56. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Norgehiagokako araubidean diru-laguntzak emateko deialdia, Iruñeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak berritu, handitu eta eraikitzeko

Iruñeko alkate udalburuak 2007ko apirilaren 13an onetsi zuen Diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, Iruñeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak berritu, handitu eta eraikitze aldera.

Deialdi honen helburua diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura garatzea da, Iruñeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak berritu, handitu eta eraikitze aldera, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina Udalbatzak 2005eko azaroaren 3an egindako osoko bilkuran hasiera batez onetsi baitzuen. Hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zenbakian.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

2007KO DEIALDIAREN OINARRIAK

1._Aurrekontua.

Deialdi honi 800.000 euro esleituko zaizkio, gehienez ere, Udalaren aurrekontuko 71 42100 770000 kontusailaren kargura esleitu ere.

Laguntza publikoek, guztira, ezin izanen dute gainditu eraikina egokitzeak sortu duen defizitaren %100. Nolanahi ere, Iruñeko Udalaren ekarpena aurkeztutako proiektuak zenbat jo eta horren %40 bitartekoa izaten ahalko da, gehienez ere, eta, ezein kasutan ere, ez da izanen 200.000 eurotik gorakoa.

Diru-laguntzaren guztizko zenbatekotik kanpo geldi daitezke diru-laguntzaren xede ez diren aurrekontuko kontusailak edo obra-unitateak.

2._Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta onuradunen betebeharrak.

Hona deialdi honen xedea eta helburua: 2007. urtean Iruñeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak berritu, handitu edo berritik eraikitzeko inbertsioak hein batean edo osorik egiten dituzten entitateei diru-laguntzak ematea, betiere Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuan zerrendaturik dauden betekizun fisikoekin bat.

_Hona diru-laguntzaren xedeko gastuak:

1. Jadanik jardunean ari diren ikastetxeen kasuan, horiek berritu, handitu, eta arauei egokitzeko beharrezkoak diren ekipamenduak, lokalak edo lursailak erosteak eragindako gastuak izanen dira diru-laguntzaren xedea.

2. Berritik eraiki beharreko ikastetxeen kasuan, obrek eta ekipamenduak eragindako gastuak izanen dira diru-laguntzaren xedea, betiere aplikagarri diren arauetan galdatzen diren baldintzekin bat.

Deialdi honetatik at geldituko dira Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan dauden ikasgeletarako diru-laguntzen eskaerak.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, honako hauek izanen dira diru-laguntza jaso duten onuradunen betebeharrak:

a) Diru-laguntzaren xedea zen proiektua gauzatzea eta gauzatu dela egiaztatzea.

b) Organo emailearen aurrean justifikatzea baldintza eta betekizunak bete dituztela, bai eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.

c) Organo emaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea, bai eta kontrol-organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei ere men egitea, betiere Udalaren agiritegietan jaso ez eta aurreko jarduketetan eskatzen dieten adina informazio eman beharko dutelarik.

d) Helburu berbera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri ematea. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

e) Iruñeko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorrari gaztigatzea, diru-laguntza jasotzeko galdatutako betekizunetan eragina izaten ahal duen edozein inguruabar, objektiboa nahiz subjektiboa, aldatzen bada. Besteak beste, Nafarroako Gobernuaren hezkuntza-administrazioak une orotan jartzen ahal dituen eragozpenak oro gaztigatu beharko dituzte, Haur Hezkuntzako ikastetxearen administrazio-baimenaren eskaeraz bezainbatean. Halaber, diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, dagokion ebazpena ere aldarazten ahalko da.

f) Diru-laguntzetarako ebazpen-proposamena eman baino lehen egiaztatu beharra dute egunean dituztela hala tributu-betebeharrak nola Gizarte Segurantzarekikoak. Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du Udalarekiko betebeharrak egunean dituztela.

g) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietan eta ebazpenetan berariaz eska daitezkeen kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

h) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne direla, gordetzea, egiaztapen eta kontroletan erabili ahal izan daitezen.

i) Diru-laguntza zein ikastetxetarako jaso eta horren jarduna gutxienez 10 urtez irautea, betiere deialdi honen 16. puntuan aurreikusitako hitzarmenak indarra duen aldian zehar. Aipatu aldi horretan Iruñeko Udalak dirua jaso duen ikastetxearen jardunaren garapenari jarraipena egiteko beharrezkoak diren argibideak oro eskatzen ahalko ditu.

