58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

259/2007 EBAZPENA, martxoaren 15koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, 2007ko urriaren 1etik 2008ko maiatzaren 31ra doan tarterako Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetan atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaile izateko, gehienez ere 50 bekatarako deialdia egiten duena.

Gure erkidegoko ikastetxeei baliabide hau eskaintzearen helburua curriculumaren barrenean ikasten den atzerriko hizkuntzaren ahozko eta komunikazio gaitasuna lantzeko ikaskuntza erraztea eta hobetzea da. Horrekin batera, mintzapraktikako laguntzaileak edukitzea haien sorterriaren kultura eta bizimodura hurbiltzeko modu bat da, eta horrek hizkuntzak ikasteko motibazioa handitzen du.

Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatzen du 2007ko urriaren 1etik 2008ko maiatzaren 31ra doan tarterako Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetan atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaile izateko gehienez ere 50 bekatarako deialdia egitea. Bekak ingelesa edo frantsesa egiten den herrietan jaio eta ikasketak, goi mailakoak barne, bertan bukatu edo egiten ari direnentzat dira.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetan mintzapraktikako laguntzaile izateko gehienez 50 beka eskaintzea, ondoko deialdian azaltzen diren arauei jarraikiz.

2. Programa honetarako, gehienez, 269.000 euroko gastua baimentzea.

3. Beka horien zenbatekoa 2007ko eta 2008ko ekitaldietan banatuko da, proportzioaren arabera. 2007ko ekitaldiari dagokiona 102.750 eurokoa izanen da gehienez (3.000 euro, gehienez ere, istripu asegurua ordaintzeko erabiliko dira eta 99.500 euro bekak ordaintzeko), 2007ko aurrekontuetako "Hizkuntza irakasteko bekak atzerritarrentzat" izeneko 422002 41540 4809 321200 kontusailaren kargura. 2008. urteari dagokiona, 166.250 euro gehienez, 2008ko aurrekontuan helburu horietarako izanen den kontusailaren kargura izanen da.

4. Deialdi hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Atalari, Atzerriko Hizkuntzak Sustatzeko Bulegoari, Hizkuntzen Bulegoari, Guraso eta Ikasleendako Argibide eta Aholku Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007eko martxoaren 15ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetan 2007-2008 ikasturtean atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaile izateko bekatarako deialdia

1. Deialdiaren xedea.

Gure erkidegoko ikastetxeei baliabide hau eskaintzearen helburua curriculumaren barrenean ikasten den atzerriko hizkuntzaren ahozko eta komunikazio gaitasuna lantzeko ikaskuntza erraztea eta hobetzea da. Horrekin batera, mintzapraktikako laguntzaileak edukitzea haien sorterriaren kultura eta bizimodura hurbiltzeko modu da, eta horrek hizkuntzak ikasteko motibazioa handitzen du.

2. Beka kopurua eta laguntzaren zenbatekoa

Deialdia, Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetan 2007-2008 ikasturtean atzerriko hizkuntzaen mintzapraktikako laguntzaile izateko gehienez 50 bekatarako.

Orientazio gisa, honela banatuko dira bekak hizkuntzen arabera:

_46 ingelesezko laguntzaileendako.

_4 frantsesezko laguntzaileendako.

Bekaren zenbatekoa, pertsona bakoitzeko, 5.320 eurokoa izanen da. Zortzi zatitan ordainduko dira, bakoitzean 665 euro.

Salbuespenez, zilegi izanen da zortzi hilabete baino gutxiagoko egonaldiak egitea, tokiren bat bete gabe gelditzen bada edo norbait ordeztu beharra sortzen bada. Kasu horietan bekaren diru kopurua ere egokitu eginen da mintzapraktikako laguntzaile lanetan arituko diren aldietara.

3. Betebeharrak.

Ingelesa edo frantsesa egiten den herrietan jaio diren pertsonek eskatzen ahalko dute beka, baldin eta ikasketak, unibertsitatekoak barne, nork bere herrian egin edo egiten baditu.

Eskatzaileek, betebehar horiek betetzen badituzte baina Nafarroako Foru Komunitatean bizi badira, agirien bidez frogatu beharko dute hemen bizi direla.

4. Eskaerak aurkezteko era eta epea.

Programa honetan parte hartu nahi dutenek honekin batera doan eskaera bete beharko dute (II. eranskina), eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariaren izenean bidali, postaz (Santo Domingo kalea, zk.g., 31001, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluak zilegitzat jotzen duen beste edozein bidez.

Eskaerari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

1._Curriculum vitae-a.

2._Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, horrelakorik baldin bada.

3._Egindako ikasketak frogatzen dituen ziurtagiria edo bestelako agiriak.

4._Pasaportearen, A.I.Z.ren edo nortasun agiriaren fotokopia.

5._Ziurtagiri medikoa, eskaeraren xede den jardueran aritzeko gaitasun funtzionala duela adierazten duena.

