58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

590/2007 EBAZPENA, martxoaren 19koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean lanean ari diren langileen etengabeko prestakuntzarako ekintzak, etengabeko prestakuntzarako planetan agertzen direnak, finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onetsi eta dirulaguntza horiek emateko arauak ezartzen dituena.

Etengabeko prestakuntzarako ekintzak enpresen estrategia orokorraren barrenean kokatu behar dira. Administrazioak eginkizun subsidiarioa du arlo horretan, erantzukizun handiena enpresaburuena eta langileena baita. Horrenbestez, horrelako ekintzak antolatu eta burutzea haiei edo erakunde garrantzitsuenen legezko ordezkariei dagokie.

Etengabeko prestakuntza lehentasunezko balore estrategikoa da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialeko prozesuetan eta, beraz, enpleguan eta gizarte kohesioan egonkortasuna lortzeko funtsezko lanabesa.

Hori dela eta, Nafarroako Enplegu Planak, langileen etengabeko prestakuntza bultzatu nahian, Nafarroako enpresetako langileen lanbide-gaitasuna sustatu nahi du prestakuntzaren bidez, eta gastu horri aurre egiteko aurrekontu bat finkatu du.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua sortu zuen apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, foru agindu honen bidez iragartzen diren laguntzak erakunde autonomo horrek kudeatuko ditu.

Horrekin guztiarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, sektorearteko agente sozial eta ekonomikoen laguntzarekin, bere egiten du etengabeko prestakuntza, langileen lanbide-gaitasuna eta bakoitzaren sustapena hobetzeko tresna bat delako, eta Nafarroako aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialerako duen balio estrategikoa onartzen du.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, beharrezkoa da dirulaguntza deialdia eta haren arauak onestea.

Ebazpen honetan arautzen diren laguntzei ez zaie "de minimis" araudia aplikatuko.

Urte bakoitzerako baimenduko den gehieneko gastua "Hitzarmena INAFRE Fundazioarekin, kofinantzaturik ez dauden etengabeko prestakuntza ekintzetarako" izeneko kontusailean edo horren ordez onesten den antzeko beste batean dagoena izanen da, betiere aurrekontuetan behar adina diru badago.

Horiek horrela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak adostasun txostena egin duelarik, eta apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuek esleitu dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean Etengabeko Prestakuntzarako Planak, Etengabeko Prestakuntzarako Planak sinatuz, finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdia onestea.

2. Deialdia zuzenduko duten arauak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.

3. Ebazpen honek dakartzan konpromisoei aurre egiteko 1.852.800 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2007ko gastuen aurrekontuko "Hitzarmena INAFRE Fundazioarekin, kofinantzaturik ez dauden etengabeko prestakuntza ekintzetarako" izeneko 882002-84200-4819-242102 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzaren Atalera eta Kontabilitate Zentrora igortzea.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko martxoaren 19an._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Susana Labiano Bastero.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean lanean ari diren langileen Etengabeko Prestakuntzarako Planak finantzatzeko deialdi publikoaren arauak

Lehenengo araua._Xedea eta helburua.

Bat. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ari diren langileendako etengabeko prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntzak ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Ekintza horiek Prestakuntza Plan baten barrenean egon behar dute.

Bi. Deialdi honen xedeko Etengabeko Prestakuntzarako Planen helburua da lanean ari diren langileen trebetasunak eta kualifikazioak hobetzea eta lanbideko eguneratze eta espezializazioa bultzatzea, edozein dela ere langilearen jardueraren sektorea edo arloa.

Hiru. Deialdi honen bidez finantzatuko diren Etengabeko Prestakuntzarako Planen barrenean sartzen diren prestakuntza ekintzen helburua da langileei laguntzea gauza berriak ikasten eta etengabe birziklatzen, haien sustapena eta integrazio soziala eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Helburu hori lortuko da Administrazioaren eta gizarte agenteen parte-hartze eta erantzukizunarekin eta prestakuntza enpresa eta erakundeen laguntzarekin.

Lau. Prestakuntza Planetan sartzen diren prestakuntza ekintzak zein urtetarako eman diren, urte horren barrenean egin beharko dira.

Bost. Prestakuntza Planak sinatzeko eta dagozkien dirulaguntzak emateko lehiakortasun, publizitate eta objektibotasunaren printzipioei jarraikiko zaie.

Bigarren araua._Dirulaguntzen zenbatekoa.

Prestakuntza Plan bakoitzerako emanen den gehieneko dirulaguntza deialdi honetako II. eranskinean agertzen diren modulu ekonomikoen arabera kalkulatuko da.

Era berean, Prestakuntza Planak sinatzeko emanen den dirulaguntza zehazteko, hauexek hartuko dira kontuan: urte horretarako dagoen aurrekontua eta deialdi honetako zortzigarren arauan ezarritako irizpideak aplikatuz plan bakoitzak erdietsitako balorazioa.

Hirugarren araua._Entitate onuradunak.

Bat. Ordezkaritza handiena duten sektore arteko enpresaburuen erakundeek eta sindikatuek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan aipatzen diren Prestakuntza Planak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezartzen diren betebehar orokorrak betetzen badituzte.

Bi. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 8.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateak ere onuraduntzat hartuko dira.

Hiru. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako egoeraren batean dauden entitateek ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso.

Dirulaguntzaren eskaerarekin batera erantzukizuneko adierazpena aurkeztuz frogatuko da inguruabar horietako batean ez izatea.

Laugarren araua._Prestakuntza ekintzen onuradun izanen diren langileak. Eskaera eta ziurtapena.

Bat. Deialdi honetan adierazitako prestakuntza jardueretan honako hauek parte hartzen ahalko dute, deialdian ezarrita dauden baldintzetan:

a) Nafarroako lantokietan ari diren langileak.

b) Administrazio publikoetako langileak eta Nafarroako enplegu agentzietan inskribaturik dauden langabetuak, baina horrelakoak ezin dira plan bakoitzeko parte-hartzaile guztien %50 baino gehiago izan. Lehenengoak, gainera, ezin dira parte-hartzaile guztien %20 baino gehiago izan.

Bi. Arau honetan aipatutako langileek prestakunta planetan eskaintzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzeko, prestakuntza plan onartua duten entitateek emanen duten eskabidea erabiliko dute. Eskabideak III. eranskinean agertzen den ereduan ezarritako edukiak bildu beharko ditu. Eskabideak kontrol organoen esku egonen dira, ikastaroa hasi aurreko egunetik.