Betebehar hori bete ez izanak, seinalatutako aldia baino lehenago ikastetxea itxi edo jardunari uzteagatik, jasotako diru-laguntzak zenbat jo eta eta horren alde proportzionalaren itzulketa ekarriko du berekin.

Erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak izanez gero, diru-laguntzaren onuradunak eskrituran adierazi beharko du inguruabar hori, bai eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

j) Onuradunak Iruñeko Udalaren eskura jarri beharko du ikaspostuen %30, gehienez, 10 urtetan zehar gutxienez, ikastetxeak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak emandako administrazio-baimena eskuratu eta hortik aitzina. Betebehar hori bete ez izanak jasotako diru-laguntzak zenbat jo eta horren alde proportzionalaren itzulketa ekarriko du berekin.

k) Jasotako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak horretarako zein kasu adierazi eta halakoetan.

3._Diru-laguntzak eskatzeko bete beharreko baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.

Baldintza orokorrak betetzen dituzten eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen pertsona fisikoek edo juridikoek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere ondokoekin bat:

_Jardunean diren ikastetxeen kasuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izena emanda egotea, ondoko epigrafean: "haur eskola eta haur hezkuntza bakarrik".

_Berritik eraiki behar diren ikastetxeen kasuan, dagozkien udal-lizentziak edukitzea.

_Diru-laguntzaren xedea zein eta eskaeraren jarduerak edo helburuak horrekin lotura zuzena izatea, eta hori bere jarduera profesionaletik, ibilbide eta eskarmentutik eta estatutuetatik zein eraketa-arauetatik ondorioztatu behar delarik.

_Behar bezala egiaztatzea badituztela antolamendua, deialdearen xedea garatzeko osagai pertsonal eta material nahikoak eta Haur Hezkuntzako lehen zikloa (0 - 3 urte) kudeatzeko gaitasun nahikoa.

_Ikastetxearen egoitza nahiz zergetarakoa Iruñean edukitzea.

_Iruñeko Udalarekiko tributu-betebeharrak egunean izatea.

Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, oinarri hauen 7. klausulan zehazten diren agiriak aurkeztu behar dituzte.

4._Diru-laguntzen gainean instrukzioa egin eta ebazteko organo eskudunak.

Iruñeko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozeduraren gainean instrukzioa egiteko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Diru-laguntzak emateko prozedura Alkatetzak ebatzi behar du.

Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

_Batzordeburua: Iruñeko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko zinegotzi delegatua edo horrek eskuordetuko duen pertsona.

_Batzordekideak: Iruñeko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorreko zuzendaria.

Iruñeko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorreko pedagogoa.

Iruñeko Udaleko edo bere erakunde autonomoetako teknikari bat.

_Idazkaria: Iruñeko Udaleko Zuzenbidean lizentziadun bat.

Batzordeak aurkezteko ezarritako azken egunetik aitzina baloratuko ditu eskabideak, betiere Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorrak emandako txosten teknikoa jaso eta gero, eta txosten-proposamen arrazoitu bat emanen du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuta.

5._Eskabideak noiz arte eta non aurkeztu.

Interesdunen eskaerak deialdi honek ezarritako arauzko ereduarekin bat etorri eta eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea 2007ko ekainaren 15ean amaituko da.

