58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

589/2007 EBAZPENA, martxoaren 19koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitatean lanean ari diren langileen etengabeko prestakuntzarako ekintzak, Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatutako etengabeko prestakuntzarako planetan agertzen direnak, finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onetsi eta dirulaguntza horiek emateko arauak ezartzen dituena.

Nafarroako Gobernuak EGFaren 3. helburuaren barruan Europako Batzordeari proposaturiko jarduketen planak foru agindu honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzak biltzen ditu.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Europako Gizarte Funtsari buruz uztailaren 12an eman 1784/1999 EE Erregelamenduko 2. eta 3. artikuluetan prestakuntzaren arloko aplikazio eremua eta dirulaguntzen xede diren jarduerak ezartzen dira, hurrenez hurren.

Batzordeak otsailaren 25ean eman 363/2004 EE Erregelamenduaren bidez 68/2001 EE Erregelamendua aldatu zen, non prestakuntza laguntzetarako EE Tratatuko 87. eta 88. artikuluen aplikazioa ezarri baitzen.

Etengabeko prestakuntzarako ekintzak enpresen estrategia orokorraren barrenean kokatu behar dira. Administrazioak eginkizun subsidiarioa du arlo horretan, erantzukizun handiena enpresaburuena eta langileena baita. Horrenbestez, horrelako ekintzak antolatu eta burutzea haiei edo erakunde garrantzitsuenen legezko ordezkariei dagokie.

Etengabeko prestakuntza lehentasunezko balio estrategikoa da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialeko prozesuetan eta, beraz, enpleguan eta gizarte kohesioan egonkortasuna lortzeko funtsezko lanabesa.

Hori dela eta, Nafarroako Enplegu Planak, langileen etengabeko prestakuntza bultzatu nahian, Nafarroako enpresetako langileen lanbide-gaitasuna sustatu nahi du prestakuntzaren bidez, eta gastu horri aurre egiteko aurrekontu bat finkatu du.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua sortu zuen apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, foru agindu honen bidez iragartzen diren laguntzak erakunde autonomo horrek kudeatuko ditu.

Horrekin guztiarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, sektorearteko agente sozial eta ekonomikoen laguntzarekin, bere egiten du etengabeko prestakuntza, langileen lanbide-gaitasuna eta bakoitzaren sustapena hobetzeko tresna bat delako, eta Nafarroako aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialerako duen balio estrategikoa onartzen du.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, besteak beste, beharrezkoa da dirulaguntza deialdia eta haren arauak onestea.

Plan horietako prestakuntza ekintzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzen dira. Nafarroako Foru Komunitaterako 2005-2006 urteetarako ziren eta 2008rako luzatu diren 3. helburuko enpresaburuen ekimenerako eta etengabeko prestakuntzarako programa operatiboen barruan daude. Batera finantzatu den jarduerak %45eko kostuaren adinako laguntza du Europako Gizarte Funtsetik.

Ebazpen honetan arautzen diren laguntzei ez zaie "de minimis" araudia aplikatuko.

Urte bakoitzerako baimenduko den gehieneko gastua "Hitzarmena INAFRE Fundazioarekin, PO/3 EGF Nafarroa etengabeko prestakuntza ekintzetarako" izeneko kontusailean edo horren ordez onesten den antzeko beste batean dagoena izanen da, betiere aurrekontuetan behar adina diru badago.

Horiek horrela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak adostasun txostena egin duelarik, eta apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuek esleitu dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean etengabeko prestakuntza planak, Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatutako Etengabeko Prestakuntza Planak sinatuz, finantzatzeko dirulaguntza publikoen deialdia onestea.

2. Deialdia zuzenduko duten arauak onestea. Ebazpen honi atxikirik daude.

3. Ebazpen honek dakartzan konpromisoei aurre egiteko 1.042.200 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren 2007ko gastuen aurrekontuko "Hitzarmena INAFRE Fundazioarekin, PO/3 EGF Nafarroa etengabeko prestakuntza ekintzetarako" izeneko 882002-84200-4819-242100 kontusailaren kargura.

Kopuru horretatik Europako Gizarte Funtsari 858.870 euro aurkeztu zaizkio, finantza ditzan.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzaren Atalera eta Kontabilitate Zentrora igortzea.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko martxoaren 19an._Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Susana Labiano Bastero.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean lanean ari diren langileen Etengabeko Prestakuntzarako Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatutako Planak finantzatzeko deialdi publikoaren arauak

Lehenengo araua._Xedea eta helburua.

Bat. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean ari diren langileendako etengabeko prestakuntza ekintzak finantzatzeko dirulaguntzak ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Ekintza horiek Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatutako Prestakuntza Plan baten barrenean egon behar dute.

Bi. Deialdi honen xedeko Etengabeko Prestakuntza Planen helburua da lanean ari diren langileen trebetasunak eta kualifikazioak hobetzea eta lanbideko eguneratze eta espezializazioa bultzatzea, edozein dela ere langilearen jardueraren sektorea edo arloa.

Hiru. Deialdi honen bidez finantzatuko diren Etengabeko Prestakuntza Planen barrenean sartzen diren prestakuntza ekintzen helburua da langileei laguntzea gauza berriak ikasten eta etengabe birziklatzen, haien sustapena eta integrazio soziala eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Helburu hori lortuko da Administrazioaren eta gizarte agenteen parte-hartze eta erantzukizunarekin eta prestakuntza enpresa eta erakundeen laguntzarekin.

Lau. Prestakuntza Planetan sartzen diren prestakuntza ekintzak zein urtetarako eman diren, urte horren barrenean egin beharko dira.

Bost. Prestakuntza Planak sinatzeko eta dagozkien dirulaguntzak emateko lehiakortasun, publizitate eta objektibotasunaren printzipioei jarraikiko zaie.

Bigarren araua._Dirulaguntzen zenbatekoa.

Prestakuntza Plan bakoitzerako emanen den gehieneko dirulaguntza deialdi honetako II. eranskinean agertzen diren modulu ekonomikoen arabera kalkulatuko da.

Era berean, Prestakuntza Planak sinatzeko emanen den dirulaguntza zehazteko, hauexek hartuko dira kontuan: urte horretarako dagoen aurrekontua eta deialdi honetako zortzigarren arauan ezarritako irizpideak aplikatuz plan bakoitzak erdietsitako balorazioa eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatutako ehunekoa.

Hirugarren araua._Entitate onuradunak.

Bat. Ordezkaritza handiena duten sektore arteko enpresaburuen erakundeek eta sindikatuek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan aipatzen diren Prestakuntza Planak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezartzen diren betebehar orokorrak betetzen badituzte.

Bi. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 8.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateak ere onuraduntzat hartuko dira.

Hiru. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateei.

Dirulaguntzaren eskaerarekin batera erantzukizuneko adierazpena aurkeztuz frogatuko da inguruabar horietako batean ez izatea.

Laugarren araua._Prestakuntza ekintzen onuradun izanen diren langileak, lehenasunezko taldeak, eskaera eta ziurtapena.

Bat. Deialdi honetan adierazitako prestakuntza jardueretan honako hauek parte hartzen ahalko dute, deialdian ezarrita dauden baldintzetan:

a) Enpresa pribatuetan edo enpresa entitate publikoetan zerbitzua ematen duten eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza kotizatzen duten soldatapeko langileak.

b) Nekazarien Araubide Berezian, Autonomoen Araubide Berezian, Itsasoko Araubide Berezian eta Gizarte Segurantzako beste batzuetan diren langileak, lanbide prestakuntzagatik kotizatzen ez dutenak.

c) Kooperatiba, lan sozietate eta ekonomia sozialaren bestelako enpresa eta entitateetako bazkide-langileak edo laneko bazkideak.

d) Administrazio publikoetako langileak, prestakuntza plan bakoitzean parte hartzen dutenen %10, gehienez.

