58. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

32/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Hezkuntza kontseilariak emana, diru publikoarekin ari diren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 2007/2008 ikasturtean onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak onesten dituena.

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak arautzen du Nafarroako Foru Komunitatean diru publikoarekin ari diren irakaskuntza ez-unibertsitarioko ikastetxeetan ikasleak onartzeko prozedura, eta apirilaren 23ko 35/2007 Foru Dekretuak Eskolatze Batzorde Nagusia eta tokiko eskolatze batzordeak eratzen ditu.

Foru agindu hau aipatu oinarriak aplikatuz ematen da eta horren xedea da diru publikoarekin ari diren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 2007/2008 ikasturtean onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak ezartzea.

Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera-berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, foru agindu honek ikasle horientzako ikaspostuak gorde beharra ezartzen du.

Ikasle bat ikastetxe publiko edo pribatu itundu batean matrikulatzean, ez da inoiz ere bereizkeriarik eginen jatorriagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik edo gainerako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik. Horretaz gainera, matrikulazioak berekin dakar ikastetxearen hezkuntza proiektua errespetatzea, ikasleei eta haien familiei indarra duten legeetan aitortzen zaizkien eskubideak ukatu gabe.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 38. artikuluan eta Nafarroako Gobernuari eta haren lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluko b) eta e) letretan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Onestea diru publikoarekin ari diren Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 2007/2008 ikasturtean onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak. Oinarriok foru agindu honetan zehazten dira.

2. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

4. Ebazpen hau igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Inmigraziorako Zerbitzuari, Euskara Zerbitzuari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Hezkuntza Berriztapenaren eta Curriculum Garapenaren Atalari, Irakasleen Prestakuntza Atalari eta Hezkuntza Orientazioaren Bulegoari (denak ere Hezkuntza Departamentukoak), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko apirilaren 23an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

ARAUAK

1. 1._Foru agindu honetako araubidea diru publikoarekin ari diren ikastetxeetan Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak egiteko lehenbiziko aldiz sartu nahi duten ikasleei aplikatuko zaie.

2._Ikastetxe berean diru publikoarekin ari diren hezkuntza maila batetik bestera iragateko edo ikastetxe atxiki batetik atxikipen ikastetxera iragateko ez da beste onarpen prozedurarik beharko. Aski izanen da guraso-agintea dutenek dagokion eskaera betetzea. Ikastetxeek eskaera emanen diete interesatuei eta, ikastetxe atxikien kasuan, atxikipen ikastetxean hartu eta entregatuko dute, horretarako ezarritako epean.

2. Eskaerak horretarako prestatu eredu ofizialaren araberakoak izanen dira.

3. 1._Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, non adierazi beharko baitu zein ikastetxetan nahi duen ikaspostua, bere lehentasunen arabera. Eskaera lehenbiziko tokian jarri duen ikastetxeko administrazio bulegoan aurkeztu beharko da. Oso-osorik bete beharko da eta nahitaezkoa izanen da aurkeztea hartan aipatutako frogagiri guztiak eta, hala behar denean, ikastetxeko erakunde eskudunak edo Eskolatze Batzorde Nagusiak eskatzen duen informazio osagarria.

2._Behin ezohiko onarpen epea (iraila) iraganda, eskaerak tokiko eskolatze batzordea duten herrietan aurkeztuko dira, batzorde horien egoitzetan, hain zuzen ere.

4. Eskaera toki batean baino gehiagotan aurkeztuz gero, lortutako ikaspostuak galdu eginen dira.

5. 1._Ikastetxeek behar den epean eta behar bezala beteak aurkezten diren eskaera guztiak onartuko dituzte. Sartzeko eskaera guztietarako behar adina ikasposturik ez dagoenean, 6-11 bitarteko oinarrietan ezarri diren irizpideetan oinarritutako lehentasun ordena ezarriko da:

2._Hezkuntza Departamentuak ikastetxe publikoek zein itunduek eskaini behar duten ikaspostu kopurua erabakiko du. Eskaera kopuruak eskaintzen den ikaspostu kopurua gainditzen badu, ikastetxeak onarpen prozesu honi jarraitu beharko dio:

Baremoa

6. 1._Familia unitatearen urteko errentak baremo honen arabera baloratuko dira:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko likidazio oinarriak lanbide arteko gutxieneko soldata baino gehiago ez izatea: 1,5 puntu.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko likidazio oinarriak lanbide arteko gutxieneko soldata baino gehiago izatea, soldata horren bikoitza gainditu gabe: 0,5 puntu.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpeneko likidazio oinarria edo oinarriak lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza baino gehiago izatea: 0 puntu.

