58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

Eraikuntzari buruzko Udal Ordenantzaren 9. artikulua. Behin betiko onespena

Iruñeko Udalbatzak, 2007ko martxoaren 1ean egindako osoko bilkuran, Eraikuntzari buruzko Ordenantza Orokorraren 9. artikulua hasiera batez onestea erabaki zuen.

Behin onespen-erabakia 2007ko martxoaren 12ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, 31. zenbakian, argitara eman eta jendaurreko epea alegaziorik aurkeztu gabe iraganda, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat, aipatu

Ordenantza behin betiko onetsi da, eta testua oso-osorik argitaratzea xedatu da, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2007ko apirilaren 20an._Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

ERAIKUNTZARI BURUZKO UDAL ORDENANTZAREN 9. ARTIKULUA. BEHIN BETIKO ONESPENA

9. artikulua. Gorputz eta elementu irtenak, sarguneak, eta eraikuntzak altueratik gora.

Gorputz irtenak eraikinaren bolumena zedarritzen duen planotik atera eta bizitzeko edo okupatzeko egokiak direnak dira. Itxiak, erditxiak eta irekiak izan daitezke.

Elementu irtenak bizitzeko edo okupatzeko egoki ez diren eraikuntza edo ornamentuzko elementuak dira, hala nola zokaloak, teilatu-hegalak, gargolak, markesinak, eguzki-babesak, olanak eta abar.

Ondoko xedapenek arautzen dituzte gorputz irtenak:

Ez da sotoetan, erdisotoetan edo beheko solairuetan lerrokadura ofizialarekiko sargunerik edota irtengunerik baimenduko -lerrokadura ofiziala Plan Orokorrean, edo, halakorik balitz, Plan Orokorraren aurreikuspenak garatzen dituzten Plan Partzialetan, Berezietan edo Xehetasun-azterlanetan ezarritakoa da-. Salbuespenez, Hirigintzako arauek edo Ordenantza hauek espresuki horrela jasotzen edo xedatzen badute, baimenduko dira halakoak.

"Alde Zaharra" VII. U.I.k espresuki debekatzen du bizitzeko egoki diren gorputz itxiak Plan Orokorrean ezarritako lerrokaduren gainean irtetea, salbu azalera osoa kristalez itxi duten begiratokien kasuan; nolanahi ere, hegada itxi horiek praktikan jar daitezke lerrokadura ofizialak zehaztutako ingurakaritik atzeraeman diren fatxadetan. Begiratoki-balkoien, eta, halakorik balitz, gorputz irten itxien gehienezko dimentsioa kalea zabal zenbat izan eta horren araberakoa izanen da:

Fatxadaren aurreko kalearen zabalera eta gorputz irten itxien gehienezko dimentsioa:

<15 m: 0,80 m.

>15 m: 1,00 m.

Gorputz irtenak eraikinaren lehen solairutik gora baino ezin izanen dira egin. Nolanahi ere, eta soilik eraikinean traba arkitektonikoak ezabatzeko helburuz, fatxadetan gorputz irtenak egitea baimenduko da, soto, erdisoto edo beheko solairuetan, bai eta gorputz irtenaren dimentsioa gainditzea ere, goiko solairuetan, betiere horretarako eraikinaren lerrokadura aldatzen bada, Xehetasun-azterlan baten bidez -jarduketak ez badakar espazio publikoaren okupazioa-, edo traba arkitektonikoak ezabatzeko Plan Berezi baten bidez, espazio publikoa okupatuz gero. Halako hirigintza-tresnak bideratu baino lehenagoko hirigintzako kontsulta batean, Udalaren zerbitzu teknikoek balorazio bat eginen dute, ondoko baldintzak betetzen diren egiaztatzeko:

_Eraikinaren barrualdean ezin direla bete Planean eta gai honetan indarra duten legeetan aurreikusitako Irisgarritasunari buruzko arauek ezarritako parametroak, eta ezin dela hartu, bestalde, eraikinaren elementu komunetan teknikoki egokitzat jotako neurri alternatiborik. Teknikoki posible diren alternatibak izan badirenean ere, hartzen ahalko da irtenbide hori, baldin eta alternatiba horiek eraikinaren bizigarritasun-baldintzak narriatzea badakarte, betiere etxebizitzaren tamaina edo bertan diren instalazioak kontuan hartuta.

_Gorputz irtenak okupatu behar duen espazioa geldikin izaera duela, betiere halakotzat ondokoa hartuta: igogailuaz hornitu beharreko eraikinaren fatxada ondoan dagoen espazioa, baldin eta horren okupazioak ez badakar itxuraldatzerik, ez ibilbideetan ez ekipamendu publikoetan.

_Espazio geldikinak dimentsio egokiak dituela, halakoak ezen bermea izanen baitira igogailuak sortutako bolumen berriak narriatzerik ez ekartzeko, etxebizitzen bizigarritasun-baldintzetan, eta oztoporik ez sortzeko geroan berriz ere urbanizatzen denean.

_Igogailua paratzeko proiektua bat datorrela, izan daitezkeen irtenbideetatik, etxebizitzetara errazen iristea ahalbidetzen duenarekin. Salbuespenez, eskakizun horretatik kanpo geldi daitezke bizitegi-erabilera kolektiboa duten eraikinen beheko solairuan kokatutako etxebizitzak.

_Instalazioak bermatzen duela etxebizitzetara trabarik gabe iristea, eta hobekuntza garrantzitsua ekartzea eraikinaren egoeran. Ahal delarik, igogailua eta sarbideak Irisgarritasunari buruzko arauei lotuko zaizkie.

_Egin nahi diren obrek eta instalazioek begirunez tratatzen dituztela jadanik badiren eraikinak, betiere kontuan hartuta hala fatxada-konposizioa nola hiri-eszenaren begi-inpaktua eta alderdi funtzionalak. Horiek horrela, bereziki erreparatuko zaio instalazioak integratzeari, hala eraikinen fatxadekin nola ingurunearekin.

_Etxe-irla edo espazio komun batean kokaturik dagoen eraikin batean edo beste hainbat eraikinekin arkitektonikoki antzekoa den batean jardunez gero, mota honetako jarduketan lehen eraikinerako hartutako irtenbidea beste eraikinek eredutzat hartuko dutela, multzoaren uniformetasuna mantentze aldera.

_Okupatu behar den espazioan ez dagoela ezkutuan geldi daitekeen funtsezko zerbitzurik. Aurrekoa betetzea ezinezkoa izanez gero, instalazioaren onuradunek bere kontura aldatu beharko dituzte lekuz zerbitzu horiek, eta toki egokian kokatu, instalaziorako aurreikusi den eremutik at.

Hirigintzako kontsultaren gaineko ebazpenak aurreko baldintzetakoren bat ez dela betetzen joz gero, aipatu hirigintza-tresnak izapidetzea galaraziko da.

Hirigintzako arauetan eta kapitulu honetako beste ataletan xedatu dira bolumenari buruzko baldintza partikularrak, hiriko sektore edo unitate bereizgarrietarako.

Iruñean, 2007ko otsailaren 20an.

Iragarkiaren kodea: L0706823