58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

33/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Hezkuntza kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira arauak Nafarroako Foru Komunitatean diru publikoarekin ari diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako irakaskuntzetan ikasleak 2007-2008 ikasturtean onartzeko prozedurarako.

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak arautzen du Nafarroako Foru Komunitatean diru publikoarekin ari diren irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedura, eta apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuak Eskolatze Batzorde Nagusia eta Tokiko Eskolatze Batzordeak eratzen ditu.

Foru agindu hau aipatu arauak aplikatuz ematen da, eta honen xedea da ikasleak onartzeko prozedurarako arauak ezartzea, 2007-2008 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitatean diru publikoarekin ari diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako irakaskuntzetarako.

Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera-berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, foru agindu honek ikasle horientzako ikaspostuak gorde beharra ezartzen du.

Ikasle bat ikastetxe publiko edo pribatu itundu batean matrikulatzean, ez da inoiz ere bereizkeriarik eginen jatorriarengatik, arrazarengatik, sexuarengatik, erlijioarengatik, iritziarengatik edo gainerako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik. Horretaz gainera, matrikulazioak berekin dakar ikastetxearen hezkuntza proiektua errespetatzea, ikasleei eta haien familiei indarra duten legeetan aitortzen zaizkien eskubideak ukatu gabe.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 38. artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluko b) eta e) letretan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean diru publikoarekin ari diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako irakaskuntzetan ikasleak 2007-2008 ikasturtean onartzeko prozeduraren arauak. Oinarriok foru agindu honetan zehazten dira.

2. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Inmigraziorako Zerbitzuari, Euskara Zerbitzuari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Hezkuntza Berriztapenaren eta Curriculum Garapenaren Atalari, Irakasleen Prestakuntza Atalari eta Hezkuntza Orientazioaren Bulegoari (denak ere Hezkuntza Departamentukoak).

Iruñean, 2007ko apirilaren 23an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

ARAUAK

1. 1._Foru agindu honetako araubidea aplikatuko zaie diru publikoarekin ari diren ikastetxeetan lehenbiziko aldiz sartu nahi duten ikasleei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako irakaskuntzak egiteko.

2._Ikastetxe berean maila batetik bestera iragateko ez da onarpen prozedurarik beharko.

3._Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 75.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki, Lanbide Heziketako irakaskuntzako ikaspostuen %5 gordeko da ezgaitasuna duten ikasleentzat.

4._Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan 4 eta 6 ikaspostu gordeko dira hurrenez hurren proba bidez sartzen diren ikasleentzat. Halaber, Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloetan Erdi Mailako eta Goi Mailako 3 ikaspostu gordeko dira.

2. Eskabideak horretarako prestatu eredu ofizialaren araberakoak izanen dira.

3. 1._Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztuko du 1. arauan aipatzen diren ikasketetarako, eta bertan adieraziko du, lehentasunaren arabera, ikaspostua zein ikastetxe eta irakaskuntzatan eskatzen duen (hiru gehienez ere). Bi txanda duten ikastetxeetan, eskatzaileak nahiago duen txanda adieraziko du. Eskabide hori lehenbiziko aukeratutako ikastetxeko administrazio bulegoan aurkeztu beharko da. Oso-osorik bete beharko da eta nahitaezkoa izanen da aurkeztea hartan aipatutako frogagiri guztiak eta, hala behar denean, ikastetxeko erakunde eskudunak edo Eskolatze Batzorde Nagusiak eskatzen duen informazio osagarria.

2._Behin onartzeko epe berezia (iraila) iraganda, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eskabideak tokiko eskolatze batzordea duten herrietan aurkeztuko dira, batzorde horien egoitzetan, hain zuzen ere.

4. Bi eskabide aurkeztuz gero, lortutako ikaspostua edo ikaspostuak galdu eginen dira. Bi matrikula eginez gero ere, ikaspostua edo ikaspostuak galduko dira.

5. 1._Ikastetxeek behar den epean eta behar bezala beteak aurkezten diren eskabide guztiak onartuko dituzte.

2._Hezkuntza Departamentuak erabakiko du ikastetxe publikoek zein itunduek eskaini behar duten ikaspostu kopurua. Eskabide kopuruak eskaintzen den ikaspostu kopurua gainditzen badu, ikastetxeak onarpen prozesu honi jarraitu beharko dio:

Baremoa

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa

6. 1._Familia unitatearen urteko errentak baremo honen arabera baloratuko dira:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko likidazio oinarriak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoak: 1,5 puntu.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko likidazio oinarriak handiagoak izatea lanbide arteko gutxieneko soldata baino, baina soldata horren bikoitza gainditu gabe: 0,5 puntu.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko likidazio oinarriak handiagoak izatea lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza baino: 0 puntu.

2._Familia unitatearen urteko errenta frogatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren kopia (familiarena) aurkeztu beharko da, ikaspostua zein urte naturaletarako nahi den, bi urte lehenagoko ekitaldi fiskalari dagokiona, Ogasunak gaituriko bulegoren batek zigilatua, edo, bestela, interesdunaren erantzukizuneko aitorpena, adierazitako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duena, bai eta berak propio emandako baimena ere, Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunek informazio hori ikastetxeari emateko.