2._Familiaren urteko errenta frogatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren kopia (familiarena) aurkeztu beharko da, ikaspostua zein urte naturaletarako nahi den, bi urte lehenagoko ekitaldi fiskalari dagokiona, Ogasunak gaituriko bulegoren batek zigilatua, edo, bestela, interesatuaren erantzukizuneko aitorpena, adierazitako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duena, bai eta hark propio emandako baimena ere, Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunek ikastetxeari informazioa emateko.

3._Ikaspostua zein urte naturaletarako nahi den, bi urte lehenagoko ekitaldi fiskalean ikaslearen familia unitateak deklaratu beharra dakarren urteko familia errentatik beherako dirusarrerak izan baditu, errenta hori egiaztatzeko ondoko ataletan aipatzen diren agirietako bat aurkez daiteke:

a) Epe horri dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren borondatezko aitorpena.

b) Epe horretan jasotako dirusarrerak egiaztatzeko beste agiri batzuk.

Kasu bietan, ikastetxeetako organo eskudunek behar duten dokumentazio osagarria eskatzen ahalko diete eskatzaileei, eskabidean agertutako familia errenta egiazkoa ote den ikusteko.

4._Familia unitatearen errentak behar den bezala egiaztatzen ez badira, atal honetako puntuazioa 0 izanen da.

7. 1._Bizilekuaren hurbiltasuna Hezkuntza kontseilariaren apirilaren 16ko 31/2007 Foru Aginduari jarraikiz baloratuko da:

a) Ikaslearen etxea ikastetxearen eragin eremuaren barnean baldin bada: 4 puntu.

b) Ikaslearen etxea ikastetxearen eragin eremuarekin mugakide den eremuan baldin bada: 2 puntu.

c) Ikaslea beste eremu edo herri batean bizi bada: 0 puntu.

Helbidea tokian tokiko udalak luzaturiko ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.

2._Eskaeretan, ikaslearen onarpenaren ondorioetarako, helbidearen ordez lantokiarena jartzen ahalko da. Lantokiaren helbidea egiaztatzeko, enpresaren titularrak emandako agiria aurkeztu beharko da. Agiri horretan, lantokia non dagoen zehaztu eta ikaslearen guraso-agintea duen pertsonak bertan lan egiten duela adieraziko da. Kontuan hartuko da baldin eta ikastetxearen eragin eremuaren barruan badago. Kasu horretan, 4 puntu emanen zaizkio eskatzaileari.

8. Eskatzen den ikastetxean senideak matrikulaturik izatea, honela baloratuko da:

a) Ikastetxean senide bat: 4 puntu.

b) Gainerako senide bakoitzarengatik: puntu 1.

Eskatzaileak ikastetxean senideak dituela ulertuko da onarpena eskatzen den ikasturte horretan ikastetxean matrikulatuta badaude eta segitu behar baldin badute. Ikaslearen onarpenaren ondorioetarako, eskaeran, ikastetxean matrikulatutako ikasleak izatearen ordez, ikastetxean ikaslearen guraso edo legezko tutoreren batek lan egitea hautatu ahal izanen da irizpide gisa. Kasu horretan, 4 puntu emanen zaizkio eskatzaileari.

9. 2 puntu emanen zaizkie ofizialki aitortutako minusbaliotasuna egiaztatzen duten ikasleei. Ezgaitasuna gurasoek edo senideek badute, 0,5 puntu emanen zaizkie, baldin eta ofizialki egiaztatzen bada.

10. 1._Ikastetxe bakoitzeko eskola kontseiluak bi puntu emanen ditu gehienez, irizpide hauetako bakoitzarengatik puntu bat:

a) Legeen arabera familia ugaria izatea.

b) Atzematen den beste inguruabar garrantzitsurik izatea, ikastetxeko organo eskudunak justifikatuta eta irizpide objektiboekin bat hitzartuta. Irizpide objektibo horiek ikastetxeek ezagutzera emanen dituzte, onarpen prozesuaren aurretik.

2._Ikastetxeek Eskolatze Batzorde Nagusiari igorri beharko dizkiote irizpideak, aurreinskripzioa egiteko epea hasi baino lehen.

11. Puntu berdinketa gertatzen denean, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 15.2 artikuluko irizpideak aplikatuko dira.

Epeak

12. 1._Epe arrunta: Eskolatze Batzorde Nagusiak ikaspostu bat esleituko die ezarritako epeetan aurrenik eskatu ikastetxean posturik lortu ez duten ikasleei.

2._Epe berezia: epe arrunta amaituta, eskolatu gabe geratu diren ikasle guztiek eskaera egin ahalko dute nahi duten ikastetxean, epe bereziaren barruan. Eskolatze Batzorde Nagusiak ikaspostu bat emanen die epe berezian ikasposturik lortu ez duten ikasleei.

