56. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

21/2007 FORU DEKRETUA, martxoaren 19koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculuma ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatean.

Musikako lanbide ikasketak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako arte ikasketen multzokoak dira. Sei kurtsoko gradu batean antolatuta daude. Haien bidez ikasleei kalitateko arte prestakuntza eman nahi zaie eta musikaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatu nahi da.

Ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez ezarritako hezkuntza sistemaren antolaketa berria aplikatzeko egutegia ezartzen duenak, 21. artikuluan xedatzen duenez, 2007-2008 ikasturtean arte ikasketa profesionaletako lehenbiziko lau kurtsoak ezarriko dira, eta iraungi eginen dira urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren bidez arautzen diren maila ertaineko musika ikasketetako lehenbiziko bi zikloak; eta 2008-2009 ikasturtean, berriz, arte ikasketa profesionaletako bosgarren eta seigarren kurtsoak ezarriko dira, eta iraungi eginen da urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren bidez arautzen diren maila ertaineko musika ikasketetako hirugarren zikloa.

Abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuan, Espainiako hezkuntza administrazio guztientzat, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculumeko oinarrizko puntuak finkatzen dira.

Musikako lanbide ikasketak egiten dituzten ikasleen prestakuntzaren helmuga lanbide jarduera bada ere, curriculuma ezin da mugatu teknika instrumentalak ongi erabiltzen ikastera; horiez gain, musikak bereak dituen beste alderdi batzuk ere jorratu behar dira, beharrezkoak baitira musikarien prestakuntza osorako. Hala, bada, musika-tresna jotzen ikasteak curriculumaren ardatz egituratzaile gisa dihardu espezialitate guztietan, eta musikaren inguruko ezagutza teoriko edo praktikoetan sakontzea xede duten beste irakasgai batzuek prestakuntza osagarria eskaintzen dute beste dimentsio zabalago eta konplexuago batean.

Foru dekretu honek dakarren berrikuntza bat taldeko musika-praktikaren inguruan garatzen diren irakasgaien dibertsifikazioa da. Musika-tresnen talde desberdinak osatzeko bidea ematen da eta, halaber, ariketa hori gizarteko harremanetarako eta ideien trukerako tresna izan dadin errazten da.

Beste alde batetik, curriculumean hautazko irakasgaiak sartu dira, ikasleek hezkuntza ibilbide desberdinak aukeratu ahal ditzaten beren interesen arabera.

Foru dekretu honetan zehazten dira musikako lanbide ikasketei dagozkien hezkuntza helburuak, baita bertan bildutako espezialitateetako irakasgai komunen eta berariazkoen helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak ere.

Edukiak ez dira gaikako unitateen sail ordenatu gisa hartu behar, ikasgelan haiei ekiteko orduan; aitzitik, irakasgaietan ezarriko diren programazioetako ibilbideetan sartu beharreko alderdiak dira eta uneoro uztartu behar dituzte ulermena eta adierazmena, ezagutza eta jarduna.

Ebaluazio irizpideek, aurretiaz ezarritako helburuei dagokienez, ikasleek nolako eta zenbaterainoko ikaskuntza lortu behar duten ezartzen dute. Ebaluazioak kontuan hartu behar ditu ikaslearen ingurunea, ezaugarriak eta ahalbideak. Ebaluazioaren eginkizuna ez da prestakuntza arlokoa bakarrik; horrez gain, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren nondik norakoaren berri ematen digu.

Azken batean, musikako lanbide ikasketen helburua da ikasleei kalitateko arte prestakuntza ematea, behar adinako kalitate artistikoa lor dezaten beren musika-adierazpenetan eta ondorengo ikasketak egin ahal ditzaten. Horrela musikaren arloko etorkizuneko profesionalen prestakuntza egokia bermatuko da.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.4 artikuluaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio lege horrek arautzen dituen ikasketen curriculuma ezartzea, betiere Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak jasoz.

Horrenbestez, abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuaren bidez curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatuta daudelarik, bidezkoa da musikako lanbide ikasketen curriculuma ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean.

Hori horrela, Hezkuntza Kontseilariak hala proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluak aurrez irizpena eman duelarik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren 19an izandako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Arauaren xedea.

Foru dekretu honen xedea da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculuma ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Foru dekretu hau aplikagarria izanen da musikako lanbide ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu baimenduetan.

II. KAPITULUA

Musikako lanbide ikasketen helburua eta antolaketa

3. artikulua. Helburua eta antolaketa.

1. Musikako lanbide ikasketen bidez, ikasleei kalitateko arte prestakuntza eman behar zaie eta musikaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatu behar da.

2. Musikako lanbide ikasketen helburua lortzeko, oinarrizko hiru eginkizun bete behar dira: ikasleei prestakuntza ematea, ikasleak orientatzea eta geroko ikasketetarako prestatzea.

3. Musikako lanbide ikasketak sei kurtsoko gradu batean antolatuta daude.

4. Halaber, musikako lanbide ikasketak musika-tresnen espezialitateetan antolatuta daude. Musika-tresnaren ikasketa curriculumaren ardatz egituratzailea da espezialitate horietan.

4. artikulua. Musikako lanbide ikasketen xede orokorrak.

Musikako lanbide ikasketen xedea da ikasleen gaitasun orokorrak eta hezkuntza sistemak berezkoak dituen gizalegezko balioak garatzen laguntzea, baita ondoko gaitasunak garatzen laguntzea ere:

a) Musika entzuteko ohitura hartzea eta kontzeptu estetiko bat ezartzea nork bere interpretazio irizpideak oinarritu eta garatu ahal izateko.

b) Artearekiko sentiberatasuna eta irizpide estetikoa garatzea, prestakuntzarako eta nortasuna aberasteko iturri baita.

c) Musikaren kalitatea aztertu eta baloratzea.

d) Musikaren balioak ezagutzea eta darizkion alderdietatik nortasuna garatzeko egokienak hautatzea.

e) Musika eta kultura arloko sustapen jardueretan parte hartzea, musikaren gozamena transmititzearen esperientzia bizitzeko.

f) Musikako kontzeptu zientifikoei dagokien hiztegi berariazkoa ezagutzea eta zehaztasunez erabiltzea.

g) Musika ondarea ezagutu eta baloratzea, arte eta kultura ondarearen osagai den aldetik.

5. artikulua. Musikako lanbide ikasketen xede orokorrak.

Musikako lanbide ikasketek lagundu egin behar dute ikasleek honako gaitasun hauek eskuratu ditzaten:

a) Norberak hautatu duen espezialitatean, curriculuma osatzen duten irakasgaien edukiak eta helburuak gainditzea, trebetasunez eta kritikarako gaitasunez.

b) Musika-hizkuntzen oinarrizko elementuak, ezaugarriak, eginkizunak eta hainbat ingurune historikotan izan dituzten aldaketak ezagutzea.

c) "Barne-entzumena" erabiltzea afinazioaren, entzute harmonikoaren eta musika-interpretazioaren oinarritzat.

d) Norberak musikarako dituen ahalbide eta ezaugarriei antzematea, bai bakarkako lanean bai taldearekiko harremanetan, eta jarrera egokia izatea taldean beste kideen pare sartzeko nahiz taldearen arduradun gisa aritzeko.

e) Taldeko musika-bizipenak partekatzea ikasgelan eta ikasgelatik kanpo, norberak musikarekin duen lotura afektiboa sendotzeko, kantarien eta musika-tresnen taldeetan parte hartuz.

f) Gorputza eta burua menderatzea, teknika trebetasunez erabiltzeko eta musika entzun eta interpretatzeari arreta osoa jarri ahal izateko.

g) Curriculuma osatzen duten irakasgai guztietan ikasitakoak elkarrekin lotzea eta norberaren bizipen eta esperientzietan aplikatzea, kalitateko arte interpretazioa lortzeko.

h) Musika-tresnaren edo ahotsaren teknikak ezagutzea eta obren eskakizunen arabera aplikatzea.

i) Interpretazioan ezusteko arazoak saihesteko behar diren erreflexuak garatu eta erakustea.

j) Bat-batekotasuna eta tonu aldaketa lantzea, musika-sormenaren berezko elementuak baitira.

k) Bakarka edo talde egokiaren barnean, musika-hizkuntza guztietan idatzitako obrak interpretatzea, eta ongi ezagutzea estilo eta aro guztiak, baita horietako bakoitzean interpretaziorako erabili behar diren baliabideak ere.

l) Jendaurreko jardunean norbere burua kontrolatzea, oroimena menderatzea eta komunikatzeko gai izatea.

6. artikulua. Musikako lanbide ikasketen espezialitateak.

1. Musikako lanbide ikasketak ondoko espezialitate hauetan antolatu dira, Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko:

_Akordeoia

_Harpa.

_Kantua

_Klarinetea

_Klabea

_Kontrabaxua

_Fagota

_Zeharkako flauta

_Moko-flauta.

_Gitarra

_Oboea

_Organoa

_Perkusioa

_Pianoa

_Saxofoia

_Tronboia

_Tronpa

_Tronpeta

_Tuba

_Txistua

_Biola

_Biolina

_Biolontxeloa

2. Hezkuntza Departamentuak espezialitate gehiago ezartzeko baimena ematen ahalko du.

II. KAPITULUA

Curriculuma

7. artikulua. Curriculuma.

1. Espezialitateetako irakasgaien helburuek, edukiek eta ebaluazio irizpideek osatzen dute musikako lanbide ikasketen curriculuma.

2. Ikastetxeek garatu eta osatu eginen dituzte foru dekretu honetan espezialitateetarako ezarritako curriculumak. Horretarako, programazio didaktikoak eginen dituzte, ikasleen beharrak eta ezaugarriak kontuan hartuta. Programazio horiek ikastetxearen hezkuntza proiektuan jasoko dira eta, beraz, horren atal izanen dira.

8. artikulua. Curriculuma osatzen duten irakasgaiak.

1. Musikako lanbide ikasketak honako irakasgai hauetan antolatuko dira:

A) Espezialitate guztietarako irakasgaiak:

_Musika-tresna.

_Musika-hizkuntza.

_Harmonia.

_Musikaren historia.

_Analisia.

B) Espezialitateetako irakasgaiak:

_Ganbera musika.

_Orkestra.

_Banda.

_Taldea.

_Abesbatza.

_Kantuari aplikatutako hizkuntzak.

_Akonpainamendua.

_Piano osagarria.

C) _Aukerako irakasgaiak.

2. Hezkuntza Departamentuak zerrenda batean jarriko du aurreko ataleko irakasgaietatik zeintzuk eman behar diren espezialitate bakoitzeko kurtso bakoitzean.

3. Foru dekretu honen 6. artikuluan aipatutako espezialitateetako irakasgai orokorrei eta berariazkoei dagozkien helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak eranskinean jaso dira.

IV. KAPITULUA

Ikasketa hauetan sartzea

9. artikulua. Musikako lanbide ikasketetan sartzea.

1. Musikako lanbide ikasketetako lehen kurtsoan sartzeko, berariazko sarrera proba gainditu beharko da. Lanbide ikasketak aprobetxamenduz egiteko heldutasuna, gaitasunak eta ezagutzak baloratuko dira proba horretan, foru dekretu honetan ezarritako helburuei begira. Proba hori Hezkuntza Departamentuak arautu eta antolatuko du.

2. Lehen kurtsoan hasi ordez, espezialitate batean sartu nahi bada aurreko kurtsoak egin gabe, berariazko sarrera proba gainditu beharko da eta bertan izangaiak frogatu beharko du kasuan kasuko ikasketak aprobetxamenduz egiteko behar diren ezagutzak badituela. Proba horretan erreferentzia izanen dira izangaiak egin nahi duen kurtsoaren aurreko kurtsoetako ikasgaien helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak. Proba hori Hezkuntza Departamentuak arautu eta antolatuko du.

3. Sarrera probako azken puntuazioa 0 eta 10 bitarteko zenbakia izanen da, hamartar batekin gehienez, eta 5 puntu bildu beharko dira proba gainditzeko.

4. Sarrera proba gainditzen dutenak haren deialdian adierazitako kurtsoan bakarrik matrikulatu ahal izanen dira.

10. artikulua. Matrikulazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak ikasleen matrikulazio prozesuak arautuko ditu.

2. Espezialitate bat baino gehiago egiten dituzten ikasleek behin bakarrik gainditu beharko dituzte espezialitate guztietarako diren irakasgaiak. Irakasgai orokor bat espezialitate batean gaindituz gero, lortzen den kalifikazioa baliozkoa izanen da gainerako espezialitateetarako.

3. Ikasteko behar adinako ahalmena duten ikasleak, salbuespenez eta irakasleek gidaturik, kurtso batean baino gehiagotan matrikulatu ahal izanen dira, Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen dituen baldintzak betez gero.

V. KAPITULUA

Ebaluazioa, kurtsoz igarotzea eta titulazioa

11. artikulua. Ebaluazioa eta kalifikazioak.

1. Ebaluazioa egitean kontuan hartuko dira musikako lanbide ikasketen helburuak eta ikasketa horietako irakasgai bakoitzaren helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak.

2. Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa etengabea eta integratzailea izanen da betiere, baina aldatu eginen da curriculumeko irakasgai batetik bestera.

3. Ikaslearen irakasleek eginen dute ebaluazioa, irakasle tutoreak koordinaturik. Irakasleok modu integratuan ariko dira ebaluazio prozesuan zehar eta prozesu horren amaierako erabakiak hartzeko orduan.

4. Curriculuma osatzen duten irakasgaien azken ebaluazioaren emaitzak 1 eta 10 bitarteko zenbakien bidez adieraziko dira, hamartarrik gabe. Bosteko eta goragoko kalifikazioak positiboak izanen dira eta bostetik beherakoak negatiboak.

5. Ikasleen azken ebaluazio eta kalifikazioa ekainean eginen da. Irakasgai bakoitzaren kalifikazioa ebaluazio agirietan jasoko da, Hezkuntza Departamentuak ematen dituen arauak betez.

6. Hezkuntza Departamentuak ezarriko dituen baldintzak betez, ikastetxeek iraileko proba bereziak antolatuko dituzte, irakasgairen batean ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek irakasgaia gainditu ahal dezaten.

7. Irakasleek, ikasleen ikaskuntzaz gain, irakaskuntza prozesuak eta beren irakaslana ere ebaluatuko dituzte.

12. artikulua. Kurtsoz igarotzea.

1. Ikasleak hurrengo kurtsora igaroko dira irakasgai guztiak gainditzen badituzte edo gehienez ere bi irakasgaitan jasotzen badute ebaluazio negatiboa. Gainditu gabeko irakasgaia musika-tresna jotzen edo kantuan aritzekoa bada, irakasgai horren errekuperazioa hurrengo kurtsoko klaseetan eginen da, hurrengo kurtsoan halako klaserik izanez gero. Gainerako kasuetan, ikasleek aurreko kurtsoan gainditu gabeko irakasgaietako klaseetara joan beharko dute.

2. Kurtso bereko edo kurtso desberdinetako hiru irakasgaitan edo gehiagotan kalifikazio negatiboa izanez gero, ikaslea ezin izanen da hurrengo kurtsora igaro.

3. Musikako lanbide ikasketetako 6. kurtsoaren amaieran hiru irakasgai edo gehiagotan ebaluazio positiborik lortu gabe dauden ikasleek kurtso osoa errepikatu beharko dute. Kalifikazio negatiboa irakasgai batean edo bitan izanez gero, gainditu gabe dituzten irakasgai horiek baizik ez dituzte egin beharko.

13. artikulua. Iraupena.

1. Musikako lanbide ikasketetan gehienez ere zortzi urte eman ahal izanen dira. Ikasleek ezin izanen dute bi urte baino gehiago eman kurtso berean, 6. kurtsoan izan ezik.

2. Salbuespenez, iraupena urtebete luzatu ahal izanen da, ikasketak normal egitea eragozten duen eritasun larriagatik edo aintzat hartu beharreko bestelako inguruabarrengatik. Hezkuntza Departamentuari dagokio ikasketen iraupena luzatzeko baimena ematea, horretarako ezartzen den prozeduraren bidez.

14. artikulua. Titulua.

1. Musikako lanbide ikasketak gainditzen dituzten ikasleek musikako lanbide titulua jasoko dute. Egin duten espezialitatea titulu horretan ageriko da.

2. Musikako lanbide ikasketak amaitzen dituzten ikasleek, Batxilergoko irakasgai komunak gainditzen badituzte, batxiler titulua jasoko dute, Arte Batxilergoko Musika eta Dantzako ibilbide berariazkoa egin beharrik gabe.

15. artikulua. Ebaluazio agiriak.

1. Musikako lanbide ikasketetako ebaluazio agiriak honakoak dira: ikasketa espediente pertsonala, ebaluazio aktak, kalifikazio liburua eta banakako ebaluazio txostenak.

2. Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu ebaluazio agirien ereduak eta horiek bete eta gordetzeko prozedura.

VI. KAPITULUA

Ikastetxeen autonomia pedagogikoa eta antolaketakoa

16. artikulua. Ikastetxeen autonomia pedagogikoa eta antolaketakoa.

1. Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen autonomia pedagogikoa eta antolaketakoa sustatuko du, irakasleen talde-lana erraztuko du, eta beren irakaslanean oinarrituta ikerketan jarduteko bultzada emanen die.

2. Autonomia horren esparruan, ikastetxeei dagokie beren hezkuntza proiektua prestatu, onetsi eta betetzea. Proiektu horretan beren balioak, helburuak eta jarduteko lehentasunak finkatuko dituzte, ikastetxearen gizarte eta kultura ingurunearen ezaugarriak kontuan harturik.

3. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak hezkuntza proiektua gainbegiratuko du, aplikatu behar zaizkion xedapenetan ezarritakoa betetzen duela egiaztatzeko, eta, behar izanez gero, ikastetxeari zuzenketak egiteko eskatuko dio.

4. Musikako lanbide ikasketak ematen dituzten ikastetxeek, baimenduta dituzten espezialitateen curriculuma garatzeko, programazio didaktikoak eginen dituzte, ikasleen beharrak eta ezaugarriak kontuan izanik.

5. Tutoretza eta ikasketetarako orientazioa irakasleen eginkizunetakoak izanen dira musikako lanbide ikasketetan, ikasleen ikaskuntza gidatzeko. Ikasle talde bakoitzak irakasle tutore bat izanen du. Irakasle tutoreak ebaluazioa eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak koordinatuko ditu eta ikasleei ikasketetarako orientabidea emanen die.

6. Irakasleek, helburuak kontuan izanik ikasleen gaitasunak nola garatzen diren ebaluatzeaz gain, irakaskuntza prozesuak eta beren irakaslana ere ebaluatuko dituzte, curriculumeko hezkuntza helburuen lorpenari erreparatuta.

7. Ebaluazioaren emaitzak ikastetxearen urteko memorian jasoko dira eta kontuan hartuko dira, irakaslanean eta hezkuntza proiektuan ezegokitzat jotzen diren alderdiak aldatzeko.

VII. KAPITULUA

Beste ikasketa batzuekiko lotura

17. artikulua. Musikako lanbide ikasketen eta Bigarren Hezkuntzako ikasketen arteko lotura.

Hezkuntza Departamentuak ikasleei aukera emanen die musikako lanbide ikasketak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko ikasketak aldi berean egiteko. Hori horrela izan dadin, Hezkuntza Departamentuak ikasketak antolatzeko neurri egokiak hartuko ditu. Besteak beste, behar diren baliozkotzeak ezarri ahal izanen ditu, eta ikastetxe integratuak sortu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena. Ezgaitasunen bat duten ikasleak.

Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu curriculuma ikasle ezgaitasunen bat duten ikasleen beharrei egokitzeko. Betiere egokitzapen horiek dekretu honetan ezarritako helburuak errespetatu beharko dituzte funtsean.

Bigarrena. Musikako lanbide ikasketak emanen dituzten ikastetxeak.

Musikako lanbide ikasketak musikako kontserbatorio profesionaletan, musikako ikastetxe integratuetan eta ikastetxe pribatu baimenduetan eman ahal izanen dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena. Musikako lanbide ikasketak ezartzea eta otsailaren 13ko 34/1995 Foru Dekretuan araututako curriculumaren araberako ikasketak egiten ari diren ikasleak haietan sartzea.

1. Ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez ezarritako hezkuntza sistemaren antolaketa berria aplikatzeko egutegia ezartzen duenak, 21. artikuluan dioenez, 2007-2008 ikasturtean musikako lanbide ikasketetako lehenbiziko lau kurtsoak ezarriko dira, eta iraungi eginen dira orain arte indarrean egon diren maila ertaineko ikasketetako lehenbiziko bi zikloak.

2. 2008-2009 ikasturtean musikako lanbide ikasketetako bosgarren eta seigarren kurtsoak ezarriko dira, eta iraungi eginen da ordura arte indarra izanen duten maila ertaineko ikasketetako hirugarren zikloa.

3. Iraungitzen ari den sistematik datozen ikasleak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen musikako lanbide ikasketetako kurtsoetara sar daitezen, baliokidetasun taula hau erabiliko da, ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuak ezarri baitu, ondorio akademikoetarako:

1. zikloa

Musikako maila ertaineko 1. kurtsoa.

Musikako lanbide ikasketetako 1. kurtsoa.

Musikako maila ertaineko 2. kurtsoa.

Musikako lanbide ikasketetako 2. kurtsoa.

2. zikloa

Musikako maila ertaineko 3. kurtsoa.

Musikako lanbide ikasketetako 3. kurtsoa.

Musikako maila ertaineko 4. kurtsoa.

Musikako lanbide ikasketetako 4. kurtsoa.

3. zikloa

Musikako maila ertaineko 5. kurtsoa.

Musikako lanbide ikasketetako 5. kurtsoa.

Musikako maila ertaineko 6. kurtsoa eta musikako lanbide titulua.

Musikako lanbide ikasketetako 6. kurtsoa eta musikako lanbide titulua.

Bigarrena. Lehenagoko planetan gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleak sartzea.

1. Foru dekretu honen lehen xedapen iragankorrean aipatutako baliokidetasunak gorabehera, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko Lege Organikoan ezarritako ikasketetan egiten ari den kurtsoan ikasle batek bi irakasgai edo gehiago gainditu gabe baditu, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen ikasketetako kurtso berean sartuko da eta osorik egin beharko du.

