakoitzeko: 0,75 puntu, urte oso bakoitzeko.

2.2.3. Ikastetxe publikoetan zikloaren koordinatzaile, mintegiburu, alboko mintegiburu, departamentuburu, alboko departamentuburu edo zuzendari lanetan, karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte oso bakoitzeko: 0,5 puntu, urte oso bakoitzeko.

2.2.4. Tutore edo Eskola Kontseiluko kide lanetan karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko gisa aritutako urte bakoitzeko: 0,5 puntu urteko.

2.2.5. Hezkuntza administrazioan emandako zerbitzuak, horien barne direla zerbitzuko zuzendari, ataleko buru, unitate teknikoko edo bulegoko buru, irakaskuntza gaietarako aholkulari eta irakasleendako laguntza zentroetako aholkulari gisa emandakoak, karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko izanda: puntu bat, urte oso bakoitzeko.

Agiriak: izendapenaren egiaztagiriaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, karguetan izan den denbora ere agertzen duena.

Oharra: atal bakoitzari dagozkion puntuazioak ateratzeko, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zerbitzualdiak. Hortik gora, hilabete oso bakoitzeko, adierazitako puntuazioaren hamabiren bat emanen da. 2.2.1 eta 2.2.2 ataletako informazioa ofizioz agertazen da zerbitzuak adierazten dituen orrialdean.

3. Etengabeko prestakuntza jarduerak. Gehienez ere, 10 puntu.

3.1. Eskatzailearen espezialitatearekin zerikusia duten ikastaro, talde egonkor, mintegi eta bestelako jardueretan parte hartzea, baldin eta hezkuntza administrazio batek, unibertsitate batek edo hezkuntza administrazio batekin hitzarmena sinatua duen irabazi asmorik gabeko erakunde batek antolatua bada: 0,10 puntu 10 prestakuntza orduko. Gehienez ere, 6 puntu.

3.2. Urrutiko prestakuntzako tutore edo mintegien koordinatzaile izateko prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,20 puntu 10 prestakuntza orduko. Gehienez ere: 2 puntu.

3.3. Irakaskuntza hezkuntza administrazioek edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko edo pribatuek eskaturik garaturik eta beren berezitasunarekin loturik dauden prestakuntza jardueretan, entitate horiek irakasleen etengabeko prestakuntzan badihardute eta hezkuntza administrazio batekin hitzarmenak sinaturik badauzkate. Irakaskuntza arloko prestakuntzarako aholkularien edo Irakasleen Laguntzarako Zentroetako irakaskuntza arloko aholkularien kasuan, ez dira kontuan hartuko haiei dagozkien eginkizunenetan egindako jarduerak: 0,3 puntu 10 prestakuntza orduko. Gehienez ere, 2 puntu.

Agiriak: egiaztagirien jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak. Homologazioak ziurtagiriekin batera aurkeztuko dira. Azpiatal hauen ondorioetarako, jarduera guztietako orduak batuko dira eta hamar ordutik beheitiko hondarra ez da puntuatuko.

4. Eskatzen diren ikasketa akademikoen gaineko edo aurkeztu den berriztapen proiektuko gaien gaineko argitalpenak edo ikerketak. Argitalpena kolektiboa baldin bada, hainbanako proportzionala ezarriko da. 1 puntu lan bakoitzeko. 5 puntu gehienez ere.

Agiriak: Argitalpen bakoitzaren jatorrizko alea, ISBN edo ISSN derrigorrez agertu beharko dutela. Argitaratu gabeko ikerketa lanak direnean, aurkezten den aleak ikerketaren ardura izan duen erakundearen abala beharko du.

5. Merezimendu akademikoak. Gehienez ere, 2 puntu.

5.1. Doktore titulu bakoitzeko, A.2 modalitateko eskatzaileendako izan ezik: puntu bat titulu bakoitzeko.

5.2. Bigarren eta hurrengo diploma eta ondorio guztietarako legez jo diren ingeniaritza tekniko eta arkitektura teknikoengatik eta lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza bateko lehen zikloko ikasketengatik: 0,5 puntu titulu bakoitzeko.

Izangaiari ez zaizkio inoiz baloratuko maila horretako lehenengo titulua edo ikasketak.

5.3. Lizentzietako, Ingeniaritzetako edo Arkitekturako bigarren zikloko ikasketak edo, ondorio guztietarako, legez haien baliokide deklaratu diren tituluak: 0,75 puntu titulu bakoitzeko.

Agiriak: tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua edo behar den unibertsitatean eskatu dela frogatzen duen gordekinarena.

III. ERANSKINA

Memoria prestatzeko gidoia.

1. Proiektua garatu deneko testuinguruaren orotariko eta berariazko ezaugarriak.

2. Proiektuaren helburuak lortzea:

_Hasiera batean proposatuak.

_Proiektua bukatzean lortuak.

3. Abian zegoela proiektuan eginiko aldaketak

_Helburuetan.

_Metodologian.

_Antolaketan.

_Egutegian.

4. Proiektuan zehar erabili den ebaluazio prozesuaren laburpena.

5. Ondorioak:

_Proiektuaren lorpenak.

_Eragina ikastetxean.

6. Parte hartzen duten irakasleen zerrenda, izena, bi deitura eta NAN barne. Eginiko lanak eta haietan izaniko parte-hartzea azaltzen dituen txostena erantsiko da.

7. Prestaturiko materialak.

Iragarkiaren kodea: F0707053