Hiru. Parte-hartzaileak aukeratzeko arduraduna entitate onuraduna edo/eta prestakuntza ekintzak ematen dituen entitatea izanen da, objektibotasunaren eta berdintasunaren irizpideei jarraikiz.

Lau. Entitate onuradunak parte-hartzaile bakoitzari, gutxienez ere ikastaroko irakastorduen %75 egin badu, prestakuntza ekintza egin izana egiaztatzen duen diploma bat emanen dio, gutxienez ere ondoko hauek biltzen dituena: ekintzaren izena, prestakuntza edukiak, zein egunetan egin den eta jaso diren prestakuntza orduak.

Aurreko lerroaldean aipatu diren egiaztatze diplomek, gutxienez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa erakutsi beharko dute, toki ikusgarri batean. Logotipo hori entitate sustatzailearen edo antolatzailearen ikurraren neurri berekoa edo handiagoa izanen da. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Diplomak parte-hartzaileei emateko edo igortzeko gehieneko epea bi hilabetekoa da, parte hartu duten prestakuntza ekintza bukatzen den egunetik aurrera.

Bosgarren araua._Etengabeko Prestakuntzarako Planak eta prestakuntza ekintzak.

Bat. Prestakuntza plana egin beharreko preskuntza ekintzen multzoari esaten zaio.

Bi. Prestakuntza ekintzak presentzialak izanen dira eta haien helburua izanen da langileen lanbide trebetasunak eta kualifikazioak hobetzea eta lanbideko eguneratzea eta espezializazioa bultzatzea, haiek lan egiten duten enpresen bitarteko lana behar izan gabe.

Hiru. Arau honen ondorioetarako, prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide trebetasunak, teorikoak eta/edo praktikoak, eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogiko batean egituratua egon beharko du eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu, parte-hartzaile guztientzat berdinak. Prestakuntza trebetasunak eta kualifikazioak hobetzera zuzendua denean, eta kualifikazioen katalogo nazionalean horretarako prestakuntza erreferentea ezarririk badago, moduluka emanen da, eta modulu bakoitza prestakuntza ekintza bat izanen da.

Lau. Prestakuntza ekintza ez da 10 ordutik beherakoa izanen, ezta 270 ordutik gorakoa ere. Muga hauetan salbuespena egiten ahalko da ekintza titulazio edo kreditazio ofizial bat lortzera bideratzen denean, edo arau edo hitzarmen baten bidez iraupen luzeagoa eskatzen denean.

Prestakuntza ekintzaren iraupena, eguneko, ez da inoiz 8 ordu baino luzeagoa izanen.

Prestakuntza ekintzetan taldeak eratzen ahalko dira, gehienez ere 20 parte-hartzailerekin.

Atal honetan ezarritako arauetako edozein betetzen ez bada, dagokion prestakuntza ekintza "ez egintzat" joko da, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako.

Bost. Ondoko prestakuntza ekintza hauek ez dira finantzatuko:

Enpresa bakar bateko lanpostuei aplikatzen ahal zaizkien edukiak dituztenak eta beste enpresa batzuetara eraman ezin diren trebetasunak irakasten dituztenak.

Prestakuntza prozesu bat garatzea xede nagusia ez duten ekintzak, hala nola jardunaldiak, mintegiak, feriak, sinposioak eta biltzarrak.

Seigarren araua._Eskabideak, aurkezteko epea eta dokumentazioa.

Bat. _Prestakuntza Planak finantzatzeko dirulaguntzen eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko dira, eredu normalizatuak erabiliz; entitate eskatzaileek eskura izanen dituzte Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Entitate eskatzaileek, gainera, euskarri informatikoan aurkeztu beharko dute dokumentazioa, bai eskabidearen gainekoa, bai prestakuntza planaren gainekoa.

Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipaturiko erregistro eta bulegoetan ere aurkez daitezke.

Bi. 2007rako eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hurrengo urteetarako, dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoaren aurreko azaroa izanen da.

Hiru. Eskabidean datu hauek azalduko dira gutxienez:

_Eskatzailearen izena eta sozietate-izena; entitate eskatzailearen identifikazio fiskalerako txartelaren fotokopiaren bitartez egiaztatua.

_Eskabidea egiten duen legezko ordezkari baimenduaren identifikazioa eta sinadura. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein baliabideren bitartez frogatuko da. NANren fotokopia ere aurkeztuko da.

Eskatzen den dirulaguntzaren entitate onuradun izateko, deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak.

_Behar bezala legeztatutako estatutuen fotokopia.

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ez dagoela dioen aitorpena, egoera horiek onuradun izatea galaraziko bailiokete.

_Transferentzia bidezko ordainketarako eskabidea, behar bezala betea, dirulaguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.

_Gizarte Segurantzako nahiz Foru Ogasuneko tributu arloko betebeharrak eguneratuta dituela frogatzen duten ziurtagiri gaurkotuak.

_Eskatzen den dirulaguntza.

_Eskatzailearen aitorpena, eskabidean emandako informazioa eta datuak benetakoak direla dioena eta, hala denean, dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zerga betebeharrak bete ote dituen jakiteko datuak Foru Ogasunari eska diezazkion.

_Eskatzaileak plan hori kudeatzeko gaitasun teknikoa duela frogatzen duen memoria, gutxienez ondoko datu hauek bilduko dituena:

a) Planaren helburuak.

b) Edukiak.

c) Entitate eskatzailearen eta, horrelakorik bada, entitate laguntzaileen jarduera nagusiaren azalpena eta deskribapena.

d) Azkeneko hiru urteotan prestakuntza planak gauzatzen eta beste prestakuntza jarduera batzuetan izan duten esperientzia, eta, orobat, entitate eskatzaileak eta, halakorik bada, entitate laguntzaileek zenbateraino bete eta gauzatu duten aurreko deialdietan eskatutakoa.

e) Entitate eskatzaileak eta, horrelakorik bada, entitate laguntzaileek Prestakuntza Planerako bideratzen dituzten baliabideak.

f) Jorratuko diren gaitasun arloak edo espezialitateak.

g) Prestakuntza kudeatzeko kalitate-sistemak.