2. Bestalde, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritako ikasketetan egiten ari den kurtsoko irakasgaietako batean kalifikazio negatiboa jasoz gero, ikaslea Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak arautzen dituen ikasketetako hurrengo kurtsora sartuko da. Gainditu gabeko irakasgai hori Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzen arabera gainditu beharko du.

3. Ikasleak kalifikazio liburua aurkeztu beharko du, ikastetxe hartzaileak ikasketa espedientea egin eta behar diren datuak jaso ahal ditzan.

Hirugarrena. Otsailaren 13ko 34/1995 Foru Dekretua aplikatu beharra (musika ikasketen erdi mailako curriculuma ezartzen duena, eta Nafarroako Foru Komunitatean maila horretara iristeko arau orokorrak erregulatzen dituena).

Hezkuntza sistemaren antolamendu berria, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoa, ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuan emandako egutegiari jarraituz aplikatu behar da. Musikako lanbide ikasketen antolamendu berria egutegi horren arabera ezarri arte, aplikagarria izanen da otsailaren 13ko 34/1995 Foru Dekretua, musika ikasketen erdi mailako curriculuma ezartzen duena eta Nafarroako Foru Komunitatean maila horretara iristeko arau orokorrak erregulatzen dituena, baita hura garatzen duten arauak ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratuko da otsailaren 13ko 34/1995 Foru Dekretua, musika ikasketen erdi mailako curriculuma ezartzen duena eta Nafarroako Foru Komunitatean maila horretara iristeko arau orokorrak erregulatzen dituena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena. Garapenerako gaikuntza.

Hezkuntza kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko martxoaren 19an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

ERANSKINA

AKONPAINAMENDUA

Sarrera

Akonpainamendu deitzen zaion musika-praktikaren ezaugarria da berez jakintza-arlo desberdinetakoak diren gaitasunak, ezagutzak eta trebetasunak elkarrekin lotu behar direla.

Irakasgai honek baditu zentzua eta hezkuntza-balioa, komenigarria delako hura osatzen duten osagai desberdinak (lehen begiratuan irakurtzea, transposizioa, zifratuak egitea, etab.) bateratzea, horiek guztiak beharrezkoak baitira "akonpainamendu" funtzioan. Ez da ahaztu behar, ordea, osagai horietako bakoitzak berez dakarren esperientzia. Bi alderdiak, funtzionala eta hezkuntzakoa, banaezinak eta elkarren osagarriak dira.

Hala, bada, irakasgai honen edukietan lehentasunezko lekua eman behar zaie egiten jakiteko prozedura edo moduei; askotarikoak izanik ere, horiek hiru ardatz nagusiren inguruan egituratuta daude. Alde batetik halako trebetasun bat behar da musika jotzeko teknikan, edo, beste hitz batzuetan esanda, hura zedarritzen duten mekanismo erreflexuen halako garapen maila bat behar da, musika-tresnaren inguruko hezkuntzaren hasierako urteetan eguneroko praktikaren bidez eskuratu beharrekoa eta irakasgai honek indartu egiten duena; beste alde batetik, aurretik eskuratutako ezagutza harmonikoak erabat ulertu behar dira; eta azkenik, horiek garatzeko eta askotariko egoeretan aplikatzeko sormena behar da. Klabe eta organo espezialitateetan, edukien espezifikotasuna dela eta, arreta berezia jarriko da ikasleak baxu kontinuoan trebatzen.

Irakasgai honen irakaskuntzak, ikuspegi pedagogiko orokorretik, honako eduki multzo hauek bildu behar ditu:

_Bat-bateko irakurketaren praktika, ezinbesteko prozedura baita instrumentistak musika testua bat-batean interpretatu dezan, aldi berean eta berehalakoan haren ezaugarriak bereganatuz, aroari eta estiloari dagokienez. Beraz, kontua ez da bakarrik automatismorako ahalmena eta testua irakurtzeko abiadura areagotzea; horrez gain, testuaren funtsezko elementuen esanahia ulertu behar da eta elementu horiek musika-tresnaren bidez interpretatu behar dira obra irakurri ahala. Bat-bateko irakurketak, horregatik, lotura estua du analisiarekin, eta hau, bere aldetik, aurretiaz eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoen multzo baten mende dago.

_Transposizioa, tonalitatea bakarlariaren tesiturari egokitzea ahalbidetzen duen mekanismo gisa, ?funtsean ahots musikan?. Praktika honek orkestrarako partiturak irakurtzea errazten du, eta, duen balio funtzionalaz gain, hezkuntza-balio handia ere badu, alde batetik prozedura tradizionalak ikasten direlako (klabe aldaketa eta armadura aldaketa, diferentzien kopuruaren kalkulua), eta bestetik, ikuspegi sintetikoa ematen diolako irakurketa harmonikoari. Horri guztiari esker, musika-pasarte baten barne egitura edozein tonalitatetan interpretatu daiteke.

_Zifratuak egitea (zifratu funtzionala, zifratu amerikarra, baxu kontinuoa), melodia baten akonpainamendu praktika gisa. Praktika honek jakintza harmonikoak beren aplikazio instrumentalarekin berehala erlazionatzea ahalbidetzen du, eta, sormen maila jakin bat eskatzen duenez, goi mailan sakonki aztertu ahal izanen den benetako inprobisazioarekiko lehenengo harremana da.

_Klabeko eta organoko ikasleentzat: baxu kontinuoaren azterketa sistematikoa ikuspegi historikotik. Praktika honen bidez askotariko zifratu-metodo historikoak ikasten dira eta organo edo klabezko akonpainamenduan XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan garatu ziren estiloak menderatzen dira.

Irakasgai honen edukiak ez dira hautatu geroko ikasketetan eskuratzen ahalko diren ezagutzetarako ikasleak prestatzeko duten balioagatik soilik; gainera, kontuan hartu da ikasleei hezkuntza etapa honetan prestakuntza emateko berez duten balioa. Ezinbesteko ezagutzak dira musika-tresnaren inguruko ohiko beharrak asetzeko.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako akonpainamendu ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Obra edo pasarte baten antolaera formala, egitura harmonikoa eta fraseatua atzematea musika-tresnarik gabeko irakurraldi azkar batean, funtsezko alderdiak mugatzeko eta lehen begiratuko interpretazioa ahalbidetzeko.

b) Tonu sistemaren elementu eta prozedura harmoniko eta fraseologiko oinarrizkoak ezagutzea, pentsamendu eskema gisa.

c) Obrak jotzea, begi eta buru arintasunez lehen begiratuan irakurrita.

d) Eskema harmonikoak buruz ikasteko eta tonalitate desberdinetan adierazteko behar den trebetasuna eskuratzea.

e) Eskema harmoniko jakin batetik abiatuta unitate formalak inprobisatzea erritmo eta/edo melodia desberdinekin.

f) Sistema desberdinetan (funtzionala, barrokoa eta amerikarra) zifratutako musika dezifratzea eta musika-tresnarekin interpretatzea, lotura harmonikoaren arauak betez.

g) Transposizioko teknika oinarrizkoa ikastea, bai teoria tradizionalean (klabeak, diferentziak) bai memoriaren garapenean eta analisian oinarritua.

h) Pultsua, tempoa eta konpasa menderatzea era guztietako interpretazioetan (lehen begiradako irakurketak, transposizioak, baxuak edo inprobisazioak).

i) Inprobisazioari balioa ematea, sormen eta irudimen musikala garatzen duen praktika gisa.

j) Akonpainamendua sentiberatasunez eta harmonia senez egitea.

Edukiak

Inprobisazioa. Harmonia bakarreko ariketak, zailtasun mailakatuko aldaera erritmikoekin. Oinarrizko egitura harmonikoak, lau, zortzi eta hamasei konpasekoak (akorde bat edo gehiago konpaseko), harmonia tradizionalaren akordeak progresiboki erabiliz: triadak eta zazpidunak inbertsio guztietan, dominante nagusia eta sekundarioak, apoiaturak, napolitarra, seidun gehitua, etab. Oinarrizko egitura erritmikoak: egitura erritmikoa deskribatzea eta akonpainamenduaren zein solistaren egitura erritmikoak egitea. Melodiak egitea egitura harmoniko batetik abiatuta. Esaldiaren barneko zatiketa (motiboa, transposizio, lotura eta progresio bidezko moldaketa, zelula). Galdera-erantzunen prozesua, egitura harmonikoen arabera. Melodia xume baten akonpainamendua egitea, baxu zifratu batetik abiatuta edo ez.

Bat-bateko irakurketa. Lehen begiradako irakurketa eta haren aplikazio praktikoa. Irakurketa harmonikoaren atarikoak. Analisi harmoniko-erritmiko-melodikoa bat-bateko irakurketari aplikatuta. Egitura harmonikoa buruz ikastea pasarte laburrak irakurri aurretik. Tonu-esparruko partituren irakurketa harmonikoa. Analisitik eratorritako funtsezko elementuen interpretazioa. Garai eta estilo desberdinetako partituren bat-bateko irakurketa. Bat-bateko saioa, laguntzaile gisa edo ez.

Transposizioa. Transposizioa gaur egungo musikan. Transposizioa, gaitasun eta erreflexuen garapen hezitzaile gisa. Transposizio harmonikoa, eta horrek tresna polifonikoetan duen aplikazioa. Transposizioaren teknika eta mekanika tradizionala: klabeak, armadurak, diferentziak etab., eta horien erabilgarritasun praktikoa. Partituren irakurketa eta transposizio harmonikoa. Buruz pasarte laburren transposizioa egitea edozein tonalitatetara. Transposizio-tresnei buruzko teoria.

Baxu zifratua. Zifratu harmonikora hurbiltzea, triadei eta zazpidunei dagozkien zifratuen erabilera eta esanahia tonu-harmonian, obra homofonikoak eta akonpainamendu-eredua dutenak. Baxu zifratu barrokoaren atarikoak; haren ikurrak eta akonpainamendu estiloa. Zifratu amerikarraren atarikoak, musika arinaren oinarrizko zifratuen erabilera eta esanahia. Errepertorioko kantak prestatzea askotariko erritmoekin eta harmonia errazekin. Klabeko eta organoko ikasleentzat: baxu kontinuoaren azterketa sistematikoa; haren zifratua eta estiloak XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan.

Ebaluazio irizpideak

1. Obra batean, teklaturako partituraren pasarte baten barneko egitura harmonikoaren analisia egitea.

Irizpide honen bitartez neurtu ahal izanen da ikasleak zenbaterainoko gaitasuna duen analisia erabiliz musika pasarte baten egitura harmonikoari antzemateko eta musikagileak obra hori egitean eman dizkion tratamendu desberdinak bereizteko.

2. Teklaturako partitura bateko pasarte erraz bat harmonikoki irakurtzea.

Irizpide honen bidez ikaslearen ezagutza analitikoak baloratu ahal izanen dira, oinarrizko egitura harmonikoen identifikazioari dagokionez. Horretarako irakurketa saioa eginen da, non, batez ere, egitura horien ikuspegitik funtsezkoa ez den guztia kendu beharko den.

3. Partitura bat-batean irakurtzea bakarlari edo laguntzaile gisa.

Irizpide honen bitartez baloratu nahi da zenbateraino garatu dituen ikasleak partitura gero eta luzeago eta zailagoen bat-bateko irakurketaren bidez lantzen diren erreflexuak eta gainerako gaitasunak.

4. Egitura harmoniko bat buruz ikasi eta modu elementalean interpretatzea tonu jakin batean, aurretik emandako ereduei jarraituz.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duen ikasleak neurri desberdinetako eskema harmonikoak musika-tresnaz jotzeko, aro klasikoko eta erromantikoko partituretatik hartutako pasarteen analisitik abiatuta, lan eredu gisa.

5. Buruz ikasitako egitura harmonikoak interpretatzea modu elementalean eta hainbat tonalitatetan.

Irizpide honen bitartez baloratu ahal izanen da zenbateko gaitasuna duen ikasleak oinarrizko eskema harmonikoak, errepertorio klasikoko obra ezagunetatik ateratako eskema harmonikoak eta bestelakoak buruz edozein tonalitatetara aldatzeko.

6. Neurri desberdinetako egitura harmonikoak modu praktikoan interpretatzea, formulazio erritmiko eta konpas mota desberdinak erabiliz.

Irizpide honen bitartez jakin nahi da zenbateko trebetasuna duen ikasleak konplexutasun maila desberdinetako eskema harmonikoak garatzeko, errealizazio erritmiko desberdinen bidez. Halaber, ikaslearen ulermen teoriko eta praktikoaren mekanizazio maila ebaluatu nahi da.

7. Egitura melodiko bat lau edo zortzi konpaseko egitura harmoniko baten gainean jartzea, galdera-erantzunen printzipio orokorren arabera.

Irizpide honen bitartez jakin nahi da zenbateko gaitasuna duen ikasleak, ematen zaizkion eskema harmonikoetatik abiatuta, horiekin bat datozen egitura melodiko desberdinak sortzeko, eta zenbateko trebetasuna duen emaitzako fraseatua modu logikoan antolatzeko, galdera-erantzun gisa aurkezten ahal diren elementu eta prozedurak erabiliz.

8. Tonu-esparrukoak eta gero eta konplexutasun handiagokoak diren teklaturako piezen transposizioa egitea hainbat bitartetara.

Irizpide honen bitartez, ikasleak tonalitate guztiak modu berean menderatzeko duen maila neurtu nahi da; ez bakarrik notaz notako transposizioak sortutako konplexutasunaren bidez (honen ondorio diren klabe eta armadura desberdinetako irakurketarekin), baizik eta, batez ere, egitura harmoniko desberdinak hainbat bitartetara eramanez.

9. Baxu zifratu akademikoak egitea: zifratu funtzionala edo estandarra.

Irizpide honen bitartez baloratu nahi da ea ikaslea gai den baxu zifratu estandarrari buruzko ezagutza denbora errealean aplikatzeko, ahotsak behar bezala lotuz.

10. Melodia baten akonpainamendua egitea baxu zifratu estandar batetik abiatuta, akonpainamendurako eredu erritmiko desberdinak erabiliz, estilo klasikoaren eta erromantikoaren arabera.

Irizpide honen bitartez, ikasleak zifratu mota hau menderatzeko duen maila baloratu nahi da, eta jakin nahi da zenbateko gaitasuna duen hartatik abiatuta akonpainamendu errazak egiteko, lotura harmonikoaren arauak errespetatuz eta tempoari eutsiz.

11. Barrokoko errepertorioko pieza erraz bateko baxu kontinuoa egitea.

Irizpide honen bitartez baloratu nahi da ea ikaslea gai den baxu zifratu barrokoari buruzko ezagutza denbora errealean aplikatzeko, ahotsak behar bezala lotuz eta interpretazioan estilo horretara hurbilduz.

12. Aurretik hautatutako musika arineko kanta baten partituran seinalatutako akordeak egitea, oinarrizko erritmo batez. Partituran melodia eta zifratu amerikarra soilik agertuko dira, edo azken hori soilik.

Ebaluazio irizpide honen bitartez ikusi nahi da ea zenbaterainoko gaitasuna garatu duen ikasleak, sistema amerikarraren arabera, harmonizazio-zifratuaren deskodeketaren bidez forma instrumentala emateko, eta, era berean, sistema horretaz duen ezagutza eta erabiltzeko trebetasuna neurtu nahi dira.

13. Aurretik hautatutako musika arineko kanta baten partituran seinalatutako akordeak egitea, oinarrizko erritmo batez eta melodia ere sartuta. Partituran melodia eta zifratu amerikarra soilik agertuko dira.

Ikasleak zifratu amerikar baten deskodeketatik abiatuz akonpainamendu bat eratzeko duen gaitasuna neurtzeaz gain, aldi berean melodia interpretatzeko duen gaitasuna ere neurtu nahi da irizpide honen bitartez.

14. Melodia erraz baten akonpainamendua inprobisatzea baxu zifraturik gabe.

Irizpide honen bitartez baloratu ahal izanen da zenbateko gaitasun eta trebetasuna duen ikasleak akonpainamendu erraz bat harmonizatu eta prestatzeko inolako euskarririk gabe, melodiak berak eskaintzen duena izan ezik.

ANALISIA

Sarrera

Ikasleak goiko kurtsoetan dituen maila teknikoa eta interpretazio maila aski dira zenbait obra lantzeko. Horien dimentsio formalek, konplexutasun harmoniko, polifoniko eta tematikoak eta aniztasun estilistiko eta estetikoak, ordea, beharrezkoa egiten dute musika-hizkuntzako elementu eta prozedura nagusiak sakonago ezagutzea, baita horiek konposizio-teknika desberdinekin duten erlazioa ere. Horrela, obra horiek gero eta hobeki ulertuko dira eta, horrenbestez, interpretazio egokia lortuko da. Ulermen-hobetze hori analisiaren bidez lor daiteke, teknika desberdinetan idazteko trebezia garatzea ezinbestekoa izan gabe.

Analisi irakasgaiaren helburua, konposizioaren elementu eta prozedura nagusiez (harmonia, kontrapuntua etab.) ezagutza teorikoa eskaintzeaz gain, kultur fenomeno den musikatik banandu ezinezko faktore historikoak eta, era berean, faktore psikopertzeptiboak ikasleei erakustea da. Faktore horiek ezinbestekoak dira musika-obra fenomeno psikologiko moduan ulertzeko eta, gainera, analisia ikuspuntu garrantzitsu guztietatik egiteko tresna metodologikoen multzoa eskaintzen dute.

Musikako artelan oro elementu morfologiko eta prozedura sintaktiko batzuetatik abiatuta sortua da. Hizkuntzarekiko antzekotasun horrek musikari Hizkuntzalaritzako zenbait irizpide aplikatzeko aukera ematen du. Irizpide horiek, jakintza arloen arteko analogia mekaniko hutsa izan ordez, ezagutzarako bide emankorrak dira.

Diakronia eta sinkronia irizpideak dira, segur aski, analisi musikalari ongien egokitzen zaizkionak: alde batetik, soinuaren euskarri den denbora psikofisikoaren kontsiderazioan, une sinkronikoen segida bat bereiz daiteke musikaren bilakaera diakronikoan (zehatz-mehatz aztertzeko testuingurutik atera daitezkeen uneak dira); eta bestetik, estilo bati edo, behintzat, autore eta garai bati dagokion musika-obra ororen balorazioan (beren izaera zehatza lehenagoko eta ondorengo estilo edo garaiekin hertsiki erlazionaturiko une sinkroniko zabal gisa ulertzen direnean eskuratzen baitute), haiek zati txiki bat osatzen dute Musikaren Historiaren osotasun zabalean.

Gainera, analisi musikala azken hamarkadetan Fisika eta Psikologia bezalako zientzia esparruetatik datozen ekarpenez aberastu da. Horixe da jakintza arlo honek azken garaiotan izan duen goraldiaren arrazoia. Adimenaren mekanismoen eta horiek estimulu fisikoekin duten loturen esparruan aztertu behar dira gure pertzepzioaren eta ondorioz musika ulertzeko gure ahalmenaren jatorria eta horiek mugatzen dituzten arrazoiak, baita, era berean, batera forma orokorra osatzen duten elkarte eta forma txikienak ere. Egitura-analisia psikopertzepzioan sendo oinarritua dago eta horren arabera soilik uler daiteke bete-betean.

Analisiak, irakasgai gisa, goiko kurtsoetan hartzen du benetako balioa, nahiz eta, bere izaeragatik, musika ikasketen hasieratik etengabe agertu behar duen gaia izan.

Oinarrizko edo beheko mailetan, Musika-hizkuntza edo Musika-tresna bezalako beste irakasgai batzuetan egin daitekeen analisiaren konplexutasun maila ikasleak duen jakintza mailaren araberakoa izanen da, noski. Obrak egoki interpretatzeko ezinbestekoak diren elementu tematiko, fraseologiko eta abarrekoetan jarriko da arreta, ulergaitzak izan daitezkeen teknizismoak baztertuz. Analisi irakasgai honetan, aldiz, ikasleak jada jasoak ditu gai honetan sakontzeko behar diren ezagutzak.

Analisiaren irakaskuntzaren edukietan, beraz, gure musika-hizkuntza osatzen duten elementuei buruzko eduki guztiak sartzen dira. Analisia beren garai eta estiloetako eredu diren obra gutxi batzuen azterketara mugatuko da. Obra horiek, ahalik eta sakonen landurik, mendebaldeko musika-tekniken ikuspegi zabala eta beste obra batzuen analisian aplikatu ahal izanen diren irizpide metodologikoak eskainiko dituzte.

Irakasgai honetan, hainbat kontu tekniko edo estilistikoren ikaskuntza teorikotik harago, aurrerapauso bat eman nahi da: ikasitako elementu eta prozedurak belarriz ezagutzeko praktikak eginen dira, eta musika-tresnekin ere oinarrizko praktikak eginen dira haiek barneratzeko.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako analisi ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Garai eta autore desberdinen konposizio-elementu eta -prozedura nagusiak ezagutzea.

b) Obrak hainbat ikuspuntutatik aztertzea, hobeki ulertzeko.

c) Garai desberdinetako konposizio-prozeduren eta horietatik eratorritako egitura formalen arteko lotura ulertzea.

d) Aztertutako obrak nork bere baitan entzutea.

e) Garai eta autore desberdinen konposizio-elementu eta -prozedura nagusiak belarriz ezagutzea.

Edukiak

Musika-hizkuntzaren elementuen analisia egitea, hainbat garaitako eta hainbat egileren obretan. Musika-hizkuntzaren osagaien aniztasuna: forma, melodia, erritmoa, temaren eraldaketa, bertikaltasuna, lotura harmonikoak, modulazioa, kontrapuntua, tentsio eta lasaitze prozesuak, kadentziak, proportzioak, polaritateak, tinbrika, artikulazioa, dentsitatea, jarraitutasun, koherentzia eta kontraste irizpideak, musika idazteko zeinuak etab. Analisia egiteko zenbait ikuspegi: konposizio prozesuen azterketa, forma eta tonu analisia, egitura analisia, psikopertzepzioarena, historizista etab. Ikasitako elementu eta prozeduren entzumenezko praktika, haiek barneratzeko.

