58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

125/2007 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Iruñeko Udal Plana aldatzeko espedientea onesten duena, hari Mendillorriko Udalez gaindiko Plan Sektoriala eransteko. Espedientea Iruñeko Udalak sustatu du.

2006ko azaroaren 10ean, Iruñeko Udalak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu zuen agiriaren bidez honako hauek eskatzen zituen: Mendillorriko Udalez gaindiko Plan Sektoriala iraungitzea, plan hori Iruñeko Udal Planean sartzea eta, udal planeamenduan sartu ondoren, UPSaren araudian egiturazko aldaketa bat egitea.

2007ko urtarrilaren 29ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak Mendillorriko Udalez gaindiko Plan Sektoriala indarrik gabe uzteko baimena eman zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 46.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikusirik aurkezturiko agiriak eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren txostena, bidezko da behin betikoz onestea.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Behin betikoz onestea Iruñeko Udal Plana aldatzeko espedientea, hari Mendillorriko Udalez gaindiko Plan Sektoriala eransteko. Espedientea Iruñeko Udalak sustatu du.

2. Mendillorriko Udalez gaindiko Plan Sektoriala iraungi dela adieraztea.

3. Foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen adieraztea. Interesatuek, administrazio publikoek izan ezik, legezkotasuna kontrolatzea helburu duen egintza honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Eta onetsitako hirigintza araudiaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

4. Foru agindu hau Iruñeko Udalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 12an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0704431