6._Osasun-laguntza izateko aseguruaren fotokopia, Europako Batasuneko herrialdeetakoak ez diren laguntzaileen kasuan, baldin eta arlo horretan beren herrialdeek Espainiarekin akordiorik ez badute.

Eskaerak aurkezteko bi fase egonen dira:

_Lehen epea 2007ko ekainaren 15ean amaituko da.

_Bigarren epea: toki hutsak geratzen badira, hala eskatzailerik ez egoteagatik nola uko egiteagatik, eskaerak aurkezteko bigarren epe bat egonen da, 2007ko azaroaren 30ean bukatuko dena.

Halakoa gertatzen bada, iragarkia jarriko da prentsan, www.pnte.cfnavarra.es orrian eta Hezkuntza Departamentuko Informazio Bulegoko oholean.

Hamar eguneko epea emanen da agirietan izandako okerrak zuzentzeko.

5. Hautapena eta baremazioa egiteko batzordea.

Prozedurako organo instruktorea den Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak, hautapen batzorde bat izendatuko du, aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratuko dituena.

Batzorde hori ondoko hauek osatuko dute:

_Batzordeburua: Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendaria, edo berak izendatzen duena.

Batzordeko kideak:

_Atzerriko Hizkuntzak Sustatzeko Bulegoko burua.

_Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Ataleko bi teknikari.

6. Balorazio irizpideak:

Honako irizpide hauek baloratuko dira:

_Atzerriko hizkuntza baten irakaskuntzarekin zerikusia duten unibertsitateko ikasketak: gehienez 2,5 puntu.

_Ikasketa espedientea: gehienez 2,5 puntu.

_Bestelako titulazio eta gaitasunak, behar bezala egiaztatuak: gehienez 2 puntu.

Hautagaiak hurrenkeraren arabera sailkatu ondoren, onuradunen ezaugarriak kontuan hartuko dira destinoa esleitzerakoan, zentro hartzaileei ahalik eta hobekien egokitu daitezen.

7. Lanpostuaren ezaugarriak eta baldintzak.

7.1. Egonaldiak, 2007-2008 ikasturtean, 2007ko urriaren 1etik 2008ko maiatzaren 31ra bitarte iraunen du.

Salbuespenez, zilegi izanen da zortzi hilabete baino gutxiagoko egonaldiak egitea, tokiren bat bete gabe gelditzen bada edo norbait ordeztu beharra sortzen bada. Kasu horietan bekaren diru kopurua ere egokitu eginen da mintzapraktikako laguntzaile lanetan arituko diren aldietara.

7.2. Hauek dira destinoko ikastetxeak: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak (3-11 urte), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuak (12-16 urte) eta Bigarren Hezkuntzako institutuak (12-18 urte).

Nafarroako Foru Komunitatean euskaraz irakasten duten hizkuntza bakarreko ikastetxeak daudenez, interesatuek eskaeran adierazi beharko dute ezaugarri horiek dituen ikastetxe batera joatea onartuko luketen.

7.3. Mintza praktikako laguntzaileak ikastetxe bati baino gehiagori atxikitzen ahal zaizkie. Ikastetxe horiek herri berean ez badaude, kontuan hartu beharko dute lekuz aldatu beharra.

7.4. Sorterritik hemengo ikastetxerako eta hemendik harako bidaien gastua mintzapraktikako laguntzaile hautatuen kontura izanen da, eta haiexen ardura da, halaber, Nafarroan bizitzeko baimena lortzeko lege tramiteak egitea.

7.5. Laguntzaileek, dagozkien herrietara iritsi ondoren, Atzerritartasunaren Identifikazio Zenbakia (A.I.Z.) eskatu beharko dute. Tramite hori ezinbestekoa izanen da bekaren hileroko dirua jasotzeko.

7.6. Hautatutako pertsonek, egonaldia bukatu eta amaierako memoria aurkeztu ondoren, erkidego honetan mintzapraktikako laguntzaile gisa egindako zerbitzuen egiaztagiria jasoko dute.

7.7. Beka hau jasotzeak ez du bateraezintasunik bestelako laguntzak eskuratzeko.

8. Ordutegia eta oporraldiak.

8.1. 2007/2008 ikasturtean, mintza praktikako laguntzailearen lanaldia astean 14 saiokoa izanen da, ikasleekin egon beharrak. Saio bakoitza 50 minutukoa izanen da gutxienez.

Hizkuntzen Sailak, bere beharren arabera, hamalau saio horietarik bi, gehienez, erreserbatzen ahalko ditu Sailean laguntza lanak egiteko.

8.2. Mintzapraktikako laguntzailearen oporraldia Sailak laguntzailearen destinoko ikastetxerako onesten duen egutegiko berbera izanen da.

8.3. Lanaldi batetik gorako baimenak idatziz eskatu beharko dira, bi egun lehenago, Saileko buruaren edo hizkuntzako irakasle titular baten bitartez, Araubide Bereziko Irakaskuntzen Atalean.