3._Ikaspostua zein urte naturaletarako nahi den, bi urte lehenagoko ekitaldi fiskalean ikaslearen famili unitatearen dirusarrerak txikiagoak badira deklaratu beharra dakarren urteko familia errenta baino, errenta hori egiaztatzeko ondoko ataletan aipatzen diren agirietako bat aurkez daiteke:

a) Epe horri dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren borondatezko aitorpena.

b) Epe horretan jasotako dirusarrerak egiaztatzeko beste agiri batzuk.

Kasu bietan, ikastetxeetako organo eskudunek behar duten dokumentazio osagarria eskatzen ahalko diete eskatzaileei, eskabidean agertutako familia errenta egiazkoa ote den ikusteko.

4._Familia unitatearen errentak behar den bezala egiaztatzen ez badira, atal honetako puntuazioa 0 izanen da.

7. 1._Bizilekuaren hurbiltasuna Hezkuntza kontseilariaren apirilaren 16ko 31/2007 Foru Aginduari jarraikiz baloratuko da:

a) Ikaslearen etxea ikastetxearen eragin eremuaren barnean baldin bada: 4 puntu.

b) Ikaslearen etxea ikastetxearen eragin eremuarekin mugakide den eremuan baldin bada: 2 puntu.

c) Beste aldeetako ikasleak: 0 puntu.

Familiaren helbidea tokian tokiko Udalak luzaturiko ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

2._Eskabideetan, ikaslearen onarpenaren ondorioetarako, helbidearen ordez lantokiarena jartzen ahalko da. Lantokiaren helbidea egiaztatzeko, enpresaren titularrak emandako agiria aurkeztu beharko da, lantokia non dagoen zehaztu eta ikasleak edo ikaslearen guraso-agintea duen pertsonak bertan lan egiten duela adierazteko. Kontuan hartuko da baldin eta lantokia ikastetxearen eragin eremuaren barruan badago. Kasu horretan, 4 puntu emanen zaizkio eskatzaileari.

8. Eskatzen den ikastetxean anai-arrebak matrikulaturik izatea honela baloratuko da:

a) Ikastetxean senide bat: 4 puntu.

b) Gainerako senide bakoitzarengatik: 1 puntu.

Ikastetxean anai-arrebak dituela ulertuko da baldin eta onarpena eskatzen den ikasturte horretan ikastetxean matrikulatuta badaude eta segitu behar baldin badute. Ikaslearen onarpenaren ondorioetarako, eskabidean bi hauetakoren bat hautatu ahal izanen da irizpide gisa: ikastetxean matrikulatutako ikasleak izatea edo ikastetxean ikaslearen guraso edo legezko tutoreren bat lanean aritzea. Kasu horretan, 4 puntu emanen zaizkio eskatzaileari.

9. Ofizialki aitortutako minusbaliotasuna egiaztatzen duten ikasleei 2 puntu emanen zaizkie. Ezgaitasuna gurasoek edo anai-arrebek badute, 0,5 puntu emanen zaizkie, baldin eta ofizialki egiaztatzen bada.

10. 1._Ikastetxe bakoitzeko eskola kontseiluak bi puntu emanen ditu gehienez; zehazki, irizpide hauetako bakoitzarengatik puntu bat:

a) Legeen arabera familia ugaria izatea.

b) Atzematen den beste inguruabar garrantzitsurik izatea, ikastetxeko organo eskudunak justifikatuta eta irizpide objektiboekin bat hitzartuta. Irizpide objektibo horiek ikastetxeek ezagutzera emanen dituzte, onarpen prozesuaren aurretik.

2._Ikastetxeek Eskolatze Batzorde Nagusiari igorri beharko dizkiete irizpideak, aurreinskripzioa egiteko epea hasi baino lehen.

11. Puntu berdinketa gertatzen denean, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 15.2 artikuluko irizpideak aplikatuko dira.

Erdi Mailako Heziketa Zikloak

12. 1._Berariazko Lanbide Heziketako Erdi Mailako Zikloetan presentzialki (sarrera zuzenez) parte hartzeko eskaeren kasuan, honela lehenetsiko dira:

_Lehenbizikoa: 2006-2007 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzen dutenek.

_Bigarrena: Bigarren Hezkuntzako graduatua aurreko ikasturteetan lortu dutenek.

_Hirugarrena: Dagokion titulazioa lortu gabe, 2006-2007 ikasturtean ondoko irakaskuntza hauetako edozein maila egin dutenek: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea, Erdi edo Goi Mailako Heziketa Zikloak, unibertsitateko ikasketak; baita Lehen Mailako Lanbide Heziketako titulua dutenek ere.

_Laugarrena: Aurreko atalean aipatu diren ikasketen titulua dutenek.

Zuzenean sartzeko eskaerak gehiago badira eskaintzen diren ikaspostuak baino, ikasketa espedienteko batez besteko nota handiena kontuan hartuta onartuko dira ikasleak, 23. arauko atalen arabera kalkulatuta. Batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak azken tokira pasatuko dira.

2._Proba baten bidez sartzea: sarrera modalitate honetarako, lau postu erreserbatuko dira eskaintzen den Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Ziklo bakoitzeko, eta eskaerak gehiago direnean postu hutsak baino, honako irizpideak hartuko dira aintzat eskaerak lehenesteko:

_Lehenbizikoa: Egin nahi duten heziketa zikloarekin lotura duen produkzio sektore batean urtebete baino gehiagoko lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

_Bigarrena: Edozein produkzio sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

_Hirugarrena: Behar adinako lan esperientzia dutela frogatzen ez dutenak.