Ebaluazio irizpideak

1. Obren analisiaren bidez, mendebaldeko musika-hizkuntzaren garai bakoitzeko elementu morfologikoak bereiztea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu ahal izanen da zenbateko trebetasuna duen ikasleak ikasitako elementu guztiak ezagutzeko eta estiloaren ikuspuntutik ulertzeko, estiloari modu sinkronikoan eta diakronikoan erreparatuta.

2. Mendebaldeko musikaren garai desberdinetako obren analisiaren bidez, eskala txikian forma eratzen duten prozedura eta elementuak ezagutzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da zenbateko trebetasuna duen ikasleak tema-eraldaketarako prozedura sintaktikoak ezagutzeko eta ea gai den prozedura horien eginkizun funtzionala baloratzeko eta estiloaren ikuspuntutik haiek ulertzeko, estiloari modu sinkronikoan eta diakronikoan erreparatuta.

3. Mendebaldeko musikaren garai desberdinetako obren analisiaren bidez, eskala handian forma eratzen duten elementuak, prozedurak eta egitura mailak ezagutzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duen ikasleak obraren forma globala lantzerakoan autoreak erabilitako irizpideak ezagutzeko (proportzioari, koherentziari, kontrasteari eta abarrekoei buruzko irizpideak), irizpide horien eta eskala txikian forma eratzen duten elementuen arteko erlazioa ulertzeko eta egitura mailak zehazteko, horien barnean elementu eta prozedura bakoitzak duen eginkizuna mugatuz.

4. Eskala txikian forma eratzen duten elementu eta prozedurak entzumenez ezagutzea.

Irizpide honen bitartez ikaslearen entzumena ebaluatu ahal izanen da ikasitako elementu eta prozeduren identifikazioaren bidez, funtsean homofonikoak diren pasarteetatik eta horizontaltasun handiagoko beste batzuetatik abiatuta.

5. Eskala handian forma eratzen duten elementu eta prozedurak entzunez ezagutzea.

Irizpide honen bitartez ikaslearen entzumena neurtu nahi da, egileak obraren forma orokorra lantzerakoan erabilitako irizpideak (proportzioari buruzkoak, koherentziari buruzkoak, kontrasteari buruzkoak etab.) belarriz identifikatu behar baititu. Halaber, irizpide horien eta eskala txikian forma eratzen duten elementuen arteko erlazioa ulertzeko gaitasuna neurtu nahi da.

HARMONIA

Sarrera

Mendebaldeko musika-hizkuntzak askotariko elementuak ditu. Kontzeptualki desberdinak eta, ondorioz, analitikoki sailkagarriak badira ere, elementu horiek musikaren testuinguruan osotasun baten gisa hautematen ditugu. Harmonia bi gauza hauetaz arduratzen da: batetik, eta ikuspegi morfologikotik, denborako une jakin batean gertatzen denaz; bestetik, sintaktikaren barnean, gertaera horrek aurrekoarekin eta ondorengoarekin duen erlazioaz, alegia, testuinguruan betetzen duen funtzioaz.

Tonu-sistema gizakiak egin duen asmakuntza handi eta emankorrenetakotzat har daiteke, eta, eragiten duen sinplifikazioaren ondorioz, bere postulatuen eta bere mekanikaren arabera konposatu ez diren musika lanen entzute hutsa zorrotz baldintzatzera irits daiteke. Haren berezitasunak ezagutzea, haren eraketaren eta desegitearen inguruko kontu guztiak ongi ezagutzen dituenarentzat, entzute adimentsu eta kontzientea garatzeko tresna ahaltsua da. Tresna horrek aukera emanen du bai tonu-sistemaren printzipioen arabera konposaturiko musika lanak bai printzipio horietara egokitzen ez direnak behar bezala baloratzeko. Harmoniaren irakaskuntzari dagokio sistema hori sakonean ezagutaraztea eta sistema osatzen duten elementuen funtzionamenduaren mekanika erakustea.

Harmonia musika-hizkuntzaren jarraipena izanik, zentzuzkoa da haren alderdi teoriko oinarrizkoenak jada irakasgai horretako ikasketetan bilduta egotea. Bestalde, intonazio praktikak, ikasitako musika-tresnaren errepertorioak eta ikasleak bere gizarte inguruneko musika jardueretan parte hartu izanak, praktika eta errepertorio batzuekin jarriko zuten, dudarik gabe, harremanetan. Praktika eta errepertorio horiek, gehien-gehienetan, ikasleak musika ikasketen etapa honetan bere hezkuntza eta prestakuntzarako lehentasunezkoa duen tonu-sistemaren arabera konposatutako musika lanez osaturik egonen dira.

Hori horrela bada, harmonia ikasketek, pixkanaka, badakienik jakin gabe dakienaz ohartarazi beharko dute ikaslea; ama hizkuntzaren gramatikaren antzera jokatuko du: ez hitz egiten irakatsiz, nola hitz egiten den ulertaraziz baizik.

Irakasgai hau, funtsean, aipatu tonu-sisteman oinarrituko da, baina betiere prisma sinkroniko-diakroniko bikoitz baten ikuspuntutik. Alde batetik, tonu-sistemak bere baitan itxitako egiturak dituela kontuan izanik (eta hain zuzen ere egitura horiek aztertu eta analizatu egin daitezke, zehatz-mehatz definitutako estilo bati hertsiki lotuta egoteak dakarren iraunkortasunari esker); eta bestetik, harmonia ikastean ez da ahaztu behar estilo bakoitzak mendebaldeko musika-hizkuntzaren bilakaera diakronikoan bere lekua duela, eta estilo bakoitzaren elementu morfologikoetan eta sintaxian haren iraganeko elementu eta prozedurak aurkitzen direla, baita, ezkutuan, haren bilakaeraren ondorioak ere.

Tonu-sistema zehatz eta sakon ezagutzeak, bestalde, musikaren historia bezalako beste ikasgai batzuk pausoz pauso hobeto ulertzea ahalbidetuko du. Harmoniak loturak egin beharko ditu ikasgai horiekin, ezagutzak eskuratzeko komeni den osagarritasunaren bila.

Irakasgaiaren edukiak tonu-sisteman erabiltzen diren elementu eta prozeduren antolamendu logiko eta mailakatu baten arabera daude ezarrita. Ikasi beharreko elementu bakoitzari dagozkion kontzeptuetan, erabileraren alderdi mekanikoa kontuan hartzeaz gain (irizpide sinkronikoa), ohar historiko eta estilistikoak kontuan izango dituen balorazio diakronikoa ere beharrezkoa izanen da. Balorazio hori analisiaren bidez eginen da nagusiki. Analisia ikasketen etapa honetan landu beharreko irakasgai guztiz garrantzitsua izanen da.

Prozedurei dagokienez, kontuan izan behar da ikasleak ikasketa hauetan zehar harmonia tonalaren alderdi morfologiko eta sintaktikoen ingurukoak ikasiko dituela. Errazago ikas dadin, eta ikaslearen aprobetxamendua ebaluatze aldera, irizpide batzuk garatuko dira, jakintza arlo hau harmoniaren errealizazioaren tratamendu bertikal, ia homofoniko batetik (harmoniaren dimentsio bikoitza osatzen duten elementu eta prozedura morfologiko eta sintaktikoak beren formulazio eskematikoenean uler daitezen) musikaren errealitatearekin lotura estuagoa duten idazketa tekniken erabilerarantz bideratzeko.

Horrez gain, irakasgai honen ikasketen hasieratik beretik, ikaslearen berezko sormena bultzatu beharko da, eta ez ikasitako arau estilistikoen araberako ariketen konposizio osoari dagokionez bakarrik, baizik eta musika gauzatzeak ikasleari bere hazkundean sortzen dizkion hainbat arazo (harmonia, forma, ehundura, era guztietako kontrasteak etab.) konpontzen pixkanaka ikasteko eta bere bat-bateko sormena garatzeko baliagarri diren pieza libre labur, ahozko nahiz instrumentalei dagokienez ere bai.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako harmonia ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Harmonia tonalaren oinarrizko elementuak, ezaugarriak, eginkizunak eta hainbat ingurune historikotan izan dituzten aldaketak ezagutzea.

b) Idatzizko lanetan harmonia tonalaren oinarrizko elementu eta prozedurak erabiltzea.

c) Bai analisian bai idatzizko ariketetan, nork bere baitan harmonia entzutea.

d) Entzumenaren bidez harmonia tonalaren akorde eta prozedura arruntenak ezagutzea.

e) Obren analisiaren bidez akordeak, harmonia tonalaren prozedura arruntenak eta eraldaketa tematikoak ezagutzea.

f) Prozesu harmonikoen eta forma musikalaren arteko loturak ulertzea.

g) Norberaren edo besteren musika lanetan nahiz baliabide elektronikoen bidez automatikoki sortutako harmonizazioetan ager daitekeen kalitate harmoniko eskasa kritikatzen jakitea.

Edukiak

Akordea. Kontsonantzia eta disonantzia. Akorde triaden eta akorde zazpidunen funtsezko egoera eta haien inbertsioa eskalako gradu guztien gainean, eta dominantearekiko akorde bederatzidunenak. Akorde-lotura. Tonalitatea eta funtzio tonalak. Tonu-sisteman dauden jatorri modaleko elementu eta prozedurak. Erritmo harmonikoa. Kadentziak: perfektua, inperfektua, plagala, hautsia. Prozesu kadentzialak. Modulazioa: diatonikoa eta kromatikoa, funtzio tonalaren aldaketaren bidezkoa, tonu eta modu aldaketen bidezkoa, etab. Flexio introtonalak. Progresio tonubakarrak eta modulatzaileak. Seidunen eta zazpidunen serieak. Aurreko elementu eta prozedura horiek idatzizko lanetan erabiltzea. Entzumenaz eta musika-tresnaz praktikatzea, ikasitako elementu eta prozedurak barneratzeko. Obrak aztertzea, elementu eta prozedura horiek elkarrekin lotzeko eta erabilitako materialen eraldaketa tematikoak beren testuinguru estilistikoarekin eta musika-formarekin erlazionatzeko.

Ebaluazio irizpideak

1. Ariketak egitea, baxu zifratu jakin batetik abiatuta.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ikasleak akorde-kateamenduaren mekanikaren ingurukoak menderatzen dituela eta ikuspegi musikaletik zaindua eta interesgarria den errealizazio bati horiek aplikatzen dakiela.

2. Harmonizazio ariketak egitea, tiple jakin batzuetatik abiatuta.

Irizpide honen bitartez ebaluatuko da zenbaterainoko gaitasuna duen ikasleak akordeak eta prozedura harmoniko desberdinak erabiltzeko ikuspegi sintaktiko batetik, errealizazio zaindu eta interesgarriaren bidez, eta baxuaren ahotsari arreta berezia jarriz.

3. Harmonizazio ariketak egitea, zifratu gabeko baxu jakin batzuetatik abiatuta.

Irizpide honen bitartez ebaluatzen ahal da zenbateko gaitasuna duen ikasleak akorde eta prozedura harmoniko desberdinak ikuspegi sintaktiko batez erabiltzeko, eta zenbateko trebetasuna duen ikuspegi musikaletik zaindua eta interesgarria den errealizazioa lortzeko, sopranoaren ahotsari arreta berezia jarriz.

4. Ariketa laburrak konposatzea, emandako edo norberak sortutako eskema harmoniko batetik abiatuta.

Ebaluaziorako irizpide honen bitartez baloratzen ahalko da zenbateko gaitasuna duen ikasleak ohar harmoniko eskematikoetatik, edo proposatuko zaizkion beste prozedura batzuetatik, musika pieza txikiak osorik sortzeko. Era berean, muturreko ahotsei arreta berezia jarriz, logikoa, zaindua eta interesgarria den errealizazioa lortzeko duen trebetasuna neurtuko da.

5. Entzumenaren bidez, harmonia tonalaren elementu morfologiko nagusiak ezagutzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu ahal izanen da noraino garatu den ikaslearen entzumena, ikasitako akorde mota desberdinak identifikatu beharko baititu, bai beren egoera funtsezkoan bai beren inbertsioetan.

6. Entzumenaren bidez, harmonia tonalaren prozedura sintaktiko nagusiak ezagutzea.

Ebaluaziorako irizpide honek bide emanen du ikaslearen entzumenak nola egiten duen aurrera baloratzeko, oinarrizko elementu formaletan (kadentziak, progresioak, etab.) akorde bakoitzak duen funtzioa ezagutzeari dagokionez.

7. Entzumenaren bidez egitura formal zehatzak ezagutzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek obra bat nola eraikia dagoen identifikatzeko eta forma horren eta erabilitako prozedura harmonikoen arteko lotura estua ulertzeko.

8. Obren analisiaren bidez, harmonia tonalaren elementu morfologikoak identifikatzea.

Irizpide honen bitartez baloratu ahal izanen da zenbateko trebetasuna duen ikasleak ikasitako akordeak ezagutzeko eta ikuspuntu estilistikotik ulertzeko.

9. Obren analisiaren bidez, harmonia tonalaren prozedura sintaktiko eta formalak identifikatzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu ahal izanen da zenbateko trebetasuna duen ikasleak ikasitako prozedura harmonikoei eta elementu formal oinarrizkoei antzemateko, horien funtzioa ezagutzeko eta ikuspuntu estilistikotik ulertzeko.

10. Obren analisiaren bidez, eraldaketa tematikoaren prozedurak identifikatzea.

Irizpide honen bitartez jakin nahi da zenbateko gaitasuna duen ikasleak obra batean parte hartzen duten materialen eraldaketa tematikoak eta hauek testuinguru harmoniko eta estilistikoarekin duten lotura ezagutzeko.

11. Entzumenaren bidez identifikatzea helburu horretarako prestaturiko ariketetan dauden akatsak, eta konponbideak proposatzea.

Irizpide honen bitartez jakin nahi da zenbateko trebetasuna duen ikasleak musika pasarte batean ager daitezkeen akatsak entzumenaren bidez antzemateko eta, halaber, konponbide egokiak proposatzeko.

12. Analisiaren bidez identifikatzea helburu horretarako prestaturiko ariketetan dauden akatsak, eta konponbideak proposatzea.

Irizpide honen bitartez jakin nahi da zenbateko trebetasuna duen ikasleak musika pasarte batean ager daitezkeen akatsak analisiaren bidez antzemateko eta, halaber, konponbide egokiak proposatzeko.

TALDEA

Sarrera

Musika-tresnen taldea lehen mailako prestakuntza gunea da irakasgai guztietan ikasitakoak esperimentatu eta aplikatzeko, espezialitateko musika-tresnaren klasean lortutako trebetasunak lantzeaz gain. Ikuspegi horretatik, taldeak bide emanen du, halaber, hainbat instrumentu-taldetarako errepertorioan murgiltzeko, garai edo estilo desberdinetan. Horrela, berriz ere frogatzen da irakasgai guztien helburuak koordinatu egin behar direla ikuspuntu orokor batetik.

Musika-tresnen espezialitateetako ikaskuntza eta irakaskuntza prozesua banakakoa da ezinbestez. Horregatik, orain aurkezten den curriculumak barnean du, ikasle kolektibo baten irakasgai berri gisa, Taldea deritzon irakasgai hau. Funtsean taldeko jarduera izanen du helburu. Halaxe izanen da orkestraren, bandaren edo abesbatzaren kasuetan; horiek guztiak ezagutza berriak lortzeko eta ikasketak egiten diren ikastetxeko gizarte eta interpretazio praktikan aplikatzeko prozesura daude zuzenduta.

Arauen garapen honetan komenigarritzat jo da taldeko jarduerak indartu eta ikastetxeetan duten garrantzia areagotzea. Musika-tresnen espezialitate berriak sartzen ari dira pixkanaka eta horien literaturek berariazko taldeetarako errepertorio zabalak eskaintzen dituzte. Egokia da, beraz, beste irakasgai bat sartzea musikako lanbide ikasketen esparruan: Taldea. Beste alde batetik, ikastetxeen antolaketaren inguruko arrazoiak tarteko, komenigarria da, halaber, Taldea izeneko irakasgai berri hau handitzea, ikasle guztiek parte hartu ahal dezaten, egiten ari diren musika-tresnaren espezialitatea edozein izanda ere.

Musika hezkuntzak ezin du helmuga bakartzat izan bakarlarien prestakuntza. Musikako lanbide ikasketen izaera propedeutikoa dela eta, ikasleek beren ikastetxeetan osatzen diren taldeetan sartu behar dute. Horrela esperientzien esparru zabala sustatuko da eta ikasle bakoitzak bere gaitasun, ezagutza eta interesei ongien egokitzen zaion musika prestakuntzara jo ahal izanen du.

Taldeko praktika bereizigabea egiten denean, dela orkestran, dela bandan, abesbatzan edo, halakorik bada, norberari dagokion taldean, ikasle guztien parte-hartzea erraztu egiten da taldeen bitartez, irakaskuntzaren antolaketa malguagoa lortzen baita. Alde batetik, taldeetan parte hartze horrek bide emanen du integratzeko zailtasunak dituzten zenbait musika-tresnak taldeko praktika instrumentalerako esparru egokia izan dezaten; bestetik, bermatu eginen da ikasleek parte hartze aktiboa izanen dutela abesbatzaren, orkestraren edo bandarekin batera ikastetxeari gizartean proiekziorik handiena ematen dion jardueretako batean.

Musika-tresnen elkarte tradizionalek bide emanen diote musika-tresnen arteko harremanen sare konplexua bere baitan duen errepertorio bati, irizpide batasuna eta exekuzioaren berdintasuna galdu gabe, horiexek baitira lortu beharreko helmuga nagusiak. Ikasleak, beste elkarte batzuetan bezalaxe, bakarkako interpretazioa inguratzen duen guztia entzuteko jarrera areagotu beharko du, taldeko interpretazio onak betiere berezkoak dituen alderdiak lortze aldera: afinazioa, enpastea, fraseatuaren homogeneotasuna, ekiteen berdintasuna, ehunduren argitasuna etab. Apurka-apurka zenbait trebetasun eta ohitura hartuko ditu, bere musika-tresnaren errepertorioaren arabera taldean dagozkion eginkizunak ongi betetzeko.

Literatura urria edo orkestraren nahiz bandaren esparruan txertatzeko zailtasunak dituzten musika-tresnen kasuan, taldeak aukera ematen du musika-tresnak berezkoak dituen obra nabarienetan barneratzeko, eta horrek ikaslearen musika prestakuntza aberasten du. Beste alde batetik, hurbileko izaera eta teknikak dituzten musika-tresnen ondoan egoteak eta izaera desberdinetako musika-tresnen beste elkarte batzuetan parte hartzeko aukera izateak ikasleari musikaren ikuspegi zabalagoa emanen diote, eta tinbreez nahiz berezitasun organologikoez dituen ezagutzak aberastuko dituzte. Ikaslea, azken batean, taldeko interpretazio bateko partaide sentituko da eta instrumentistaren aberaste pertsonal eta musikala lortuko da. Hori guztia nekez lortu daiteke musika-tresnarekiko bakarkako esperientziaren bidez.

Labur esateko, orkestran, bandan edo abesbatzan gertatzen den bezala, taldeak ere erantzukizun partekatua sustatuko du. Alde batetik, bakarkako praktika instrumentalera ohituta dauden ikasleen arteko giza harremanek, ikasleak gorputz kolektibo bateko kideak baitira, taldeari egokitzeko eta beste instrumentista batzuk onartzeko ariketa eraginen dute. Taldeko praktikak, bestetik, entzuteko jarrera eraginen du, musika-tresnetarako pasarteak oroitzen lagunduko du, taldearen mesederako izan behar duen bakarkako ikasketa bultzatuko du, eta bakarkako jardueretan nekez lor daitekeen diziplinazko jarrera sustatuko du.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako talde ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Estilo guztien eta horietako bakoitzaren interpretazio baliabideen ezagutza sakontzea.

b) Nork bere musika-tresna menderatzea, obra bakoitzaren eskakizunen arabera.

c) Taldeko jardunaren arauak errespetatzea eta taldeko interpretazioa baloratzea, prestakuntza musikal eta instrumentalaren funtsezko alderdi gisa.

d) Uneoro entzute polifonikoa aplikatzea zati guztiak aldi berean entzuteko nork bere zatia jotzen duen bitartean, soinu-kalitatea pixkanaka hobetzeko behar den entzumenezko sentiberatasuna agertuz.

e) Soinu gama zabal eta askotarikoa erabiltzea, soinuaren doiketa taldeko gainerako musika-tresnen eta obraren interpretazio-beharren arabera egiteko.

f) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

g) Lehen begiratuan irakurtzeko gaitasuna garatzea.

h) Musikari buruzko ezagutzak gero eta askatasun handiagoz aplikatzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

i) Interpretazio koordinatua ahalbidetzen duten keinu nagusiak ezagutu eta egitea.

j) Musika-tresnaren errepertorioko obra adierazgarriak interpretatzea, musika-tresnarekin lortutako mailari dagokion zailtasuna dutenak.

Edukiak

Soinu batasuna: arnasketa, ekitea, vibratoa, afinazioa, artikulazioa, erritmoa, fraseatua etab. Agogika eta dinamika. Zuzendaririk gabe jotzeko behar diren keinu anakrusikoak ikasi eta erabiltzea. Soinu oreka eta planoena. Afinazioaren kontrol etengabea. Ekiteen berdintasunaren garapena. Errepertorioko obren analisia eta interpretazioa. Kasuan kasuko elkarteari dagokion taldeko praktika. Kasuan kasuko elkartearen oinarrizko errepertorio adierazgarriena mailaz maila lantzea. Isiltasuna baloratzea, interpretazioaren markoa den aldetik. Hainbat taldek egindako interpretazioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko.

Ebaluazio irizpideak

1. Kasuan kasuko elkartearen errepertorioko obrak interpretatzea.

Irizpide honen bitartez, taldeko kide guztien arteko interpretazio-irizpidearen batasuna eta zatien arteko soinu-oreka ebaluatu nahi dira.

