56. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

120/2007 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean 18 urtez gorako pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreetarako deialdia egiten duena.

Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onesteko adostasun txostena eman du. Ebazpenaren helburua Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreetarako deialdia egin eta probak egiteko jarraibideak ematea da.

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 52.3 artikuluaren arabera, hezkuntza administrazioek, horretarako ezartzen diren baldintzekin, aldian-aldian probak antolatuko dituzte, hemezortzi urtetik gorako pertsonek zuzenean eskuratu ahal izan dezaten Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua.

Deialdia araudi indardunaren arabera eginen da, bereziki xedapen hauei jarraikiz:

806/2006 Errege Dekretua, ekainaren 30ekoa. Horren bidez ezartzen da Hezkuntzari buruzko maitzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aplikatzeko egutegia. Bada, haren 28.1 artikuluan ezartzen da 2007-2008 ikasturtearen bukaera arte otsailaren 1eko 135/2002 Errege Dekretuak arautuko dituela proba libreak.

_135/2002 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, zeinak oinarrizko baldintzak ezartzen baititu Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 52.3 artikuluan azaltzen diren probak arautzeko; hots, hemezortzi urtez gorako pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eskuratzeko probak.

_170/2000 Foru Agindua, maiatzaren 9koa, zeinak arautzen baitu nola antolatuko diren Nafarroako Foru Komunitateko 18 urtez gorako pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak.

_298/2004 Foru Agindua, urriaren 28koa, zeinak maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduaren artikulu batzuk aldatzen baititu. Azken foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean 18 urtez goitiko pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba libreak antolatzeko arauak eman ziren.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 18 urtez gorako pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eskuratzeko proba librearen bi deialdiak onestea. Proba horiek Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan daude ezarrita eta 2007an eginen dira.

2. Proba horietarako dei egin eta garatzeko jarraibideak ematea, ebazpen honen eranskinean ezarritakoarekin bat.

3. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau igortzea Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Etengabeko Hezkuntza eta Prestakuntzaren Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora, Guraso eta Ikasleendako Argibide eta Aholku Bulegora eta "Félix Urabayen" Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko otsailaren 20an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

ERANSKINA

18 urtez gorako pertsonek Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eskuratzeko proba libreetarako 2007ko deialdia egin eta garatzeko jarraibideak

1._Betebeharrak.

Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua eskuratzeko proba librea egiteko izena ematen ahalko dute azterketak egiteko jarritako egunean 18 urte dituzten pertsonek.

Helduen irakaskuntzako III. mailan matrikula ofiziala egina duen ikasle batek proba librerako izena eman nahi baldin badu, baja eman beharko du irakaskuntza horietan, proba egiteko ezarritako eguna baino bi hilabete lehenago gutxienez, eta horrela egin duela frogatu beharko du inskrizpioa egiten duenean.

Azterketa egiteko, izangaiek NANa edo pasaportea aurkeztuko dute nortasuna frogatzeko.

2._Probak egiteko eguna eta tokia.

Probak ekainaren 21ean eginen dira (1. deialdia) eta irailaren 13an (2. deialdia).

"Félix Urabayen" Nafarroako Helduentzako BHIn eginen dira probak (Bartolomé de Carranza kalea, 5, Iruña).

3._Proba egiteko izen ematea

Ekaineko deialdirako izena emateko epea ekainaren 1etik 20ra artekoa izanen da, egun biak barne direla. Iraileko deialdirako, abuztuaren 27an hasi eta irailaren 12an bukatuko da, biak barne.

Inskripzioak Nafarroako "Félix Urabayen" Helduentzako BHIko idazkaritzan eginen dira (Bartolomé de Carranza kalea, 5, Iruña).

Matrikulazioa urriaren 28ko 298/2004 Foru Aginduko I. eranskinean ageri den inprimaki ofizialean eginen da (aipatu ikastetxean eskuragai dago). NANaren edo pasaportearen fotokopia aurkeztuko da harekin batera.

2002ko, 2003ko, 2004ko, 2005eko eta 2006ko deialdietan arloren bat gainditu duten izangaiek deialdi horietan eskuratutako kalifikazioa izaten segituko dute.

2000ko eta 2001eko deialdietan esparruren bat gainditu duten izangaiei kontuan hartuko zaie, honako honen arabera:

_Komunikazioaren esparrua gainditua badute, Hizkuntzaren arloa gainditutzat joko zaie.

_Gizarte Ingurunearen esparrua gainditua badute, Gizarte Zientzien arloa gainditutzat joko zaie.

_Matematikaren eta Natur Ingurunearen esparruak gaindituak badituzte, arlo zientifiko-teknologikoa gainditutzat joko zaie.

_Arlo zientifiko-teknologikoko esparruren bat, Matematika edo Natur Ingurunea, gainditua badute, ez dute esparru horretako ariketarik egin beharko.

Gai kalifikazioa Nahikoren baliokidea izanen da, ondorioak izan behar dituenean.

DBHko 4. mailako arloren bat edo Helduen Bigarren Hezkuntzako 4. moduluren bat gainditua duten izangaiek, urriaren 28ko 298/2004 Foru Aginduaren 6. eranskinean ageri den baliokidetasun laukiaren arabera baliokidetza egiteko, jatorrizko ziurtagiria eta haren fotokopia aurkeztu beharko dituzte.