8.4. Mintzapraktikako laguntzaileek deialdiko oinarriak betetzen ez badituzte, Hezkuntza Departamentuak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko du, hots, administrazioaren beka bat hartzen dutenen jarraipen eta kontrola arautzen duen Foru Legea. Beste aldetik, lege horren 42. artikuluak ezartzen ditu arau-haustetzat jotzen diren ekintzak eta 43. artikuluak kasuan kasu aplikatu beharreko zehapenak.

9. Istripu asegurua.

Hezkuntza Departamentuak urtero sinatuko du istripu aseguruetarako poliza bat, mintzapraktikako laguntzaile hautatuen irakaskuntza jardueretarako. Aseguru honek ez du hartzen laguntzaileen osasun laguntzarik, beraz, dagokion agiria (E-128 edo E-111 edo Europako osasun txartela) eskatu beharko diote beren herriko Gizarte Segurantzari, Nafarroan bekadun gisa egon bitartean osasun laguntzarako eskubidea izateko.

Europako Batasuneko herrialdeetakoak ez diren laguntzaileei, berriz, eskatuko zaie osasun laguntza izateko aseguru pribatu bat egin dezatela, baldin eta beren herrialdeek Espainiarekin akordiorik ez badute horrelako zerbitzuetarako.

10. Aurkezpena.

2007ko urriaren 1ean, astelehenarekin, Iruñean egun bateko prestakuntza jardunaldia izanen dute eta egonaldia 2008ko maiatzaren 31n bukatuko da. Ikasturtean zehar beste bi prestakuntza jardunaldi izanen dute bederen. Hautaturik suertatzen diren mintzapraktikako laguntzaileek euren destinoko ikastetxeetan agertu beharko dute 2007ko urriaren 2an, asteartearekin.

11. Deialdiaren gaineko ebazpena.

Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, Hautapen Batzordearen proposamena ikusirik, deialdi honen gaineko ebazpena emanen du eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean.

Hezkuntza Departamentuak mintzapraktikako laguntzaile hautatu bakoitzari jakinaraziko dio bekaren kontzesioa bai eta zein ikastetxe esleitu zaion ere. Halaber, agitara emanen du, Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, aukeratutako izangaien zerrenda, bai eta erreserban geratzen direnena eta baztertuena ere, arrazoiak erantsirik.

Hautatutakoren batek bekari uko egiten badio, 2007ko uztailaren 31 baino lehen jakinarazi beharko dio Hezkuntza Departamentuko Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariari, ohiko postaz, faxez (848 426615) edo posta elektronikoz (eechenie@pnte.cfnavarra.es), haren ordez beste bat jar dezan.

12. Laguntzen ordainketa.

Bekaren diru zenbatekoa, denetara, 5.320 eurokoa da 8 hilabeteko egonaldietarako, eta 3.325 eurokoa 5 hilabeteko egonaldietarako (halako kasuetan), eta hilabeteka ordainduko da, 665 euro hilabetean.

Araubide Bereziko Irakaskuntzen Atalak hilabetero laguntzailearen jardunaren gaineko jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu ikastetxeetako hizkuntza sailekin koordinaturik. Hilabeteko ordainketa laguntzaileak betetzekoa bete duela egiaztatutakoan eginen da.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta ondoriozkoak diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Izen-deiturak

Nazionalitatea

Adina, sorlekua eta sorteguna

N.A.N./A.I.Z./pasaporte zenbakia

Ohiko helbidea

Oraingo helbidea

Posta elektronikoa

Telefonoa eta/edo sakelako telefonoa

Goi mailako ikasketak

Ikasketak egin zitueneko ikastetxea

Hitz egiten dituen atzerriko hizkuntzak (maila eta titulazioa, halakorik bada)

Didaktikaren gaineko ikastaroak/ezagupenak

Irakasle-esperientzia

Autorik bai? (helmugako herrira joateko erabiliko duzu?)

Bestelako merezimenduak

Aurrera begirako asmo profesionalak

Norberaren interes eta gaitasunak (artea, kultura, kirola, gizarte-lana, etab.)

Euskarazko ikastetxe batera joateko prest.

f BAI f EZ

Zein hezkuntza arlo nahiago? (1etik 3ra puntuatu, lehentasun ordenaren arabera, gehienetik gutxienera)

_Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa (3-11)

_Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutua (12-16)

_Bigarren Hezkuntzako institutua (12-18)

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2007-2008 ikasturterako eskaini dituen atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaileendako beketariko bat eskatzen dut. Beka horrek berarekin dakartzan eginbeharrak onartzen ditut eta konpromisoa hartzen dut, hautatzen banaute, urriko bileran egoteko eta esleitzen zaidan lantokian aritzeko.

Halaber, adierazten dut Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez nagoela.

...................... 2007ko .......................aren .....(ean).

(Eskatzailearen sinadura)

Iragarkiaren kodea: F0704839