58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

ERABAKIA, 2007ko martxoaren 19koa. Honen bidez adierazten da presakoa dela "Pirinioaldeko ibarretarako sarbideak. Isoko gaina (II)-Arbaiun" izeneko proiektuko lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, abuztuaren 4ko 119/2006 Foru Aginduaren bidez, NA-178 errepidea 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra. bitarte (Isoko gaina) berritzeko proiektuari onespen teknikoa eman zion eta hura, ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrendarekin batera, jendaurrean jarri zuen 20 egun baliodunetan.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak, urtarrilaren 4ko 1/2007 Foru Aginduaren bidez, NA-178 errepidea 10+000 k.p.tik 14+000 k.p.ra bitarte (Isoko gaina) berritzeko proiektua jendaurrean egoteko epea bukatutzat eman eta proiektu hori behin betiko onetsi zuen.

Ikusirik hobetu nahi den errepideak zirkulazio handia jasaten duela eta bide tarte horiek lehenbailehen aldatu behar direla, istripuak saihestu eta zirkulazioa hobetuko bada, komenigarria da lanak ahalik eta lasterren egitea; beraz, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak arindu ahal izateko, beharrezkoa da ondasun eta eskubide ukituen okupazioa presakotzat jotzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Pirinioaldeko ibarretarako sarbideak. Isoko gaina (II)-Arbaiun" izeneko proiektuko lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

2. Ondasun eta eskubide ukituak eskuratzeko kalkulatu den gastua 100.000,00 eurokoa da eta 2007ko aurrekontuko "Inbertsioak azkartzeko plana, hitzarmena SPRINekin, desjabetzeak" (PEP E-07/000003-02) kontusailaren kargura ordainduko da.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

4. Erabaki hau jakinaraztea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa), Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari (Desjabetze Atala) eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuari.

Iruñean, 2007ko martxoaren 19an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0705094