56. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

97/2007 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuaren bulegoen egitura zati batean aldatzen duena.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariaren ekainaren 29ko 83/2004 Foru Aginduak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren bulegoen egitura garatu zuen.

Egitura hori duela denbora asko ezarri zen eta, hortaz, zenbait alderdi aldatu behar dira.

Lehenik, Laguntza Soziosanitarioko Atala ezgaitasun fisikoa eta buruko eritasuna dutenei laguntzeko unitate batez hornitu behar da. Horretarako, alde batera utziko da egungo Hirugarren Adinekoentzako Egoitzen Bulegoa.

Era berean, Balorazio Atalaren jarduera administratibo handia koordinatzeko bulego bat behar da; izan ere, indarra hartu du Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariaren abenduaren 22ko 293/2006 Foru Aginduak (Menpeko pertsonei beren bizilekuan bertan zainketa-zerbitzuak lortzeko eta pertsona horiek zaintzen dituzten familiei babesa emateko 2007ko laguntzetarako deialdia onesten duena) eta berehala abiaraziko da Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta laguntza emateari buruzko Legean ezarritako menpekotasuna baloratzeko tresnak.

Azkenik, San José Zentroan, tarteko aginterako gutxieneko egitura ezarri beharko da, zentro berria irekitzearekin bat. Horretarako, bi bulego berri sortu beharko dira, laguntzako langile teknikoak eta zaintzaileak, hurrenez hurren, koordinatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluan eta maiatzaren 22ko 31/2006 Foru Dekretuak onetsi zituen Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren Estatutuen 24. artikuluan ezarritakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Kendu dira Hirugarren Adinekoen bulegoak. Bulego horiek Laguntza Soziosanitarioko eta Laguntza Teknikoko atalen mende daude eta atalok, aldi berean, Menpekotasunen arloko Laguntzaren Zuzendariordetzaren mende daude.

2. artikulua. Bulego hauek sortu dira:

_Laguntza Soziosanitarioko Atalaren mendeko Ezgaitasun fisikoa eta Buruko eritasuna dutenentzako Bulegoa.

_Balorazio Atalaren mendeko Administrarien Koordinaziorako Bulegoa.

_San José Zentroko Zuzendaritzaren mendeko Programen Burutza Teknikoaren Bulegoa.

_San José Zentroko Zuzendaritzaren mendeko Zaintzaileen Koordinaziorako Bulegoa.

3. artikulua. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak ekainaren 29an eman zuen 83/2004 Foru Aginduaren 3. artikulua aldatu eta honela geldituko da:

"3. artikulua. Menpekotasunen arloko Laguntzaren Zuzendariordetzan, bulego hauek ezarri dira:

_Laguntza Soziosanitarioko Atalean, Adimeneko Ezgaitasuna dutenentzako Zentroen Bulegoa, Ezgaitasun fisikoa eta Buruko eritasuna dutenentzako Bulegoa, Hirugarren Adinekoen Zentroetako Ingresuen Bulegoa eta Lur Gorri Egoitza Koordinatu eta Kudeatzeko Bulegoa.

_Boluntario, Elkarte eta Programa Atalean, Elkarteetarako Programen eta Hirugarren Adinekoentzako Programen Bulegoa, Gizarte Zerbitzuetako Boluntarioen Sustapen eta Garapenerako Bulegoa eta Elkarteen eta Ezgaitasuna duten Pertsonentzako Programen Bulegoa.

_Balorazio Atalean, Administrarien Koordinaziorako Bulegoa.

_El Vergel Zahar Etxearen Zuzendaritzaren mendean, El Vergel Zahar Etxearen Kudeaketa Administratiborako Bulegoa, El Vergel Zahar Etxeko Erizaintzaren Koordinaziorako Bulegoa eta El Vergel Zahar Etxeko Mantentze-lanetarako Bulegoa.

_San José Zentroko Zuzendaritzaren mendean, Programen Burutza Teknikoaren Bulegoa eta Zaintzaileen Koordinaziorako Bulegoa."

4. artikulua. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak ekainaren 29an eman zuen 83/2004 Foru Aginduaren 15. artikulua aldatu eta honela geldituko da:

"15. artikulua. Ezgaitasun fisikoa eta Buruko eritasuna dutenentzako Bulegoak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Bere eskumeneko arloetako espedienteak baloratzea, kudeatzea eta tramitatzea.

b) Itxaron zerrendak aztertzea eta irizpide objektiboak ezartzea, urritasun motaren, egoeraren larritasunaren eta kasu bakoitzaren ezaugarrien arabera eskaria lehenesteko.

c) Eskaera eta jarduketekin eta hobekuntzarekin lotutako proposamena aztertzea.

d) Ezgaitasun fisikoa eta buruko eritasuna dutenentzako egoitza laguntzako zentro propio eta itunduetako, eguneko zentroetako, errehabilitazio psikosozialeko zentroetako eta aldi baterako egonaldietarako zentroetako ingresuak kudeatzea.

e) Ezgaitasun fisikoa eta buruko eritasuna duten pertsonentzako zentroetako tarifak proposatu eta horiek eguneratzea.

