56. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1039/2006 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, Kanpoko Giza Baliabideen programako dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onesten duena.

Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren ildo estrategikoetako bat da Nafarroako ekoizpen-sarea sendotu eta dibertsifikatzea, etorkizuneko sektoreak sustatzeko.

Maiz samar, ekoizpen-sarea sendotzeko baldintza da beste herrialde batzuetan sukurtsalak edo planta berriak irekitzea, dela merkatu berriak hornitzeko, dela balioaren katea hobetzeko. Horren guztiaren ondorioz, Nafarroako enpresen lehiakortasuna handituko da.

Atzerrian instalatu nahi duten enpresek duten problemetako bat da aukeratutako herrialdean profesionalak bilatzea, hasieran erakundeekin, bankarekin eta abarrekin izan beharreko harremanak errazteko. Deialdi honen xedea problema hori konpontzeko laguntza ematea da.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Kanpoko Giza Baliabideen programako dirulaguntzak emateko 2007ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko arauak onestea. Arau horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 60.000 euroko gastua onestea, 2007ko gastuen aurrekontuetako 850001 81410 4709 431300 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko apirilaren 11n._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

ERANSKINA

Kanpoko Giza Baliabideen programako dirulaguntzak emateko 2007ko deialdiko arauak

1. araua._Xedea.

Deialdi honek Kanpoko Giza Baliabideen programaren laguntzak arautzen ditu. Programa honen bitartez laguntza eman nahi zaie kanpoan proiektu bideragarriak finkatu dituzten Nafarroako enpresa txiki eta ertainei, helburu den herrian bizi diren pertsonen aukeraketarako erraztasunak emanez, betiere finkatze horiek ez badute berekin ekartzen Nafarroako Foru Komunitateko enpresak lekualdatzea edo balio erantsiaren sorrera galtzea.

2. araua._Dirulaguntzen zenbatekoa eta dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuak.

Dirulaguntzaren xede den jarduera 2007ko abenduaren 1a baino lehen hasi beharko da.

Enpresa batek, kontzeptu guztiak hartuta, gehienez ere 12.000 euroko dirulaguntza jasoko du.

Enpresa eskatzaileak emanen duen bekaren gastuak izanen dira diruz lagungarri. Bekaren iraupena ez da sei hilabetekoa baino laburragoa izanen, eta gastu horri istripu aseguruarena eta bidaian laguntzeko aseguru osagarriarena gehituko zaizkio.

Ez da diruz lagunduko pertsonaren bidaia bere herritik/bere herrira, enpresak ordainduko baitu, ez eta bisatua ere, halakorik behar izanez gero, bekadunak ordainduko baitu.

Aukeratutako pertsonak enpresa, bere eginkizuna, antolaketaren kultura eta ekoizpen prozesua Nafarroako instalazioetan ezagutuko ditu hilabete batean. Gainerako denboran, destinoan egonen dela, enpresak ezarritako planean jardungo du.

Laguntza jaso ahal izateko, bekadunak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

_Maila ertaineko edo goi mailako titulazioa izatea.

_Gehienez ere 35 urte izatea.

_Finkapena eginen den herriko nazionalitatea izatea eta bertan bizitzea.

_Gaztelaniaz ongi jakitea. Beste hizkuntza batzuk jakitea ere baloratuko da.

_Antzeko bekarik jaso ez izana.

_Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak prestatutako prozesuaren ondorioz aukeratu izana.

3. araua._Onuradun izateko baldintzak.

Onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko orotariko betebeharrez gain, enpresa eskatzaileek ondoren aipatzen diren berariazko betebeharrak bete beharko dituzte:

Betebehar horiek 4. arauan aipatzen diren inprimakiak aurkeztuz frogatu beharko dira eta bekaldia bukatu arte eutsi beharko zaie.

1. Helbide fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

2. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren instrukzioa eta tarifak onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legearen I. eranskineko lehenbiziko atalean ezarritako sailkapenetakoren batean sartua behar du enpresaren jarduerak, honako hauek salbuetsirik:

_63tik 68ra bitartekoak.

_75ekoak, 756a salbu.

_81etik 83ra bitartekoak.

_85etik 86ra bitartekoak.

_97koak, 973a salbu.

Halaber, eranskin bereko bigarren atalean jasotako jarduera korrelatiboak ere sartzen ahalko dira, honako hauek betetzen badituzte:

3. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzean gutxienez ere urtebetez osaturik egotea.

4. ETEen beharkizunak betetzea, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan ezarritakoaren arabera.

5. Zerbitzu enpresek, gainera, betebehar hauek bete beharko dituzte:

_Merkaturatzekoaz bestelako balio erantsi osagarria sortzea.

_Zerbitzua atzerrian ematea.

_Beren produktu edo diseinua edukitzea.

4. araua._Eskabideen aurkezpena eta eskaturiko agiriak.

1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Tomás Caballero parkea, 1, 31005 posta kodea), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetako batean.

Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira (Fc7.07.02 inprimakia):

_Ezartze plana, eskabide inprimakiko edukien gidoira egokitua.

_Jarduera plana bekaren iraunaldirako.

_Erantzukizuneko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 13. artikuluko betebeharrak eta kobraturiko laguntzak azaltzen dituena, Fc6.02.02 inprimakiaren arabera.