2. Taldeko arduradun gisa aritzea, taldearen interpretazioa gidatuz, nork bere zatia interpretatzen duen bitartean, hala badagokio.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ikasleak partitura osoa ezagutzen duela eta kontzertaziorako behar diren keinuak erabiltzen badakiela. Halaber, soinua, tinbrea, vibratoa, afinazioa, fraseatua etab. bateratzeari buruzko haren irizpideak baloratzen ahal dira.

3. Zailtasun txikiko obra bat lehen begiratuan irakurtzea kasuan kasuko elkartean.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ikaslea gai dela testu baten irakurketan autonomiaz moldatzeko, eta obra irakurri eta ulertzeko zenbaterainoko arintasuna duen jakin nahi da.

4. Programaturiko errepertorioko obrak ikastea.

Irizpide honen bitartez honakoak ebaluatu nahi dira: taldeko kide gisa ikasleak duen ardura, taldearen barnean duen eginkizunaz egiten duen balorazioa, eta musikaren interpretazioari dion errespetua.

5. Talderako errepertorioko obrak jendaurrean interpretatzea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu ahal izanen dira fraseatuaren batasuna, erritmoaren zehaztasuna, soinu-oreka, aldaketa dinamikoen eta azentuazio-aldaketen prestaketa, eta interpretazioaren egokitasuna, alegia, ea interpretazioa ongi egokitzen zaien jotzen ari den musikaren izaerari eta estiloari.

ABESBATZA

Sarrera

Abesbatza, berezkoak dituen ezaugarriengatik, lehen mailako prestakuntza gunea da ez bakarrik ahots teknika ikasteko, baita beste irakasgai batzuetan lortutako ezagutzak sendotzeko ere. Ikuspegi horretatik, abesbatzak bide emanen du, halaber, garai edo estiloetan zeharko ibilbidea egiteko. Horrela, berriz ere frogatzen da irakasgai guztien helburuak koordinatu egin behar direla ikuspuntu orokor batetik.

Interpretazio-praktikak berak, garai erromantikoko berrikuntzen ondoren behin betiko finkatu zen moduan, funtsezko bereizketa ezarri du musika-tresnen artean, hauek orkestra sinfoniko bateko ohiko egituran eta beharretan txertatu ahal izatearen edo ez izatearen arabera. Oro har, esan daiteke orkestran parte hartzen dutenak musika-tresna homofonikoak direla, eta musika-tresna polifonikoak direla, hain zuzen ere polifoniko izateagatik, kanpo geratzen direnak. Oso bestelako arrazoiengatik kanpoan geratzen dira, halaber, musika-tresna "historiko" izenekoak, egun ezagutzen dugun orkestra sortu aurretik ere jada erabiltzen ez zirenak.

Musikako lanbide ikasketetako curriculumak aipatutako lehenbiziko tresna-motarako Orkestra, Banda edo Taldea irakasgaiak jasotzen baditu, beharrezkoa da, halaber, ikasleen prestakuntzari modu berean eraginen dion beste irakasgai bat sartzea. Horren ildoan, alde batetik kolektibitate-ñabardura eta bestetik azken emaitza lortzeko interpreteak jokatzen duen paperaren erlatibizazioa bilduko dituen beste irakasgai baten beharra dago.

Musika-tresna polifonikoen buruaskitasuna dela eta, abesbatzako jardunak ikuspegi berria emanen die halako musika-tresnen joleei. Hainbat ahots aldi berean interpretatzeko ohiturak, izan ere, kantatzeko, hau da, musika-kontzentrazio handienarekin ahots bakar bat esateko gaitasuna galaraz dezake. Instrumentista, nolabait esateko, aldendu egiten da polifoniatik eta abiapuntura itzultzen da, monodiara eta jatorrizko adierazpide nagusira: giza ahotsera. Bere musika-tresna baino naturaltasun eta malgutasun handiagoz erabiliko du giza ahotsa, eta melodia baten interpretazioari (edo sare polifonikoko ahots bati) bere musika-tresnaren teknika konplexuak askotan oztopatzen duen kantatzeko intuizio eta musikaltasunaz eginen dio aurre.

Beraz, kantatzea musikara hurbiltzeko eredu eta bide alternatibo bihurtuko da; teknika baten ikasketa konplexu eta moteletik at egonen da. Ikasleak sentituko du nola bere gorputzaren eta bere musika-tresnaren artean ustez tartekatzen ziren mugak desagertzen diren, eta musika bat-batekotasunez eta berehalakotasunez sortzen dela ikusiko du. Gorputza bera da musika hori bere barnetik sortzen duena eta aldi berean musika-jole eta erresonantzia kaxa gisa diharduena. Gorputza da musika bilakatzen dena eta esperientzia horrek, zalantzarik gabe, ikaslea aberastu eginen du eta musika-tresnara hurbiltzeko ikuspegia nabarmen aldatuko dio.

Bestalde, eta Orkestra, Banda edo Taldea irakasgaietan gertatzen den gisan, abesbatzako jarduerak instrumentista errepertorio batean, zailtasun batzuetan eta bakarkako jardunbide batean isola dadin saihesteko balioko du. Ikaslea talde-interpretazio batean partaide sentituko da, zeinean afinazioa (musika-tresna polifonikoetan ia beti finkoa, interpretearen esku-hartzerik eskatzen ez duena), enpastea, fraseatuaren homogeneotasuna eta ehunduren argitasuna lortu beharreko helburuetako batzuk izanen diren. Gainera, entzuteko jarrerak, eta bere ahotsa erregistroko kideen ahotsari, batetik, eta taldearen osotasunari, bestetik, egokitu beharrak, instrumentistaren ikuspegia zabaltzen eta aberasten lagunduko dute.

Abesbatzak, halaber, banakako instrumentu-praktikan ohituta dauden ikasleen arteko giza harremanak sustatuko ditu. Orkestrako jardueran bezala, abesbatzak diziplinazko jarrera sustatuko du eta zuzendariaren aginduak memorizatu beharra ezarriko du. Horrela, proba saioetan egindako lanak kontzertuan edo obra baten behin betiko bertsioa interpretatzean ematen ahalko ditu bere emaitzak. Talde bateko kide izatearen sentsazioa ere berria izanen da; ikasleak erantzukizun partekatua sentituko du, taldekideek babestu eta nolabait lagundu egiten diotela ikustean. Kide horiekin, dudarik gabe, laguntasun eta truke harremanak izanen ditu.

Historian zehar maiz ikusi da katedral, eliza edo gorteetako musika kaperak konpositore, instrumentista edo kantarien eskola apartak izan direla. Gure inguru kulturaleko herrialde batzuek ohitura horri eutsi diote eta haien musikari ospetsuenetako askok horrela eman zioten hasiera beren musika jarduerari. Abesbatzako jarduerak gure herrialdean bereziki aberatsa den tradizio polifonikora eta garrantzi txikiagoa ez duen folklore-ondare izugarri zabalera hurbiltzeko bidea eskaintzen du. Errepertorio kultuaren eta herrikoiaren, erlijiosoaren eta profanoaren arteko kontraste horrek are gehiago azpimarratzen ditu abesbatzaren garrantzia eta irakasgai hori lanbide ikasketen curriculumean sartu beharra.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako abesbatza ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Abesbatza zuzentzeko erabiltzen den keinu-hizkuntza ezagutzea.

b) Arnasaren mekanismoa eta ahots emisioa berariaz kontrolatzea, tinbre-aukerak aberasteko eta ahotsari erresistentziarako gaitasuna emateko.

c) "Barne-entzumena" erabiltzea afinazioaren, entzute harmonikoaren eta musika-interpretazioaren oinarritzat.

d) Soinu-batasuna lortzeko taldea entzuteak eta taldean txertatzeak duen garrantziaz ohartzea.

e) Abesbatzako praktikaren bidez, mendebaldeko gure tradizioko musika eta beste kultura batzuetakoak ezagutzea, horrela argi ikusiko baita musikak zer nolako garrantzia duen pertsonaren prestakuntza osorako, eta sakonean aztertzea estilo guztiak eta estilo bakoitzaren interpretazio-baliabideak.

f) Ahots-errepertorioaren bidez prozesu harmoniko eta formalak ezagutzea.

g) Lehen begiradan irakurtzea, obrak arintasunez muntatzeko behar den maila lortuz.

h) Taldean abesbatzako jarduerak planifikatzen eta egiten parte hartzea, eta, ezarritako helburuen arabera, norberaren nahiz besteen ekarpenak balioestea; ildo horri jarraiki, jarrera malgua eta lankidetzan lan egiteko gertutasuna agertzea; halaber, lanak garatzeko orduan erantzukizunak onartzea.

Edukiak

Arnasketa, intonazioa, artikulazioa eta erresonantzia, ahots emisioaren oinarrizko elementuak. Bokalizazioak, akorde-intonazioa eta kadentziak, entzumen harmonikoa eta afinazioa garatzeko. Oroimena interpretazioaren elementu zuzentzaile gisa erabiltzea. Barne-entzumena garatzea, afinazioaren, kalitate bokalaren eta taldearen soinu-kolorearen kontrolerako elementu gisa. Bitarte kontsonantiko eta disonantikoen intonazioa, zailtasun maila desberdinetan, afinazioa sendotzeko. Bistazko irakurmena lantzea. Lau ahots misto eta gehiagoko errepertorio polifoniko eta kontrapuntistikoa aztertu eta interpretatzea, musika-tresnek lagundurik edo ez. Kantu koralean norberak gero eta segurtasun handiagoa lortzea. Isiltasuna baloratzea, interpretazioaren markoa den aldetik. Artikulazioaren, abiaduraren eta zehaztasun erritmikoaren garapena errazten duten testuak interpretatzea. Garai, estilo, genero eta kultura-eremu desberdinetako errepertorio koraleko obrak aztertu eta interpretatzea.

Ebaluazio irizpideak

1. Ikastaroan zehar programatutako edozein obra laukotean (edo dagokion taldean) interpretatzea.

Irizpide honen bitartez, dagokion zatia interpretatzeko segurtasuna, taldearekiko integrazio orekatsua eta zuzen artikulatzeko eta afinatzeko gaitasuna baloratuko zaizkio ikasleari.

2. Ikastaroan zehar programatutako edozein obra, sail bakoitzeko hiru kide edo gehiagoko taldean interpretatzea.

Irizpide honen bitartez, parte-hartzaile guztiek elkarri laguntzeko duten jarrera eta interpretazioko elementu guztiak taldearen eraginkortasunera egokitzeko gaitasuna baloratuko dira.

3. Zailtasun txiki edo ertaineko eta tonu-soslai argiko obra homofonikoak bat-batean interpretatzea.

Irizpide honen bitartez, afinazioa tonu-zentzuarekin eta bistazko irakurketarako trebetasunarekin erlazionatzeko gaitasuna baloratu nahi da.

4. Zailtasun txiki edo ertaineko kontrapuntuko obra polifoniko bat bat-batean interpretatzea.

Ikasleak imitazio jokoen bidez diskurtso musikalaren logikan sartzeko duen gaitasuna baloratuko da.

5. Obra bat taldean prestatzea, irakaslearen zuzendaritzarik gabe.

Irizpide honen bitartez, hautatutako estiloaren arabera interpretazioan parte hartzen duten elementu desberdinak egoki aplikatzeko gaitasuna baloratu nahi da.

6. Zailtasuna pixkanaka handituz eta erreferentziako soinua aldatuz, diapasoiko "La"tik abiatuta lau ahotseko akordeak intonatzea oinarrizko egoeran.

Irizpide honen bitartez, abesbatzako kide bakoitzak dagokion soinua oso denbora laburrean pentsatzeko eta afinatuta ateratzeko duen gaitasuna baloratuko da.

MUSIKAREN HISTORIA

Sarrera

Musikaren Historia irakasgaiaren bitartez, ikasleak musika-tresnan eta beste irakasgai praktiko batzuetan jasotako prestakuntza osatu egin nahi da.

Irakasgai honek askotariko estiloak eta musika sortzeko modu desberdinak aurkitzera eraman behar du ikaslea. Horrela, esku artean izanen duen edozein partitura edo entzunen dituen obrak erraz kokatu, ulertu, barneratu eta iruzkintzeko gai izanen da.

Irakasgai honek ikuspegi praktiko eta erabilgarria hartu behar du. Ez du inondik ere izan behar datu, data, obra edo egileen zerrenda luzea. Beraren xede nagusia izanen da ikasleari ulertaraztea musika beste irakasgai batzuetan edo musika-tresnaren ikasketan topatzen dituen pieza edo ariketa teknikoak baino harago doala. Irakasgai honek ikuspegi historiko zabala osatu behar du, eta horretan leku nabarmena izan behar dute musikaren historiaren hasieratik gaur arte egin den banaketaren araberako garai guztiek. Bereziki sakondu behar da literatura musikala utzi diguten garaietan. Aldi horietako bakoitzaren ezaugarri nagusiak, eta, oso bereziki, aldaketak eragin zituzten inguruabar historiko eta sozialak, ongi bereganatu behar ditu ikasleak; horretarako, une historiko bakoitzeko obra adierazgarriak maiz entzun behar ditu, eta gertaturiko aldaketen lekuko argiak diren dokumentuekin eta iturri musikalekin edo bestelakoekin zuzeneko harremana izan behar du.

Kontuan hartu beharko dira ikasleak lehendik dituen ezagutzak, bai derrigorrezko hezkuntzan bai musika ikasketetako beste irakasgai batzuetan jasotakoak. Musikaren bilakaera aztertzerakoan, musika fenomeno isolatutzat hartu ordez hertsiki lotuko zaie gainerako arteei. Hala, musikaren eta mendebaldeko dantza kultuaren arteko lotura eta arte horren bilakaera berezia aztertuko dira. Halaber, kontuan hartuko da politikan, erlijioan, gizartean edo filosofian gertatzen diren aldaketek musikan duten eragina. Hartara ikasleak askotariko estiloak ezagutuko ditu eta horrek sen kritikoa areagotuko dio; entzunaldi iruzkinduak maiz eginda, bere gustua moldatuko du, eta, entzutearen alderdi teknikoak integratuz, musikaren dimentsio artistiko eta atsegingarria azpimarratuko du; idatzizko dokumentuak maiz erabilita hobeki ulertuko du musika banakako espirituaren eta beste gizarte faktore batzuen adierazpena dela, eta ez, besterik gabe, arau batzuen mende dagoen nota-segida hutsa; historiari buruz lortutako ezagutzak interprete lana hobetzen lagunduko dio, partitura, orain, musikatik at dagoen dimentsio berriaz jantzita egonen baita, eta ikasleak denboran, kulturan eta estiloan hura zuzen kokatu ahal izanen du. Irakasgai honek, halaber, kultura ingurune hurbilenean sortutako musika ezagutaraziko dio ikasleari, musikagile nafarrek garaian garaiko errepertorioan egin duten ekarpena erakutsiz.

Musika-estiloen bilakaera historikoa eta horrek musikagileen obretan izan duen isla aztertzeaz gain, beste gai batzuk ere jorratu beharko dira, hala nola: musika-notazioaren bilakaera; herrialde eta aro estetiko bakoitzean musikari profesionalek izan duten onarpena; iturri ikonografikoen bidez interpretazio-praktikaren historia osatzeko aukera; musika-estilo desberdinen bilakaera historikoen eta musika-tresnetan gertatutako aldaketen artean dagoen erlazioa aztertzea, aldaketa horiek familia berriak agerrarazi eta beste musika-tresna batzuk erabiltzeari uztea eragin dutela kontuan hartuz; aldi historiko bakoitzari dagozkion sonoritateak daudela kontuan hartzea; herri-musikaren eta musika kultuaren arteko lotura; musika sortzeko orduan musikagilearengan eragina duten irizpide, helburu eta ideiak; interpretazioa, partituraren itzulpen praktiko moduan ulertuta, zeinean musikariaren subjektibotasuna agertzen den, eta, era berean, obra bera soinuen bidez gauzatzean onartzen diren ikuspegi desberdinen arteko alderaketa (garai historiko bakoitzari dagozkion musika-tresnak erabiltzearen alde egiten duten joera modernoei erreparatuz); entzuleak estimulu estetiko-musikal jakin baten aurrean hartzen duen jarrera eta ematen duen erantzuna; musika-formen sorrera, iraupena edo desagerpena, estiloak taxutzen dituzten elementu nagusietakoak diren aldetik; etab.

Irakasgai honen bidez honelako galderak eraginen zaizkie ikasleei: zer adierazten duen musikak (ahalmen semantikorik ba ote duen, belarriaren atsegingarri hutsa den, edo bere burua bakarrik adierazten duen, formalismoak dioen moduan); musikak entzuleari eragiten dion ala ez, eta zergatik; zein diren musika obra bat baloratzeko irizpide objektiboak; nola bereizi obra beraren bertsioak; musika ingurumenaren, politikaren, kulturaren eta beste inguruabar batzuen emaitza logikoa den, ala gizabanako baten sorkaria; etab.

Irakasgai honen bitartez, halaber, ikasleak edizio modernoetan erabiltzen ez diren beste grafia eta idazkera batzuetara ohitu behar du eta musika ulertzeko bidea erraztuko dioten dokumentu, tratatu eta era guztietako iturri idatziak irakurtzen hasi behar du, arreta berezia jarriz konpositoreek emanen dioten informazioari.

Hori guztia dela bide, ikasleak musikari buruzko prestakuntza zabala eta globalizatzailea jasoko du, goragoko ikasketetan osatu ahal izanen dena.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako musikaren historiako ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Garai eta estilo anitzetako musika obrak entzuteko ohitura izatea, bertsio desberdinak baloratuz, eta norberak hobesten duena zabaldu eta dibertsifikatzeko interesa izatea.

b) Beste irakasgai batzuetan eskuratutako ezagutzak aplikatzea, garai, eskola, foku, egile eta abarren ekarpenak hobeki ulertzeko.

c) Musika entzunda eta partiturak aztertuta korronte estilistikoak bereiztea eta, horrela, musika obrak denboran kokatu eta haien estiloa ezagutzea.

d) Musikak gizadiaren garapenean duen garrantziaz jabetzea eta ekintza musikala gertatzen deneko ingurune sozial, kultural eta artistikoarekin lotzea, arreta berezia jarriz dantzarekin dituen loturei, baita unean uneko ideia estetiko nagusiekin ere; ezagutza horiek ikasketetako errepertorioaren interpretazioari aplikatzea.

e) Garai bakoitzeko estiloarekin bat datorren interpretazioaren garrantziaz jabetzea eta, horrela, musika obra baten bertsioak bereizteko irizpidea eskuratzea eta hori norberaren musika-tresnaren ikasketari aplikatzea.

f) Ikerketa historikoaren garrantzia baloratzea eta oinarrizko bibliografia erabiltzea.

g) Testu-iruzkintzearen bidez, edukien sintesirako eta unibertsalizaziorako gaitasuna garatzea.

h) Ahoz komunikatzea, eztabaidak eginez eta gaiak azalduz.

i) Artelanak iruzkintzea, haien estiloa ezagutzea eta kronologikoki nahiz geografikoki kokatzea.

j) Zinema obrak eta ikus-entzunezko muntaketak kritikoki baloratzea, haietan musikak betetzen duen lekua bereziki azpimarratuz.

k) Historian zeharko musika adierazpenak baloratzea eta oraingo musikaren aniztasuna errespetatzea.

Edukiak

Musikaren historiaren kontzeptua; haren metodoak, iturriak eta aldiak. Joera historiografiko nagusiak. Modalitate, tonalitate, harmonia eta kontrapuntu kontzeptuak; musika-notazioa, soinua eta horren oinarriak: erritmoa, doinua, dinamika etab.; entzumena eta ahotsa; musika-formak; organologia. Kontzeptu horiek garai bakoitzeko estetika musikalarekin eta orokorrarekin duten lotura. Musika obra baloratzeko irizpideak. Musikagilearen, interpretearen eta entzuleen arteko harremanak. Musika mendebaldeko kulturan: aroak, estiloak, generoak, konpositoreak. Musika obraren kokapena bere ingurune sozial, ekonomiko, ideologiko eta artistikoa. Dantza mendebaldeko kulturan: aldiak, estiloak eta egileak. Informazio historikoaren iturriak eta horien erabilera. Mendebaldekoak ez diren kulturetako musikaren atarikoak. Zinemaren eta ikus-entzunezkoen hizkuntza eta musikarekin duen lotura (atarikoak). Entzunaldien eta partituren analisia. Testuak eta artelanak iruzkintzea.

Ebaluazio irizpideak

1. Garai bakoitzeko musika-estiloaren ezaugarri nagusiak ezagutzea eta konpositoreei eta haien obrei aplikatzea.

Irizpide honen bitartez, ikasleak musika-estiloari buruz, oro har, eta egile eta obra zehatzei buruz dituen ezagutzak baloratu nahi dira.

2. Estilo desberdinetako musika obrak beren sorreraren inguruko fenomeno soziokulturalekin lotzea; bereziki, sortu zirenean nagusi ziren ideia estetikoekin eta dantzaren historiarekin.

Irizpide honen bitartez, ikaslearen pentsamendu kritikoaren bilakaera ebaluatu nahi da, musikaren historiako etapak, oro har, edo zenbait egile eta obra, zehazki, beren sorrerako ingurune sozial eta kulturalaren barnean baloratzeko gaitasunari dagokionez.

3. Musikaren historiako garai, estilo edo egile aipagarrienen bilakaeran eragina izan zezaketen era guztietako gorabeherak (politikoak, kulturalak, ekonomikoak, ideologikoak) identifikatzea.

Irizpide honen bitartez, ikasleak garai, estilo nahiz autore jakin baten bilakaeran mugak jarriko dituzten inguruabar eta interes politiko, kultural, ekonomiko eta ideologiko garrantzitsuen konplexutasuna aztertzeko duen gaitasuna ebaluatu nahi da.

4. Partiturarekin edo partiturarik gabe entzunda, garai desberdinetako obrak identifikatzea, haien ezaugarri esanguratsuenak azaltzea eta kronologikoki kokatzea.

Irizpide honek neurtzen du zenbateko gaitasuna duen ikasleak proposatzen zaizkion garai historiko desberdinetako obren izaerari, generoari, egitura formalari eta ezaugarri estilistiko nagusiei antzemateko.