Proba bidezko sarreraren modalitatean eskatzaile gehiago badago eskaintzako ikaspostuak baino, lehenbiziko, bigarren eta hirugarren taldeetako ikasleak hurrenkera horretan onartuko dira, honako irizpideen arabera:

_Lehenbizikoa: sarrera proban izandako nota handienetik txikienera. Proba horretako puntuazioa jakiterik ez badago, ziurtagirian "gai" hutsa jaso delako, 5,5 puntuko balioa emanen zaio.

_Bigarrena: lan esperientzia, handienetik txikienera.

_Hirugarrena: berdinketak jendaurreko zozketa baten bidez hautsiko dira.

Erdi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko proba aurreko deialdietan edo beste autonomia erkidego batean gainditzen duten izangaiek izena ematen duten ikastetxean aurkeztu beharko dute ziurtagiria, ekainaren 29a baino lehen.

Baldin eta izangaiek ziurtagiria aurkeztu eta 2007ko sarrera proba ere egiten badute, 2007ko sarrera proban lorturiko emaitzen ondoriozko eskubideei uko eginen diete.

Goi Mailako Heziketa Zikloak

13. 1._Berariazko Lanbide Heziketako Goi Mailako Zikloetan presentzialki (sarrera zuzenez) parte hartzeko eskaeren kasuan, honela lehenetsiko dira:

_Lehenbizikoa: Batxilergoa 2006-2007 ikasturtean egin eta ikasturte horretan LOGSE Batxilergoko titulua lortzen dutenak edo lortzeko moduan daudenak.

_Bigarrena: LOGSEko Batxilergoko titulua dutenak edo Batxilergo Esperimentaleko edozein modalitatetako bigarren maila edo Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea (UBI) gainditu dutela frogatzen dutenak, betiere Goi mailako teknikari, teknikari espezialista edo unibertsitateko titulurik ez badute.

_Hirugarrena: Honako tituluak edo balio berekoak dituztenak: teknikari espezialista, goi mailako teknikaria, unibertsitateko titulua edo 2006-2007 ikasturtean ikasketa horietakoren bat egiten ari direnak edo egin dutenak.

Eskatzaileak aurreinskripzioa egiterakoan deklaratu beharko ditu dauzkan ikasketa titulu guztiak; bestela galdu egin lezake erdietsi duen ikaspostua.

Sarrera zuzena eskatzen duten ikasleen kopurua eskainitako postuena baino handiagoa baldin bada, hurrenez hurren onartuko dira lehenbiziko, bigarren eta hirugarren taldeetako ikasleak, ondoko irizpide hauei jarraikiz:

_Lehenbizikoa: LOGSE Batxilergoaren edo Batxilergo Esperimentalaren modalitateren bat egina izatea edo egiten aritzea, edo, bestela, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturteko aukeretako bat, hain zuzen ere, Foru Agindu honen I eta II. eranskinetan Heziketa Ziklo bakoitzarentzat ezarritakoa.

_Bigarrena: ikaslearen ikasketa espedientearen batez besteko nota, 23. arauko atalei jarraikiz kalkulatua. Batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak azken tokira pasatuko dira.

_Hirugarrena: Batxilergoko irakasgaiak ikasten aritzea edo ikasi izana. Heziketa Ziklo bakoitzari zein dagozkion I. eranskinean ageri da.

_Laugarrena: Hala ere berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.

2._Berariazko Lanbide Heziketako Goi Mailako Zikloetan presentzialki parte hartzeko, proba bidez:

_Lehenbizikoa: Eskaintzen den Heziketa Ziklo bakoitzeko sei ikaspostu gordeko dira.

_Bigarrena: 2005-2006 eta 2006-2007 ikasturteetan Goi Mailako Lanbide Heziketa Zikloetan sartzeko probak prestatzeko ikastaro esperimentala Nafarroako Foru Komunitatean egin duten ikasleei aurreko idatz-zatian aipatzen diren sei postuetariko lau gordeko zaizkie, lehentasun hauei jarraituz:

_Prestakuntza ikastaroa 2006-2007 ikasturtean egin duten ikasleak.

_Prestakuntza ikastaroa 2005-2006 ikasturtean egin duten ikasleak, 2006-2007 ikasturtean Goi Mailako Heziketa Ziklorik hasi ez badute.

3._Aipatu talde horietako bakoitzeko eskatzaileak, gainera, honako irizpide hauen arabera ordenatuko dira:

_Lehenbizikoa: sarrera proban izandako nota handienetik txikienera.

_Bigarrena: Lanbide Heziketako Goi Mailako Zikloetan sartzeko proba prestatzeko ikastaro esperimentalean izandako batez besteko nota handienetik txikienera.

_Hirugarrena: Hala ere berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.

4._Eskaini baino toki gehiago eskatuz gero, geratzen diren bi tokietarako honako lehentasun irizpideak aplikatuko dira:

_Lehenbizikoa: Egin nahi duten Heziketa Zikloarekin lotura duen produkzio sektore batean urtebete baino gehiagoko lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

_Bigarrena: Edozein produkzio sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

_Hirugarrena: Behar adinako lan esperientzia dutela frogatzen ez dutenak.