Memoria hori ereduari jarraikiz eta euskarri informatikoan aurkeztuko da.

_Prestakuntza Plana burutzeko, entitate onuradunari loturiko entitateak, haietako bakoitzak hartu dituen konpromisoak eta kudeatuko duen zenbatekoa adierazita. ereduari jarraikiz aurkeztuko da.

_Prestakuntza Plana egiten laguntzen duten entitateak, entitate onuradunari lotuak daudenak adierazita, halakorik bada. ereduari jarraikiz aurkeztuko da.

Lau. Prestakuntza planean sartzen den ekintza bakoitzari buruz, gutxienez ondokoak azaldu beharko dira:

a) Parte-hartzaileen deskribapena.

b) Prestakuntza ekintzaren helburuak.

c) Edukiak.

d) Metodologia.

e) Talde bakoitzeko prestatzaileak.

f) Tokia.

g) Aurreikusitako materiala eta instalazioak.

h) Ebaluazioa. Segimendu eta kontrolerako baliabideak.

i) Prestakuntza ekintza ziurtatzeko modua.

Prestakuntza ekintza bakoitzari buruzko dokumentazioa ereduari jarraikiz aurkeztuko da eta, horrez gainera, baita euskarri informatikoan ere.

_Plana osatzen duten prestakuntza ekintza bakoitzaren laburpen-orria, ereduari jarraikiz zehazten diren xehetasunekin. Dokumentazioa euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.

_Deialdian finkatzen diren gainerako agiriak.

Aurrekoaz gain, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzaren Atalean baldin badaude. Halakoetan eskatzaileak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 35. artikuluko f) atalean ezarritakoari heltzen ahal dio, baina Etengabeko Prestakuntzaren Atalean zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko du.

Zazpigarren araua._Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

Bat. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatzen ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 19.3 artikuluarekin bat.

Errekerimenduak eskatutako prestakuntza ekintzetakoren bat edo batzuk ukituz gero, ekintza horiek baztertuko dira, eta gainerakoak tramitatuko dira, horretarako behar diren baldintzak eta betebeharrak betetzen badituzte.

Bi. Aurrekoa gorabehera, ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskabideak; era berean, horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

Zortzigarren araua._Balorazio irizpideak.

Bat. Prestakuntza Plana eta deialdi honen babesean aurkezten diren ekintzak baloratzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate eskatzaileak aurkeztutako ekintzak gauzatzeko duen gaitasuna, kontuan harturik aurreko esperientziak eta ekintzak burutzeko eskura dituen baliabide pertsonal eta materialak, bertakoak edo kanpokoak.

Atal honetako edukiek balorazio osoaren %30 osatuko dute.

b) Plana osatzen duten prestakuntza ekintzei dagokienez:

_Helburuen definizioa.

_Prestakuntza ekintzen edukiak. Balorazio handiagoa emanen zaie "alfabetatze informatikoko" edo "ingurumeneko sentsibilizazioko" moduluren bat hartzen duten prestakuntza ekintzei.

_Irakasteko metodologia.

_Hezitzaileak.

_Aurreikusitako instalazioak, baliabide didaktikoak eta materialak.

_Ikastearen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egiteko baliabideak.

_Prestakuntza ekintzak ziurtatzeko modua.

Atal honetako edukiek balorazio osoaren %40 osatuko dute.

c) Prestakuntza ekintzak bat datozen sektore arteko esparruaren beharrekin, prestakuntza ekintzetan lehentasunak ezartzeko hartuko diren irizpideen arabera. Irizpide horiek etengabeko prestakuntzarako ikastaroen katalogoan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ematen duen horretan, agertzen dira. Irizpide horrek balorazio osoaren %30 osatuko du, batez besteko ponderatua eginda, honela banaturik: Lehentasun handiena duten ekintzei %30eko puntuazioa emanen zaie, 15ekoa lehentasun ertainekoei, 5ekoa lehentasun txikiena dutenei eta punturik ez lehentasuna eman ez zaienei.

Bi. Bazterturik geratuko dira balorazio teknikoaren puntuazioaren %50 baino gehiago lortzen ez duten eskabideak.

Arau honen b) ataleko puntuazioaren %50 gainditzen ez duten ekintzak baztertuko dira.

Bederatzigarren araua._Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Bat. Dirulaguntza ondoko irizpideen arabera emanen da:

a) Eman beharreko dirulaguntza zehazteko kontuan hartuko da xede hori duen aurrekontu lerroan ebazpena emateko unean dagoen diru zenbatekoa.

b) Eskatzaileei esleitu beharreko dirulaguntzak emateko oinarria lehentasunen proportzionaltasun printzipioa izanen da, ikastaroen katalogoan finkatzen diren lehentasunei jarraikiz. Lehentasun maila berean diruz lagundu behar diren ekintzen kostua dauden baliabide ekonomikoak baino handiagoa bada, kontuan hartuko da ekintza bakoitzak deialdi honen zortzigarren arauan, b) atalean, lortzen duen puntuazioa.

c) Dirulaguntzen zenbatekoa ekintzen kostuaren %100 artekoa izaten ahalko da. Halaber, deialdi honetako II. eranskinean agertzen diren gehieneko modulu ekonomikoak kontuan hartuko dira.

d) Dirulaguntza 12 ikaslerendako emanen da gehienez ere, ekintza bakoitzeko ikasle kopuruaren arabera, eta bakarrik ordainduko da, proportzioan, prestakuntza ekintza bukatzen duten ikasleengatik.

Hamargarren araua._Organo eskudunak eta emateko prozedura.

Bat. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak lehia irekiaren bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

Bi. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzaren Atalari dagokio.

Hiru. Bat. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honetako eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

Lau. Espedienteak instruitzeko eta emaniko dirulaguntzak begiratu, kontrolatu eta likidatzeko laguntza teknikoa kontratatzen ahalko da.

Bost. Prestakuntza planaren balorazioaren emaitzekin eta dirulaguntza behin zehaztuta, deialdi honen bigarren arauan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, eta espedientea eta aginduzkoak diren txostenak ikusi ondoren, organo instruktoreak ebazpen proposamena eginen du, behar bezala arrazoitua, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana, eta onetsitako prestakuntza ekintzen eranskina gehituta.