5. Entzumenaren eta/edo analisiaren bidez, antzeko ezaugarriak dituzten eta estilo edo eskola nagusiak ordezkatzen dituzten musika obrak kronologikoki kokatzea, elkarrekin erkatzea, eta haien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak adieraztea.

Ebaluazio irizpide honen bitartez, ikasleak Musikaren Historiako aldiak ezagutu eta kronologikoki kokatzen ote dituen eta haien ezaugarri nagusiak bereizten ote dituen ikusi nahi da.

6. Edozein musika obraren entzunaldian aktiboki eta errespetuz parte hartzea.

Irizpide honek edozein musika-adierazpenen aurreko errespetuzko jarrera ebaluatzen du.

7. Obra beraren zenbait interpretazio alderatzea eta antzekotasunak, aldeak, bakoitzaren alderdi positiboak etab. adieraztea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu behar da ikasleak jada aurkitu duela eskuratutako ezagutza teorikoen eta garai bakoitzerako interpretazio zuzen eta egokiaren arteko erlazioa.

8. Musikari buruzko edo, oro har, arteari buruzko idazkien gaineko testu errazak iruzkintzea, bai ikuspegi historikotik eta bai estetikotik ere.

Irizpide honek neurtzen du zenbateko gaitasuna duen ikasleak egilearen planteamenduak jaso eta deskribatzeko eta garai jakin bateko korronte estilistikoekin erlazionatzeko.

9. Iraganeko nahiz gaur egungo musikaren alderdi jakin bati buruzko lan erraza egitea.

Irizpide honen bitartez, ikasleek, bakarka edo taldean, lantxo bat modu onargarrian planteatu eta burutzeko duten gaitasuna neurtuko da. Lan horrek irakasgaian gehiago sakontzeko interesa piztu behar die. Kasu honetan, egindako azterlanaren egiazkotasun eta zorroztasunari eman behar zaio garrantzia, eta ez gaiaren mailari.

10. Irudien bidez, garai desberdinetako obrak identifikatzea eta haien ezaugarri nagusiak deskribatzea.

Irizpide honen bitartez, ikasleak edozein artelanen egitura formalari eta ezaugarri estilistikoei antzemateko duen gaitasuna neurtu nahi da.

KANTUARI APLIKATUTAKO HIZKUNTZAK

Sarrera

Musikako jakintza-alor guztietan kantua da beste jakintza-alor artistiko batzuekin lotura banaezina duen bakarra. Komunikaziorako eta adierazpenerako tresna nagusietako baten bidez dago lotuta: hitzaren bidez. Kantatutako musika guztien sorburuan testua dago, eta literatura musikalaren hasieraren berri jakin nahi denean ere, kantatzeko konposatu ziren eta orain arte iraun duten erlijio-zeremonia eta herri-lirikako lehen lanetara jo behar da.

Antzinako sorburu hartatik hona ahots musikaren ondare paregabea metatu da. Horren neurria emate aldera, esan daiteke azken mendeetan gero eta nagusitasun zabalagoa duen musika instrumental hutsak ahots musika tradizionalean duela jatorria, hain zuzen ere, musika bera bezain zaharra den behar batean (bakarkako edo taldeko kantu monodikoari lagundu beharra), eta, geroago, kantu polifonikoan ahotsak bikoizteko ohituran; ohitura hori denboraren buruan independizatu egin zen eta hala sortu ziren soinu-artearen forma berri eta guztiz garrantzitsu batzuk.

Musika kantatuan testuak eta musikak beren jatorritik elkarrekin lotura banaezina dutenez gero, kantu espezialitateak ahots musikan erabili ohi diren hizkuntza nagusiak ikasteko irakasgai baten beharra du. Mezu bat igorri aurretik ulertu egin behar da, ondoren modu ulergarrian helarazteko subjektu hartzaileari, kasu honetan entzuleari, publikoari, oro har. Hala, bada, alde batetik, ezinbestekoa dugu testua ulertzea, zentzu osoz komunikatu ahal izateko; bestetik, behar-beharrezkoa da, era berean, testu hori zuzen "esatea", artikulazioari, ahoskerari eta doinuari dagokienez. Hori dela eta, azpimarratu behar da zenbait fonemak garrantzi berezia dutela, beren ozentasunagatik, zenbait musika-efektu eragiteko: zenbait fonemaren ozentasun hutsak eragin erabakigarria izan dezake adierazmenean.

Irakasgaiaren helburu praktikoenen osagarri gisa, guztiz komenigarriak izanen dira hizkuntzari eta hizkuntza horren jatorrian dagoen kulturari buruz eskuratzen ahal diren gainerako ezagutzak: literatura, artea, etab. Horiek ez dira alferrikako ezagutzak, interpretazioa aberasteko orduan aparteko laguntza eman baitezakete.

Kantuari aplikatutako hizkuntza baten ikaskuntza ikasketa bokalekin batera egin behar da. Bi norabideetan sakondu beharko da beti: hizkuntza ikasten den bitartean ahots teknikak ere ikasi behar dira.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako kantuari aplikatutako hizkuntzen ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Kasuan kasuko hizkuntzen fonetika ongi ezagutzea.

b) Errepertorioko ohiko hizkuntzetan, ahozko eta idatzizko mezu guztiak ulertzea.

c) Ikaslearen gaitasunari dagokion mailako testu idatziak irakurtzea, esanahi eta adierazkortasun egokiak emanez.

d) Testuen irakurketa erabiltzea eguneroko hizkuntzaren eta literatura hizkuntzaren erregistro linguistiko desberdinak ezagutzeko.

e) Testu kantatuan hizkuntzak duen garrantzia baloratzea.

f) Kultura desberdinek eta beren hizkuntzek sortzen duten aberastasunaz jabetzea, eta hizkuntza horiek errealitatea kodeen bidez irudikatzeko eta pertsonen arteko harremanetarako tresna gisa ulertzea.

Edukiak

Ahozko mezuen ulertze globala. Ahozko mezuak berregitea eta sortzea. Trebetasun fonetikoak lantzea (artikulazioa, emisio zuzena, entzundako fonemak ezagutzea eta bereiztea, zuzen ahoskatzea, fonetika kantatua aplikatzea, sistema fonetiko-fonologikoko arauak ezagutzea). Norberaren errepertorioa erabiltzea sistema fonetiko-fonologikoa ikasteko eta automatismoa lortzeko. Poesia eta literatura testuak globalki ulertzea eta haien testuinguru historiko, kultural eta artistikoa ezagutzea. Zeinuak modu autonomoan bereizteko analisi fonetikoa.

Ebaluazio irizpideak

1. Ahozko eduki laburrak zuzen emititzea ikasitako hizkuntzan.

Irizpide honen bitartez, ikasleek ikasitako hizkuntza ulertzeko duten gaitasuna ebaluatu nahi da.

2. Musika-testu literario bat modu autonomoan irakurtzea ikasitako hizkuntzan.

Irizpide honen bitartez baloratu nahi da ea ikasleak gai diren hizkuntzari buruzko ezagutzak eduki eta tratamendu musikalarekin lotzeko.

3. Musika obretako testu laburrak buruz ikastea.

Irizpide honen bitartez, testua ulertzeko eta musika-obrarekin lotzeko gaitasuna ebaluatu nahi da.

4. Ikasitako partituretako testuak transkribatzea eta fonetikari buruzko iruzkinak egitea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ikaslea gai dela ezagutza fonetikoak modu autonomoan aplikatzeko musikaren interpretazioan.

5. Buruz kantatzea, ikaslearen errepertorioko partituretako testua egoki ahoskatuz.

Irizpide honen bidez, ikasleak trebetasun fonetikoetan lortutako maila ebaluatuko da.

MUSIKA-HIZKUNTZA

Sarrera

Hizkuntza batez jabetzea etenik gabeko prozesua da. Funtsezko helburuak, hots, entzutea, hitz egitea, irakurtzea eta idaztea lortuz gero, oinarrizko hizkuntza hori aberasten hasteko egoera ezin hobean gaude.

Maila honetan ikasleak musika-tresnarekin egiten duen lanak eta taldean egiten duen jarduerak, jada, musika-literatura oparo, zabal eta konplexua ematen diote aditzera. Musika-hizkuntzak kontzeptu guztiak ezagutarazi beharko dizkio eta obrek duten esanahia gauzatzen, aztertzen, ulertzen eta ikasten lagundu beharko dio ikasleari.

Obren errepertorioa garai eta estilo askotakoa da. Hizkuntzaren arlo honetan, ikasleek lanerako erabiltzen dituzten materialek ere ikuspegi zabal hori jaso behar dute. Beraz, ez dira mugatuko estilo, forma eta eduki aldetik hibridoak diren ariketak egitera.

Harmonia ikastea dagoeneko ikaslearen curriculumean helburu hurbiltzat agertzen da. Sentipen garbiak eta oinarrizko praktikak izaten baldin baditu, teknika harmonikoa oinarri sendoen gainean garatu ahal izanen du.

XX. mendeko lehen hamarkadez geroztik, musika-konposizioak izugarri azkar egin du aurrera. Elementu erritmikoek garrantzi handiagoa hartu dute, eta horiek beren baitan biltzen eta ordezkatzen dituzten unitate metrikoak, berriz, gainjarri eta nahastu egin dira, bata bestearen ondotik igaro dira aldaketa etengabe batean, formula erritmiko-metriko berriak sortu dira, ohiko dei genitzakeen antolamendu erritmikoak ohiz kanpoko bilakatu dira edo besterik gabe desagertu egin dira, beren atzetik arrastaka eramanez banatze-lerro periodikoa, artikulazio edo azentuazio berri bati (pultsu-unitate erreferentzial bakarra ez duenari) bidea libre uzteko.

Gai horiek guztiak jorratu egin behar dira lanbide ikasketetan, dagokien sakontasunarekin, kontuan hartu beharreko kontzeptu garrantzitsuak baitira.

Tonuaren mundua, bere formulazio oinarrizkoetan, musika-hizkuntzaren xede nagusia bada, ez da garrantzi txikiagokoa hizkuntza post-tonala eta atonala lantzeko beharra eta eginkizuna. Ikasleei behar dituzten tresna, teknika eta kode guztiak eman behar zaizkie musika-literatura berrietara errazago hurbiltzeko eta hori sakonago eta hobeki ulertzeko.

Bestalde, musika-hizkuntza jakinda, hura osatzen duten elementuak eta arauak ulertuko dira eta ikasleak gai izanen dira musikaren bitartez mintzatzeko, inprobisazioa, interpretazioa edo obra txikien sorkuntza direla bide. Horrela osatzen da hizkuntza batez jabetzeko prozesua. Horregatik, pentsamenduarekin, sorkuntzarekin eta musika zehatzaren adierazpenarekin lotura banaezina duen komunikazio-tresna honek ezinbestez heldu behar die gizarteak eskatzen dituen musika guztien hizkuntzei, benetako komunikazio-tresna izateko.

Entzumenak, musikariak beti landu behar duen lanabesak, askotariko mezuen hartzaile izan beharko du orain; ulertzeko eta atzemateko batzuetan, eta geroago idazteko besteetan.

Eginkizun hori ezin izanen da inoiz bete oroimen musikala lantzen ez baldin bada. Musika denboran zehar garatzen den artea da eta hartan soinuek tartetxo bateko iraupena besterik ez dute. Oroimenak soilik lagun dezake ulertzen, gogoratuz, loturak eginez, konparatuz eta erreferentziak ezarriz.

Idazketan forma egokia lortuta, bere ideiak nahiz besteenak modu ulergarrian azaldu edo jasoko ditu ikasleak.

Jakiteak eta jasotzeak zentzurik ez luke, ikasitako elementu guztiak adierazi ahal izateko gaitasun bihurtuko ez balira. Horrek beharrezko egiten du bat-batekotasuna edo ikaslearen pentsamendu musikalak lantzea sustatzea. Izan ere, hizkuntza batez jabetzeko prozesuan ezinbestekoa den igortze-jabetze prozesua horrela beteko litzateke erabat.

Ekintza sorta honek ikaslearen ahalmen sortzaile eta analitikoetan garapen organikorako jarrera sustatu behar du. Halaber, ikasketetan taxuz jarduten, obra artistikoaren eta beraren sortzaileen errespetua eta balorazioa agertzen, taldeko ekintzetan laguntzeko eta parte hartzeko gaitasuna garatzen eta giza ingurunearekiko nahiz fisikoarekiko (baita beren buruarekiko ere) errespetua eta balorazioa egiten lagundu behar du.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako musika-hizkuntzako ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Taldeko gainerako kideekin musika bizipenak partekatzea, norberak musikarekin duen lotura afektiboa sendotzeko, taldeko kantuaren bidez eta instrumentu taldean parte hartuz.

b) Musika-hizkuntzaren elementuak eta horien bilakaera historikoa ezagutzea, beren garaiko eta inguruneko musika obrekin duten lotura ikusteko.

c) Ikur grafikoak zuzen interpretatzea eta egungo musika-hizkuntzari dagozkionak ezagutzea.

d) Aldi bereko garapen erritmiko edo melodikoak bereizita entzun edo jotzeko beharrezkoak diren mugimendu-disoziazioa eta entzumen-disoziazioa erabiltzea.

e) Musika-tresna desberdinez eginiko obrak edota musika pasarteak, ahots batekoak edo bikoak, ezagutzea eta grafikoki irudikatzea.

f) Entzunez eta irakurriz oinarrizko egitura harmonikoak ezagutzea.

g) Musika-hizkuntzari buruzko ezagutzak erabiltzea interpretazio kontzientea ahalbidetuko duten ikas ohiturak garatzeko.

h) Jazzari eta musika modernoari dagozkien musika-hizkuntzako elementuak ezagutzea.

Edukiak

Erritmikoak. Bi pultsu desberdinek edo gehiagok sortutako konpasak praktikatzea, identifikatzea eta ezagutzea. Egitura finko edo aldakorreko metro irregularrak ezagutu eta lantzea. Polirritmiak eta polimetriak. Iraupen eta posizio metriko desberdinak dituzten balorazio bereziko taldeak ezagutu eta lantzea. Unitatearen banaketa desberdinak dituzten aldi bereko erritmoak lantzea. Ohiko konpasetan egitura erritmiko atipikoak lantzea. Aksak erritmoak, erritmo herrenak edo balio erantsikoak. Konpasatu gabeko musika lantzea. Jazz, pop eta abarrekoen ezaugarri diren erritmoak ezagutu eta lantzea. nitate berdinez edo desberdinez, konpas aldaketa lantzea eta adierazitako baliokidetasunak aplikatzea. Elementu erritmikoen ezagutza eta analisia abiapuntu gisa hartuta, interpretatzeko ohiturak garatzea. Erritmo-eskema ezarrien edo libreen gainean inprobisatzea.

Melodiko-harmonikoak. Beren hizkuntza flexioez edo modulazioez aberastua duten egitura tonalak entzunez eta ahoz lantzea, eta prozesua analitikoki ezagutzea. Obra modalak, beren adierazpen historiko eta folklorikoetan, entzunez eta ahoz lantzea. Interbalika hutsa (ez-tonala) lantzea eta obra post-tonal edo atonaletan aplikatzea. Konplexuak ez diren egitura tonal eta formalak entzunez ezagutzea eta haien analisia egitea. Eskema harmoniko eta formal ezarrien edo libreen gainean inprobisatzea. Maila honi dagokion zailtasuna duten obretan, baxu harmonikoak ahoz edo idatziz aplikatzea. Elementu melodiko-harmonikoen ezagutza eta analisia abiapuntu gisa hartuta, interpretatzeko ohiturak garatzea.

Irakurketa-idazketa. Ohar metronomiko desberdinez eta erritmo idatziez, nota-irakurketa horizontala lantzea. Nota multzo bertikalak irakurtzea. Idazketa melodiko eta harmonikoaren arauak ezagutu eta lantzea. Marrazki interbalikoari begira, klaberik gabeko nota-irakurketa lantzea. Notak beren erregistro egokian idatzi eta identifikatzea. Klabeen soinu esparrua ezagutzea. Grafia garaikideak ezagutzen hastea. Lehen begiradako irakurketa praktikatzea.

Entzutea. Entzundako obren estiloa eta elementu erritmiko, melodiko, modulatorio, kadentzial, formal eta tinbrikoak identifikatzea. Idatzitako pasarte baten eta entzundakoaren artean egon daitezkeen aldeak edo okerrak antzematea. Oroimena lantzea: gero eta handiagoak izanen diren esaldi edo pasarteak idatzi aurretik buruz ikastea. Tema ezagunak idaztea eta buruz ikastea garaiera eta tonalitate desberdinetan. Ahots bakarreko eta biko diktatuak idaztea. Akordeak ezagutzea. Ikasi diren elementuak antzemateko obrak edo pasarteak entzutea.

Espresioa eta ornamentazioa. Dinamikari eta agogikari dagozkien ikur eta terminoak ezagutu eta erabiltzea. Soinuei ekiteko modua aldatzen duten ikurrak ezagutu eta erabiltzea. Musika-tresnetarako idazketan ohikoak diren ikurrak ezagutzea. Ornamentuak ezagutu eta erabiltzea, interpretatzen den obraren garaiari egokituta.

Ebaluazio irizpideak

1. Isilaldi luzeetan pultsua mantentzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea pultsua egoki barneratu den, banaka nahiz taldean egoki aritzeko beharrezkoa baita.

2. Aurrez ezarritako tempo batean, konpasa aldatuz edo aldatu gabe, obra edo pasarte bateko egitura erritmikoak identifikatu eta jotzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duen ikasleak formula erritmiko desberdinak elkarri lotzeko, konpasa aldatuz gero edozein baliokidetasun egoki aplikatzeko eta abiadura metronomiko desberdinak gutxi gorabehera barneratzeko.

3. Melodia edo kanta tonal bat kantatzea bat-batean, akonpainamenduarekin edo akonpainamendurik gabe, espresioari buruzko ohar guztiak aplikatuz.

Ebaluazio irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duen ikasleak bere intonazio teknikak aplikatzeko eta modulazioa eragin dezaketen edo ez dezaketen aldaketa akzidentalak dituen pasarte melodiko tonal batekiko afinazio zehatza lortzeko, pasartearen ezaugarri tonal edo modalez jabeturik. Musika-tresnaren bidezko akonpainamendurik badago, laguntzaileak ez du melodiarik joko.

4. Denbora laburrean eta intonazioa egiaztatu gabe, musika testu bat norberaren baitan irakurtzea eta buruz birsortzea.

Egiaztatu behar da ikaslea gai dela, partiturari begiratuta, soinu-irudi melodikoak irudikatzeko, birsortzeko eta buruz ikasteko.

5. Mota guztietako bitarte melodikoak identifikatzea edo intonatzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez jakin nahi da ea ikasleak badakien bitartea egoki erabiltzen, egitura tonalei edo ez-tonalei aplikatzeko elementua den aldetik.

6. Espresioari buruzko oharrak aplikatuz, obra atonal bat intonatzea akonpainamenduarekin edo akonpainamendurik gabe.

Ikasitako ezagutza melodiko eta erritmikoak obra atonal batean artistikoki nola aplikatzen diren ebaluatu nahi da. Akonpainamendurik bada, ez da melodia joko.

7. Bitarte harmonikoak identifikatzea eta dagokien erregistroan idaztea.

Jakin nahi da zenbateko gaitasuna duen ikasleak bi soinu aldi berean hautemateko erlazio interbaliko desberdinetan, eta soinu horiek gertatzen direneko soinu-eremuak identifikatzeko.

8. Melodia_, eskala_ edo akorde-ereduak birsortzea garaiera desberdinetan.

Egiaztatu nahi da ikasleak baduela trebetasuna melodia bat birsortzeko soinu desberdinetatik abiatuta, hura zehatz birsortzeko beharrezkoak diren aldaketez jabetzen delarik.

9. Tonalitate jakin batean, melodiak ahoz edo musika-tresnaz inprobisatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ikasleak ulertzen dituela tonuaren inguruko oinarrizko kontzeptuak, tonalitate baten elementuak libreki erabiltzen dituenean, tonuaren eta egituraren logikari jarraituz.

10. Entzundako musika pasarteak identifikatzea eta idaztea.

Ebaluazio irizpide honen bitartez ebaluatu behar da zenbateko trebetasuna duen ikasleak musika-grafia zuzen erabiltzeko eta ea gai den musika bere irudikapen grafikoarekin lotzeko.

11. Bi ahotseko musika pasarteak ezagutzea eta idaztea.

Ikasleak musikaren alderdi polifonikoak bereizteko eta identifikatzeko duen gaitasuna ebaluatu nahi da.

12. Pianoa ez diren bi musika-tresnak jotako musika pasarteak ezagutzea eta idaztea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ikaslearen entzumena ez dela nahasten mezua igortzen dion soinu-tresna pianoa ez denean.

13. Musika pasarte bateko kadentzia eta forma alderdiak entzunez bereiztea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu behar da ikaslea gai dela entzundako obraren sintaxi eta egitura alderdiei antzemateko eta horiek zuzen izendatzeko.

14. Entzumenaz, musika-tresnen tinbreak ezagutzea.

Egiaztatu nahi da ikasleak bereizi egiten dituela bere espezialitatekoak ez diren musika-tresnetatik datozen tinbreak.

15. Entzumenaz, obra edo pasarte bateko ekite moduak, artikulazioak, ñabardurak edo ornamentuak ezagutzea.

Kasu honetan egiaztatu behar da ikasleak musikaren interpretazioarekin eta espresioarekin zuzeneko zerikusia duten alderdiak behatzeko gaitasuna duela.

16. Emandako eskema harmoniko batean, ahoz edo musika-tresnaz bat-bateko saioak egitea.

Ebaluazio irizpide honen bidez egiaztatu nahi da, maila egokian, ikasleak ulertzen duela harmoniaren eta ahots melodikoen arteko erlazioa.

17. Errepertorioko obretatik buruz ikasitako pasarteak kantatzea, ikasleak proposaturikoen artean hautatuak.

Irizpide honen bidez, errepertorioko obren ezagutza eta buruz ikasteko gaitasuna ebaluatu nahi dira.

18. Entzundako musika pasarte bati perkusio-erritmoak libreki aplikatzea.

Hemen ikaslearen ekimena ebaluatu nahi da; gainera, obraren erritmo eta espresio alderdiei berehala antzemateko gaitasuna neurtuko da.