Eskabidearekin batera, deialdi honen zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Merkatuko k., 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (Kulturako Alorra _Descalzos k., 72-2. solairua_; Ingurumen eta Osasuneko Alorra _San Saturnino k., 2-beheko solairua_, Hiritarren Babeseko Alorra _Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua_; Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra _Armada etorbidea, 2-5. solairua_; eta Lehendakaritzako, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorrak _Zapateria k., 40-beheko solairua_) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6._Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea, gehienez ere, ez da sei hilabetetik gorakoa izanen.

Epea eskaerak aurkezteko mugaegunetik aitzina kontatuko da.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

7._Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

a) Eskaera-orria beterik, deialdi honi atxiki zaion ereduarekin bat.

b) Eskatzaileen eta, halakorik balitz, haien izenean ari diren ordezkarien nortasuna egiaztatzen duten agiriak.

c) Jardunean diren ikastetxeak berritu edo handitzeko obren proiektuen kasuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, "haur eskola eta haur hezkuntza bakarrik" epigrafean, izena emanda egotea eta egunean izatea egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

d) Berritik eraiki behar diren ikastetxeen obra-proiektuen kasuan, horri dagozkion udal-lizentziak aurkeztu beharko dira.

e) Beste erakunde publiko batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.

f) Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.

g) Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileek deialdi honetan galdatzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatze aldera.

h) Erantzukizunpeko aitorpena, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez duela eskatzailea ukitzen egiaztatzeko.

i) Eraikinaren gaineko titulartasunaren, lurzoruaren edo lokalaren jabegoaren, edo hori erabiltzeko eskubidearen egiaztagiria.

j) Obra deskribatzeko memoria eta gai horretan eskudun den teknikari batek sinatutako aurrekontua, eta, horiei erantsita, obren eta eraikina arauei egokitzeko beharrezko ekipamenduen gaineko agiri grafikoak.

Berritik eraikiz gero, eskatzaileak ikastetxea eraikitzeko obra-proiektua aurkeztu beharko du.

k) Proiektuaren talde kudeatzaileak eta hezitzaileak egindako memoria deskriptiboa.

l) Haur Hezkuntzako ikastetxearen hezkuntza-proiektua.

Galdatutako agiriak Iruñeko Udalaren edo bere erakunde autonomoen eskuetan badaude, haien ordez erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu ahalko da, eta bertan adierazi, noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu ziren edo, halakorik balitz, zeinek eman zituen edo zeinetan dauden jasota. Edozein kasutan, ezin izanen dira bost urte baino gehiago igaro, dagokien prozedura amaitu denetik.

Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Udalak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezin badute agiriren bat eskuratu, eskatzaileei eskatzen ahalko diete hura aurkezteko edo, bestela, agiria zein betekizuni dagokien eta horiek beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere ebazpen-proposamena egin baino lehen.

8._Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Iruñeko Udalak eskatzaile bakoitzari emandako diru-laguntzak deialdi honen xede diren jarduketek eragindako gastu guztien %40ra bitarte estali ahalko du. Nolanahi ere, diru-laguntzak ez du ezein kasutan ere 200.000 euro baino gehiago joko.

Lehenengo eta behin, haien zerbitzuak Iruñean emanda jardunean diren ikastetxeek izanen dute lehentasuna. Behin behar horiek aseturik, esleitutako aurrekontuan dirurik bada, berritik eraiki behar diren ikastetxeek eskuratzen ahalko dituzte diru-laguntzak.

Hasteko, %40 aplikatuko zaie jardunean diren entitate eskatzaile guztiei. Behin hori aplikatuta, esleitutako aurrekontua gainditzen bada, portzentaje hori murriztu eginen da -kopuru berean murriztu ere, kasu orotan-, harik eta emandako diru-laguntzen batuketa aurrekontu-esleipenak jotzen duen adina izan arte.

Esleitutako aurrekontua agortu ezean, prozedura bera aplikatuko da, berritik eraiki beharreko ikastetxeen eskaeren kasuan.

9._Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara, eta ondoko datuak zehaztuko ditu: deialdia, diru-laguntza zein aurrekontu-programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna eta diru-laguntzaren xedea.