f) Espedienteak aztertu eta baloratzea, bere eskumeneko arloko dirulaguntzetarako.

g) Zentro propio eta itunduetan, ezgaitasun fisikoa eta buruko eritasuna duten pertsonen beharrak aztertu eta esku-hartze egokiak proposatzea.

h) Bere eskumeneko arloetan, koordinazio eta ebaluazio prozesuetan parte hartzea.

i) Bere eskumeneko arloetan, diziplinen eta erakundeen arteko lan talde teknikoetan parte hartzea.

j) Ezgaitasun fisikoa eta buruko eritasuna duten pertsonen arloko itunak arautu behar dituzten agiri teknikoak egitea.

k) Ezgaitasun fisikoa eta buruko eritasuna duten pertsonen arloko itunen exekuzioaren jarraipena eta kontrola egitea.

l) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, Laguntza Soziosanitarioko Atalak esleitzen diona".

5. artikulua. 20. bis artikulua gehitu da. Artikuluak hauxe dio:

"20. bis artikulua. Administrarien Koordinaziorako Bulegoak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Balorazio Atalaren jarduera administratiboa koordinatzeko, bultzatzeko eta kontrolatzeko lanak egitea.

b) Balorazio Ataleko dokumentu artxiboa antolatu eta kudeatzea.

c) Balorazio Atalaren antolaketan eta administrazio prozesuetan laguntzea.

d) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren gainerako unitate organikoekiko informazioa eta komunikazioa koordinatzea.

e) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, Balorazio Atalak esleitzen diona".

6. artikulua. 23. bis artikulua gehitu da. Artikuluak hauxe dio:

"23. bis artikulua. San José Zentroko Programen Burutza Teknikoaren Bulegoak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Zentroko egoiliar berri bakoitzaren balorazio osoa koordinatzea, zentro egokian ingresatu den ebaluatzeko eta, hala bada, egoilar berriari harrera egiteko plana ezartzea eta hari egokitzen laguntzea. Egokitzapenaren ebaluazioa eta jarraipena egitea.

b) Zentroko egoiliarren balorazio teknikoak eta jarraipena koordinatzea, nortasuna, adimena, osasuna, egokitzeko gaitasunak eta behar dituzten laguntzak baloratuz, banakako esku-hartze plan bat diseinatze aldera.

c) Egoiliar bakoitzaren banakako helburuak identifikatu eta esku-hartze programetan txertatzea, irizpideak bateratzeko.

d) Etengabeki eguneratuta egon behar duen agiri-txosten bat egitea, egoiliar bakoitzaren funtzionamendu mailari buruzko informazioa bildu eta, egoliar bakoitzak dituen gaitasun eta trebetasunez gain, lortzen ahal dituen gaitasunak eta trebetasunak ere adierazten dituena.

e) Jokabidea kontrolatzeko esku-hartze psikologikoko programak egitea, garatzea eta kontrolatzea.

f) Zentroan egindako banakako jarduera programen diseinua, kontrola eta jarraipena koordinatzea, behar diren aldaketak egiteko.

g) Zaintzaileen Koordinaziorako Bulegoko buruarekin elkarlanean aritzea, egoiliar bakoitzaren eguneroko funtzionamenduari buruzko informazioaren transmisioa bermatzeko.

h) Egoiliarrek zentrotik kanpo egiten dituzten jarduerei buruzko informazioa koordinatzea.

i) Zaintzaileei laguntzea, lan jarraibideak ezartzean.

j) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, San José Zentroko Zuzendaritzak esleitzen diona".

7. artikulua. 23. ter artikulua gehitu da. Artikuluak hauxe dio:

"23. ter artikulua. San José Zentroko Zaintzaileen Koordinaziorako Bulegoak eginkizun hauek beteko ditu:

a) Zaintzaileen egutegiak deseinatzea: txanda banaketa, oporrak, ordaindu behar diren egunak, eguneko atsedenaldia eta abar.

b) Zaintzaileak unitateetako lan zamen arabera banatzea.

c) Zaintzaileen kontratazioak baloratu eta eskatzea.

d) Zaintzaileen zereginen plangintza diseinatzea, kontrolatzea eta gainbegiratzea.

e) Zaintzaileen prestakuntza jasotzeko beharrak koordinatzea.

f) Programen Burutza Teknikoaren Bulegoko buruarekin elkarlanean aritzea, egoiliar bakoitzaren eguneroko funtzionamenduari buruzko informazioaren transmisioa bermatzeko.

g) Lanbide askotako talde teknikoarekin elkarlanean aritzea, eguneroko bizitzari, aisialdiari eta astialdiari buruzko programen ebaluazioa eta jarraipena egitean.

h) Zentro berrian sartzen diren zaintzaileak jasotzea, hezitzea eta haien eginkizunak jakinaraztea.

i) Zaintzailearen eginkizun guztiak protokolizatzea, irizpideak bateratzeko".

j) Aurrekoen antzekoa edo osagarria den beste edozein eginkizun, San José Zentroko Zuzendaritzak esleitzen diona".

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko apirilaren 11n._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F0706425