3._Epe arruntetik eta berezitik kanpo ikaspostua eskatzen duten ikasleak: ikasturteak dirauen bitartean, ikastetetxeek aurkezten diren eskaerak hartuko dituzte, ikaspostu hutsik ez edukita ere, eta Eskolatze Batzorde Nagusira igorriko dituzte. Eskolatzearen fase horretan, batzordeak baimenduko ditu helbidea beste herri batera aldatzen duten edo/eta Nafarroako hezkuntza sisteman lehenbizikoz sartzen diren (berandu sartzen direnak) ikasle berriek ikasturte horretarako aurkeztu dituzten eskerak.

Eskolatze Batzorde Nagusiak baimenduriko ikasleak gehienez ere hiru eguneko epean sartuko dira dagokien gelan. Ikastetxeak matrikulatu eginen du ikaslea eta hark, orduz geroz, baja hartuko bere jatorriko ikastetxean. Ikaslea ezarritako epean ikastetxe berrian hasten ez bada, gordetako ikaspostua galduko du.

Ikaspostu hutsik ez duten ikastetxeek eskualde hartako beste ikastetxeen gaineko informazioa emanen diete eskatzaileei eta egun berean bidaliko diote Eskolatze Batzorde Nagusiari eskaera, batzordeak ezarritako ereduaren araberakoa eta behar bezala betea.

4._Tokiko Eskolatze Batzordea eratua duten herrietan, epe arruntetik eta berezitik kanpo ikaspostua eskatzen duten ikasleak batzorde horietara joaten ahalko dira; haietan, argibideak eta orientabideak eman eta familiak eskatutako ikastetxean ikaspostu bat esleituko zaie behin-behinekoz, ikaspostu hutsik baldin badago, eta hala jakinaraziko zaio dagokion ikastetxeari. Ikastetxeek Eskolatze Batzorde Nagusiari ikastetxean sartzen diren ikasle berriei buruzko informazioa emanen diete, matrikula egite aldera.

5._Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman dezake bukatu ez den ikasturtean ikastetxez aldatzeko, behar bezala frogatutako arrazoi bereziak daudenean.

6._Ikastetxeek eta Departamentuko zerbitzuek Eskolatze Batzorde Nagusiari eman beharko dizkiote batzordeak haien eginkizunei buruz eskatzen dizkien txostenak.

13. Ikasle bat eskolatuta dagoen ikastetxean ez, beste batean eskolatzeko onartua bada, epe arruntean, jatorrizko ikastetxeko ikaspostua galduko du. Ikaspostu hori galtzearen ondorio akademikoak ikasturtearen amaieratik aurrera hasiko dira. Ondorio horietarako, ikasle bat ikastetxe batean onartu dela ulertuko da, edozein ikastetxetan onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan ageri denean edo Eskolatze Batzorde Nagusiak matrikulatzeko epea baino lehen ikaspostu bat ematen dionean.

Eskolatzeko epe arrunta eta berezia amaitu ostean, Eskolatze Batzorde Nagusiak %10 bitarte handitzen ahalko du eskolatze eremu bakoitzeko ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako gelako gehieneko ikasle kopurua, berandu eskolatzen diren ikasleen berehalako beharrei erantzuteko.

Egutegia

14. 1._Ikasleak onartzeko prozesuak ondoko epe hauek izanen ditu:

a) Aurreinskripziorako eskaerak aurkeztea: maiatzaren 9tik 22ra bitarte, biak barne.

b) Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: maiatzaren 28a.

c) Erreklamazioak aurkeztea: maiatzaren 29a eta 30a, biak barne.

d) Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: maiatzaren 31.

e) Lehen hautuan onartu ez diren ikasleei ikaspostuak esleitzea: ekainaren 1etik 8ra bitarte.

f) Matrikulazioa: ekainaren 25etik 27ra.

g) Eskaerak aurkezteko epe berezia: irailaren 3a eta 4a.

h) Onartuen behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 4a.

i) Erreklamazioak aurkeztea: irailaren 4a eta 5a.

j) Onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzeko eguna: irailaren 6a.

k) Matrikulazioa: irailaren 6a eta 7a.

2._Hezkuntza maila bakoitzerako ezarritako epean matrikula egiten ez badu, ikasleak esleitu zaion ikaspostua hartzeko eskubidea galduko du.