Langile horiek Nafarroako zentroetan aritu beharko dute.

Bi. 2005-2006 urteetarako ziren eta 2008rako luzatu diren enpresaburuen ekimenerako eta etengabeko prestakuntzarako programa operatiboak onesteko Europar Batasunak harturiko erabakiekin bat, honako hauek jotzen dira Europako Gizarte Funtsak finantzatzen ahal dituen lehentasunezko taldetzat etengabeko prestakuntza izateko:

a) Enpresa txiki eta ertain pribatuetako langileak (bereziki 50 langile baino gutxiagokoak).

b) Emakumeak, ezgaitasunak dituzten pertsonak, 45 urtetik gorakoak eta enpresa pribatuetako langile ez kualifikatuak.

Prestakuntza plan bakoitzean zehaztuko dira Europako Gizarte Funtsak finantzaturiko dirulaguntzaren zatia eta prestatu beharreko langileen artetik lehentasunezko taldeetakoa izan behar den gutxieneko portzentajea. Betiere, prestakuntza plan bakoitzean parte hartzeko tasa ematen den dirulaguntzaren %85ekoa izanen da eta emakumeek gutxienez ere %45 hartuko dute parte prestakuntza plan osoan.

Enpresa txiki eta ertainak dira 250 pertsona baino gutxiago dituztenak, urteko bolumena 50 milioi eurokoa baino handiagoa ez dutenak edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak, eta, gainera, independentzia irizpidea betetzen dutenak, mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioan ezarritakoaren arabera edo Europar Batasunak unean ematen duen definizioaren arabera.

Enpresa independientetzat hartzen da baldin eta haren kapitalaren edo boto eskubideen %25 edo gehiago ETE ez den beste enpresa batena edo batzuena ez bada.

Hiru. Arau honetan aipatutako langileek prestakuntza planetan eskaintzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzeko, prestakuntza plan onartua duten entitateek emanen duten eskabidea erabiliko dute. Eskabideak III. eranskinean agertzen den ereduan ezarritako edukiak bildu beharko ditu. Eskabideak kontrol organoen esku egonen dira, ikastaroa hasi aurreko egunetik.

Lau. Parte-hartzaileak aukeratzeko arduraduna entitate onuraduna edo/eta prestakuntza ekintzak ematen dituen entitatea izanen da, lehentasunezko taldeetako langileen eta emakumeen gutxieneko portentzajea kontuan hartuz, objektibotasunaren eta berdintasunaren irizpideei jarraikiz.

Bost. Entitate onuradunak parte-hartzaile bakoitzari, gutxienez ere ikastaroko irakastorduen %75 egin badu, prestakuntza ekintza egin izana egiaztatzen duen diploma bat emanen dio, gutxienez ere ondoko hauek biltzen dituena: ekintzaren izena, prestakuntza edukiak, zein egunetan egin den eta jaso diren prestakuntza orduak.

Aurreko lerroaldean aipatu egiaztatzeko diplomek gutxienez Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa eta Europako Gizarte Funtsaren ikurra izan beharko dituzte agerian, inolaz ere izanen ez direnak entitate sustatzailearen edo antolatzailearen izena baino neurri txikiagokoak. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Diplomak parte-hartzaileei emateko edo igortzeko gehieneko epea bi hilabetekoa da, parte hartu duten prestakuntza ekintza bukatzen den egunetik aurrera.

Bosgarren araua._Etengabeko prestakuntza planak eta prestakuntza ekintzak.

Bat. Prestakuntza plana egin beharreko preskuntza ekintzen multzoari esaten zaio.

Bi. Prestakuntza ekintzak presentzialak izanen dira eta haien helburua izanen da langileen lanbide trebetasunak eta kualifikazioak hobetzea eta lanbideko eguneratzea eta espezializazioa bultzatzea, haiek lan egiten duten enpresen bitarteko lana behar izan gabe.

Eman beharreko plan bakoitzeko ekintzek batez beste 60 ordu iraunen dute.

Hiru. Arau honen ondorioetarako, prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide trebetasunak, teorikoak eta/edo praktikoak, eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogiko batean egituratua egon beharko du eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu, parte-hartzaile guztientzat berdinak. Prestakuntza trebetasunak eta kualifikazioak hobetzera zuzendua denean, eta kualifikazioen katalogo nazionalean horretarako prestakuntza erreferentea ezarririk badago, moduluka emanen da, eta modulu bakoitza prestakuntza ekintza bat izanen da.

Lau. Prestakuntza ekintza ez da 10 ordutik beherakoa izanen, ezta 270 ordutik gorakoa ere. Muga hauetan salbuespena egiten ahalko da ekintza titulazio edo kreditazio ofizial bat lortzera bideratzen denean, edo arau edo hitzarmen baten bidez iraupen luzeagoa eskatzen denean.

Prestakuntza ekintzaren iraupena, eguneko, ez da inoiz 8 ordu baino luzeagoa izanen.

Prestakuntza ekintzetan taldeak eratzen ahalko dira, gehienez ere 20 parte-hartzailerekin.

Langileak ingurumenaren ezagutzan sentiberatzeko, ekintza guztiek ingurumen sentsibilizazioari buruzko prestakuntza modulu bat bildu beharko dute, gutxienez ordu bat iraunen duena.

Atal honetan ezarritako arauetako edozein betetzen ez bada, dagokion prestakuntza ekintza "ez egintzat" joko da, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako.

Bost. Ondoko prestakuntza ekintza hauek ez dira finantzatuko:

Enpresa bakar bateko lanpostuei aplikatzen ahal zaizkien edukiak dituztenak eta beste enpresa batzuetara eraman ezin diren trebetasunak irakasten dituztenak.

Prestakuntza prozesu bat garatzea xede nagusia ez duten ekintzak, hala nola jardunaldiak, mintegiak, feriak, sinposioak eta biltzarrak.

Seigarren araua._Eskabideak, aurkezteko epea eta dokumentazioa.

Bat. _Prestakuntza Planak finantzatzeko dirulaguntzen eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko dira, ereduari jarraituz; entitate eskatzaileek eskura izanen dituzte Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Entitate eskatzaileek, gainera, euskarri informatikoan aurkeztu beharko dute dokumentazioa, bai eskabidearen gainekoa, bai prestakuntza planaren gainekoa.

Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipaturiko erregistro eta bulegoetan ere aurkez daitezke.

Bi. 2007rako eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hurrengo urteetarako, dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoaren aurreko azaroa izanen da.

Hiru. Eskabidean datu hauek azalduko dira gutxienez:

_Eskatzailearen izena eta sozietate-izena; entitate eskatzailearen identifikazio fiskalerako txartelaren fotokopiaren bitartez egiaztatua.

_Eskabidea egiten duen legezko ordezkari baimenduaren identifikazioa eta sinadura. Ordezkaritza hori notario-ahalordearen bidez edo zuzenbidean onartzen den beste edozein baliabideren bitartez frogatuko da. NANaren fotokopia ere aurkeztuko da.

Eskatzen den dirulaguntzaren entitate onuradun izateko, deialdian eskatzen diren betebeharrak egiaztatzen dituzten agiriak.

