56. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

Peñei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, 2007. urteko Sanferminetan parte har dezaten

Deialdi honen helburua peñek 2007. urteko Sanferminetan parte hartze aldera diru-laguntzak norgehiagoka araubidean emateko prozedura garatzea da, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat. Ordenantza hori 2005eko azaroaren 3an egindako osoko bilkuran hasiera batez onetsi zuen Udalbatzak, eta hartutako erabakia behin betiko bihurtu da, ez baita erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu, jendaurreko epean, betiere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bigarren lerroaldean xedatutakoa betez.

Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara, 2006ko otsailaren 17ko 21. zenbakian.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra aplikatuko da.

1._Aurrekontua

Deialdi honi 110.000 euro esleituko zaio, gehienez ere, Udalaren aurrekontuko 50 45310 482090 kontusailaren kargura esleitu ere.

2._Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua

Deialdi publiko honek publikotasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun eta bereizkeriarik eza, gardentasun, eraginkortasun eta eragimen printzipioak ditu oinarri, eta peñei diru-laguntzak ematea, xede, 2007. urteko Sanferminetan parte hartu eta besta-giroko jarduerak egin ditzaten.

3._Diru-laguntzak eskatzeko bete beharreko baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak

Baldintza orokorrak bete eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen peñek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

_Peña gisara eraturik dauden elkarteek antolatuak izatea.

_Kokagunea Iruñeko udalerrian izatea.

_Iruñeko Udalak kontzeptu beragatik dituen bestelako diru-laguntzen ildoetan sartuak ez izatea.

Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, oinarri hauen 7. klausulan zehazten diren agiriak aurkeztu behar dituzte.

4._Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak

Kulturako Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.

Diru-laguntzak emateko prozedura Alkatetzak ebatzi behar du.

Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

Batzordeburua:

_Kulturako zinegotzi delegatua

3 batzordekide:

_Kulturako zuzendaria.

_Kultur jardueretako teknikaria.

_Euskara teknikari koordinatzailea.

Idazkaria:

_Kulturako Alorreko administrari bat.

5._Eskabideak noiz eta non aurkeztu

Interesdunen eskaerak ereduarekin bat etorri eta eskatzaileak sinatu beharreko eskabide baten bitartez egin behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea 14 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Epea azken egun balioduneko 14:30ean amaituko da.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Merkatuko k., 7-9) aurkezten ahal dira, edo, bestela, erregistro osagarrietan (_Kulturako Alorra _ Descalzos k., 72-2. solairua-; Ingurumen eta Osasuneko Alorra -San Saturnino k., 2-beheko solairua-, Hiritarren Babeseko Alorra -Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua-; Hirigintza eta Etxebizitzako Alorra - Armada etorbidea, 2-5. solairua-; eta Lehendakaritzako, Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen eta Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko alorrak -Zapateria k., 40-beheko solairua-) zein Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan.

6._Ebatzi eta jakinarazteko epea

Gastua baimendu eta xedatzeko faseak 2007ko ekainaren 30a baino lehenago burutuko dira. Ordaintzeko aginduak banan-banan eginen dira, onuradun bakoitzaren alde, era honetan: %50, uztailaren 6a baino lehen, eta gainerako %50, behin jarduera eta gastuak justifikatuta, eta betiere, beranduenez, 2007ko abenduaren 31n.

7._Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri eta argibideak

Eskabideekin batera, ondoko agiriak aurkeztuko dira, betiere agiriok jatorrizkoak izan beharko dutela, edo, bestela, Udal Idazkaritzak, Alorreko Idazkaritzak edo notario batek konpultsatutako kopiak:

7.1. Peña eskatzailearen nortasun juridikoaren egiaztagiria eta, behar izatera, peñako zuzendaritza batzordea diru-laguntza eskatzeko zein ordezkari ahaldundu eta horren NAN.

Entitateek ez dituzte agiriok aurkeztu beharko, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu badituzte. Kasu horretan elkartearen ordezkariak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du, non egiaztatuko baitu ez dela inolako aldaketarik izan elkartearen estatutuetan, ezta horren ordezkaritzan ere; aurrekoa gorabehera, elkarteak, legezko ordezkarien bidez, bere helburuei eta zuzendaritza-taldeari dagozkien aldaketak oro jakinarazi eta egiaztatu beharko ditu, horiek eskaera aurkeztu ondoren gertatzen badira.

7.2. Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.