19. Aurrez entzundako obra labur bati, ahotsez edo grafikoki, baxu harmoniko sinpleak aplikatzea.

Irizpide honen bidez melodiaren eta harmoniaren arteko lotura bilatu behar da. Lotura hori entzundako melodiatik abiatuta irudikatu behar da.

20. Ahalik eta zehaztasun handienaz ematea entzundako obraren garaia, estiloa eta, egoki bada, egilea.

Musika entzutean ikaslearen jakin-mina eta arreta sustatzeko proposamena da. Hartara, ikaslea estilo eta egile bakoitza bereizten duten ezaugarri orokorrez jabetuko da.

21. Errepertorio instrumentaleko obra bat aztertzea: kokapen historikoa, egilea eta ezaugarri musikalak (harmonikoak, formalak, tinbrikoak etab.).

Irizpide honen bidez taxuz eta zorroztasunez ikasteko ohiturak sustatu nahi dira, ikaslea artelanaren inguruabar tekniko eta sozialez jabetu dadin.

GANBERA MUSIKA

Sarrera

Musikako lanbide ikasketei dagokien etapan ganbera musika lantzearen arrazoia da musika ikaslearen behar multzo jakin bati erantzutea, nekez lortuko bailitzateke hori jarduera honen bidez ez balitz.

Ganbera-jarduera funtsezko baliabidea da ikasitako alderdi tekniko eta musikal batzuk integratzeko eta praktikan jartzeko. Ikasketa instrumental eta teorikoen bidez horiei buruz lortutako ezagutzak nahitaez analitikoak izaten direnez, geroago, interpretazioaren bidez, sintesi-lana egin behar da.

Ganbera musika lantzea erabakigarria da musika entzumenaren alderdi guztiak garatzeko. Ganberako errepertorioa tresna aproposa da ikasleak afinazio sena gara dezan. Sen hori instintuzkoa eta mimetikoa da halabeharrez, metodo arrazionalen bidez nekez irakasten edo transmititzen da, eta musika-praktika handia eskatzen du, batez ere taldean.

Ganbera musika praktikatzeak, gainera, musikariarentzat ezinbestekoa den gaitasun bat areagotzen du: norbera jotzen ari den bitartean besteen musika-tresnak entzuteko eta taldearen sonoritatearen sena garatzeko gaitasuna.

Instrumentisten arteko eraginak ere sentiberatasuna garatzen laguntzen du, dinamikari, fraseatuari, erritmoari eta vibratoari dagokienez. Izan ere, dinamikari dagokionez, soinu-planoak entzuteko eta musika-tresna bakoitzaren unean uneko funtzioa (solista, akonpainamendua, kontrapuntua, harmonia etab.) antzemateko sentiberatasuna eskatzen du; fraseatuari dagokionez, elkarrizketarako sena eta mimesi musikala garatzen laguntzen du; erritmoari dagokionez, taldeko musikak, berez, aldiberekotasuna eta musika-tresnen arteko doiketa ahalbidetuko dituzten zehaztasuna eta erritmoaren bat etortzea eskatzen ditu, eta aldi berean, instrumentisten arteko keinuen eta komunikazioaren garapena errazten du (sarrerak, tempoaren definizioa, rubatoa eta tempoaren beste aldaketa batzuk, amaierako mozketak, arnasketak etab.); vibratoari dagokionez, ganberako praktikak vibrato guztien periodoa, abiadura eta anplitudea berdintzera eta aldi berean jotzera behartzen du.

Autodiziplinari eta metodoari dagokienez, ganberako musikak oso onuragarri diren zenbait ohitura garatzera behartzen du horretan diharduen musikaria (artikulazioa homogeneizatzea, harizko musika-tresnetan arku-kolpeak edo haizezkoetan arnasaldiak planifikatzea etab.), eta aldi berean, norberaren musika-tresna bestelakoekin alderatzeko aukera ematen du.

Musikaren ikuspuntutik, ganberako musika praktikatzea ezinbestekoa da musikariak adierazmenaren eta hunkiberatasunaren esparruetan erabateko garapena lor dezan, izan ere, etorkizuneko musikariaren gaitasun afektiboa beraren interpretazioan azaleratzeko biderik egokiena baita, eta hori lehenbailehen gertatzeko bideak jarri behar baitira.

Bestalde, ideia trukea eta interpretazioari buruzko ikuspuntu desberdinen arteko eztabaida prestakuntza-tresna oso baliotsuak eta eragingarriak dira ikasten ari den instrumentistarentzat; gaitasun analitikoa garatzen laguntzen dute, eta, irakurketa hutsa alde batera utziz, interpretazioa musika-ideia baten agerpena izan dadin sustatzen dute.

Ganberako musika landu eta haren errepertorioa ezagutzea, halaber, urrats erabakigarria da musika-tresnaren errepertorioa eta musikaren historiako aldi guztietako bilakaera estilistikoa ezagutzeko.

Laburbilduz, ganbera musika ezinbesteko osagarria da musika-tresnaren arloko prestakuntzan. Musika-tresnari buruzko klasean ikasitakoak praktikan jartzea ahalbidetzen du, eta, gainera, duen izaera ludikoari esker, aukera ematen du musika praktikatzeko berezkotasun eta distentsio girorik egokienean.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako ganbera musikako ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Ganbera musika prestakuntza musikal eta instrumentalaren arlo garrantzitsua den heinean baloratzea.

b) Uneoro entzute polifonikoa aplikatzea, norbera jotzen ari delarik zati guztiak batera entzuteko.

c) Soinu gama zabal eta askotarikoa erabiltzea, soinuaren doiketa taldeko gainerako musika-tresnen eta obraren interpretazio_ eta estilo-beharren arabera egiteko.

d) Zuzendaririk gabeko interpretazio koordinatua ahalbidetzen duten keinu nagusiak ezagutu eta egitea.

Edukiak

Soinu batasuna: arnasketa, ekitea, vibratoa, arku-ukaldiak, afinazioa, artikulazioa, erritmoa eta fraseatua. Agogika eta dinamika. Zuzendaririk gabe jotzeko behar diren keinu anakrusikoak ikasi eta erabiltzea. Soinu oreka eta planoena. Errepertorioko hainbat estilotako oinarrizko lanen analisia eta interpretazioa. Musika-tresna monodikoen taldea. Harizko laukotea: soinu-berdintasuna arku-ukaldietan, vibratoan, afinazioan eta abarretan, arkuaren banaketa fraseaturako. Haizezko boskotea: berdintasuna ekinaldietan, artikulazioan, fraseatuan eta abarretan. Arnasketa, afinazioa eta vibratoa. Metal taldea. Ganberako praktika elkarte desberdinetan. Ganbera pianoarekin: oreka ekinaldietan, erantzunen aniztasuna baztertu gabe. Harizko eta haizezko musika-tresnen eta pianoaren oreka. Artikulazioa, afinazioa, fraseatua etab. errigorrez klabea edo instrumentu polifonikoa duten ganberako obrak lantzea. Baxu kontinuoari buruzko ezagutzak solista baten edo gehiagoren akonpainamenduari aplikatzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko.

Ebaluazio irizpideak

1. Talde egokiaren barnean, hainbat garai eta estilotako obrak jotzea.

Irizpide honen bidez, taldeko kide guztien arteko interpretazio-irizpidearen batasuna eta zatien arteko soinu-oreka ebaluatu nahi dira.

2. Taldeko arduradun gisa aritzea, taldearen interpretazioa gidatuz, nork bere zatia interpretatzen duen bitartean.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ikasleak partitura osoa ezagutzen duela eta kontzertaziorako behar diren keinuak erabiltzen badakiela. Halaber, soinua, tinbrea, vibratoa, afinazioa, fraseatua etab. bateratzeari buruzko haren irizpideak baloratzen ahal dira.

3. Zailtasun txikiko obra bat lehen begiratuan irakurtzea kasuan kasuko elkartean.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ikaslea gai dela testu baten irakurketan autonomiaz moldatzeko, eta obra irakurri eta ulertzeko zenbaterainoko arintasuna duen jakin nahi da.

4. Programaturiko errepertorioko obrak etxean ikastea.

Irizpide honen bidez honakoak ebaluatu nahi dira: taldeko kide gisa ikasleak duen ardura, taldearen barnean duen eginkizunaz egiten duen balorazioa, eta musikaren interpretazioari dion errespetua.

5. Hainbat estilo eta garaitako obrak jendaurrean jotzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu ahal izanen dira fraseatuaren batasuna, erritmoaren zehaztasuna, soinu-oreka, aldaketa dinamikoen eta azentuazio-aldaketen prestaketa, eta interpretazioaren egokitasuna, alegia, jotzen ari den musikaren izaerari eta estiloari ongi egokitzen zaien.

6. Musika-tresna desberdinez osatutako talde batean, obra garaikide bat jendaurrean jotzea.

Irizpide honen bidez, gaur egungo hizkuntzaren ulertze maila eta efektu eta grafien ezagutza ebaluatu nahi dira, baita morfologia desberdin eta ohiz kanpokoak dituzten musika-tresnen talde baten barneko soinu-oreka ere.

ORKESTRA/BANDA

Sarrera

Musika-tresnetako espezialitateetan irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak banakako lanaren kutsu nabarmena du nahitaez. Horregatik, praktika musikalaren banakotasun hori gainditu eta talde elementuak eransten dituzten irakasgaiak sartu behar dira curriculumean. Musika-tresnaren praktika, horrela, ez da teknika konplexua ikastea eta norberaren musika irizpideak pixkanaka eratzea soilik izanen; gizarte harremanetarako eta instrumentisten arteko ideia trukerako tresna ere izanen da.

Musika hezkuntzak ez du helburu bakartzat izan behar musika-tresnen jotzaile bakarlarien prestakuntza. Aitzitik, haren eginkizun nagusia da gizarteari behar dituen musikariak ematea, komunitateak eskatzen dituen jarduerak egin ahal izateko. Horiek horrela, XIX. mendetik aurrera, orkestra, duen errepertorio zabalagatik eta komunikazio-ahalmen handiagatik, musikaren adierazpide nagusi bilakatu da. Orkestra osatzen duten instrumentisten kopurua hain handia denez, orkestran parte har dezaketen musika-tresnetako (harizkoak, haizezkoak eta perkusiozkoak, gehienbat) ikasleetako askok orkestran izanen dute helburu profesional ohikoena eta, maiz, bakarra.

Orkestran, bandan edo bestelako talde batean aritzeak helburutzat du ikasle guztien parte-hartzea erraztea elkarte desberdinen bitartez. Horrela irakaskuntzaren antolaketa malguagoa lortzen da, eta, aldi berean, integratzeko zailtasunak dituzten zenbait musika-tresnak taldean jotzeko marko egokia sortzen da. Hala, bada, musika-tresnen taldeetan edo ahots taldeetan parte hartuta, ikasleek aktiboki parte hartuko dute ikastetxeari gizartean oihartzun handiena ematen dioten jardueretako batean.

Bi dira, beraz, musikako lanbide ikasketen curriculumean orkestrako edo bandako praktika sartzearen arrazoiak. Alde batetik, talde horietako interpretazioak berezkoak dituen funtzionamenduari, arauei eta bizikidetzari buruzko esperientzia eta beharrezko ezagutzak instrumentisten esku jarriko dituelako. Bestetik, beren mailagatik bereziki talde batean jotzeko gaitasuna duten instrumentisten gain eragin onuragarria izanen duelako. Laburbilduz, ikasleek musikari hauen bizitza profesionala bigarren mailako aukeratzat jotzea saihestuko du, lanbide-aukera jakin baterantz bideratuko ditu, eta txikia izan arren oso arau zehatzak, eta ez beti erosoak edo betetzen errazak, dituen talde sozial batean sartzea eta psikologikoki moldatzea erraztuko die.

Orkestrak, bandak edo taldeak, ganbera musikak bezala (antzeko helburuak dituen irakasgaia baita), ikaslea zailtasun teknikoak eta laguntzen dion musika-tresnarekiko (pianoa, sarritan) desberdintasuna ia beti ezaugarritzat dituen errepertoriotik aterako du eta mundu berri batean murgilduko du. Mundu horretan berdintasun handiagoa dago eta haren izaera aberatsagoa eta askotarikoa da. Horrela, sonata, kontzertua edo birtuosismoko piezak ez dira gehiago izanen musika genero bakarrak eta ikaslea sinfonia, oratorioa, poema sinfonikoa eta opera bezalako generoetan murgiltzen hasiko da. Oso literatura urria edo musika-balio desberdineko partiturak dituzten musika-tresnen kasuan, talde hauek mendebaldeko musikaren historiako konposizio garrantzitsuenetan barneratzeko aukera ematen dute nagusi diren beste musika-tresna batzuen (biolina, flauta edo tronpa, adibidez) baldintza berdinetan. Horrek guztiak hobetu egiten du ikaslearen musika-prestakuntza. Oso izaera eta teknika desberdinak dituzten musika-tresnekin aldi berean jarduteak, azken batean, ikasleari musikaren ikuspegi askoz zabalagoa emanen dio eta aberastu eginen dio tinbreei buruz (banaka zein taldean hartuta) eta berezitasun organologikoei buruz duen ezagutza.

Zailtasun teknikoek edo solistaren nabarmentze hutsak tokia utziko diete mendebaldeko musikaren orrialderik onenetako asko bete dituen errepertorioari eta musika-tresnen arteko harremanen sare konplexuari, non ikaslea protagonista nabarmen sentituko den. Ahots bat edo zati bat jotzeko ardura instrumentista batena baino gehiagorena izateak ez dauka zertan lausotu, ezta apur bat ere, protagonismo hori; kolektiboa izan arren, protagonismoak ez dio ezer kendu behar taldeko kide bakoitzak betetzen duen eginkizunari. Buru bakar baten adimenak (zuzendariarenak) bildutako gizabanakoen batura da taldea, eta zuzendaria musikariek barruan daukaten onena ateratzen saiatuko da. Musikariek oharkabean pasatzea zein besteen gainetik nabarmentzea saihestu behar dute. Irizpide batasuna eta exekuzioaren berdintasuna izanen dira, beraz, lortu beharreko helburu nagusiak.

Orkestrak, bandak eta sortzen diren taldeek ikasleen arteko giza harremanak ere bultzatu behar dituzte, orain arte egin duten praktika instrumentala ia beti indibidualista eta bakarkakoa izan baita. Ikasleek bakarkako interpretazioa inguratzen duen guztia entzuteko jarrera areagotu beharko dute, taldeko interpretazio onak betiere berezkoak dituen alderdiak lortze aldera: afinazioa, enpastea, fraseatuaren homogeneotasuna, ekinaldien berdintasuna, ehunduren argitasuna etab.

Zuzendariaren ohar guztiak errespetatzeak diziplinazko jarrera sustatuko du alde batetik, eta bestetik, kontzertua proba saioetan egindako lanaren emaitza izanen bada, oharrak buruz ikasi beharra sortuko da. Kontzertuan ikasleak oso bestelako sentipena nabaritu ahal izanen du, argi izanen baitu taldeko lanean erantzukizuna guztiena dela. Hori guztia dela bide, ikasleari aniztasuna sentiaraziko zaio lanbide ikasketetako bere prestakuntzarako oinarrizko elementu gisa. Horrela, talde baten baitako praktika instrumentala talde lan gisa hartu ahal izanen da.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako orkestra eta bandako ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Estilo guztien eta horietako bakoitzaren interpretazio baliabideen ezagutza sakontzea.

b) bZuzendariaren lanaren eta taldeko esperientziaren bidez, kontu estetikoei buruzko irizpide pertsonal eta arrazoituak lantzea, horrela taldearen barnean interprete gisa norberak duen egitekoa bete ahal izateko.

c) Nork bere musika-tresna menderatzea, obra bakoitzaren eskakizunen arabera.

d) Uneoro entzute polifonikoa aplikatzea zati guztiak aldi berean entzuteko nork bere zatia jotzen duen bitartean, soinu-kalitatea pixkanaka hobetzeko behar den entzumenezko sentiberatasuna agertuz.

e) Soinu gama zabal eta askotarikoa erabiltzea, soinuaren doiketa taldeko gainerako musika-tresnen eta obraren interpretazio-beharren arabera egiteko.

f) Taldearen errepertorioko obra adierazgarriak jotzea, nork bere maila instrumentalaren arabera, eta zuzendariaren oharrei zehaztasunez erantzutea.

g) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

h) Lehen begiratuan irakurtzeko gaitasuna garatzea.

i) Musikari buruzko ezagutzak gero eta askatasun handiagoz aplikatzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

j) Taldean jotzeko arauak errespetatzea: aurrez afinatzea, etengabeko arreta, taldearen lanaren balorazioa etab.,eta uneoro horien ardura hartzea.

k) Taldeko praktika etorkizuneko lanbide jarduerarako ezinbestekoa den ikaskuntza prozesu gisa baloratzea.

Edukiak

Aurrez afinatzearen garrantzia. Anakrusa, taldeko praktikako oinarrizko mugimendua. Zuzendariaren anakrusak ulertzea eta haiei erantzutea. Entzumena lantzea, afinazioaren etengabeko kontrolerako. Ekinaldien berdintasuna garatzea (haizezko eta perkusiozko musika-tresnak). Arku-kolpeen berdintasuna garatzea. Taldeko portaera arauak ezagutu eta baloratzea. "Particella" aldez aurretik ikastea, isiltasuna eta kontzentrazioa zuzendariaren aginduak uneoro betetzeko, oharrak idazteko ardura etab. Taldeko kide bakoitzaren eginkizunaren garrantzia. Sekzioka lan egitea. Taldearen oinarrizko errepertorio adierazgarriena mailaz maila lantzea. Isiltasuna baloratzea, interpretazioaren markoa den aldetik.

Ebaluazio irizpideak

1. Ikastaroan zehar programatutako edozein obra sekzioka interpretatzea.

Irizpide honen bidez, norberaren soinua kasuan kasuko familiarenari egokitzeko gaitasuna eta zuzendariaren anakrusaren araberako ekinaldien eta sarreren zehaztasuna baloratu nahi dira.

2. Ikastaroan zehar programatutako obretatik edozein jotzea, harizko sekzioetan ikasleen kopurua ahalik txikiena delarik.

Irizpide honen bidez jakin nahi da zenbateko gaitasuna duen ikasleak beste zatiak entzuteko, antzekoekin bat eginez, eta unisonoak batuz lortzen den afinazio harmonikoaren maila eta taldearena ebaluatu nahi dira.

3. Zailtasun txikiko obra bat lehen begiradan irakurtzea.

Irizpide honen bidez, zuzendariak markatutako tempoari jarraituz taldeak duen erritmo-integrazioa, haren oharren aurrean erreakzionatzeko zehaztasuna, musika-tresna menderatzeko maila eta bistazko irakurketaren afinazio-maila egiaztatu nahi dira.

4. Programaturiko errepertorioko obrak etxean ikastea.

Irizpide honen bidez honakoak ebaluatu nahi dira: taldeko kide gisa ikasleak duen ardura, taldearen barnean duen eginkizunaz egiten duen balorazioa, eta musikaren interpretazioari dion errespetua.

5. LLandu diren obrekin jendaurreko kontzertuak egitea.

Irizpide honen bidez egiaztatuko dira instrumentistak derrigorrezkoa duen diziplinazko jarrera, emandako eginkizuna bere gain hartzeko gaitasuna, taldeko planoen orekarako egiten duen ekarpena eta zuzendariak markatutako izaerari eta estiloari egokitzeko gaitasuna.

PIANO OSAGARRIA

Sarrera

Azken mendeotan mendebaldeko gure kulturaren emaitza gisa sortu den musika, polifonikoa da batik bat, baldin eta polifoniari adiera zabala ematen bazaio, ez bakarrik idazkera erabat kontrapuntistikoa, bokala edota instrumentala, gaurkoa edo iraganekoa, baizik eta baita XVIII. mendean zehar sortu eta XIX. mendean gailurrera iritsi zen estilo harmonikoko musika ere bai, gaur arte eboluzionatuz joan eta pentsamendu polifonikoaren alderdi edo forma berriak sorrarazi dituena.

Instrumentu-interpreterako karrera egitea lehen helburutzat ez duen edozein musikarirentzat (konpositore, orkestra edo koru zuzendari, musikologo, kantari, teoriako edo musika-tresnako irakasle eta abarrekoentzat), musika-tresna polifonikoren bat jotzea oso baliagarria da, eta eraginkortasun handiko lan-tresna, gutxi-asko konplexua den partitura polifoniko baten barnean sartzeko aukera emango baitio, bere dimentsio bertikala eta horizontala erabat harrapatzeko eta berehala soinu-errealitate bilakatzeko.

Haizezkoak bezalako musika-tresna monodikoak (mihiak, pitak etab.) edo arkuzkoak bezalako gaitasun polifoniko mugatuko musika-tresnak jotzen dituzten interpreteentzat ere, aldi berean musika-tresna polifoniko bat ikastea osagarri aparta izan daiteke nork bere musika-tresnaren errepertorio berariazkoa hobeki ezagutzeko, izan ere, praktikan, gutxi-asko musika-tresna polifoniko baten laguntza behar izaten baita. Gitarra joleentzat ere (aukera polifonikoak nabarmen mugatuak dituen musika-tresna da, ezker eskuak noten intonazioa finkatu behar duenez, beste edozer egiteko aukera kentzen baitzaio) aldi berean beste musika-tresna batekin jardutea onuragarria gerta daiteke, horrek aukera polifoniko zabalagoak irekitzen baititu.

Barne-entzumenaren garapena errazagoa izanen da eta sendotu eginen da, musika-tresna polifonikoaren bidez berehala egiaztatuko baita nola entzuten den errealitatean gure burua irakurtzen ari den soinua.