_Behar bezala legeztatutako estatutuen fotokopia.

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatu egoeretakoren batean ez dagoela dioen aitorpena, egoera horiek onuradun izatea galaraziko bailiokete.

_Transferentzia bidezko ordainketarako eskabidea, behar bezala betea, dirulaguntza, ematen baldin bada, ordaindu ahal izateko.

_Gizarte Segurantzako nahiz Foru Ogasuneko tributu arloko betebeharrak eguneratuta dituela frogatzen duten ziurtagiri gaurkotuak.

_Eskatzen den dirulaguntza.

_Eskaturiko eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatutako dirulaguntzen zenbatekoak, prestatu beharreko lehentasunezko taldeetako langileen gutxieneko portzentajea eta plan bakoitzean parte hartzen duen emakume tasa.

_Eskatzailearen aitorpena, eskabidean emandako informazioa eta datuak benetakoak direla dioena eta, hala denean, dirulaguntza ematen duen organoari baimena ematea zerga betebeharrak bete ote dituen jakiteko datuak Foru Ogasunari eska diezazkion.

_Eskatzaileak plan hori kudeatzeko gaitasun teknikoa duela frogatzen duen memoria, gutxienez ondoko datu hauek bilduko dituena:

a) Planaren helburuak.

b) Edukiak.

c) Entitate eskatzailearen eta, horrelakorik bada, entitate laguntzaileen jarduera nagusiaren azalpena eta deskribapena.

d) Azkeneko hiru urteotan prestakuntza planak gauzatzen eta beste prestakuntza jarduera batzuetan izan duten esperientzia, eta, orobat, entitate eskatzaileak eta, halakorik bada, entitate laguntzaileek zenbateraino bete eta gauzatu duten aurreko deialdietan eskatutakoa.

e) Entitate eskatzaileak eta, horrelakorik bada, entitate laguntzaileek Prestakuntza Planerako bideratzen dituzten baliabideak.

f) Jorratuko diren gaitasun arloak edo espezialitateak.

g) Prestakuntza kudeatzeko kalitate-sistemak.

Memoria hori ereduari jarraituz eta euskarri informatikoan aurkeztuko da.

_Prestakuntza Plana burutzeko, entitate onuradunari loturiko entitateak, haietako bakoitzak hartu dituen konpromisoak eta kudeatuko duen zenbatekoa adierazita. Ereduari jarraituz aurkeztuko da.

_Prestakuntza Plana egiten laguntzen duten entitateak, entitate onuradunari lotuak daudenak adierazita, halakorik bada. Ereduari jarraituz aurkeztuko da.

Lau. Prestakuntza planean sartzen den ekintza bakoitzari buruz, gutxienez ondokoak azaldu beharko dira:

a) Parte-hartzaileen deskribapena.

b) Prestakuntza ekintzaren helburuak.

c) Edukiak.

d) Metodologia.

e) Talde bakoitzeko prestatzaileak.

f) Tokia.

g) Aurreikusitako materiala eta instalazioak.

h) Ebaluazioa. Segimendu eta kontrolerako baliabideak.

i) Prestakuntza ekintza ziurtatzeko modua.

Prestakuntza ekintza bakoitzari buruzko dokumentazioa ereduari jarraituz aurkeztuko da eta, horrez gainera, baita euskarri informatikoan ere.

_Plana osatzen duten prestakuntza ekintza bakoitzaren laburpen-orria, ereduari jarraituz zehazten diren xehetasunekin. Dokumentazioa euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.

_Deialdian finkatzen diren gainerako agiriak.

Aurrekoaz gain, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

Ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzaren Atalean baldin badaude. Halakoetan eskatzaileak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 35. artikuluko f) atalean ezarritakoari heltzen ahal dio, baina Etengabeko Prestakuntzaren Atalean zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko da.

Zazpigarren araua._Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

Bat. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztu ondoren, deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei eskatzen ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkez ditzaten, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 19.3 artikuluarekin bat.

Errekerimenduak eskatutako prestakuntza ekintzetakoren bat edo batzuk ukituz gero, ekintza horiek baztertuko dira, eta gainerakoak tramitatuko dira, horretarako behar diren baldintzak eta betebeharrak betetzen badituzte.

Bi. Aurrekoa gorabehera, ez dira tramitera onartuko deialdian ezarritako epean aurkezten ez diren eskabideak; era berean, horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

Zortzigarren araua._Balorazio irizpideak.

Bat. Prestakuntza Plana eta deialdi honen babesean aurkezten diren ekintzak baloratzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Entitate eskatzaileak aurkeztutako ekintzak gauzatzeko duen gaitasuna, kontuan harturik aurreko esperientziak eta ekintzak burutzeko eskura dituen baliabide pertsonal eta materialak, bertakoak edo kanpokoak.

Atal honetako edukiek balorazio osoaren %30 osatuko dute.

b) Plana osatzen duten prestakuntza ekintzei dagokienez:

_Helburuen definizioa.

_Prestakuntza ekintzen edukiak. Balorazio handiagoa emanen zaie "alfabetatze informatikoko" edo "ingurumeneko sentsibilizazioko" moduluren bat hartzen duten prestakuntza ekintzei.

_Irakasteko metodologia.

_Prestatzaileak.

_Aurreikusitako instalazioak, baliabide didaktikoak eta materialak.

_Ikastearen jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egiteko baliabideak.

_Prestakuntza ekintzak ziurtatzeko modua.

Atal honetako edukiek balorazio osoaren %40 osatuko dute.

c) Prestakuntza ekintzak sektore arteko esparruaren beharretara egokitzea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren etengabeko prestakuntzarako ikastaroen katalogoko prestakuntza ekintzetarako ezarririko lehentasun irizpideei jarraituz. Irizpide horrek balorazio osoaren %30 osatuko du, batez besteko ponderatua eginda, honela banaturik: lehentasun handiena duten egintzei 30 puntu emanen zaizkie, 15 puntu lehentasun ertainekoei, 5 lehentasun txikiena dutenei eta 0 lehentasunik ez dutenei.

Bi. Balorazio teknikoko puntuazioaren %50 gainditzen ez duten eskabideak baztertuko dira.

Arau honen b) ataleko puntuazioaren %50 gainditzen ez duten ekintzak baztertuko dira.

Bederatzigarren araua._Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Bat. Dirulaguntza emanen da ondoko irizpideen arabera:

a) Eman beharreko dirulaguntza zehazteko kontuan hartuko da xede hori duen aurrekontu lerroan ebazpena emateko unean dagoen diru zenbatekoa.

b) Eskatzaileei esleitu beharreko dirulaguntzak emateko oinarria lehentasunen proportzionaltasun printzipioa izanen da, ikastaroen katalogoan finkatzen diren lehentasunei jarraikiz. Lehentasunen maila berean, ekintzen kostu finantzagarria handiagoa bada eskura dagoen dirua baino, ekintza bakoitzak deialdi honetako zortzigarren arauaren b) atalean lorturiko balorazioa hartuko da kontuan.

c) Dirulaguntzen zenbatekoa ekintzen kostuaren %100ekoa izaten ahalko da. Halaber, deialdi honetako II. eranskinean agertzen diren modulu ekonomikoak kontuan hartuko dira.

d) Dirulaguntza 12 ikaslerendako emanen da gehienez ere, ekintza bakoitzeko ikasle kopuruaren arabera, eta bakarrik ordainduko da prestakuntza ekintza bukatzen duten ikasleengatik.

Hamargarren araua._Organo eskudunak eta emateko prozedura.