Organo instruktoreak aurkeztutako ebazpenaren proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

Sei. Prozedurako ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

Zazpi. Dirulaguntza emateko ebazpenari, onetsitako prestakuntza ekintzen eranskina gehituko zaio.

Zortzi. Eskaeren gaineko ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko VII. tituluan jasotako moduan.

Bederatzi. Hasiera batean onartutako prestakuntza ekintzak, azken zehaztapenari dagokionez, ez dira itxiak. Horien ordez lehentasun bereko edo handiagoko beste batzuk egiteko baimena eman dezake Nafarroako Enplegu Zerbitzuak. Ordezpen hori lortzeko, entitate onuradunak idatziz eskatzen ahalko du, ordezpenerako arrazoiak emanez. Horrekin batera, ordeztu beharreko prestakuntza ekintza bakoitzerako beste fitxa bat aurkeztuko da, kasuan kasuko edukiarekin. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko da, inolako gehikuntzarik eragin gabe hasiera batean emandako dirulaguntzan. Ekitaldi ekonomiko bakoitzean, gehienez ere, bi eskaera egin daiteke, onuradun bakoitzeko, ekintzak ordezteko, bat maiatzean eta beste bat irailaren 16tik urriaren 15era.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, ebazpen baten bidez, erabakiko du eskaturiko ordezpenei buruz, gehienez ere hamabost eguneko epean, eskatzen direnetik hasita. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena eman dela ulertuko da.

Hamaikagarren araua._Entitate onuradunen eginbeharrak.

Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarririko eginbeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek eginbehar hauek ere izanen dituzte:

Bat. Prestakuntza planeko ekintzetan parte hartzen dutenendako doakotasuna egon beharra betetzea.

Bi. Prestakuntza ekintzak egiteko dirulaguntzaren sarrera eta gastu guztiak bere kontabilitateko kontu bereizi edo berariazko epigrafe batean identifikatzea, guztietan "etengabeko prestakuntza" erreferentzia jarrita.

Hiru. Dirulaguntza zein prestakuntza jardueratarako eskatu den, hura egitea deialdi honen baldintza eta beharkizun formal eta materialei jarraikiz, bai eta balorapen teknikoa egiteko eta dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onespen baldintzekin bat ere.

Lau. Prozedura instruitzeko,eta prestakuntza plana gauzatu eta likidatzeko fasean behar diren argibide eta agiriak aurkeztea, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea parte-hartzaileak prestakuntza ekintzetara agertu direla frogatzen duten agiriak, parte-hartzaileek sinatuak eta ezarriko diren gutxieneko beharkizunen arabera.

Bost. Onuradunak beharturik daude ikastaroetara joatearen ondoriozko arriskua estaltzera, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik ezean, haren bermeen kartaren bidez. Gutxienez ere estaldura hau izanen du: Medikuntza, botika eta ospitale laguntza, ikastaroaren ordutegi barruan gertatutako istripuen kasuan, eta hor sartzen dira baimendutako irteera-bisitak eta ikasleek beren ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den lekuraino egin beharreko bidaia (edozein ibilgailuz egin daitekeena). Heriotza gertatuz gero, gutxienez 30.100 euroko kalte-ordaina, eta baliaezintasun iraunkorra gertatuz gero, gutxienez 60.200 eurokoa, baldin eta istripua ikastaroan, irteera-bisitetan edo ikastarora bidean gertatu bada.

Dagokion entitate laguntzaileak istripuen gaineko asegurua indarrean eduki behar du ikasle bakoitza ikastaroan altan den eskola epe osoan.

Sei. Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza ekintza egin izanaren ziurtagiria ematea, deialdi honetan aurreikusten den eran.

Zazpi. Dirulaguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko arrazoia izan den jarduera egin dela eta haren kostuak zenbatekoak diren frogatzea.

Zortzi. Administrazio eskudunari dirulaguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu dituztela jakinaraztea, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen.

Bederatzi. Prestakuntza ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta kontrol organoek sustatzen dituzten jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez.

Horretarako, prestakuntza plana abian jarri, bete eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa zentroan gorde beharko da ikuskapen eta kontrolaren eskura, gutxienez lau urtez. Epe hori onuradunak dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko ezarririko epea bukatzen denean hasiko da.

Hamar. Eskabideetan edo eskaerak tramitatzeko eta dirulaguntzak emateko organo eskudunei aurkezturiko agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

Hamaika. Deialdi honen babeseko ekintzen informazio eta publizitate jardueretan adieraziko du haiek finantzaketa publikoa izan dutela eta, horrekin batera, dirulaguntza zein administraziok eman duen.

Entitate onuradunak beren jakinarazpen, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan gutxienez Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian eta inolaz ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino neurri txikiagokoa. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen, prestakuntza ekintzen garapenean hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin osorik edo partzialki kontratatzen bada.

Hamabigarren araua._Prestakuntza ekintza bakoitza burutzea eta haren hasiera eta bukaera jakinaraztea.

Bat. Onuradunak deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan xedaturikoa kontuan hartuz garatuko du prestakuntza plana.

Bi. Entitate onuradunak bere giza baliabideak izan beharko ditu prestakuntza ekintzen programazio, koordinazio eta barne kontroleko eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du Administrazioaren aurrean. Hala hark nola azpikontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

Hiru. Dirulaguntzaren onuradun den entitateak, sustatzen dituen prestakuntza ekintzen berri zabaldu beharko du prestakuntzaren xede diren balizko parte-hartzaileen artean, deialdiaren laugarren arauan aipatzen baitira, horrela nahi dutenek prestakuntzarako eskubidea erabil dezaten. Horretarako, eskatzaileak prestakuntzarako eskabidea beteko du, entitateak eskatzen dionari emanen dion inprimakiaren bidez. Eskabide hori deialdi honen III. eranskinean dator. Eskabide horretan, egin nahi den prestakuntza ekintzarekin batera, baimen bat agertu beharko da, entitate onuradunak kontakturako datu pertsonalak (helbidea eta telefonoa) uzten ahal izan diezazkien aurreikusitako ebaluaketa, jarraipen eta kontroleko organo eskudunei. Edozein datu zuzenezin ez betetzeak ikaslea ikastarotik kanpo geratzea ekarriko du.

Dirulaguntzaren onuraduna den entitateak, prestakuntzaren eskatzaileen arteko lehia ebazterakoan, irizpide objektiboetan oinarritu beharko du.