Definizioz, gaitasun polifoniko handiko musika-tresnak teklazkoak dira: organoa, klabea eta pianoa, batik bat. Ageriko arrazoiengatik lehenbiziko biak alde batera utzirik, pianoa da funtzio osagarri hori betetzeko musika-tresnarik egokiena, eta hori horrela dela esateko dauden arrazoiak ugari dira. Lehenik, arestian aipatutako gaitasun polifonikoa dago, teklazko beste musika-tresna batzuek ere badutena, esan den bezala. Organoak zein klabeak, teklatu bat baino gehiago eta hainbat erregistro izanik, pianoak ez duen tinbre-aniztasuna lortzen dute, baina esan behar da horrek gure oraingo helburuak lortzeko abantailak baino eragozpenak gehiago dituela; organoa ez da oso erabilgarria eta, klabeari dagokionez, beste muga batzuen artean, pianoak baino hedapen askoz txikiagoa du. Bigarrenik, pianoko hasierako ikasketak nahiko errazak dira, edo ez dute, maila horretan behintzat, harizko edo haizezko musika-tresnek bezalako muga edo zailtasunik (afinazioa, ahoa, arnasketa, intonazio eta kalitate onargarriko soinua lortzea, etab.). Erregistro-hedadudari dagokionez, praktikan pianoa orkestra sinfonikoarekin parekatzen ahal da, eta beste hainbeste esan daiteke beraren aberastasun dinamikoari buruz. Soinuaren berehalako emisioa eta arintasuna, jolearen trebetasun-mailak soilik mugatuak, pianoaren beste ezaugarri baliotsu batzuk dira. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi pianoak egungo musika-esparru orotan duen hedapen itzela.

Piano osagarriko irakasgaiaren bitartez eskaini nahi den irakaskuntzaren helburuak honakoak dira: musika-tresna ez-polifonikoen joleen prestakuntza osatzea, eta goi mailako ikasketetan beste espezialitate batzuk hautatuko dituzten ikasleen eskura jartzea edozein musikatara iristea ahalbidetuko dien musika-tresna bat.

Helburu hori dela eta, irakaskuntza, maila handiko gaitasun teknikoa lortzen baino gehiago, lehen aipatutako beste alderdi batzuk lantzen saiatuko da, hala nola polifoniaren pertzepzio globala, barne-entzumena, lehen begiradan irakurtzeko trebetasuna (partituran idatzitakoaren sinplifikazio azkarra barne), etab. Jakina, oso kontuan izan behar da teklatuko interpretazioa musika-tresnaren teknikan lortutako trebetasun mailaren araberakoa izanen dela, baina argi dago, ildo horretatik, irakasgai honetan finkatuko diren mailek piano espezialitateko ikasleei eskatzen zaizkienen azpitik egon behar dutela. Horrela, pianoak, beste musika-tresna batzuetako espezialitateetako ikasleen hezkuntzan, funtzio osagarri, komenigarri eta desiragarria bete ahal izanen du.

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako piano osagarriko ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Musika-tresnaren ahalmen guztiak ezagutzea.

b) Teklatuan ahalik eta aiseen eta neurri bateko zailtasunei aurre egiteko moduan jarduteko adinako trebetasun maila lortzea.

c) Lehen begiradako irakurketan erreflexu gero eta azkarragoak lortzea.

d) Partitura polifonikoak erraz irakurtzea, formulazio harmonikoak eta alderdi lineal eta kontrapuntistikoak erabat ulertuz.

e) Melodia xumeak eta horien akonpainamendua inprobisatzea, proposaturiko egitura harmonikoen gainean.

f) Norberaren mailarako egokiak diren musika pasarteen transposizioa egitea.

Edukiak

Norberaren erlaxazioaren barne-pertzepzioa lantzea, besoaren pisua kontzienteki erabiltzeari lotuta. Atzamarren teknika lantzea (askatasuna, abiadura, indarra eta hatzetako artikulazioen mugimenduen erresistentzia). Besoen teknika lantzea (besoa eta besaurrea erori eta jaurti, eskuaren eta eskumuturraren biraketa mugimenduak eta zirkularrak, albo desplazamenduak, etab.). Pianoko hatz-jokoaren oinarriak. Pultsazio edo ekite modu guztiak praktikatzea, betiere dinamikaren, fraseatuaren eta dena delako zatiak duen musika-zentzu orokorraren arabera. Oinarrizko teknika polifonikoa garatzea. Pedalak eta haien funtzioak. Lehen begiradako irakurketa praktikatzea. Irakurketa harmonikoa (akordeen irakurketa, lotutako akordeen serieak, akorde hedatuen aurkezpen modu guztiak, hala nola Albertiren baxua bezalako formulak, akorde zatituak, hainbat modutan hedatuak, arpegiatuak etab.). Irakurketa kontrapuntistikoa, lineal hutsa, bi edo are hiru ahotsetara. Pianoko errepertorioko zailtasun progresiboko estudio eta obrak. Egitura harmonikoa. Inprobisazioa. Transposizioa.

Ebaluazio irizpideak

1. Testuak lehen begiradan irakurtzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez, ikasleak testu instrumental bat halako autonomia maila batez irakurtzeko gaitasuna duela egiaztatu nahi da.

2. Programatutako errepertorioko obrak modu autonomoan prestatzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ikaslea gai dela irakasleen oharrak bere ikasketan aplikatzeko, eta bere errendimendua nolabait baloratzea ahalbidetzen dion lan-autonomia garatu duela.

3. Obrak dagozkien estilo-irizpideen arabera interpretatzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ikaslea gai dela tempoa, artikulazioa eta dinamika erabiltzeko, interpretazioaren oinarrizko elementuak baitira.

4. Talde bateko kide gisa jokatzea, eta gaitasuna izatea beste musika-tresna edo ahotsak entzun eta haiei egokitzeko eta aldi berean jo edo kantatzeko.

Ebaluazio irizpide honen bidez, taldeko lana egitean ikasleak musikaren eta soinuaren aldetik ikaskideei egokitzeko duen gaitasuna neurtu nahi da.

5. Teklaturako partitura zati baten analisia egin eta haren egitura harmonikoa antzematea.

Irizpide honen bidez neurtu ahal izanen da ikasleak zenbaterainoko gaitasuna duen analisia erabiliz musika pasarte baten egitura harmonikoari antzemateko eta musikagileak obra hori egitean eman dizkion tratamendu desberdinak bereizteko.

6. Musika-tresna polifoniko baterako idatzitako musika pasarte erraz baten laburpen harmonikoa egitea.

Irizpide honen bidez ikaslearen ezagutza analitikoak baloratu ahal izanen dira, oinarrizko egitura harmonikoen identifikazioari dagokionez. Horretarako irakurketa saioa eginen da, non, batez ere, egitura horien ikuspegitik funtsezkoa ez den guztia kendu beharko den.

7. Pianorako antolaera harmonikoa (arpegioak, Albertiren baxuak etab.) duten obrak edo pasarteak irakurtzea.

Irizpide honen bidez baloratu ahal izanen dira ikaslearen sintesi-gaitasuna eta sinpleak izan arren gauzatzeko nahiko konplexuak diren pasarte harmonikoak jotzeko bizkortasuna.

8. Partitura bat-batean irakurtzea, musika-tresnen talde baten barnean edo bakarlari bati lagunduz.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da zenbateraino garatu diren erreflexuak eta ikasleak landu behar dituen gainerako trebetasunak, bat-bateko irakurketaren bidez, instrumentista taldearen barnean edo bakarlari bokal nahiz instrumental baten akonpainamenduan.

9. Bi esaldi edo gehiago dituzten melodiak sortu eta interpretatzea, baita haien akonpainamendua ere, lotura harmonikoaren bidez, proposaturiko egitura harmonikoen gainean.

Irizpide honen bidez ikaslearen sormena neurtu nahi da, eta ezagutza melodiko-harmonikoak musika-tresnaren bitartez bereganatu dituela egiaztatu.

10. Musika pasarte laburren transposizioa egitea, partitura baten bidez proposatuta nahiz obra inprobisatuetatik abiatuta.

Irizpide honen bidez, ikasleak transposizio irakurria (partiturak) edo mentala (norberak sortutakoak) aplikatzeko duen gaitasuna baloratu nahi da.

MUSIKA-TRESNAK

Sarrera

Musika, arte dramatikoaren antzera, produktu artistikoa jasotzen duen publikoaren eta egilearen arteko bitartekari bat behar duen artea da: bitartekari hori interpretea da (instrumentista, kantaria, zuzendaria etab.).

Interpreteari dagokio bitartekari izatea, beraz, instrumentista, kantari, zuzendari eta abarreko lanetan ari dela. Lehenbizi, interpretearen lanaren koxka testua zuzen ulertzean dago. Testuak, partituran bildutako ikur-sistema horrek, mendeetan zehar etenik gabe aberastu izanagatik, musika adierazteko muga gaindiezinak ditu eta izanen ditu, berregitea eskatzen duen zerbait baita, subjektiboki desberdinak diren ikuspuntuetatik aztertu beharrekoa. Interpretatzea dibertsitate ekintza da berez. Eta ez bakarrik grafiak idazketaren planotik hainbeste urruntzen den errealitatea (soinu-denborazko fenomenoa den musika, alegia) adierazteko dituen zailtasun gaindiezinengatik, baizik eta, batez ere, musikaren izaera berezi horrengatik, adierazkortasunez jantzitako hizkuntzen artean nagusia delako, "afektuen" hizkuntza, XVII. eta XVIII. mendeetako maisu zaharrek ziotenez, zirraren hizkuntza, musikaren mezua dezifratu eta transmititzeko gai izanik harengana hurbiltzen diren artista adina modu desberdinez espresa daitezkeen zirrarak adierazten dituen hizkuntza delako.

Horrek, lehenbizi, musikaren ikur-sistema, beharrezko datuak paperean gutxi gorabehera besterik ez bada ere finkatzeko erabiltzen dena, ikastea eskatzen du. Hori, musika-tresna jotzen hasi baino lehen eta jotzen ari dela ikas daiteke. Beraz, interpretegaiaren lana hau izanen da: partitura zuzen irakurtzen ikasi; gero, irakurketaren bidez, idatzitakoari zentzua bilatu, bere balio estetikoa baloratu ahal izateko; eta, horrekin batera, musika-tresna erabiltzeko behar den trebetasuna garatu, testu horretako musika jotzean mezu esanguratsuaren dimentsio osoa lortzeko eta partituran zifraturiko musika obrak interpretearengan sortzen duen zirrara estetikoa argi eta garbi, sinesgarriro transmititu ahal izateko.

Helburu horiek lortze aldera, aukeratu duen musika-tresnak eskaintzen dizkion aukera guztiak erabat menderatzen lagunduko dioten gaitasun berariazkoak garatzera iritsi beharko du instrumentistak. Aukera horiek mendeetan zehar konpositoreek utzi diguten literaturan ageri dira; errepertorioen zerrenda zabala da eta zabaltzeari utzi ez diona, gainera. Trebetasun horren garapenari, musika-tresna erabiltzeko trebezia osoa eskuratzeari, teknika deitzen diogu.

Musika-tresnaren errepertorioa jotzeko arazoak gainditzea du interpreteak lehen lana, jakina. Bere musika-prestakuntza osoan ordu asko eskatzen dizkion lana da, gainera. Dena dela, kontuan hartzekoa da oso, lan teknikoak (musika-tresnarekin buru-belarri praktikatzen ematen den denbora) interpreteak gero bideratu nahi duen errealitate musikalarekin erabat lotuta egon behar duela interpretearen buruan, eta ordu horiek ariketa gimnastiko huts izateko arriskua saihestu egin behar dela etengabe.

Ildo horretan, beharrezkoa da, ezinbestekoa ez esateagatik, instrumentista ongi jabetzea zein garrantzitsua den oroimena (funtsezko ahalmen intelektual horren garapena, alegia) jotzaile hutsa izateko prestakuntzan eta, are gehiago, interprete izateko prestakuntzan, baita bere ohiko lanbide-praktikan (orkestrako instrumentista, ganbera taldea etab.) idatzizko zatiaren laguntzarik gabe jotzeko premiarik ez duenean ere. Ez da hau interpretearen gaitasunen garapenean oroimenak duen garrantziaz luze hitz egiteko tokia. Baina, musika-tresna jotzeko ezinbestekoak diren ekintza erreflexuen eta automatismoen sare izugarri zabal eta konplexuaz osatuta dagoen oinarrizko oroimen subkontziente hori alde batera utzita, honakoa aipatu behar da: lehenik, uneoro gogora daitekeena besterik ez dago ikasita; memorizazioa laguntzaile bikaina da ikasteko, zeren, hainbat abantailaren artean, denbora asko aurrezten ahal da eta halako batean partitura alde batera uzteko aukera dago, arreta osoa arazo teknikoak konpontzera eta musikaren eta espresioaren ikuspegitik baliagarria den errealizaziora zuzenduz; oroimenak garrantzi handiko zeregina du obra bat, oro har, bere osotasunean ulertzeko, obra denboran zehar garatzen den heinean oroimenak bakarrik berreraikitzen baititu haren koherentzia eta haren bilakaeraren osotasuna.

Sentiberatasun musikala sortu eta garatzea etengabeko prozesua da, bakoitzak musika-literaturaz, oro har, eta bere musika-tresnaz, bereziki, duen ezagutza gero eta zabal eta sakonagoak elikatzen duen prozesua. Sentiberatasuna garatzeko lanean beste jakintza alor teoriko-praktiko batzuek ere lagundu egiten dute, noski, eta instrumentistari bere interpretazioak estilo aldetik zuzenak izan daitezen bide egokia hartzen lagunduko dioten historiari buruzko beste ezagutza batzuek ere bai.

Beste jakintza alor horiek landuta (instrumentistari begira osagarritzat har daitezke gai horiek, baina ez dira horregatik premia txikiagokoak) erabat ulertuko da musika hizkuntza moduan eta komunikabide moduan. Komunikaziorako bidea izanik, musika sintaxi eta egitura-printzipio batzuen arabera egituratzen eta eratzen da. Printzipio horietaz interpretea bere prestakuntzaren hasierako etapetan intuizioz jabetzen ahal bada ere, ez dute balio osoa hartuko interpreteak kontzienteki erabat bereganatu eta bere ezagutza kultural eta profesionalean txertatzen ez dituen bitartean.

Horrek guztiak pentsarazten digu instrumentistaren prestakuntza zabaltasun handiko eta jakintza-alor anitzetako frontea eta prestakuntza prozesu luzea dela. Prestakuntza horretan berealdiko garrantzia dute gaitasun fisiko eta psikomotoreak txikitatik lantzeak, batetik, eta interpretegaiaren heldutasun pertsonal, emozional eta kulturalak, bestetik.

AKORDEOIA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako akordeoi ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Musika-tresnaren teknika eta soinu eta espresio ahalmenak garatzea, oro har, eta soinuaren kalitatea pixkanaka hobetzeko behar den entzumen-sentiberatasuna agertzea.

b) Hauspoa kontrolatzea, soinu kalitate egokia ez ezik, obra bakoitzak musika-tresnari eskatzen dizkion efektu desberdinak ere erdietsiko direla bermatzeko.

c) Akordeoirako musikaren literaturako obra adierazgarrien errepertorioa jotzea, maila honi dagokion zailtasuna duena, garrantzizko hainbat konpositore, estilo, hizkuntza eta teknika bilduz.

d) Musikari buruzko ezagutzak gero eta askatasun handiagoz erabiltzea, interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: hatz-jokoa, erregistrazioa, hauspoa etab.

e) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

f) Lehen begiradan irakurtzeko trebetasuna izatea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta askatasun handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

g) Musika instrumentalaren historiako garai bakoitzean indarrean egondako interpretaziorako hitzarmenak ezagutzea, idazketa erritmikoari eta ornamentazioari dagozkionak, batez ere.

Edukiak

Teknika eta interpretazioa hobetzea, aukeratutako errepertorioaren eta tresna motaren arabera. Atzamarren arintasuna eta malgutasuna garatzea. Hauspoaren teknika eta musika-tresnaren berezko efektu akustikoak (Bellowshatre, ricocheta, distortsioak). Hauspoaren teknika hobetzea soinu-kalitatea lortzeko. Artikulazio eta azentuazio lanean sakontzea (legatoa, staccatoa, leggeroa, couléa, detachéa etab.). Dinamikaren eta erregistrazioaren ikasketan sakontzea. Maila honi dagokion errepertorioa ikastea, akordeoi eskola guztiak kontuan hartuz. Hatz-jokoa, artikulazioa, fraseatua eta ohar dinamikoak hautatzea, halako oharrik ez duten obretan. Obren balio estetikoen garrantziaz jabetzea. Norberak musikarako dituen gaitasunez eta interpretazioak eskatzen duen neurriko garapenaz jabetzea. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Taldeko praktika.

HARPA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako harpa ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Musika-tresnaren teknika eta soinu eta espresio ahalmenak garatzea, oro har, eta soinuaren kalitatea pixkanaka hobetzeko behar den entzumen-sentiberatasuna agertzea.

b) Pedalak erabiltzen eta afinazioan trebetasuna erakustea.

c) Maila honetarako zailtasun egokia duen eta garai eta estilo guztietako obra adierazgarriak biltzen dituen errepertorioa interpretatzea.

d) Musikari buruzko ezagutzak gero eta askatasun handiagoz aplikatzea, interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: hatz-jokoa, artikulazioa etab.

e) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

f) Lehen begiradan irakurtzeko trebetasuna izatea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta askatasun handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

g) Musika instrumentalaren historiako garai bakoitzean indarrean egondako interpretaziorako hitzarmenak ezagutzea, idazketa erritmikoari eta ornamentazioari dagozkionak, batez ere.

Edukiak

Bitarte harmoniko, akorde, eskala eta arpegioak praktikatzea harparen zortzidun guztietan, tonalitate maiorren eta minorren aldaketak eginez. Esku paraleloak, alderantzikatuak, noranzkoaren aldaketak, esku gurutzatuak, txandakatuak, esku bakoitzeko formula-konbinazioak elkarrekiko askatasuna garatzeko. Inprobisazio ariketak. Kadentzien azterketa, eta eskalako graduen garrantzia "a piacere" tekniketarako baliabide gisa. Efektuak eta ñabardunak garai eta estiloetara aplikatzea. Hatz-jokoan eta fraseatuan sakontzea. Garai eta estilo bakoitzeko nota apaingarriak aztertzea. Errepertorio sinfonikoa aztertzea. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Eszenatokiaren kontrol gero eta hobeagoa lortzea, jendaurreko emanaldiak eginez. Taldeko praktika.

KANTUA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako kantu ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Airea ongi kontrolatzea, igorpen, afinazio eta ahoskatze egokiak ahalbidetzen dituen arnasketa diafragmatikoaren bidez.

b) Norberaren ahotsaren ezaugarriak eta ahalmenak (hedadura, tinbrea, malgutasuna, adierazpen-ahalmenak etab.) ezagutzea eta interpretazioan zuzen erabiltzen jakitea.

c) Zein hizkuntzatan kantatzen den kontuan hartuz, fonetika egokia eta testua ulergarri eginen duen ahoskera erabiltzea.

d) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

e) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta askatasun handiagoz erabiltzea ahotsarekin inprobisatzeko.

f) Maila honetarako zailtasun egokia duen eta garai eta estilo guztietako obra adierazgarriak biltzen dituen errepertorioa interpretatzea.

Edukiak

Arnasketaren azterketa. Bokalizazioak. Soinu bokalaren intentsitatea eta mailaketa lantzea. Pixkanaka ahotsaren mugak zabaltzeko praktika. Arnasaldi bakarreko nota baten iraupenaren garapen graduala, "fiato" handiena lortzeko. Norberaren ahotsaren tinbrea entzuteko ariketak egitea eta ahots kolore desberdinak bilatzea. Fonazio-sentipenen erabateko pertzepzioa garatzea. Ahots bakoitzerako obra egokiak interpretatzea, gero eta zailagoak, teknika eta ahotsa menderatzea lortzen den neurrian. Honakoak eduki behar dituen errepertorioa ikastea: espainiar eta italiar kanta eta aria zaharrak, kontzerturako espainiar kantak, kanta latinoamerikar, italiar, alemaniar eta frantsesak, zarzuelako eta opera espainiar edo atzerritarreko erromantzak eta oratorio edo kantatetako ariak. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Taldeko praktika.

KLABEA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako klabe ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Klabearen eta garaikide izan zituen teklazko musika-tresna parekoen historia eta literatura ezagutzea, baita haien oinarrizko forma musikalak ere.

b) Musika-tresnaren literatura zuzen interpretatzeko ikerketa lanak duen garrantzia aintzat hartzea.

c) Aztertutako obrei erregistrazio egokia aplikatzea, espresio eta estilo alderdiei kontu eginez.

d) Jotzen diren obrak ornamentatzea, behar denean, haien estiloaren ezaugarriak kontuan hartuz.

e) Musikari buruzko ezagutzak gero eta askatasun handiagoz aplikatzea, interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: hatz-jokoa, artikulazioa, fraseatua, teklatu aldaketak, erregistrazioa etab.

f) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

g) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

h) Taldeko musika praktikatzea, egitura desberdinetako ganbera-multzoetara moldatuz, eta maila honetarako zailtasun egokia duten garai eta estilo desberdinetako obra adierazgarriak kontuan hartzen dituen errepertorio solista interpretatzea.

Edukiak

Garai eta estiloen araberako hatz-joko desberdinak lantzea. Musika-tresnaren kontrol ona lortzen eta zailtasun teknikoak automatizatzen laguntzen duten ariketak egitea. Erregistrazioa eta teklatu aldaketak. Baxu zifratua aztertzea eta nola egiten den ikastea. Inprobisazioa eta akonpainamendua, baxu zifratu batean oinarrituta. Bistazko irakurmena lantzea. "Subintellecta" semitoniaren azterketa. Sistema hexakordala. Garaiko baliabideak eta figura erretorikoak ezagutzea, eta halaber, horiek zenbait musika-formaren konposizioan eta interpretazioan duten erabilera jakitea. Dantzen azterketa eta suitearen bilakaera. Klabearen oinarrizko errepertorioa interpretatzea, garaiko konpositoreek eginiko orkestra-erredukzioak eta musika-tresnari emandako tratamendua barne direla. Musika garaikidea interpretatzen eta haren grafia eta efektuak ikasten hastea. Pedaldun klabearen funtzionamendua ezagutzea: haren erregistrazioa eta teknika bereziak. Afinazioak ikasi eta praktikatzea. Musika-tresna zaintzeko oinarrizko teknikak. Klabe motak, horien egitura eta herrialde bakoitzeko garai eta estilo desberdinetako literaturan klabeak izan duen eragina ezagutzea. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Taldeko praktika.

