58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

470/2007 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez ezartzen dira Nafarroako ehiza-barrutietako azeri-populazioa kontrolatzeko metodo gisa lakioak erabiltzeko baimenak emateko baldintza orokorrak eta onesten da kasu horietarako protokoloa.

Nafarroako zeinbait ehiza-esparrutan azeria arazo izan daiteke ehiza xeheko zenbait espezieren populazioentzat, eta horregatik gomendagarria da, kasu horietan, harrapakari honen dentsitatea kontrolatzea. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hartu dituen neurri orokorren artean aipagarriena espezie hori sei hilabetez ehizatzeko baimena da.

Hala ere, ehiza-denboratik aparte eta ehiza-esparruetako erabilera jakin batzuetarako eremuetan, ehiza-denboran berean, beharrezkoa da azeri populazioa kontrolatzeko neurri berariazkoak hartzea, urterik urte behin eta berriro gertatzen diren kalteak gutxitzen saiatzeko.

Nafarroako Ehiza eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak, 39., 40. eta 41. artikuluetan, ehizan aritzeko mugak eta debekuak ezartzen ditu. Baina, aldi berean, 44. artikuluak arau orokorraren salbuespenak egiteko baldintzak adierazten ditu. Zehazki, honako hau dio:

"Kapitulu honetan ezarritako debekuak indarrik gabe utzi ahalko dira, aurrez administrazio baimena emanda, ondoko inguruabarretako baten bat gertatzen denean:

a) Behar bezala egiaztatzen denean pertsonen osasunari edo segurtasunari, nekazaritzari edo basa faunako espezieei kalte egiteko arriskua dagoela."

Eta hau gaineratzen du:

"Baimen hori berezia izanen da eta denbora-muga izanen du. Eskatzaileak aurrez frogatu beharko du egin nahi duen harrapaketa hautakorrak ez dituela arriskuan jarriko populazio maila, banaketa geografikoa edo espeziea Nafarroa osoan ugaltzeko ahaleginak. Harrapaketa aldiak irauten duen bitartean, Administrazioak kontrolatu beharko du nola egiten den".

Halaber, 51. artikuluak ehiza-barrutiaren zaintzari buruz honakoa dio:

"Barrutien kudeaketaren arduradunak bermatu eginen du barrutia zaintzeko sistema egokia egonen dela, ehizarako espezieen aprobetxamendu bidezkoa eta nahitaezko kontrol eta jarraipen neurriak behar adina ziurtatuko dituena".

Ehiztariek eskatzen dituzten metodoetako bat lakioak jartzea da. Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak uste du metodo hori egokia izan daitekeela azeri populazioak kontrolatzeko. basa faunarentzako eragin nabarmenik gabe, baldin eta metodo hau erabiltzean protokolo zorrotz baten arabera jokatzen bada.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen du horrelako protokoloa ezartzea, modu egonkor eta zabalean, lakioen bidez azeri-populazioak kontrolatzeko eman daitezkeen baimenetarako.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak baimena eman dezake lakioak erabiltzeko, azeri-populazioak kontrolatzeko baldin bada eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Azeri-populazio handia izatea, zehazki kilometroko ugaritasun indizeak 0,33 baino handiagoa izan behar du eskaera egin aurreko urteko abuztuan.

b) Azerien populazioa lakioen bidez kontrolatu nahi duten ehiza-barrutiek ehizazaina izan behar dute, dela urte osorako, dela lakioak jarri behar diren denborarako kontratatua, eta berak bakarrik izanen du baimena, bai lakioak jartzeko, bai haietaz arduratzeko.

c) Apirilean, maiatzean eta ekainean baizik ez da emanen lakioak jartzeko baimena .

d) Ez da baimenik emanen untxi populazio handia duten ehiza-esparruetarako, nahiz eta espezie horrek kalte handiak egin laborantza-lurretan.

e) Ingurumenzaintza baimen bakoitzaren jarraipenaz arduratuko da eta nola aplikatzen den kontrolatuko du. Akta bat eginen du berrikuspen bakoitzeko, eta ez badira baldintzak betetzen ari, ahalmena du jarduera geldiarazteko.

2. Honako protokolo hau ezartzen da Nafarroan ehiza-esparruetako azerien populazioak kontrolatzeko lakioak erabiltzeko baimenerako:

a) Ehiza-esparru batek uste badu beharrezkoa dela lakioak jartzea azeri polulazioak kontrolatzeko, ehiza-barrutiaren titularrak eskabide bat aurkeztu beharko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ehiza eta Arrantza Atalean, eta bertan azaldu beharko du behar bezala arrazoituz, beharrezkoa dela lakioak jarri eta azeriak modu kontrolatuan harrapatzea, eta argitu beharko du zergatik den beharrezkoa metodo hori eta ez bestelakoren bat.

b) Ehizazain bat lan horretarako prest duela frogatu beharko du eskabidea egiten duenak.

c) Eskabidearekin batera, lakioak jarri nahi diren lekuak adieraziak dituen informazio kartografikoa aurkeztu behar da. Lakioak gehienez ere 200 ha-ko eremuetan jar daitezke aldiko, baina, nahi izanez gero, lakioak jartzeko baimena dagoen denbora tarte osoan, 200 ha-ko eremu horiek txandaka erabil daitezke. Eremu bakoitzean zein egunetan jarri nahi diren adierazi behar da.

d) Baimenak, kasu bakoitzerako, honako baldintza hauek ezarriko ditu: metodo baimenduak, lekua eta denborari dagozkion gorabeherak, gehienez ere harrapa daitekeen azeri kopurua eta ekintza horretaz nor arduratzen den.

e) Baimenak kasu zehatz bakoitzerako ezarritako baldintzak Ehiza eta Arrantza Atalari, Foruzaingoko Babes Ekologikoaren Atalari, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari, Ingurumenzaintzari eta ehiza barrutiaren titularrari edo ukituriko tokiaren jabeari igorriko zaizkie.

f) Baimenaren arduradunak, baimenak indarra galtzen duenetik hilabete bateko epean, memoria bat aurkeztu beharko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan. Horretan, lortutako emaitzak, eta gorabehera interesgarri guztiak zehaztuko dira. Emaitzarik bidali ezean, hurrengo eskabideak bertan behera utziko dira.

g) Lakioak jartzerakoan honako baldintza tekniko hauek bete behar dira:

_Topearekiko lakioak baizik ez daitezke erabili, 7 cm baino gutxiagoko itxiera edo 21 cm baino gehiagoko irekiera eragozten dutenak.

_Hautatutako 200 ha-ko eremu bakoitzean, 40 lakio jar daitezke gehienez ere.

_Azerien pasalekuetan jarri lakioak, pasalekuak estutzen diren lekuetan. Ahal izanez gero, umategietatik hurbil.

_Bidezidorra leku irekira ateratzen bada, bukaera baino hamar bat metro lehenago jarri.

_Behin jarriz gero, behealdeak lurretik18 cm eta 22 cm bitarte egon behar du eta zirkunferentziaren diametroak 21 cm izan behar ditu.

_Lakioak egunero begiratuko dira, goizeko lehenbiziko orduetan, eta bestelako espezierik baldin badago harrapaturik, askatu egin behar da.

3. Ebazpen honen kontra, zeinak ez baitu administrazio bidea agortzen, Administrazio Publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau igortzea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari, Ingurumenzaintzari, Foruzaingoko Babes Ekologikoaren Dibisioari, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari, Ehiza eta Arrantza Atalari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, bidezko ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 8an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

Iragarkiaren kodea: F0704273