58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2007ko martxoaren 19koa, Nafarroako Gobernuarena. Haren bidez eratzen da 2012rako Antolaketa Batzordea.

2012. urtean Navas de Tolosako batailako zortzigarren mendeurrena beteko da. Izan ere, Espainiako historiako gertaera garrantzitsu horretan Nafarroak jarrera erabakigarria izan zuen.

2012. urtean beteko da Albako dukearen tropek Nafarroa konkistatu zuteneko bosgarren mendeurrena. Gertaera hark nafarren arteko gerra zibil luzeari bukaera eman zion eta Pirinioetako erresuma zaharra Gaztelako koroan sartzeko prozesuari hasiera eman, gure Komunitatearen bilakaeraren hastapen bihurtuz.

Harrez gero gertaera haiei buruz azterlan eta interpretazio ugari egin dira honako faktore konplexuei erreparatuz: militarrak, diplomatikoak, erlijiosoak, sozialak eta ekonomikoak funtsean. Oraindik ere ez dira oso ongi ezagutzen.

Efemeride honek une egokia ematen digu historiaren une garrantzitsu haietan sakontzeko eta hausnarketa intelektuala egiteko Komunitate honetako historiari, orainari eta etorkizunari buruz.

Halaber, ospakizun egokia da gure historian mugarri izan diren eta interes turistikoa duten Nafarroako lekuetara bisitan etortzeko.

Erronka handia da interesa duten erakunde guztientzat, elkarrekin eta koordinaturik lan eginda, une historiko horiek aztertzeko programa osoa eta erakargarria egin ahal izateko.

Horretarako eta bi gertaerak aztertu, ezagutu eta hedatzeko xedez, Kultura, Turismo eta Komunikazio Zuzendaritza Nagusiek 2012rako Antolaketa Batzordea sortzea proposatu dute. Batzordeak hainbat ekintza definitu eta proposatuko ditu Nafarroako hiru unibertsitateetako ordezkariekin eta Espainiako eta Frantziako beste unibertsitate batzuekin harreman estuan eta baita beste administrazio publikoekin eta erakunde kulturalekin eta bi gertaera historikoekin loturiko diziplinetan adituak direnekin ere, modu libre, zientifiko, zorrotz eta diziplinartekoan hurbilketa egin dezaten.

Horrez gain, 2012rako Antolaketa Batzordeak parte hartuko duten erakundeen jarduerak koordinatuko ditu, irudi bateratu eta bakarra izateko eta, erakunde horien edo beste entitate batzuen ekimenez, Komunitate honen historia, oraina eta etorkizuna zabaltzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak proposaturik.

ERABAKI DU:

1. 2012rako Antolaketa Batzordea eratzea. Ondokoek osatuko dute:

Batzordeburua: Nafarroako Gobernuko lehendakariordea.

Buruordea: batzordeburuak batzordeko kideen artetik hautatzen duena.

Batzordeko kideak:

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria edo hark izendatzen duena.

Toki Administrazioko kontseilari eta Gobernuaren eleduna edo hark izendatzen duena.

Hezkuntza kontseilaria edo hark izendatzen duena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria edo hark izendatzen duena.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria edo hark izendatzen duena.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria.

Kultura zuzendari nagusia.

Turismo zuzendari nagusia.

Komunikazio zuzendari nagusia.

Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

Iruñeko artzapezpikua edo hark izendatzen duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkari bat, hark izendatua.

Nafarroako Unibertsitatearen ordezkari bat, hark izendatua.

Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren ordezkari bat, hark izendatua.

Batzordeak landuko dituen gaietako eremu historiko, kultural eta geografikoetan adituak diren izen handiko bost pertsona, batzordeburuak izendatuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak proposatuta.

Idazkaria: Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria.

2. Hauexek izanen dira 2012rako Antolaketa Batzordearen helburuak:

Erakundeek Navas de Tolosako batailako zortzigarren mendeurrena eta Nafarroa konkistatu zuteneko bosgarren mendeurrena ospatzeko sustatu dituzten ekintzak koordinatzea, mendeurrena hobeki antolatu eta ederrago gauzatu dadin.

Batzordeak egiteko zehazten dituen jarduerak proposatzea.

Ekintza bateratuak sustatzea mendeurrenaren berri emateko, gaur egun Espainiaren osaeran Nafarroak duen garrantzia nabarmentzeko eta historia guztiei ezagutzera emateko.

Mendeurrenaren irudi grafiko bateratua kudeatzea, eta irudiaren aplikaziorako, erabilera propioetarako eta beste entitate batzuei edo partikularrei uzteko irizpideak proposatzea.

Beste entitate edo talde batzuei laguntzak ematea mendeurreneko jarduerak bultzatzeko.

Erakunde parte-hartzaile baten edo batzuen eta beste entitate batzuen arteko lankidetza hitzarmenak bultzatzea, mendeurreneko jarduerak egiteko.

Nafarroako Gobernuari proposatzea mendeurreneko Ohorezko Batzorde bat eta bereizgarritasuneko beste elementu batzuk sortzeko.

3. 2012rako Antolaketa Batzordeak ez du ebazteko gaitasunik. Proposamenak eta ekimenak, halakorik denean, gaitasuna duen organoak eginen ditu. Ez da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura organikoan sartzen eta jarduera Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez bukatuko da.

4. 2012rako Antolaketa Batzordeak Batzorde Iraunkor bat sor dezake, hartutako erabakiak betearazten diren zaintzeko, erakundeen arteko koordinazio jarraitua berma dadin.

5. 2012rako Antolaketa Batzordeak Batzorde Zientifiko baten laguntza izanen du, efemeride hauekin loturiko eremuetan ospe handia duten pertsonez osatua eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak finkatuko ditu haren osaera eta eginkizunak.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Erabaki hau Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoari eta gainerako interesatuei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko martxoaren 19an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0705076