5._Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren taldeetako ikasleak hurrenkera horretan onartuko dira, honako irizpideen arabera:

_Lehenbizikoa: sarrera proban izandako nota handienetik txikienera. Proba horretako puntuazioa jakiterik ez badago, ziurtagirian "gai" hutsa jaso delako, 5,5 puntuko balioa emanen zaio.

_Bigarrena: lan esperientzia, handienetik txikienera.

_Hirugarrena: Hala ere berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.

6._2. Bigarren eta 4. ataletan eman gabeko ikasposturik geratzen bada, beste atalari erantsiko zaizkio eta horiek ebatzi ondoren ere hutsik geratu badira, sarrera zuzeneko modalitatekoei erantsiko zaizkie.

7._Goi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko proba aurreko deialdietan edo beste autonomia erkidego batean gainditzen duten izangaiek izena ematen duten ikastetxean aurkeztu beharko dute ziurtagiria, ekainaren 20a baino lehen. Baldin eta izangaiek ziurtagiria aurkeztu eta 2007ko sarrera proba ere egiten badute, 2007ko sarrera proban lorturiko emaitzen ondoriozko eskubideei uko eginen diete.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzak

14. 1._Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketen Erdi Mailako Zikloetan presentzialki (sarrera zuzenez) parte hartzea eskatzen duten ikasleak honela lehenetsiko dira:

_Lehenbizikoa: 2006-2007 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzen dutenek.

_Bigarrena: Bigarren Hezkuntzako graduatua aurreko ikasturteetan lortu dutenek.

_Hirugarrena: Dagokion titulazioa lortu gabe, 2006-2007 ikasturtean ondoko irakaskuntza hauetako edozein maila egin dutenek: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea, Erdi edo Goi Mailako Heziketa Zikloak, unibertsitateko ikasketak; baita Lehen Mailako Lanbide Heziketako titulua dutenek ere.

_Laugarrena: Aurreko atalean aipatu diren ikasketen titulua dutenek.

Zuzenean sartzeko eskaerak gehiago badira eskaintzen diren ikaspostuak baino, aurretik aipatutako ikasle taldeak onartuko dira, hurrenkera horretan, ikaslearen ikasketa espedienteko batez besteko nota handiena kontuan hartuta, 23. arauko atalen arabera kalkulatuta. Hala batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak azken tokira pasatuko dira.

2._Proba baten bidez sartzea: sartzeko modalitate honetarako hiru ikaspostu erreserbatuko dira eskainitako Lanbide Heziketako Erdi Mailako Ziklo bakoitzeko, eta sartzeko eskaera guztientzako posturik ez badago, honako lehentasun irizpideak aplikatuko dira:

_Lehenbizikoa: Egin nahi duten Heziketa Zikloarekin lotura duen sektore batean urtebete baino gehiagoko esperientzia dutela frogatzen dutenak.

_Bigarrena: Edozein jarduera sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

_Hirugarrena: Behar adinako lan esperientzia dutela frogatzen ez dutenak.

3._2. puntuko lehenbiziko, bigarren eta hirugarren taldeetako ikasleak hurrenkera horretan onartuko dira, honako irizpideen arabera:

_Lehenbizikoa: sarrera proban izandako nota handienetik txikienera. Proba horretako puntuazioa jakiterik ez badago, ziurtagirian "gai" hutsa jaso delako, 5,5 puntuko balioa emanen zaio.

_Bigarrena: lan esperientzia, handienetik txikienera.

_Hirugarrena: berdinketak jendaurreko zozketa baten bidez hautsiko dira.

15. 1._Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketen Goi Mailako Zikloetan presentzialki (sarrera zuzenez) parte hartzea eskatzen duten ikasleak honela lehenetsiko dira:

_Lehenbizikoa: 2006-2007 ikasturtean Arteen modalitateko batxilergoaren bigarren maila gainditzen dutenak.

_Bigarrena: 2006-2007 ikasturtean LOGSEko Batxilergoaren bigarren maila beste modalitate batzuetan gainditzen dutenak.

_Hirugarrena: LOGSE Batxilergoko titulua edo Erdi Mailako Irakaskuntzen Erreformako Batxilergo Esperimentalaren bigarren maila gaindituta edukirik, unibertsitateko, teknikari espezialista edo balio bereko titulurik ez dutenak. Hala eman beharko dute aditzera inskripzio eskaerari zinpeko deklarazioa erantsiz.

_Laugarrena: lehenbiziko, bigarren eta hirugarren ataletakoak aplikatu ondoren eman gabe geratzen diren ikaspostuak hartzeko lehentasuna izanen dute gaitasun artistikoa frogatzeko probatik salbuetsita daudenak, dela lanbide arlo bereko Arte Plastikoetako eta Disenuko irakaskuntzak egin izanagatik dela Arte Aplikatuetako Graduatu titulua izateagatik.

Zuzenean sartzeko eskaerak gehiago badira eskaintzen diren ikaspostuak baino, lehenbiziko, bigarren, hirugarren eta laugarren ataletako ikasleak onartuko dira, hurrenkera horretan, ikaslearen ikasketa espedienteko batez besteko nota handiena kontuan hartuta, 23. arauko atalen arabera kalkulatuta. Hala batez besteko nota kalkulaturik ez duten ikasleak azken tokira pasatuko dira.

_Bosgarrena: Hala ere berdinketa izanez gero, jendaurreko zozketa eginen da.