Bat. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak lehia irekiaren bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11/2005 Foru Legean xedatzen denaren arabera.

Bi. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzaren Atalari dagokio.

Hiru. Bat. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honetako eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

Lau. Espedienteak instruitzeko eta emaniko dirulaguntzak begiratu, kontrolatu eta likidatzeko laguntza teknikoa kontratatzen ahalko da.

Bost. Prestakuntza planaren balorazioaren emaitzekin eta dirulaguntza behin zehaztuta, deialdi honen bigarren arauan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, eta espedientea eta aginduzkoak diren txostenak ikusi ondoren, organo instruktoreak ebazpen proposamena emanen du, behar bezala arrazoitua, zerbitzuko zuzendariak ontzat emana, eta onetsitako prestakuntza ekintzen eranskina gehituta.

Organo instruktoreak aurkeztutako ebazpenaren proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

Sei. Prozedurako ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da gehienez, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

Zazpi. Dirulaguntza emateko ebazpenari, onetsitako prestakuntza ekintzen eranskina gehituko zaio.

Zortzi. Eskaeren gaineko ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko VII. tituluan jasotako moduan.

Bederatzi. Hasiera batean onarturiko prestakuntza ekintzak ez dira itxiak izanen bukaeran zehazte aldera. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak haien ordez lehentasun bereko edo handiagoko ekintzak ezartzen ahalko ditu, lehentasunezko taldeen parte-hartzailetza portzentajeari eutsiz. Ordezpen hori lortzeko, entitate onuradunak idatziz eskatzen ahalko du, ordezpenerako arrazoiak emanez. Horrekin batera, ordeztu beharreko prestakuntza ekintza bakoitzerako beste fitxa bat aurkeztuko da, kasuan kasuko edukiarekin. Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko da, hasiera batean onarturiko dirulaguntza handitu gabe. Onuradunak ekitaldi bakoitzean gehienez ere bi eskaera aurkezten ahalko ditu ekintzak ordezteko, bata maiatzean eta bestea irailaren 16tik urriaren 15era bitarte.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeaketa zuzendaritzaak, ebazpen baten bidez, erabakiko du eskaturiko ordezpenei buruz, gehienez ere hamabost eguneko epean, eskatzen direnetik hasita. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena emantzat joko da.

Hamaikagarren araua._Entitate onuradunen eginbeharrak.

Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legeko 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan ezarririko eginbeharrez gain, entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

Bat. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenendako doakotasuna egon beharra errespetatzea.

Bi. Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta beste dokumentuak behar bezala auditaturik edukitzea, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeriak onuradunari kasu bakoitzean eskatzen dizkion baldintzetan, kontu bereizi batean edo kontabilitateko berariazko epigrafean dirulaguntzaren sarrera eta prestakuntza ekintzak exekutzatzeko gainerako dirusarrera eta gastuak identifikaturik, horietan guztietan "etengabeko prestakuntza" erreferentzia agertuko dela.

Hiru. Dirulaguntzaren xede den prestakuntza jarduera deialdi honetako baldintza eta betebehar formal eta materialekin bat egitea eta balorazio teknikoa eta eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarritako balio izan zuten onespen baldintzekin bat ere bai.

Lau. Prozedura instruitzeko eta prestakuntza plana exekutatu eta likidatzeko faseetan eskatzen diren argibide eta agiriak aurkeztea eta kontrol organo eskudunen eskura parte-hartzaileak prestakuntza ekintzetara joan direla frogatzen duten agiriak uztea, haiek berek behar bezala sinatuak, ezartzen diren gutxieneko betebeharren arabera.

Bost. Onuradunak beharturik daude ikastaroetara joatearen ondoriozko arriskua estaltzera, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatuz edo, horrelakorik ezean, haren bermeen kartaren bidez. Gutxienez ere estaldura hau izanen du: medikuntza, botika eta ospitale laguntza, ikastaroaren ordutegi barruan gertatutako istripuen kasuan, eta hor sartzen dira baimendutako irteera-bisitak eta ikasleek beren ohiko bizilekutik ikastaroa ematen den lekuraino egin beharreko bidaia (edozein ibilgailuz egin daitekeena). Heriotza gertatuz gero, gutxienez 30.100 euroko kalte-ordaina, eta baliaezintasun iraunkorra gertatuz gero, gutxienez 60.200 eurokoa, baldin eta istripua ikastaroan, irteera-bisitetan edo ikastarora bidean gertatu bada.

Dagokion entitate laguntzaileak istripuen gaineko asegurua indarrean eduki behar du ikasle bakoitza ikastaroan altan den eskola epe osoan.

Sei. Parte-hartzaile bakoitzari diploma bat ematea, prestakuntza ekintza egin duela frogatuko duena, deialdi honetan ezarririko baldintzetan.

Zazpi. Dirulaguntza emateko betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko arrazoia izan den jarduera egin dela eta haren kostuak zenbatekoak diren frogatzea.

Zortzi. Administrazio eskudunari dirulaguntzaren xede diren jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu dituztela jakinaraztea, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen.

Bederatzi. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, Europar Batasunak eta kontrol organoek sustaturiko prestakuntza ekintzak ebaluatu, kontrolatu eta begiratzeko jarduketak onartu eta haiei modu aktiboan laguntzea, eskatzen dituzten argibide eta agiri guztiak noiznahi emanez.

Horretarako, prestakuntza plana abian jarri, bete eta justifikatzeko prozesuari buruzko dokumentazioa eta informazioa zentroan gorde beharko da EGFren ikuskapen eta kontrolaren eskura edo eskumena duten beste administrazioen eskura, gutxienez lau urteko epean. Epe hori onuradunak frogagiriak aurkezteko ezarririko epea bukatzen denean hasiko da.

Europar Batasuneko funtsekin batera finantzaturiko ekintzen kasuan, Europar Batasuneko arauetan xedatu bezala eginen da.

Hamar. Eskabideetan edo eskaerak tramitatzeko eta dirulaguntzak emateko organo eskudunei aurkezturiko agiri edo ziurtagirietan gezurrezko daturik ez ematea.

Hamaika. Dirulaguntzaren xede den jarduera diru publikoaz finantzatu dela eta Nafarroako Gobernuak eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu dela adieraztea, egiturazko funtsetan parte hartzeko Europar Batasuneko estatuek informazioaz eta publizitateaz egin beharreko jarduerei buruzko maiatzaren 30eko 1159/2000 EE Erregelamenduan informazio eta publizitate neurriei buruz xedaturikoa betez (DOCE, 2000.05.31).

Entitate onuradunek beren jakinarazpen, argitalpen, material didaktiko, ziurtagiri eta diploma guztietan gutxienez Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa eta Europako Gizarte Funtsaren ikurra izan beharko dituzte agerian, inolaz ere izanen ez direnak entitate sustatzailearen edo antolatzailearen izena baino neurri txikiagokoak. Betiere proportzioak eta jatorrizko gama kromatikoa errespetatuko dira.

Onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen, prestakuntza ekintzen garapenean hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin partzialki kontratatzen bada.

Hamabigarrena._Prestakuntza ekintza bakoitza burutzea eta haren hasiera eta bukaera jakinaraztea.

Bat. Onuradunak deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azoarean 9ko 1/2005 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoak diren beste arauetan xedaturikoa kontuan hartuz garatuko du prestakuntza plana.