Matrikulazioa

15. 1._Ikasle berriek ikastetxe batean matrikula egiteko honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai epe arruntean eta berezian, bai ikasturtea hasita:

a) Ikasleen guraso nahiz tutoreek idatziz adieraztea ea nahi duten beren seme-alabek Espainiako Estatuarekin hitzarmena duen Erlijio ikasketak hartzea edo bestela Hezkuntza Jarduera Antolatua.

b) Guraso nahiz tutoreek espresuki adieraztea, ikastetxeak agindu bezalako bide formaletan, zein hizkuntza hautatzen duten, ikastetxeak hizkuntza bat baino gehiago emateko baimena baldin badu.

c) Familia liburuaren edo jaiotza agiriaren fotokopia, ikastetxeak jatorrizko agiriekin erkatua.

d) Txerto karneta edo zein txerto dosi hartu diren edo zein azterketa mediko egin zaion adierazten duen beste agiri mediko bat.

e) Gizarte Segurantzako kartillaren fotokopia.

f) Egindako azterketa medikoen txostenak, ikasleak minusbaliotasunik, eritasunik edo beste osasun arazorik baldin badu ikastetxeak jakin behar duenik (txosten audiometrikoak, otorrinolaringologikoak, oftalmologikoak eta abar).

2._Errolda-ziurtagiria eskaerarekin batera aurkeztuko da ikastetxean, horretarako ezarritako epeetan.

3._Ikastetxe berean jarraituko duten ikasleen matrikula ikastetxe horretako barne arauei jarraikiz eginen da.

4._Eskaera eta matrikulazio tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-abizenak bat etorriko dira Familia Liburuan agertzen direnekin.

16. 1._15. arauan aipatu dokumentazioaz gain, ikastetxeek zilegi dute dokumentazio gehiago eskatzea.

2._Ikastetxearen iragarki oholean irakaskuntza bakoitzerako eskatu behar den dokumentazioa agertuko da.

17. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak onartzeko, foru agindu honek eta berariazko arautegiak agintzen dutena hartuko da aintzat (otsailaren 20ko 39/2001 Foru Agindua, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, martxoaren 21eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa.).

18. Ikastetxeren batek bere ikaspostu eskaerari edo berari atxikitako ikastetxeetako ikaspostu eskaerari erantzuteko adina ikaspostu ez duenean, eskatzaileen artean onarpen prozesua egin beharko da, eta bertako ikasleak lehenetsiko dira beste ikastetxe batzuetako ikasleen aldean.

19. 1._Guztientzako hezkuntza kalitatea, gizarte kohesioa eta aukera-berdintasuna ziurtatzeko eta hezkuntzako laguntzaren arloan berariazko premiak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta orekatua bermatzeko, ikastetxe publikoek zein itunduek 2 ikaspostu gordeko dituzte talde bakoitzeko, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehendabiziko hiru ikasturteetan, aurreinskripziorako epea amaitu arte, sozialki eta ekonomikoki egoera ahulean dauden ikasleentzat.

2._Ikasleak onartzeko epe arruntean, egoera sozial eta kultural txarrean dauden familiek izanen dute aukera ikaspostu horiek eskatzeko, espainolak edo Europar Batasuneko herritarrak izan nahiz etorkinak izan.

3._Ikaspostu horiek lortu nahi dituzten eskatzaileek hala eman beharko dute aditzera aurreinskripzio inprimakian, eta harekin batera beren herriko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko txostena ere aurkeztu.

4._Aurkeztutako eskaerak dauden ikaspostu hutsak baino gehiago izaten badira, foru agindu honetako 6. oinarritik 11. oinarrira bitartean finkatutako irizpideen arabera lehenetsiko dira.

20. 1._Hizkuntza ereduz aldatzeko eskaerak aurkezteko epeak (apirilaren 30eko 233/1991 Foru Aginduan arautua dago aldaketa hori; ekainaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), irakaskuntza bakoitzean onarpen eskaerak aurkezteko jarri diren epe arrunt berberak izanen dira, foru agindu hau garatzeko arau osagarrietan eta jarraibideetan agintzen diren zehaztapenak eginik.

2._Irakaskuntza maila bat osorik bukatu ondoren hizkuntza ereduz aldatzeko eskaerak ikaslearen oraingo ikastetxean aurkeztuko ditu eskatzaileak, eta ikastetxeko zuzendariak, aurkezteko epea amaiturik, eskaera zerrenda bidaliko du Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusira, ikasle bakoitzak egin duen ikasturtearen frogagiriarekin batera.

3._Foru agindu honetako 12. oinarrian aipatu kasuetan, ikaslea ikastetxe batetik ordu arte egindako hizkuntza eredua ez duen beste batera aldatzeak, Eskolatze Batzorde Nagusiak baimena eman ondoren, ikaslearen hizkuntza ereduz aldatzea izanen du ondorio.

4._Ikastetxe berean, hizkuntza ereduz aldatzeko eskaerei dagokienez, hutsik dauden ikaspostuen arabera onartuko dira, irakaskuntza maila bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko ratioaren arabera.

21. Foru agindu hau eta bere ondoriozko besterik bada haiek ere bai, ikastetxe guztietako iragarki oholean jarriko dira jendaurrean, agindua argitaratzen den egunetik onarpen eta matrikulazio prozesua bukatzen den arte, interesatu guztiek jakin dezaten.

Iragarkiaren kodea: F0706932