Lau. Entitate onuradunek garatu behar duten prestakuntza ekintza bakoitzaren "hasierako jakinarazpen" bat igorriko diote Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere. Jakinarazpen horretan argibide hauek agertuko dira: entitatearen zenbakia eta izena, ikastaroaren zenbakia eta katalogokoa, ekintzaren izena, hasi eta bukatzeko egunak, irakastegunak eta ordutegia, tokia eta gela. Jakinarazpen horretarako Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskura dagoen eredu normalizatua erabiliko da. Jakinarazpena egin ondotik, aldaketa edo bertan behera gelditzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, ekintza hasteko data baino lehenago, salbu eta toki, egun nahiz ordutegi aldaketa edo etetea eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuak eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen ari dela gertatzen bada. Kasu horietan, onuradunak aldaketaren berri izan orduko jakinarazi beharko du.

Ezarririko epean jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Bost. Prestakuntza ekintza hasten denetik hirugarren ikasteguna arte, hori barne, eta betiere, prestakuntza orduen %25 eman baino lehen, Nafarroako Enplegu Zerbitzura jakinarazpena igorri beharko da, edukien programa laburtzen duten agiriak, ikastaroan onarturiko ikasleen behin betiko zerrenda eta ikastaroko adituen fitxa barne, ereduari jarraikiz.

Ikastaroa hasten duten parte-hartzaile onartuen behin betiko zerrendaren kopia batek lehen aipatu den egunetik aurrera egon beharko du kontrol organoen eskura.

Ezarririko epean jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Sei. Prestakuntza ekintza bakoitza egin ondoren, onuradunek Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ekintza bukatu dela jakinarazi beharko diote, bukatzen denetik hamabost eguneko epean, eta agiri hauek igorri beharko dituzte:

_Onarturiko ikasle bakoitzaren fitxa, datatua, sinatua eta osorik betea, fitxarako behar diren agiriekin batera.

_Ikastaroan onartu diren zerrenda aurkeztuaren kopia, bukatu dutenak adieraziz.

_Asistentzia kontrolaren jatorrizkoa, prestakuntza saioen araberakoa, parte hartzen duten ikasleek eta prestakuntza irakasleak edo arduradunak sinatua, ereduari jarraikiz.

_Ikastaroa eskatu bai baina onartu ez ziren ikasleen zerrenda eta eskabideen fitxak.

_Aurreinskribatuak hautatzeko irizpideak, metodoa eta kopurua (horrelarik egin baldin bada).

_Asistentzia diploma eman zaien ikasleen zerrenda, non haien hartu izana edo aurkeztu dela frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baita.

Entitate laguntzaileak frogagiriak luzatzeko, aprobetxamenduaz gain, gutxienez ere ikastorduen %75era joan beharko da.

_Material dikaktikoa eman zaien ikasleen zerrenda, non banaturiko materiala eta haiek hartu izanaren agiria edo aurkeztu dela frogatzen duen agiri fede-emailea agertuko baitira.

_Egindako publizitatea (egunkarietako iragarkiaren fotokopia edo beste sistema bat).

_Irakasleen zerrenda (izen-deiturak, NAN, Gizarte Segurantzako zenbakia), haietariko bakoitzak egiatan emaniko ordu kopurua adieraziz.

_Ikastaroa emateko erabili diren baliabide tekniko eta materialen zerrenda (ikasgelak, instalazio edo gela osagarriak, proiektorea, telebista, eta abar).

Lehen aipatu diren agiriak ereduari jarraikiz eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarriko dituen euskarri informatikoetan igorriko dira.

Ezarririko epean jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Hamahirugarren araua._Kostuak justifikatzeko eta likidatzeko jarraibideak.

Bat. Entitate onuradun bakoitzaren prestakuntza plana bukatzean, betiere hurrengo ekitaldiko martxoaren 1a baino lehen, dirulaguntzaren azken likidazioa eskatu eta prestakuntza ekintzak egiteko kostuak frogatu beharko dira. Horretarako, kontuan hartu beharko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legeko 28. artikuluan ezarritakoa, finantzatzen ahal diren kostuak eta deialdi honen II. eranskinean ezarririko egozpen irizpideak.

Entitate onuradunak, eginiko prestakuntza ekintza bakoitzagatik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko ditu gastuen adierazpena eta ikastaroen azken likidazioa (IV.1 eranskina) eta gastuen adierazpen sailkatua (IV.2 eranskina), ebazpen honekin batera datozenak, behar bezala beteak eta entitate onuradunaren legezko arduradunak sinatuak. Horrek bere gain hartuko du aurkezten diren datuen egiazkotasunaren erantzukizuna eta konpromisoa hartuko du administrazioak eskatzen dizkionean, agiri horietan ematen diren datuak abalatzen dituen kontabilitate dokumentazioa aurkezteko eta hark bidezkotzat jotzen dituen argibide osagarriak emateko.

Gainera, aurkeztu beharko ditu eginiko lan bakoitzean emaniko denboraren agiriak, egin dituen pertsonak sinatuak, ikastorduetatik kanpo prestakuntzan, tutoretzan eta ebaluazioan egiazki emaniko orduak frogatuko dituztenak; eta ikastaroa zuzentzen, kudeatzen, hautatzen eta administratzen aritzeagatik egotziriko orduen kopurua ere bai.

Halaber, prestakuntza plana laburtzen duen orrialde bat aurkeztuko da, eginiko ekintza guztiak bilduko dituena, eredu normalizatuarekin bat, eta euskarri informatikoan.

Atal honetan ezarririko epeetan jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta jakinarazpena epean ez bada egin ezinbesteko arrazoiengatik, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Bi. Kostuak fakturen eta frogatzeko balio duten bestelako agirien bidez egiaztatuko dira, jatorrizkoa zigilatu ondoren, funtsak ongi erabili direla frogatzeko adinako zehaztasunaz. Horiek entitate onuradunean gordeko dira.

Zigilatzeak gutxienez ere argibide hauek bildu beharko ditu:

"Nafarroako Gobernuak etengabeko prestakuntzaren esparruan emaniko dirulaguntzaren kontura, ...............urteko deialdiko zenbakiko ikastarorako, honako zenbatekoa justifikatzen da: euro."

Hiru. Eskuarki onartzen diren kontabilitate arauekin bat, kostuak kargu agirien bidez frogatzea ontzat emanez gero, agiri horiek gastuaren edo haren egozpenen frogekin batera igorri beharko dira.

