56. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

90/2007 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak "Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak" sinatu eta koordinatzen dituzten toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiko arauak onesten dituena, 2005ean eta 2006an sinaturiko itunetako zerbitzu eta jarduerak antolatzeko.

Nafarroako Berdintasunerako Institutua Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomo bat da, gizaseme eta emakumeen arteko bereizkeria guztiak egiazki desagertzen laguntzeko sortua, bai eta Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko esparru guztietan benetako berdintasuna erdiesteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ere.

Abenduaren 18ko 90/2006 Foru Dekretuaren arabera, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea du xede, Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko esparru guztietan. Horretarako, sexuen arteko berdintasuna ahalbidetzen duten baldintzak bultzatuko ditu, izatezko eta zuzenbidezko osotasuna eragozten duten oztopoak gainditzeko eta Nafarroako emakumeen eta gizonen gaineko bereizkeria mota guztiak deuseztatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunerako I. Planean (2006-2010 urteak), lehenengo zeharkako arloan, toki administrazioek berdintasunaren alde jorratu beharreko politikei buruzko atal bat dago. Horren helburu nagusia zera da "Nafarroako toki entitateen konpromisoa bultzatzea emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren arloan", izan ere, erakunde horiek dira gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunerantz aurrera egiteko baldintzak sortu eta indartzeko egokienak, berdintasunerako udal planak onetsi eta garatzeko egitura tekniko eta politikoak sortuz eta sendotuz. Halaber, "Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzea; erantzunkidetasuna" izeneko 7. arloan, 7.3.6 ekintza hau biltzen da: "Udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, bateratzearen aldeko neurriak har ditzaten lagundu eta sustatzea. "

Europako Gizarte Funtsaren 3. helburuko programa operatiboaren esparruan, Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak, apirilaren 14ko 63/2005 Ebazpenaren bidez, "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren herrian edo eskualdean" izeneko programa onetsi zuen, 2005ean herrietan bateratzeko neurri batzuk sustatu eta koordinatzeko.

2005ean, "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren herrian edo eskualdean" izeneko programaren barruan 14 tokian tokiko itun sinatu ziren, eta 2006an 2 tokian tokiko itun mankomunatu. 16 itun horiek 31 herri biltzen dituzte eta on egiten diete 145.641 bizilaguni, 72.885 gizoni eta 72.756 emakumeri.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, martxoaren 2ko 72/2007 Ebazpenaren bidez, tokian tokiko itun bakoitza sinatu duten entitate guztiak "Bateratzeko tokian tokiko itunak edo itun mankomunatuak" sinatu dituzten edo koordinatzen dituzten toki entitatetzat jotzea ezarri da.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak oso interesgarri deritzo toki entitateekiko lankidetzari, herri bakoitzean hasitako prozesuak sendotzeko eta sinaturiko itun bakoitzean aipatzen diren neurriak hartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Koru Komunitateko "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren herrian edo eskualdean" izeneko programa sinatu eta koordinatzen duten toki entitateei, 2007ko sinaturiko itunetan aipatzen diren jarduerak egiten dituztenei, dirulaguntzak emateko deialdiko arauak onestea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 2an eman 72/2007 Ebazpenaren arabera. http://www.cfnavarra.es/INAM Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean argitaratu zen eta foru agindu honen eranskinean ageri da deialdi hori.

2. 128.000 euroko gastua baimentzea, 2007ko gastuen aurrekontuko "Toki Entitateentzako Transferentziak" izeneko 93000 94000 4609 232200 kontusaileko kredituaren kontura.

3. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

4. Foru agindu hau Nafarroako Berdintasunaren Institutura igortzea, baita Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera ere, argitara eman dezaten.

Iruñean, 2007ko martxoaren 26an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako Koru Komunitateko "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren herrian edo eskualdean" izeneko programa sinatu eta koordinatzen duten toki entitateei, 2007ko sinaturiko itunetan aipatzen diren jarduerak egiten dituztenei, dirulaguntzak emateko deialdiko arauak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 2an eman 72/2007 Ebazpenaren arabera. http://www.cfnavarra.es/INAM Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean argitaratu zen eta foru agindu honen eranskinean ageri da deialdi hori.