10._Diru-laguntzen xede diren gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den proiektuarekin bat datozenak. Diru-laguntzaren xede diren gastuetan, eskuratze-kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada -obraren exekuzioak eragindako kostuaren kasuan-, edo 12.000 eurotik gorakoa -ekipamendu-ondasunen horniduraren kostuaren kasuan-, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, hiru hornitzaile ezberdinei, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 29.2 artikuluan seinalaturikoarekin bat, salbu gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Aurkeztutako eskaintzen artean bat hautatzeko, eragimen eta ekonomia printzipioei egin behar zaie men, eta eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, memoria batean berariaz justifikatu behar da hartutako erabakia. Eskaintzak, bestalde, justifikazioari erantsiko zaizkio.

Deialdi honetan ezarritako justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat.

11._Diru-laguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administraziotik xede bererako diru-laguntzak eskuratzearekin.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen diru-laguntzaren xedea den proiektuaren kostua baino handiagoa.

12._Ordainketa.

Diru-laguntza ordainduko da, behin onuradunak justifikatu eta gero diru-laguntza zein xedetarako eman eta hori bete duela.

Diru-laguntzak ezin izanen zaizkie ordaindu onuradunei, horiek eguneraturik ez badituzte tributu-betebeharrak zein Gizarte Segurantzarekikoak, edo diru-itzulketa bidezkoa dela xedatu duen ebazpen batek zorduntzat jotzen baditu.

Halako kasuetan, Udalak bere kabuz kitatu ahal izanen ditu, aldez aurretik, diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, edo horien parte bat.

13._Justifikazioa.

Ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, gastua frogatzeko kontu-ematea aurkeztu behar da; kontu horretan, dirua jaso duen proiektua dela-eta aitortzailearen erantzukizunaren pean egindako gastuak oro justifikatu behar dira (ez bakarrik diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa), gastuen zuzeneko egiaztagiriak aurkeztuta. Fakturak eta gainerako agiri baliokideak aurkeztu behar dira, betiere trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, diru-laguntzaren xedea bete dela egiaztatze aldera.

Frogatzeko kontu-ematea ondoko agiriek osatuko dute:

a) Ebaluazio-memoria, diru-laguntzen xedea den proiektuaren gainean.

Memoriak gutxienez ondoko edukiak jasoko ditu:

_Programaren edo proiektuaren izena.

_Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontu eta proiektuarekin bat.

_Erdietsi nahi ziren helburuen eta lortutako emaitzen deskribapena.

_Proiektua edo jarduera garatzean egindako aldaketak.

_Ebaluazioa eta ondorioak.

b) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

c) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, gastua egiaztatze aldera, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta aurreko atalean (b) aipatutako zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera.

_Obrak esleitu izanaren akta, gutxienez ondoko datuak adierazita: esleipenaren data, enpresa esleipenduna, eta horri dagozkion esleitze-datuak (IFZ, helbidea, herria eta esleipenaren zenbatekoa).

_Zuzendaritza fakultatiboa izendatu izanaren akta, teknikaria edo teknikariak identifikatzeko datuak azalduta.

_Obrak zuinkatu izanaren akta, zuzendaritza fakultatiboak, enpresa esleipendunak eta jabeak sinatua.

_Obra-ziurtagiriak, jabeak, zuzendaritza fakultatiboak eta enpresa esleipendunak sinatuak.

_Obrak onartu izanaren akta, zuzendaritza fakultatiboak, enpresa esleipendunak eta jabeak sinatua, baldin eta obrak amaiturik badaude.

Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkielarik. Agiri jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak entitate onuradunak gorde beharko ditu, gutxienez, lau urtean.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete beharko dira:

c.1) Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZatik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

c.2) Langileria gastuak soldata-kostuen gisara egiaztatzeko, beharrezkoa da ondoko agiriak aurkeztea: lan-kontratuaren kopiak, langileei dagozkien nominak, jasotzaileak sinaturik eta ordainduta daudela egiaztatuta, edo, bestela, bankuaren abonu-agiria, eta Gizarte Segurantzaren kotizazioei dagozkien ziurtagiriak.

c.3) Proiektua gauzatzeko dataz besteko bat duten fakturak onartuko dira, baldin eta organo eskudunak aldez aurretik proiektuaren aldaketaren bat baimendu badu eta aldaketa horrek proiektua gauzatzeko epeari eragiten badio.

d) Hartzekodunei ordaindu izana egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ordaindu izana banku zordunketa bidez egiaztatu behar da, behar bezala sinatutako hartu-agiri baten bidez edo, bestela, aurkeztutako fakturak ordaindu egin direla ziurtatzen duen beste agiri bat aurkeztuz.

e) Dagokion itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik bada edo diru-laguntzen xede izan den jardueraren kostua baino diru gehiago jaso bada, eta horiei dagozkien berandutze-korrituak.

Emandako diru-laguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea 2007ko abenduaren 31n amaituko da.

Nolanahi ere, diru-laguntzen onuradunek balorazio txostena erantsi behar diote aurkeztutako justifikazioari, Udaleko teknikari batek izenpetua.

Diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu eginen da, justifikatutako gastuak diru-laguntzaren xede izan direnak baino gutxiago badira.

14._Aldaketak proiektuan.

Aurreikusi gabeko inguruabarrak direla medio, aldaketak egin ahalko dira proiektuan. Kasu horretan, organo eskudunak onetsi beharko ditu, behin Iruñeko Udalaren Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorrak baloratu eta gero.

15._Jarduera funts publikoz finantzatu dela iragartzeko publizitatea.

Diru-laguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera diru-laguntzaren xede diren inbertsioak eta jarduketak Iruñeko Udalak finantzatu dituela.

16._Funts publikoek babestutako ikaspostuak.

Iruñeko Udalak diru-laguntzaren onuraduna izan den ikastetxeko ikaspostuen %30 erreserbatzen ahalko ditu, gehienez ere, behin Nafarroako Gobernuak Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko ikastetxe gisara onetsi eta gero.

Ikaspostu horiek, familiei dagokienez, Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoak eskainiko ditu, bere eskaintza orokorrean eskaini ere, gainerako ikaspostuen baldintza berberekin.

Diru-laguntza jaso duten entitate onuradunez bezainbatean, Iruñeko Udalaren eta kasuan kasuko ikastetxearen arteko hitzarmenak arautuko ditu.

Baldintza ekonomikoak aipatu hitzarmen horrek arautuko ditu, bai eta ikaspostu bakoitzaren prezioa ezarriko ere, zeina kontratupeko diren antzeko beste udal-zerbitzuetan batezbeste aplikatutako prezioa erreferentziatzat hartuta finkatuko baita.

17._Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

ESKABIDE-EREDUA

Izen-deiturak:............., Bizitokia:.............., Helbidea:........................., IFZ:................, Hurrengo honen izenean, ................., Izen-deiturak: .............., IFZ:........... Bizitokia: .................., Kalea:....................., Telefonoa:................, faxa:......................,

Azalpena:

2007. urtean, Iruñeko Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko ikastetxeak berritu, handitu eta eraikitze aldera, norgehiagokako araubidean diru-laguntzak emateko deialdiaren berri izan dutela.

Eskaera:

Eskaera hau kontuan hartzea. Xede hori harturik, eskatutako agiriak atxikirik doaz, haien egiazkotasuna nik ziurtatuta.

Adierazpena:

_Entitateak deialdi honetan galdatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu.

_Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez du eskatzailea ukitzen.

Iruñean, .......(e)ko .................. ren ....(e)an

(Sinadura)

Datuen babesa:

Datu Pertsonalak Babesteko 1999-XII-13ko Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen zaizu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak Administrazio honek berezko dituen eskumenak gauzatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta horien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz (Merkatuko kalea, 7-9. 31001 Iruña).

Iruñean, 2007ko apirilaren 13an._Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L0706667