Azpikontratazioen kasuan, azpikontratistek egiten dituzten fakturak II. eranskinaren atalen arabera zehaztu beharko dira, eta prestakuntza ekintza bakoitzari egotziriko kostuak identifikatu.

Kontratistek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan aurreikusitako betebeharra izanen dute, laguntza ematekoa alegia.

Lau. Prestakuntza jarduerak dirulaguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan dirulaguntzen xede diren jardueretarako funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa frogatu beharko dira.

Bost. Dirulaguntzaren onuraduna beharturik dago dirulaguntzaren arrazoia izanen den jarduera egin dela eta harturiko funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak lau urtez gordetzera, onuradunak frogagiriak aurkezteko ezarririko epea bukatzen denetik hasita, Foru Administrazioak edo horrek eskuordeturikoak ikuskatzen ahal ditzan.

Epe hori bukatu gabe beren jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten entitateen onuradunek entitatean gorde diren agiri horien kopia igorri beharko diote organo eskudunari.

Onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen, prestakuntza ekintzen garapenean hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin partzialki kontratatzen bada.

Hamalaugarren araua._Dirulaguntzen likidazio ekonomikoa.

Bat. Ematen diren dirulaguntzen likidazio ekonomikoa prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileen eta egiazki eginiko ikastorduen arabera eginen da, prestakuntza ekintza bakoitzerako finantzatzen ahal diren kostuak kontuak hartuz.Sortzen den dirulaguntzaren gehieneko muga izanen dira deialdi honen II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoak, prestakuntzaren maila kontuan hartuta.

Bi. Uztegatik hamabi ikasle baino gutxiago daudenean, dirulaguntza gutxituko da.

Egon beharreko ekintzetan ulertuko da parte-hartzaile batek prestakuntza bukatu duela horrek iraun duenaren %60ra, gutxienez ere, agertu denean, likidazio ekonomikoaren ondorioetarako.

Hiru. Egindako prestakunta ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, zegokion unean hasi zela jakinarazi bazen, onuradunak bete eta Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorri beharko ditu azken likidazioaren eta gastuen deklarazioa eta gastuen egiaztagirien zerrenda, inprimaki normalizatuetan, eta horri egiaztagiriak erantsi, gutxienez ere, diruz lagundutako prestakuntza ekintzaren kostu erlatiboak kreditatzeko.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egoki juzgatzen duen informazio eta agiri oro eskatzen ahalko die eskatzaileei.

Lau. Atal honen hirugarren puntuan aipatzen diren egiaztagiriak aurkeztu ez, edo aurkeztutakoak aski ez badira emandako dirulaguntza behar bezala justifikatzeko, organo eskudunak atzemandako hutsuneen berri emanen die onuradunei, 15 eguneko epean zuzen ditzaten.

Atzemandako hutsuneak zuzentzeko aurkeztu diren agiriak aztertu ondoren, horiek aski ez badira emandako dirulaguntza behar bezala justifikatzeko, edo epea iragan bada haiek aurkeztu gabe, hura eman duen organoak erabakiko du itzultzeko prozedurari hasiera ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bost. Azken frogagiriak aztertu ondoren, Etengabeko Prestakuntzaren Atalak prestakuntza planaren espedientea amaitu eta azken likidazioa egiteko proposamena igorriko dio Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzari, Zerbitzuko zuzendariak ontzat emana.

Organo instruktoreak aurkeztutako ebazpenaren proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

Hamabosgarren araua._Prestakuntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

Bat. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak bere eskumenen barnean, arau honen bidez diruz laguntzen diren ekintzen ebaluazio, kontrol eta jarraipeneko eginkizunak burutzen ahalko ditu. Horretarako, entitate onuradunei edozein agiri eskatu eta/edo kanpo auditoria egiten ahalko die, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz eginkizun horiek burutzeko bidezko bada.

Era berean, gauzatutako prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, etengabeko prestakuntzaren azpisistema hobetzeko xedearekin.

Bi. Entitate onuradunak, prestakuntza ekintza bakoitzaren azken likidazioarekin batera, eginiko ekintzaren memoria-ebaluazio bat aurkeztuko du. Memoria-ebaluazio hori ikastaroaren azalpena eta ebaluazioa izanen da, ondoko atalei buruzko informazioa bilduko duela:

_Prestakuntza ekintzaren identifikazio datuak: entitate onuraduna, ikastaroaren zenbakia eta haren izena.

_Parte-hartzaileen gaineko datu estatistikoak: kontan hartuta sexua, bukatu dituzten ikasketen maila, lanbide kategoria, lan-kontratu mota, ikastaroko gaiari buruz aldez aurretik duten ezagupen maila.

_Parte-hartzaileek ikastaroaren kalitateari buruz egindako balorazioaren gaineko datuak, "Kalitatea ebaluatzeko galdetegia", arau honen bigarren puntuan aipatzen dena, erabilita.

_Ikastaro bakoitzaren laburpena eta ondorioak.

Hiru. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako "Kalitatea ebaluatzeko galdetegia" erabiliko da. Horrek informazioko eremu berezi hauek, gutxienez ere, hartuko ditu:

_Prestakuntza ekintzaren balorazio orokorra.

_Edukiak: prestakuntzako behar eta asmoetara egokitzen diren, eta edukien erabilgarritasuna langilearen ibilbide profesionalean.

_Irakasleak: zein maila duten, prestakuntza, espezializazioa eta komunikazioa kontuan hartuta.

_Baliabide didaktikoak: erabilitako baliabideen balorazioa eta edukietara nola egokitzen diren.

_Baliabide teknikoak: haien eskuragarritasuna, egokitasuna eta funtzionamendu egoera.

_Instalazioak: haien argitasuna, zabaltasuna, aireztapena, ezaugarrri klimatikoak eta irisgarritasuna.

_Antolaketa: prestakuntza taldea nola osatzen den, homogeneitatea, ikasle kopurua, aldez aurretik jasotako informazioa, ordutegia eta iraupena.

Ebaluazio horiek entitate onuradunei egin diezaieketen onura deusetan galarazi gabe, haiek kalitatea ebaluatzeko galdetegietako taulen emaitzak arau honen bigarren puntuan aipatzen den memoria-ebaluazioan sartu beharko dituzte.