7.3. Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak deialdi honetan galdatutako baldintzak betetzen dituela eta hura Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez duela ukitzen egiaztatzeko.

7.4. Eskaeraren xedea diren jarduerak deskribatu behar dituen memoria, eta aurreikusitako gastuen eta diru-sarreren aurrekontu xehekatua.

7.5. Erantzukizunpeko aitorpena, peña eskatzailearen antzinatasun-urteen kopurua egiaztatzeko.

8._Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak

Aurkeztutako jarduerak baloratu eta diru-laguntzek zenbat jo behar duten zehazteko, Batzordeak ondoko alderdiak hartuko ditu kontuan:

_Laguntza zein jardueretarako eskatu eta horien interesa eta kalitatea 50 puntu.

_Aurreko urtean egindako jardueren ebaluazioa 30 puntu.

_Peña noiztik ari den jardunean 20 puntu.

"Interesa eta kalitatea" atalean, gehienezko puntuazioa peñak kokagune duen auzoan zein hiriaren erdialdean kale-animazioko jarduerak gauzatzea eta, gutxienez, ongintzako entitate batera bisita bat egitea kontuan hartzen dituzten proiektuei emanen zaie.

"Jardueren ebaluazioa" atalean, azken bost urteetan egin diren jarduerei emanen zaie gehienezko puntuazioa.

"Peña noiztik ari den jardunean" izeneko atalean, gutxienez hamar urtetik hona ari diren peñei emanen zaie gehienezko puntuazioa.

9._Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat jakinaraziko zaie eskatzaileei.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara, eta ondoko datuak adieraziko ditu: deialdia, diru-laguntza zein aurrekontu-programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea.

10._Diru-laguntzaren bateraezintasuna

Deialdi honetako diru-laguntza bateraezina da beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako diru-laguntzarik eskuratzearekin.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

11._Justifikazioa

Araubide juridikoa Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 34-41. artikuluetan aurreikusia da.

Ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, egindako gastua frogatzeko kontu-ematea aurkeztu behar da, Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 35. artikuluan ezarritako aginduei jarraiki.

Diru-laguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, diru-laguntzaren xedea den jarduera noiz egin eta hortik aitzina, eta, edonola ere, 2007ko abenduaren 31ra bitartekoa.

Frogatzeko kontu-ematea ondoko agiriek osatuko dute:

A._Diru-laguntza jaso duen entitateak aurkeztu beharrekoak:

a) Ebaluazio-memoria, diru-laguntzen xedea den jardueraren gainean; bertan xehetasunez aitortuko dira diru-laguntzen bidez finantzatu diren jarduerak eta haien kostua.

Memoriak gutxienez ondoko edukiak jasoko ditu:

_Programaren edo proiektuaren izena.

_Diru-laguntzaren xedea, aurkeztutako aurrekontu eta proiektuarekin bat.

_Egindako jarduerak eta erdietsi nahi ziren helburuen zein lortutako emaitzen deskribapena.

_Proiektua edo jarduera garatzean egindako aldaketak.

_Finantza bideak zerrendatu: diru-laguntzarekin finantzatu diren jardueren deskribapena, haien kostua adierazita, bai eta norbere funtsekin edo beste diru-laguntzekin finantzatu diren jarduerak ere aipatuta.

_Ebaluazioa eta ondorioak.

b) Egindako gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda izenpetua eta ordenan zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

c) Maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak (uztailaren 4ko 96/2005 Foru Dekretuak aldatua) aipatzen dituen egiaztagiriak, fakturak edo horien ordezkoak eta ordainagiriak, gastua egiaztatze aldera, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta, oro har, trafiko juridikoan baliodun izan edo indar administratiboa eduki eta balio frogagarria duten bestelako agiriak ere, betiere modu korrelatiboan ordenaturik eta aurreko atalak (b) aipatzen duen zerrenda zenbakituan emandako ordena-zenbakiaren arabera. Agiri horien fotokopiak egin eta zerbitzu kudeatzaileak konpultsatu eta adostuko ditu, jatorrizkoak interesdunei itzuliko zaizkielarik. Agiri jatorrizkoak edo horien kopia konpultsatuak entitate onuradunak gorde beharko ditu, gutxienez, lau urtean.

12._Errekurtsoak

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzietako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2007ko apirilaren 17an._Yolanda Barcina. Iruñeko alkatea.

Iragarkiaren kodea: L0706662