58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

OSASUN DEPARTAMENTUA. Lankidetza hitzarmena Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren Tuterako Zentro Elkartuarekin, Osasun Zientzietako irakaskuntza eta ikerketa unibertsitarioaren arloan.

Nafarroako Gobernuak, 2007ko martxoaren 5ean hartutako erabakiaren bidez, baimena eman zuen Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak lankidetza hitzarmena egin zezan Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren Tuterako Zentro Elkartuarekin, Osasun Zientzietako irakaskuntza eta ikerketa unibertsitarioaren arloan. Behin hitzarmena sinaturik, argitara ematen da.

Iruñean, 2007ko martxoaren 14an._Osasun kontseilaria, María Kutz Peironcely.

NAFARROAKO GOBERNUKO OSASUN DEPARTAMENTUAREN ETA URRUTIKO HEZKUNTZARAKO UNIBERTSITATE NAZIONALAREN TUTERAKO ZENTRO ELKARTUAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, OSASUN ZIENTZIETAKO IRAKASKUNTZA ETA IKERKETA UNIBERTSITARIOAREN ARLOAN

Tuteran, 2007ko martxoaren 16an.

BILDU DIRA:

Alde batetik Luis Jesús Fernández Rodríguez jauna, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren (UHUN) Tuterako Zentro Elkartuko zuzendaria (helbidea: Magallón kalea, 8), zentro horren barne erregimeneko erregelamenduaren 19. eta 25. artikuluetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz.

Bestetik, María Kutz Peironcely andrea, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko kontseilaria (helbidea: Amaia kalea, 2 A, Iruña) .

AZALDU DUTE:

Nafarroako sektore publikoko osasun zentroek Osasun Zientzietako ikasleen prestakuntzan laguntzen dute. Hala, unibertsitateek osasun sistema publikoaren baliabideak bete-betean erabiltzen ahal dituzte Osasun Zientzien arloko beren irakaskuntza eta ikerketa programak egiteko. Hartara ekarpena egiten da osasun arloko prestakuntza eta espezializazioa hobeak izan daitezen, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak agintzen duen bezala.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 91.2 artikuluak xedatzen duenez, Foru Komunitateko Osasun Administrazioak hitzarmenak egin behar ditu unibertsitateekin eta kulturan nahiz zientzian diharduten beste erakunde batzuekin, osasun arloko ikerketa sustatzeko eta erakundeen irakaskuntza ahalmena ongi baliatzeko.

Xede horrekin, 2002. urtetik, UHUNen Tuterako Zentro Elkartuak Osasun Zientzietako bere ikasleen banakako eta unean uneko beharrak ase izan ditu Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren urriaren 23ko 467/2001 Foru Aginduan ezarritako mekanismoaren bidez. Horrela ikasleek praktikak eta txandak egin ahal izan dituzte Tuterako Osasun Barrutiko osasun zentroetan. Orain bi aldeek beharrezkotzat jotzen dute Osasun Zientzietako irakaskuntza eta ikerketa unibertsitarioen arloko lankidetzarako esparru egonkorra ezartzea hitzarmen honen bidez.

Horregatik guztiagatik, bakoitzak bere ordezkaritza erabiliz, honako klausula hauek egin dituzte:

KLAUSULAK

Lehenbizikoa._Helburuak.

Lankidetza hitzarmen honen helburu orokorrak hauek dira:

1. Irakaskuntzakoak:

a) Osasun Departamentuak Tuterako Osasun Barrutian dituen osasun baliabideak ahalik gehien erabiltzea unibertsitateko irakaskuntzarako, Osasun Zientzietako lehen, bigarren eta hirugarren zikloetako ikasketetan eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN) ematen dituen berezko titulazioetan.

b) Osasun arloko profesionalen kualifikazioa bere maila gorenean mantentzen laguntzea, profesional horiek eguneratu eta birziklatu daitezen arduratuz eta unibertsitateko irakaskuntzan sar daitezen sustatuz.

2. Laguntza arlokoak:

a) Lankidetzan aritzea, Osasun Zientzietako unibertsitate ikasketak osasun laguntza etengabe hobetzeko tresna izan daitezen.

b) Osasun Departamentuak, Tuterako Zentro Elkartuaren bitartez, hitzarmen honetan adierazitako xedeetarako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren esku jartzen dituen osasun zentroetan laguntzaren kalitatea ahalik onena izanen dela bermatzea.

3. Ikerketa arlokoak:

Osasun Zientzietako ikerketa sustatzea, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren jarduerak, Tuterako Zentro Elkartuaren bitartez, Osasun Departamentuaren jarduerekin koordinatuz, baliabideak hobeki erabiltzeko, ikertzaile taldeak sendotzeko eta talde berriak abian jartzeko.

Bigarrena._Osasun zentro eta zerbitzuak erabiltzea.