1. araua._Xedea.

1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Koru Komunitateko "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren herrian edo eskualdean" izeneko programa sinatu eta koordinatzen duten toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, 2007an herrietan bateratzeko jarduera eta zerbitzuak sostengatu eta sustatzeko, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 2an eman 72/2007 Ebazpenaren arabera. http://www.cfnavarra.es/INAM Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean argitaratu zen deialdi hori.

2. Jarduerak entitate sinatzaileek onetsiriko bateratzeko tokian tokiko itunean sartuak izanen dira.

3. Jarduerek, zuzenean edo zeharka, herriko gizon eta emakumeen lana, familia eta norberaren bizitza bateratzen lagundu beharko dute.

Besteak beste, jarduera edo zerbitzu hauek sartzen ahalko dira:

a) Pertsona zahar edo menpekoendako zerbitzu puntualak, zahar-etxeak, etxez etxeko eta antzeko zerbitzu edo baliabideak osatzen dituztenak.

b) Ludoteka eta adin txikikoak zaintzeko zerbitzuak eskolaz kanpoko ordutegietan eta opor garaian.

c) Umeentzako kultur, jolas, josteta edo kirol jarduerak, eskolaz kanpoko ordutegian edo opor garaian, gurasoen lanak eta denborak bateratzen laguntzeko.

d) Ludoteka eta adin txikikoak eta nagusikoak zaintzeko jarduerak, helduendako kultur, jolas, josteta edo kirol jarduerak antolatzeagatik eskaintzen direnak.

2. araua._Esparrua.

Ituna sinatu zuten herriak dira jarduerak burutzeko esparrua. Salbuespen gisa, herrietatik kanpo egiten diren jarduerak aintzakotzat hartzen ahalko dira, herri mugakide batekiko trukaketa edo lankidetza izanez gero.

3. araua._Egiteko epea.

Jarduerak 2007ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin behar dira.

4. araua._Entitate onuradunak.

Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak sinatu eta koordinatu dituzten toki entitateek eskatzen ahalko dituzte laguntzak deialdi honen babesean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 2an eman 72/2007 Ebazpenaren arabera. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren webgunean argitaratu zen.

5. araua._Eskaera egiteko epeak.

Dirulaguntza eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Erregistroan, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako erredakzioan, aurreikusitako prozeduretako edozeinen bidez. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak zertifikatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

6. araua._Agiriak.

1. Entitate interesatuek, dirulaguntza eskatzeko, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

1.1. Eskabidea

Dirulaguntzaren eskabidea ituna koordinatzeko ardura duen toki entitatearen ordezkariak sinaturiko inprimaki normalizatuan aurkeztuko da.

1.2. Toki entitateari buruzko agiriak.

1.2.1. Eskaerari ondoko agiriak erantsiko zaizkio:

_Entitate eskatzailearen datuak. Horretarako ezarritako eredua bete.

_Eskatzen den jarduerari buruzko itunean parte hartzen duten entitate guztiek sinaturiko erabakia. Horretarako ezarritako eredua bete.

_Entitatea zerga-beharkizunetan eta Gizarte Segurantzaren ordainketetan egunean dagoela adierazten duen egiaztagiria eta adierazpen espresa, dioena, ez duela inolako zorrik Foru Komunitatearekin, inolako kontzeptuengatik.

_Entitatearen ordezkariaren erantzukizuneko adierazpena, entitatea dirulaguntzak jasotzeko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean ez dagoela azaltzen duena.

1.2.2. Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean ez da beharrezkoa izanen agiri horiek frogatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 9. artikuluko 4. idatz-zatian xedatu bezala.

1.3. Proiektuari buruzko agiriak.

_Horretarako ezarritako eredua bete.

_Ingurumenaren arloan aurreikusitako praktika egokiak.