2._Proba baten bidez sartzea: sartzeko modalitate honetarako hiru ikaspostu erreserbatuko dira eskainitako Goi Mailako Lanbide Heziketako Ziklo bakoitzeko, eta sartzeko eskaera guztientzako ikasposturik ez badago, honako lehentasun irizpideak aplikatuko dira:

_Lehenbizikoa: Egin nahi duten Heziketa Zikloarekin lotura duen jarduera sektore batean urtebete baino gehiagoko esperientzia dutela frogatzen dutenak.

_Bigarrena: Edozein jarduera sektoretan urtebetetik gorako lan esperientzia dutela frogatzen dutenak.

_Hirugarrena: Behar adinako lan esperientzia dutela frogatzen ez dutenak.

Aipatutako lehenbiziko, bigarren eta hirugarren taldeetako ikasleak hurrenkera horretan onartuko dira, honako irizpideen arabera:

_Lehenbizikoa: sarrera proban izandako nota handienetik txikienera. Proba horretako puntuazioa jakiterik ez badago, ziurtagirian "gai" hutsa jaso delako, 5,5 puntuko balioa emanen zaio.

_Bigarrena: lan esperientzia, handienetik txikienera.

_Hirugarrena: berdinketak jendaurreko zozketa baten bidez hautsiko dira.

Epeak

16. 1._Epe arrunta: ezarritako epeetan lehenik aukeratutako ikastetxean posturik lortu ez duten ikasleei ikaspostu bat esleituko die Eskolatze Batzorde Nagusiak.

2._Epe berezia: epe arrunta amaituta, eskolatu gabe geratu diren ikasle guztiek epe berezian onarpen eskaera egin ahalko dute nahi duten ikastetxean. Eskolatze Batzorde Nagusiak, dauden ikaspostu hutsak kontuan hartuz, ikaspostu bat emanen die epe berezian ikasposturik lortu ez duten ikasleei.

3._Epe arruntetik eta berezitik kanpo DBHn edo Batxilergoan ikaspostua eskatzen duten ikasleak: ikasturteak dirauen bitartean, ikastetetxeek aurkezten diren eskabideak hartuko dituzte, ikaspostu hutsik ez edukita ere, eta Eskolatze Batzorde Nagusira igorriko. Eskolatzearen fase horretan, Batzordea arduratuko da ikasturte horretarako beste herri batera aldatu direla frogatzen duten eta/edo Nafarroako hezkuntza sisteman lehenbizikoz sartzen diren ikasle berrien eskabideak baimentzeaz (berandu sartu direnentzat).

Eskolatze Batzorde Nagusiak baimenduriko ikasleak gehienez ere astebeteko epean sartuko dira dagokien gelan. Ikastetxeak ikasleak matrikulatuko ditu. Hori gertatu bezain laster, ikasleek abiaburuko ikastetxea utzi izanen dute. Ezarritako gehienezko epean ez badira ikastetxe berrian sartzen ikaspostua galduko dute.

Ikaspostu hutsik ez duten ikastetxeek eskualde hartako beste ikastetxeen gaineko informazioa emanen diete eskatzaileei, eta egun berean bidaliko diote eskaera Eskolatze Batzorde Nagusiari, ereduaren araberakoa eta behar bezala betea.

4._Tokiko Eskolatze Batzordea eratua duten herrietan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko epe arruntetik eta berezitik kanpo ikaspostua eskatzen duten ikasleak batzorde horietara joaten ahalko dira; bertan argibideak eta orientazioa eman eta eskolatzeko proposamen bat eginen zaie, haien lehentasunen eta ikastetxeetan dauden tokien arabera. Tokiko Eskolatze Batzordeek ikaspostuaren esleipenaren berri emanen diote dagokion ikastetxeari. Ikastetxeek, era berean, Eskolatze Batzorde Nagusiari ikastetxean sartzen diren ikasle berriei buruzko informazioa emanen diete, matrikula egite aldera.

5._Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake bukatu ez den ikasturtean ikastetxez aldatzeko, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean.

6._Hemen aipatzen diren eginkizunak betetzeko, ikastetxeek eta Departamentuko zerbitzuek behar diren txostenak emanen dizkiote Eskolatze Batzorde Nagusiari.

17. 1._Ikasle bat, epe arruntean, eskolatuta dagoen ikastetxean ez den beste batean onartzen badute, jatorrizko ikastetxeko ikaspostua galdu eginen du. Ikaspostu hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira. Ondorio horietarako, ulertuko da ikasle bat onartu dela, edozein ikastetxetan onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan ageri denean edo Eskolatze Batzorde Nagusiak matrikulatzeko epea baino lehen ikaspostu bat ematen dionean.

2._Eskolatzeko epe arrunta eta berezia amaitu ostean, Eskolatze Batzorde Nagusiak %10 bitarte handitzen ahalko du eskolatze eremu bakoitzeko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako gelako gehieneko ikasle kopurua, berandu eskolatzen diren ikasleen berehalako beharrei erantzuteko.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa

18. Ikasleak onartzeko prozesuak ondoko epe hauek izanen ditu:

1._Epe arrunta. Ikasleak onartzeko prozesuak ondoko epe hauek izanen ditu:

a) Ikastetxe atxikietako ikasleen eskabideak igortzea (DBHko 1. maila): maiatzaren 2tik maiatzaren 11ra bitarte, biak barne.

b) Aurreinskripziorako eskabideak aurkeztea: maiatzaren 10etik 21era bitarte, biak barne.

c) Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: maiatzaren 28a.

d) Erreklamazioak aurkeztea: maiatzaren 28tik 30era bitarte, biak barne.

e) Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: maiatzaren 31.

f) Lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikaspostuak esleitzea: ekainaren 1etik aurrera.

g) Matrikulazioa: ekainaren 25etik uztailaren 4ra bitarte, biak barne.