Aurreko klausulan aipatutako helburuak bete daitezen, UHUNen Tuterako Zentro Elkartuak Tuterako Osasun Barrutiko osasun zentro eta zerbitzuetako instalazioak erabili ahal izanen ditu, curriculum programa bakoitzerako behar direnak, irakaskuntza eta ikerketarako erabilgarri dauden baliabideen arabera, eta bosgarren klausulan aipatzen den Jarraipen Batzorde Mistoak onarpena emanez gero.

Hirugarrena._Praktikak egiteko baldintzak.

Praktikak egiten dituzten bitartean, ikasleek zehatz-mehatz beteko dituzte Osasun Departamentuaren zentro eta zerbitzuetan indarra duten xedapen orokor eta barne-arau guztiak, baita zuzendariek, departamentu, zerbitzu eta ataletako buruek, klinika eta laguntza unitateetako buruek, koordinatzaileek, tutoreek eta irakasleek ematen dizkieten aginduak ere.

Osasun Departamentuaren zentro eta zerbitzuetan praktikak egiten dituzten Osasun Zientzietako ikasleek ez dute horregatik inolako lan-harremanik edo estatutu-harremanik izanen Nafarroako Foru Komunitateko Osasun Administrazioarekin.

Praktikak hasten diren egunetik, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak, Tuterako Zentro Elkartuaren bidez, istripuen eta erantzukizun zibilaren estaldura bermatuko du, eskola aseguruak estaltzen ez dituen heinean.

Laugarrena._Praktiketako tutoreak.

1. Osasun Departamentuaren plantillakoak izan eta praktikak egiteko hautatzen diren Tuterako Osasun Barrutiko zentro eta zerbitzuei atxikita dauden osasun arloko langileek, praktiketan tutore gisa lan egiten badute, ikasturtea amaitutakoan osasun laguntzako praktiketako tutoretzan aritu izanaren ziurtagiria jasoko dute, UHUNen Tuterako Zentro Elkartuko zuzendariak emana.

Osasun Departamentuko profesionalek modalitate hauetako batean parte hartuko dute UHUNeko ikasleen osasun laguntzako praktiketan:

a) Osasun laguntzako praktiketako irakasle koordinatzailea. Ezarritako irakaskuntza programa betetzeko ardura izanen du osasun laguntzako zentro edo unitate kliniko bakoitzean.

b) Osasun laguntzako praktiketako irakasle tutorea. Zuzeneko irakaskuntzaren ardura izanen du. Unitate bakoitzean irakasle tutoreen kopurua ikasle kopuruaren araberakoa izanen da.

2. Aurreko klausulan aurreikusitako izendapenek ezaugarri hauek izanen dituzte:

a) Hitzarmen honen esparruan izendapenek ez dute inolako ordainsaririk ekarriko.

b) Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalari inola ere ez zaio lan_, administrazio_ edo estatutu-harremanik sortuko lehenbiziko atalean aipatutako irakasleekin eta ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten gainerako profesionalekin, ohorezko harremana ez bada.

c) Izendatuek UHUNen Tuterako Zentro Elkartuko irakaskuntza instalazioak, funts bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak erabili ahal izanen dituzte beren eginkizunak betetzeko tresna gisa.

d) Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak, Tuterako Zentro Elkartuaren bidez, interesatuak eskatuz gero, izendapenaren, horren iraupenaren eta egindako irakaslanaren ziurtagiriak emanen ditu.

e) Goian aipatutako irakasle tutoreek kasuan kasuko departamentuaren jakintza-arloari eta irakasgaiaren ardura duen irakasleari dagozkion arau eta programei jarraituz jardun beharko dute irakaskuntzan.

Bosgarrena._Jarraipen Batzorde Mistoa.

1. Jarraipen Batzorde Mistoa eratuko da. Kide hauek izanen ditu:

_Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren aldetik:

UHUNen Tuterako Zentro Elkartuko zuzendaria edo berak izendatzen duena, eta UHUNen Tuterako Zentro Elkartuko zuzendaritzako bi kide, ikasturte bakoitzerako izendatuko direnak.

_Osasun Departamentuaren aldetik:

Tuterako Reina Sofía Ospitaleko zuzendaria edo berak izendatzen duena; osasun laguntzako praktiken koordinazio orokorraren arduraduna, ikasturte bakoitzerako izendatuko dena; eta Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuaren ordezkari bat, zerbitzuko zuzendariak izendatuko duena.

Jarraipen Batzorde Mistoko kide guztiek hizpidea eta botoa izanen dituzte.

Batzordea modu baliozkoan eratu dadin, gutxienez lau kide bildu behar dira. Erabakiak adostasunez hartuko dira.