Bi. Entitate onuradunak berezko langileak izan beharko ditu prestakuntza ekintzak programatu, koordinatu eta barnetik kontrolatzeko eta betiere dirulaguntzaren xede den jardueraren exekuzioaren erantzukizun osoa hartuko du bere gain Administrazioaren aurrean. Horri eta azpikontratistari bermatu beharko die jarraipen eta kontrol erakundeen eginkizunak ongi garatzen direla.

Hiru. Dirulaguntza hartzen duen entitateak deialdi honetako laugarren arauan aipatzen diren balizko parte-hartzaileen artean zabaldu beharko ditu sustatzen dituen prestakuntza ekintzak, haiendako baita prestakuntza, nahi dutenek prestakuntzarako eskubidea erabili ahal dezaten. Horretarako, eskatzaileak prestakuntza eskabidea beteko du, deialdi honen III. eranskinean ageri dena. Haren inprimakia eskatzen dionari emanen dio entitateak. Eskabide horretan, egin nahi den prestakuntza ekintzarekin batera, baimen bat agertu beharko da, entitate onuradunak kontakturako datu pertsonalak (helbidea eta telefonoa) uzten ahal izan diezazkien aurreikusitako ebaluaketa, jarraipen eta kontroleko organo eskudunei. Edozein datu zuzenezin ez betetzeak ikaslea ikastarotik kanpo geratzea ekarriko du.

Dirulaguntzaren onuraduna den entitateak, prestakuntzako eskatzaileen arteko lehia ebazterakoan, irizpide objektiboetan oinarritu beharko du.

Lau. Entitate onuradunek garatu behar duten prestakuntza ekintza bakoitzaren "hasieraren jakinarazpena" igorri beharko dute Nafarroako Enplegu Zerbitzura, prestakuntza ekintza bakoitza hasi baino bi egun natural lehenago gutxienez. Jakinarazpen horretan argibide hauek agertuko dira: entitatearen zenbakia eta izena, ikastaroaren zenbakia eta katalogokoa, ekintzaren izena, hasi eta bukatzeko egunak, irakastegunak eta ordutegia, tokia eta gela. Jakinarazpen horretarako Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskura dagoen ereduari jarraituz erabiliko da. Jakinarazpena egin ondotik, aldaketa edo bertan behera gelditzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, ekintza hasteko data baino lehenago, salbu eta toki, egun nahiz ordutegi aldaketa edo etetea eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuak eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen ari dela gertatzen bada. Kasu horietan, onuradunak aldaketaren berri izan orduko jakinarazi beharko du.

Ezarririko epean jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako, salbu eta jakinarazpena epean ez bada egin ezinbesteko arrazoiengatik, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Bost. Prestakuntza ekintza hasten denetik hirugarren ikasteguna arte, hori barne, eta betiere, prestakuntza orduen %25 eman baino lehen, Nafarroako Enplegu Zerbitzura jakinarazpena igorri beharko da, edukien programa laburtzen duten agiriak, ikastaroan onarturiko ikasleen behin betiko zerrenda eta ikastaroko adituen fitxa barne, ereduari jarraituz.

Ikastaroa hasten duten parte-hartzaile onartuen behin betiko zerrendaren kopia batek lehen aipatu den egunetik aurrera egon beharko du kontrol organoen eskura.

Ezarririko epean jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako, salbu eta jakinarazpena epean ez bada egin ezinbesteko arrazoiengatik, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Sei. Prestakuntza ekintza bakoitza egin ondoren, onuradunek Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ekintza bukatu dela jakinarazi beharko diote, bukatzen denetik hamabost eguneko epean, eta agiri hauek igorri beharko dituzte:

_Onarturiko ikasle bakoitzaren fitxa, datatua, sinatua eta osorik betea, fitxarako behar diren agiriekin batera

_Ikastaroan onartu diren zerrenda aurkeztuaren kopia, bukatu dutenak eta kofinantzatzen ahal direnak adieraziz.

_Asistentzia kontrolaren jatorrizko agiria, prestakuntza saio bakoitzean parte hartu duten ikasleen sinadurak biltzen dituena, ereduari jarraituz, prestakuntza irakasle edo arduradunak sinatua.

_Ikastaroa eskatu bai baina onartu ez ziren ikasleen zerrenda eta eskabideen fitxak.

_Aurreinskribatuak hautatzeko irizpideak, metodoa eta kopurua (horrelarik egin baldin bada).

_Asistentzia diploma eman zaien ikasleen zerrenda, non haien hartu izana edo aurkeztu dela frogatzen duen agiria agertuko baita.

Entitate laguntzaileak frogagiriak luzatzeko, aprobetxamenduaz gain, gutxienez ere ikastorduen %75era joan beharko da.

_Material dikaktikoa eman zaien ikasleen zerrenda, non banaturiko materiala eta haiek hartu izanaren agiria edo aurkeztu dela frogatzen duen agiria agertuko baitira.

_Egindako publizitatea (egunkarietako iragarkiaren fotokopia edo beste sistema bat).

_Irakasleen zerrenda (izen-deiturak, NAN, Gizarte Segurantzako zenbakia), haietariko bakoitzak egiatan emaniko ordu kopurua adieraziz.

_Ikastaroa emateko erabili diren baliabide tekniko eta materialen zerrenda (ikasgelak, instalazio edo gela osagarriak, proiektorea, telebista, eta abar).

Lehen aipatu diren agiriak ereduari jarraituz eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ezarriko dituen euskarri informatikoetan igorriko dira.

Ezarririko epean jakinarazi ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako, salbu eta jakinarazpena epean ez bada egin ezinbesteko arrazoiengatik, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Hamahirugarren araua._Kostuak justifikatzeko eta likidatzeko jarraibideak.

Bat. Entitate onuradun bakoitzaren prestakuntza plana bukatzean, betiere hurrengo ekitalidko martxoaren 1a baino lehen, dirulaguntzaren azken likidazioa eskatu eta prestakuntza ekintzak egiteko kostuak frogatu beharko dira. Horretarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legeko 28. artikuluan xedaturikoa, finantzatzen ahal diren kostuak eta deialdi honen II. eranskinean ezarririko egozpen irizpideak hartu beharko dira kontuan.

Entitate onuradunak, eginiko prestakuntza ekintza bakoitzagatik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko dira gastuen adierazpena eta ikastaroen azken likidazioa (IV.1 eranskina) eta gastuen adierazpen sailkatua (IV.2 eranskina), ebazpen honekin batera datozenak, behar bezala beteak eta entitate onuradunaren legezko arduradunak sinatuak. Horrek bere gain hartuko du aurkezten diren datuen egiazkotasunaren erantzukizuna eta konpromisoa hartuko du administrazioak eskatzen dizkionean, agiri horietan ematen diren datuak abalatzen dituen kontabilitate dokumentazioa aurkezteko eta hark bidezkotzat jotzen dituen argibide osagarriak emateko.

Gainera, aurkeztu beharko ditu eginiko lan bakoitzean emaniko denboraren agiriak, egin dituen pertsonak sinatuak, ikastorduetatik kanpo prestakuntzan, tutoretzan eta ebaluazioan egiazki emaniko orduak frogatuko dituztenak; eta ikastaroa zuzentzen, kudeatzen, hautatzen eta administratzen aritzeagatik egotziriko orduen kopurua ere bai.

Halaber, prestakuntza plana laburtzen duen orrialde bat aurkeztuko da, eginiko ekintza guztiak bilduko dituena, ereduarekin bat, eta euskarri informatikoan.

Atal honetan ezarririko epean igorri ezik, ulertuko da prestakuntza ekintza ez dela burutu, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoaren ondorioetarako, salbu eta jakinarazpena epean ez bada egin ezinbesteko arrazoiengatik, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean jakinarazirik.

