56. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

312/2007 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Lan zuzendari nagusiak emana, 2007ko maiatzaren 27an Udaletarako, Kontzejuetarako eta Nafarroako Parlamenturako eginen diren hauteskundeetan, egun hartan jairik ez duten besteren konturako langileek botoa emateko duten eskubidea errazkiago erabiltzeko arauak ematen dituena.

Apirilaren 2ko 444/2007 Errege Dekretuaren bidez eta egun bereko 4/2007 eta 29/2007 Foru Dekretuen bidez, Udaletarako, Kontzejuetarako eta Nafarroako Parlamenturako 2007ko maiatzaren 27an eginen diren hauteskundeetarako deia egin da, eta horren ondorioz, bidezkoa da hauteskundeetarako arau osagarriak ematen dituen apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuak eta hori aldatzen duen 1.382/2002 Errege Dekretuak ezarritakoa betetzea, hau da: Nafarroako Foru Komunitateak, Gobernuaren ordezkariekin hitzartuta, hauteskundeen egunean jairik ez duten langileen lan ordutegiari buruz behar diren erabakiak hartuko ditu. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/204 Foru Legeko 22. artikuluko 1. idatz-zatiak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1._2007ko maiatzaren 27an Udaletarako, Kontzejuetarako eta Nafarroako Parlamenturako eginen diren hauteskundeetan, egun hartan jairik ez duten besteren konturako langileek botoa emateko duten eskubidea errazkiago erabiltzeko arau hauek ematea:

1. Hautesle gisa parte hartzen duten langileendako baimen ordainduak:

a) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordutik beheiti arituko diren langileak:

Kasu horietan ez dute baimen ordaindurako eskubiderik izanen.

b) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko diren langileak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.

c) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik hirutik sei ordura bitartean lanean arituko diren langileak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.

d) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko diren langileak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.

e) 2007ko maiatzaren 27an beren ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan botoa emateko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko. Horren helburua izanen da Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatu zenak, 72. artikuluan adierazten den Zentsuko inskripzioaren ziurtagiria norberak eskatzea. Baimen horren iraupena Posta Bulegoen irekitze ordutegiak ikusita kalkulatuko da, lehendik ezarritako irizpide berberen arabera.

Kasu horietan guztietan, lan osoz ez aritzeko kontratatutako langileak izateagatik, horiek ohizkoa baino laburrago den lanaldia eginen balute, baimenaren iraupena garatzen duten lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuak dauden langileen ohizko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera murriztuko litzateke.

Enpresariari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek boto ematera joateko duten baimenaren epeak banatzea.

2. Hauteskunde-mahaietako buru edo kide, ikuskariak edo ahaldunak diren langileendako baimen ordaindua.

Mahaiburuek, mahaikideek eta ikuskariek bozketen eguneko lanaldi osoan izanen dute eskubidea baimen ordaindurako, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutan ere. Ahaldunei dagokien baimenak bozketen eguneko lanaldia hartuko du, ez gehiago. Atal honetan aipatutako egoeraren batean dagoen langileren batek hauteskunde egunaren bezperan gaueko txandan lan egin behar badu, enpresak, interesatuak berak eskatuta, txanda aldatu beharko dio, bozketaren egunaren aurreko gauean atseden har dezan.

3. Apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan adierazi diren eta aurreko ataletan azaldu diren lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira eta, Langileen Estatutuaren 37.3 d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hori egiaztatzeko boto eman izanaren ziurtagiria edo, hala balitz, kasuan kasuko hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

2._Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko apirilaren 16an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0706408