2. Jarraipen Batzorde Mistoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hitzarmena behar bezala aplikatu dadin begiratzea eta, bereziki, bigarren klausulan aipatutako prestakuntza programak ikastaldi bakoitzean abian jartzeko modua aztertzea, horien garapena arautzea, laguntzea, azaltzen diren arazoak konpontzea, eta agintari eskudunari bere onespena eta egokitzat jotzen dituen iradokizunak helaraztea.

b) Osasun erakundeetako irakasle koordinatzaile eta irakasle tutoreek bete beharko dituzten txandaketa planak eta irakaskuntzako jarduerak zehaztea, praktiketako ikasleen irakasleek edo arduradun akademikoek zehaztutakoaren arabera.

c) Hitzarmen honetako laugarren klausulan aipatutako ziurtagiriak hartzaileei emateko izapideak egitea.

Seigarrena._Aldeen arteko beste konpromiso batzuk.

Lankidetza hitzarmen honetan, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak, Tuterako Zentro Elkartuaren bidez, eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak konpromiso hauek hartu dituzte:

1. Tuterako Osasun Barrutiak UHUNen Tuterako Zentro Elkartuko baliabideak eta irakaskuntzako instalazioak erabili ahal izanen ditu bere irakaskuntza jarduerak eta bera osatzen duten osasun zentroenak egiteko.

2. UHUNen Tuterako Zentro Elkartuak Unibertsitateko Liburutegia erabiltzen utziko die irakasle laguntzaileei. Horretarako behar den baimena emanen die.

3. Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak, Tuterako Zentro Elkartuaren bidez, bere antolamenduak aukera ematen dion heinean, Nafarroako Osasun Departamentuaren eta hari atxikitako zentroen eskura jarriko du bere irakaskuntza-azpiegitura, Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak araututako irakaskuntza-jarduerak egiteko.

4. Eta, oro har, bai Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak, Tuterako Zentro Elkartuaren bidez, bai Osasun Departamentuak, irakaskuntza eta ikerketarako dituzten baliabideak erabiltzen utziko diete bi erakundeetako profesionalei, betiere beren eskumen-eremuko zerbitzu edo organoetako arduradunen baimena baldin badute.

Zazpigarrena._Osasun arloko profesionalek irakaskuntzan parte hartzea.

Tuterako UHUNeko Unibertsitate Hedapeneko Koordinazioak gainbegiraturik eta horren zuzendaritza akademikoaren pean, Osasun Departamentuko osasun arloko profesionalek ikastaro, mintegi eta bestelako prestakuntza ekintzak eman ahal izanen dituzte, UHUNen Tuterako Zentro Elkartuak urtero proposatzen dituen unibertsitate hedapeneko ikastaroen esparruan, betiere zentroko zuzendaritzak onespena ematen badu.

Zortzigarrena._Lankidetzaren norainokoa.

Unibertsitatearen eta Osasun Departamentuaren arteko irakaskuntza arloko lankidetza hedatu ahal izanen da, UHUNeko beste ikasketa batzuk egin ahal izan daitezen Osasun Departamentuko osasun zentroen laguntzaz, hitzarmen honetan eginen den bezalatsu, betiere haren araudiari dagozkion berezitasunekin.

Horretarako, bi erakundeen ordezkariek lankidetza berrirako behar diren zehaztapenak eginen dituzte, lankidetza eskatzen duen departamentuaren proposamenez eta Batzorde Mistoak txostena eman ondoren, eta zehaztapen horiek hitzarmen honi gehituko zaizkio eranskin gisa.

Bederatzigarrena._Datu pertsonalak.

Datu pertsonalen edozein tratamendu egiteko, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedaturikoa bete beharko da.

Hamargarrena._Indarraldia.

Hitzarmen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra eta 2007ko abenduaren 31ra arte iraunen du. Urtero berez luzatutzat joko da beste urte baterako, alderen batek ez badu amaiera iragartzen, besteari idazkia bidaliz, indarraldia bukatu baino hiru hilabete lehenago gutxienez.

Hitzarmen hau amaitzeko arrazoiak honakoak izan daitezke: indarraldia amaitzea, alderen batek hitzarmenaren amaiera iragartzea, eta itundutako akordioak ez betetzea.

Hamaikagarrena._Aldaketak.

Lankidetza hitzarmen honen edozein aldaketa idatziz egiletsi beharko da eta bi aldeen legezko ordezkariek sinatu beharko dute adostasuna agertzeko.

Hamabigarrena._Hitzarmenaren interpretazioa.

Lankidetza hitzarmen honen interpretazioaren inguruko zalantzak bosgarren klausulan aipatutako Batzorde Mistoak ebatziko ditu.

Eta ados daudela erakusteko, agiri hau sinatu dute goian adierazitako tokian eta egunean.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren aldetik, María Kutz Peironcely.

Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren zentro elkartuaren aldetik, Luis Jesús Fernández Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F0704589