Bi. Kostuak fakturen bidez eta frogatako balio duten gainerako agirien bidez frogatuko dira, ordainagiriekin batera, jatorrizkoak zigilatu ondoren, behar den xehetasunarekin, funtsak ongi erabili direla frogatzeko moduan. Entitate onuradunak gordeko ditu.

Zigilatzeak gutxienez ere argibide hauek bildu beharko ditu:

"Nafarroako Gobernuak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzaturiko prestakuntzaren esparruan emaniko dirulaguntzaren kontu, ................ deialdiko ..... zenbakiko ikastarorako, ............... euro justifikatzen dira:"

Hiru. Eskuarki onartzen diren kontabilitate arauekin bat, kostuak kargu agirien bidez frogatzea ontzat emanez gero, agiri horiek gastuaren edo haren egozpenen frogekin batera igorri beharko dira.

Azpikontratazioen kasuan, azpikontratistek egiten dituzten fakturak II. eranskinaren atalen arabera sailkatu beharko dira, eta prestakuntza ekintza bakoitzari egotziriko kostuak identifikatu.

Kontratistek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan aurreikusitako betebeharra izanen dute, laguntza ematekoa alegia.

Lau. Prestakuntza jarduerak dirulaguntzaz gain berezko funtsekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan dirulaguntzen xede diren jardueretarako funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa frogatu beharko dira.

Bost. Dirulaguntzaren onuraduna beharturik dago dirulaguntzaren arrazoia izanen den jarduera egin dela eta harturiko funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak lau urtez gordetzera, onuradunak frogagiriak aurkezteko ezarririko epea bukatzen denetik hasita, Foru Administrazioak edo horrek eskuordeturikoak ikuska ditzan.

Europar Batasuneko funtsekin batera finantzaturiko ekintzen kasuan, Europar Batasuneko arauetan xedatu bezala eginen da.

Epe hori bukatu gabe beren jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten entitate onuradunek entitatean gorde diren agiri horien kopia igorri beharko diote organo eskudunari.

Onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen, prestakuntza ekintzen garapenean hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin partzialki kontratatzen bada.

Hamalaugarren araua._Dirulaguntzen likidazio ekonomikoa.

Bat. Ematen diren dirulaguntzen likidazio ekonomikoa prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileen eta egiazki eginiko ikastorduen arabera eginen da, prestakuntza ekintza bakoitzerako finantzatzen ahal diren kostuak kontuak hartuz. Deialdi honen II. eranskineko modulu ekonomikoak izanen dira ondoriozko dirulaguntzaren muga, prestakuntza mailaren arabera.

Bi. Uzteagatik hamabi ikasle baino gutxiago daudenean, dirulaguntza gutxituko da.

Ulertuko da parte-hartzaile batek prestakuntza bukatu duela, prestakuntza ekintzaren orduen %60ra joan denean, likidazio ekonomikoaren ondorioetarako.

Hiru. Eginiko prestakuntza ekintzaren dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, behar zen garaian haren hasiera jakinarazi bazen, onuradunak Nafarroako Enplegu Zerbitzura igorri beharko zituen gastuen adierazpena, azken likidazioa eta gastuen adierazpen sailkatua, ereduari jarraituz. Dirulaguntzaren xede den prestakuntza ekintzaren kostuak gutxienez frogatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko ditu.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak parte-hartzaileei egoki juzgatzen duen informazio eta agiri oro eskatzen ahalko die.

Laugarrena. Atal honetako hirugarren puntuan aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ezik edo aurkezturiko agiriak dirulaguntza zuzen justifikatzeko aski ez badira, organo eskudunak onuradunei atzemandako akatsak jakinaraziko dizkie, hamabost eguneko epean zuzen ditzaten.

Atzemandako hutsuneak zuzentzeko aurkeztu diren agiriak aztertu ondoren, horiek aski ez badira emandako dirulaguntza behar bezala justifikatzeko, edo epea iragan bada haiek aurkeztu gabe, organo eskudunak erabakiko du itzultzeko prozedurari hasiera ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bost. Azken frogagiriak aztertu ondoren, Etengabeko Prestakuntzaren Atalak, zerbitzuko zuzendariaren ikus-onespenarekin, azken ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeaketa zuzendaritzara.

Organo instruktoreak aurkeztutako ebazpenaren proposamena ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak espedientearen gaineko ebazpena emanen du.

Hamabosgarren araua._Prestakuntza kontrolatu, ebaluatu eta jarraitzeko plana.

Bat. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak haren eskumenen barnean, arau honen bidez diruz laguntzen diren ekintzen ebaluazio, kontrol eta jarraipeneko eginkizunak burutzen ahalko ditu. Horretarako, entitate onuradunei edozein agiri eskatu eta kanpo auditoria egiten ahalko die, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren arabera, eginkizun horiek burutzeko bidezko bada.

Era berean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, etengabeko prestakuntzaren azpisistema hobetzeko xedearekin.

Bi. Entitate onuradunak, prestakuntza ekintza bakoitzaren azken likidazioarekin batera, eginiko ekintzaren memoria-ebaluazio bat aurkeztuko du. Memoria-ebaluazio hori ikastaroaren azalpena eta ebaluazioa izanen da, ondoko atalei buruzko informazioa bilduko duela:

_Prestakuntza ekintzaren identifikazio datuak: entitate onuraduna, ikastaroaren zenbakia eta haren izena.

_Parte-hartzaileen gaineko datu estatistikoak: kontuan hartuta sexua, bukatu dituzten ikasketen maila, lanbide kategoria, lan-kontratu mota, ikastaroko gaiari buruz aldez aurretik duten ezagupen maila.

_Parte-hartzaileek ikasturtearen kalitateari buruz egindako balorazioaren gaineko datuak, "Kalitatea ebaluatzeko galdetegia", arau honen bigarren puntuan aipatzen dena, erabilita.

_Ikastaro bakoitzaren laburpena eta ondorioak.

Hiru. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako "Kalitatea ebaluatzeko galdetegia" erabiliko da. Horrek informazioko eremu berezi hauek, gutxienez ere, hartuko ditu:

_Prestakuntza ekintzaren balorazio orokorra.

_Edukiak: prestakuntzako behar eta asmoetara egokitzen diren, eta edukien erabilgarritasuna langilearen ibilbide profesionalean.

_Irakasleak: zein maila duten, prestakuntza, espezializazioa eta komunikazioa kontuan hartuta.

_Baliabide didaktikoak: erabilitako baliabideen balorazioa eta edukietara nola egokitzen diren.

_Baliabide teknikoak: haien eskuragarritasuna, egokitasuna eta funtzionamendu egoera.

_Instalazioak: haien argitasuna, zabaltasuna, aireztapena, ezaugarrri klimatikoak eta irisgarritasuna.

_Antolaketa: prestakuntza taldea nola osatzen den, homogeneitatea, ikasle kopurua, aldez aurretik jasotako informazioa, ordutegia eta iraupena.

Ebaluazio horiek entitate onuradunei egin diezaiekten onura deusetan galarazi gabe, haiek kalitatea ebaluatzeko galdetegietako taulen emaitzak arau honen bigarren puntuan aipatzen den memoria-ebaluazioan sartu beharko dituzte.

Kalitatea ebaluatzeko ikasleek bete dituzten galdetegiak entitate onuradunak gordeko ditu.