MOKO FLAUTA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako moko-flautako ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Musika-tresnaren literatura zuzen interpretatzeko ikerketa lanak duen garrantzia aintzat hartzea.

b) Jotzen diren obrak ornamentatzea, behar denean, haien estiloaren ezaugarriak kontuan hartuz.

c) Musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz aplikatzea, interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: hatz-jokoa, artikulazioa, fraseatua etab.

d) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

e) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

f) Taldeko musika praktikatzea, egitura desberdinetako ganbera-multzoetara moldatuz, eta maila honetarako zailtasun egokia duten garai eta estilo desberdinetako obra adierazgarriak kontuan hartzen dituen errepertorio solista interpretatzea.

Edukiak

Flauta solistarako errepertorioa, akonpainamenduarekin edo akonpainamendurik gabe, eta flauta talderako errepertorioa ikastea. Inprobisazioa garatzea, glosa eta kadentzia solistak interpretatu ahal izateko. XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako ornamentazioa lantzea. Moko-flautaren teknikari eta musikaren interpretazioari buruzko antzinako tratatuak aztertzea. Artikulazioen eta ekite moduen sorta osoa hobetzea. Sakonean aztertzea fraseatua eta estilo bakoitzean dituen egokitzapenak. Dinamikan, berari dagozkion oharrak gauzatzeko zehaztasunean eta lortzen diren soinu-maila eta _kalitateen orekan sakontzea. Musika garaikidea interpretatzen eta haren grafia eta efektuak ikasten hastea. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Taldeko praktika.

GITARRA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako gitarra ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Musika-tresnaren teknika eta soinu eta espresio ahalmenak menderatzea, oro har, eta soinuaren kalitatea pixkanaka hobetzeko behar den entzumen-sentiberatasuna agertzea.

b) Musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz aplikatzea, interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: hatz-jokoa, artikulazioa, fraseatua etab.

c) Musika instrumentalaren historiako garai bakoitzean indarrean egondako interpretaziorako hitzarmenak ezagutzea, idazketa erritmikoari eta ornamentazioari dagozkionak, batez ere.

d) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

e) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

f) Taldeko musika lantzea, egitura desberdinetako ganbera-multzoetan parte hartuz.

g) Maila honetarako zailtasun egokia duen eta garai eta estilo guztietako obra adierazgarriak biltzen dituen errepertorioa interpretatzea.

Edukiak

Hatz-jokoan eta honek dituen arazoetan sakontzea: obra edo pasarte polifonikoetako hatz-jokoa, ahotsak bideratzeari begiratuta. Artikulazioen eta ekite moduen sorta osoa hobetzea. Dinamika, berari dagozkion oharrak gauzatzeko zehaztasuna, eta lortzen diren soinu-maila eta _kalitateen oreka. Fraseatua eta estilo desberdinetan dituen egokitzapenak. Garai eta estilo bakoitzak eskatzen duenaren arabera, gitarraren errepertorioan ornamentazio arauak aplikatzea. Musika-tresnak berezkoak dituen efektuak (tinbreak, perkusioa etab.) erabiltzea. Harmoniko oktabatuak. Garai eta estilo anitzetako obrak dituen errepertorioa aztertzea. Musika garaikidea interpretatzen eta haren grafia eta efektuak ikasten hastea. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Posizioak eta posizio aldaketak aztertzea. Akordeak eta arpegioak aztertzea. Abiadura lantzea. Inprobisatzen hastea. Vibratoa aztertzea. Eszenatokiaren kontrol gero eta hobeagoa lortzea, jendaurreko emanaldiak eginez. Taldeko praktika.

HARIZKO MUSIKA-TRESNAK: BIOLINA, BIOLA, BIOLONTXELOA, KONTRABAXUA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako harizko musika-tresnetako (biolina, biola, biolontxeloa eta kontrabaxua) ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz aplikatzea, interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: hatz-jokoa, artikulazioa, fraseatua etab.

b) Musika instrumentalaren historiako garai bakoitzean indarrean egondako interpretaziorako hitzarmenak ezagutzea, idazketa erritmikoari eta ornamentazioari dagozkionak, batez ere.

c) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

d) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

e) Taldeko musika praktikatzea, egitura desberdinetako ganbera-multzoetan parte hartuz eta zailtasun ertaineko obretan orkestradun bakarlariaren lana eginez; horrela, bi eginkizunen arteko loturaren sena garatuko da.

f) Maila honetarako zailtasun egokia duen eta garai eta estilo guztietako obra adierazgarriak biltzen dituen errepertorioa interpretatzea.

g) Musika-tresnaren teknika eta soinu eta espresio ahalmenak menderatzea, oro har, eta soinuaren kalitatea pixkanaka hobetzeko behar den entzumen-sentiberatasuna agertzea.

Edukiak

Posizio aldaketei buruzko lanaren jarraipena. Hari bikoitzak eta hiru eta lau notako akordeak. Abiadura lantzea. Arkukada mota guztiak hobetzea. Harmoniko naturalak eta artifizialak. Polifonia lantzea harizko musika-tresnetan. Soinu kalitatea: "cantabile"a eta afinazioa. Fraseatua eta estilo desberdinetan dituen egokitzapenak. Dinamika, berari dagozkion oharrak gauzatzeko zehaztasuna eta lortzen diren soinu-maila eta _kalitateen oreka sakonago aztertzea. Musika garaikidea interpretatzen eta haren grafia eta efektuak ikasten hastea. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Vibratoa aztertzea. Inprobisatzen hastea. Eszenatokiaren kontrol gero eta hobeagoa lortzea, jendaurreko emanaldiak eginez. Taldeko praktika.

ZUREZKO HAIZE-TRESNAK: ZEHARKAKO FLAUTA, OBOEA, KLARINETEA, FAGOTA ETA SAXOFOIA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako zurezko haize-tresnetako (zeharkako flauta, oboea, klarinetea, fagota eta saxofoia) ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Behar adinako entzumen-sentiberatasuna erakustea, soinu-kalitatea pixkanaka hobetuz joan dadin.

b) Maila honetarako zailtasun egokia duen eta garai eta estilo guztietako obra adierazgarriak biltzen dituen errepertorioa interpretatzea.

c) Mihi bikoitzak fabrikatzea (dauzkaten instrumentuetarako).

d) Gero eta autonomia handiagoa erakustea interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: hatz-jokoa, artikulazioa, fraseatua etab. Artikulazioa, afinazioa, fraseatua etab.

e) Musika instrumentalaren historiako garai bakoitzean indarrean egondako interpretaziorako hitzarmenak ezagutzea, idazketa erritmikoari eta ornamentazioari dagozkionak, batez ere.

f) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

g) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

h) Taldeko musika praktikatzea, egitura desberdinetako ganbera-multzoetan parte hartuz eta zailtasun ertaineko obretan orkestradun bakarlariaren lana eginez; horrela, bi eginkizunen arteko loturaren sena garatuko da.

Edukiak

Abiadura eta artikulazio-aukera guztiak (abiadura legatoan, staccato desberdinetan, jauzietan etab.etan) sakon garatzea. Vibratoa sakonean aztertzea, estilo bakoitzak interpretaziorako eskatzen duenarekin bat etorriz. Musika-fraseatuan parte hartzen duten elementu guztiak lantzea: linea, kolorea eta espresioa, estilo guztietara egokituz, tempo geldiei arreta berezia jarriz. Erregistro gainaltua lantzea, daukaten musika-tresnetan. Beste musika-tresna batzuk taldean jotzea, harmonia, afinazioa, erritmoa etab. ahalik gehien garatzeko. Musika-tresna bakoitzari dagokion orkestradun errepertorio solista lantzea, garai eta estilo guztietakoa. Antzeko instrumentuak aztertzea. Musika garaikidea interpretatzen eta haren grafia eta efektuak ikasten hastea. Tutuak egitea metodo tradizionalei jarraituz (mihi bikoitzeko musika-tresnak). Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko.

METALEZKO HAIZE-TRESNAK: TRONPA, TRONPETA, TRONBOIA, TUBA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako metalezko haize-tresnetako (tronpa, tronpeta, tronboia, tuba) ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Musika-tresnaren teknika eta soinu nahiz espresio ahalmenak menderatzea, oro har.

b) Musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz aplikatzea, interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: hatz-jokoa, artikulazioa, fraseatua etab.

c) Maila honetarako zailtasun egokia duen eta garai eta estilo guztietako obra adierazgarriak biltzen dituen errepertorioa interpretatzea.

d) Taldeko musika praktikatzea, egitura desberdinetako ganbera-multzoetan parte hartuz eta zailtasun ertaineko obretan orkestradun bakarlariaren lana eginez; horrela, bi eginkizunen arteko loturaren sena garatuko da.

e) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

f) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

g) Musika instrumentalaren historiako garai bakoitzean indarrean egondako interpretaziorako hitzarmenak ezagutzea, idazketa erritmikoari eta ornamentazioari dagozkionak, batez ere.

Edukiak

Abiadura garatzea musika-tresnaren hedadura osoan. Erregistro altua aztertzea. Ornamentuak aztertzea (txioak, grupettoak, apoiaturak, mordenteak etab.). Musika-tresnaren literatura solista aztertzea, maila honi dagokiona. Artikulazioari dagokion guztian sakontzea: pikatu bikoitza eta hirukoitza aztertzea. Musika-fraseatuan parte hartzen duten elementu guztiak lantzea: linea, kolorea eta espresioa, estilo guztietara egokituz, tempo geldiei arreta berezia jarriz. Erregistro guztietan soinu_ eta tinbre-berdintasuna hobetzea. Musika garaikidea interpretatzen eta haren grafia eta efektuak ikasten hastea. Antzeko musika-tresnak (fliskornoa, bonbardinoa eta tronboi altua eta baxua). Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Taldeko praktika.

ORGANOA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako organo ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Organoaren soinu-oinarriak zeintzuk diren jakitea eta haren ahalmenak erabiltzeko behar den gaitasuna eskuratzea.

b) Esku eta oinen mugimenduen koordinazio maila egokia erakustea, errepertorioaren eskakizunak bete ahal izateko.

c) Organoaren soinu-emaria eta jotzeko modalitate guztiak kontrolatu eta administratzea, organoa dagoen aretoko akustikaren arabera.

d) Organo mota guztietan, erregistrazioa ezagutu eta erabiltzea, beraientzat eginiko musikaren garaiaren eta estiloaren arabera.

e) Liturgiari buruzko ezagutzak errepertorioko zenbait musika-formaren (preludioak, koralak, bertsoak etab.) funtzioarekin lotzea.

f) Garai eta eskolen araberako interpretazio-estiloak ezagutzea.

g) Musika-tresnaren literatura zuzen interpretatzeko ikerketa lanak duen garrantzia aintzat hartzea.

h) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

i) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

j) Maila honetarako zailtasun egokia duen eta garai eta estilo guztietako obra adierazgarriak biltzen dituen errepertorioa interpretatzea.

Edukiak

Organoa jotzeko modalitate guztiak lantzeko esku-ariketak. Pedaleria ezagutu eta erabiltzea. Eskukoa eta pedalak txandakatuz ariketak egitea eskuen eta oinen arteko independentzia garatzeko (eskukoan eta pedaletan kontrako mugimenduak eginez eskalak osatzea, erritmo bitarren eta hirutarren aldi bereko konbinazioa, trio ariketak, etab.). Erregistrazio tratatuak aztertzea, eskola eta garaien arabera. Ornamentazioa ezagutzea, herrialde eta estiloen arabera. Artikulazioa, fraseatua eta hatz-jokoak lantzea. Baxu zifratua aztertzea. Bistazko irakurmena lantzea. Europako organo egileen eskolak aztertzea. Organo musikarekin zerikusia duten forma liturgikoak. Organo barroko espainiarra eta berarentzat egin den musika iberiarra aztertzea. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Taldeko praktika.

Perkusioa

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako perkusio ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Espezialitateko musika-tresna guztiak eta horiek eskatzen duten erritmo_ eta mugimendu-koordinazioa teknikoki menderatzea.

b) Taldean jotzea zuzendaririk gabe, obra osoa ezagututa eta erritmo-doitasunez.

c) Musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz aplikatzea, interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: artikulazioa, bi eskuen koordinazioa, dinamika etab.

d) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

e) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

f) Jendaurrean jardutea, perkusio konbinatuko talde egokiarekin.

g) Maila honetarako zailtasun egokia duen errepertorioa interpretatzea, hainbat estilotako obrez osatua.

Edukiak

Ekite moduen sorta osoa garatzea. Erritmo konposatuak eta talde irregularrak. Kaxa: tarrapatak, paradiddleak etab. Tinbalak: afinazioa aldaketekin, glissando teknika etab. Bateria: independentzia, koordinazioa menderatzea, cadenzak eta "break"ak, etab. Xaflak: abiadura garatzea, lau baketazko akordeak, Stevens eta Across teknikak. Bi eskuekin aldi berean intentsitate desberdineko soinuak lortzeko gaitasuna garatzea eta desberdintze dinamikoa lortzen saiatzea, nahiz melodia-akonpainamendu erlazioan nahiz konplexutasun handiagoko planteamendu kontrapuntistikoetan. Instrumentu lagungarriak eta efektua sortzekoak: musika-tresna latino-amerikarrekin jotzen diren herri musikako erritmoen oinarrizko ezagutza, musika-tresna guztien teknika, perkusio konbinaturako obrak. Bistazko irakurmena lantzea. Inprobisazioa lantzea. Taldeko praktika. Orkestrarako literatura eta soloak aztertzea. Fraseatua eta estilo desberdinetan dituen egokitzapenak. Xaflak, tinbalak, kaxa, bateria etab. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Jarrerak lantzea: besoa, besaurrea, hankak, atzamarrak eta eskuak mugitzeko gorputz-jarrera egokia. Baketazioak. Baketak aukeratzea. Perkusio eremuak. Interpretatutako obren egitura musikala ulertzea.

PIANOA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako piano ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Musika instrumentalaren historiako garai bakoitzean indarrean egondako interpretaziorako hitzarmenak ezagutzea, idazketa erritmikoari eta ornamentazioari dagozkionak, batez ere.

b) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

c) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

d) Taldeko musika praktikatzea, egitura desberdinetako ganbera-multzoetan parte hartuz eta zailtasun ertaineko obretan orkestradun bakarlariaren lana eginez; horrela, bi eginkizunen arteko loturaren sena garatuko da.

e) Musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea, hatz-jokoaren, pedal-jokoaren, fraseatuaren eta dinamikaren inguruan sor daitezkeen exekuzio arazoak norberak konpontzeko.

f) Musika-tresnaren teknika eta soinu eta espresio ahalmenak menderatzea, oro har, eta soinuaren kalitatea pixkanaka hobetzeko behar den entzumen-sentiberatasuna agertzea.

g) Maila honetarako zailtasun egokia duen eta garai eta estilo guztietako obra adierazgarriak biltzen dituen errepertorioa interpretatzea.

Edukiak

Ondokoak sakonean aztertzea: hatz-jokoa eta horren inguruko arazoak; ekiteko modu guztien garapena eta hobekuntza; besoaren pisua gero eta gehiago erabiltzea indar iturri gisa eta sonoritatea kontrolatzeko; dinamika, berari dagozkion oharrak gauzatzeko zehaztasuna, eta lortzen den soinuaren mailen eta kalitateen oreka; pedalen erabilera, eta horien baliabideek pianorako idazketaren bilakaeran izan duten sustapena; fraseatua eta estilo desberdinekiko egokitzapena; horri loturik, kantagarritasunaren garapena pianoan. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurmena lantzea. Interprete handien saioak entzun eta alderatzea, bertsio bakoitzaren ezaugarriak modu kritikoan aztertzeko. Taldeko praktika.

TXISTUA

Helburuak

Musikako lanbide ikasketetako txistu ikasketek ikasleen gaitasun hauek garatzen laguntzea izanen dute helburu:

a) Behar adinako entzumen-sentiberatasuna garatzea, soinu-kalitatea pixkanaka hobetuz joan dadin.

b) Musika-tresnaren ezaugarriak eta soinu-ahalmenak ezagutzea eta baliatzen jakitea, mailari dagozkion eskakizunak betez, beraren errepertorioko obretan.

c) Gero eta autonomia handiagoa erakustea interpretazioarekin zerikusia duten arazoak konpontzeko: hatz-jokoa, artikulazioa, fraseatua, vibratoa etab.

d) Musika instrumentalaren historiako garai bakoitzean indarrean egondako interpretaziorako hitzarmenak ezagutzea, idazketa erritmikoari eta ornamentazioari dagozkionak, batez ere.

e) Taldeko musika praktikatzea, musika-tresnari dagozkion taldeetan.

f) Gero eta autonomia eta trebetasun tekniko handiagoz erabiltzea perkusiozko musika-tresna hurbilak, bai bakarka bai taldean.

g) Musika-tresnaren literatura zuzen interpretatzeko ikerketa lanak duen garrantzia aintzat hartzea.

h) Oroimena garatzeko tresnak eta gaitasunak progresiboki eskuratu eta aplikatzea.

i) Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna garatzea eta musikari buruzko ezagutzak gero eta autonomia handiagoz erabiltzea musika-tresnarekin inprobisatzeko.

Edukiak

Arnasketa ariketak, musika-tresnarekin eta musika-tresnarik gabe. Sakon garatzea abiadura eta artikulazio-aukera guztiak (abiadura legatoan, staccato desberdinetan, jauzietan, pikatu bikoitza eta hirukoitza, etab.). Vibratoa sakonean aztertzea, estilo bakoitzak interpretaziorako eskatzen duenarekin bat etorriz. Dinamika, berari dagozkion oharrak gauzatzeko zehaztasuna, eta lortzen diren soinu-maila eta -kalitateen oreka. Ornamentuak (txioak, grupettoak, apoiaturak, mordenteak etab.). Musika-fraseatuan parte hartzen duten elementu guztiak lantzea: linea, kolorea eta espresioa, estilo guztietara egokituz, tempo geldiei arreta berezia jarriz. Erregistro altua aztertzea. Perkusiozko musika-tresna hurbilak: ekiteko moduak, erritmo konposatuak eta talde irregularrak. Herri musikako erritmoak jakitea. Beste musika-tresna batzuk taldean jotzea, harmonia, afinazioa, erritmoa etab. ahalik gehien garatzeko. Oroimena lantzeko ariketa etengabe eta progresiboa. Bistazko irakurketa eta transposizioa praktikatzea. Inprobisazioa. Entzunaldi konparatuak. Antzeko musika tresnak aztertzea (silbotea, txilibitua, tonalitate desberdinetako txistuak etab.). Errepertorio solista aztertzea. Musika garaikidea interpretatzen eta haren grafia eta efektuak ikasten hastea.

Musika-tresnetako ebaluazio irizpideak

1. Musika-tresna jotzeko muskulu-indar, arnasketa eta erlaxazio egokiak erabiltzea.

Irizpide honen bidez honakoak ebaluatu nahi dira: mugimenduen koordinazioa, eta musika-tresna jotzeko egin behar den muskulu-indarraren eta kontrola galaraz dezaketen tentsioak saihesteko behar den erlaxazioaren arteko oreka.

2. Estudioak eta obrak trebetasunez jotzea, betiere alderdi teknikoen eta musikalen arteko lotura galdu gabe.

Irizpide honen bidez, interpretazio egokia lortzeko behar diren ezagutza tekniko eta teorikoak elkarrekin lotzeko gaitasuna neurtu nahi da.

3. Musika-tresna afinatzeko eta haren soinu-ahalmenak erabiltzeko entzumen-sentiberatasuna erakustea.

Irizpide honen bidez jakin nahi da ea ikasleak musika-tresnaren ezaugarriak eta funtzionamendu mekanikoa ezagutzen dituen eta haren ahalmenak baliatzen dituen.

4. Errepertorioko obrak bakarka ikasteko gaitasuna erakustea.

Irizpide honen bidez ikaslearen autonomia ebaluatu nahi da, eta bakarka ikasteko eta ikasketan sortzen zaizkion arazoak konpontzeko gaitasuna ere bai.

5. Lehen begiradan irakurtzeko gaitasuna eta musika-tresnarekin inprobisatzeko gero eta trebetasun handiagoa erakustea.

Irizpide honen bidez jakin nahi da ea ikasleak lehen begiradan irakurtzeko gero eta gaitasun handiagoa duen, eta ongi moldatzen ote den musika-tresnarekin inprobisatzeko, ikasitakoak aplikatuz.

6. Hainbat aro eta estilotako obrak jotzea, bai bakarlari gisa, bai taldean.

Irizpide honen bidez jakin nahi da zer nolako ezagutza duen ikasleak bere musika-tresnaz eta horretarako egindako obra adierazgarrienez. Orobat, kasuan kasuko irizpide estetikoak erabiltzeko sentiberatasuna eta irudimena norainokoak dituen ebaluatuko da.

7. Errepertorio solistako obrak buruz jotzea, kasuan kasuko estiloaren irizpideekin bat.

Irizpide honen bidez neurtu nahi da ikasleak noraino menderatu eta ulertzen dituen obrak, baita obren soinu-emaitzen gainean duen kontzentrazio-ahalmena nolakoa den ere.

8. Behar adinako autonomia erakustea musika testuak onartzen dituen malgutasun tarteen barnean obra interpretatzeko.

Irizpide honen bidez, musika-testua errespetatuta ere norberak dituen estiloa eta interpretatzeko askatasuna neurtu nahi dira.

9. Arazo teknikoak eta interpretazioaren ingurukoak konpontzeko autonomia gero eta handiagoa erakustea.

Irizpide honen bidez jakin nahi da ikasleak noraino garatu dituen ikasteko ohiturak eta autokritikarako gaitasuna.

10. Norberaren mailari dagokion programa bat jendaurrean aurkeztea, komunikaziorako gaitasuna eta kalitate artistikoa erakutsiz.

Irizpide honen bidez, ikasleak autokontrolerako duen gaitasuna eta haren nortasun artistikoaren heldutasuna neurtu nahi dira.

Iragarkiaren kodea: F0705060