2._Epe berezia. Ikasleak onartzeko prozesuak ondoko epe hauek izanen ditu:

a) Aurreinskripziorako eskabideak aurkeztea: irailaren 4etik 5era bitarte, biak barne.

b) Epe arruntean onarturik, gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen matrikula: irailaren 5a eta 6a.

c) Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 5a.

d) Erreklamazioak aurkeztea: irailaren 5a eta 6a.

e) Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 6a.

f) Matrikulazioa: irailaren 6a eta 7a.

g) Lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikaspostuak esleitzea: irailaren 7tik 11ra.

3._Hezkuntza maila bakoitzerako ezarritako epean matrikula egiten ez badu, ikasleak esleitu zaion ikaspostua hartzeko eskubidea galduko du.

Erdi Mailako Heziketa Zikloak

19. Ikasleak onartzeko prozesuak ondoko epe hauek izanen ditu:

1._Prozesu arrunta:

a) Aurreinskripziorako eskabideak aurkeztea: maiatzaren 10etik ekainaren 21era bitarte, biak barne.

b) Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: maiatzaren 28a, salbu proba bidez sartu diren ikasle onartuak. Erdi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko probaren emaitzak ezagututa jarriko da jendaurrean horien zerrenda.

c) Erreklamazioak aurkeztea: maiatzaren 29tik 30era bitarte, biak barne.

d) Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: maiatzaren 31, salbu proba bidez sartu diren ikasle onartuak. Erdi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko probaren emaitzak ezagututa jarriko da jendaurrean horien zerrenda.

e) Zuzenean sartzeko modalitatean onartu diren ikasleen matrikulazioa: ekainaren 25etik uztailaren 4era bitarte, biak barne. Proba bidez sartzeko modalitatean onartutako ikasleen epea: ekainaren 29tik uztailaren 4ra, biak barne.

f) Lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikaspostuak esleitzea: irailaren 3tik 5era.

g) Bigarren edo hirugarren hautuan onartuak izanik, gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen matrikula: irailaren 5a eta 6a.

2._Aparteko prozesua:

a) Aurreinskripziorako eskabideak aurkeztea: irailaren 4tik 5era bitarte, biak barne.

b) Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 5a.

c) Erreklamazioak aurkeztea: irailaren 5a eta 6a.

d) Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 6a.

e) Epe berezian onartutako ikasleen matrikulazioa: irailaren 6a eta 7a.

f) Ikaspostu hutsak esleitzea: irailaren 12tik 22ra bitarte. (Ekitaldi publikoa).

3._Hezkuntza maila bakoitzerako ezarritako egunetan matrikula egiten ez badu, ikasleak esleitu zaion ikaspostua hartzeko eskubidea galduko du.

Goi Mailako Heziketa Zikloak

20. Ikasleak onartzeko prozesuak ondoko epe hauek izanen ditu:

1._Prozesu arrunta:

a) Aurreinskripziorako eskabideak aurkeztea: maiatzaren 17tik maiatzaren 28ra bitarte, biak barne.

b) Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: maiatzaren 31.

c) Erreklamazioak aurkeztea: maiatzaren 31tik ekainaren 5era bitarte, biak barne.

d) Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: ekainaren 6a.

e) Onartutako ikasleen matrikulazioa: ekainaren 25etik uztailaren 4era bitarte, biak barne.

f) Lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikaspostuak esleitzea: irailaren 3tik 5era.

g) Bigarren edo hirugarren hautuan onartuak izanik, gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleen matrikula: irailaren 6a eta 7a.

2._Prozesu berezia:

a) Aurreinskripziorako eskabideak aurkeztea: irailaren 4tik 5era bitarte, biak barne.

b) Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 5a.

c) Erreklamazioak aurkeztea: irailaren 5a eta 6a.

d) Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 6a.

e) Epe berezian onartutako ikasleen matrikulazioa: irailaren 6a eta 7a.

f) Ikaspostu hutsak esleitzea: irailaren 12tik 22ra bitarte. (Ekitaldi publikoa).

3._Hezkuntza maila bakoitzerako ezarritako egunetan matrikula egiten ez badu, ikasleak esleitu zaion postua hartzeko eskubidea galduko du.

Arte Plastikoetako eta Disenuko irakaskuntzak

21. 1._Zuzeneko sarreraren bidezko hiru aukeretariko edozeinetan eta proba bidez sartzekoan Arte Plastikoetako eta Disenuko irakaskuntzaren zikloetan sartzea eskatzen duten izangaiek gaitasun artistikoaren proba gainditu dutela frogatu beharko dute, salbu eta irakaskuntza horietan aritzeko sarrera proba gainditu izana ziurtagiri bidez frogatzen dutenek.

2._Eskaerak onartzeko epeak, zerrendak argitaratu eta matrikula egitekoak, bai epe arrunta nola berezia, 19. arauan erdi mailarako eta 20. arauan goi mailarako ezarri diren berberak izanen dira.