_Enpresa txiki edo ertaina dela dioen erantzukizuneko adierazpena, Fc6.02.01 inprimakiaren arabera.

Aipatzen diren inprimakiak helbide honetan egonen dira eskatzaileen esku:

http://www.cfnavarra.es/industria/areas/comex/ayplan.htm.

Eskatutako dokumentazioa osorik ez badago, Merkataritza Zerbitzuak hamar eguneko epean osatzeko eskatuko dio interesdunari. Horrela egiten ez badu, uko egiten diola ulertuko da, eta espedientea artxibatuko da, besterik gabe. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

5. araua._Dirulaguntzak emateko irizpide objektiboak

Dirulaguntzak banatzeko erabiliko diren irizpideak hauexek dira:

1. 2. arauan ezarritako gehieneko portzentajeen eta mugen arabera kalkulatuko da dirulaguntza jaso dezaketen jarduerei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa.

2. Aurreko arauaren arabera kalkulaturiko dirulaguntzen batura deialdi honetarako baimenduriko gastua baino handiagoa bada, honelaxe eginen da:

Aurrekontuetako kontusailean dirurik bada, diru hori deialdiaren ondoriozko beharrak betetzeko erabiltzen ahalko da.

Soberakinik ez bada edo beharrak betetzeko adinakoa ez bada, onuradun guztien artean hainbanatuko da.

Hainbanaketa dirulaguntzaren xedearen arabera erabiltzekoa da. Izan ere, haren helburua Nafarroako enpresen lehiakortasunari eustea da, beste herrialde batzuetan finkatzen lagundurik, betiere finkatze horiek ez badute berekin ekartzen Nafarroako Foru Komunitateko enpresak lekualdatzea edo balio erantsiaren sorrera galtzea. Horregatik komenigarritzat jo da eskabideak hautatzeko irizpide baztergarriak ezartzea.

Hainbanaketaren ondoren, 2007ko ekitaldian aurrekontuko diru kopurua igotzen bada, laguntza osagarri bat emanen da, 2. arauan ezarritako portzentaje eta kopurukoa, gehienez ere.

6. araua._Ezartze planak eta jarduerak baliozkotzea eta frogagiriak.

Merkataritza Zerbitzuak eskabideen edukia aztertuko du, 3. arauko betebeharrak egiaztatzeko, eta aurkezturiko ezartze planak eta jarduerak baliozkotuko ditu.

Eskatzaileek betebeharrak betetzen ez badituzte edo zerbitzu horrek haien ezartze planak edo haien jarduerak baliozkotzen ez baditu, ebazpen bat emanen da eskabidea ezesteko.

Planak baliozkotzen zaizkien eskatzaileei halaxe jakinaraziko zaie. Orduantxe hasiko da helburuko herrian izangaiak hautatzen.

Izangaiak aukeratzeko, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak aukeraketa enpresa profesional baten laguntza teknikoa kontratatzen ahalko du.

4. arauan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta enpresa eskatzaileak zehaztutako eskakizunei lotzen zaizkien izangaiak enpresari aurkeztuko zaizkio eta, 15 eguneko epean gehienez ere, haietako bat aukeratuko du.

Hautatu ondorengo hamabost egunetan, betiere 2007ko azaroaren 20a baino lehen, enpresa eskatzaileak Fc7.07.17 inprimakia aurkeztu beharko du, non honako hauek agertuko baitira:

_Hautaturiko izangaiaren izen-deiturak.

_Praktiken iraunaldia.

_Hasteko eguna.

_Bekaren zenbatekoa.

_Aseguruaren zenbatekoa.

7. araua._Laguntza emateko ebazpena eta dirulaguntzaren ordainketa.

Merkataritza Zerbitzuak aurreko arauan ezarririko agiriak aztertuko ditu.

Agiri guztiak badaude, Merkataritza Zerbitzuak organo eskudunari ebazpen proposamena eta dirulaguntza pagatzekoa igorriko dizkio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, Administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Emandako eta ordaindutako laguntza aurrerakin gisa kontsideratuko da eta enpresa onuradunak bekaren, istripu aseguruaren eta bidaian laguntzeko aseguru osagarriaren ordainagiriak eta lankidetzaren emaitzaren azterketa biltzen duen txostena aurkeztu ondotik kontsolidatuko da.

Aurrerakina beharrezkoa da enpresak funtsak beharko baititu kokatzen hasten denean, azpiegitura erosteko. Gero hasiko da dirusarrerak sortzen.

Funtsak ongi erabili direla frogatzen duten agiriak bekaldia bukatu eta hurrengo hilabetean aurkeztu beharko dira.

Agiriak aurkeztu ezean, enpresak aurreratu zaion diru kopurua itzuli beharko du.

8. araua._Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala egiaztatzeko, Fc6.02.02 inprimakiko adierazpenean, eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak dirulaguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

2. Dirulaguntza eman eta pagatzeko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharrak bete ezik, onarturiko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

9. araua._Dirulaguntzen bateragarritasuna eta "de minimis" izaera

1. Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek ekintza beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

2. Deialdiko dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006 Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emaniko "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zergaldiko edozein denboralditan.

Horretarako, onuradunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak adieraztera, eskabideak aurkezten dituztenean.

10. araua._arauen aurkako errekurtsoa.

Arau hauen kontra interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

11. araua._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza Zerbitzuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0706370