Kalitatea ebaluatzeko ikasleek bete dituzten galdetegiak entitate onuradunak gordeko ditu.

Hamaseigarren araua._Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak ebazpena emandakoan eta entitate onuraduna zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatu ondoren, dirulaguntzaren aurrerakin bat ordaintzen ahalko da, onuradunak titular gisa duen kontu korrontera, berak jakinarazitakora, eginiko bankuko transferentzia bidez.

Entitate onuradunek dirulaguntzaren aurrerakina eskatzen ahalko dute. Horretarako, haren beharra frogatu beharko dute.

Hamazazpigarren araua._Azpikontratazioa.

Bat. Entitate onuradunak entitate lotuen bidez behin bakarrik azpikontratatzen ahalko du prestakuntza planaren xede den prestakuntza jarduera osoa. Kontuan hartuko da, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. eta 28.3 artikuluen edukia.

Onuradunak entitate lotuen bidez prestakuntza plana osorik edo zati batean gauzatzea hitzartu ahal dezan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena eskatu beharko dio, prestakuntza planaren eskabidearekin batera. Baimen hori espresuki laguntza emateko ebazpenean berean onartuko da edo ondorengo ebazpen bidez, hamabost eguneko epean, baimena eskatzen denetik hasita. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena eman dela ulertuko da.

Bi. Aurreko puntuan xedaturikoa deusetan galarazi gabe, beren xedeen artean prestakuntza jarduerak garatzea duten entitateekin bakarrik azpikontratatzen ahalko da.

Hemezortzigarren araua._Prestakuntzaren barne kontrola.

Bat. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontroleko jarduketa hauek burutuko ditu:

a) Denbora errealeko jarduketak. Bertan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta egiten den bitartean, froga fisikoak eta lekukoenak erabiliz, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta prestatzaileei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko prestakuntza ekintza nola egin den, haren edukia, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Halaber, argitalpenetan eta bestelako komunikabideetan egiaztatzea ekintzak egin direla Nafarroako Gobernuak finantzaturik.

b) "Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak burutu ondoren eginen dira, froga fisikoak, lekukoenak eta agiriak erabiliz, elkarrizketen bidez, eskatuko baitzaizkie entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei, teknikoki egiaztatzeko, besteak beste, ondoko hauek:

_Prestakuntza ekintzak egitea.

_Parte-hartzaileen benetako kopurua.

_Parte-hartzaileei prestakuntza ziurtagiri edo diploma ematea eta bertan Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa identifikatzea.

_Prestakuntza kostuak frogatzea: frogagiriak, haien kontabilizazioa eta ordainketa, kontuan hartuta indarrean dagoen araudian ezartzen diren beharkizunak.

Hemeretzigarren araua._Dirulaguntzak itzultzea.

Bat. Deialdi honetan eta/edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarririko eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean kobratu beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasun irizpideari jarraituko zaio.

Bi. Arau honen babesean ematen diren dirulaguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, haiek pagatu zirenetik itzuli beharra erabakitzen denera sorturiko berandutza interesak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko kasuetan eta deialdi honetan ezarririko betebeharrak bete ezik.

Hiru. Aurreko bigarren puntuan dirua itzultzeko aurreikusiriko kasuren bat gertatzean hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarririko prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Lau. Atal honetan ezarririko itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dirulaguntzen arloan arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarririkoa.

Hogeigarren araua._Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hogeita batgarren araua._Datuen babesa.

Entitate eskatzaileeek eta entitate onuradunek jakinarazten dieten informazioa datuak babesteko indarra duen arautegiaren menpe egonen da.

Hogeita bigarren araua._Aplikatzekoak diren arauak.

Bat. Arau hauetan aipatzen den deialdian parte hartzeak berarekin dakar arauak oso-osorik eta bete-betean onartzea.

Bi. Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Halaber, programa honetako dirulaguntzak Batzordeak urtarrilaren 12an eman 68/2001 EE Erregelamenduan eta Batzordeak otsailaren 25ean eman 363/2004 EE Erregelamenduan ezarririko muga eta betebeharrekin bat etorriko dira. Azken horren bidez, 68/2001 EE Erregelamendua aldatu zen, prestakuntzarako laguntzei buruzko EE Tratatuko 87. eta 88. artikuluak finkatu zituena.

Hogeita hirugarren araua._Epeak kontatzeko modua.

Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko VI. tituluko I. kapituluarekin bat, deialdi honetan adierazitako epe guztiak luzaezinak dira, eta egun baliodunek osatuak, non ez den kontrakoa xedatzen espresuki.

Hogeita laugarren araua._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Enpleguaren Atarian, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

II. ERANSKINA

Kostuak eta moduluak

Eranskin honek bi atal dauzka:

Lehen atala._Finantzatzen ahal diren kostuak.

Bigarren atala._Gehieneko modulu ekonomikoak.

Lehen atala._Finantzatzen ahal diren kostuak.

1. Prestakuntza ekintzaren zuzeneko kostuak:

a) Barruko eta kanpoko prestatzaileen sariak, lansariak, gizarte aseguruak, dietak, joan-etorrietako gastuak eta, oro har, ikastaroak prestatu, eman eta ebaluatzen aritzen diren prestatzaileei dagozkien kostu guztiak barne.

Ikastaroak prestatu eta ebaluatzeagatik, baturik, ikastaroa emateko zenbatekoaren %20koa izanen da gehienez.

Gastu horiek irakasleen eta jardueran emaniko orduen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztu beharko dira.

b) Ekipo didaktikoak amortizatzeko gastuak, kontabilitateari buruzko arauetan onetsiriko amortizazio irizpideen arabera kalkulatuak, eta burutzeko alokairu edo errentamendu finantzarioa, interesak izan ezik.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztu beharko dira eta ekipoen banakako erabileraren kasuan bukatzen duten parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira. Bestela, erabili zireneko orduen arabera egotziko dira.

c) Baliabide didaktikoen gastuak eta/edo material didaktikoak erostekoak eta ikastaroa egiteko prestatzaileek eta parte-hartzaileek erabiliriko ondasun suntsigarrien gastuak.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztu beharko dira eta ekipoen banakako erabileraren kasuan bukatzen duten parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira. Bestela, erabili zireneko orduen arabera egotziko dira.

d) Ikastaroa egiteko erabilitako ikasgela, lantegi eta gainerako eremuen alokairu-gastuak, errentamendu finantzariokoak _interesak izan ezik_, edo amortizazioarenak.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira.

e) Parte-hartzaileen istripu asegurua.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera sailkaturik aurkeztu beharko dira eta parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira.