Hamaseigarren araua._Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emandakoan eta entitate onuraduna zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituela egiaztatu ondoren, dirulaguntzaren %100eko aurrerakina ordaintzen ahalko da, onuraduna titularra duen kontu korrontera, onuradunak jakinarazitakora, eginiko bankuko transferentzia bidez.

Entitate onuradunek dirulaguntzaren aurrerakina eskatzen ahalko dute. Horretarako, haren beharra frogatu beharko dute.

Hamazazpigarren araua._Azpikontratazioa.

Bat. Entitate onuradunak entitate lotuen bidez behin bakarrik azpikontratatzen ahalko du prestakuntza planaren xede den prestakuntza jarduera osoa. Kontuan hartuko da, betiere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. eta 28.3 artikuluen edukia.

Onuradunak entitate lotuen bidez prestakuntza planaren exekuzio partziala edo osoa hitzartu ahal dezan, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena eskatu beharko dio, prestakuntza planaren eskabidearekin batera. Baimen hori espresuki laguntza emateko ebazpenean berean onartuko da edo ondorengo ebazpen bidez, hamabost eguneko epean, baimena eskatzen denetik hasita. Aipatu epea organo emaileak ezer ere adierazi gabe bukatzen bada, baimena emantzat joko da.

Bi. Aurreko puntuan xedaturikoa deusetan galarazi gabe, beren xedeen artean prestakuntza jarduerak garatzea duten entitateekin bakarrik azpikontratatzen ahalko da.

Hemezortzigarren araua._Prestakuntzaren barne kontrola.

Bat. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, kanpoko sostengu teknikoarekin, beharrezkoa bada, jarduketa hauek eginen ditu kontrolatu eta begiratzeko:

a) Denbora errealeko jarduerak. Iraskasten den tokian, garatzen ari deino, eginen da prestakuntza jardueraren jarraipena, prestakuntzaren arduradun, ikasle eta hezitzaileekiko elkarrizketetan lorturiko froga fisikoen edo lekukoen bidez, prestakuntza jardueraren exekuzioa, haren edukiak, parte-hartzaileen egiazko kopurua, instalazioak eta baliabide teknologikoak teknikoki egiaztatzeko eta argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak eta Europako Gizarte Funtsak batera finantzatzen direla adierazten den begiratzeko.

b) Ex post jarduketak. Prestakuntza ekintzak burutu ondoren eginen dira, froga fisikoak, lekukoenak eta agiriak erabiliz, elkarrizketen bidez, eskatuko baitzaizkie entitate onuradunei, prestakuntzako arduradunei, ikasleei eta/edo prestatzaileei, teknikoki egiaztatzeko, besteak beste, ondoko hauek:

_Prestakuntza ekintzak egitea.

_Parte-hartzaileen benetako kopurua.

_Parte-hartzaileei prestakuntzaren diploma edo ziurtagiria banatzea eta bertan Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren logotipoa eta Europako Gizarte Funtsaren ikurra identifikatzea.

_Lehentasunezko taldeetako langileen portzentajea betetzea.

_Prestakuntza kostuak frogatzea: frogagiriak, zenbaketak eta ordainketak, Nafarroako eta Europar Batasuneko arautegian Europako Gizarte Funtsarekin baterako finantzaketaz ezarririko betebeharrak kontuan hartuz.

Hemeretzigarren araua._Dirulaguntzak itzultzea.

Bat. Deialdi honetan eta/edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarririko eginbeharren balizko ez-betetzeak mailakatzeko eta onuradunak azkenean kobratu beharreko dirua edo, bidezko bada, itzuli beharrekoa, zehazteko, proportzionaltasunaren irizpideari jarraituko zaio.

Bi. Arau honen babesean ematen diren dirulaguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira, haiek pagatu zirenetik itzuli beharra erabakitzen denera sorturiko berandutza interesak barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarririko kasuetan eta deialdi honetan ezarririko betebeharrak bete ezik.

Hiru. Aurreko bi puntuan dirua itzultzeko aurreikusiriko kasuren bat gertatzean hasiko da dirua itzultzeko prozedura, ezarriko prozedurarekin bat eta, bidezko bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat.

Lau. Atal honetan ezarririko itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dirulaguntzen arloan arau-hauste eta zehapen administratiboei buruz ezarririkoa.

Hogeigarren araua._Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hogeita batgarren araua._Datuen babesa.

Entitate eskatzaileeek eta entitate onuradunek jakinarazten dieten informazioa datuak babesteko indarra duen arautegiaren menpe egonen da.

Hogeita bigarren araua._Arautegi aplikagarria.

Bat. Arau hauetako deialdian parte hartzeak berarekin dakar arauak oso-osorik eta bete-betean onartzea.

Bi. Deialdi honetan aurreikusirik ez dagoen guztian lotuko zaie azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeari (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zenari), Kontseiluak ekainaren 21ean eman EE 1260/1999 Erregelamenduari, Europako Parlamentuak uztailaren 12an eman EE 1784/99 Erregelamenduari, Batzordeak maiatzaren 30ean eman 1159/2000 EE Erregelamenduari, Batzordeak uztailaren 28an eman EE 1685/2000 Erregelamenduari, Batzordeak abenduaren 27an eman EE 2355/2002 Erregelamenduari eta Batzordeak martxoaren 10ean eman EE 448/2004 Erregelamenduari eta dirulaguntzei buruz aplikatzekoa den gainerako arautegiari. EE 448/2004 Erregelamenduaren bidez aldatzen da EE 1685/2000 Erregelamendua, Kontseiluaren 1260/1999 Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, egiturazko funtsekin batera finantzatutako eragiketen gastuen finantzaketari dagokionez, eta 1145/2003 EE Erregelamendua eta Batzordeak maiatzaren 6an 2003/361/EE Gomendioa indargabetzen dituena.

Halaber, programa honetako dirulaguntzak Batzordeak urtarrilaren 12an eman 68/2001 EE Erregelamenduan eta Batzordeak otsailaren 25ean eman 363/2004 EE Erregelamenduan ezarririko muga eta betebeharrekin bat etorriko dira. Azken horren bidez, 68/2001 EE Erregelamendua aldatu zen, prestakuntzarako laguntzei buruzko EE Tratatuko 87. eta 88. artikuluak finkatu zituena.

Hogeita hirugarren araua._Epeak kontatzeko modua.

Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko VI. tituluko I. kapituluarekin bat, deialdi honetan adierazitako epe guztiak luzaezinak dira, eta egun baliodunek osatuak, non ez den kontrakoa xedatzen espresuki.

Hogeita laugarren araua._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak webgunean (www.empleo.navarra.es) jarriko ditu emandako dirulaguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

II. ERANSKINA

Kostuak eta moduluak

Eranskin honek bi atal dauzka:

Lehen atala._Finantzatzen ahal diren kostuak.

Bigarren atala._Gehieneko modulu ekonomikoak.

Lehen atala._Finantzatzen ahal diren kostuak.

1. Prestakuntza ekintzaren zuzeneko kostuak:

a) Barruko eta kanpoko prestatzaileen sariak, lansariak, gizarte aseguruak, dietak, joan-etorrietako gastuak eta, oro har, ikastaroak prestatu, eman eta ebaluatzen aritzen diren prestatzaileei dagozkien kostu guztiak barne.

Ikastaroak prestatu eta ebaluatzeagatik, baturik, ikastaroa emateko zenbatekoaren %20koa izanen da gehienez.