Toki entitateei gomendatzen zaie bai eskatutako dokumentazioa aurkeztean bai proiektuak gauzatzean edo haien edukian ingurumenaren arloko praktika egokiak kontuan izan ditzatela, besteak beste paperaren erabilera zentzuzkoa, esate baterako paper birtziklatu eta klororik gabe zuritua erabiltzea eta orriak bi aldeetatik inprimatu edo fotokopiatzea.

Gomendioa da iradokizun horiek hirugarren pertsonei ere helaraztea txostenetan, datu teknikoetan, oroit-idazkietan etab.etan, bai eta programatutako jardueretan parte hartzen duten ikasleei ere.

Planifikatutako jardueretan, edukietan ingurumenaren arloko heziketari buruzko gai edo tailerrak sartzea ere gomendatzen da.

2. Informazioa ezarritako ereduen formatuan aurkeztu beharko da. Eredu horiek Nafarroako Berdintasunerako Institutuan edo http://www.cfnavarra.es/INAM webgunean eskuratu daitezke.

3. Eskatutako agiri guztiek jatorrizkoak izan beharko dute, edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak.

7. araua._Zuzenketa.

Aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitateari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak dioen bezala.

8. araua._Instrukzioa.

1. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Ebaluazio eta Azterlan Atalari dagokio.

2. Proiektuak balorazio batzorde batek baloratuko ditu. Ondoko hauek osatuko dute batzordea: Ebaluazio eta Azterlan Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko bi teknikari eta Administrazio Unitateko burua, batzordeko idazkari lanetan; balorazioa 9. arauan ezarritako irizpideekin bat eginen da, eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak kontuan harturik bakar-bakarrik.

3. Proiektuak baloratzean, Balorazio Batzordeak Nafarroako Emakumearen Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikariei eska liezaieke parte hartzea. Bestetik, egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin litzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

4. Balorazio Batzordeak emandako txostena ikusirik, Ebaluazio eta Azterlan Atalak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio ebazpen proposamena.

9. araua._Irizpide ekonomikoak, dirulaguntza ematekoak eta baloratzekoak.

1. Irizpide ekonomikoak eta dirulaguntza ematekoak.

1.1. Deialdi hau gauzatzeko aurrekontuetan aurreikusitako diru kopurua 128.000 eurokoa da.

1.2. Dirulaguntzak baremoko puntuazioa kontuan hartuta emanen dira, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

Eskabidearekin bat, aurreikusiriko jardueren 100eko 100 finantzatzen ahalko da, proposamen bakoitza, lorturiko puntuazioa eta aurrekontuetan dagoen dirua aintzakotzat hartuz.

1.3. Dirulaguntzen xedeko kontzeptuak:

a) Zainketa eta ludoteka zerbitzuak kudeatu eta haurrendako edo zaharrendako kultur, jolas, josteta edo kirol jarduerak eman dituzten langileen sariak.

b) Jarduera egiteko material suntsigarriak.

c) Autobusak, lokalak, aulkiak, proiektoreak, pantailak edo bestelako material informatikoa edo proiektatzekoa noizean behin alokatzea.

d) Aretoa seinaleztatu eta ornatzea.

e) Publizitatea (liburuxkak, afixak, prentsa, irratia).

f) Bestelakoak, Balorazio Batzordearen arabera.

1.4. Dirulaguntzetatik kanpoko proiektu eta kontzeptuak.

Ondoko proiektu edo gastu kontzeptuak deialdi honetatik kanpo utziko dira:

a) Ludoteka, gizarte-etxe, adinekoentzako zentro, egoitza eta bestelakoetako udal langileen nominak.

b) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen jarduerak.

c) Nafarroako edo Estatuko beste deialdi edo programa batzuetako bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko azpiegiturak, baliabideak edo laguntzak sortu edo mantentzea.

d) Edozein arlotako lege-egoerari buruzko hitzaldiak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuan dohainik eskatzen ahal badira.

e) Batez ere Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumenekotzat jotzen diren jarduketak.