2. Prestakuntza ekintzari loturiko kostuak:

a) Barruko eta kanpoko langile osagarrien kostuak finantzatzen ahalko dira eta ikastaroa kudeatu eta burutzeko behar diren guztiak.

b) Ikastaroa antolatu eta zabaltzeko publizitate gastuak.

c) Beste kostu batzuk: argia, ura, berokuntza, mezuak, posta, garbiketa, zaintza eta lehen aipatu ez diren bestelako kostuak, prestakuntza ekintzari lotuak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 28. artikuluaren 9. idatz-zatiarekin bat, onuradunak zentzuz dagokion zatian egotzi beharko dizkio kostu horiek dirulaguntzaren xede den ekintzari, onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz, betiere, kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari dagozkion heinean.

Betiere, kostu lotuak eta zuzeneko kostuak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, pagatu eta fakturen edo frogatzeko balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatzen direnak.

Ikastaro bakoitzerako azkenean pagatu beharreko zenbatekoa kontrol finantzarioaren eta deialdiko baldintzen emaitzen ondoren finkatuko da. Kostu lotuak gehienez ere zenbatekoaren %30 izanen dira.

Kontzeptu partzialen kostuaren batura kapitulu bakoitzaren kostu osoa da, eta bi kapituluen kostuaren baturak ikastaroaren gastu justifikatuak egiten ditu.

Bigarren atala._Gehieneko modulu ekonomikoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen xede diren ikastaroak finantzatzeko ematen diren laguntzak likidatzeko aplikatzen ahal diren gehieneko modulu ekonomikoak (prestakuntza ordu bakoitzaren kostua) ikastaro motaren eta prestakuntza mailaren arabera ondoren ezartzen direnak izanen dira:

Egon beharrekoa 145 euro/ordua 125 euro/ordua

Egon beharreko ikastaroetan, "oinarrizko mailako" modulua aplikatuko da ematen den prestakuntza zeharkako gaien edo gai orokorren arlokoa denean, oinarrizko trebetasun eta kualifikazioak garatzeko gaitasuna ematen duena alegia.

"Erdi-goi mailako" modulua aplikatuko da eman beharreko prestakuntza kasu hauetako batean dagoenean:

_Espezializazioa dakarten gaiak daudenean.

_Espezialitaterako kostu apartekoa duten ekipamenduak behar direnean.

_Material suntsigarri asko edo/eta aparteko kostua duena behar denean.

_Irakasleak kualifikazio maila handikoak izatea eskatzen duten programazio edo/eta zuzendaritza gaitasunak irakastea.

_Irakasleak lortzeko zailtasuna egotea, espezializazio maila handikoak behar direlako.

_Prestakuntza ekintzak arazoak izatea ikasleak aurkitu eta taldea osatzeko, ikastaroa lehentasun handikoa (1 edo 2) denean edo etengabeko prestakuntzarako interes handikotzat jotzen denean. (Ez da kasu honetan sartuko prestakuntza eskaintza handiegia izateak eragindako ikasle falta).

_Prestakuntza eskuratzeko oztopoak dauden tokietan ematea.

_Ikastaroa berritzailea edo esperimentala izatea, bai edukiengatik bai erabilitako metodologiagatik.

_Ekipamendu edo instalazio bereziak erabiltzea (prestakuntza zentroak izan ohi ez dituenak).

Aparteko kasuetan, entitate eskatzaileak arrazoiak emanda, hemen ezarri diren moduluak baino goragoko beste bat proposatzen ahalko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak oso goi mailako teknologiako hainbat ikastarotarako, betiere Nafarroako garapenerako interesgarriak badira eta prestakuntzako entitateaz besteko profesionalek eman beharrekoak, eta horien zerbitzu-sari handiagoak egiaztatzen badira.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak katalogo bat emanen die entitateei, non lehentasunak adieraziko baitira.

LEGEZKO ABISUA

1. Prestakuntza ikastaro baterako eskabidearekin batera aurkeztutako datu pertsonalak tratatuko dituzte Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta eskainitako ikastaroak eman behar dituzten entitateek, ikastaroak antolatu eta eman ahal izateko.

2. Lehen aipatu eskabidea aurkeztean, interesdunak baimena ematen du haren datu pertsonalak hirugarrenei emateko, bakar bakarrik estatistika, azterlan edo irizpenak egiteko, zuzenean loturik badaude Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumen eta helburuekin, bereziki Enplegu Behatokiari dagozkien horiekin.

3. Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideaz baliatzeko Nafarroako Enplegu Zerbitzura jo beharko da (Arcadio María Larraona, 1, 31008 Iruña), hura baita eskabidearekin batera emandako datu pertsonalak tratatzeko ardura duen erakunde autonomoa.

4. Edonola ere, datu pertsonalak tratatu eta komunikatzeko Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako araubidearen pean jokatuko da.

IV. 2 ERANSKINA

Gastuen adierazpen sailkatua

ENTITATE ONURADUNA

Ekintzaren zenbakia ............. IZENA:

ZUZENEKO GASTUAK (X)

IRAKASTEA

PRESTAKUNTZA, TUTORETZA ETA EBALUAZIOA

MATERIAL DIDAKTIKOA PRESTATZEA

EKIPO DIDAKTIKOAK AMORTIZATZEA/ALOKATZEA

IKASGELAK AMORTIZATZEA/ALOKATZEA

MATERIAL DIDAKTIKOA EROSTEA

IKASLEEN ASEGURUA

JOAN-ETORRIAK

ATALA, GUZTIRA

LOTUTAKO GASTUAK (Y)

ZUZENDARITZA, KUDEAKETA ETA ADMINISTRAZIOA

PUBLIZITATEAREN GASTUAK

BESTE KOSTU BATZUK: GASTU OROKORRAK

ATALA, GUZTIRA

GUZTIRA (X) + (Y)

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.

Entitatearen zigilua:

Entitate onuradunaren legezko arduradunaren sinadura Sinadura: Izen-deiturak:

Iragarkiaren kodea: F0704886