Gastu horiek irakasleen eta jardueran emaniko orduen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztu beharko dira.

b) Ekipo didaktikoak amortizatzeko gastuak, kontabilitateari buruzko arauetan onetsiriko amortizazio irizpideen arabera kalkulatuak, eta burutzeko alokairu edo errentamendu finantzarioa, interesak izan ezik.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztu beharko dira eta ekipoen banakako erabileraren kasuan bukatzen duten parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira. Bestela, erabili zireneko orduen arabera egotziko dira.

c) Baliabide didaktikoen gastuak eta/edo material didaktikoak erostekoak eta ikastaroa egiteko prestatzaileek eta parte-hartzaileek erabiliriko ondasun suntsigarrien gastuak.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztu beharko dira eta ekipoen banakako erabileraren kasuan bukatzen duten parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira. Bestela, erabili zireneko orduen arabera egotziko dira.

d) Alokairu-gastuak, errentamendu finantzariokoak _interesak izan ezik_, eta ikastaroa egiteko erabilitako ikasgela, lantegi eta gainerako eremuen amortizazioarena.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera behar bezala sailkaturik aurkeztuko dira eta ekintzak dirauen aldirako egotziko dira.

e) Parte-hartzaileen istripu asegurua.

Gastu horiek prestakuntza ekintzen arabera sailkaturik aurkeztu beharko dira eta parte-hartzaileen kopuruaren arabera egotziko dira.

2. Prestakuntza ekintzari loturiko kostuak:

a) Barruko eta kanpoko langile osagarrien kostuak finantzatzen ahalko dira eta ikastaroa kudeatu eta burutzeko behar diren guztiak.

b) Ikastaroa antolatu eta zabaltzeko publizitate gastuak.

c) Beste kostu batzuk: argia, ura, berokuntza, mezuak, posta, garbiketa, zaintza eta lehen aipatu ez diren bestelako kostuak, prestakuntza ekintzari lotuak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 28. artikuluaren 9. idatz-zatiarekin bat, onuradunak zentzuz dagokion zatian egotzi beharko dizkio kostu horiek dirulaguntzaren xede den ekintzari, onartu ohi diren kontabilitateko irizpide eta arauei jarraituz, betiere, kostu horiek jarduera egiazki egiten den aldiari dagozkion heinean.

Betiere, kostu lotuak eta zuzeneko kostuak egiazkoak izanen dira, egiazki egin, pagatu eta fakturen edo frogatzeko balio bera duten kontabilitate agirien bidez frogatzen direnak.

Ikastaro bakoitzerako azkenean pagatu beharreko zenbatekoa kontrol finantzarioaren eta deialdiko baldintzen emaitzen ondoren finkatuko da. Kostu lotuak gehienez ere zenbatekoaren %30 izanen dira.

Kontzeptu partzialen kostuaren batura kapitulu bakoitzaren kostu osoa da, eta bi kapituluen kostuaren baturak ikastaroaren gastu justifikatuak egiten ditu.

Bigarren atala._Gehieneko modulu ekonomikoak.

Deialdi honetako dirulaguntzen xede diren ikastaroak finantzatzeko ematen diren laguntzak likidatzeko aplikatzen ahal diren gehieneko modulu ekonomikoak (prestakuntza ordu bakoitzaren kostua) ikastaro motaren eta prestakuntza mailaren arabera ondoren ezartzen direnak izanen dira:

Egon beharrekoa 145 euro/ordua 125 euro/ordua

Egon beharreko ikastaroetan, "oinarrizko mailako" modulua aplikatuko da ematen den prestakuntza zeharkako gaien edo gai orokorren arlokoa denean, oinarrizko trebetasun eta kualifikazioak garatzeko gaitasuna ematen duena alegia.

"Erdi-goi mailako" modulua aplikatuko da eman beharreko prestakuntza kasu hauetako batean dagoenean:

_Espezializazioa dakarten gaiak daudenean.

_Espezialitaterako kostu apartekoa duten ekipamenduak behar direnean.

_Material suntsigarri asko edo/eta aparteko kostua duena behar denean.

_Irakasleak kualifikazio maila handikoak izatea eskatzen duten programazio edo/eta zuzendaritza gaitasunak irakastea.

_Irakasleak lortzeko zailtasuna egotea, espezializazio maila handikoak behar direlako.

_Prestakuntza ekintzak arazoak izatea ikasleak aurkitu eta taldea osatzeko, ikastaroa lehentasun handikoa (1 edo 2) denean edo etengabeko prestakuntzarako interes handikotzat jotzen denean. (Ez da kasu honetan sartuko prestakuntza eskaintza handiegia izateak eragindako ikasle falta).

_Prestakuntza eskuratzeko oztopoak dauden tokietan ematea.

_Ikastaroa berritzailea edo esperimentala izatea, bai edukiengatik bai erabilitako metodologiagatik.

_Ekipamendu edo instalazio bereziak erabiltzea (prestakuntza zentroak izan ohi ez dituenak).

Aparteko kasuetan, entitate eskatzaileak arrazoiak emanda, hemen ezarri diren moduluak baino goragoko beste bat proposatzen ahalko du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak oso goi mailako teknologiako hainbat ikastarotarako, betiere Nafarroako garapenerako interesgarriak badira eta prestakuntzako entitateaz besteko profesionalek eman beharrekoak, eta horien zerbitzu-sari handiagoak egiaztatzen badira.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ikastaroen katalogo bat emanen die entitateei, non esleitutako lehentasuna agertuko baita.

LEGEZKO ABISUA

1. Prestakuntza ikastaro baterako eskabidearekin batera aurkeztutako datu pertsonalak tratatuko dituzte Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta eskainitako ikastaroak eman behar dituzten entitateek, ikastaroak antolatu eta eman ahal izateko.

2. Lehen aipatu eskabidea aurkeztean, interesdunak baimena ematen du haren datu pertsonalak hirugarrenei emateko, bakar bakarrik estatistika, azterlan edo irizpenak egiteko, zuzenean loturik badaude Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eskumen eta helburuekin, bereziki Enplegu Behatokiari dagozkien horiekin.

3. Datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideaz baliatzeko Nafarroako Enplegu Zerbitzura jo beharko da (Arcadio María Larraona, 1, 31008 Iruña), hura baita eskabidearekin batera emandako datu pertsonalak tratatzeko ardura duen erakunde autonomoa.

4. Edonola ere, datu pertsonalak tratatu eta komunikatzeko Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako araubidearen pean jokatuko da.

IV-2 ERANSKINA

Gastuen adierazpen sailkatua

ENTITATE ONURADUNA

EKINTZA ZK:.................... IZENA:

ZUZENEKO KOSTUAK (X)

IRAKASKUNTZA

PRESTAKUNTZA, TUTORETZA ETA EBALUAZIOA

MATERIAL DIDAKTIKOA PRESTATZEA

EKIPO DIDAKTIKOAK AMORTIZATZEA/ALOKATZEA

GELAK AMORTIZATZEA/ALOKATZEA

MATERIAL DIDAKTIKOA EROSTEA

IKASLEEN ASEGURUA

JOAN-ETORRIAK

ATALA, GUZTIRA

LOTUTAKO KOSTUAK (Y)

ZUZENDARITZA, KUDEAKETA ETA ADMINISTRAZIOA

PUBLIZITATEAREN GASTUAK

BESTELAKO KOSTUAK: OROTARIKO GASTUAK

ATALA, GUZTIRA

GUZTIRA (X) + (Y)

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.

Entitatearen zigilua:

Entitate onuradunaren legezko arduradunaren sinadura Sinadura: Izen-deiturak

Iragarkiaren kodea: F0704907