1.5. Toki entitateak diruz lagundutako proiektua gauzatzeko azpikontratazioa aukeratzen badu, %100ean onartuko da.

1.6. Toki entitate onuradunak beste dirulaguntza batzuk jasotzen baditu jarduera berbererako eta, orobat, dirulaguntzen artean jardueraren kostu osoa gainditzen bada, dirulaguntza murriztuko da edo kostutik goitikoa itzuliko.

1.7. Gastuak diruz lagundutako zenbatekoa baino txikiagoak badira, emandako dirulaguntzari kopuru hori kenduko zaio.

1.8. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen proiektuen kopurua.

a) Herri bakar baterako itunak sinatu dituzten toki entitateek proiektu bakar baterako eskatzen ahalko dute dirulaguntza.

b) Itun mankomunatuak sinatu dituzten toki entitateek proiektu batzuetarako dirulaguntza eskatzen ahalko dute, gehienez bi proiektu bost herri sinatzaileko.

2._Balorazio irizpideak.

2.1. 1. arauko 3. atalean aipatutako proiektuak, dirulaguntza jaso dezaketenak, baloratzeko irizpide hauek hartuko dira aintzat:

2.1.1. Proiektuari buruzko alderdiak: gehienez 10 puntu.

_Proposamenaren orotariko kalitatea, lan programaren argitasuna eta bideragarritasuna. 5 puntu.

_Programaturiko jarduerak zabaldu eta jakinarazteko ekintzak. 5 puntu.

2.1.2. Entitatearen berdintasunarekiko eta bateratzeko tokian tokiko itunarekiko konpromisoa. 5 puntu.

2.1.3. Eskaturiko zerbitzu edo jardueraren beharraren justifikazioa: 5 puntu gehienez.

2.2. 2.1.1 atalean 7 puntu gutxienez lortzen ez duten proiektuak baztertu eginen dira.

10. araua._Ebazpena

1. Dirulaguntzari buruzko ebazpena zuzendari kudeatzaileak emanen du eskaera aurkezteko epea bukatu eta 20 eguneko epean gehienez. Ebazpena entitate interesatuei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi egin direla ulertuko da.

2. Esleipenaren gaineko ebazpenean ondokoak agertuko dira: entitate eskatzaileen zerrenda, dirulaguntza jaso behar duten proiektuak eta bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, kasua bada, zein eskaerari esan zaien ezetz.

3. Eskaera lehen aldiz egiten duten entitate onuradunek transferentzia bidez ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko dute, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik 10 eguneko epean, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jaso nahi badute.

4. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak www.cfnavarra.es/inam webgunean jarriko du dirulaguntzen onuradunen zerrenda, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

11. araua._Ordainketa eta justifikazioa.

1. Dirulaguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede diren jarduerak bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

Aurreko hori gorabehera, 1. ereduan dirulaguntzaren aurrerakina eskatzeko atala betetzen duten toki entitateen kasuan, dirulaguntza emateko ebazpenean erabakiko da emandako dirulaguntzaren %75 aurretik ordaintzea. Gainerako %25a proiektua bukatutakoan ordainduko da, proiektua egin izanaren memoria, ondorioak eta egiaztagiriak aurkeztu eta gero.

2. Dirulaguntzaren xedeko jarduerak egin ondoren, entitate onuradunek ondoko dokumentazioa aurkeztu behar dute 2008ko urtarrilaren 10a baino lehen:

Jardueren memoria, prestaturiko ereduaren araberakoa (2. eredua). Eredua Nafarroako Berdintasunerako Instituan eta edo Interneten bidez jaso daiteke (www.cfnavarra.es/inam).

_Idazkariak, kontu-hartzaileak edo entitatearen fede publikoa duen pertsonak sinaturiko ziurtagiria, guztira eginiko gastuak eta erakunde autonomoak finantzaturiko jarduketen kostua frogatuko dituena.

_Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen gastu lagungarriak 12.000 eurotik gorakoak badira, toki entitateak egiaztatu beharko du haien hautapena eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz egin dela.

Toki entitateek zerbitzuak kontratatzen dituztenean, arauetan aurreikusitako kontratazio prozedurak bete beharko dituzte.

