58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2007ko martxoaren 19koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Arazuri-Orkoien industrialdea" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorial indardunaren 79. artikulua aldatzeko espedientea onesten duena. Volkswagen Navarra, S.A.k sustatu du aldaketa.

2006ko abenduaren 28an eginiko bilkuran, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen "Arazuri-Orkoien industrialdea" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorial indardunaren 79. artikulua aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea. Espedientea Volkswagen Navarra, S.A. enpresak sustatu du.

"II. eremuko fitxa: Ibaiaren babeserako zona librea" izenburuko artikulu horretan proposatutako aldaketa nagusia hauxe da: "Ibaiaren babeserako zona librea" kalifikazioaren eta "Jabari eta erabilera publikoko berdegunea" erabilera nagusiaren ordez, "Ibaiaren babeserako naturgunea" kalifikazioa eta "Jabari eta erabilera publikoko naturgunea" erabilera nagusia jartzea; naturgune hori, bestalde, nahitaez eta dohainik laga beharko zaio Arazuriko Kontzejuari, baina orain dagoen bezala. "Aldatzen den UPSean ezarritako berdegunearen kalifikazioarekin ibai parkea urbanizatzeko kostua _dio tramitatzeko aurkeztu den dokumentuak_ Arazuriko Kontzejuarentzat interesgarriagoa den beste proiektu batekin ordeztuko da, Arazuriko Kontzejuak 2004ko otsailaren 4an egindako bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz".

Erabaki hori 2007ko 12. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, urtarrilaren 26an, eta espedientea jendaurrean egon den epean ez da alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2007ko martxoaren 2an emaniko txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Arazuri-Orkoien industrialdea" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorial indardunaren 79. artikulua aldatzeko espedientea, Volkswagen Navarra, S.A. enpresak sustatua, onestea.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea.

3. Erabaki hau Orkoiengo eta Oltza Zendeako Udalei, Arazuriko Kontzejuari eta Volkswagen Navarra, S.A. enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2007ko martxoaren 19an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0705084