Alderdi komunak

22. Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketetako zikloen alderdi komunak:

1._Sarrera modalitate bakoitzean betetzen ez diren ikaspostuak beste modalitatekoei erantsiko zaizkie irailaren 6an.

2._Ez dute aurreinskripzioa eginen heziketa zikloko izen-ematea aurtengo sarrera probetan izena emateko epean egin dutenek.

3._Aurtengo sarrera probetarako izena eman duten ikasleek, baldin eta eskatutak titulazioa eskuratu ahal baldin badute, probei uko egiten dietela dioen agiria izena emateko epe arrunta amaitu baino lehen aurkeztu beharko dute, izen-ematea sarrera zuzeneko modalitatera igortzeko, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emaniko 1321/2006 Ebazpenean ezarri bezala.

23. 1._Ikasketa espedienteko batez besteko nota frogatzeko, kalifikazio liburua aurkeztuko da edo, bestela, ikasketa ziurtagiri pertsonala.

2._Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako batez besteko nota honela kalkulatuko da: DBHko hirugarren maila arte lorturiko kalifikazioen batez bestekoa eta aurreko ikasturteetan titulua lortuz gero DBHko laugarren maila arte lorturiko kalifikazioen batez bestekoa (behar izanez gero, arau honetako 4. puntuan ageri den baliokidetzeen taula erabiliko da).

3._Batxilergoko batez besteko nota honela kalkulatuko da: Batxilergoko lehen mailako ikasgaietan lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa lortuz, eta Batxilergoko bigarren maila arte titulua aurreko kurtsoetan lortu den kasuan.

4._Gainerako ikasketetan: Batxilergo Esperimentalean, BBB-UBIn, Lanbide Heziketan, unibertsitate ikasketetan eta balio bereko ikasketetan, batez besteko nota kalkulatzeko, ikasketa ziurtagiri pertsonalean agertzen diren azken bi mailen irakasgaietan izandako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa eginen da, honako baremoaren arabera ponderatua:

Oso gutxi: 2.

Gutxiegi: 4.

Nahiko: 5,5.

Ongi: 6,5.

Oso ongi: 7,5.

Bikain: 9.

Ohorezko matrikula: 10.

5._Izena emateko epean, sarrerari begira lehentasuna zehazteko behar den etapako edo mailako mailetako kalifikazioak aurkezten ez dituzten ikasleei ez zaie batez besteko nota konputatuko.

24. 12.2., 13.4., 14.2 eta 15.2 arauetan aipatzen den lan esperientzia agiri hauen bidez frogatuko da:

a) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren edo Lan Mutualitatearen ziurtagiria, non enpresa, lanbide kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazioaldia, edo, betiere, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazioaldia adieraziko baitira.

b) Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauekin: kontratuaren iraupena, egindako lana eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren kontura ari diren langileen kasuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotearen ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren frogagiriak.

25. 1._Jakiteko produkzio sektore bat noiz den 12. eta 13. arauetan aipatzen direnen eite berekoa edo loturaduna, kontuan hartuko da heziketa zikloko curriculumean deskribatzen den lanbide profila, "Produkzio prozesuko posizioa" delako puntuaren arabera, produkzio sistemaren erreferentzian aipatua.

2._Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan, 14. eta 15. arauetan aipatu sektore loturadunaren erreferentzia "lanbide profilaren deskripzioa" delako atalean dago, heziketa zikloko curriculmean.

Matrikulazioa

26. 1._Ikasle berriek ikastetxe batean matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai epe arruntean eta berezian, bai ikasturtea hasita:

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

a) Ikasleen guraso nahiz tutorearen idazkia, deklaratzeko ea nahi duten beren seme-alabek Espainiako Estatuarekin hitzarmena duen Erlijioaren ikasketak hartzea edo bestela Hezkuntza Jarduera Antolatua.

b) Guraso nahiz tutoreen deklarazio espresua, ikastetxeak agindu bezalako bide formaletan egina, esateko zein hizkuntza hautatzen duten, ikastetxeak hizkuntza bat baino gehiago emateko baimena baldin badu.

c) Famili liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia, ikastetxeak jatorrizko agiriekin erkatua.

d) Txerto karneta edo zein txerto dosi hartu diren adierazten duen beste agiri mediko bat.

e) Gizarte Segurantzako kartillaren fotokopia.

f) Egindako azterketa medikoen txostenak, ikasleak elbarritasunik, eritasunik edo beste osasun problemarik baldin badu ikastetxeak jakin beharrekoa (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologikoak, oftalmologikoak eta abar).

g) Erroldatze agiria, aurreinskripziorako eskabidearekin batera aurkeztu ez bada.

Batxilergoa eta Berariazko Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Disenuko irakaskuntzen Heziketa Zikloak

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia (N.A.N. edo A.I.Z.).

b) Oinarrizko Hezkuntzaren Eskolatze Liburuaren 25. eta 27. orrialdeen, Batxilergoko Kalifikazio Liburuaren 12 eta 13. orrialdeen fotokopia konpultsatua edo Lanbide Heziketako Kalifikazio Liburuaren 7. edo 8. orrialdeena, dagokionaren arabera.

2._Ikastetxe berean jarraituko duten ikasleen matrikula ikastetxe horretako barne arauei jarraikiz eginen da.