4._Probaren alderdi orokorrak.

4.1. Probak.

Probak "Félix Urabayen" Helduentzako BHIn prestatuko dira, eta hortik Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura bidaliko dira, gainbegiratzeko.

4.2. Epaimahaia

Epaimahaia maiatzaren 9ko 170/2000 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz izendatuko da. Epaimahaiak, bere ebaluazio lana ongi egiteko, zilegi izanen du aholkularien laguntza eskatzea hala behar dela iruditzen bazaio.

5._Proba nola eratu, egin eta kalifikatu.

5.1. Probaren egitura

Probak hiru arlotan banatutako ariketak izanen dira:

1. Hizkuntzaren arloa: Komunikazioaren esparruko ariketak eginen dira. Bi parte izanen ditu: bat Gaztelania eta Literaturari buruzkoa eta bestea Atzerriko Hizkuntzari buruzkoa, frantsesa ala ingelesa, aukeran.

2. Arlo zientifiko-teknologikoa: Matematikaren eta Natur Ingurunearen esparruetako ariketak eginen dira.

3. Gizarte Zientzien arloa: Gizarte Ingurunearen esparruko ariketak eginen dira.

Zilegi izanen da kalkulagailua erabiltzea arlo zientifiko-teknologikoko ariketetan.

Hizkuntzaren arloan ezin izanen da erabili gaztelaniazko hiztegirik, ez eta atzerriko hizkuntzen hiztegirik ere.

5.2. Egiteko epea.

Ariketak egun batean eginen dira, goiz eta arratsaldeko saioetan.

Goizeko saioan, 10:00etan hasita, arlo Zientifiko-Teknologikoko eta Gizarte Zientzien arloko ariketak eginen dira. Gehienez ere hiru ordu izanen dituzte.

Arratsaldeko saioan, 16:00etan hasita, Hizkuntzaren arloko ariketa eginen da. Gehienez ere bi ordu eta erdi izanen dituzte saio honetarako.

5.3. Kalifikazioa

Kalifikazioa orokorra izanen da arlo bakoitzean, eta honela sailkatuko da: gutxiegi, nahiko, ongi, oso ongi eta bikain. Kalifikazio hauekin batera zenbaki bat agertuko da, zerotik hamarrera bitartekoa, hamarrenik gabe, eskala honen arabera:

Gutxiegi: (0), (1), (2), (3) edo (4).

Nahiko: (5).

Ongi: (6).

Oso ongi: (7) edo (8).

Bikain: (9) edo (10).

Arlo Zientifiko-teknologikoan kalifikazioa lortzeko, Matematikako eta Natur Inguruneko ariketen emaitzen batez besteko ponderatua eginen da.

Hizkuntzaren arloan, berriz, kalifikazioa lortzeko, batez besteko ponderatua eginen da ariketaren bi parteen artean: Gaztelania eta Literatura eta Atzerriko Hizkuntzak.

Hiru arloak gainditzen dituzten izangaiek proba gaindituko dute, eta epaimahaiak proposamena eginen du Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua emateko.

5.4. Dokumentazioa

Kalifikazioak erabaki ondoren, Epaimahaiak Ebaluazio Aktak beteko ditu. Akta horietan parte-hartzaileak eta arlo bakoitzean izan dituzten kalifikazioak loturik ageriko dira, eta proba libreak gainditu dituztenei Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua emateko proposamena eginen da. Zerrenda horretan, halaber, probetara aurkeztu ez diren izangaiak agertuko dira.

Epaimahaiak behin-behineko ziurtagiria emanen die proba libreak gainditzen dituztenei.

Proba libreak gainditu ez eta Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua emateko proposatzen ezin direnei, baldin eta arloetakoren bat gainditzen badute, ziurtagiri bat emanen zaie eta horretan azalduko da gainditutako arloa edo arloak eta lortutako kalifikazioa. Kalifikazioak kontuan hartuko dira pertsona horiek geroagoko deialdietan berriz parte hartzen badute, eta estatu osoan izanen dute balioa.

Akta eta ziurtagirien ereduak urriaren 28ko 298/2004 Foru Aginduaren 2., 3. eta 4. eranskinetan ageri dira.

Deialdi bakoitzean proba libreak gainditzen dituztenei Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposamena Hezkuntza Departamentura igorriko du ikastetxeak.

Ikastetxeak deialdi bakoitzaren aktaren kopia eta emaitzen estatistika-fitxa igorriko du Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora. Estatistika-fitxaren eredua urriaren 28ko 298/2004 Foru Aginduaren 5. eranskinean dago.

5.5. Emaitzak argitaratzeko tokia eta eguna. Erreklamazioak.

"Félix Urabayen" Helduentzako BHIk aditzera emanen du, ariketak egiten direnean, emaitzak non eta noiz jarriko diren jendaurrean, baita kasuko ziurtagiriak noiz eta nola bildu beharko diren ere.

Epaimahaiak, halaber, aditzera emanen du zein egunetan hartuko diren izandako kalifikazioekin ados ez daudenen erreklamazioak.

Erreklamazioak egiteko prozedura eta epeak araudi indardunak agintzen dituenak izanen dira.

Iragarkiaren kodea: F0706534