3. Entitateak berak dirulaguntzaren xede diren proiektuen finantziazioan parte hartu badu, edo beste dirulaguntza bat jaso badu, justifikazioarekin batera, diruz lagundutako proiektuan erabilitako funtsen zenbatekoa, jatorria eta xedea adierazi beharko dira.

4. Gastuak dirulaguntzaren xede den zenbatekoan pentsatutakoa baino gutxiago baldin badira, horri dagokion partea itzuliko da edo, bestela, bidezko den diru kopurua kenduko da dirulaguntzaren bigarren pagamendutik.

5. Egiaztapenerako epea bete eta entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, egiaztapen betebeharra bete gabe geldituko dela ulertuko da, eta 13. arauan ezarritakoa aplikatu ahal izanen zaio.

12. araua._Zorren konpentsazioa.

Dirulaguntza eman ondoren, onuradunak Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik hartzen badu, zor horiek kitatuz pagatzen ahalko zaio laguntza.

13. araua._Bateragarritasuna

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, haiek proiektu edo jarduera bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

14. araua._Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Hona hemen deialdi honen babesean dirulaguntza jasotako toki entitateen betebeharrak:

a) _Dirulaguntza emateko oinarri izan den portaera izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) 2008ko urtarrilaren 10a baino lehen Nafarroako Berdintasunerako Institutuari erakustea betekizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin eta helburuak bete direla.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol lanak onartzea.

d) Nafarroako Berdintasunerako Instituari jakinaraztea lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortu dituen bestelako laguntza, dirulaguntza, dirusarrera edo baliabideak.

e) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak egoki erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion oinarrietan agindutako moduan.

f) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko beharrezkoa badira ere.

g) Diruz lagundutako jardueren gainean egiten den idatzizko nahiz ahozko publizitatean eta prestatzen den dokumentazio guztian, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parte-hartzearen berri ematea, honela:

_Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala.

_Testuan: Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntza.

Publizitate eta dokumentazio orotan bateratzeko tokian tokiko programarako ezarririko markaren irudia erabiliko da, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak banatuko duena.

Nafarroako Berdintasunerako Institutura betebehar horren froga dokumentala bidaliko da. Baldintza hori betetzen ez bada, entitateari eskatzen ahalko zaio akatsa zuzentzeko. Agindutakoa bete ezean, dirulaguntza ukatzen ahalko zaio.

2. Laguntzen helburuan aldaketarik gertatzen bada, aldez aurretik Nafarroako Berdintasunerako Institutuan eskatu eta behar bezala frogatu beharko da. Zuzendari kudeatzaileak, ebazpen baten bidez, erabakiko du aldaketa hori baimendu edo ukatzea.

15. araua._Ordainketak itzuli beharra.

1. Jarduera burutu ezik edo dirulaguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeko 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek aurreikusitako kasuetan, gainera, bidezko izanen da dirulaguntza pagatu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

2. Justifikazioa arau hauetan ezarritako epeetan egiten ez bada, entitateak kobratu gabe utzi edo itzuli beharreko zenbatekoa irizpide hauen arabera zehaztuko da:

_Eskatutako dokumentazioa urtarrilaren 11tik 31ra bitarte aurkezten bada, kendu beharreko kopurua emandakoaren %50 izanen da.

_Ez da dirulaguntza ordainduko ziurtagiriak urtarrilaren 31 iragan ondoren aurkeztuz gero.

16. araua._Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

17. araua._Aurrekontuen araubidea.

Deialdi hau gauzatzeko aurrekontua 128.000 eurokoa da eta 2007ko gastuen aurrekontuko "Toki Entitateentzako Transferentziak" izeneko 930001 94000 4609 232200 kontusailaren kontura ordainduko da. Dirulaguntzak emateko baldintza izanen da ekitaldi horretan horretarako krediturik egotea.

18. araua._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, bai eta betearazteko ekintzen kontra ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

19. araua._Ordezko arautegia.

Arau hauetan aurreikusi gabeko guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoa den gainerako arauetan xedatutakoak aginduko du.

Iragarkiaren kodea: F0705800