3._Eskaera eta matrikulazio tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-abizenak bat etorriko dira N.A.N.ean edo A.I.Z.an agertzen direnekin.

27. 1._15. arauan aipatu dokumentazioaz gain, ikastetxeek zilegi dute dokumentazio osagarria eskatzea.

2._Ikastetxearen iragarki oholean irakaskuntza bakoitzerako eskatu behar den dokumentazioa agertuko da.

28. Berariazko araudiak zagintzen duena hartuko da aintzat honako hauetarako: Irakaskuntza arautu gabeak egiteko ikasleak nola onartu, arte ikasketak egiteko, salbu eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketak; Araubide Orokorreko irakaskuntza eta Araubide Bereziko dantza edo musika ikasketak egiteko, ikastetxe integratuetan, edo Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasketak egiteko.

29. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak onartzeko, foru agindu honek eta berariazko arautegiak agintzen duena hartuko da aintzat (otsailaren 20ko 39/2001 Foru Agindua, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, martxoaren 21eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

30. Ikastetxeren batek bere ikaspostu eskaerari edo berari atxikitako ikastetxeetako ikaspostu eskaerari erantzuteko adina ikaspostu ez duenean, DBHn eta Batxilergoan, eskatzaileen artean onarpen prozesua egin beharko da, eta bertako ikasleak lehenetsiko dira beste ikastetxe batzuetako ikasleen aldean.

31. 1._Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera-berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, ikastetxe publikoek zein itunduek 2 ikaspostu gordeko dituzte talde bakoitzeko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehendabiziko hiru ikasturteetan, aurreinskripziorako epea amaitu arte, sozialki eta ekonomikoki egoera ahulean dauden ikasleentzat.

2._Ikasleak onartzeko epe arruntean, egoera sozial eta kultural txarrean dauden familiek izanen dute aukera ikaspostu horiek eskatzeko, espainolak edo Europar Batasuneko herritarrak izan nahiz etorkinak izan.

3._Erreserba horretako tokiak lortu nahi dituzten eskatzaileek hala eman beharko dute aditzera aurreinskripzio inprimakian, eta harekin batera beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko txostena ere aurkeztu.

4._Eskaerak dauden toki hutsak baino gehiago izaten badira, foru agindu honetako 6. arautik 15. araura bitartean finkatutako irizpideen arabera lehenetsiko dira.

32. Eskolatze partekatuaren kasuetan matrikula egiteko, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren apirilaren 2ko 90/1998 Foru Aginduko 11.2 artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloan hezkuntza-promozio eta konpentsazioko neurriak behar dituzten ikasleentzako hezkuntza-erantzun berariazkoak ezartzeko jarraibide eta orientabideak ematen dituen foru agindua; maiatzaren 18ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

33. 1._Hizkuntza ereduz aldatzeko eskaerak aurkezteko epeak (apirilaren 30eko 233/1991 Foru Aginduan arautua dago aldaketa hori; ekainaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), irakaskuntza bakoitzean onarpen eskaerak aurkezteko jarri diren epe arrunt berberak izanen dira, Foru Agindu hau garatzeko arau osagarrietan eta jarraibideetan agintzen diren zehaztapenak eginik.

2._Irakaskuntza maila bat (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) osorik bukatu ondoren hizkuntza ereduz aldatzeko eskaerak ikaslearen oraingo ikastetxean aurkeztuko ditu eskatzaileak, eta ikastetxeko zuzendariak, aurkezteko epea amaiturik, eskaera zerrenda bidaliko du Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusira, ikasle bakoitzak egin duen mailaren frogagiriarekin batera.

3._Foru agindu honetan aurreikusitako kasuetan, ikaslea ikastetxe batetik ordu arte egindako hizkuntza eredua ez duen beste herri batera aldatzeak, Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman ondoren, ikaslearen hizkuntza ereduz aldatzea izanen du ondorio.

4._Ikastetxe berean, hizkuntza ereduz aldatzeko eskaerei dagokienez, hutsik dauden ikaspostuen arabera onartuko dira, irakaskuntza maila bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko ratioaren arabera.

34. Lanbide Hastapeneko Programetan (Lanbide Tailerretan) onartzeko, honako epeak izanen dira: eskaera epea ekainaren 4tik 27rakoa izanen da, biak barne. Onartuen behin-behineko zerrendak ekainaren 28an jakinaraziko dira eta erreklamazioak aurkezteko egunak ekainaren 28a eta 29a izanen dira. Onartuen behin betiko zerrendak ekainaren 29an argitaratuko dira. Matrikula, berriz, uztailaren 2tik 17ra bitarte eginen da, bi egunak barne.

35. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko prestakuntza ikastarorako aurreinskripzio eskaerak aurkezteko epea irailaren 3tik 7ra bitartekoa izanen da, biak barne. Onartuen behin-behineko zerrendak irailaren 10ean argitaratuko dira. Onartuen behin betiko zerrendak irailaren 12an argitaratuko dira. Matrikula irailaren 12an eginen da.

36. Foru agindu hau eta hark ekar ditzakeen jarraibide osagarriak ere, ikastetxe guztietako iragarki oholean jarriko dira jendaurrean, agindua argitaratzen den egunetik onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesdun guztiek jakin dezaten.

Iragarkiaren kodea: F0706931